2025/01/16

uz04eguaz-I-

Urtean Zeharreko IV. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Maite dauana zuzenduazoten dau Jaunak.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 12, 4-7. 11-15

    Senideok: Oraindino ez zarie bizia galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan. Ahaztu egin dozue seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:

«Ene seme, ez baztertu Jaunaren eskarmentua,
ezta galdu be adorea, hasarre egiten badeutsu,
maite dauana dau-eta Jaunak zuzenduazoten
eta seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».

    Jasaten dozuena zuek zuzenduazoteko da; Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan be, zein seme nahiz alaba ez dau aitak zuzenduazoten?
    Egia esan, edozein eskarmentu, momentuan, mingarri da, ez pozgarri; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak ekartzen deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta belaun makalduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hanka hausi ez dadin, osatu baino.
    Ahalegindu zaiteze guztiekin bakean bizitzen, eta izan santu; bestela, ez dau inork Jauna ikusiko. Egon erne, inork Jainkoaren onginahia galdu ez dagian; ez dadila zuen artean guztiok nahastuko eta kutsatuko zaituen landare pozoitsurik hazi.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 13-14. 17-18a (R/. 17)

R/.   Jaunaren maitasuna betidanik betidaino
        begirune deutsoenentzat.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera;
ondo daki-eta zerez garan eginak,
gogoan dau hautsa garala gu. R/.

V/.   Jaunaren maitasuna, barriz, betidanik betidaino
begirune deutsoenentzat,
haren salbazino-asmoak belaunez belaun dirau
haren ituna gordetzen dabenentzat. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.
   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste.  R/.

 

Ebanjelioa

Profetari edonon emoten deutsoe ohore,
bere herrian izan ezik.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 1-6

    Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan, ikasleak ondoren ebazala. Hurrengo zapatuan, sinagogan irakasten hasi zan. Entzule askok, harriturik, hauxe inoen: «Nondik dau honek hori guztia? Zer da emon jakon jakituria hori? Eta honen eskuz gertatzen diran mirari horreek? Hau ez ete da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak be ez ete dira hemen gure artean bizi?» Eta ezin eben sinistu harengan.
    Jesusek esan eutsen: «Profetari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik».
    Eta ezin izan eban han miraririk egin; halan be, gaixo bakar batzuk osatu zituan, eskuak gainean ezarriz. Eta harrituta egoan hareen sinisgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zan, irakasten.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Oraingoan bere herritarren artean dihardu Jesusek, eta bazterreratzea hartuko dau hareengadik. Zer dala-eta? Eta, zer irakatsi leigu horrek guri?

Jesus bere herritik urrun dagoan artean entzute handikoa da eta bere herritarrek ere txalotua, ha ezagutzeko irrikitan dagoz. Baina euren artera etortean, honeek hur-hurretik ezagutu leikee zer esaten, zer egiten eta noren izenean diharduan… Eta hori ez da eurek uste eta itxaroten ebena…

Herritarren galderea —Jesus ondo baino hobeto ezagutzen dabela uste dabe-eta— ahalmenok ea nondik jatorkozan izango da. Eta, mesprezu modura, Mariaren semea dala esango dabe, aitarik ez dauala (hau da: noren antzeko izaterik ez daukala) esatea lez. Eta harriduratik mesprezura eta bazterkuntzara helduko dira. Larregi ezagutzen dabe. Ez deutse erantzuten euren uste eta ziurtasunei.

Inguru txiki baten egoteak, handik inora ere urten barik, norberea baino ez ezagutzeak, eta luzaroan gainera, ikuspegi murritzera eroan leike, adimena lehortu egiten dau, egiatzat norberea baino ez hartzera eroaten dau… Egoera horretan Jesusek ezin dau ezaugarritik egin.

Espiritua barritasuna dala dinogu. Daukagun Eleizea, eleiz alkarteak, eleizkizunak eta ohikune eta ohiturak… ez ete dira barriztau beharrekoak? Ez ete dogu geuretxotik urtenda, aldietara egokitu behar?

Espirituaren barritasunari, harek geureari ez deutsola erantzuten-eta, lepo emongo ete deutsagu?

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...