Urtean Zeharreko I. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Gauza
guztietan senideen antzeko izan behar eban,
errukitsu
izateko.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 2, 14-18
Familia bereko
seme-alabek odol eta haragi berak dabezan lez, Jesusek gizakiaren odol-haragiak
hartu ebazan, bere heriotzaz heriotzaren nagusia dan deabrua ezerezteko, eta
heriotzaren bildurrez euren bizitza osoan esklabo bizi ziranak askatzeko; Jesus
ez zan-eta aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baino.
Horregaitik, gauza guztietan bere senideen antzeko izan behar eban, abade
nagusi errukitsu eta Jainkoari dagokiozan gauzetan fidagarri izateko, herriaren
pekatuak parkatzeko gai.
Bera be nekeetan
probatua izan zalako, orain gauza da probaldian dagozanei laguntzeko.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 1-2. 3-4. 6-7. 8-9 (R/. 8a)
R/. Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu
egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Kantatu egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak. R/.
V/. Harrotu
zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia. R/.
V/. Zuek,
Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.
V/. Gogoan
dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire
ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
Nik ezagutzen ditut,
eta hareek jarraitu
egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Harek
gaixo asko osatu eban,
edozein
zala be euren gatxa.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 29-39
Aldi haretan, Jesus,
sinagogaitik urten, eta Simonen eta Andresen etxera joan zan artez, Santiagogaz
eta Joanegaz. Simonen amaginarreba oheratuta egoan sukarrarekin; behingoan,
haretaz berba egin eutsoen Jesusi. Joan jakon Jesus ondora, eskutik hartu eta
jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutson, eta zerbitzen hasi jaken.
Ilunkeran, eguzkia
sartu ostean, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. Herri guztia
batu zan atarian. Eta harek gaixo asko osatu eban, euren gatxa edozein izanda
be, eta deabru asko bota eban. Deabruei ez eutsen izten berba egiten, ze
baekien nor zan.
Goizean goiz, oraindik
ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han
otoitzean ziharduan. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziran eta, aurkitzean,
esan eutsoen: «Jente guztia zure bila dabil».
Harek, baina,
erantzun: «Goazen beste nonora, inguruko auzoetara, horreetan be Barri Ona
iragartzera, horrexetarako urten dot-eta». Halan, Galilea guztian zehar ibili
zan, hango sinagogetan Barri Ona iragartzen eta deabruak botatzen.
Jaunak esana.
Iruzkina
Gaurkoan Markos ebanjelariak Jesusen eguneroko zereginetan sartuko gaitu, egun bakar baten eginak balira lez.
Behar bada, hemen agertzen diran ekintzak (Sinagogan esku hartzea, lagunen etxera joatea, gaixoak osatzea, otoitzean jardurtea eta beste leku batzuen ardura izatea, e.a.) ez ziran izango egun bakar baten eginak.
Baina ebanjelariak, ebanjelioan Jesusez zer esango deuskun azaltzen deusku horrela.
Jesusek irakatsi egiten dau; baina ez Idazlari eta Farisearren antzera, ikasia behin eta barriz errepikatuta, berak egunerokoan bizi dauan Aitagazko hartu-emonetan bizi dauana baino: hitzez baino gehiago bizitzaz iragarten dau Jesusek.
Eta bizitza arriskuan ikusten badau (Pedroren amaginarrabaren sukarra, deabruak hartuak, era guztietako gaixoak…) lokarrietatik askatzen jardungo dau.
Jainkoaren erreinuaren ezaugarri lez hartu behar ditugu, ba: gatxak jotakoengana hurreratzea, honei Jainkoaren barri emotea eta, osasuna bihurtuz, haren errukiaren barri emotea.
Eta hau ez da ingurutxo baterako, danentzako baino: goazen alboetako beste herritxoetara ere…