2025/01/14

uz02martitz-I-

Urtean Zeharreko II. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Itxaropen hau dogu
geure bizitzaren aingura sendoa eta segurua.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 6, 10-20  

    Senideok: Jainkoa ez da zuzenbakoa eta ez dau ahazten zuek egin dozuena, ezta, lehen eta orain fededunak zerbiduz, beraren izenari agertu deutsazuen maitasuna be. Hauxe nahi geunke, halan be: guztiok azkeneraino erakutsi dagizuela orain arte izan dozuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera heldu dadin; ez zaitezela nagi bihurtu, euren fedeaz eta iraupenaz Jainkoaren agintzariak jasotzen diharduenen antzeko baino.

    Jainkoak, Abrahami agintzaria egin eutsonean, bere buruagaitik egin eban zin, ez eban-eta bera baino handiagorik zin egiteko. Hau esan eutson: «Bai, oparo bedeinkatuko zaitut eta neurri barik ugarituko». Eta, eroapenez itxaron ondoren, eskuratu eban Abrahamek agindu jakona. Gizakiek, eurak baino handiago dan norbaitengaitik egiten dabe zin, eta zin eginez erabagitzen dabe edozein eztabaida.

    Horra zergaitik, Jainkoak be lotu eban bere burua, zin eginez, agindutako ondasunak hartuko ebezanei bere asmoa aldatuezina zala erakutsi nahirik. Beraz, gauza bi doguz Jainkoaren asmoa aldatuezina dala adierazoten deuskuenak: agintzaria eta zina –eta horreetan Jainkoak ezin leike guzurrik esan–; horreetan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dogun itxaropenari eusteko. Itxaropen hau dogu geure bizitzaren aingura sendoa eta segurua, zeruko santutegiaren barruraino sartzen dana; han sartu zan-eta Jesus gugaitik aurrelari lez, Melkisedeken antzera behin betiko abade nagusi egina.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 111 [110], 1-2. 4-5. 9 eta 10c (R/. 5b)

R/.   Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.

V/.   Bere mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra da Jauna eta bihozbera.
Begirune deutsoenei janaria emon deutse,
gogoan dau beti bere ituna. R/.

V/.   Askatasuna emon deutsa bere herriari,
betiko ezarri dau bere ituna,
santua eta bildurgarria da haren izena.
Betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Zapatua gizakiarentzat egin eban Jainkoak,
ez gizakia zapatuarentzat.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 23-28

    Behin baten, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Eta ikasleak igarokeran galburuak ebagiten hasi ziran. Fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Zelan dihardue egiten, zapatuz legezko ez dana?»
    Harek erantzun: «Ez ete dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek beharrizan baten, bera eta bere lagunak gosekilik gertatu ziranean? Zelan, Abiatar abade nagusi zala, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeiniriko ogiak jan zituan, legez abadeek bakarrik jan eikiezanak, eta zelan bere lagunei be emon eutsen?»
    Eta esan eutsen: «Zapatua gizakiarentzat egin eban Jainkoak, ez gizakia zapatuarentzat. Halandaze, Gizonaren Semea zapatuaren beraren nagusi da».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Eguneroko jazoerei begiratzeko era ezbardinak dagoz; eta zelan begiratzen jaken, halan ulertzen dira; eta ulerkera batzuk guztion ulerkera izan behar dabela uste izaten da sarritan, batez ere Legeari edo Ohiturei loturik badagoz.

Horretan maisu ziran Fariseuak: Legea beteten ete zanaren begirale eta zaintzaile ziran; eta halantxe beteten ebela —uste eben— Jainkoaren nahia. Ez zan, ba, txantxetako gauzea.

Jesusek, ostera, Legea betetearen arduratik barik beharrizanetik edo behartsuaren egoeratik begiratzen eban, eta egoera haretan Jainkoak zer eskatzen eutson bilatzen eban, halan erantzuteko, bere arduratik.

Batzuk euren ustea zaindu gura dabe, azken saria irabaztearren; besteak, behartsuengan Jainkoaren deia aurkitzen dau eta hareen laguntzan urtetekoa. Ez dago bere salbamen propioari begira; hori Jainkoaren esku izten dau. Hurkoaren salbatzaile izateari ekiten deutso, horixe dala uste izanez Jainkoak eskatzen deutsona.

Jarrera biok, alkar osotzen barik, alkarren aurka egozala emoten dau. Hortik Jesusek jasan behar dauan ez-ulertua izatea, eta Lege-zaleen artean zirrararik ez eragitea: nahikoa dabe-eta Legea beteteaz.

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...