2025/01/16

uz05zapatua-I-

Urtean Zeharreko V. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainko Jaunak Edengo baratzetik bota egin eban gizakia,
lurra landu egian.

Hasiera liburutik

Has 3, 9-24

    Adamek zuhaitzetik jan ondoren, Jainko Jaunak gizonari dei egin eta esan eutson: «Non zara?» Harek erantzun: «Zure oin-hotsa baratzean entzun dodanean, bildurtu eta gorde egin naz, narrugorri nengoalako». Jainkoak esan eutson: «Eta zeinek jakinazo deutsu narrugorri zengozala? Galazo neutsun zuhaitzeko frutua jan dozu ala?» Gizonak erantzun: «Laguntzat emon deustazun emakumeak eskeini deust frutua, eta jan egin dot». Orduan, Jainko Jaunak esan eutson emakumeari: «Zer egin dozu?» Emakumeak erantzun:  «Sugeak engainatu nau eta jan egin dot».
    Orduan, Jainko Jaunak esan eutson sugeari:

«Hori egin dualako,
madarikatua izango haz
abere guztien eta basapiztia guztien artean;
sabel gainean ibiliko haz arrastaka
eta hautsa jango dok heure bizitzako egun guztietan.
Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea,
hire eta haren ondorengoa;
honek burua zapalduko deua,
eta hik orpotik helduko deutsak».

    Emakumeari esan eutson:

«Umedun gelditzean, oinazeak ugarituko deutsudaz,
eta saminez izango dozuz umeak.
Gurariak senarragana bultzatuko zaitu,
eta ha izango dozu nagusi».

    Eta gizonari esan eutson:

«Emaztearen esana entzun
eta galazo neutsun zuhaitzeko frutua jan dozulako,
madarikatua lurra zure erruz.
Nekearen nekez atarako deutsazu janaria
zeure bizitzako egun guztietan.
Sasia eta laharra emongo deutsu,
basalandarez janaritu beharko dozu.
Zeure bekokiko izerdiz jango dozu ogia,
lurrera bihurtu arte, handik hartua zara-eta.
Hautsa zara eta hautsera bihurtuko zara».

    Gizonak bere emazteari «Eva» ezarri eutson izena, bizidun guztien ama dalako. Jainko Jaunak narruzko soinekoz jantzi ebazan gizona eta emaztea. Gero, Jainko Jaunak esan eban: «Horra gizakia gutariko bat bihurtua, onaren eta txarraren ezagutzaren jaube. Ez dagiala orain eskua luzatu eta biziaren zuhaitzeko frutua be hartu eta, ha janez, betiko bizi».
    Beraz, Jainko Jaunak Edengo baratzetik bota egin eban gizakia, lurra landu egian, handik izan zan-eta hartua. Gizakia bota ondoren, izaki hegodun batzuk eta suzko ezpata distiratsua ezarri ebazan Edengo baratzearen sortaldean, biziaren zuhaitzerako bidea zaintzeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 2. 3-4. 5-6. 12-13 (R/. ik. 1)

R/.   Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
        gizalditik gizaldira.

V/.   Mendiak jaio baino lehen,
lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara Zu betidanik betidaino. R/.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Hor daroazuz gizakiak,
ametsa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez;
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta igartzen. R/.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

 

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Asetzeraino jan eben guztiek.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 1-10

    Egun hareetan, barriro jentetza oso ugaria izanik eta zer janik ez, Jesusek ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Erruki dot jente hau; badaroez hiru egun Neugaz eta ez dabe ezer be jateko. Etxera baraurik bialtzen baditut, bidean lur jota geldituko dira, urrutitik etorriak be badira-eta».
    Ikasleek esan eutsoen: «Baina nondik atara bakartade honetan honeek asetzeko beste ogi?» Berak itaundu eutsen: «Zenbat ogi daukazuez?»  Eta hareek erantzun: «Zazpi».
    Orduan, jenteari lurrean jesartzeko agindu eutson. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, banatu egiezan. Hareek jenteari banatu eutsoezan.
    Bazituen arraintxu banaka batzuk be; Jesusek bedeinkatu zituan eta hareek be banatzeko agindu eutsen.
    Asetzeraino jan eben guztiek, eta zazpi otzara bete ebezan hondakinakaz. Lau mila inguru ziran. Ostean, Jesusek agur egin eutsen, eta bere ikasleakaz txalupara igon eta Dalmanuta aldera joan zan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Oraindino ulertzen ez dan zeozer esan gura dau Ebanjelioetan ogi ugalketa sei bider agertzeak. Baina hurreratu gaitezan jazoerara.

Alde batzuk dagoz lehenengo ugalketeagaz bat ez datozanak bigarren honetan. Oraingo ugalketa hau atzerritarren lurraldean jazoten da; eta Jesusena da ekimena: bera errukitzen da paganoekaz. Eta ogi-arrainen zenbakia ere ez da bardina: hemen zazpi da zenbakia: zeozer agertu gura deusku?

Argi izten deusku ebanjelariak Jesusen ardurea: Erreinuaren testigu izatea, atzerrian ere bai, danok garala Jainkoaren seme-alaba, eta inoiz ez gaitula ahanzten. Eta atzerritarrak ere, entzundakoa gauzatuz, euren ondasunak eta izatea alkarbanatzera heltzen dirala.

Baina ogi-ugalketa errepikatzeak ez ete deutso hasi barri dan Eukaristiari lehentasuna emoten? Lehenengo ikasleak mahai-inguruan alkartzen ziran euren alkartasuna ospatzeko, indartzeko, eta Jesusek bialduak izateko. Horixe zan hareen bizikereak behar eban ogia, jakia: Jainkoaren Hitza eta Jesu Kristorekin bat egitea.

Guk, gure egunotan, bazterreratuta ez ete daukagu Eukaristia beste ogi batzuez elikatu gura dogulako? Eta gizakia ez da bizi ogi hutsetik… 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...