2025/01/14

uz02zapatua-I-

Urtean Zeharreko II. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Kristo behin betiko sartu da santutegian
bere odola eskeiniz.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 9, 2-3. 11-14

    Senideok: Santutegia honan egoan antolatuta: lehenengo aldean, «Santua» izenekoan, argimutila, mahaia eta Jaunari eskeinitako ogiak egozan; gero, bigarren gortinaren atzean, «Toki santu-santua» izeneko aldea egoan.
    Kristo, barriz, datozan ondasunen abade nagusi lez agertu da. Bera sartu dan santutegia lehengoa baino handiagoa eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez akerren eta zezenen odola eskeiniz, berea baino, holan betiko askatasuna lortu deuskula.
    Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik dagozanen gain txipriztinduz, pertsona horreek sagaratzeko indarra badabe, kanpotik garbi eginez, zenbatez gehiago Kristoren odolak –betiko Espirituaren bidez bere burua Jainkoari opari garbi eskeini eutson harenak– ez dau garbituko gure barrua heriotzara daroen egintzetatik, guk Jainko bizia gurtzeko!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 47 [46], 2-3. 6-7. 8-9 (R/. ik. 6)

R/.   Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
        turuta-soinuz Jaunak.

V/.   Herri guztiok, jo egizue txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari,
ikaragarria da-eta Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R/.

V/.   Irrintzi artean igon dau Jainkoak,
turuta-soinuz Jaunak.
Kanta Jainkoari, kanta,
kanta gure erregeari, kanta. R/.

V/.   Jainkoa da mundu osoaren errege,
kanta trebetasunez hari.
Jainkoa nazinoen errege da,
Jainkoa bere tronu santuan dago jesarrita. R/.

            

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu dagiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa      

Jesusen senideek
burutik egina egoala esaten eben.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 20-21

    Aldi haretan, Jesus etxera bihurtu zan bere ikasleekin. Barriro be jentetza handia batu zan, eta ezin eben jatordurik be egin Jesusek eta ikasleek. Jesusen ahaideak, hori jakitean, bera hartu eta eroateko asmotan etorri ziran ze, burutik egina egoala esaten eben.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer da burutik eginda egotea? Gure inguruak edo aldiek uste dabenetik kanpo egotea ete da burutik eginda egotea?

Gizarte batek, aldi bakotxak, bere burubideak daukazala esan geike, eta burubideotan emoten dira han bizi diranen hartu-emonak, danek onartzen dabezan erakoak, danek ulertzen dabezanak.

Baina inoren jokabidea, uste dan eta onartua dan jarrereagaz bat ez badator, urli hori burutik eginda dagoala esango da; eta itxituan eta gordean jarri beharrekoa dala.

Horixe egin gura izan eben Jesusen etxekoek haregaz. Ez dago ondo ikusia inguruan zer esana emotea. Non gelditzen da etxekoen izen ona? Ez dago ondo ikusia arauetatik eta ohituretatik edo danek onartuak dituen usteetatik kanpo ibiltea.

Eta Jesus, sarritan, bai ebilela usteetatik kanpo: baztertuen, pekatarien, gaixoen, emagalduen… alboratu guztien artean.

Zer dala-eta? Jesusek zeregin bat hartu eban bere bizitzarako, eta ez dau ezerk ez inork desbideratuko: Jainkoaren erreinua iragartea. Eta hori iraultzailea da; burutik eginda egon behar da holangorik egiteko.

Ze Jainko sinisten dogu? Jesusek iragarten dauana? Ala geure arauetan sartu daitekeana?

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...