2022/03/07

XXVIII. Astea

Urtean Zeharreko XXVIII. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jesu Kristogandik hartu genduan apostolu izateko dohaia,
jentil-herriei sinismena eroateko.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolaren hasierea

Erm 1, 1-7

    Ni, Paulo, Jesu Kristoren zerbitzaria, Jainkoak deitu eta bereizi ninduan apostolu izateko eta Liburu Santuetan profeten ahoz aurrez agindu eban bere Barri Ona iragartzeko. Barri On hau Jainkoaren Semeari buruz da, Jesu Kristo gure Jaunari buruz, hain zuzen be: hau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zan; baina hilen artetik biztu dan ezkero, santu egiten dauan Espirituak Jainkoaren Seme ahaltsu egin dau.
    Jesu Kristogandik hartu genduan apostolu izateko dohaia, beraren izenean jentil-herriei sinismena eroateko eta hareengan fedezko erantzuna sortzeko, Jesu Kristo beraren aintzarako. Hareetakoak zarie zuek be, Erroman bizi zarien guztiok,  Jainkoaren maiteok  eta  Jesu Kristok bere herri santuko
izatera deituok. Grazia eta bakea zuei, Jainko gure Aitagandik eta Jesu Kristo gure Jaunagandik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. 2a)

R/.   Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuarazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Ez gara mirabearen seme-alaba
librearenak baino.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 4, 22-24. 26-27. 31–5, 1

    Senideok: Liburu Santuak esaten dau Abrahamek seme bi izan ebazala, bata mirabeagandik eta bestea libre zan emazteagandik. Mirabeagandikoa giza sorbide hutsez jaioa; emazte libreagandikoa, barriz, agintzariaren indarrez.
    Honek beste zeozer adierazoten dau: emakume biak itun biren irudi dira; bata Sinai menditik dator eta esklabotzarako seme-alabak sortzen ditu; itun honen irudia Agar da. Bestea, ostera, libre dana, goiko Jerusalemen irudi da; eta hori da gure ama. Izan be, hau dino Liburu Santuak:

«Egin poz-oihu, Jerusalem, umerik izan ez dozun agor horrek;
ekin kantari pozaren pozez, erdiminik ez dozun horrek;
seme-alaba gehiago dau-eta baztertuak, senarra dauanak baino».

    Beraz, senideok, ez gara mirabearen seme-alaba, librearenak baino. Libre izateko askatu gaitu Kristok; iraun egizue, beraz, sendo eta ez makurtu barriro esklabotzaren buztarpera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 113 [112], 1-2. 3-4. 5a eta 6-7 (R/. 2)

R/.   Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena, orain eta beti.

V/.   Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

V/.   Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua izan bedi Jaunaren izena.
Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago. R/.

V/.   Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko.
Gizajoa hautsetatik jasotzen dau,
behartsua zaborretatik ataratzen. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d

R/. Aleluia.

V/.   Gaur, ez gogortu bihotza;
        entzun Jaunaren ahotsa. R/.

 

Ebanjelioa

Gizaldi honi ez jako ezaugarririk emongo,
Jonas profetarena besterik.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 29-32

    Aldi haretan, jente asko batzen joakonez, Jesus era honetara hasi jaken: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske dabil, baina ez jako ezaugarririk emongo Jonas profetarena besterik. Izan be, ninibetarrentzat Jonas ezaugarri izan zan lez, halantxe izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat.
    Auziegunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jentearen aurka jagi eta kondenatu egingo dau ze, lurraren azken mugetatik etorri zan ha Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dana.
    Auzi-egunean nininbetarrek be gizaldi honen aurka jagi eta kondenatu egingo dabe ze, hareek bihotz-barritu egin ziran Jonasen predikazinoagaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dana».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen lehenengo jarraitzaileen bizikizunaren aurrean jarten gaitu gaurko pasarte honek. Hareek argi euken eurek izandako zoria: Jesusi entzun eta jarraitu izana. Eta argi dauke, baita, euren aldiko beste herritarren burugogorkeria ere: aukera bardina izanik entzun-gor egin ebelako.

Jesus hirugarren egunean biztu zala hedatu zanean jarriko eben Jonasen eredu hau; eta Sabako erreginarena ere zabal-zabal hedatua egoan. Eta eredu lez hartzen dabez euren harridura edo ulertezina iragarteko.

Ninibetar paganoak Jonasen predikazinoari esker bihozbarritu baziran, eta Sabako erregina Salomonen jakituria entzutetsua ezagutzera etorria bazan, zelan ez dabe aintzat hartzen Jesusen iragarpena, Salomon baino handiagoa danarena, eta Jonasena  baino predikazino onargarriagoa dana, salbagarria dalako?

Egia esan, batek bere ziurtasunak lekututa daukazanean, beste guztiak areriotzat daukaz eta berean gotortzen da: ez dau besterik entzun ere gura.

Zein arriskutsua dan erlijinoa azaletik bizi izatea…

 

 

Urtean Zeharreko XXVIII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoa ezaguturik, ez deutsoe emon aintzarik,
Jainkoari dagokion lez.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 1, 16-25

    Senideok: Ez naz lotsatzen Barri Onaz, Jainkoaren indarra da-eta fededun guztiak salbatzeko, judeguak lehenengo, baina baita judegu ez diranak be. Izan be, Barri On honetan agertzen dau Jainkoak bere salbazino-indarra, fedeagaitik bakarrik heltzen dan salbazinoa; Liburu Santuak dinoan lez: «Zintzoa bere fedeagaitik biziko da».
    Jainkoak bere hasarrea agertzen dau zerutik gizaki guztien gain, fedebako eta zuzenbako diralako, eta euren zuzenbakoan egia ito dabelako. Izan be, Jainkoaz jakin leitekena agirian dabe, Jainkoak berak agertu deutse-eta. Munduaren hasieratik, berez ikusezina dana, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, begi-bistako egin jako haren egintzak aztertzen dituanari. Ez dabe, beraz, atxakiarik, Jainkoa ezagututa, ez deutsoe-eta emon aintzarik, ez eskerrik, Jainkoari dagokion lez;  arrazoibide txatxarretan galdu dira eta euren adimen zentzunbakoa ilundu egin jake. Euren burua zuhurtzat eukiz, tentel bihurtu dira; eta, Jainko hilezkorraren aintza itzirik, gizaki hilkor, hegazti, lauoineko abere eta narrastien irudietara jo dabe.
    Horregaitik, Jainkoak euren grina txarren menpe itzi ditu eta hareek zikinkerietan jausi dira, euren burua desohoratzeraino. Egiazko Jainkoaren ordez guzurrezkoa ezarri dabe, eta Egilearen ordez egindakoak gurtu eta zerbidu. Bedeinkatua bera gizaldien gizaldietan! Amen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 19 [18], 2-3. 4-5b (R/. 2a)

R/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen.

V/.   Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak haren eskuen lana iragartzen.
Egunak egunari luzatzen deutso mezua,
gauak gauari jakinarazoten. R/.

V/.   Berbarik eta hitzik barik,
entzun ezinezkoa da hareen ahotsa.
Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren bazterreraino hareen hizkera. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Erdaindua izateak edo ez izateak ez dau ezer balio;
maitasun-egintzetan agertzen dan sinismena da balio dauana.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 5, 1-6

    Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok; iraun egizue, beraz, sendo eta ez makurtu barriro esklabotzaren buztarpera. Hara zer esaten deutsuedan nik, Paulok: erdaintzen bazarie, Kristok ez deutsue ezertarako balio izango. Barriro be zinez esaten deutsuet: erdaintzen diran guztiak lege osoa betetzera behartuta dagoz. Moisesen legearen bidetik salbazinoa lortu nahi dozuenok Kristogandik aldendu egin zarie eta Jainkoaren onginahitik alboratu.
    Gu, barriz, Jainkoak, Espirituaren egitez eta fedeari esker, salbazinoa emongo deuskun itxaropenez bizi gara. Izan be, Jesu Kristorenak garanontzat, erdaindua izateak edo ez izateak ez dau ezer balio; maitasun-egintzetan agertzen dan sinismena da balio dauana.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 41 eta 43. 44-45. 47-48 (R/. 41a)

R/.   Betorkit, Jauna, zure maitasuna.

V/.   Betorkit, Jauna, zure maitasuna,
zure salbazinoa, Zeuk agindu bezala.
Ez aldendu nire ahotik hitz egiazkoa,
zure erabagietan dot-eta itxaropen. R/.

V/.   Eten barik nahi dot gorde zure legea,
betiren beti.
Bide zabaletik naz ibiliko,
zure legeak ditut-eta aztertzen. R/.

V/.   Zure aginduetan naz gozatzen,
hain maite dodazan aginduetan.
Agindu maitagarriotara jasotzen ditut begiak,
eta hausnartzen zure arauak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa      

Egizue limosna;
holan, gauza guztiak garbi izango lirateke zuentzat.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 37-41

    Aldi haretan, Jesusek hitzaldia amaitu ebanean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera konbidatu eban. Sartu zan Jesus eta mahaian jarri. Fariseua harrituta gelditu zan bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik egin ez ebala ikustean.
    Orduan, Jaunak esan eutson: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, zeuek barrutik lapurretaz eta gaiztakeriaz beterik egonik. Zentzunbakook halakook! Ez ete dau kanpokoa egin ebanak berak egin barrukoa be? Hobe zeunkie daukazuena limosnatzat emongo bazendue! Holan, gauza guztiak garbi izango litzatekez zuentzat».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Garbiketa-ohikuneak garrantzi handikoak ziran aldi hareetan eta zehatz-mehatz jarraitzen ziran; ez jarraitzeak norbere burua Jainkoaren aurrean pekatari ikusteraino.

Izan daigun gogoan gure umezaroan zenbat bider (batez ere mahairakoan) esaten euskuen nagusiek: “ea horreik eskuok! Garbitu dozuz?). Eta zelango garrantzia izan dauan esku-garbiketak azken pandemia Covid’19 dalakoan.

Baina hori horrela, ezin pentsatu geike Jesusek holango gorgorkeria eta zabarkeria erabiliko ebanik bere mahaira konbidatu ebanarekin. Bai zera!

Gehiago dirudi Ebanjelioa idatzi zan aldietan edozein une aprobetxatzen zala Fariseuen aurka egiteko eta hareen jokabide azalekoa gaitzesteko.

Horrexegaz geratu behar izango geuke: Jesusek zintzotasuna eta bateratasuna (koherentzia) bultzatzen dauz eta azaluskeriak baztertzen.

Ez gaitezala, ba, ohikunekerietan gelditu, azaleko betebeharretan, horrek ez garoaz-eta inora. Bai, ostera, zintzotasunak.

 

 

 

Urtean Zeharreko XXVIII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Bakotxari bere egintzen arabera ordainduko deutso:
judeguei lehenengo, baina baita judegu ez diranei be.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 2, 1-11

     Zeure burua epaile egiten dozun horrek, zarana zarala, ez dozu atxakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen dozu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten dozuz-eta. Badakigu holakoak egiten dabezanak zorrotz epaitzen dituala Jainkoak.
    Eta zu, besteengan kondenatzen dozuzan gauza berak egiten dozuzan hori, epaiari ihes egingo deutsazulakoan zagoz? Ala gitxietsi egiten dozu Jainkoaren neurribako bihotz ona, eroapena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihotz-barritzera gonbidatzen zaituala ahazturik?
    Zeure bihotz damubakoaren gogorkeriaz zigorra handitzen diharduzu zigor-egunerako, Jainkoaren epai zuzena agertuko dan egunerako, hain zuzen be. Orduan, bakotxari bere egintzen arabera ordainduko deutso Jainkoak: on egiten iraun eta aintza, ohore eta hilezkortasun bila dabiltzanei betiko bizia emongo deutse; berekoikeriaz egiaren kontra jagitzen diranei eta zuzenbakokeriari men egiten deutsoenei, barriz, hasarrea eta zigorra.
    Atsekabea eta larria emongo deutse txarra egiten daben guztiei: judeguei lehenengo, baina baita judegu ez diranei be; ospea, ohorea eta bakea ona egiten daben guztiei: judeguei lehenengo, baina baita judegu ez diranei be, Jainkoak ez dau-eta bereizkeriarik egiten.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 62 [61], 2-3. 6-7. 9 (R/. 13b)

R/.   Zuk, Jauna, bere egintzen arabera
        ordaintzen deutsazu bakotxari.

V/.   Jainkoagan bakarrik dau atseden nire barruak,
harengandik datorkit-eta salbazinoa.
Ha bakarrik nire harkaitz eta salbazino,
bera nire gotorleku; ez naz sekula kili-kolo egongo. R/.

V/.   Ene barrua, Jainkoagan bakarrik izan atseden,
harengandik datorkit-eta itxaropena.
Ha bakarrik nire harri eta salbazino,
bera nire gotorleku; ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Izan konfiantza harengan eten barik, haren herri zarienok,
zabaldu hari zeuen bihotza,
Jainkoa dogu babeslekua! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Kristorenak diranek
kurutzean erail dabe pekatuzko euren giza izaera,
beronen grinekin.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 5, 18-25

    Senideok: Espirituak gidatzen bazaitue, ez zagoze legearen menpe. Giza grinetatik sortzen diran egintzak ezagunak dira: lizunkeria, zikinkeria, nasaikeria, idolatria, sorginkeria, areriotza, hasarrea, bekaizkeria, gorrotoa, norgehiagokeria, alderdikeria, zatiketak, ikusezina, hordikeria, sabelkeria eta holakoak. Eta lehen esan neutsuena dinotsuet barriro be: holan jokatzen dabenek ez dabe Jainkoaren erreinua ondare jasoko.
    Espirituaren frutua, barriz, hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna, bere buruaren jaube izatea. Ez da legerik holakoak gatxetsiko dituanik. Eta Kristo Jesusenak diranek kurutzean erail dabe pekatuzko euren giza izaera, beronen gurari eta grinekin. Bizia Espirituak emoten badeusku, jokatu be jokatu daigun Espirituaren arabera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. ik. Jn 8, 12)

R/.   Zuri jarraitzen deutsunak, Jauna,
        bizirako argia izango dau.

V/.   Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
Jaunaren legean atsegin dauana,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

V/.   Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

V/.   Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzekoak dira.
Horregaitik, gaiztoak ez dira zutunik egongo auzian,
ezta pekatariak be zintzoen batzarrean.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa      

Ai zuek, fariseuok! Ai zuek, lege-maisuok!

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik         

Lk 11, 42-46

    Aldi haretan, Jaunak esan eban: «Ai zuok, fariseuok! Ortuaririk kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dozuez, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, barriz, alde batera izten. Honeek bete behar zenduezan, hareek baztertu barik.
    Ai zuok, fariseuok! Sinagogetan aurre-aurreko aulkiak eta plazetan jentearen agurrak maite dozuez!
    Ai zuok! Ikusten ez diran hilobiak lakoak zarie ze, jentea konturatu barik dabil hareen gainetik».
    Orduan, lege-maisu batek esan eutson: «Maisu, holan berba eginez, geu be iraindu egiten gaituzu». Jesusek erantzun eutson: «Ai zuok be, lege-maisuok! Eroan ezineko zamak leporatzen deutsezuez besteei, eta zeuok atzamar batez be ikutu ez».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Pasarte hau bere gogortasunean irakurtean, geure buruari begitu behar izango geuskio, geu ere jausi geintekezalako arrisku beratan: huskeria bati garrantzi handia emotea, eta garrantzi handiko diranei (zuzentasuna eta Jainkoaren maitasuna) ez-ikusia egitea. Ondo baino hobeto azaltzen dau hau esaldi harek: “eltxoa iresten dozue eta ganbelua irunsten”. Eta hau egunero egiten dogula autortu beharra daukagu apaltasunez.

Eta, zer esan izen ona bilatzeari buruz, eta jenteen txaloak eta baieztapenak, aldekotasunak… Horretan aurrea hartu deutsegu farisearrei eurei ere.

Bagara hilobien antzekoak ere. Uste onez hurreratzen jaku jentea, esaten doguna aurkitzekotan gugan, eta gehiegikeriak eta huskeria aurkitzen dabe sarritan.

Onartu beharrekoa izango geuke lege-maisuari erantzunez egiten deutsen salakuntza. Zenbateraino ete gara zorrotzegiak besteentzat eta nasaiegiak geure buruagaz?

Beti be izan daigun gogoan, Jesusen salakuntzak ez dirala besteak gaitzesteko (kondenatzeko) bihozbarritzerako deiak baino.

Horra, ba, honen aurrean geure buruari begitu beharra.

 

 

Urtean Zeharreko XXVIII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia 

Fedeagaitik hartzen ditu zintzotzat Jainkoak gizon-emakumeak,
eta ez legea betetzeagaitik.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 3, 21-30a

    Senideok: Orain, legea alde batera itziz agertu dau Jainkoak bere salbazino-indarra, Moisesen legeak eta profetek adierazoa. Jainkoaren salbazino-indar hau Jesu Kristoganako sinismenagaitik heltzen da fededun guztiengana. Jainkoak ez dau bereizketarik egiten, guztiek egin ebelalo pekatu eta Jainkoaren aintzarik barik aurkitzen dira-eta. Baina Jainkoak bere onginahiz eta dohai hutsez hartzen ditu zintzotzat, Jesu Kristoren bidez burutu dauan askapenari esker.
    Jesu Kristok bere odola isuri eban, eta Jainkoak parkamen-bide egin dau Kristo harengan sinisten dabenentzat. Holan, garbi erakusten dau Jainkoak zuzen jokatu ebala, bere eroapenez lehengo pekatuak zigortu barik itzi ebazanean, eta zuzen jokatzen dauala orain be bere salbazino-indarra azaldu eta Jesusengan sinisten dabenak zuzentzat hartzen dituanean.
    Non dago, bada, harrotzeko arrazoia? Ezereztua dago. Zeren izenean? Legeko egintzen izenean? Ez, fedearen izenean baino. Ziur dakigu-eta fedeagaitik hartzen dituala zintzotzat Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagaitik.
    Judeguena bakarrik ete da Jainkoa? Ala beste herriena be bai? Beste herriena be bai, Jainkoa bat bakarra da-eta.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 5-6b (R/. ik. 7bc)

R/.   Jaunagan dago errukia,
        harengan askatasun ugaria.

V/.   Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire berbea!
Begoz zuhur zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.

V/.   Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.

V/.   Jaunaren zain nago, zain dago nire barrua,
haren hitza dot itxaroten;
nire barrua Jaunaren gogo biziz dago,
gauzaina egunsentiaren gogo biziz baino gehiago. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Kristogan aukeratu ginduzan
mundua sortu baino lehen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolaren hasierea

Ef 1, 1-10

    Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik, Kristo Jesusen apostolu nazan honek, Efeson bizi zarien fededunoi, Kristo Jesusengan sinisten dozuenoi, idazten deutsuet. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo gure Jaunak emon beizuez grazia eta bakea.
Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren era guztietako ondasunez bedeinkatu gaituana!
Kristogan aukeratu ginduzan, mundua sortu baino lehen,
santu eta errubako izan gaitezan beraren aurrean, maitasunez.
Bere onginahiak eraginda aurrez eban erabagita,
Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maiteagan eskuzabal emon deuskun dohai zoragarria
gorespen-kantu bihurtu dadin berarentzat.

Seme honen heriotzaz dogu askapena,
pekatuen parkamena,
Jainkoaren onginahi eskuzabalari esker;
oparo isuri dau bere onginahiaren dohaia,
jakituria eta ezaguera osoa guri emonez.
Bere asmo ezkutua ezagutuarazo deusku,
bere onginahiz erabagita eban asmoa:
historia bere betera eroateko,
zeruko nahiz lurreko gauza guztiak Kristogan batzea,
berau buru dala.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4. 5-6 (R/. 2a)

R/.   Bere garaipena ezagutuarazo dau Jaunak.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Bere garaipena ezagutuarazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutson leialtasunaz. R/.

V/.   Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.

V/.   Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu-hotsez,
turutaz eta adar-hotsez;
egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 14, 6

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
        ezin da inor Aitagana joan,
        nire bidez izan ezik. R/.

 

Ebanjelioa      

Profeten odolaren kontuak eskatuko deutsoz:
Abelen odoletik Zakariasen odoleraino.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik         

Lk 11, 47-54

    Aldi haretan, Jaunak esan eban: «Ai zuok, zeuon asaba zaharrek hildako profetei hilarriak jasotzen deutsezuezanok! Holan, asaba zaharrek egindakoarekin ados zagozela autortzen dozue; ze, hareek hil egin zituen profetak, eta zuek hilarriak jasotzen deutsezuez. Zeozergaitik esan eban Jainkoaren jakituriak: “Profetak eta apostoluak bialduko deutsedaz eta batzuk hil eta beste batzuk aurretik erabiliko ditue”. Baina munduaren hasieratik isuri dan profeta guztien odolaren kontuak eskatuko deutsoz Jainkoak gizaldi honi: hasi Abelen odoletik eta altaretik santutegira bitartean hil eben Zakariasen odoleraino. Bai, Neuk dinotsuet gizaldi honi eskatuko deutsozala kontuak.
    Ai zuok, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jaube egin zarienok! Zeuek ez zarie sartu, eta sartu gura ebenei ez deutsezue itzi».
    Jesusek handik urten ebanean, fariseuek eta lege-maisuek errukirik barik eraso eutsoen, itaunak egin eta egin, ea erantzun okerren baten harrapatzen eben.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusi min emoten deutsoen gauzen arteko batzuk hementxe aurkitu geikez: azaluskerian bizi izatea da bat; Jainkoaganako bidea (salbamen bidea) jakinda, ezagutzera ez emotea da bestea.

Eta biok aurkitzen dauz Jesusen farisearrengan eta lege-maisuengan; eta aurpegira botaten deutse.

Azaluskerian beteten dan Lergeak betekerietan gaukaz loturik, harek morrontzan gaukaz; geu garala onak beteten dogulako Legea, eta besteak gu baino gitxiago dirala uste izatera garoaz, beteten ez dabelako.

Baina ez garoaz horrek besteei Legea beteten laguntzera, edo euren beharrizanetan euren ondoan egotera, hareek ere sari bardina eskuratu daien.

Eta azalpenetan, iragarpenetan, hizkera ezezaguna (latina, kasu) edo ulertezina erabiltea geure aldietako erlejino bizitzarena ere izan da.

Eskerrak zeozer aldatu dana; baina ondino asko dago egiteko. Eleizkizunetan hizkera ulerterreza erabiltea eskatzen eta eskatzen da… Halako baten lortuko ete dogu?

 

 

 

Urtean Zeharreko XXVIII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Abrahamek sinistu eutson Jainkoari,
eta horregaitik onartu eban Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 4, 1-8

    Senideok: Zer esan gure asaba Abrahami jazo jakonaz? Egintzakaitik izan ete zan Abraham zuzentzat hartua? Halan izan balitz, izango eukean zertan harrotu; baina ez eban Jainkoaren aurrean harrotzerik izan. Begiratu zer dinoan Liburu Santuak: «Abrahamek sinistu eutson Jainkoari eta horregaitik onartu eban Jainkoak».
    Lan egiten dauanari saria ez jako dohai huts lez emoten, zor jakon zeozer lez baino. Baina lanik ez egin arren, erruduna errubako egiten dauan Jainkoagan sinisten badau, sinismen horri esker, zuzentzat hartuko dau Jainkoak. Davidek be zoriontsu dala dino, Jainkoak, egintzei begiratu barik, zuzentzat hartzen dauana:

«Zoriontsua Jainkoak hobena kendu
eta pekatuak parkatu deutsozana.
Zoriontsua Jainkoak pekatua ezartzen ez deutsona».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 32 [31], 1-2. 5. 11 (R/. ik. 7)

R/.   Zu zaitut babesleku,
        askapen-kantuz inguratzen nozu.

V/.   Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik ezartzen ez deutsona,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

V/.   Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

V/.   Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzoak,
egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Lehendik Mesiasengan itxaroten genduan guk;
zuek be Espiritu Santuaz zigiluz lez markatuak izan zarie.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 1, 11-14

    Senideok: Kristoren bitartez gara oinordeko gu be, israeldarrok, lehendik Mesiasengan itxaroten genduanok, gauza guztiak berak nahi lez egiten dituan Jainkoak aurrez aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorespen-kantu izan gaitezan.
    Eta zuek be egiaren mezua, salbatzen zaituen Barri Ona, entzun eta Mesiasengan sinistu dozuenok, agindutako Espiritu Santuaz zigiluz lez markatuak izan zarie. Espiritua da hartuko dogun ondarearen segurtasuna, Jainkoak bere egin dauan herria askapen osora helduko danaren segurtasuna, Jainkoaren aintzaren gorespen-kantu izateko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 1-2. 4-5. 12-13 (R/. ik. 12b)

R/.   Bai dohatsu Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Egin poz-oihu, zintzook, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan be, ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo harentzat hamar hariko harpa. R/.

V/.   Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.   Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Sal 33 [32], 22

R/.   Aleluia.

V/.   Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
        Zugan dogu-eta jarria itxaropena.  R/.

 

Ebanjelioa      

Zuen buruko ule guztiak be
zenbatuak ditu Jainkoak.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik         

Lk 12, 1-7

    Aldi haretan, milaka eta milaka lagun batu zan, alkar zapaldu beharrean. Jesus berbetan hasi jaken, lehenengo ikasleei zuzenduz: «Ibili kontuz fariseuen legaminagaz, hau da, itxurazalekeriagaz. Ez dago ezer gorderik agertuko ez danik, ezta ezer ezkutuan be jakingo ez danik. Ze, gaueko ilunean esan dozuena egun-argitan entzungo da, eta etxe-okoiluan belarrira esan dozuena etxe gainetik iragarriko.
    Zeuoi dinotsuet, ene adiskideoi: ez bildur izan gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez dabenei. Esango deutsuet nori bildur izan: izan bildur hiltzeko eta ondoren infernura botatzeko ahalmena dauanari. Bai, horri izan bildur!
    Ez dira bost txori txanpon bitan saltzen ala? Halan be, hareetako bat bakarra be ez dauka Jainkoak ahazturik. Zuen buruko ule guztiak be zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, bildur izan: txori guztiak baino gehiago balio dozue zuek».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek orain bere ikasleei-jarraitzaileei zuzentzen deutsez berbok, farisearrei zuzendutakoen laburpen balira lez. Eta kontu hartzeko dinotse.

Mateorentzat farisearren eta saduzearren dotrina bazan, Lukasentzat honeen bizikerea da errefuxatu beharrekoa, irakasten dabenarekin bat ez datorrelako, itxurakerian bizi diralako. Jesusek goitik beherakoak, oso-osokoak gura gaitu: koherenteak esango geuke.

Ebanjelio hau idazten dan aldietan asko bazan Jesusen jarraitzaileek sufritu behar izaten ebena, batez ere erlijino-agintariengandik, maisuengandik, halan ere bildurrik ez izateko eskatzen deutse Jesusek.

Bai, ba: ikasle eta jarraitzaileak maisuagaz bat eginda badagoz haren irakatsietan eta bizikeran, haren zori bardina izango dabe bizitzaren jabearen eskuetan dagozalako.

Bildurra alde batera laga eta Jesusen jarraitzaile eta Jainkoaren gogoko izatearen pozean bizi izan behar dabe, eta ez egun baten izan leikeen sariaren irrikaz.

 

 

 

Urtean Zeharreko XXVIII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Abrahamek sinistu egin eban,
ezelako itxaropiderik ez egoanean itxaropenari eutsiz.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 4, 13. 16-18

    Senideok: Euren oinordekotza mundua izango ebela agindu eutsen Jainkoak Abrahami eta ondorengoei. Agintzari hau, ostera, ez egokion legea betetzeari, sinismenak dauan salbazino-indarrari baino. Beraz, agintzaria, dohai hutsa izanik, fedeari dagokio; holan, Abrahamen ondorengo guztientzat balio dau, legearen arabera ondorengo diranentzat ez ezik, baita Abrahamen sinismenaren arabera diranentzat be. Bera aita dogu guztiok, Liburu Santuak dinoan lez:  «Herri askoren aita egin zaitut». Abraham aita dogu, beraz, Jainkoaren aurrean, harek sinistu egin eban-eta hildakoak biziarazoten eta izaterik ez dabenak izatera dei egiten deutsen Jainkoagan.
    Abrahamek sinistu egin eban, ezelako itxaropiderik ez egoanean itxaropenari eutsiz; holan, herri askoren aita egin zan, Jainkoak esan eutsonaren arabera: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 6-7. 8-9. 42-43 (R/. 8a)

R/.   Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

V/.   Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.

V/.   Gogoan izan eban-eta bere agintzari santua,
Abraham bere zerbitzariari egina.
Pozetan atara eban bere herria,
poz-oihuka bere aukeratuak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Kristo ezarri dau Eleizaren buru.
Haren gorputza da Eleizea.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 1, 15-23

    Senideok: Jesus Jaunagan dozuen sinistearen eta fededun guztienganako dozuen maitasunaren barri jakinik, eten barik nabil zuekaitik eskerrak emoten, neure otoitzetan zuetaz gogoratuz.
    Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuela Espirituaren jakituria eta goi-argia, bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera dei egin deutsuen, zein aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestatua dauan aintza eta zein handia dan sinisten dogunon alde erabiltzen dauan ahalmena.
    Ahalmen eta indar hori Kristogan erakutsi eban Jainkoak, berau hilen artetik biztu eta zeruan bere eskumaldean jesarriarazo ebanean. Jainkoak aginte, ahalmen, indar eta nagusitza guztien gainetik ezarri dau Kristo, eta mundu honetan ez ezik, datorren munduan be aitatu leitekezan izen guztien gainetik.
    Dana jarri dau Jainkoak Kristoren oinazpian, eta berau ezarri dau danen gainetik Eleizearen buru. Haren gorputza da Eleizea, unibertsoa guztiz betetzen dauan Kristok betea.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 2-3a. 4-5. 6-7 (R/. ik. 7a)

R/.   Zeure eskulan guztien buru ipini dozu zeure Semea.

V/.   Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!
Zeruak baino garaiago dan zure handitasuna
goratuko dot
umetxuen eta bularreko seintxuen ahoz. R/.

V/.   Zure eskuen lana dan ortzia
eta sortu dozuzan iretargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 15, 26b. 27a

R/.   Aleluia.

V/.   Egiaren Espirituak autormen egingo dau nire alde,
        dino Jaunak,
        eta zuek be egingo dozue autormen. R/.

 

Ebanjelioa      

Espiritu Santuak adierazoko deutsue une haretan bertan
zer esan behar dozuen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 12, 8-12

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Jentearen aurrean autortzen nauana autortuko dau Gizonaren Semeak be Jainkoaren aingeruen aurrean; baina jentearen aurrean ukatzen nauana ukatu egingo dabe Jainkoaren aingeruen aurrean. Gizonaren Semearen aurka zeozer esaten dauanari parkatuko deutso Jainkoak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten dauanari ez deutso parkatuko.
    Sinagogetara, buruzagien eta agintarien aurrera, eroango zaitueenean, ez ibili arduraz zelan egin edo zer esan zeuen alde, ze, Espiritu Santuak adierazoko deutsue une haretan bertan zer esan behar dozuen».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen aldietako jazoera edo honen iragarpenak baino gehiago emoten dau lehen jarraitzaileek ebanjelio hau idatzi zan aldietan jasaten ebezan erasoaldiak dirala hemen agertzen diranak.

Esan daigun: Jesusek ez dau defendatzailerik behar. Ikasle eta jarraitzaileen eginkizuna ez da Jesus defendatzea, haren lekuko izatea baino (testigu).

Horretarako, lehenengo ikasle izan behar dau eta, ondoren, Maisuaren irakatsiak eta bizikerea bereganatu. Eta oraingo bizikera barria izango da berataz berba egingo dauana. Halantxe izango da Jesusen testigu herritarren artean.

Eta hauxe da agintarien amorrua bizten dauana. Eta honeek erasoaldiekin erantzungo dabe, euren artetik (sinagogetatik-eta) kanpora jaurtiz eta epaileen aurrera eroanez…

Argi dago agintariek ezin dabezala onartu Jesusen irakatsiak; eta honen ikasle eta jarraitzaileek lan handiak izango dabezala autorle izateko, behin baino gehiagok euren bizitzaz ordaintzeraino.

Ez ete da agintarien jarrera hori Jainkoaren aurrez-aurre jartea, Espiritu Santuaren aurkako pekatua?

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...