2025/01/14

uz01barik-I-

Urtean Zeharreko I. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Ahalegindu gaitezan atseden horretan sartzen.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 4, 1-5. 11

        Senideok: Bildur izan behar dogu, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoan bitartean, zuetarikoren bat sartu barik gelditu ez dadin. Guri be emon deuskue Barri Ona, gure asabei lez; baina honeei ez eutsen balio izan entzundako hitzak, ez eben-eta sinismenaren bidez bat egin entzun ebenekin.
        Gu, ostera, sinisten badogu, sartu gaitekez Jainkoaren atsedenean, esanda dagoan lez:

«Horregaitik, zin egin neban hasarre:
"Ez dira sartuko nire atsedenean"».

        Egia esan, mundua egin ebanetik amaituak ebazan Jainkoak bere lanak, hau dino-eta Liburu Santuak zazpigarren egunaz: «Zazpigarren egunean atseden hartu eban Jainkoak bere lan guztietatik».
        Baina aitatu dogun pasartean, «ez dira sartuko nire atsedenean» esan jaku. Ahalegindu gaitezan, bada, atseden horretan sartzen, inor jausi ez dadin sinisgogorkerian gure aurrekoak lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 78 [77], 3 eta 4bc. 6ab eta 7. 8 (R/. ik. 7c)

R/.   Ez ahaztu Jainkoaren egintza handiez.

V/.   Guk entzunak eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
kontatuko deutsaguz hurrengo belaunaldiari:
Jaunaren egintza goresgarriak eta haren ahalmena. R/.

V/.   Gero jaioko ziran seme-alabek
ondorengoei kontatuko eutsiezan.
Holan, Jainkoagan jarriko eben itxaropena,
eta ez ziran ahaztuko haren egintza handiez;
beteko ebezan haren aginduak. R/.

V/.   Ez ziran euren gurasoen antzeko izango:
gizaldi hezikatx eta bihurria,
bihotz arineko jentea,
Jainkoaganako barru desleialekoa. R/.

 

Ebanjelioa      

Gizonaren Semeak badau mundu honetan
pekatuak parkatzeko ahalmena.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 1-12

        Egun  batzuen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zan barriro, eta etxean egoaneko barria zabaldu zan. Batu zan jentetzarekin ez egoan inon lekurik, ezta ate-aurrean be. Eta Jainkoaren berbea adierazoten eutsen. Horretan, elbarri bat ekarri eutsoen lau lagunen artean. Baina jentetzagaitik ezin eben eroan Jesusenganaino. Orduan, bera egoan parean etxe-gaina zulatu eta elbarria zulotik behera eratsi eben, etxunda egoan esku-ohean. Jesusek, hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari: «Seme, parkatuak dituzu pekatuak!»
        Baziran han jesarrita lege-maisu batzuk, eta hauxe inoen euren barrurako: «Zer jarabilk honek holan? Biraoka jabilk. Nork parkatu leikek pekaturik, Jainkoak berak izan ezik?»
        Baina Jesusek bere barruan hareen gogoetei igarri eta esan eutsen: «Zergaitik dituzue gogoeta horreek zeuen barruan? Zer da errezago, elbarriari “parkatuak dituzu pekatuak” esatea ala “jagi, hartu esku-ohea eta zabiltz” esatea? Orain ikusiko dozue, bada, Gizonaren Semeak badaukala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena. Orduan esan eutson elbarriari: “Zeuri dinotsut: Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera”».
        Behingo baten jagi, ohatila hartu eta guztien aurrean urten eban. Danak harriturik gelditu ziran, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Ez dogu sekula holakorik ikusi».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gaur Markos ebanjelariak dakarskun jazoera honek pekatuaren aurrean jarten gaitu.

Hau —pekatua—, ikusi gura ez dogun zeozer da. Jesusek bai ikusten dauala, eta osakuntza hortixik hasita emongo dala iragarten dau.

Erlejino-maisuek ez dabe onartu gura Jesusek gauzatzen dauan askapenik, eta era haretara: ezer eskatu aurretik «zure pekatuak parkatuta dagoz» dinotso-eta. Hareen erlejinoak gizakia menpe euki nahi dauan artean, Jesusek askatu egin gura dau.

Ulertu ete geike Jesusek ez dauala parkatzen pekaturik; ez berak ez Jainkoak, bere Aitak, ez daukela ezer parkatu beharrik?

Ulertuko bagendu Jainkoak deuskun maitasuna, haren seme-alaba izatea dogun onurea, eta haren esanetara bizi izanez garatzen dogun zoriona..., ez geuke bilatuko Jainkoaren aurrean merituak egiterik haren parkamena edo aldekotasuna lortzeko.

Ikasi daigun Jesusengandik: harek, Jainkoa maite-maite daualako ez dauka ezer parkatu beharrik.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...