Urtean Zeharreko XXXI. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak
errebelde izaten itzi eutsen
gizon-emakume
guztiei,
danei erruki
izateko.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 11, 29-36
Senideok:
Behin betikoak dira Jainkoaren dohaiak eta deia. Zuek, sasoi baten Jainkoagaz
errebelde zinienok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu
dozue. Era berean hareek be: orain errebelde bihurtu dira, zuei egin jatzuen
errukiari esker errukia lortu dagien. Jainkoak errebelde izaten itzi eutsen-eta
gizon-emakume guztiei, danei erruki izateko.
Bai
handia eta sakona Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakituria eta ezaguera! Bai
ulergatxak haren erabagiak eta bai ulertezinezkoak haren bideak! Nork ezagutu
dau Jaunaren pentsamentua? Nor izan da haren aholkulari? Nork emon deutso hari
lehenengo, gero harek bihurtu behar izateko? Harengandik dira gauza guztiak,
haren bidez eta harentzat. Aintza berari betieran! Amen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 69 [68], 30-31. 33-34. 36-37 (R/. 14bc)
R/. Mesede-sasoia dozu, Jauna; erantzun.
V/. Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko,
zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot
goratuko,
esker onez handietsiko. R/.
V/. Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila
zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak
behartsuei,
ez ditu gitxiesten berari lotuak. R/.
V/. Salbatuko dau, bai, Jainkoak Sion,
eraikiko ditu barriro be Judako
uriak;
bertan biziko dira eta haren jaube
izango.
Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak
izango dira oinordeko,
haren izena maite dabenak han
biziko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Bete nagizue pozez, danok sentiera bereko izanez.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 2, 1-4
Senideok: Egia bada Kristok adore emoten deutsuela eta maitasunak kementsu egiten zaituela, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zariela eta bihozbera eta errukitsu zariela, bete nagizue pozez, danok eretxi eta sentiera bereko izanez, alkar maitatuz eta ondo hartuz. Ez egin ezer norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baino, besteak norbera baino hobeak dirala pentsatuz; ez norberaren onari bakarrik begiratuz, besteena be bilatuz baino.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 131 [130], 1. 2. 3
R/. Zaindu egizu nire bizia bakean zeuregan, Jauna.
V/. Jauna, nire bihotza ez da handinahi,
ez nire begiak be gorazale;
ez nabil gauza handien atzetik,
gainditzen naben harrigarrien
atzetik. R/.
V/. Ostera, isil eta bare dot barruan gogoa,
umetxua amaren altzoan lez,
umetxua lez dot barruan gogoa. R/.
V/. Itxaron, Israel, Jaunagan,
oraindik betira arte! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 8, 31b-32
R/. Aleluia.
V/. Nire hitzean irauten badozue,
benetan
nire ikasle izango zarie
eta
ezagutuko dozue egia, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Ez konbidatu
adiskideak,
behartsuak eta
elbarriak baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 14, 12-14
Aldi haretan, Jesusek esan eutson gonbidatu eban fariseu-buruetakoari: «Bazkari edo afariren bat emotean, ez konbidatu zeure lagunak, ezta senideak, ahaideak edota auzoko aberatsak be; ze, hareek be konbidatu egingo zindukiez, eta holan ordea hartuko zeunke. Jatordua emotean, konbidatu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ezingo deutsuelako ordaindu! Zintzoak biztuko diranean jasoko dozu ordea».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek bere irakatsiekin jarraitzen dau.
Baina zenbateraino ulertzen ete eutsoen edo ete deutsagu?
Besteekaitik egiten dogunak saria merezi dauala uste dogu? Eta sari hori aldi honetan barik zeruetan ordaindua balitz, hobeto litzatekela? Hori ete zan Jesusek esan gura ebana? Ez ete da hori, gero, hain norberekoia edo egoista.
Jesusen jarduna ez da esker ona bilatzen dauan jarduna; ez eta Jainko Aitak berak saritu daian egindakoa ere; barrutik urteten deutsona baino, hatxari urak lez, edo Jainkoari onak lez.
Ez dogu, ba, ondo ulertzen Jesusen irakatsi hau, gure egintzek, eskertuko deuskuezalako egin behar doguzala uste badogu.
Jesusek bizi dauan eta iragarten dauan maitasunak eta honen egintzek, hurkoagaitik bizia emoteak-eta, ez dabe esker ona helburutzat, Jainkoaren jarduna azaleratzea baino.
Jainkoaren seme-alabok, Aitaren jarduna nabamentzen dogu gure jardunean, haren Espirituak gidatuak dihardugunean.
Ez da hain erreza hau ulertzea interesen mailan bagabilz. Jesus dohakotasun mailan dabil.
Urtean Zeharreko XXXI. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Bata bestearen atal gara guztiok
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 12, 5-16b
Senideok:
Guk, asko izan arren, Kristogaz alkarturik gorputz bat egiten dogu eta bata bestearen
atal gara guztiok. Dohai desbardinak doguz, Jainkoak emon nahi izan deuskunaren
arabera. Jainkoaren izenean berba egiten dauanak egin begi sinismenari
dagokionez; Jainkoak zerbitzari egin dauana ahalegindu bedi zerbitzuan;
irakaslea irakasten; adore-emoilea adore emoten; bere ondasunak banatzen
dituanak banatu begiz apaltasunez; buru egiten dauanak egin begi arduraz;
erruki-egintzak egiten dituanak, alaitasunez.
Zuen
maitasuna izan bedi itxurakeriarik bakoa. Gorrotatu txarra eta eutsi onari.
Maitatu egizue alkar senide onak lez, ohoratu alkar zeinek gehiago. Izan
saiatuak eta ez nagi; izan gogoz gartsu, Jauna zerbitzeko beti prest; izan
itxaropenean alai, ezbeharrean eroan handiko, otoitzean lehiatsu; lagundu
fededunei euren beharrizanetan eta emon gogoz ostatu arrotzei.
Bedeinkatu
egizuez erasotzen deutsueenak; bedeinkatu, ez madarikatu. Poztu, pozez
dagozanekin; egin negar, negarrez dagozanekin. Bizi zaiteze alkar ondo hartuz;
ez izan handinahi, apalen mailako baino.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 131 [130], 1. 2. 3
R/. Zaindu egizu nire bizia bakean zeuregan, Jauna.
V/. Jauna, nire bihotza ez da handinahi,
ez nire begiak be gorazale;
ez nabil gauza handien atzetik,
gainditzen naben harrigarrien
atzetik. R/.
V/. Ostera, isil eta bare dot barruan gogoa,
umetxua amaren altzoan lez,
umetxua lez dot barruan gogoa. R/.
V/. Itxaron, Israel, Jaunagan,
oraindik betira arte! R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Apaldu egin
eban bere burua;
horregaitik,
danen gainetik goratu eban Jainkoak.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 2, 5-11
Senideok:
Izan egizuez zeuengan Kristo Jesusi dagokiozan asmoak:
Harek, Jainkoaren izaera bereko
izanik,
ez eutson gogor eutsi Jainkozko bere
mailari;
bestetara baino, egokion aintza itzi
eta esklabo-izaera hartu eban,
gizakien antzeko eginez.
Eta gizaki lez agertuz, apaldu egin
eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzean hiltzeraino.
Horregaitik, danen gainetik goratu
eban Jainkoak
eta izen guztietan bikainena emon
eutson,
Jesusen izenaren omenez danen
belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien
Jesu Kristo dala Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 22 [21], 26b-27. 28. 29-30b. 30e-32 (R/. ik. 26a)
R/. Zugana nire gorespena, Jauna, batzar nagusian.
V/. Beteko ditut neure promesak begirune
deutsoenen aurrean,
asetzeraino jango dabe behartsuek,
goratuko dabe Jauna beraren bila
dabiltzanek.
Bizi bedi zuen bihotza betiko! R/.
V/. Gogoratuko dira eta Jaunagana bihurtuko
lurreko herri guztiak,
haren aurrean ahuspeztuko dira
herrietako familia guztiak. R/.
V/. Jaunarena da-eta erregetza,
bera da herrien nagusia.
Haren aurrean ahuspeztuko dira,
lurpean lo dagozan guztiak. R/.
V/. Nire ondorengoek Jauna zerbiduko dabe,
haretaz hitz egingo deutsie datozan
gizaldiei,
haren salbazino-egintza iragarriko
deutsoe
sortzeko dagoan herriari:
«Holan jokatu dau Jaunak». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigana nekatu eta zamatu guztiok,
eta
Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Hoa bidez bide
eta bazterrik bazter
eta sartuazo
jentea barrura, etxea bete dakidan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 14, 15-24
Aldi
haretan, Jesusegaz mahaian egoan batek esan eutson: «Zorionekoa Jainkoaren
erreinuko jatorduan parte hartuko dauana».
Orduan,
Jesusek esan eutson: «Gizon batek afari handia emon eban eta jente asko
konbidatu eban. Afarirako ordua heldu zanean, morroia bialdu eban konbidatuei
esatera: “Zatoze, prest dago dana”. Baina bata bestearen ondoren atxakiak
jartzen hasi ziran danak. Lehenengoak esan eutson: “Soloa erosi dot, eta
ikustera joan behar dot; parkatu, arren”. Beste batek, barriz: “Bost idi-pare
erosi dodaz, eta probatzera joan behar dot; parkatu, arren”. Eta hurrengoak:
“Ezkondu barria naz eta ezin naiteke joan”.
Bihurtu
zan morroia eta guztiaren barri emon eutson nagusiari. Etxeko nagusia
hasarretu-hasarretu egin zan eta esan eutson morroiari: “Hoa bizkor herriko
plazara eta kaleetara, eta ekarri behartsuak, elbarriak, itsuak eta herrenak”.
Geroago, morroiak esan eutson: “Jauna, egin dot agindu dozuna, eta oraindino
lekua dago”. Orduan, nagusiak esan eutson: “Hoa bidez bide eta bazterrik bazter
eta sartuazo jentea barrura, etxea bete dakidan”. Egia esan, konbidatu
hareetako batek be ez dau nire afaria dastatuko».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Farisearraren etxera gonbidatua izan da Jesus, mahaikide izatera. Eta han, mahaikide batek Erreinuko mahaian esku hartu leikeenak goraltzen dauz.
Jesusek bere zalantzak ditu. Gauza bat da Erreinuko mahaian esku hartu gura izatea, eta beste bat horrek eskatzen dauzan ukapenak egiteko prest egotea.
Eta parabola baten bidez azaltzen dau Jesusek arazo hori. Batzuk, negozioekaitik, uko egingo deutsoe gonbiteari. Beste batzuk euren arazo eta eginbeharrekaitik. Eta hirugarren batzuk bizitzaren atseginak izango dabe mahai hori baino nahiago.
Ondo baino hobeto irudituta aurkitzen dogu hemen Jesusek deskribatzen dauan Israelgo herria. Hein handi baten Israelek uko egin deutso Jainkoaren erreinuko pozari Tradizinoan eta legekerietan galduta: ez dabe onartzen Jainkoaren erregalu dan Jesus.
Deigarri dogu geuretzat ere egoera hau. Ondotxo bizi gara gu, eta gatx egiten jaku gure erosotasunetik urtetea, eta gure atsegin-iturriak ixtea… eurekin nahaste nahi dogu lortu mahaikide izatea. Baina uko egin beharra dagoanez…
Urtean Zeharreko XXXI. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Maite dauanak guztiz betetzen dau legea.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 13, 8-10
Senideok: Ez izan zorrik inogaz, alkar maitatzekoa baino, izan be lagun hurkoa maite dauanak betea dau-eta legea. Izan be, harako «ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez inorenik gura izan» eta beste edozein agindu, esaera honetan batzen dira: «Maitatu egizu lagun hurkoa zeure burua lez».
Lagun hurkoa maite dauanak ez deutso gatxik egiten. Maite dauanak, beraz, guztiz betetzen dau legea.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 112 [111], 1-2. 4-5. 9 (R/. 5a)
R/. Ondo doakio errukitu eta emoten dauanari.
Edo: Aleluia.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren
jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.
V/. Ilunpean argia lez da zuzenentzat:
errukiorra, bihozbera eta zintzoa.
Ondo doakio errukitu eta emoten
dauanari,
bere arazoak zuzen atontzen
dituanari. R/.
V/. Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez jasoko dau bekokia. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ahalegindu
zaiteze zeuen salbazinoa burutzen.
Jainkoa da, bai
nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituena.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 2, 12-18
Senide maiteok: Beti obedidu izan deustazue; obedidu orain be, ni hor ez egon arren. Ahalegindu zaiteze begirune santuz zeuen salbazinoa burutzen, ez hor nagoanean lez bakarrik, askoz gehiago baino. Izan be, Jainkoa da, bai nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituena, berak nahi dauan lez.
Egizue dana marmarrik eta eztabaidarik barik, gizaldi maltzur eta gaizto honen erdian garbi eta akats barik, Jainkoaren seme-alaba errubako izan zaitezen; izarrek munduan lez egiten dozue argi gizarte honetan, bizia emoten dauan mezuari sendo eutsiz. Horixe izango dot nik harrobide Kristo agertuko dan egunean, nire ahalegina eta nekeak ez ditut-eta alperrik emonak izango.
Eta zuen fedearen kultu-zerbitzua burutzeko neure bizia opari eskeini behar baneu be, pozik nengoke eta alai zuekin guztiokin. Poztu zaiteze holan zuek be eta alaitu nigaz batera.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. 1a)
R/. Jauna dot argi eta salbamen.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.
V/. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi nadila Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
1 P 4, 14
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak zuek,
kristau
izateagaitik iraintzen bazaituee,
Jainkoaren
Espiritu aintzatsua
zuengan
dagoala esan nahi dau-eta horrek. R/.
Ebanjelioa
Inor ezin
leiteke nire ikasle izan,
dituan guztiei
uko egiten ez badeutse.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 14, 25-33
Aldi haretan, jente-talde handiak joiazan Jesusegaz; honek, hareengana bihurturik, esan eutsen: «Nonork Nirekin etorri nahi badau, eta bere gurasoak eta emaztea, seme-alabak eta neba-arrebak, eta bere burua bera baino be maiteago ez banau, ezin leiteke izan nire ikasle. Bere kurutzea hartu eta nire ondorik ez datorrena ezin leiteke izan nire ikasle.
Izan be, zuetariko nork, torrea egin gura badau, jesarri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ataratzen, amaitzeko lain ba ete daukan ikusteko? Osterantzean, zimenduak hartu ondoren ezin burutuko baleu, hori ikustean barre egingo leuskioe guztiek, esanez: “Honako hau eregitzen hasi zoan eta ezin izan jok amaitu”.
Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan gura badau, jesarri eta ez dau aldez aurretik hausnartzen, ea hamar mila gizon nahiko dituan, hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badau, oraindik bestea urrunean dala, mandatariak bialduko deutsoz bakea eskatuz.
Era berean, zuetariko inor ezin leiteke nire ikasle izan, dituan guztiei uko egiten ez badeutse».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek, berak helburutzat daukanerako, lagun gehitxoegi ez ete dau ikusten bere jarraian? Berak Jesusek daukazan helburu bardinetarantza abiatzen ete dira, gero, beragaz batera doazenak? Laster jakingo dau. Hasierako jarraitzaile ugariak murrizten joango dira, eta heriotza unean bakarrik laga dabela dinoskue ebanjelariek.
Jesusek bilatzen dauan helburua ez da, gero, errez edo ukapenik barik lortzekoa. Jesusek senitarte bat dau helburu. Erreinuko langile eta autorle (testigu) izango diranen senitartea. Senitarte honek ez dau onartzen konpetitzailerik: beste edozeren eta edonoren gainetik egon behar dau; beronek hartu behar dau lehentasuna.
Horregaitik dirudie hain gogorrak Jesusek jarten dauzan baldintzak. Zenbateraino ulertzen ete doguz ondo? Eta zenbat desbideratze izan dauan ondo ulertu ez diralako!
Ondo eta ausardiaz, adorez eta gogo biziaz hartu behar da Jesusen jarraian joateko erabagia. Baina ez uste izan, gero, behin erabagi hori hartuta, dana larrosa koloreko izango danik. Bai zera!
Jarraibide horretan doanak ezin daike uste izan besteak baino hobea danik, edo perfekzinora heldu danik. Aurrerantzean ere izango ditu tentaldiak eta ezbaiak. Senitartea danaren gainetik izateak asko eskatzen dau.
Urtean Zeharreko XXXI. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 14, 7-12
Senideok:
Gutariko inor ez da beretzat bizi, ezta beretzat hiltzen be. Bizi bagara,
Jaunarentzat gara bizi, eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz,
nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.
Honetarako
hil eta biztu zan Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko. Zergaitik
kondenatzen dozu, bada, zeure senidea? Eta zergaitik gitxiesten? Danok agertu
beharko dogu Jainkoaren auzitegian, Liburu Santuak dinoan lez:
«Zin dagit neure biziagaitik –dino
Jaunak–:
belaun guztiak makurtuko dira nire
aurrean
eta mihin guztiek goratuko dabe
Jainkoa».
Izan be, guztiok emon beharko deutsagu Jainkoari nork bere buruaren kontu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. ik. 13)
R/. Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago
bizidunen lurrean.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni ikaratu? R/.
V/. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi nadila Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Baliotsutzat
nituan gauzak
baliobakotzat
jo ditut Kristogaitik.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 3, 3-8a
Senideok:
Geu gara egiazko erdainduak, hau da, giza mailako gauzetan uste ona jarri
barik, Jainkoa Espirituaren arabera gurtzen dogunok eta Kristo Jesusengan
harrotzen garanok, nahiz eta nik badodan
giza mailako gauzetan be uste ona jartzeko arrazoirik. Norbaitek gauza
horreetan uste ona jarri leikela uste badau, nik gehiago: jaio eta zortzigarren
egunean erdaindu ninduen; jatorriz israeldarra naz, Benjaminen leinukoa,
hebrear-hebrearra; legea ulertzeko moduari dagokionez, fariseua; Eleizearen
pertsegitzaile sutsua eta legeak agintzen dauan guztia betetzen akatsik bakoa.
Baina
baliotsutzat nituan gauza guztiok baliobakotzat jo ditut Kristogaitik. Gehiago
oraindino, nire ustez, ez dau ezerk ezer balio Kristo Jesus nire Jauna
ezagutzearen neurribako ondasunaren aldean.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 3b)
R/. Poztu zaiteze
bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Edo: Aleluia.
V/. Kantatu egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak.
Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila
zabiltzenok. R/.
V/. Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia.
Ekarri gogora harek egindako
mirariak,
haren egintza harrigarriak eta
agindu zuzenak. R/.
V/. Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren
aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigana nekatu eta zamatu guztiok,
eta
Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Jainkoak poz
handiagoa hartzen dau
bihotz-barritzen
dan pekatari bategaitik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 15, 1-10
Aldi
haretan, zergalari eta pekatariak hurreratzen jakozan Jesusi, entzutera. Eta
fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziran, esanez: «Honek ondo hartzen
ditu pekatariak, eta jan be egiten dau eurakaz».
Orduan,
parabola hau esan eutsen Jesusek: «Zuetariko bat, ehun ardi izan eta bat
galtzen bajako, ez ete da beste laurogeta hemeretziak larrean itzirik,
galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen dau
poz-pozik eta, etxera heltzean, lagunak eta auzokoak batu eta esaten deutse:
“Poztu zaiteze nigaz, galdutako ardia aurkitu dot-eta”.
Hara
zer dinotsuedan: «Jainkoak be poz handiagoa hartzen dau bihotz-barritzen dan
pekatari bategaitik bihotz-barritu beharrik ez daben laurogeta hemeretzi
zintzoakaitik baino.
Eta
zein emakumek, zidarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bajako, ez dau,
kriseilua biztuta, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta
aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: “Poztu zaiteze
nigaz ze, aurkitu dot galdutako txanpona”.
Hara
zer dinotsuedan: Bardin poztuten da Jainkoa bere aingeruakaz bihotz-barritzen
dan pekatari bategaitik».
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko XXXI. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesu Kristoren
zerbitzari egin nau jentilentzat,
Jainkoarentzat
opari atsegingarri izan daitezan.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 15, 14-21
Senideok:
Ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakintza guztietaz hornidurik zagozela,
eta alkarri argi egiteko gai zariela. Halan be, ausardia handi samarrez idatzi
deutsuet han edo hemen, gauza batzuk gogoratuazoteko. Jainkoagandik hartu dodan
dohaiak emoten deust horretarako bide, Jesu Kristoren zerbitzari egin nau-eta
jentilentzat. Jainkoaren Barri Ona adierazotea da nire eginkizun sakratua,
holan jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri
izan daitezan.
Jainkoaren
zerbitzuari dagokionez, Kristogan jartzen dot neure harrobidea; horregaitik, ez
naz ausartuko hau besterik aitatzera: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituala
jentilak fedea onartzera, hitzez eta egitez, ezaugarri eta egintza harrigarrien
indarrez, Espirituaren ahalmenaz. Holan, Kristoren Barri Ona zabaltzen
dihardut, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan zehar Iliriaraino.
Hauxe
zan niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena aitatua be ez zan tokietan Barri
Ona zabaltzea. Ez neban nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki, Liburu
Santuak dinoanaren arabera baino:
«Haren barri ez ebenek ikusiko dabe,
eta inoiz haretaz entzun ez ebenek
ulertuko».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. ik. 2)
R/. Agertu dau Jaunak nazinoen aurrean
beragandiko garaipena.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuarazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu
nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson
leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Kristok bere gorputz aintzatsuaren irudiko egingo gaitu.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 3, 17–4, 1
Senideok:
Izan zaiteze nire antzeko, eta begiratu nigan dozuen ereduaren arabera bizi
diranei. Izan be, asko dira Kristoren kurutzearen arerio lez bizi diranak.
Askotan esan deutsuet eta barriro dinotsuet orain negar-anpulu artean. Holakoen
azkena hondamendia da; sabela dabe jainko, euren lotsarietan harrotzen dira eta
lurreko gauzetan bakarrik pentsatzen dabe.
Gu,
ostera, zeruko uritar gara eta handik itxaroten dogu Salbatzailea, Jesu Kristo
Jauna. Harek antzaldatuko dau gure gorputz ezerez hau, bere gorputz
aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak bere menpe jartzeko dauan
ahalmenari esker.
Holan,
bada, nire senide gogoko eta maiteok, nire poza eta nire koroa, iraun egizue
holan Jaunari leial, maiteok.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 122 [121], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 1b)
R/. Goazen pozik Jaunaren etxera!
V/. Ha, bai, poza nirea, esan eustenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.
V/. Jerusalem, uri lez ondo eraikia,
bere barruan sendo batua! R/.
V/. Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege danez, Jaunaren izena
gorestera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
1 Jn 2, 5
R/. Aleluia.
V/. Kristoren hitza betetzen dauanagan
Jainkoaren
maitasuna bere betera heldu da benetan. R/.
Ebanjelioa
Mundukoak
zuhurrago dira euren arteko arazoetan,
argitakoak
eurenetan baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 16, 1-8
Aldi
haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxejagolea eukan,
eta berau ondasunak alperrik galtzen ebilkola jakinarazo eutsoen.
Deitu
eta esan eutson: “Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren
kontua, ez zara aurrerantzean nire etxezain izango-eta”.
Etxejagoleak,
orduan, hauxe inoan berekautan: “Zer egin behar dot nik orain, nagusiak kargua
kentzen deustan ezkero? Atxurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz.
Badakit zer egin, kargutik botatzen nabenean etxean nork hartu izan dagidan”.
Banan-banan
bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari itaundu eutson: “Zenbat
zor deutsazu nire nagusiari?” Harek erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak,
orduan: “Hona hemen zure ordain-agiria; agudo, jesarri eta idatzi berrogeta
hamar”. Gero, hurrengoari itaundu eutson: “Zuk zenbat zor deutsazu?” Harek
erantzun: “Ehun anega gari”. Etxejagoleak, orduan: “Hona hemen zure
ordain-agiria; idatzi laurogei”.
Eta
nagusiak txalotu egin eban ha etxezain zuzentasun bakoa, zuhur jokatu ebalako.
Izan be, mundukoak zuhurrago dira euren arteko arazoetan, argitakoak eurenetan
baino.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Deigarria dogu, izan be, gaurko ebanjelio zati honek aurkezten deuskun parabola. Hartu daigun kontutan ikasleei zuzendua dala. Hareek ere badauke ikasi beharrik edo, Jesusen inguruan ibilia arren, hausnartu beharrik.
Burura jatort, autortza egitean harek autorleari esana: Bai, gero? Jainkoak dana dakiala? Ez dakit, ba… Zelan dinozu hori? —aurtorleak. Eta harek: ba ete daki Jainkoak, gero, sakristauak noiz entzuten dauan mezea?
Horixe jazo leikigu geuri ere: Jesusen inguruan ibili, edo otoitzean eta eleiz inguruan…, eta behar dana jo ez.
Adi, ba! Beste gauza askotarako jarten dogun arretea eta euretan egiten dogun ahalegina jarri daiguzala Jainkoagazko hartu-emonetan ere, senideen zerbitzuan ere, ardurak gauzatzean ere…, nahikoa motelagoak izan geintekezalako gure sinismenari dagokiozan esparruetan.
Jesusek bere lagunak ere erdi desbideratuta ikusiko ebazalako zuzenduko eutsen parabola hau, edo Lukasek bere kristau taldean ikusten ebalako holango arduragabekeria…
Aztertu daigun, ba, gure jarduna eta ardura-maila.
Urtean Zeharreko XXXI. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Agurtu egizue alkar musu santuaz.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik
Erm 16, 3-9. 16. 22-27
Senideok:
Gorantziak Priskari eta Akilari, Jesu Kristoren zerbitzuan laguntzaile izan
dodazanei; horreek euren bizia arriskuan jarri eben nirea salbatzeagaitik; eta,
nik ez ezik, jentilen eleiz alkarte guztiek be esker ona zor deutsie.
Gorantziak horreen etxean batzen dan eleiz alkarteari be.
Gorantziak
Epenetori, Asian Kristogan sinistu ebenen artean lehen-frutu dan nire adiskide
maiteari; baita zuekaitik hainbeste lan egin dauan Mariari be. Gorantziak nire
senide eta kartzela-lagun Andronikori eta Juniari: apostoluen artean ospetsuak
dira, eta nik baino lehen sinistu eben Kristogan. Gorantziak Jaunagan oso
maitea dodan Anpliatori. Gorantziak Urbanori, Jesu Kristoren zerbitzuan
laguntzaile izan dogunari, eta nire Estakis maiteari.
Agurtu
egizue alkar musu santuaz. Kristoren eleiz alkarte guztiek agurtzen zaituee.
Nik
Tertziok, zuei gutuna idazten dihardudan honek be, agur egiten deutsuet
Jaunagan. Ni eta eleiz alkarte osoa bere etxean hartzen gaituan Gaiok be agur
egiten deutsue. Baita Erastok, herriko diruzainak, eta Kuarto gure anaiak be.
Aintza
Jainkoari, nik iragartzen dodan Barri Onaren eta Jesu Kristori buruzko nire
predikuaren arabera fedean sendotu zaikiezan Jainkoari. Prediku honen bidez,
betidanik ezkutuan eukan misterioa agertu dau Jainkoak. Misterio hori orain
azaldu da, profeten idazkiek esan eben lez, eta, betiko Jainkoaren erabagiaren
arabera, herri guztiei adierazo jake, Jainkoari fedezko erantzuna emon deioen.
Jainko
horri, jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta
gizaldietan. Amen.
Jaunak esana
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 2-3. 4-5. 10-11 (R/. 1)
R/. Nire Jainko, nire errege,
bedeinkatuko dot zure izena betiere.
V/. Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko.
Handia da Jauna, guztiz goragarria,
mugarik bakoa haren handitasuna. R/.
V/. Belaunaldi batek besteari zure egintzak
deutsoz goratzen,
zure egite ahaltsuak iragartzen.
Zure aintza eta ospe distiratsua
dabe aldarrikatzen,
eta nik zure egintza harrigarriak
adierazoten. R/.
V/. Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari
guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
agertu begie zure erregetza
ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Dana ahal dot indartzen nauan Kristogan.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako epistolatik
Flp 4, 10-19
Senideok:
Poz handia hartu dot kristau nazan aldetik, niganako dozuen ardurea nabarmen
agertu dalako; bazenduen lehendik be, baina agertzeko aukerarik ez. Ez dinot
hau ezeren beharrizanean nagoalako, edozein egoeratan neurez moldatzen ikasita
nago-eta.
Badakit
urritasunean nahiz ugaritasunean bizitzen; edozein egoeratarako zaildua nago
eta edozertara jarria: aserik nahiz goseak egotera, ugari eukitzera nahiz
beharrizanera. Dana ahal dot indartzen nauan Kristogan. Edozelan be, ondo egin
zenduen nire atsekabean zeuen solidaridadea agertzean.
Zuek,
filipoarrok, badakizue, Barri Ona zabaltzen hasi barrian Mazedoniatik urten
nebanean, eleiz alkarte bat be ez zala nire gastuen kargu egin, zuek izan ezik;
Tesalonikan nintzala be behin eta birritan bialdu zeunsten neure preminetarako
behar nebana. Ez uste izan neuretzat mesede bila nabilenik; zuen kontua
handitzea nahi dot. Hartu dot, bada, dana, eta larregi daukat; oso ondo
horniduta nago, Epafroditoren eskuz bialdu deustazuena hartu ondoren. Jainkoak
atseginez onartzen dauan oparia da zuen emoitza.
Ordainetan,
nire Jainkoak oparo beteko dau zuen eskastasun guztia, bere aberastasunen
arabera Kristo Jesusengan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 112 [111], 1-2. 5-6. 8a eta 9 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.
Edo: Aleluia.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsona,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren
jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.
V/. Ondo doakio errukitu eta emoten dauanari,
bere arazoak zuzen atontzen
dituanari.
Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren oroipenak beti bizirik
dau iraungo. R/.
V/. Seguru dau bihotza, bildurrik barik;
esku betean emoten deutse
behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez jasoko dau bekokia. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
2 Ko 8, 9
R/. Aleluia.
V/. Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin
zan,
bere
behartsu izateaz zuek aberats egiteko. R/.
Ebanjelioa
Bidebako dirua
erabiltzen fiatzekoak izan ez bazarie,
nork itzi zuen
esku benetako ondasunak?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 16, 9-15
Aldi
haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: “Irabazi egizuez adiskideak zuzentasun
bako diruaren lepotik; holan, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaitue
Jainkoak. Gauza txikerretan sinisgarri dana, handietan be fidagarri da, eta
gauza txikietan zuzengabe dana, handietan be zuzentasun bakoa. Zuzentasunik
bako dirua erabiltzen fiatzekoak izan ez bazarie, nork itzi leike zuen esku
egiazko ondasuna? Zeuena ez dozuen aberastasunagaz fiatzekoak izan ez bazarie,
nork emon benetan dagokizuena?
Ezin
da morroi bat nagusi biren zerbitzari izan. Izan be, bata gorroto izango dau,
eta bestea maite; edota bategaz berbako izango da, eta bestea ez dau aintzat
hartuko. Ezin zarie izan Jainkoaren eta diruaren morroi”».
Entzun
eben hau guztiau fariseu diruzaleek, eta barre egiten eutsoen Jesusi. Honek
esan eutsen: «Zuek zeuen burua zintzo agertzen dozue jentearen aurrean, baina
ezagutzen dau Jainkoak zuen barrua; izan be, gizakiak baliotsutzat daukana,
Jainkoarentzat ezerezkeria da».
Jaunak esana.