2025/01/14

uz02asteleh-I-

Urtean Zeharreko II. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Semea izanda be,
oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen.
Hebrearrei egindako epistolatik        

Heb 5, 1-10

    Abade nagusia gizonen artetik hartua eta Jainkoaren aurrean gizon-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, pekatuakaitik emoitzak eta opariak eskeintzeko.
    Badaki ezjakinez eta okerbideratuez errukitzen, bera be giza makaltasunez inguratuta dagoan ezkero. Horregaitik, bere pekatuakaitik be opariak eskeini behar ditu, herriaren pekatuakaitik lez. Eta ezin dau inork abade nagusitzaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak deiturik ez bada, Aaronek lez.
    Holan, Kristok be ez eutson berak emon bere buruari abade nagusitzaren ospea, Jainkoak baino, honan hitz egin eutson-eta:

«Nire Seme zara Zu,
Neuk zaitut gaur sortu».

    Beste salmo baten be hau esaten deutsa:

«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».

     Kristok, bere giza bizitzaldian, deadar handiz eta negarrez egin eutson otoitz eta erregu heriotzatik libratu eikean Jainkoari, eta, Kristok begirune izan eutsolako, entzun egin eutson Jainkoak. Eta Semea izanda be, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbazinoaren iturri egin zan obeditzen deutsoen guztientzat, abade nagusi izentatu eban-eta Jainkoak, Melkisedek lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3-4 (R/. 4bc)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik.
Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa      

Senar barria eurakaz daukie.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 18-22

    Aldi haretan, Joan Bateatzailearen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusengana joan eta esan eutsoen: «Zelan egiten dabe barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara deituek egin ete leikie barau, senar barria eurekin dabela? Senar barria eurakaz daben bitartean, ezin leikie barau egin. Etorriko jake, bai, senar barria kenduko deutsien eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
    Inork ez deutsa josten jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik; ostantzean, adabaki barriak jantzi zaharra behartu, eta tarratada handiagoa egiten da. Ez dau inork sartzen ardao barririk be zahagi zaharretan; ardaoak zahagiak lehertu egingo leukez eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardao barria zahagi barrietan».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ardau barria zaragi barrietan… Heldu dira aldi barriak. Jesus da barritasuna. Haren zain gengozan, baina bada hemen. Ez gaitezan lehengotan geldi; onartu daigun harek dakarskun barritasuna.

Baraua prestakuntzarako da. Zeozeri itxaroten dauanaren iragarpena. Joane ikasleak eta farisearrenak ez dira ohartu; ez dabe ezagutzen Jesus; eta barau egiten jarraitzen dabe,

Ohartu ete gara gu? Onartu ete dogu Jesusen barritasuna, ala lehengo lez bizi gara, prestakuntza aldiak ezagunagoak ditugulako eta gehiago asebeteten gaituelako? Ez ete gagoz lehengoari lotuegiak? Barritasunak dakarrena ezezaguna dogu. Bildur emoten ete deusku. Ez dogu uste onik Jesusengan?

Jesus, ardao barria, ezin dogu zaragi zaharretan hartu; lehertu egingo ditu. Eta gitxiago jarri geikeo arropa zaharrari barriaren zati bat ipingi lez!

Ez jaku eskatzen dana oso-osoan ikustea eta jakitea, Jesusi jarraitzea baino. Berak barriztatuko gaitu bere barritasunaz. Izan daigun harengan uste on.

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...