Urtean Zeharreko V. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainko Jaunak
gizona hartu
eta Edengo
baratzean ipini eban.
Hasiera liburutik
Has 2, 4b-9. 15-17
Jainko Jaunak zeru-lurrak egin ebazanean, ez
zan ondino landarerik lurrean, ezta bedarrik be erneta, Jainko Jaunak ez
eutsolako oraindino lurrari euririk emon, eta ez zalako gizakirik lurra
lantzeko. Halan be, lurrazal guztia hezetzen eban lurruna erion lurrari.
Orduan, Jainko Jaunak gizona moldatu eban
lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutson sudur-zuloetara, eta gizona bizidun
egin zan.
Gero, Jainko Jaunak baratzea landatu eban
Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban
berak moldatutako gizona. Jainko Jaunak
mota guztietako zuhaitzak
sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen
erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta txarraren ezagutza emoten eban zuhaitza
landatu ebazan.
Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo
baratzean ipini eban, landu eta zaindu egian. Eta agindu hau emon eutson:
«Baratzeko zuhaitz guztietatik jan zeinke; baina ez jan onaren eta txarraren
ezagutza emoten dauan zuhaitzetik; haretatik jaten badozu, hil egingo zara».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 104 [103], 1-2a. 27-28. 29b-30 (R/. 1a)
R/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna,
ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz
eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz
inguratuta, soinekoz lez. R/.
V/. Danak zure zain dagoz,
bere
sasoian Zuk jaten emoteko zain;
Zuk
emon, eta hareek harrapatzen dabe,
Zuk
eskua zabaldu, eta ondasunez betetzen dira. R/.
V/. Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,
hauts
izatera bihurtzen.
Zuk
arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,
barritu
egiten dozu lurbira. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 17, 17b. a
R/. Aleluia.
V/. Zure hitza da egia, Jauna;
sagaratu
gagizuz egiaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Barrutik urteten deutsanak, horrek kutsatzen dau gizakia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 7, 14-23
Aldi haretan, Jesusek jenteari barriro dei
egin eta esan eutson: «Entzun danok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik
gizakiaren barrura sartuz, berau zikindu leikenik; barrutik urteten deutsanak,
horrek zikintzen dau gizakia».
Jentea itzi eta etxeratu zanean, berba
horreen esanguraz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek esan eutsen: «Orduan, ez
dozue zuek be ulertzen? Ez ete dozue ikusten kanpotik sartzen jakon ezerk ez
leikela gizakia zikindu? Ze sartu, ez jako bihotzean sartzen, sabelean baino,
eta handik komun-zulora doa». Berba honeekaz, janari guztiak garbiak dirala
adierazo gura eban.
Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten
dauanak, horrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan be, barrutik, gizakiaren
bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek,
adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, azpikeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak,
irainek, harrokeriak, burubakokeriak. Txarkeria honeek guztiek barrutik urteten
dabe, eta honeek lohitzen dabe gizakia».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ahal dogula-eta, geure esku dago egitea? Eta geuk nahi dogun guztia egin daikegu ezelango mugarik barik? Sarritan holantxe agertu gura izaten dogu gure handitasuna, ahalmena eta jauntasuna.
Gitxiago ete gara mugak jarten badeuskuez, edo mugaren bat jarten bajaku? Ala geure buruari mugak jarteko gauza garanean agertzen dogu argiago gure nagusitasuna, gure gizatasuna?
Egintza kontuan, jarrita daukaguz muga batzuk: ezin geike geuk gura dogun guztia egin, eta ez da hain ondo ikusia berak gura dauan guztia egiten dauana.
Eta jaki kontuan ere bardin: geure bizia babestearren, jaki arriskutsuak debekatu egiten dira. Eta orduko denporetan, nork jaramonik egin, debekua Jainkoagandikoa zala esan ezik?
Baina hortxe ere Jesus txanpa bat aurrerago doa: txarkeria ez dago zeozer gauzatzean, edo eginbeharren bat saihestean, geure asmoan baino. Hau da: kanpora barik barrura begira jarten gaitu Jesusek; gure bihotzak ze asmo on edo txar gordeten dauzan begiratzera garoaz.
Ondo dago arauak betetea edo txarkeria saihestea…, baina, Jesusentzat, hobe litzateke bihotza garbitzea, eta handik sortzen diran asmoak, guztiak, garbiak izan daitezala bilatzea. Honek ahalegin handiagoa eskatzen dau, ba; eta nahiago dogu azalean gelditzea.