2022/03/07

XXIX. Astea

Urtean Zeharreko XXIX. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Liburu Santuak gugaitik be badino;
gu be, harengan sinisten dogunok,
zintzotzat hartuko gaitu-eta Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 4, 20-25

    Senideok: Jainkoaren agintzariaren aurrean, Abraham ez zan sinisgogor izan, ezta zalantzan ibili be, indartu egin zan, ostera, sinismenean; holan, Jainkoak egia inoala autortu eban, ziur ekian-eta Jainkoak badauala ahalmena agindutakoa betetzeko. Horrexegaitik, hain zuzen, zintzotzat hartu eban Jainkoak.
    Baina Liburu Santuak ez dau hori haregaitik bakarrik esaten, geugaitik be badino; gu be, Jesus gure Jauna hildakoen artetik biztu ebanagan sinisten dogunok, sinismenari esker zintzotzat hartuko gaitu-eta Jainkoak: gure pekatuakaitik emon ebelako Jesus heriotzara eta gure salbazinorako izan zalako biztua.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Lk 1, 69-70. 71-72. 73-75 (R/. 68)

R/.   Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
        agertu eta bere herria askatu dauana!

V/.   Salbazino-indarra deusku emon
bere morroi Daviden etxean.
Halan aginduta eukan antxinatik
bere profeta santuen ahoz. R/.

V/.   Salbatuko ginduzala geure arerioen menpetik,
gorroto gaituan guztien eskutik.
Holan agertu dau gure gurasoenganako errukia
eta gogoratu da bere itun santuaz. R/.

V/.   Gure guraso Abrahami egindako zinaz:
berak emongo euskula,
arerioen eskutik askaturik,
bildur barik bera zerbitzea,
santu eta zuzen izanez haren aurrean
geure bizitza guztian. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Jesusegaz batera berbiztu ginduzan
eta zeruetan jesarriarazo.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 2, 1-10

    Senideok: Zuek hilda zengozen zeuen hutsegite eta pekatuakaitik, hori zan-eta zuen jokabidea sasoi baten, mundu honen joerei jarraituz; munduan agintzen daben indarren buruzagiaren menpeko zinien, jente errebeldeagan diharduan espirituaren menpeko. Gu guztiok be halan bizi izan ginan lehen, geure giza grina txarrei jarraituz, geure grina eta burutapen gaiztoek agindutakoa eginez; izatez, guk be zigorra merezi genduan, beste guztiek lez.
    Baina errukian aberatsa dan Jainkoak halako maitasun neurribakoaz maite izan gaitu-eta, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun Kristogaz batera –onginahi hutsez zagoze salbatuak–, eta Kristo Jesusegaz batera berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriarazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu nahi izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan bere onginahia.
    Izan be, onginahi hutsez salbatuta zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik, Jainkoak emonda baino; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez dadin.
    Izan be, Jainkoak eginak gara; harek sortu gaitu Kristo Jesusengan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagi eban lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. 3b)

R/.   Jaunak egin gaitu, harenak gara.

V/.   Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozaren pozez,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

V/.   Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde. R/.

V/.   Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreak abestuz.
Emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

V/.   «Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa      

Norentzat izango dok pilatu doana?

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 13-21

    Aldi haretan, jente arteko batek esan eutson Jesusi:  «Maisu, esaiozu nire anaiari ondasunak neugaz erdibana egiteko».
Jesusek erantzun eutson: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edota ondasun-banatzaile?» Eta jenteari esan eutson: «Kontuz! Gorde zeuen burua diru-gosetik ze, ondasunek ez deutsoe inori bizia segurtatzen, ugariak izanda be».
    Gero, parabola hau kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutson. Eta holantxe pentsatzen hasi zan berekautan: “Zer egin, ze ez daukat uzta non jasorik”. Eta beretzat esan eban: “Badakit zer egin: garautegi zaharrak bota eta handiagoak egingo dodaz eta hareetan jasoko dodaz garia eta gainerakoak. Gero, esango deutsat neure buruari: “Ea, mutil! Badaukak hor gordeta urteetarako nahiko ondasunik; hartu atseden, jan, edan eta ondo bizi!”
    Baina Jainkoak esan eutson: “Burubako halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dok. Norentzat izango dok pilotu doana?”»
    Eta holantxe amaitu eban Jesusek: «Horra zer gertatzen jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilotzen dituanari».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Handia zan lehenengo kristau senitarteetan diruaren arazoa. Ez eutsoen hareek behin-betiko erantzunik emon arazo horri, ahalegintzen baziran ere euren arteko inork ez eiala beharrizanik izan.

Gaur egun ere handia da ondasunen arazoa. Ez dira gitxi bizi izateko beharrezkoa dala dirua uste dabenak, eta geroa ziurtatzeko metatzen ahalegintzen diranak.

Eta orduko aldietan baino gure bizitza biologikoa luzeagoa da, ba; ordukoek baino asko gehiago behar dogu, beharrizan gehiago ere sortu doguzalako, eta erosotasun maila handiagoak ezagutzen doguzalako…

Ez ete gara itsu geratu beharrizan horri erantzun guran? Ez ete gara diruaren, erosotasunaren eta sortuazo doguzan beharrizanei erantzun gura izatearen morrontzan jausi? Bizitza biologikoa baino ez da gure ardurea?

Jesusen inbitazinoa gure ardurak senideak izan daitezala da. Hareen zerbitzuan emoten dan bizitza da benetan betea dana; ez, ostera,  ondasunez inguraturik dagoana.

 

 

      

Urtean Zeharreko XXIX. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan,
zenbatez gehiago ez ete dira salbatuak nagusi izango betiko bizian!

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 5, 12. 15b. 17-19. 20b-21

    Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua munduan, eta pekatuagaitik heriotza; holan, heriotza gizaki guztiengana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. Izan be, gizon bakar baten pekatuaz danak hil badira be, askoz ugariago zabaldu da danentzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, hain zuzen be.
    Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotza nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira betiko bizian nagusi izango bakar batengaitik, Jesu Kristogaitik, salbazinoaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
    Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gatxespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekarri deutse. Eta baten obedientzia ezagaitik guztiak pekatari izan ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen izango dira.
    Pekatua ugaritu zanean, are ugariago izan zan Jainkoaren onginahia; izan be, pekatua, heriotza ekarriz, nagusi izan zan lez, Jainkoaren onginahia be, gizakia zuzentzat hartuz, nagusi izango da betiko bizia emonez, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10 eta 17 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu beitez Zugaz
zure bila dabiltzanak.
«Handia da Jauna» esan begie beti
zure salbazinoa maite dabenek. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Kristo da gure bakea.
Bat egin ditu berak herri biak.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 2, 12-22

    Senideok: Lehenago ez zenduen Mesias zeuekin, eta ez zenduen parterik Israel herriaren eskubideetan; ez zenduen zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunetan, eta itxaropenik barik eta Jainkorik barik bizi zinien munduan. Orain, barriz, Kristo Jesusengan zagoze. Sasoi baten urrun zinienok, hurreratu egin zarie Kristoren heriotzari esker.
    Izan be, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak herri biak, bereizten ebazan hesia, areriokeria, deseginez. Bere gorputzean baliobakotu dau legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin beragan gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar baten alkartu, hareen arteko areriokeria beragan ezereztuz.
    Bere etorreraz bakearen Barri Ona ekarri eban: bakea zuei, urrun zinienoi, eta bakea hurrean ziranei; izan be, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana, Espiritu berarengan alkarturik.
    Ez zarie, beraz, arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baino eta Jainkoaren familiako, apostoluen eta profeten oinarri gainean eraikiak, Kristo Jesus bera giltzarri dala. Honengan ondo finkaturik, eraikin osoa gora doa, tenplu santu bihurtzeraino Jaunagan. Honengan  parte zarie zuek be besteekin batera, Espirituagan Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 9b)

R/.   Jaunak bakea agintzen deutso bere herriari.

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ongizateak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 21, 36

R/.   Aleluia.

V/.   Egon erne eta egin otoitz une oro,
        zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean. R/.

 

Ebanjelioa      

Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean,
zain aurkitzen baditu!

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 35-38

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze prest, jantziak lotuta eta kriseiluak biztuta; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak bezalakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegitzeko prest dagozan morroien modukoak.
    Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, itxaroten aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: erropak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer ikasi eben Jesusen lehen jarraitzaileek eratu ebezan senitarteetan? Zer erein eban Jesusek bere jarraitzaileengan? Gauza askoren artean, hementxe aurkitzen dogu senitarte hareetako jarrera bat: une oro harrerarako prest egotea; senitartearen jarrerea zerbitzua izan eitela.

Eta gauza handitzat dauken horren barri emoten deusku. Eta horixe dala, dinoskue, esna (itxarrik) egoteko erea. Bestela lo dago, eginbeharretik kanpo dago.

Jarrera hori, urteen poderioz, lausotzen joan da, eta guztiz desitxuratuta geratu da. Erratzeko ardura barik esan geike, kristau senitarteen gaurko ardurea ez dala senidea, norbere salbazinoa baino, edo beharrizanetarako Jainkoaren laguntza eskuratzea.

Jesusen jarraitzaile izatea eta haren irakatsiak gauzatzea ahazten diranean, eta erdian norbere ardurak jarten diranean —eta ardura bakar lez—, Jesusentzat garrantzizko gauza bakarra zana alde batera jaurtitzen dogu.

Gure eginbeharra ez da Jainkoa zerbitzatzea, behartsuari harrera egitea eta haxe zerbitzatzea baino. Horretan aurkitzen bagaitu, berak jarriazoko gaitu bere mahaian eta zerbitzatuko gaitu.

 

 

Urtean Zeharreko XXIX. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Heriotzatik bizira bihurtutako gizaki lez,
jarri zeuen gorputz-atalak Jainkoaren zerbitzura.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 6, 12-18

    Senideok: Pekatua ez bedi gehiago nagusi izan zuen gorputz hilkorrean. Ez jarri beraren grina gaiztoen menpean, ezta eskeini be pekatuari zeuen gorputz-atalak, gaiztakeria egiteko tresna bihurtuz. Bestetara, eskeini zeuen burua Jainkoari, heriotzatik bizira bihurtutako gizaki zarienez, eta jarri zeuen gorputz-atalak Jainkoaren zerbitzura, ona egiteko tresna bihurtuz. Holan, pekatuak ez dau zuen gain aginterik izango, ez zagoze-eta legepean, Jainkoaren onginahiaren menpean baino.
    Beraz, zer? Pekatu egingo ete dogu, legepean ez, Jainkoaren onginahiaren menpean gagozalako baino? Ez horixe! Badakizue, norbaiten menpean jartzen bazarie esklabo lez hari obeditzeko, obeditzen deutsazuen haren esklabo egiten zariela: pekatuari obeditzeko bada, heriotzara zoaze; Jainkoari obeditzeko bada, barriz, salbazinora.
    Baina, Jainkoari eskerrak, pekatuaren esklabo zinienok irakatsi jatzuen ikasbidea bihotzez onartu dozue eta, pekatutik askatuta, onaren zerbitzura jarri zarie.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 124 [123], 1-3. 4-6. 7-8 (R/. 8a)

R/.   Gure laguntza Jaunaren izena.

V/.   Jauna gure alde egon ez balitz
–esan begi Israelek–,
Jauna gure alde egon ez balitz,
arerioek, gure aurka jasotzean,
bizirik iruntsiko ginduezan,
hasarre-sutan egozan-eta gure kontra. R/.

V/.   Urek iruntsiko ginduezan,
uholdeak hondoratuko;
ur indartsuek ginduezan hondoratuko.
Bedeinkatua Jauna, ez gaitu-eta egin
hareen hortzen harrapakin. R/.

V/.   Txoria ehiztarien saretik lez gara libratu;
hausi da sarea, eta gu libre geratu.
Gure laguntza Jaunaren izena,
zeru-lurren egilearena. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Kristoren misterioa orain agertu dau Jainkoak:
jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide dirala, hain zuzen be.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 3, 2-12

    Senideok: Jakingo dozue, ziur, Jainkoak bere onginahian zuen onerako emon deustan eginkizuna, goi-agerpenez jakinarazo deust-eta bere asmo ezkutua, goratxuago labur idatzi deutsuedanez. Hori irakurriz, bada, ikusi zeinkie zelan ulertzen dodan Kristoren misterioa. Salbazino-asmo hau ez jaken lehengo gizaldiei jakinarazo; orain, ostera, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu deutse Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Barri Onari esker, jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide dirala, haregaz gorputz bat bera osotzen dabela eta agintzari beraren partaide dirala.
    Barri On horren zerbitzari egin nau Jainkoak onginahi hutsez, bere ahalmen indartsuaz emon deustan dohaiz. Niri, fededun guztien artean txikiena nazan honi, dohai hau emon deust Jainkoak: Kristoren neurribako aberastasuna jentilei iragartzea, eta guztiei argi adierazotea zelan diharduan betetzen, Jainkoagan, gauza guztien egileagan, betidanik gordeta egoan asmo ezkutuak. Holan, agirian jartzen jake orain, Eleizearen bitartez, zeruetako aginteei eta ahalmenei Jainkoaren era askotako jakituria, berak betidanik eban eta Kristo Jesus gure Jaunagan burutu dauan asmoaren jakituria. Kristori esker eta beronengan dogun sinismenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoagana hurreratzera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. 3)

R/.   Atarako dozue ura pozik
        salbamenaren iturrietatik.

V/.   Bai, Jainkoa dot salbatzaile!
Badot uste on eta ez naz bildur,
Jauna dot-eta indar eta kemen,
ha neure salbazino. R/.

V/.   Atarako dozue ura pozik
salbazinoaren iturrietatik.
«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,
iragarri haren egintzak herriei,
aldarrikatu zein bikaina dan haren izena. R/.

V/.   Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,
jakin begie honen barri mundu osoan.
Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze erne,
       
gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa      

Asko emon jakonari, asko eskatuko jako.

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 39-48

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zeuok be ze, gitxien uste dozuen orduan etorriko da Gizonaren Semea».
    Pedrok itaundu eutson: «Jauna, guretzat ala danentzat esan dozu parabola hau?»
    Jaunak erantzun: «Izan zaiteze etxejagole zintzo eta zentzunduna lakoak, nagusiak, bere orduan behar dan janaria banatzeko, morroien buru ipini dauana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. Baina morroia, nagusia atzeratu egingo dalakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, gogor zigortuko dau eta emongo deutso zintzo ez diranek merezidu dabena.
    Nagusiaren nahia zein dan jakin arren, gauzak harek gura dauan lez eratzen edo egiten ez dituan morroiak zigor gogorra izango dau; nagusiaren borondatea zein dan jakin barik, zigorra merezidu dauan zeozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; eta askoren ardura emon jakonari, oraindik kontu handiagoa eskatuko».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jakin arren guk etorria dala Jauna, beti dagoala etorten geure artean dalako, gutariko gehienek —danok ez esatearren— hemen agertzen dan etorte hori azken etorrerea dalakoan gagoz. Horixe adierazten dau halako esaera harek: Autortuta aurkitu naiala Jainkoak.

Hau ahaztuz, Jauna geure artean dala eta une oro dagoala etorten, nasai aldiak hartu daitekez, behar ez dan tokietan sartuz, edo behar ez diran egintzetan jardunez.

Badirudi halangoak egozala aldi haretako kristau senitarteetan: egon behar zanara ez egonik, beste jardute batzutan ziharduanak.

Gogoan hartzera garoaz Jaunak, eta ez ezelango bildurrik sartzera, halantxe erabili bada ere sarritan esaera hori: Jainkoagandik danok hartu dogu bardin, baina, egoera ezbardinetan gagozanez, bakotxari bere arduraren mailan eskatzen jako.

Gure eginbeharra, ba, geure eskuzabaltasunaren neurrian emotea da. Hortxe ikusten dogu ze eragin dauan gugan Jainkoaren graziak.

 

 

Urtean Zeharreko XXIX. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Pekatuaren menpetik askatuta,
Jainkoaren esklabo eginak izan zarie.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 6, 19-23

    Senideok: Giza erara berba egiten deutsuet, ulertzeko dozuen makaltasuna kontuan hartuz. Zeuen burua lizunkeriaren eta gaiztakeriaren zerbitzura jarri zenduen lehen, guztiz gaiztotzeraino; era berean orain, jarri zaiteze onaren zerbitzura, guztiz Jainkoarenak izan zaitezen.
    Pekatuaren esklabo zinienean, ez zenduen onagaz loturarik. Eta zer frutu izan zenduen orduan? Orain lotsa be emoten deutsue ordukoak, heriotza dau-eta ondorio.
    Orain, ostera, pekatuaren menpetik askaturik eta Jainkoaren esklabo eginik, guztiz Jainkoarenak izatea dozue frutu eta honek betiko bizia dau ondorio. Pekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak emoten deuskun dohaia, barriz, betiko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez emona.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Sal 40 [39], ik. 5a)

R/.   Zorionekoa
        Jaunagan itxarobidea jartzen dauana!

V/.   Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesartzen be,
Jaunaren legean atsegin dauana baino,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

V/.   Ur-ertzean landatutako zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

V/.   Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzekoak dira.
Horregaitik, gaiztoak ez dira zutunik egongo auzian,
ezta pekatariak be zintzoen batzarrean.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri;
holan, Jainkoaren betetasunaz beteko zarie.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 3, 14-21

    Senideok: Belauniko jartzen naz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia guztien sorburu danaren aurrean, eta hau eskatzen deutsat: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendotu zagiezala bere Espirituaren indarrez, barrutik bizi zaitezen; bizi dadila Kristo zuen bihotzean sinismenaren bidez eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Holan ulertu ahal izango dozue, fededun guztiekin batera, zein zabal eta luze, zein garai eta sakon dan Kristoren maitasuna; ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan maitasun hori, eta, holan, Jainkoaren betetasunaz beteko zarie.
    Jainkoari, gugan darabilen bere indarraz gauza guztiak guk eskatu geinken nahiz pentsatu geinken baino askoz hobeto egin leikiezanari, aintza Eleizan eta Kristo Jesusengan, gizaldiz gizaldi eta gizaldien gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 1-2. 4-5. 11-12. 18-19 (R/. ik. 5b)

R/.   Jaunaren graziaz dago lurra betea.

V/.   Egin poz-oihu, zintzook, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan be, ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo harentzat hamar hariko harpa. R/.

V/.   Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.

V/.   Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Flp 3, 8-9

R/.   Aleluia.

V/.   Dana galdu neban
        eta dana zaborraren pareko jotzen dot,
        Kristo irabaztearren eta haregaz bat eginda bizitzearren.  R/.

 

Ebanjelioa      

Ez naz etorri bakea ekartzera,
banaketa baino.

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 49-53

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Lurrera sua ekartzera etorri naz, eta gurago neuke daborduko sutan balego! Heriotza-uretan urperatu behar dot, eta hau larria hori bete arte!
    Munduari bakea ekartzera etorri nazala uste dozue ala? Bakea ez, banaketa baino. Ze, hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo dira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba erranaren aurka eta errana amaginarrebaren aurka».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ez deusku, ba, sarri esaten Jesusek, bakea emoten deuskula, bere bakea, ez munduak emoten dauana lakoa? Zelan ulertu, edo horregaz bateratu, orain aurkitzen dogun Jesusen esaldi hori: Bakea ekartera ez, banaketa baino? Eta etxe bateko bost senideak banaturik egongo dira

Ez da errexa ulertzea..., geure ikusmoldeak baditugu oinarri, behintzat. Hortik urten eta Jesusen hizkerara hurreratu behar izango dogu.

Jesusek aitatzen dauan sua Espirituaren garra da. Honek txarkeria guztia erre eta kixkali behar dau. Eta su horretan ikusi nahi izango leuke Jesusek mundu osoa.

Baina zenbat dagozan euren norkeriari, edo euren onurei begira, eta eurok jarten beste edozeren gainetik.

Espirituaren eraginean diharduenen aurka legokez burrukan honeik. Eta holangoak etxean bertan ere euki geikez.

Jesusen aukerea egiten dabenek besteen erasoak jasan behar izango dabez. Baina ez dabe bildurrik izan behar, Espirituaren garretan ibiliko dira-eta. Txarkeriaren indarrei men egiteak ez gaitu benetako bakera eroango, azalekora baino. Benetakoa Jesus aukeratzeak emongo deusku, erasoak sufritu behar izan arren.

 

 

Urtean Zeharreko XXIX. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Nork askatuko nau,
heriotzara naroan neure izaera honetatik?

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 7, 18-25a

    Senideok: Ondo ikusten dot ez dagoala nigan –nire giza grinetan, hain zuzen be– ezer onik; izan be, neure esku dago on egin nahi izatea; ez, ostera, egitea. Nahi dodan ona ez dot egiten, eta nahi ez dodan txarra egiten dot. Nahi ez dodana egiten badot, ostera, ez dot nik egiten, nigan dabilen pekatuak baino.
    Beraz, lege hau sentitzen dot neugan: ona egin nahi dodala, txarrak urteten deustala. Neure barruan atsegin dot Jainkoaren legea; baina neure gorputz-ataletan beste lege bat ikusten dot, nire adimenaren legeari burruka egiten deutsona; eta nire gorputz-ataletan dabilen pekatuaren legeak preso hartuta nauka.
    Ene zoritxarra! Nork askatuko nau heriotzara naroan neure izaera honetatik? Jainkoak, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Eskerrak berari!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 66 eta 68. 76-77. 93-94 (R/. 68b)

R/.   Irakatsi niri, Jauna, zeure arauak.

V/.   Irakatsi niri ondo bereizten eta ezagutzen,
fidatzen naz-eta zure aginduez.
Ona zara eta ongilea,
irakatsi niri zeure arauak. R/.

V/.   Arren, kontsolatu nagiala zure maitasunak,
zeure zerbitzari honi agindu deutsazunez.
Betorkit zure errukia, bizibarritu nadin,
zure nahian dot-eta gozamena. R/.

V/.   Ez naz sekula ahaztuko zure legeez,
horreen bidez nozu-eta biziarazoten.
Zeurea nozu, salbatu nagizu,
zure legeen bila naz-eta ahalegintzen. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Jauna,
bat bakarra sinismena, bat bakarra Bateoa.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 1-6

    Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezala hartu dozuen bokazinoari dagokionez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.
    Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari dagokion itxaropena be bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinismena, bat bakarra Bateoa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiengan bizi dana.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

R/.   Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errubako eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa      

Badakizue zeru-lurren itxurari igartzen,
eta zelan ez deutsazue igartzen sasoi honi?

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 54-59

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “euria dator” esaten dozue, eta halantxe gertatzen da. Hegoak jotzen dauanean, barriz, “sargori dago” esaten dozue, eta halantxe gertatzen da. Itxurazaleok! Badakizue zerulurren itxurari igartzen, eta zelan ez deutsazue igartzen sasoi honi? Zergaitik ez dozue zeuok zeuotara ebazten zuzena zer dan?
    Zeure arerioagaz epaitegira zoazala, ahalegindu zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; osterantzean, epaileagana eroango zaitu eta epaileak ertzainaren esku jarriko, eta ertzainak kartzelara botako. Hara zer dinotsudan: ez dozu handik urtengo, azken zentimoa ordaindu arte».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen oraingo berbak ez dira apostoluei zuzenduak, edo ikasleei, ez eta farisearrei eta lege-maisuei edo abade buru eta zaharrei ere, jenteari baino: danentzat dira.

Eta, adi egiten deuskun iraunari: zelan ez deutsazue igarten sasoi honi? Zergaitik ez dozue zeuok zeuotara ebazten zuzena zer dan? Zeruko eta lurreko ezaugarriei igarten deutsegu, eta sasoi honi ez? Itxurazaleak ete gara?

Egia esan, beste edozertan dogu behar litzateken trebezia, arazoei geure jakintzaz eta kabuz eta geure ardurapean erantzuteko. Baina ez ete gara nagiegiak ona edo zuzena zer dan, edo zer dogun, ebazteko?

Gehienetan erosotasunean bizi gara, betekizunak ondo beteten doguzala uste izanik. Jesusen ustez, ez da nahikoa.

Norberak hartu behar dau ekimena, ez Legearen edo Arauen edo Ohituren gainetik jarteko. Baina bai guzti horretan norberari dagokiona aurkitzeko eta horreetan arduraz eta eskuzabaltasunik handienaz jokatzeko.

Nire erantzuna ez dabe besteek markatu edo behartu behar. Neurea da erantzukizuna, eta sasoi honi igarten jakin daidala eskatzen jat.

 

 

Urtean Zeharreko XXIX. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua
zuengan bizi da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 1-11

    Senideok: Ez da kondenazinorik Jesu Kristogaz bat diranentzat. Izan be, Jesu Kristori esker, bizia emoten dauan Espirituaren legeak askatu egin zaitu pekatuaren eta heriotzaren legetik. Legeak giza ahuleriagaitik ezin ebana Jainkoak egin dau, hau da, gurea lako pekatuzko izaeran bialdu dau bere Semea, eta honek, bere burua parkamen-oparitzat eskeiniz, kondenatu egin dau pekatua bere giza izaera hilkorrean. Honan, bete geinke legeak eskatzen dauana, ez gara-eta giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baino.
    Giza grinen arabera bizi diranek gogoa be halakoa dabe; Espirituaren arabera bizi diranek, barriz, gogoa be Espirituarena. Giza grinei jarraitzeak heriotzara daroa; Espirituari jarraitzeak, barriz, bizira eta bakera. Izan be, giza grinei jarraitzen deutsienak Jainkoaren aurkako dira; ez dabe nahi eta ez dira gauza be Jainkoaren legeari obeditzeko. Horregaitik, grina txarren menpean bizi diranak ezin izan gogoko Jainkoari. Zuek, ostera, ez zarie grina txarren menpean bizi, Espirituaren menpean baino, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi da-eta.
    Norbaitek Kristoren Espiritua ez badau, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, barriz, gorputza pekatuagaitik hilda egon arren, zuen espirituak badau bizia Jainkoaren salbazino-indarrari esker. Jesus hilen artetik biztu eban Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen artetik biztu ebanak berak biziarazoko dau zuen gorputz hilkorra be, zuengan bizi dan Espirituaren bitartez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)

R/.   Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.

V/.   Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.

V/.   Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.

V/.   Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Kristo da burua eta berak emoten deutsoz gorputz osoari
barru-lotura eta batasuna.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 7-16

    Senideok: Gutariko bakotxak Kristok emon nahi izan deutson neurrian hartu dau dohaia. Horregaitik dino Liburu Santuak:

«Gorenera igon ebanean,
katiguak beragaz eroan ebazan
eta gizakiei dohaiak emon eutsezan».

    Igon ebala esatean, zer esan nahi dau, aurrez beheko lur honetara jatsi zala baino? Jatsi zan ha, zeru gorenera dana betetzera igon ebana bera da.
    Berak egin ebazan batzuk apostolu, beste batzuk profeta, beste batzuk Barri Onaren iragarle, beste batzuk artzain eta irakasle; holan gai egiten ditu fededunak euren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza eraikitzeko, harik eta danok Jainkoaren Semearen sinismen eta ezagutza berbera izatera heldu arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko pertsona, izatera heldu arte.
    Ez gaitezan ume izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta batera eta bestera eroanak, uste okerretan jausiarazoteko trebe dan jente maltzurrak engainatuak. Bestela baino, maitasunean benetakoak izanez, gauza guztietan hazi gaitezan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua eta berak emoten deutsoz gorputz osoari barru-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakotxak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten daben alkarlanaren bitartez; holan, gorputza haziz eta maitasunean eraikiz doa.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 122 [121], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 1b)

R/.   Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.   Ha, bai, poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.   Jerusalem, uri lez ondo eraikia,
beragan sendo batua! R/.

V/.   Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.
Han dagoz ezarrita auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ez 33, 11

R/.   Aleluia.

V/.   Nik ez dot atsegin gaiztoaren heriotza, dino Jaunak,
        jokabidez aldatu eta bizi dadila baino. R/.

 

Ebanjelioa      

Bihotz-barritzen ez bazarie,
guztiok era berean galduko zarie.

Jesu Kristoren ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 13, 1-9

    Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuri gertatuaren barri emotera: zelan Pilatok hil zituan, eskeintzen ziharduen oparien odolarekin hareena nahastuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste ete dozue galilear hareek gainerako galilearrak baino pekatariagoak zirala, holako heriotza izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, danok galduko zarie era berean.
    Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste dozue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihotz-barritzen ez bazarie, era berean galduko zarie guztiok.
    Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek ikondoa eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan iko bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutson mahastizainari: “Bada hiru urte ikondo honetara iko bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?”     Mahastijagoleak, ostera, erantzun eutson: “Jauna, itziozu aurtengoz; bitartean, ingurua atxurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta osterantzean, ebagi”».

Jaunak esana.

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...