2025/01/15

uz03eguena-I-

Urtean Zeharreko III. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen;
lagundu deiogun alkarri, maitasunean alkar gogoberotuz.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 19-25

    Senideok: Badogu konfiantza Jesusen odolari esker santutegian sartzeko, Jesusek bide barri eta bizia edegi deusku-eta gortinan zehar, hau da, bere gorputzean zehar. Eta Jesus abade handia Jainkoaren etxeko buru dogunez, hurreratu gaitezan bihotz zintzoz eta fede osoz, barrua pekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik.
    Iraun dagigun sendo itxaropena autortzen, berbakoa da-eta agintzaria egin dauana. Lagundu deiogun alkarri, maitasunean eta egintza onetan alkar gogoberotuz. Ez itzi batzarrera joateari, batzuek ohitzen daben lez, adoretu alkar baino; eta gehiago Jaunaren eguna gero eta hurrago ikusten dozuen honetan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

R/.   Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutsa Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Sal 119 [118], 105

R/.   Aleluia.

V/.   Kriseilu da zure hitza, Jauna, nire oinentzako,
        argi nire biderako. R/.

 

Ebanjelioa

Argimutilaren gainean ipintzeko biztuten da kriseilua.
Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 4, 21-25

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Lakaripean edota ohe azpian ipintzeko biztuten ete da kriseilua? Ez ete da biztuten argimutilaren gainean ipintzeko? Egon be, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ezta ezkutuan be argiratuko ez danik. Entzuteko belarririk daukanak, entzun begi!»
    Beste hau be esan eutsen: «Kontuan izan zelan entzuten dozuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak, eta gehiago be bai. Izan be, daukanari emon egingo jako; ez daukanari, ostera, daukan apurra be kendu».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen jarraitzailea ezin daiteke izan isilekoa; bere ingurua argitu beharra dauka, gatza emon beharra.

Guri irakatsi euskuena, behar bada, beste gauzaren bat da: ez daiala jakin eskumeak ezkerrak zer egiten dauan. Eta, eskupekoari buruz izatetik, kristau bizitza osorako izatera heldu da.

Hori ez dau onartzen Jesusek. Haren jarraitzaile izateak harengandik ikasia inguru guztira isurtzea eskatzen dau, inguruak Jesusen gozoa hartu daian eta haren argitasunean ikusi ahal izan daian.

Jesusen argitasuna ez da, ba, kolkoan sartuta eukitekoa. Hori ondo dakigu. Baina hartu dogun formazinoa umetakoa da, eta nora goaz horregaz nagusitan?

Beste alde batetik, Jesusen ikasle eta jarraitzaileek emon behar daben neurria handia da. Eta nor heltzen da bere betea emotera?

Hau dala-eta, ba, bildurrez, lotsaz, kolkoan gara kristinau, eta danetarako atxakiak jarten doguz, isilean eta bakotxak bere kabuz bizi izateko.

Noiz sortuko dira testiguak, profetak, argi emoileak?

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...