2025/01/14

uz02eguena-I-

Urtean Zeharreko II. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Jesusek behin betiko oparia eskeini eban
bere burua eskeini ebanean.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 7, 25–8, 6

    Senideok: Jesusek betiko salbatu  leikez beraren bidez Jainkoagana hurreratzen diranak, bizirik dago-eta hareen alde beti erregutzeko.
    Benetan, Jesus lako abade nagusia behar genduan guk: santua, errubakoa eta kutsubakoa, pekatariengandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa. Honek ez dau, beste abadeek lez, lehenengo bere pekatuakaitik eta gero herriarenakaitik egunero opariak eskeini beharrik, behin betiko egin eban-eta hori, bere burua opari eskeini ebanean. Legeak, izan be, gizon makalak izentatzen ditu abade nagusi; legea baino geroagokoa dan Jainkoaren zinak, ostera, Semea izentatu dau abade nagusi, betieran bete-betea dana.
    Hau da esaten dihardugunaren gailurra: hain handia da gure abade nagusia ze, Jainko handiaren eskumaldean jesarrita dago zeruetan, eta bere abade-zerbitzua Jainkoak egindako santutegian betetzen dau, eta ez gizakiek egindako itun-txabolan.
    Edozein abade nagusi emoitzak eta opariak eskeintzeko jarrita dagoanez, Jesusek be zeozer eskeini behar eban. Lur honetan balego, Jesus ez litzateke abade be izango, hor dagoz-eta legearen arabera opariak eskeintzen dabezan abadeak. Honeen zerbitzua, ostera, zeruko gauzen irudi eta kerizpe besterik ez da, Jainkoak Moisesi, txabola egitekoan, adierazo eutsonaren arabera: «Izan arreta –esan eutson Jaunak–, dana mendian erakutsi jatzun ereduaren arabera egiteko».
    Baina, orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa lortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren, bitarteko dan ezkero.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10 eta 17 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu beitez Zugaz
zure bila dabiltzanak.
«Handia da Jauna» esan begie beti
zure salbazinoa maite dabenek. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. 2 Tm 1, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza ezereztu dau
        eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Espiritu gaiztoek oihuka esaten eutsoen:
Jainkoaren Semea zara Zu.
Jesusek zorrotz agintzen eutsen, ez egiela ezagutzera emon.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 7-12

    Aldi haretan, Jesus itsasbazterrera joan zan bere ikasleekin. Galileatik etorritako jentetza handiak jarraitu eutson. Eta, berak egiten zituanak entzunik, Judea, Jerusalem eta Idumeatik, Jordanez bestaldetik eta Tiro eta Sidon aldetik be jentetza handia batu jakon. Jesusek txalupa prest eukitzeko agindu eutsen ikasleei, hainbeste jenteren artean zapaldu ez egien. Izan be, asko zituan osatuak, eta gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan, ikutu nahian. Espiritu gaiztoek, ikusten ebeneko, haren oinetan jausi eta oihuka esaten eutsoen: «Jainkoaren Semea zara Zu».
    Harek, ostera, zorrotz agintzen eutsen, ez emoteko ezagutzera.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Handia da Jesusen entzutea. Baina badirudi haren berbea baino erakargarriagoa dala harek emoten dauan osakuntza, harengandik urteten dauan indarrari esker.

Herrialde guztietatik etorkozan gainera. Eta honen aurrean, galdetu beharrean aurkitzen gara: zeren bila? Jesusek irakatsi egiten dau, Jainkoaren eta haren erreinuaren barri emoten dau; eta ezaugarri bidez emoten dau hori ezagutzera…

Baina jentea ez ete da ezaugarrietan gelditzen, harago joan barik? Gatxen bat eben guztiak gainera etorkozan, ikutu nahian.

Jesusek ez eban gura osakuntzak azaleko hutsak izan eitezan. Jente gaixo ha lotura guztietatik askatu gura izan eban. Baina loturok ez ete eutsen zelan-halango ziurtasuna emoten?

Deabruak ere burruka horretan sartzen ziran, goraka hareetan gelditu eiten Jesus, jentetzaren txaloak onartu eizan eta bere bidetik desbideratu eiten.

Ezin eikean hori Jesusek onartu; bere bideari eta eginkizunari jarraitzea zan bere bizia, eta horretarako deabruak isilduazo egingo ditu.

Zer bilatzen dogu Jesusengan: azaleko osakuntza, ala, bere jarraian, geure eginkizunari erantzutea?

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...