2025/01/16

uz05martit-I-

Urtean Zeharreko V. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Egin dagigun gizakia geure antzera, geure irudiko.

Hasiera liburutik

Has 1, 20–2, 4a

    Jainkoak esan eban: «Egin begie urek bor-bor bizidunez, eta egin begie hegaz hegaztiek lurraren gainean, airean». Eta Jainkoak arraintzarrak egin ebazan eta uretan bor-bor dabiltzan mota guztietako bizidunak eta mota guztietako hegaztiak. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta bedeinkatu egin ebazan, esanez: «Sortu egizuez umeak, ugaritu eta bete itsasoko urak; ugaritu beitez hegaztiak be lurraren gainean». Eta arrats eta goiz: bosgarren eguna burutu zan.
    Jainkoak esan eban: «Sortu begiz lurrak mota guztietako bizidunak: abereak, narrastiak eta piztiak». Eta halan izan zan. Jainkoak mota guztietako piztiak, abereak eta narrastiak egin ebazan. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban.
    Eta Jainkoak esan eban: «Egin dagigun gizakia geure irudiko, geure antzeko; menperatu dagizala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta lurreko narrastiak».
    Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume kreatu ebazan. Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan haren nagusi; menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan piztia guztiak».
    Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarren zuhaitz guztiak; janari izango dozuez horreek. Abereei, zeruko hegaztiei eta lurrean dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedarra emoten deutset janari». Eta halan izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan. Eta arrats eta goiz: seigarren eguna burutu zan.
    Honan, burutuak gelditu ziran zeru-lurrak eta honeetan dagoan guztia. Zazpigarren egunerako burutu eban Jainkoak egindako lana, eta zazpigarren egunean, egindako lan guztiaren ondoren, atseden hartu eban. Jainkoak bedeinkatu egin eban zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu eban-eta atseden bere kreazino-lan guztitik.
    Hauxe da zeru-lurren kreazinoaren historia.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 2a)

R/.   Jauna, gure Jauna,
        bai miragarria zure izena lurbira osoan!

V/.   Zure eskuen lana dan ortzia
eta sortu dozuzan iretargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

V/.   Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Sal 119 [118], 36a. 29b

R/.   Aleluia.

V/.   Makurtu nire bihotza, ene Jainko, zeure esanetara,
        eta emoidazu zeure legea dohaitzat. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoaren agindua bazterrera itzi
eta giza ohiturari eusten deutsazue.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 1-13

    Aldi haretan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku lohiekin –hau da, eskuen garbiketa egin barik– jaten ebela ikusi eben.  Izan be, fariseuek, eta judeguek, gehienek, ez dabe jaten aurretiaz eskuak arduraz garbitu barik, zaharren ohiturari sendo eutsiz. Azokatik etxeratzean be, ez dabe jaten garbiketa egin barik; eta badabe ohiturazko beste hamaika betebehar: esate baterako, edalontzi, pitxer eta erraden garbiketa.
    Holan bada, fariseuek eta lege-maisuek itaundu eutsoen Jesusi: «Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zelan jaten dabe esku zikinakaz?» Jesusek erantzun eutsen: «Itxurazaleok halakook! Ederto baten esan eban zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:

“Herri honek ezpanez ohoratzen nau,
baina Nigandik urruti dau bihotza;
alperrik nabe gurtzen,
honeen irakaspena giza agindu hutsa da”.
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera laga
eta giza ohiturari eusten deutsazue».

Eta jarraitu eban: «Bai, nasai baztertzen dozue Jainkoaren agindua, zeuen usadioak ezartzeko. Esate baterako, Moisesek esan eban: “Ohoratu gurasoak”, eta “Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau”.  Zuek, barriz, beste hau dinozue: “Nor edo nork aitari edo amari esaten badeutsa: Zuri emon behar neuskizuna ‘Korban’ da (hau da, tenplurako oparia), halakoak ez dau aitari edo amari ezertan lagundu beharrik”. Holan, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue zeuen arteko usadioakaitik. Eta holako asko egiten dozue».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Oraingoan, Markos ebanjelariak Legearen aurrean jarten gaitu, haren aurreango jokabideak ikusiazoz.

Farisearrek Legea dabe nagusi. Haren beteteak emoten deutsez eskubide guztiak, bai besteen aurrean eta baita Jainkoaren aurrean ere. Horregaitik ezin dabe onartu Legea beteten ez dauan kiderik. Eta kexu joten dabe Jesusengana.

Honentzat Legea gizatasun bide edo laguntzaile ez bada zuzendu beharra dago: Legeak gizaki izatera eroan behar gaitu, eta ez sari bat irabaztera edo zigor bat jasatera.

Jesusek, horraitino, Legearen eta Ohituren arteko bereizkuntza egiten dau; eta aurpegiratzen deutse farisearrei Legea euren alde jarri gura izatea ohitura batzuk bitarteko.

Gauza ona da, eta ohitura ederra, otordu aurretxoan eskuak garbitzea: osasunak eskertzen dau hori, eta baita mahaikideek ere. Baina ezin daiteke hori nahi ta ezkotzat jarri mahaikide izateko.

Izan daigun gogoan, Jesusen jokabidea ikusi ondoren: Jainkoak bere seme-alaba guztiak gura gaitu mahaikide. Honeek alkarri lagundu behar deutsoe, ba, eginkizun horretan, alkarren senide lez; eta ez ditu nahi alkarri hutsak aurpegiratzen.

Ez daigun, ba, goraldu Legea aldeko ikusten dogunean, eta haren betetea eskatu, nahi ta ez. Egin daiguzan, ba, bai Lege  eta baita Ohiturak gizakiago egingo gaituenak. 



I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...