2025/01/15

uz03eguazt-I-

Urtean Zeharreko III. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Euren betera eroan ditu Kristok
Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 11-18

    Senideok: Abadeak egunero dihardu bere kultu-zerbitzuan, pekatua ezelan be kendu ezin daben opari berberak behin eta barriro eskeintzen. Kristo, ostera, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak arerioak oin-aulkitzat noiz jarriko deutsazan itxaroten dago. Izan be, opari bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.
    Autorpen bera egiten deusku Espiritu Santuak be, hau esatean:

«Hona hemen etorkizunean
hareekin egingo dodan ituna –dino Jaunak–.
Bihotzean ezarriko deutsedaz neure legeak
eta buruan idatziko.
Eta hareen pekatuaz eta gaiztakeriaz
ez naz gehiago gogoratuko».

    Holan bada, pekatuak parkaturik dagozanean, ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrizanik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 110 [109], 1. 2. 3-4 (R/. 4bc)

R/.   Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko.

V/.   Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/.   Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/.   Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik.
Zin egina dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia      

R/.   Aleluia.

V/.   Hazia Jainkoaren hitza da;
        ereilea, barriz, Kristo;
        honi entzuten deutsanak betiko bizia izango dau. R/.

 

Ebanjelioa      

Urten eban ereileak hazia ereitera.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 4, 1-20

    Aldi haretan, Jesus barriro be irakasten hasi zan itsasertzean. Eta hainbeste jente batu jakonez ondora, uretan egoan txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, lehorrean egoan, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi eutsen parabola bidez berba eginik. Holantxe inotsen bere irakastaldian:
    «Entzun! Behin baten, urten eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, hazi batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin zituen. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta, azaleko lurra izanik, behingoan erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez ebelako, igartu.
    Beste hazi batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak eta ez eben fruturik emon. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne, hazi eta frutua emon eben: bateko hogeta hamar, hirurogei nahiz ehun». Eta ohar hau egin eutsen Jesusek: «Entzuteko belarririk daukanak, entzun begi!»
    Bakarrik gelditu ziranean, Hamabiakaz batera beragaz ebiltzanek parabolen esanahiaz itaundu eutsoen Jesusi. Eta honek esan eutsen: «Zuoi emon jatzue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ostera, dana parabola bidez emoten jake, Liburu Santuak dinoana bete dadin: “Begiratzen dabe, bai, baina ikusten ez; entzuten dabe, baina ulertzen ez; holan, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez jake parkatzen”».
    Eta esan eutsen gainera: «Parabola hau ez dozuela ulertzen? Zelan ulertuko dozuez, bada, gainerako parabola guztiak?
    Ereileak berbea ereiten dau. Berbea ereitean, batzuk “bide-bazterra” lakoak dira: entzun baizen laster, Satanasek etorri eta hareengan erein dan hitza kendu egiten deutse. Beste batzuk “harri artea” lakoak dira: berbea entzutean, behingoan pozik hartzen dabe; baina sustrairik bakoak eta iraupen gitxikoak izanik, berbea dala-eta estutasun nahiz erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dabe. Beste batzuk, barriz, “sasi artea” lakoak dira: entzuten dabe berbea, baina mundu honetako ardurak, diru-gosea eta osterantzeko zalekeriak nagusitzen jakez eta berbea ito egiten deutsie, fruturik barik itziz.
Eta hara nortzuk diran “lur ona” lakoak: hitza entzun, onartu eta frutua emoten dabenak: bateko hogeta hamar nahiz hirurogei nahiz ehun».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Itsas bazterrean da Jesus, eta itsas gainera sartu behar dau txalupan, jenteak estutzen daualako; eta lehorreko ekintza batez dihardu: hazia ereiteaz…

Eta nori zuzentzen deutso hitzaldia? Jentea berbearen gose-egarri da, ala bere gaisotasunetatik atara daizala nahi dau?

Eta guk… parabola bere senean ulertu gura izatea baino nahiago dogu ondorio moralak  ataratea… Ez gara sartu parabolaren senean; belarri bakoak gara. Entzun-gor egiten deutsagu.

Parabola baten deigarri zer egiten jatan bilatu behar dot, non dagoen gure logikearen mozketa.

Honetan, ereilearen jardunean ikusi behar dogu. Ereile zentzundunak ez dau ereiten bidean zehar edo harri artean… Honek bai.

Zentzun bakoa da? Ala, Jainkoaren dohaiak edozeini eta guztioi emoten jakuzala geratzen da argi, eta geure erantzunean dala frutu ugariago emotea edo ez emotea?

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena   II. urtean I. Irakurgaia       Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umeri...