Urtean Zeharreko XXX. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Seme-alaba
egiten zaituen Espiritua hartu dozue,
eta
Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!»
deitzen
deutsazue Jainkoari.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 8, 12-17
Senideok: Zorretan gagoz, baina ez grina
txarrekin, horreen arabera bizitzeko. Holan bizitzen bazarie, hil egingo zarie;
baina Espirituaren bidez giza egintza txarrei uko egiten badeutsazue, biziko
zarie.
Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak,
horreetxek dira Jainkoaren seme-alaba. Zuek ez dozue hartu esklabo egiten
zaituen espiritua, barriro be bildurrez bizitzera eroango zaituena; zuek
seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue, eta Espirituaren bidez
«Abba!», hau da, «Aita!», deitzen deutsagu Jainkoari.
Espiritu honek berak gure espirituagaz bat
egiten dau Jainkoaren seme-alaba garala autortzeko; eta, seme-alaba bagara,
baita oinordeko be, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; izan be,
nekeetan Kristoren kideko bagara, aintzan be haren kideko izango gara-eta.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 68 [67], 2 eta 4. 6-7b. 20-21 (R/. 21a)
R/. Gure Jainkoa Jainko salbatzailea.
V/. Jagitzen da Jainkoa, sakabanatzen dira
arerioak,
ihesi
doaz haren aurretik gorroto deutsoenak.
Zintzoak,
barriz, pozten dira,
Jainkoaren
aurrean alaitzen,
pozez
eta alaitasunez gainezka. R/.
V/. Umezurtzen aita da Jainkoa, alargunen
defendatzaile
bere
egoitza santutik.
Jainkoak
etxea emoten deutse baztertuei,
kantu
artean askatasuna presoei. R/.
V/. Bedeinkatua Jauna egunez egun!
Bere
gain hartu gaitu geure Jainko salbatzaileak.
Gure
Jainkoa Jainko salbatzailea,
Jainko
Jaunaren esku dago heriotzatik libratzea. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 4, 32–5, 8
Senideok: Izan zaiteze alkarrentzat on eta
bihozbera, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristoren bitartez parkatu eutsuen
lez.
Izan zaiteze, beraz, Jainkoaren antzeko,
haren seme-alaba maite zarien ezkero. Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren
antzera, berak maite izan ginduzalako eta bere burua gure alde emon ebalako,
Jainkoak atseginez onartzen dauan oparitzat eskeiniz.
Aitatu be ez egin zuen artean lizunkeria
edota ezelako bizio eta grinarik, fededunei dagokienez; ezta gordinkeria,
kirtenkeria edota zorakeriarik be, hori guztia ez da-eta itxurazkoa. Zuok
ostera, emon eskerrak Jainkoari. Jakizue lizun, zikin eta grinatsu bakar batek
be –halakoa sasijainkozalea da-eta– ez dauala Kristoren eta Jainkoaren
erreinuko ondarean parterik izango.
Ez zagiezala inork baliobako argudioz
liluratu, horrexek erakartzen dau-eta Jainkoaren hasarrea errebeldeen gainera.
Ez izan holakoen kide. Izan be, sasoi baten ilunpe zinien; orain, barriz, argi
zarie Jaunari esker. Zabiltze, beraz, argiaren seme-alabei dagokienez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. ik. Ef 5, 1)
R/. Izan gaitezan Jainkoaren antzeko,
haren seme-alaba maite garan ezkero.
V/. Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez
deutsona,
pekatarien
bidean ez dabilena,
ezta
lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
Jaunaren
legean atsegin dauana baino,
haren
legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.
V/. Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzekoa
da:
emoten
dau bere sasoian frutua,
eta
ez jako orririk igartzen;
egiten
dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.
V/. Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak
daroan galautsaren antzekoak dira.
Jaunak
zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena,
barriz, galdu egiten da. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 17, 17b. a
R/. Aleluia.
V/. Zure hitza da egia, Jauna;
sagaratu
gagizuz egiaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Abrahamen
ondorengo dan honi
ez ete jakon
zapatuz lokarri hori askatu behar?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 10-17
Aldi haretan, zapatuz sinagoga baten
irakasten ebilen Jesus. Bazan bertan emakume bat, hamazortzi urte hareetan
espiritu baten menpe gaixo egoana; guztiz konkortuta egoan eta ezin zan ezelan
be arteztu.
Ikustean, Jesusek deitu eta esan eutson:
«Emakume, libre zara zeure gatxetik». Eskuak ezarri eutsozan, eta bat-batean
arteztu eta Jainkoa goratzen hasi zan.
Sinagogako buruzagiak, Jesusek zapatuan
osatu ebalako hasarre, esan eutson jenteari: «Astean sei egun dagoz
beharrerako; etorri egun horreetan osatzera, eta ez zapatuan».
Jaunak erantzun eutson: «Itxurazaleok!
Zuetariko nork ez dau zapatuz idia nahiz astoa kortatik askatzen eta ura
edatera eroaten? Eta Abrahamen ondorengo dan honi, hamazortzi urtez Satanasek
lotuta euki dauan honi, ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?»
Berba honeekin, lotsatu-lotsatuta geratu
ziran Jesusen arerio guztiak; jentetza, ostera, pozik egoan harek egiten zituan
gauza miragarri guztiakaitik.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ohiturak, arauak eta legeak, denporea pasatu ahala, lagungarri ez, itogarri bihurtu daitekez. Horixe da ebanjelio zati honetan ikusi doguna.
Zapatu-legea itogarri bihurtua egoan, eta askatu barik, morroi bihurtzen eban. Gizakiaren askapena bilatzen dauan Jesusek ezin onartu daike holangorik, eta horren aurka jarduten dau: emakume bat bere loturatik askatu egiten dau.
Sinagoga buruzagiak gogor egiten deutse guztiei, holangorik ez dala-eta egin behar zapatuz. Zer bilatzen eban? Jente guztia menpean eukitea? Hauxe da eleizgizonen arriskuetariko bat: pertsonearen gainetik jartea legea. Jesusen jardunak lotsatuta lagako dauz. Eta, jenteak pozik hartzen dauan artean, farisearrek-eta ez deutsoe parkatuko.
Eta, hara: pertsona bat —lege haren arabera— ezin askatu eitekean zapatuz, eta astoa edo idia bai. Pertsonak baino duinagoak ete ziran abereak? Ez ete dau horrek ondo ez ebizala nabarmentzen?
Baina gaur egun ere ikusten da holangorik. Askok dinoe egunotan animaliek gizakiok baino eskubide gehiago daukela, hobeto esaten jakela…, pertsona bati irain egitea baino zigortuagoa dagoala animalia bati ondo ez esatea…
Urtean Zeharreko XXX. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Izadia bera be
gogo biziz dago, zain-zain,
Jainkoak noiz
agertuko bere seme-alaba izatea zer dan.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 8, 18-25
Senideok: Nire eretxian, oraingo neke-lanak
ezer gitxi dira gero gugan azalduko dan aintzaren aldean. Izadia bera be gogo
biziz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko bere seme-alaba izatea zer dan.
Izadiak bere benetako helburua galdua izan arren –ez bere gogoz, horretara
behartu ebanagaitik baino–, badau itxaropena, esklabotzatik eta hondamenetik
askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.
Badakigu, jakin be, izadi osoa erdiminetan
aieneka dagoala orain arte. Eta ha ez ezik, gu geu be bai: Espiritua lehen
dohai lez hartu dogunok aieneka gagoz geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta
bere seme-alaba noiz egingo gaituan zain.
Salbatuak gagoz, bai, baina itxaropenean
bakarrik. Eta itxaroten doguna ikusiko bagendu, hori ez litzateke itxaropena
izango. Izan be, zelan itxaron ikusten doguna? Baina ikusten ez doguna
itxaroten badogu, iraupenez behar dogu itxaron.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 126 [125], 1-2b. 2c-3. 4-5. 6 (R/. ik. 3a)
R/. Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak.
V/. Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan
lez gengozan.
Barrez
bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz
mihina. R/.
V/. Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro
jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro
jokatu dau Jaunak gure alde,
eta
pozarren gagoz! R/.
V/. Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek
basamortua lez.
Negar-anpuluz
erein ebenek
pozez
batzen dabe. R/.
V/. Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa
eroanez;
poz-oihuka
datoz,
gari-azaoak
ekarriz. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Handia da
misterio hau,
eta nik
Kristori eta Eleizeari loturik ikusten dot.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 5, 21-33
Senideok: Izan zaiteze alkarren
menpeko, Kristori deutsazuen begiruneagaitik. Emazteak izan daitezala euren
senarraren menpeko, Jaunaren menpeko lez, senarra emaztearen buru da-eta,
Kristo Eleizearen buru dan lez, bere gorputza dauan Eleizearen salbatzaile
dala. Eleizea Kristoren menpeko dan lez, izan beitez emazteak danetan
senarraren menpeko.
Senarrok, maitatu egizue zeuen emaztea,
Kristok Eleizea maitatu eta beraren alde bere burua emon eban lez. Bere burua eskeiniz, sagaratu egin eban Eleizea, Bateoko urez eta
hitzaren indarrez garbituz. Holan prestatu eban beretzat Eleiza distiratsua,
zikinik eta zimurrik edo holako ezer bakoa, santua eta kutsubakoa.
Era berean, senarrek be euren gorputza lez
maitatu behar dabe euren emaztea. Emaztea maite dauanak bere burua maite
dau-eta. Ez dau inork bere gorputza gorrotatzen. Jaten emon eta zaindu egiten
dau, ostera, Kristok Eleizeagaz egiten dauan lez. Gu guztiok gorputz horren
atal gara.
«Horregaitik,
gizasemeak bere aita-amak itziko ditu,
eta
bere emazteagaz alkartuko da,
eta
biak bat izango dira».
Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Eleizeari loturik ikusten dot. Dana dala, zuetako bakotxak maitatu begi emaztea bere burua lez, eta emazteak izan begio begirune senarrari.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta
haren bideetan dabilena!
Zeure
lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu
izango zara eta ondo jatzu joango. R/.
V/. Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure
etxe barruan;
seme-alabak
olibondo-kimuen antzeko
zure
mahai inguruan. R/.
V/. Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari
begirune deutsona!
Bedeinkatu
zagizala Jaunak Siondik,
gozatu
zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure
bizitzako egun guztietan. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 11, 25
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuari
buruzko Barri Ona
jente
apalari agertu deutsazulako. R/.
Ebanjelioa
Mostaza-hazia hazten da eta zuhaitz egiten.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 18-21
Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari:
«Zeren antzekoa da Jainkoaren erreinua? Zeren antzekoa dala esango neuke? Gizon
batek bere ortuan botatzen dauan mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta
zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dabe habia».
Esan eban gainera: «Zeren antzekoa dala
esango neuke Jainkoaren erreinua? Legaminaren antzekoa da: andra batek hiru
imina-urunetan nahasten dau, eta ore guztia harrotzen da».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen denporako judeguek aldi mesianikoak eta Jainkoaren erreinua Jerusalemen lekutzen eben, eta, irudi lez, Libanoko zedroa erabilen. Lehenengo kristinauek, pazko esperientziaren ondoren, irudi xumeagoa erabiliko dabe, Jesusengandik ikasita: mostaza hazia.
Hau ez da zugatz izatera helduko; ez da mendi tontorrean landatua izango; ozta-ozta landatuko da ortu xume edo apal baten; ez da tantai handi egingo, baina bai hazi eta txorientzat habia-leku egingo dana.
Ezin izango da esan han da, edo hemen da, gizakiaren kanpotiko zeozer balitz lez, bere barruan ereinda eta hazten dagoalako.
Zein gatx egiten jakun irudi hau onartzea. Ohituegiak gagoz beste gauza bat eta kanpotiko lez iruditzen Jainkoaren erreinua; eta, orduko judeguen antzera, handikerietan eta astrapala hotsean gauzatuko dana, danak bere menpean ezarriz.
Zein aldatzean gora egiten jakun Jesusen berbok entzutea: ziape-hazia, orean galduta eta haregaz nahaste dagoan legamina… Zergaitik ete da?
Urtean Zeharreko XXX. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Bera maite dabenen onerako
bideratzen ditu Jainkoak gauza guztiak.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 8, 26-30
Senideok: Espiritua datorkigu geure
makalaldian lagun, guk ez dakigu-eta behar dan lez otoitz egiten; baina
Espirituak berak erregutzen dau gure alde, ezin esan ahalako oihuz. Eta
bihotzak aztertzen dituan Jainkoak ezagutzen dau zein dan Espirituaren gogoa,
Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen dau-eta fededunen alde.
Badakigu bera maite dabenen onerako
bideratzen dituala Jainkoak gauza guztiak, bere aurre-erabagiaz deitu dituanen
onerako, hain zuzen be.
Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin
ebazan, bere Semearen irudiko izan eitezan eta, holan, Semea senide askoren
artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu ebazanei dei be egin eutsen;
deituak, barriz, zuzentzat hartu, eta zuzentzat hartuak aintzaz bete.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 13 [12], 4-5. 6 (R/. 6a)
R/. Nik zure maitasunean dot, Jauna, konfiantza.
V/. Begira, erantzun, Jauna, ene Jainko
Argitu
nire begiok, ez nagian heriotz-loak hartu,
ez
dagian arerioak esan: «Garaitu dot».
Ez
bedi arerioa nire hondamendiaz poztu! R/.
V/. Nik zure maitasunean dot konfiantza;
poztu
dadila nire bihotza zure garaipenaz;
orduan
kantuz ekingo deutsat Jaunari,
egin
deustan onagaitik. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ez gizakiei
atsegin izateko bakarrik,
Kristoren
esklabo lez baino.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 6, 1-9
Seme-alabok, obedidu zeuen gurasoei, hori
da-eta zuzena Jaunarenak diranentzat. «Hartu aintzat aita-amak»; hori da
beragaz agintzari bat daroan lehenengo agindua, hau da: «luzaroan bizi eta
zoriontsu izan zaitezan lurraldean». Gurasook, ez sumindu zeuen seme-alabak,
hezi baino, Jaunari dagokion lez irakatsiz eta zentzunduarazoz.
Esklabook, obedidu mundu honetako nagusiei,
begirune osoz eta bihotz apalez, Kristori lez; ez ikusten zaituezanean edo
gizakiei atsegingarri izateko bakarrik, Jainkoaren nahia gogoz betetzen daben
Kristoren esklabo lez baino. Bete egizue gogo onez zeuen zerbitzua,
Jaunarentzat lez eta ez gizakientzat. Badakizue, egindako onaren neurrian
sarituko dauala bakotxa Jaunak, esklaboa izan nahiz librea.
Eta zuek, nagusiok, jokatu egizue bardin
esklaboekin, mehatxurik egin barik; hartu kontuan hareen eta zuen nagusia
zeruan dagoala, eta harek ez dauala bereizkeriarik egiten.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 10-11. 12-13b. 13c-14 (R/. 13c)
R/. Fidagarria da Jauna bere berba guztietan.
V/. Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari
guztiek,
bedeinkatu
zeure fededunek;
aitatu
begie zure erregetza ospetsua,
berba
egin begie zure ahalmenaz. R/.
V/. Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure
erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure
erregetza betiko erregetza,
Gizaldiz
gizaldikoa zure nagusitza. R/.
V/. Fidagarria da Jauna bere berba guztietan,
leiala
bere egintza guztietan.
Jaunak
eusten deutse jausteko zorian dagozanei,
eta
jasotzen ditu lur joak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Ts 2, 14
R/. Aleluia.
V/. Honetarako dei egin deusku Jainkoak Barri
Onaren bidez,
Jesu
Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. R/.
Ebanjelioa
Asko etorriko
dira sortaldetik eta sartaldetik,
eta Jainkoaren
erreinuko mahaian jesarriko dira.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 22-30
Aldi haretan, Jesusek, Jerusalemera bidean
joiala, igarotzen zituan herri eta auzoetan irakasten eban.
Batek
esan eutson: «Jauna, gitxi ete dira salbatzen diranak?» Jesusek erantzun
eutsen: «Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu gura
izango dau, baina ezingo da sartu.
Etxeko jaunak jagi eta atea itxi ezkero,
kanpoan geldituok ate joka hasiko zarie: “Zabaldu, Jauna!” Baina harek erantzungo
deutsue: “Ez dakit nongoak zarien”.
Zuek, orduan, holan hasiko zaiakoze: “Zeugaz
jan eta edan izan dogu, eta Zuk geure plazetan irakatsi izan dozu”. Baina harek
erantzungo deutsue: “Ez dakit nongoak zarien. Alde Nigandik, gaizkileok!”
Orduan, negarra eta hagin-karraskada izango
da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean,
zeuen burua, barriz, kanpora jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta
sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian jesarriko
dira. Begira: orain azkeneko diran batzuk lehenengo izango dira, eta lehenengo
diran batzuk azkeneko».
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko XXX. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Ez gaitu ezerk
aldenduko
Jainkoak Jesu
Kristogan agertu deuskun maitasunetik.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 8, 31b-39
Senideok: Jainkoa gure alde badogu, nor gure
aurka? Bere Semea bera heriotzatik libratu ez, ezpada ze, gu guztion alde
heriotzara emon ebanak, zelan ez deusku haregaz batera dana doan emongo?
Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratutakoak,
Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristok?,
hil zanak?, biztu be egin zanak?, Jainkoaren eskumaldean dagoan eta gure alde
otoitzean diharduanak?
Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun
maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak,
arriskuak, ezpatak? Liburu Santuak dinoan lez:
«Zugaitik
egunero hilzorian gaukiez,
hiltzeko
ardiak lez garabilez».
Horreetan guztietan erraz urteten dogu garaile, maite izan gaituan hari esker. Ziur dakit: ez heriok eta ez bizik, ez aingeruk eta ez goiko beste indarrek, ez oraingok eta ez gerokok, ez ezelako agintek, ez ortziko eta ez lur azpiko indarrek, ez beste ezelako izakik, ez gaituala aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunagan agertu deuskun maitasunetik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 109 [108], 21-22. 26-27. 30-31 (R/. 26b)
R/. Salbatu nagizu, Jauna, zeure maitasunari dagokionez.
V/. Zuk, Jainko Jaun horrek,
jokatu
egizu nire alde guztiz ona dan zeure izenagaitik,
libratu
nagizu zeure maitasunagaitik,
dohakabe
nazalako eta behartsu,
eta
zauritua dot bihotza barruan. R/.
V/. Jauna, nire Jainko, lagundu egidazu,
salbatu
nagizu, zeure maitasunari dagokionez.
Jakin
begie zure eskua dala,
Zu
Zeu zarala, Jauna, nire alde dagoana. R/.
V/. Aho betean emongo deutsadaz eskerrak Jaunari,
jentetzaren
erdian dot goratuko,
behartsuaren
ondoan jarri da-eta,
kondenatu
nahi ebenen eskutik salbatzeko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Hartu egizuez
Jainkoaren armak,
zailtasun guztiak gainditurik, sendo iraun
dagizuen.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 6, 10-20
Senideok: Sendotu zagiezala Jaunak bere indar ahaltsuaz. Hartu egizuez Jainkoak emoten deutsuezan armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egin ahal izateko. Gure burruka, izan be, ez da hazur-maminezko arerioen aurka, goiko espiritu gaiztoen aurka baino, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurka.
Hartu egizuez, beraz, Jainkoaren armak, egun
txarrean gogor eutsi eta, zailtasun guztiak gainditurik, sendo iraun dagizuen.
Zutunik, beraz! Lotu garrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zuzentasuna eta
oinetakotzat bakearen barri ona zabaltzeko ardura. Euki beti babeskitzat
sinismena, arerioaren suzko gezi guztiak amatatu ahal izateko. Hartu egizue
burukotzat salbazinoa eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren
hitza, eten barik otoitz eta eskariak eginez Espirituaren indarrez.
Zagoze erne, fededun guztien alde lehiatsu
erregutuz; baita nire alde be, Jaunak berba egokia ahoan jarri deidan, Barri
Onaren misterioa ausardiaz adierazoteko. Barri On horren bozeramaile naz kate
artean; Jainkoak ausardia emon deidala, behar dan lez berba egin dagidan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 144 [143], 1. 2. 9-10 (R/. 1a)
R/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza.
V/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza,
eskuak
gudurako eta ukabilak burrukarako
trebatzen
deustazana. R/.
V/. Nire laguntzailea eta gaztelua,
gotorlekua
eta askatzailea,
nire
babeskia eta kerizpea.
Berak
deustaz herriak menpean jartzen. R/.
V/. Kantu barria kantatuko deutsut, oi Jainko,
hamar
hariko harpa joko Zuretzat;
Zeuk
emon zeuntsen erregeei garaipena,
Zeuk
askatu zenduan David, zeure zerbitzaria. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Lk 19, 38; 2, 14
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren
erregea!
Bakea
zeruan eta aintza zeru-goienetan! R/.
Ebanjelioa
Profetea ezin
leiteke
Jerusalemdik
kanpora hil.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 31-35
Aldi haretan, fariseu batzuk joan jakozan
Jesusi eta esan eutsoen: «Zoaz, alde egizu hemendik ze, Herodes Zu hil nahian
dabil».
Jesusek
erantzun eutsen: «Zoaze eta esan luki horri: “Hara, gaur eta bihar deabruak
botatzen eta osatzen jarraitu behar dot, eta hirugarren egunean nire azkena
izango da”. Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar deutsat ze,
profetarik ezin leiteke Jerusalemdik kanpora hil.
Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta
Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dozuzana! Zenbat bider ez ete dodaz batu
gura izan zure semealabak, oiloak bere txitaldia hegopean lez, eta zuek ez
dozue gura izan! Hara, bada, hutsik geldituko jatzue etxea! Eta badinotsuet ez
nozuela ikusiko, hau esango dozuen eguna heldu arte: “Bedeinkatua Jaunaren
izenean datorrena”».
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko XXX. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Ni neu
madarikatua izatea be onartuko neuke,
nire odoleko
senideen onerako.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 9, 1-5
Senideok: Egia dinot –Kristo dot lekuko–, ez
dinot guzurrik; neure kontzientziak be, Espiritu Santuak argituta, halan
autortzen deust: handia da nire nahigabea, etenbakoa nire bihotzeko mina.
Ni neu madarikatua, Kristogandik aldendua,
izatea be onartuko neuke, hori nire odoleko senideen onerako balitz. Israelen
ondorengoak dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu ebazan; eurek dabez
Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua eta agintzariak;
eurenak dira asabak eta, giza jatorriari dagokionez, eurakandik dator Kristo,
gauza guztien gainetik dagoan Jainkoa. Bedeinkatua izan bedi gizaldietan. Amen.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. 12a)
R/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna.
V/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
Sion,
goratu zeure Jainkoa,
zure
ateen sarrailak indartu ditualako
eta
seme-alabak zure barruan bedeinkatu. R/.
V/. Zure mugetan bakea ezarri dau,
garirik
onenaz ase zaitu.
Bialtzen
dau lurrera bere mezua,
eta
haren hitza bizkor eta arin doa. R/.
V/. Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
bere
erabagiak eta aginduak Israeli.
Beste
herriei ez deutse holakorik egin,
bere
erabagirik ez deutse jakinarazo. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Eginbide on hau
zuengan hasi dauanak
burutuko dau
Kristo etorriko dan egunera arte.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolaren hasiera
Flp 1, 1-11
Paulok eta Timoteok, Kristo Jesusen
zerbitzariok, Filipon bizi zarien kristau-fededun guztioi eta bertako
alkarte-zuzendari eta laguntzaileoi: grazia eta bakea zuei Jainko gure
Aitagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
Zuetaz gogoratzen nazan bakotxean, eskerrak
emoten deutsadaz Jainkoari. Pozik egiten deutsat beti otoitz zuen guztion alde,
lankide izan zaituet-eta ebanjelioa
zabaltzeko eginkizunean, lehenengo egunetik orain arte. Ziur nago eginbide on
hau zuengan hasi dauanak burutu be burutuko dauala Kristo Jesus etorriko dan
egunera arte.
Bidezkoa begitantzen jat zuen guztionganako
dodan sentipen hau, barru-barruan zaroedaz-eta; izan be, partaide zaituet
Jainkoagandik hartu dodan dohaian, bai preso nagoan honetan, bai Barri Ona
defendatzeko eta sendotzeko aukera dodanean.
Testigu dot Jainkoa, zein maite zaituedan
guztiok Kristo Jesusen maitasun bihotzekoaz. Eta hauxe da nire otoitza: zuen
maitasuna zabalduz joan dadila jakintzan eta sentiberatasunean gero eta
biziago, egokien dana bereizten jakin dagizuen. Holan, garbi eta erru barik
helduko zarie Kristo etorriko dan egunera, Kristo Jesusen bitartez dogun
zuzentasunaren emoitzez beterik, Jainkoaren aintza eta gorespenerako.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 111 [110], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 2a)
R/. Jaunak eginak handi dira.
Edo: Aleluia.
V/. Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak
Jaunari,
zintzoekin
batera batzarrean alkarturik.
Jaunak
eginak handi dira,
gogoko
dabezan guztientzat aztergai. R/.
V/. Ospetsu eta eder haren egintza,
betiko
dirau haren salbazino-asmoak.
Bere
mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra
da Jauna eta bihozbera. R/.
V/. Begirune deutsoenei janaria emon deutse,
gogoan
dau beti bere ituna.
Egintzetan
agertu deutso bere indarra herriari,
beste
nazinoen lurraldeak emonez berari. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino
Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Zuetako nork,
semea nahiz idia putzura jausten bajako,
ez dau
behingoan ataratzen, zapatua izan arren?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 14, 1-6
Aldi haretan, zapatu baten,
fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak
zelatan egokozan. Ur-mina eukan gizon bat egoan han Jesusen aurrean. Jesusek,
orduan, lege-maisu eta fariseuei itaundu eutsen: «Bidezkoa da zapatuz osatzea
ala ez?» Hareek isilik gelditu ziran.
Orduan, Jesusek, gaixoa eskutik hartu, osatu
eta bialdu egin eban. Gero, hareei esan eutsen: «Zuetariko nork, semea nahiz
idia potzura jausten bajako, ez dau behingoan ataratzen, zapatua izan arren?»
Ezin izan eutsoen erantzun.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Badirudi fariseuek behin baino gehiagotan, edo batek baino gehiagok, deitzen eutsoela Jesusi mahaia partekatzera. Ebanjelariak, ostera, argi laga nahi dau Jesusi zelatan egokozala. Haren aurkako salakuntzaren baten bila. Eta Jesusek zeharo zapuzten ebazan hareen ekitaldi eta asmoak.
Gaur emoten jakunean farisearren itxurakeria nabarmentzen da. Hareek Legea betetearen ala gizakiaren ona bilatzearen aurrean, lehenengoa aukeratzen eben: absolututzat euken Legea. Hori argi euken.
Baina Jesusek argiago eukan Legea betetearen gainetik egoala gizakiaren ona bilatzea.
Eta jarrera biok bateratu ezinak eta alkarren aurkakoak izaten jarraituko dabe: hareek ez dabe etsiko, eta Jesusek ere ez.
Ulertzen ez dana zera da, ezta? Semea nahiz idia atara daitekezala ur putzutik zapatua izan arren (interesatzen jaken gauzea da hau), baina pertsona bat ezin askatu daitekela bere gaiso loturatik (honenganako ze begiramen agertzen dabe?) Ondo ulertuta ete dago salbuespen hori?
Legearen betekizunak itsutzen bagaitu, ez dogu bestearen onik bilatuko, eta bai bildurrezko Jainkoa gurtuko eta iragarriko.
Jesusek konfiantzazko Jainko errukitsua iragarten dau.
Urtean Zeharreko XXX. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Israeldarrak
baztertzetik
Jainkoagaz
baketzea etorri bajako munduari,
zer ete datorke
Jainkoak hareek barriro onartzetik?
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 11, 1-2a. 11-12. 25-29
Senideok: Jainkoak baztertu egin ete dau
bere herria? Ezelan be ez! Ni be israeldarra naz, Abrahamen jatorrikoa,
Benjaminen leinukoa. Jainkoak ez dau baztertu beretzat aukeratu eban herria.
Beste itaun bat: Gehiago ez zutuntzeko jausi
ete da Israel? Ezelan be ez! Hareek jausi ziralako heldu dira jentilak
salbazinora, eta hori israeldarren inbidia bizteko jazo da. Beraz, hareen
jaustea munduarentzat aberasbide izan bada, eta hareen huts egitea jentilentzat
irabazpide, zenbatez aberasgarriago ez ete da izango Israel osoak salbazinoa
lortzea?
Senideok, ez zaituet ezjakinean euki nahi
Jainkoak honetan guztian dauan asmo ezkutuaz, zeuen jakiteaz harrotu ez
zaitezen: Israelgo zati baten itsukeriak jentil-herri guztiak salbazinora heldu
arte iraungo dau. Orduan, Israel osoa salbatuko da, Liburu Santuak dinoan lez:
«Siondik
etorriko da askatzailea,
eta
sinisgogorkeria kenduko dau Jakoben ondorengoengandik.
Hona
hareekin egingo dodan ituna,
pekatuak
parkatuko deutsedazanean».
Barri Onari dagokionez, israeldarrak Jainkoaren arerio dira, zuen onerako; baina, Jainkoak egindako aukerari dagokionez, maite-maiteak dira, euren asabak dirala-eta, behin betikoak diralako Jainkoaren dohaiak eta deia.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 94 [93], 12-13a. 14-15. 17-18 (R/. 14a)
R/. Jaunak ez dau bere herria zapuztuko.
V/. Zorionekoa, Jauna, Zuk hezten dozuna,
zeure
legean eskolatzen dozuna;
atseden
emongo deutsazu egun baltzen ondoren. R/.
V/. Jaunak ez dau bere herria baztertuko,
ez
bere ondarea bertan behera itziko.
Bihurtuko
deutsoe zintzoari eskubidea
eta
izango dabe bihotz zuzenekoek etorkizuna. R/.
V/. Jauna lagun ez baneu,
laster
nengoke Heriotza-isiltasunean.
Jausteko
zorian nagoala uste dodanean,
zure
maitasunak eusten deust, Jauna. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Niretzat,
bizitzearen arrazoia Kristo da,
eta hiltzea
irabazpide.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 1, 18b-26
Senideok: Itxurakeriaz nahiz egiaz, Kristo
iragartzen dabe danek, eta honek poztu egiten nau; eta gehiago poztuko naz
oraindino, ondo dakit-eta, zuen otoitzari esker eta Jesu Kristoren Espirituaren
laguntzaz, bizi dodan egoera hau salbagarri izango jatala: itxaropen sutsua dot
ez deustala usteak huts egingo, eta ziur nago beti lez orain be, ni bizirik
nahiz hilda egon, bere handitasuna agertuko dauala nigan Kristok. Izan be,
niretzat, bizitzearen arrazoia Kristo da eta hiltzea irabazpide. Baina bizitzen
jarraituz lan onuragarria egin ahal badagit, ez dakit nik zer aukeratu.
Alde bietatik nago estu: batetik, hil egin
nahi neuke, Kristogaz izateko; niretzat hau askoz hobea da-eta; baina,
bestetik, nik bizirik jarraitzea beharrezkoago da zuentzat.
Eta honetan ziur nagoala, badakit gelditu
egingo nazala eta zuekin guztiokin jarraituko dodala oraindino, zuen
sinismenaren aurrerapenerako eta pozerako. Holan, zuek barriro ikustera
joatean, Kristo Jesusenak izateaz dozuen harrotasuna gehitu egingo da niri
esker.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 42 [41], 2-3. 5 (R/. 3a)
R/. Jainko biziaren egarri naz.
V/. Basahuntza gogo biziz uretara lez,
halantxe
nire gogoa, nire Jainko, Zugana.
Jainkoaren
egarri naz, Jainko biziaren egarri:
noiz
helduko ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera? R/.
V/. Bihotza urtzen jat barruan, gogora ekarriz
zelan
joaten nintzan tenplura, Jainkoaren etxera,
poz-oihuz
eta goraka, jai-giroan, jentetzagaz batera. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 29ab
R/. Aleluia.
V/. Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
eta
ikasi Nigandik,
gozoa
eta bihotz-apala naz-eta. R/.
Ebanjelioa
Bere burua
goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak,
eta bere burua
beheratzen dauana goratu.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 14, 1. 7-11
Behin baten, zapatuz, fariseu-buruetako
baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan egokozan.
Konturatu zan Jesus zelan konbidatuek aurrerengo jarlekuak hartzen zituen eta
ohar honeek egin eutsezan:
«Ezteguetara konbidatzen zaitueenean, ez
jarri mahaiburuan, baleiteke-eta zu baino konbidatu ospetsuagoren bat izatea;
halan balitz, biok konbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: “Itzi lekua
honi”. Orduan, azkeneko lekuan jesarri beharko zeunke lotsatuta.
Alderantziz, konbidatzen zaituenean, jarri
azkeneko lekuan, konbidatu zaituanak, datorrenean, esan deizun: “Adiskide, igon
gorago!” Holan, oso leku onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean.
Izan be, bere burua goratzen dauana beheratu
egingo dau Jaunak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek ez dauz jokabide zuzeneko arauak emoten. Hauxe baieztatzen dau: besteen gainetik jarri nahiak galdu egiten gaitula.
Kontuz! Testuak ez dinosku, geureagaz urteteko, apalak izan behar dogula. Taktika lez. Urrun dago hori testuaren esanguratik.
Beste hauxe litzateke esangurea: besteen gainetik jarri nahi izateko taktikak, giza maila baten, kalte egin baleigu, hainbat gehiago espiritualitate mailan.
Espiritu mailan taktika hori burugabekeria, inozoa, litzateke, maila honetan dana dalako grazia, doakoa, ezelango meritu barik emoten jakuna, doan.
Espiritu maila beti gara gareana. Ezin gaitu inork ez ezerk goragotu ez beheragotu ere. Jarrerarik egokiena, ba, zintzotasuna da.
Benetako autoestimuak ez dau oinarri lez norberak euki daikena; norbera izatez dana baino. Eta hori norbere esku izatetik harago dago.
Zenbat buruko min eta depresino aurreztuko geukezan hau onartu ezkero.
Urrundu daiguzan, ba, gure jokabidetik guzurrezko apaltasunak (apalkeria), batez ere onurak eskuratzeko taktika lez. Jainkoagandikoak doakoak diralako, grazia hutsa…