Urtean Zeharreko V. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak esan eban, eta halan izan zan.
Hasiera liburuaren hasiera
Has 1, 1-19
Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin ebazan.
Lurra nahaste-borraste hutsa zan: leza handiaren gainean ilunpea. Eta Jainkoaren
arnasa uren gainean ebilen.
Eta Jainkoak esan eban: «Izan bedi argia».
Eta izan zan argia. Ikusi eban Jainkoak argia ona zala eta bereizi egin eban
ilunpetik. Argiari «eguna» ezarri eutson izena, eta ilunpeari «gaua». Eta
arrats eta goiz: lehenengo eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Izan bedi sabaia uren
artean, goiko eta beheko urak bereiztu dagizan». Eta halan izan zan. Jainkoak
sabaia egin eban eta sabai azpiko urak sabai gaineko uretatik banandu ebazan.
Sabaiari «zerua» ezarri eutson izena. Eta arrats eta goiz: bigarren eguna
burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Batu beitez zeru azpiko
urak leku bakar baten eta agertu bedi lehorra». Eta halan izan zan. Lehorrari
«lurra» ezarri eutson izena, eta ur-multzoari «itsasoa». Eta ona zala ikusi eban
Jainkoak.
Jainkoak esan eban: «Emon begi lurrak
landaretza: hazidun landareak eta zuhaitzak, bakotxak dagokion frutua, hazi eta
guzti, ekarriko dabenak». Eta halan izan zan. Lurrak emon eban landaretza:
hazidun landareak, bakotxa dagokion haziagaz, eta frutua ekarriko daben
zuhaitzak, bakotxa dagokion haziagaz. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta
arrats eta goiz: hirugarren eguna burutu zan.
Jainkoak esan eban: «Izan beitez argizagiak
zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak
adierazoteko; distiratu begie zeru-sabaian, lurrari argi egiteko». Eta halan
izan zan. Argizagi handi bi egin ebazan Jainkoak: handiena egunaren nagusi
jartzeko, eta txikiena gauaren nagusi, eta izarrak be egin ebazan. Eta Jainkoak
zeru-sabaian ipini ebazan, lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren nagusi
jartzeko eta argia eta ilunpea banantzeko. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak.
Eta arrats eta goiz: laugarren eguna burutu zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 104 [103], 1-2a. 5-6.10 eta 12. 24 eta 35c (R/. 31b)
R/. Poztu bedi Jauna bere eginetan!
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna,
ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz
eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz
inguratuta, soinekoz lez. R/.
V/. Sendo ezarri zenduan lurra
eta
ez da sekula kili-kolo egongo.
Ozeanoz
estaldu zenduan soinekoz lez,
eta
urek azpian hartu ebezan mendiak. R/.
V/. Ibaiak sortuazoten dozuz iturrietatik,
eta
mendi artean doaz isurian.
Ur-bazterretan
bizi dira zeruko hegaztiak,
orri
artean kantari. R/.
V/. Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
Danak
jakituriaz egin dozuz,
zure
sorkariz beteta dago lurra.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 4, 23
R/. Aleluia.
V/. Erreinuari buruzko Barri Ona iragartzen eban Jesusek
eta
herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.
Ebanjelioa
Ikutzen eben guztiak osaturik gelditzen ziran.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 53-56
Aldi haretan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera heldu ziran eta bertan lehorreratu. Ontzitik urten orduko ezagutu eban jenteak Jesus, eta lurralde haretan zehar joan ziran; eta Jesus nora, haraxe eroaten eutsoezan gaixoak esku-oheetan. Jesus joaten zan herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen eutsoezan. Soineko-ertza behinik behin ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatuta gelditzen ziran.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Gaurkoan Jesusengan baino arreta handiagoa jarriko dogu jenteagan. Jesusengan ikusten doguna hauxe da: bere eginkizunari eusten deutsola eta, batetik bestera ibiliz, atzerrira, edo pagano lurraldeetara ere, joten dauala, hareetan ere Jainkoaren dohaia ereiteko, zabaltzeko eta erneazoteko.
Baina jentea... Batez ere gaixoek eta gaixoak dabezenek bilatzen dabe Jesus. Eta honexi emon behar izango geuskio garrantzia: Jesus bilatzeari.
Bai. Badaki Jainkoak zer behar dogun —esaten dogu sarritan— eta ez dago eskatu beharrik, emongo deusku-eta. Baina ez dogu holan jokatzen. Guk eskatu egiten deutsagu, eskatuari erantzungo deutsolakoan.
Holan ete da? Badaki Jainkoak zer behar dogun; baina ezagutzen ete doguz geuk geure beharrizanak? Zer eskatzen deutsagu Jainkoari, azkenean komeni bajaku, esanez?
Jainkoak badaki zer behar dogun, eta guk ez badoguz geure beharrizanak ere ezagutzen, hobe ez ete da, Jesusek emon leigunari begira, ha bilatzea (geure beharrizanetatik, jakina!), eta emoten deuskuna eskuratzea, geuretzea eta gure inguruan, esker onez, zabaltzea, eta ez geuretzat gordetea?
Ondo dago Jainkoari geure beharrizanak aurkeztea. Baina hobe harek emoten deuskuna geuretzea. Eta hau, bere Semeagan agertzen deusku. Jesusek bere presentzia emoten deusku; ondoan daukagu, bera ikutzen izten deusku; berbeaz, osasuna emoten deusku... Geuk bilatu behar dogu eta harengandik jatorkuna onartu eta eskertu.
Bilatu behar doguna, ba, gure bizitza Jainkoak emoten deuskunari egokitzea da, eta ez geuk uste doguzan beharrizanak Jainkoak asebete daizala.