2025/01/16

uz04barikua-I-

Urtean Zeharreko IV. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 13, 1-8

    Senideok: Iraun egizue senide-maitasunean. Ez ahaztu arrotzei ostatu emoteaz, holan jokatuz, batzuek, jakin barik, aingeruak hartu ebezan-eta etxean. Izan gogoan preso dagozanak, zeuek be hareekin preso bazengoze lez; eta beste horrenbeste tratu txarrak hartzen dabezanak, zeuek be, hareek lez, gorputza dozue-eta.
    Hartu egizue guztiok ezkontza errespetu handiz, eta izan garbi ezkontza-hartu-emonetan, epaitu egingo ditu-eta Jainkoak lizunak eta adulteriogileak.
    Ez izan diru-gose; egon pozik dozuenagaz, Jaunak esana dau-eta: «Ez zaitut itziko, ez baztertuko». Beraz, uste osoz esan geinke:

«Jauna dot laguntzaile, ez naz bildur:
zer egin leike nire kontra gizakiak?»

    Gogoratu egizuez Jainkoaren hitza agertu eutsueen zeuen gidariak, eta jarraitu hareen fedeari, zelan bizi eta zelan hil diran kontuan hartuz.
    Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 27 [26], 1. 3. 5. 8c-9c (R/. 1a)

R/.   Jauna dot argi eta salbamen.

V/.   Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.

V/.   Gudarosteak inguratzen banau be,
nire bihotzak bildurrik ez;
nire aurka burruka lehertzen bada be,
nire barrua konfiantzaz betea. R/.

V/.   Bere txabolan gordeko nau zoritxar-egunean,
bere txabolaren gordeenean ezkutatuko,
harkaitzera nau jasoko. R/.

V/.   Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zeu zaitut-eta laguntza. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Lk 8, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak Jainkoaren hitza
        bihotz onez eta zabalez entzunik,
        barruan gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak. R/.

 

Ebanjelioa

Nik samea ebagi neutsan Joan berbera biztu da.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 14-29

    Aldi haretan, jakin eban Herodes erregeak Jesusen barri, beronen izena oso ezaguna zan-eta. Batzuk inoen: «Joan Bateatzailea biztu da hilen artetik; horregaitik dauka mirariak egiteko ahalmen hori». Beste batzuk, barriz: «Elias da». Eta beste batzuk: «Profeta da, antxinako profetak bezalakoa». Eretxi honeek entzutean, hauxe inoan Herodesek: «Nik samea ebagi neutsan Joan berbera biztu da».
    Izan be, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zan Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan, eta Joanek esaten eutson: «Ez jatzu bidezko zeure anaiaren emaztea eukitzea».
    Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan eta hil egin nahi eban, baina ezin, ze Herodesek begirunea eutson Joani; gizon artez eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen berbek ardura sortzen baeutsoen be, gogoz entzuten eutson.
    Etorri jakon, baina, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria emon eutsen agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zan jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan eutson neskatilari: «Eskatu gura dozuna, eta emongo deutsut». Eta zin eginez agindu eutson: «Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada be». Urten eban neskatilak eta bere amari itaundu eutson: «Zer eskatuko deutsat?» Amak erantzun: «Joan Bateatzailearen burua».
    Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta eskaria egin eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagaitik, ez eutson ukatu gura izan. Behingoan, bere guardiako bat bialdu eban, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta samea ebagi eutson, eta azpilean ekarri eban burua; neskatilari emon eutson, eta neskatilak amari.
    Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian lurperatu eben.

Jaunak esana.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...