Urtean Zeharreko V. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoa lakoak
izango zarie,
onaren eta
txarraren ezagutzaren jaube.
Hasiera liburutik
Has 3, 1-8
Sugea zan Jainko Jaunak egindako piztietan
maltzurrena. Sugeak esan eutson emakumeari: «Debekatu egin ei deutsue Jainkoak
baratzeko arbola guztietako frutuetatik jatea».
Emakumeak erantzun eutson: «Baratzeko
zuhaitzen frutuetatik jan geinke; baratze erdian dagoan zuhaitzaz bakarrik esan
deusku Jainkoak: "Horretatik ez jan, ezta ikutu be hori, hil nahi ez badozue"».
Sugeak esan eutson emakumeari: «Ez zarie
hilko, ez! Ondo daki Jainkoak, horretatik jan orduko, begiak edegiko jatzuezala
eta bera lakoak izango zariela, onaren eta txarraren ezagutzaren jaube».
Emakumeak, zuhaitza jateko gozo eta
begientzat eder eta ezaguera lortzeko on zala ikusirik, haren frutuetako bat
hartu eta jan egin eban; gero, senarrari emon eutson eta harek be jan egin
eban. Orduan begiak edegi jakezan eta narrugorri egozala ohartu ziran. Iko-orri
batzuk josi eta estalki bana egin eben.
Jaunaren oin-hotsa entzun eben eta
harengandik ezkutatu egin ziran baratzeko zuhaitzen artean.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 32 [31], 1-2. 5. 6-7 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa hobena kendu deutsoena.
V/. Zorionekoa hobena kendu
eta
pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa
Jaunak errurik botatzen ez deutsana,
barruan
maltzurkeriarik ez dauana. R/.
V/. Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure
errua ez neutsun ezkutatu.
Esan
neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta
Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.
V/. Horregaitik, otoitz egin deizula fededunak larrialdian aurkitzean;
uriola
jausita be, ez dau harrapatuko.
Zeu
zaitut babesleku, arriskutik libratzen nozu,
askapen-kantuz
inguratzen. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Eg 16, 14b
R/. Aleluia.
V/. Edegi, Jauna, gure bihotza,
gogoz
onartu daiguzan zure Semearen hitzak. R/.
Ebanjelioa
Gorrei entzun
ahal izatea emon deutse
eta mutuei hitz
egitea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 7, 31-37
Aldi haretan, itzi eban Jesusek Tiro aldea
eta, Sidonen zehar, Galileako itsasora bihurtu zan barriro, Dekapolisko
lurraldean zehar.
Gizon gor eta totela eroan eutsoen, eta
eskua gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jenteagandik aparte hartuta,
atzamarrak belarrietan sartu eutsozan eta txistuaz mihina ikutu.
Gero, zerurantz begiratuz, arnasa sakon
hartu eta esan eutson: «Effeta», hau da, «Edegi».
Eta une berean, belarriak edegi jakozan,
mihina askatu eta garbi berba egiten hasi zan. Gertatua inori ez esateko agindu
eutsen Jesusek; baina zenbat eta aginduago, orduan eta gehiago zabaltzen eben.
Guztiz harrituta, hauxe inoen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzun ahal izatea
emon deutse eta mutuei berba egitea».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ebanjelioko gor-mutua ezaugarri lez hartu geike. Zenbat dagozan gure eleizetan ezer gitxi entzuten eta gitxiago iragarten handik urten ondoren.
Entzun, ulertu, norberetu eta bizikereaz iragarri… horixe litzateke eginbeharrekoa; baina, gehienetan, eleizkizunetan egoteaz konformatzen gara, iragarteko profesionalak (kleroa) daukaguzala-eta.
Jesusen jarrereak badinosku zeozer: jenteak eskatzen deutsona eskuak gainean ezartea bada ere, berak gor-mutua jenteagandik banandu egiten dau, eta atzamarra belarrietan sartu, eta bere txistuaz mihina ikutu, antsi eginez eta berbaz aginduz. Beretik emoten dauala esan daiteke.
Erlijio inguruak lotu, menperatu, morroi-mirabe bihurtu geinkez, gure adimena eta ardurea jokoan jarri ezik. Zer agintzen deuskuen itxaroten, haxe beteteko, et horrela egiten dogula Jainkoaren nahi bete uste izateko.
Jesusek inguru eta uste horretatik bananduazo gura gaitu, beretik emon, entzumena, ulermena eta ardurea jokoan jarri daiguzala, eta hartutakoa iragarri, zabaldu daigula.
Jesusek osatu baino gehitxoago egiten gaitu: salbatu. Inguru menperatzaile eta ardura gabekoetatik urtenazo eta, isiltasunean, bizikereaz haren barri emonazo, ingurukoek ondo ulertu daien, ez euren erara.