2025/01/16

uz04eguena-I-

Urtean Zeharreko IV. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Sion mendira hurreratu zarie zuek,
Jainko biziaren urira.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 18-19. 21-24

    Senideok: Zuek ez zarie hurreratu, israeldarrak lez, ikutu leiteken mendi batera, su kiskalgarria, hodei itxia, ilunpea eta ekatxa egozan mendira; ez dozue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik be. Ahotsa entzun eben israeldarrek gehiago ez ekiela hitz egin eskatu eben. Hain zan ikaragarria ikuskizuna, Moisesek berak be esan eban-eta: «Bildur-ikaraz nago».
    Sion mendira hurreratu zarie zuek, Jainko biziaren urira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko baturik dagozan milaka eta milaka aingerurengana, euren izenak zeruetan idatzirik dabezan lehen-semeen batzarrera, guztien epaile dan Jainkoagana, euren helburura heldu diran zintzoen espirituetara, eta itun barriaren bitarteko dan Jesusengana, Abelena baino indartsuago berba egiten dauan odolaz garbitu gaituanagana.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 48 [47], 2-3a. 3b-4. 9. 10-11 (R/. 10)

R/.   Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna,
        zure tenpluaren erdian.

V/.   Handi da Jauna, guztiz goresgarri.
Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:
muino eder, lur osoaren pozgarri. R/.

V/.   Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege handiaren uri.
Hango jauregien artean
gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.

V/.   Entzun genduana geuk ikusi dogu
Jaun ahalguztidunaren urian, geure Jainkoaren urian:
sendo ezarri dauala Jainkoak betiko. R/.

V/.   Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna,
zure tenpluaren erdian.
Zure ospea lez zure gorespena be, oi Jainko,
mundu osora heltzen da;
zure eskua justiziaz dago betea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mk 1, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
        bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa

Jesus Hamabiak bialtzen hasi zan.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 7-13

    Aldi haretan, Jesus Hamabiei dei egin eta binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena emoten eutsela.
Biderako ezer ez hartzeko agindu eutsen, makila besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik be garrikoan; oinetan sandaliak eroan egiezala; baina aldatzeko soinekorik ez.
    Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe baten sartzean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. Eta non edo non onartzen ez bazaituee eta entzun gura ez badeutsuee, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, hareen kontrako seinaletzat».
    Joan ziran, bada, Hamabiak eta Barri Ona iragarri eben, jentea bihotzbarritu zedin. Deabru asko botatzen eben eta gaixo asko osatzen, olioz igurtziz.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Holango aginduen aurrean babes bila jarten gara, eta atxakiak jarten arrazoiak balira lez.

Jesusi jarraitzeko, bertan-behera laga behar dodaz emaztea/senarra, seme-alabak, etxea, ondasunak… eta oinetakoekaz eta makila bategaz ibili behar dot hara-honaka?

Hau ezinezko dodanez, lehengotan jarraitzen dot, inguruak iruntsita eta harexen aginduetara.

Apur bat sakonduko bagendu, bakotxak bere lekua aurkituko geuke pasarte honen harira.

Jesusen antzeko profetak behar doguz; baina danok ez gara horretarako gauza. Pobrezian bizi izatea aintzat hartzen dogu; baina…

Eta, bitartean, uraren eskasia jasaten dogu, edo Planeta hondamenera daroagu, edo han-hor-hemen gosea eta gerrak…

Munduaren beste alderdiraino joan behar da zoriontsu izateko? Horrenbeste eralgi behar da, edo ondasunak metatu, edo sasoi bakotxeko aldatu arropak goitik-behera…?

Neurritasuna ezin ete geike DANOK bizi, bai eta familia bakotxak ere? Eta horrexetan ezin ete geikez hazi eta hezi gure seme-alabak?

Jesusen agindu honetan bai aurkitu leikela bere neurria gure bizikereak… ez mundu hobea lortzeko, Jesusen antzeko izateko baino.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...