2025/01/16

uz04-asteleh-I-

Urtean Zeharreko IV. astelehena

I. urtean

 

I. Irakurgaia

Sinismenari esker erreinuak menperatu ebezan.
Jainkoak zeozer hobea prestatu eban guretzat.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 11, 32-40

    Senideok: Zertan jarraitu hitz egiten? Ez neuke denporarik nahiko izango, Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta profetei buruz berbetan hasiko banintz.
    Sinismenari esker erreinuak menperatu ebezan, justizia egin, Jainkoak agindutakoa eskuratu, lehoien ahoak itxi, su gartsuak amatatu, ezpataz hilak izateari ihes egin, gaixotasunetatik osatu, guduan bulartsu jokatu eta atzerritarren gudari-taldeei atzera eragin.
    Emakume batzuek berbizturik berreskuratu ebezan euren hildakoak. Beste batzuk, barriz, torturapean hil ziran, handik libratzeari uko eginez, bizitza hobera bizteko itxaropenagaitik; beste batzuek irainak eta zigorradak, kateak eta espetxeak eroan ebezan; harrikatu egin ebezan, zerraz ebagi, ezpataz hil; hara eta hona ibili ziran, ardi- eta ahuntz-narruz estaldurik, premina gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz. Munduak merezi baino hobeak ziran eta noraezean ibili ziran basamortuetan, mendietan eta lurreko leza eta kobazuloetan.
    Baina hareek, euren sinismenagaitik Jainkoak onartu ebazan arren, ez eben eskuratu Jainkoak agindutakoa; izan be, Jainkoak zeozer hobea prestatu eban guretzat, eta ez eban nahi izan hareek helmugara gu barik heltzerik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 31 [30], 20. 21-22. 23. 24 (R/. 25)

R/.   Izan bihotz, Jaunagan itxaroten dozuen guztiok!

V/.   Bai handia, Jauna, zure ontasuna!
Begirune deutsuenentzat dozu gordea,
Zugan babesten diranei agertzen deutsezu
jentearen aurrean. R/.

V/.   Zeure aurpegiaren babespean gordetzen dozuz
jentearen azpikerietatik;
zeure txabolan babesten dozuz
mihinen liskarretatik.
Bedeinkatua Jauna,
mirariak egin ditu-eta nire alde maitasunez
uri gotorretik. R/.

V/.   Hauxe esan neban nik larriturik:
«Bota egin nozu zeure begi-bistatik».
Zuk, ostera,  entzun zenduan nire erregua,
laguntza eske oihu egin neutsunean. R/.

V/.   Maitatu egizue Jauna, haren fededun guztiok.
Jaunak zaintzen ditu leial jakozanak;
harroei, barriz, ordain gogorra emoten deutse. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa      

Urten egik gizon honengandik, espiritu gaizto horrek!

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 5, 1-20

    Aldi haretan, Jesus eta ikasleak itsasoaz bestaldera joan ziran, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jatsi zaneko, espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon batek urten eutson hilobi artetik bidera. Hilobietan bizi zan, eta ezin eban inork lotuta euki, ezta katez be; askotan lotu izan eben girgiluz eta katez, baina harek kateak hausi eta oin-burdinak apurtu egiten zituan, eta ez zan inor be ha menperatzeko gauza. Gau eta egun, hilobi artean eta mendiz mendi ibiltzen zan gelditu barik, oihuka eta bere burua harriz zauritzen.
    Urrutitik Jesus ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu jakon. Eta oihu handiz esan eutson: «Zer dozu nigaz, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nagizu oinazetu». Izan be, Jesusek hauxe agindu eutson-eta: «Urten egik gizon honengandik, espiritu gaizto horrek!»
    Orduan, Jesusek itaundu eutson: «Zelan dok izena?» Harek erantzun: «Taldea, asko gara-eta». Eta arren eta arren eskatzen eutson, ez egizala lurralde haretatik kanpora bialdu.
    Txarri-aldra handia ebilen mendi inguru haretan, musturketan. Espiritu txarrek eskatu eutsoen Jesusi: «Bialdu gagizuz txarrietara, euretan sartu gaitezan». Harek baimena emon eutsen; orduan, espiritu gaiztoak gizonagandik urten eta txarrietan sartu ziran, eta txarri-aldra labarrean behera itsasora jausi zan; bi mila txarri inguru ito ziran.
    Txarrizainek iges egin eta gertatuaren barri zabaldu eben herrian eta auzoetan; eta jentea, zer gertatu zan ikustera etorri zan. Jesusengana heltzean, han ikusi eben deabruduna, jesarrita, jantzita eta bere senean, artean deabru-taldearen menpe egoan haxe berbera, eta guztiz ikaratu ziran. Ikusi ebenek, deabrudunari gertatua eta txarriena kontatu eutsien. Orduan, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen Jesusi.
    Jesusek ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen eutson beragaz ibiltzen izteko; baina Jesusek ez eutson itzi, ezpada ze, hauxe esan eutson: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakin eragin Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia». Joan zan, bada, eta Jesusek egin eutsona iragartzen hasi zan Dekapolisko lurraldean. Harriturik gelditzen ziran danak.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen ahalmena ezagutzen jarraitzen dogu Markos ebanjelariaren eskutik. Oraingoan, Jesusek atzerrian jardungo dau. Jesusen ahalmena, ba, ez da bere lurraldeari mugatua; Jainkoaren erreinua atzerrian ere iragarri behar da, asko izan arren aurkako indarrak.

Honeek Jesusi gogor egiten deutsoe. Gaixoz josita dagoan gizon bat dogu horren adierazle. Harek bere egoeran jarraitzea dau nahiago, Jesusek oraindino txarrago ipintea baino. Baina Jesus ez jatorko kalte egitera, daukazan deabruetatik askatzera baino.

Txarriak trokan behera itsasora jausteak Egiptotik urtetean Faraonen gudariak itsasoan galtzea ekarri leigu gogora. Txarkeriaren aurkako Jesusen ahalmena atzerritarrak ere askatzen agertzen da; baina ez jakoz danak inguratzen.

Batzuk eurenean eta euren ziurtasunetan jarraitzea dabe nahiago, eta euren lurraldetik alde egiteko eskatuko deutsoe.

Osatuak haren atzetik joan gura dau, haren ikasle izan gura dau. Baina Jesusek bere etxera bialtzen dau han ere iragarria izan daiten Jainkoaren erreinua. Eta halantxe egingo dau oihu handiz, berari jazoa aldarrikatuz.

Guk ere egingo bagendu topo osatu geinkezan Jesusegaz, ziur emongo geukela horren barri.

 


I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...