2025/01/14

uz02barikua-I-

Urtean Zeharreko II. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Kristo itun hobearen bitarteko.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 8, 6-13

    Senideok: Orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa lortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren, bitarteko dan ezkero. Izan be, lehenengo ituna akatsik bakoa izan balitz, ez legokean bigarren batentzat lekurik. Baina Jainkoak hasarre egiten deutse antxinakoei, esanez:

«Hara, badator –dino Jaunak–
Israel herriagaz eta Juda herriagaz
itun barria egingo dodan sasoia.
Ez da izango,
Egiptotik ataratzeko eskutik hartu nituanean
hareen asabekin egin nebana lakoa.
Hareek hausi egin eben nire ituna,
eta Neuk be bazterrera itzi nituan –dino Jaunak–.

Hona hemen etorkizunean
Israelegaz egingo dodan ituna –dino Jaunak–:
Buruan ezarriko deutsedaz neure legeak, eta bihotzean idatziko.
Hareen Jainko izango naz Ni, eta hareek nire herri.
Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango,
"Ezagutu Jauna" esanez,
guztiek, txiki nahiz handi,
ezagutuko nabe-eta –dino Jaunak–;
parkatu egiten deutset-eta euren gaiztakeria,
eta hareen pekatuaz ez naz gehiago gogoratuko».

    Jainkoak, itun barria aitatzean, lehengoa zahartutzat emoten dau, eta zaharkiturik dagoana desagertzeko zorian dago.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 8 eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 11a)

R/.   Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten.

V/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
emon zeure salbazinoa.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

2 Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

V/.   Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa      

Berak nahi izan ebanei dei egin eutsen
Beragaz bizitzeko.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 3, 13-19

    Aldi haretan, Jesusek mendira igon eban, berak nahi izan ebanei dei egin eutsen eta hareek hurreratu egin jakozan. Hamabien taldea eratu eban, beragaz bizitzeko eta Barri Ona iragartzera bialtzeko; eta deabruak botatzeko ahalmena emon eutsen. Hamabi honeek aukeratu zituan: Simon –honi Pedro izena ipini eutson–, Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia –honeei Boanerges izena ipini eutsen, hau da, «Trumoi-seme»–, Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu ebana.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek hamabi aukeratzen ditu otoitz egin ondoren. Berak nahi ebenei deitzen deutse. Eta aukeratuak ez dira apartekoak, edo lehenen heldu ziranak, edo gehien ekienak, edo familiarik esanguratsuenetakoak… bere ondoan egozanetarikoak baino.

Jesusengan askatasun osoa azpimarratzen da Berak nahi ebenei horregaz; baina azpimarra gehiago ere aurkitu geike: berea da ekimena, eta askatasun osoz aukeratzen dau otoitz egin ondoren. Jainkoagandiko gauzea da, ba.

Eta hamabi aukeratzen ditu. Honek Israelgo leinuak dakarskuz gogora. Bere ondora deitzen ditu, baina asmo eta helburu zehatzak ditu buruan Jesusek, edo ebanjelariak egoerak argitu gura dauz.

Lehenengo kristauek judu herriarekin apurtu beharra ikusten dabenean, euren burua aurkeztu behar izango dabe benetako Jainkoaren Herri aukeratu, Jainkoaren Semearen inguruan eratzen dana, unibertsala izango dana, era guztietakoei eta guztiei deitzen deutsena, eta helburu hauxe dauana: Jainkoaren ondasunen barri emotea euren bizikereaz; deabruak uxatuz (hau da, txarkeria alde batera itziz) senide lez bizi izatea, maitasunean. Hauxe da Jesusek irakatsiko dauana.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...