Urtean Zeharreko I. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.
Hebrearrei egindako epistolaren hasiera
Heb 1, 1-6
Askotan eta era askotara hitz egin eutsen antzina Jainkoak
profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen
bidez hitz egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin be
honen bidez egin eban-eta mundua.
Seme hau da Jainkoaren aintzaren distira eta Jainkoaren izatearen
irudia. Honek eusten deutse gauza guztiei bere hitz indartsuaz. Eta, pekatuen
garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan
zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena be
hareena baino goragokoa dan ezkero.
Izan be, zein aingeruri esan deutsa inoiz:
«Nire Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu?»
Eta beste behin:
«Aita izango nau harek Ni
eta Seme izango dot Nik ha?»
Eta barriro, Lehen-semea munduan sartuazotean, hau dino:
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 97 [96], 1 eta 2b. 6 eta 7c. 9 (R/. ik. 7c)
R/. Ahuspez jartzen jakoz aingeru guztiak.
V/. Errege da
Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu beitez ugarte ugariak!
Justizia eta zuzenbidea
tronuaren oinarri. R/.
V/. Zeruek haren
salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri guztiek haren ospea
ikusten.
Ahuspez jartzen jakoz jainko
guztiak. R/.
V/. Izan be,
Jauna,
Goi-goiko zara Zu lur
guztiaren gainetik,
jainko guztien gainetik
garai. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 1, 15
R/. Aleluia.
V/. Hurrean da
Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.
Ebanjelioa
Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 14-20
Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan
zan eta Jainkoaren Barri Ona iragartzen eban. Holantxe inoan: «Bete da epea,
eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri
Ona».
Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotzean, Simon eta honen
anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botatzen, ze arrantzaleak ziran. Jesusek
esan eutsen: «Zatoze Neugaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek
behingoan sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aurrerago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak,
ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster,
dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo morroiakaz ontzian itzirik,
Jesusen ondorik joan ziran.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Amaitu dau Bateatzaileak bere eginkizuna. Orain Jesusen txandea etorriko da, eta bere eginkizuna Jerusalemdik urrun, Galilean, hasiko dau, kultu-agintariengandik urrun.
Ez dau Bateatzailearen zeregina etengo; haretan sakondu egingo dau; eta beste doinu bat erabiliz. Gainera, batentzako baino eginkizun handiagoa dala-eta, lagunak bila hasiko da. Honeen prestutasuna aditzera emoteko, ebanjelariak holango esaldiak erabilten ditu: dana bertan-behera laga eta bat-batean jarraitu eutsoen.
Badakigu hori horrela ez dana Jesus, talde osoagaz, Pedroren amaxea osatzen aurkituko dogu-eta honen etxean. Eta, biztuera ondoren, euren lehengo lanera, arrantzatzera, bihurtzen dira-eta.
Gogan hartu beharrekoa dogu, ba, Jesusentzako eginkizunik behinena Jainkoaren erreinua iragartea dala, hau batentzat baino eginkizun handiagoa dala, eta prestutasunaz gain, bihotz barritzea eskatzen dauala; hau da, zuzengabekeria alde batera iztea eta Jainkoagandiko onurak dohai lez hartzea.
Zer pentsa emon behar deusku Jesusek bere eginkizuna kultu-lekutik urrun garatzeak ere. Kultuak itsututa edo iruntzita ez ete dira bizi Jerusalemen, eta horrexegaitik egingo jake gatx Jesus eta honen barritasuna onartzea? (…)