2025/01/15

uz03barikua-I-

Urtean Zeharreko III. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Burruka gogorra egin behar izan zenduen.
Ez galdu, beraz, adorea.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 32-39

    Senideok: Gogoratu egizuez hasierako egun hareek: fedearen argia hartu barri haretan burruka gogorra eta neketsua egin behar izan zenduen. Zuetako batzuek irainak eta tratu txarrak jasan zenduezan guztien aurrean; besteok, holan erabilitakoen lagunkide izan zinien; giltzapetuen oinazeetan parte izan zenduen eta pozik sufridu zenduen zeuen ondasunak kendu eutsueezanean, jakinik aberastasun hobea eta iraunkorragoa zenduela.
    Ez galdu, beraz, adorea, beragaz sari handia dakar-eta. Iraupena behar dozue, Jainkoaren nahia betez agintzaria eskuratzeko. Izan be,

«Laster, oso laster, etorriko da etortzekoa dana,
ez dau luzatuko.
Nire zintzoa fedeari esker biziko da;
baina atzera egiten badau, ez dot atsegin izango».

    Gu, ostera, ez gara atzera egin eta hondatzen diranetakoak, fedearen bidez salbazino bila dabiltzanak baino.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 37 [36], 3-4. 5-6. 23-24. 39-40 (R/. 39a)

R/.   Jaunagandik dator zintzoen salbamena.

V/.   Izan konfiantza Jaunagan eta egin on dana,
bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.

V/.   Itzi Jaunaren esku zeure zoria,
izan konfiantza harengan, berak ekinean jardungo dau-eta.
Goiz-argiak lez egingo dau distira zure zuzentasunak,
eguerdiko eguzkiak lez zure zuzenbideak. R/.

V/.   Jaunak sendotzen ditu gizakiaren pausuak,
eta atsegin dau haren bidea.
Jausten bada be, ez da lur jota geratzen,
Jaunak deutsa-eta eskutik eusten. R/.

V/.   Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa,
ha dabe gotorlekua arrisku-sasoian;
Jaunak lagundu eta onik ataratzen ditu,
gaiztoengandik onik atara eta salbatzen,
harengan babesten dira-eta. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa

Ereiten dau gizonak lurrean hazia, eta lo dago gauez;
hazia hazten doa, eta gizonak ez daki zelan.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 4, 26-34

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Jainkoaren erreinua gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa da; ha lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta garatu egiten da, harek zelan ez dakiala. Lurrak berez emoten dau frutua: lehenengo landarea, gero galburua eta, azkenik, burua bete garau. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten jako, uztaroa da-eta».
    Beste hau be esan eutsen: «Zeren antzeko dala esango geunke Jainkoaren erreinua? Zein parabolaren bidez adierazo geinke? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ostera, gora egiten dau eta beste ortuari guztiak baino handiago egiten da; eta hain handiak dira botatzen dituan adarrak ze, txoriek habia egiten dabe haren gerizpean».
    Holako parabola askoren bidez iragartzen eutsen Jesusek mezua, hareek ulertzeko eran. Ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea adierazten eutsen.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ezer ez eutsen azaltzen parabola bidez izan ezik danek ulertu eien…, baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea azaltzen eutsen.

Zer ete da jenteak ulertu leikeana edo behar izango leukeana, eta beste zer bere ikasleek ulertu behar dabena?

Badirudi Jesusek era batera jokatzen dauala jenteagaz, eta beste era batera bere ikasleekaz. Ez deutse guztiei azaltzen bardin bere burua. Badirudi ulertzeko eran agertzen dala jentearen aurrean, baina ikasleei ulertzea eta gehiago eskatzen deutsela.

Arteragoko zatitxoan zera esan jakun: emoten dogun neurrian jasoko dogula, eta gitxi daukanari daukan apurra ere kendu egingo jakola. Asko hausnartu behar da esaldiok ulertzeko.

Eta horixe bilatzen dabe parabolek. Jainkoaren erreinuaren ulermenean eta onartzean sartzeko irudiak doguz; eta irudiok geuk geuretu eta gauzatu behar doguz, geure burua sartu behar dogu euretan, Jainkoaren erreinua onartuko badogu.

Jesusi entzun, haren egintzak ikusi eta hausnartuz geuretuko dogu mezua.

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...