2025/01/16

uz05eguena-I-

Urtean Zeharreko V. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Emakumea moldatu eta gizonari eroan eutson.
Eta biak bat izango dira.

Hasiera liburutik

Has 2, 18-25

    Jainko Jaunak esan eban: «Ez da ona gizona bakarrik egotea; emon deiodan berari dagokion laguntza».
    Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan lurretik eta gizonari eroan eutsozan, zein izen emoten eutsen ikusteko; honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz, gizonak izena ezarri eutsen abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion laguntzarik.
    Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduazo eban gizona. Loak hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutson eta hutsunea haragiz bete. Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko Jaunak, eta gizonari eroan eutson. Honek esan eban:

«Hau bai dala neure hazurretik datorren hazur,
neure haragitik datorren haragi.
Emakume izango da deitua,
gizakumeagandik izan da-eta hartua».

    Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira.
    Narrugorri egozan biak, gizona eta emaztea; halan be, ez ziran lotsatzen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana
eta haren bideetan dabilena!
eure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirunea deutsana!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

St 1, 21bc

R/.   Aleluia.

V/.   Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan
        eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Txakurrek be jaten ditue
seme-alaben ogi-apurrak mahaipean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 24-30

    Aldi haretan, Jesus Tiro aldera joan zan. Etxe baten sartu zan, eta ez eban inork jakiterik gura; baina ezin izan zan ezkutuan egon. Andra bat, alaba espiritu gaiztoak hartua eukana, Jesusen barri jakin ebaneko, etorri eta oinetan ahuspeztu jakon. Emakumea jentila zan, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen eutson Jesusi.
    Jesusek erantzun eutson: «Itzi lehenago seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea».
    Emakumeak erantzun eutson: «Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek be jaten ditue seme-alaben ogi-apurrak mahaipean».
    Orduan, Jesusek: «Erantzun horregaitik, zoaz; urten dau deabruak zure alabagandik».
    Bihurtu zan etxera, eta ohean etxunda aurkitu eban neskatoa; alde egina zan deabrua.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen mezua ez da herrialdetxo baten geratu daitekena, hau Jainkoaren herria izan arren ere; atzerrira ere zabaldu beharra dauka, atzerritarrak ere badiralako Jainkoarenak, eta Jainkoa eurena ere bai.

Baina zein da harekin daukagun hartu-emona? Batzuentzat Legea betetea da Jainkoaren nahia egitea, eta horrek saria dakar, Legetik saihesteak zigorra dakarren lez.

Beste batzuk, beharrizanak behartuta joten dabe, eskale, Jainkoagana. Eta handiak eta bi egiteko gauza izango dira behar dabena lortu arte.

Jesusek iragarten dauan Jainkoa Aita errukitsua da, bere antz eta irudira sortu gaituana. Geugan daroagun haren izaerea da, ba, bilatu behar doguna. Horretarako bakartadea, isiltasuna, otoitza, Jainkoagazko esker onezko eta eskuzabaltasunezko hartu-emona da bidea.

Jakina! Legea beteteak lagundu egin leigu, gizatasunean haztera bagaroaz; eta beharrizanak ere geure barruko onena atarazoten badeusku.

Horixe da atzerritar emakumeak agertzen dauana: beharrizanak jota Jesusengan jarten dau uste on osoa, eta honi bere herrialdearen esparru motxak apurtu eginazoten deutso, atzerritarrarengan (eta hau emakumea!) sinismen handitasuna autortu behar izateraino!

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...