Urtean Zeharreko I. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Adoretu
alkar egunero,
«gaur» horrek irauten dauan bitartean.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 3, 7-14
Senideok: Espiritu
Santuak hau dino:
«Gaur Jaunaren ahotsa entzuten badozue,
ez gogortu zeuen bihotza,
errebelde izan zinienean lez,
tentaldi-egunean basamortuan lez.
Han tentatu egin ninduen zuen asabek, Ni aztertu nahirik,
nahiz eta nire egintzak berrogei urtez ikusi izan.
Horregaitik, hasarratu egin nintzan gizaldi haregaz,
eta esan neban:
"Bide okerretik dabil beti horreen bihotza;
ez dabez aintzat hartzen nire bideak".
Horregaitik, zin egin neban hasarre:
"Ez dira sartuko nire atsedenean"».
Begira, senideok, ez dagiala zuetako inork izan Jainko biziagandik aldenduko dauan bihotz gaizto eta sinisbakorik. Bestela baino, adoretu alkar egunero, Liburu Santuak dinoen «gaur» horrek irauten dauan bitartean, zuetako inor gogortu ez dadin, pekatuak engainatuta. Izan be Kristoren partaide gara-eta, hasierako jarrerari azkeneraino sendo eusten badeutsagu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 95 [94], 6-7c. 7d-9. 10-11 (R/. ik. 8)
R/. Entzungo
ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!:
«Ez gogortu zeuen
bihotza».
V/. Zatoze,
gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo
ahal dozue gaur haren ahotsa!:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.
V/. Berrogei
urtez gogait eragin eustan belaunaldi harek,
eta esan neban: «Bihotz desleialeko herria dira,
ez dabez ezagutzen nire bideak».
Orduan, zin egin neban hasarre:
«Ez dira sartuko nire atsedenean». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 4, 23
R/. Aleluia.
V/. Erreinuari
buruzko Barri Ona iragartzen eban
Jesusek
eta herrian gatx
guztiak osatzen ebazan. R/.
Ebanjelioa
Alde egin eutson legenak eta garbi gelditu zan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 40-45
Aldi haretan,
legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutson:
«Nahi badozu, garbitu naikezu».
Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez:
«Gura dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutson legenak, eta
garbi gelditu zan.
Jesusek bialdu egin
eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu
abade nagusiagana eta, ezaugarri izan dagien, eskeini garbikuntzaren ordainez
Moisesek agindutakoa».
Ha, ostera, urten
ebaneko, gertatua iragartzen eta zabaltzen hasi zan oihuka, eta harrezkero ezin
zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, leku
bakartietan. Halan be, edonondik etorkion jentea.
Jaunak esana.
Iruzkizna
Ageriko zereginetan hasi baino ez da egin Jesus, eta apurtu dau Legea.
Legenardunek galazota euken jenteagana hurreratzea, aldenduta egon behar eben, eta bazterreratuta egozan giza-hartuemonetatik, batez ere erlijio-guneetatik, gaixotasun hori Jainkoaren zigor eta gaitzespen lez ulertzen zan-eta.
Legeak galazota eukan gauzea egiten dau Jesusek: legenarduna beragana hurreratzen izteaz gain, ha ikutu. Keinua da: ikutzea beharrezkoa ez bazan ere; hori egiteaz, bai gaixo haregaz eta baita haren antzera Legeak baztertuta eukazan guztiekaz bat egiten ebala nabarmentzen dau Jesusek.
Arazoak ekarri leikioz hori egitean; baina ez deutso ardura: sufritzen dagoanagaz bat egitea da haren lehentasuna. Holan nabarmentzen dau bazterkuntzea ez dala Jainkoaren gauzea, Legearena baino, eta, arlo horretan, ez dala ez Jainko-Legea ez Giza-legea, zuzengabekeria baino.
Eta Lege zaintzaileengana bialduko dau gaixoa, osakuntzaren barri izan daian, bergizarteratu ahal izateko, Legeak berak askatuta berak ezarritako loturea (bazterkuntza).
Ez da, ba, Legea behin-behinekoa, beste edozeren gainetik dagoana. Jainkoa da behin-behinekoa, eta harek ez dau bazterkuntzarik egiten. Eta Legeak harexengana bideratu behar gaitu, eta inondik ere ez ezein gizaki bazterreratu ezergaitik ere.
Jainkoa sufritzen dagoanagaz dala nabarmentzen deusku Jesusek, eta ez Lege-betetzaile edo zaintzaileagaz, eta, gitxiago, Jainkoaren izenean bazterreratzen dauan ezein Legegaz.