2025/01/14

uz02eguazt-I-

Urtean Zeharreko II. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Abade zara zu,
Melkisedek lez, betiko.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 7, 1-3. 15-17

    Senideok: Salemgo errege eta goi-goiko Jainkoaren abade zan Melkisedek. Bidera urten eutson Abrahami, erregeak garaitu ondoren bihurbidetik etorrela, eta bedeinkatu egin eban.
    Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak emon eutsozan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizia-errege» esan gura dau eta, bestetik, Salemgo errege zan, hau da, «Bake-errege». Liburu Santuan ez da aitatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; holan, Jainkoaren Semearen antzeko egina, abade dirau betiko.
    Eta oraindino argiago da hori, beste abade bat sortzen bada Melkisedek lez, hau da, ez giza jaiotzaren legez abade egina, desegin ezin dan biziaren indarrari esker baino. Izan be, hauxe autortzen dau Liburu Santuak:

«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3-4 (R/. 4bc)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik.
Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko». R/.

 

I. eta II. urteetan

 Aleluia              

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.


Ebanjelioa      

Zapatuz zer da zilegi:
bizia salbatzea ala kentzea?

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 1-6

    Aldi haretan, Jesus sinagogan sartu zan barriro. Bazan han gizon beso-igar bat. Zelatan egokiozan zapatuan osatzen ete eban, zertan salatuko ebiltzan-eta.
    Jesusek beso-igarrari esan eutson: «Jagi eta zatoz hona erdira».Eta besteei esan eutsen: «Zapatuz zer da bidezko, ona egitea ala txarra egitea, bizia salbatzea ala kentzea?» Hareek, ostera, isilik. Jesusek, ingurukoei hasarre begiraturik eta euren burugogorkeriaz mindurik, esan eutson gizonari: «Luzatu beso hori». Harek luzatu eban, eta osatu egin jakon.
    Handik urten orduko, fariseuek eta Herodesen alderdikoek alkar hartu eben Jesusen kontra, bera zelan galduko.

Jaunak esana.

 


IRUZKINA

Jesus sinagogan; farisearrak ere bai; eta baita esku iharrak mugatua daukan gizona ere. Zeren bila jo dabe sinagogara? Zer ataraten dabe handik? Jainkoaren berba iragarri eta irakatsiak argituta urtengo ete dabe?

Jainkoaren berbearen argitasunak Jesusi gaixoaren egoerea ikusazoten deutso; farisearrei Legea betetea eskatzen deutse, horretantxe datza euren salbamena; eta gizon esku iharrak osakuntza itxaroten dau.

Zerk emongo  deutso osakuntza (salbamen) hori: Legea beteteak, ala Jesusen jardunak? Zer esanik ere ez, azken honexek! Eta galdera hauxe egitera eroan geinkez Jesusen jardunak farisearren jardunaren aurrean: zergaitik jokabide hain aurkakoak?

Farisearrek Legea betetzeaz lortzen dabela salbamena uste dabe; euren burua da lehenen. Jesusentzat gizakia da —ez bere burua— erdian jarri beharrekoa —batez ere hau gaixorik edo preminean bada—.

Eta bere buruaren kaltetan bada ere, osakuntza jazoazoko dau.

Jainkoagazko hartu-emonek batzuk askatu egiten ditu, beste batzuk morroi bihurtu. Jesusek lehenengo bidetik eroan gura gaitu.

  


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...