2022/03/06

XXVII. Astea

Urtean Zeharreko XXVII. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Abiatu zan Jonas,
Jaunagandik urrun ihes egiteko asmoz.

Jonasen Profezia liburuaren hasierea

Jon 1, 1–2, 1. 11

    Honan berba egin eutson Jaunak Jonasi, Amitairen semeari: «Ea, zoaz Ninibe uri handira, eta iragarri egiozu Niganaino heldu dala beraren gaiztakeria». Abiatu zan, bai, Jonas, baina Tarsisera ihes egiteko asmoz, Jaunagandik urrun. Jaffara jatsi eta Tarsisera joian itsasontzi bat aurkitu eban. Bide-saria ordaindurik, ontziratu zan, ontzikoekin batera Tarsisera joateko, Jaunagandik urrun.
    Baina Jaunak haize-zakarra bialdu eban eta ekatx gogorra sortu zan itsasoan, ontzia lehertzeko zorian jarriz. Marinelak, guztiz bildurturik, nor bere jainkoari oihuka egozan. Ontziaren zama arintzeko, hornigaiak itsasora bota ebezan. Bitartean, Jonas ontzi barrenera jatsia zan eta etzunda lozorroan egoan.
    Hurreratu jakon kapitaina eta esan eutson: «Zer egiten dozu hor lotan? Jagi eta dei egiozu zeure Jainkoari, ea gutaz arduratzen dan eta ez garan galtzen».
    Marinelek alkarri inotsen: «Zotz egin daigun, zoritxar honen erruduna nor dan jakiteko». Zotz egin eben, eta Jonasi urten eutson. Orduan, itaundu eutsoen: «Esaiguzu zergaitik datorkigun zoritxar hau. Zein da zure bizibidea? Nondik zatoz? Zein lurralde eta herritakoa zara?»
    Jonasek erantzun eutsen: «Hebrearra naz eta Jauna gurtzen dot, zeruko Jainkoa, itsasoa eta lehorra egin ebazana».
    Eta jazotakoaren barri emon eutsen. Jaunagandik ihesi ebilela jakitean, bildur-ikarak hartu ebazan, eta esan eutsoen: «Zergaitik egin dozu hori? Zer egin behar deutsugu, itsasoa baretzeko?» Izan be, itsasoa gero eta hasarreago egoan.
    Jonasek erantzun eutsen: «Hartu nagizue eta bota uretara, eta baretuko jatzue itsasoa, badakit-eta ekatxa neure erruz etorri jatzuela».
    Halan be, arraunean ebiltzan marinelak, lehorrera heldu nahian; baina alperrik, itsasoa gero eta hasarreago egoan.
    Orduan, Jaunari oihuka hasi jakozan: «Arren, Jauna, ez gaitezela gizon horren erruagaitik galdu, eta ez daigula errubako bat hil! Jauna, Zeuk halan nahita, egin dozu hau guztia».
    Eta Jonas hartu eta itsasora bota eben, eta une berean baretu zan itsasoaren hasarrea. Gizon hareek bildur handia hartu eutsoen Jaunari, eta sakrifizioa eskeini eta promesak egin eutsoezan.
    Jaunak arrain handi bat bialdu eban Jonas irunsteko. Eta hiru egun eta hiru gau egin ebazan Jonasek arrainaren sabelean. Gero, Jonas lehorrera botatzeko agindu eutson Jaunak arrainari.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Jon 2, 3. 4. 5. 8 (R/. 7c)

R/.   Zuk, Jauna, bizirik atara ninduzun lezatik.

V/.   Neure larrialdian dei egin neutsan Jaunari,
eta erantzun eustan.
Hilen Egoitzaren barrenetik egin neban deadar,
eta entzun zenduan nire oihua. R/.

V/.   Itsas hondoraino bota ninduzun,
zurrunbiloak inguratu ninduan,
zure olatu eta ur-tontorrak gainetik igaro jatazan. R/.

V/.   Hau ninoan: «Bota egin nozu zeure begi aurretik.
Noiz ikusi ahal izango dot barriro zure tenplu santua?» R/.

V/.   Hilzorian nengoala,
Zutaz gogoratu nintzan, Jauna;
eta heldu zan nire otoitza Zugana,
zure tenplu santura. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Barri Ona ez dot inongo gizakirengandik hartu edo ikasi;
Jesu Kristok agertu eustan.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 1, 6-12

    Senideok: Harrituta nago, Kristoren onginahiaz dei egin eutsuenagandik aldendu eta beste barri on batera zein bizkor aldatu zarien ikusiz. Ez dago, ostera, beste barri onik; baina badabiltz hor batzuk zuek nahasten, Kristoren Barri Ona goitik behera irauli nahian.
    Beraz, norbaitek, gu geu nahiz zeruko aingeruren bat izanik be, iragarri geuntsuena ez dan beste barri on bat iragartzen badeutsue, izan bedi madarikatua! Lehen be esan neutsuena dinotsuet orain barriro: madarikatua, hartu dozuen Barri Ona ez dan beste bat iragartzen deutsuena!
    Gizakien onespena bilatzen ete dot nik ala Jainkoarena? Gizakiei atsegin emoten ahalegintzen ete naz ni? Oraindino gizakiei atsegin emon nahian banenbil, ez nintzateke Kristoren zerbitzari izango.
    Jakin behar dozue nik iragarri deutsuedan Barri Ona ez dala gizakien asmakizuna, ez dot-eta inongo gizakirengandik hartu edo ikasi; Jesu Kristok agertu eustan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 111 [110], 1-2. 7-8. 9 eta 10c (R/. 5b)

R/.   Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.

V/.   Haren egintzak leial eta zintzo dira,
haren lege guztiak fidagarri,
beti-betiko ezarriak,
leial eta zuzen eratuak. R/.

V/.   Askatasuna emon deutso bere herriari,
betiko ezarri dau bere ituna,
santua eta bildurgarria da haren izena,
betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

 Jn 13, 34

R/.   Aleluia.

V/.   Agindu barria emoten deutsuet, dino Jaunak:
        maitatu dagizuela alkar,
        Nik maite izan zaituedan lez. R/.

 

Ebanjelioa

Nor da nire lagun hurkoa?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 10, 25-37

    Aldi haretan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz itaundu eutson Jesusi: «Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizitza jasotzeko?» Jesusek esan eutson: «Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurtzen dozu?»
    Harek erantzun: «Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez». Jesusek erantzun eutson: «Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizitza izango dozu». Baina, lege-maisuak, itauna bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutson Jesusi: «Eta nor da nire lagun hurkoa?»
    Jesusek, orduan: «Behin baten, bajoian gizon bat Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek, eukazanak kendu eta, egurtu ostean, alde egin eben, erdi hilda itziz. Hatan be, abade bat gertatu zan bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek be: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban.
    Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsozan, olioz eta ardaoz igurtzi ostean; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamonean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsozan, esanez: “Jagon egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut”.
    Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonarekin?» Lege-maisuak erantzun eutson: «Haretaz errukitu zanak». Jesusek esan eutson, orduan:  «Zoaz eta egin zeuk be beste horrenbeste».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Mila bider azaldutako parabola baten aurrean gagoz; buruz ere badakiguna; handik ondorioren bat edo beste ere atara dogu… Baina ez ete dauka gaur eta hemen eta geuri esatekorik? Hurreratu gakiozan, eta aztertu azal-azaletik baino ez bada ere.

Lege-maisuak azpikeriaz galdetzen deutso. Zergaitik azpikeriaz? Ala Legelariak azpikeriaz ibilten dira? Ala ezagutzen eta beteten dauala berak Legea emon nahi deutso ulertzera Jesusi?

Dana-dala, argi dagoana zera da: erlijinoen arriskua; eta horren aurrean adi jarten gaitu. Azaleko erlijiotasunak betekizunetara garoaz, eta ondorengo saria itxarotera.

Ondo ezagutzen dau Legea lege-maisuak. Baina Legea zelan egunerokoan gauzatu ez dau argi ikusten, eta lagun hurkoa nor dan galdetzen dau.

Jesusen erantzunean lagun hurkorik ez dala ulertu behar dogu. Objetiboki ez da lagun hurkorik. Lagun hurkoa neuk egiten dot behartsuagana hurreratzen nazanean.

Hau azaltzeko ipuin ezin probokatzaileagoa kontatzen deutso Jesusek erliojio-zale hari. Kontuan izan samariarra erlijiotik aldendua dala; eta abadea eta levita erlijio-zerbitzariak dirala. Honeek ez-ikusia egiten deutsoe zaurituari. Besteak ostera laztantasunez zaintzen dau.

Ez bagaroaz erlijinoak geure burua behartsuaren lagun hurko bihurtzera, alperrekoa da, Jesusen ustez.

 

 

Urtean Zeharreko XXVII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Euren jokabide gaiztoetatik atzera egin eben ninibetarrek,
eta Jainkoa damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz.

 Jonasen Profezia liburutik

Jon 3, 1-10

    Jaunak Jonasi barriro hitz egin eta esan eutson: «Ea, zoaz Ninibe uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».
    Ninibera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutson lez. Ninibe uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriez: «Berrogei egunen buruan, Ninibe hondatua izango da».
    Sinistu eutsoen ninibetarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran. Heldu jakon barria Ninibeko erregeari be eta, tronutik jagirik, errege-jantziak erantzi eta dolu-jantziz estaldu zan, eta errautsetan jesarri. Gero, erregearen eta haren ministroen agindu hau zabaldu eben Niniben: «Jente eta abere, behi eta ardi, ez begi batek be ezer dastatu, ez beitez larratu, ez begie edan. Jenteak eta abereak estaldu beitez dolu-jantziz; deadar egin begioe indar guztiz Jainkoari eta bihurtu beitez danak euren bide okerretik eta indarkeriazko euren egintzetatik. Beharbada atzera egingo dau Jainkoak be eta damutuko da, beharbada amatatuko da haren hasarre-sumina, eta ez gara galduko».
    Ikusi eban Jainkoak ninibetarrek egin ebena eta euren bide okerretik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz, eta ez eban bete.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 130 [129], 1-2. 3-4. 7-8 (R/. ik. 3)

R/.   Gure erruak gogoan badaukazuz, Jauna,
        nor dagoke zutunik, Jauna?

V/.   Barru-barrutik dei egiten deutsut, Jauna;
entzun, Jauna, nire deia!
Begoz erne zure belarriak
nire erregu-oihura. R/.

V/.   Erruak kontuan badozuz, Jauna,
nork iraun zutunik, ene Jauna?
Baina Zuri parkamena dagokizu,
Zuganako begirunean bizi gaitezan. R/.

V/.   Itxaron begi Israelek Jaunagan,
Jaunarena da-eta maitasuna,
harena askapen betea.
Harek askatuko dau Israel
bere erru guztietatik. R/.


II. urtean

I. Irakurgaiaç

Bere Semea agertu eustan,
haren Barri Ona jentilei iragartzeko.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 1, 13-24

    Senideok: Ezaguna dozue, hoba ez, noizbaiteko nire jokabidea judaismoan: zein gogor pertsegidu neban Jainkoaren eleiz alkartea, bera hondatu nahirik. Judaismoaren barruan, neure adineko herritar askori aurrea hartzen neutsan, geure asaben ohiturak betetzen askoz sutsuago nintzan-eta.
   
Baina Jainkoak, jaio baino lehen bereizi eta bere onginahiaz dei egin eustanak, gogoko izan eban bere Semea niri agertzea, honen Barri Ona jentilei iragarri neien. Nik, orduan, ez neutsan hazur-maminezko inori aholkurik eskatu, ez neban ni baino lehenagotik apostolu ziranen bila igon be Jerusalemera, ezpada ze behingoan Arabia aldera jo neban; gero, Damaskora bihurtu nintzan barriro.
    Handik hiru urtera, Pedro ezagutzera Jerusalemera igon eta hamabost egun egin nebazan haregaz. Beste apostolurik ez neban ikusi, Jaunaren anaia Santiago izan ezik. Jainkoa dot testigu ez dinodala guzurrik, idazten deutsuedan honetan.
    Gero, Siria eta Zilizia eskualdeetara joan nintzan. Judean diran Kristoren eleiz alkarteek ez ninduen oraindino begiz ezagutzen. Entzun, bai, entzuna eben lehengo pertsegitzaile ha, sasoi baten hondatu nahi eban sinismena zabaltzen ebilela orain. Eta Jainkoa goresten eben nigaitik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 139 [138], 1-3. 13-14b. 14c-15 (R/. 24b)

R/.   Gidatu ni, Jauna, betiko bidetik.

V/.   Jauna, Zuk aztertzen nozu eta ezagutzen,
badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.
Urrunetik sumatzen dozuz nire asmoak;
ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,
zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/.   Zuk eratu deustazu barrua,
amaren sabelean eiho nozu.
Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako,
miresgarriak dira zure egintzak! R/.

V/.   Barru-barruraino ezagutzen ninduzun,
nire hazur-maminak ez ziran Zuretzat ezkutu,
isilpean eratzen nenbilela,
lurraren  barruan ehunduz ninoiala. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Lk 11, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
       
eta betetzen dabenak. R/.

 

Ebanjelioa

Martak etxean hartu eban.
Mariak alderdirik onena aukeratu dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 10, 38-42

    Aldi haretan, Jesus herritxu baten sartu zan, eta Marta eritxon emakume batek etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko ahizta bat, eta berau, Jaunaren oinetan jesarrita, haren berbea entzuten egoan.
    Marta, ostera, lanpetuta ebilen etxeko zereginetan. Orduan, Martak Jesusen aurrean jarri eta esan eutson: «Jauna, ez ete deutsu ardura nire ahiztak lan guztia nire gain izteak? Esaiozu laguntzeko».
    Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Marta, Marta, gauza askogaitik zabiltz arduratuta eta larri; baina bakarra da beharrezko. Alderdirik onena aukeratu dau Mariak, eta ez deutso inork kenduko».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jainkoa maitatzea geure burua behartsuaren lagun hurko bihurtzea dala entzun ondoren, zelan ulertu geike Jesusek Martari emoten deutson erantzuna?

Marta ez da danetara heltzen, eta eskatzen dauan laguntza ukatu egiten deutso Jesusek. Etxeko lanak aurrera ataratea baino eginbeharrekoagoa ete da Jesusen irakaspenak entzutea?

Horretantxe dihardu Mariak; eta alderik onena aukeratu dauala dinotso Martari.

Zenbati entzuten jakon primero la obligación y después la devoción. Ondo ulertzen ete dogu, gero, Jesusek dinoana?

Sarriegitan dihardugu eguneroko zereginetan buru-belarri sartuta, lanak gainez egiten deuskula, eta, haren menpean, pozik hartzen ez dogula…

Jesusek geure burua zeri eskeini behar deutsagun dinosku, barru-bakea ez badogu galdu gura, edo lortu gura badogu.

Jesusentzat danetarako dau astia eginbehar bakotxa bere lekuan jarri ezkero. Eta barru bakea eten bada, edo ha barik agertzen bagara, gauzak ez dagoz bakotxa bere lekuan. Hobe, Jesusen entzule izanik, barru-bakez lan egitea.

 

 

Urtean Zeharreko XXVII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Zuk erruki deutsazu landare honi.
Eta Nik ez ete deutsat erruki izango Ninibe uri handiari?

Jonasen Profezia liburutik

Jon 4, 1-11

    Jonasek oso txarto hartu eban Jaunaren erabagia eta sumindu egin zan. Eta otoitz hau egin eutson Jaunari: «Ai, Jauna! Neure herrian nintzala, iruditu jatan, bai, holan jazoko zala. Horrexegaitik, hain zuzen, nahi izan neban Tarsisera ihes egin. Banenkian Jainko bihozbera eta errukiorra zarana, hasarregatxa eta onginahiz betea, bere mehatxuez damutzen dana. Orain, Jauna, kendu niri bizia. Hobe dot hil, bizi baino». Jaunak itaundu eutson: «Ba ete dozu zertan holan sumindu?»
    Jonas, uritik urten eta, uriaren sortaldean jesarri zan. Han txabola bat eraiki eta kerizpean jesarri zan, uriari zer jazoko begira.
    Orduan, Jainko Jaunak landare bat haziarazo eban, Jonas baino handiagoa, buruan kerizpea egin egion eta sukarretik libratu egian. Jonas biziro poztu zan landareagaz.
    Baina biharamonean, egunsentian, har bat bialdu eban Jainkoak; harrak jo eban eta igartu egin zan landarea. Eguzkiak urten ebanean, Jainkoak hego-haize sargoritsua bialdu eban, eta eguzkiak Jonas buruan jo eban, ia konorte barik izteraino. Eta Jonasek heriotza opa izan eban: «Hobe dot hil, bizi baino». Orduan, Jainkoak esan eutson: «Ba dozu zertan holan sumindu, landarea dala-eta?» Jonasek erantzun eutson: «Bai, badot zertan sumindu, eta hiltzeraino sumindu be».
    Jaunak, orduan: «Landare honek ez deutsu lanik emon, zuk ezer egin barik hazi da; egun batetik bestera sortu eta igartu da. Halan be, zuk erruki deutsazu. Eta Nik ez ete deutsat erruki izango Ninibe uri handiari, bertan ona eta txarra bereizten ez dakian ehun eta hogei mila gizaki baino gehiago eta ezin konta ahala abere bizi izanda?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 86 [85], 3-4. 5-6. 9-10 (R/. ik. 15b)

R/.   Ona zara, Jauna, eta parkabera.

V/.   Erruki nitaz, Jauna,
Zuri deika nabil-eta egun osoan.
Alaitu egizu zerbitzari honen bihotza,
Zugana jasoa dot-eta gogoa, Jauna. R/.

V/.   Ona zara, Jauna, eta parkabera,
dei egiten deutsuenentzat onginahiz betea.
Entzun nire otoitza, Jauna,
jaramon egin nire erregu-oihuari. R/.

V/.   Egin dozuzan nazino guztiak
zure aurrean ahuspeztera etorriko dira, Jauna,
eta zure izena ospatzera.
Handia zara, eta mirarigilea,
Zeu bakarrik Jainko. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak niri emondako dohaia aintzat hartu eben.

 

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 2, 1-2. 7-14

    Senideok: Hamalau urteren buruan, barriro Jerusalemera igon neban Bernabegaz, Tito be neugaz neroiala. Goi-agerpen batek eraginda igon neban eta, hango zuzendariekin bakarrean baturik, jentilen artean iragartzen dodan Barri Ona agertu neutsen; ez neban nahi oraingo edo orduko nire ahaleginak alperrekoak izatea.
    Zuzendariek ikusi eben jentilei Barri Ona iragartzeko aukeratu ninduala Jainkoak, judeguei iragartzeko Pedro aukeratu eban lez. Izan be, Pedrori judeguen apostolu izatera eragin eutson Jainkoak berak eragin deust neuri be jentilen apostolu izatera.
    Aintzat hartu eben, bada, Jainkoak niri emondako dohaia, eta  alkarteko zutabetzat hartuak ziran Santiagok, Pedrok eta Joanek eskua emon euskuen Bernaberi eta bioi alkartasun-seinaletzat: guk jentilen artean lan egingo genduan eta hareek judeguen artean. Hau besterik ez euskuen eskatu: gogoan izateko hango behartsuak, eta ardura osoz ahalegindu naz ni hori betetzen.
    Baina Pedro Antiokiara etorri zanean, gogor egin behar izan neutsan aurrez aurre, oker jokatu eban-eta. Izan be, Santiagoren aldeko batzuk etorri aurretik, ez eban eragozpenik judegu ez ziranekin jateko; baina, hareek etorri eta gero, atzera egin eban eta aparte egoten hasi zan, erdainkuntzaren aldeko ziranen bildurrez. Eta gainerako judeguek jarraitu egin eutsoen itxurakeria horretan, Bernabe bera be haretara jarri zala.
    Beraz, Barri Onaren egiaren bidetik zuzen ez ebiltzala ohartu nintzanean, hau esan neutsan Pedrori danen aurrean: «Zu, judegu izanik, jentil lez bizi bazara eta ez judegu lez, zelan behartzen dozuz jentilak judegu lez bizitzera?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 117 [116], 1. 2 (R/. Mk 16, 15)

R/.   Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, nazino guztiok,
goratu egizue, herri guztiok. R/.

V/.   Sendoa da-eta guretzat haren maitasuna,
beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Erm 8, 15bc

R/.   Aleluia.

V/.   Seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue,
       
eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!»,
        iragartzen deutsagu Jainkoari. R/.

 

Ebanjelioa

Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 1-4

    Aldi haretan, Jesusek otoitzean ziharduan leku baten; amaitu ebanean, ikasleetariko batek esan eutson: «Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
     Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue:

“Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emoiguzu egunean eguneko ogia,
eta parkatu gure pekatuak
geuk be zor deuskuen guztiei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten”».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer uste dogu: Jesusek behin eta barriro errepikatzen ebala Aitagurea otoitz egiten ebanean?

Ikasleek egiten deutsoen eskariari Jesusek formula bat luzatuz erantzuten deutso. Baina formula hori lagungarria litzateke; ibili ezin dauanarentzat taka-taka langoa izango litzateke. Honen helburua ibilten ikastea da, eta ez beti haren beharrean jarraitzea.

Formulea bera ez dala hain garrantzitsua, bat baino gehiago daukaguzala da. Euretan zera azpimarratu geike: orduko otoitzen helburua Jainkoagandik urruntzea bazan, Jesusen formulan Jainkoaganako konfiantzea dogu nabari; harengana hurreratu egiten gaitu, konfiantza osoaz gure barrua zabaltzeraino.

Hau egiten ikasiz, ez dogu taka-takarik­ behar, ez dogu formularik behar. Jainkoaren aurrean konfiantzaz jarriko gara, harek guretzat daukanaren barri izateko eta bere arabera, ez geure ustezko beharren arabera, jarduteko.

 

 

 

Urtean Zeharreko XXVII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Badator eguna, labea baizen kiskalgarria.

Malakiasen Profezia liburutik

Ml 3, 13-20a

    «Hitz gogorrak esan dozuez nire kontra —dino Jaunak—. Eta halan be, "Zer esan dogu, ba, zure kontra?" dinozue. Hara zer esan dozuen: "Alperrik da Jauna zerbitzea. Zer lortzen dogu haren aginduak betez eta Jaun ahalguztidunaren aurrean dolu eginez? Kontrara bai, harroak zoriontsu dirala ikusten dogu. Gaizkileak gero eta hobeto bizi dira eta, Jainkoari erronka eginda be, zigorrik barik gelditzen dira"».
    Orduan, Jaunari begirune eutsoenek alkarren artean berba egin eben. Jaunak arretaz entzun eutsen. Jaunaren aurrean liburu bat idatzi eben, berari begirune deutsoenen eta aintzat hartzen dabenen oroigarritzat.
    Hau dino Jaun ahalguztidunak: «Neureak izango ditut horreek, neure jaubetza berezi, Nik ekingo deutsadan egunean. Erruki izango deutset, aitak seme zintzoari erruki deutson lez. Orduan barriro ikusiko dozue zintzoaren eta gaiztoaren arteko aldea, Jainkoa zerbitzen dauanaren eta ez dauanaren arteko aldea».
    Hau dino Jaun ahalguztidunak: «Badator eguna, labea baizen kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak galtzu izango dira, eta zehatz kiskalduko ditu etortzekoa dan egunak; ez deutse itziko, ez sustrairik, ez abarrik. Baina zuentzat, nire izenari begirune deutsazuenentzat, eguzkia lez agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6 (R/. Sal 40 [39], ik. 5a)

R/.   Zorionekoa
        Jaunagan itxarobidea jartzen dauana!

V/.   Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesartzen be;
Jaunaren legean atsegin dauana,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

V/.   Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk igartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

V/.   Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzekoak dira.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Legea betetzeagaitik ala mezuari sinismenez erantzuteagaitik
hartu dozue Espiritua?

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 3, 1-5

    Galaziar zentzunbakook, nork liluratu zaitue? Ez ete neutsuen nik Jesu Kristo kurutzeratuaren irudia begien aurrean ipini? Hau besterik ez dot jakin nahi zuengandik: legea betetzeagaitik ala mezuari sinismenez erantzuteagaitik hartu dozue Espiritua? Horren zentzunbakoak ete zarie? Espirituagan uste ona izatetik hasi eta giza indar hutsean uste ona jarriz amaitu behar ete dozue? Horren esperientzia ederrak alperrik! Izan be alperrik izango litzatekez-eta... Hara, Jainkoak Espiritua emon eta zuen artean mirariak egiten dituanean, zuek legea betetzeagaitik dabil ala mezuari sinismenez erantzun deutsazuelako?

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Lk 1, 69-70. 71-72. 73-75 (R/. ik. 68)

R/.   Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
        agertu eta bere herria askatu dauana!

V/.   Salbazino-indarra deusku emon
bere morroi Daviden etxean.
Halan berbea emonda eukan antxinatik
bere profeta santuen ahoz. R/.

V/.   Salbatuko ginduzala geure arerioen menpetik,
gorroto gaituen guztien eskutik.
Holan agertu dau gure gurasoenganako errukia
eta gogoratu da bere itun santuaz. R/.

V/.   Gure guraso Abrahami egindako zinaz:
berak emongo euskula,
arerioen eskutik askaturik,
bildur barik bera zerbitzea,
santu eta zuzen izanez haren aurrean
geure bizitza guztian. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu daiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa      

Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 5-13

    Aldi haretan, esan eutsen Jesusek ikasleei: «Emon daigun, zuetariko batek lagun bat daukala eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emoidazak hiru ogi, bihurtuko deuazat-eta; lagun bat etorri jatak bidaian eta ez jaukat zer eskeini”. Emon daigun, besteak barrutik erantzuten deutsola: “Itzi nagik bakean! Atea itxita jagok, eta umeak eta ni oheratuak; ezin naitekek emotera jagi”. Hauxe dinotsuet: adiskidea daualako ez bada be, aspergarri izan ez dakion behintzat, jagi eta emon egingo deutso behar dauana».
    Hauxe dinotsuet, beraz: «Eskatu, eta emongo deutsue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko dozue; jo atea, eta zabalduko deutsue; ze, eskatzen dauanak hartu egiten dau, bilatzen dauanak aurkitu, eta atea jotzen dauanari zabaldu egiten jako.
    Zuetariko nonork, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emongo ete deutso arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta, eskorpioia emongo ete deutso? Beraz, zuek, gaiztoak izanik be, zeuen seme-alabei gauza onak emoten badakizue, zenbat gehiago ez ete deutse zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emongo eskatzen deutsoenei!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Badago esaten dauanik “Jainkoak ez daukala guri zer emonik, aurretiaz daukalako guri dana emonda, oso-osoan emon jakulako bera”. Geuri dagokigu, ba, horren barri izatea eta horren kontzientzia hartzea.

Orduan? Ez dauka zentzurik eskari otoitzak? Ez dino hori. Baina bai badinola otoitzaren helburua Jainkoak entzun daiala eta geure eskarietara makurtu daitela bada, alperrekoa dala, ez dogula ondo ulertu otoitza.

Otoitzaren helburua ez da Jainkoaren entzumena zulatzea, edo haren bihotza samurtzea, edo haren adimena geuganatzea, geure beharrizanen barri izatea baino, eta hareen kontzientzia geuk hartzea.

Horrela, otoitzaren helburua ez da Jainkoaren jarrerea aldatzea, geure jarrerea aldatzea baino. Otoitzaren bidez Jainkoaren aurrean jarten doguz gure beharrizanak, eta konturatu geintekez zenbateraino diran benetakoak eta zenbateraino daukaguzan geure esku eta ez garan konturatzen.

Sarritan, maitasunez begiratzea baino ez dago geuretik onena emoteko, aita batek bere semeagaz jarduten dauan eran.

 

 

Urtean Zeharreko XXVII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunaren eguna,
ilunpe-eguna eta kerizpe baltzeko eguna.

Joelen Profezia liburutik      

Jl 1, 13-15; 2, 1-2

    Jantzi zaiteze doluz eta egin negar, abadeok;
egizue garrasi, altarako zerbitzariok;
zatoze, emon gaua dolu-jantziz estalduta, Jaunaren zerbitzariok;
labore-oparirik eta isur-oparirik barik
gelditu da-eta Jainkoaren etxea.

Antolatu egizue baraualdia; egin batzarrerako deia;
batu zaiteze arduradunok eta herritar guztiok
Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxean
eta egin oihu Jaunari.
Ai! Hau eguna, hau! Bertan da-eta Jaunaren eguna.
Ahalguztidunaren hondamen-indarrez dator.

Jo turuta Sionen, egin irrintzi nire mendi santuan!
Ikaratu bedi lurraldeko jente guztia,
badator-eta Jaunaren eguna, gainean da:
ilunpe-eguna eta kerizpe baltzeko eguna,
hodei-eguna eta laino baltzeko eguna.
Hor dator, egunsentia mendi gainetara lez,
gudaroste ugari eta indartsua.
Ez da egundo holakorik ikusi,
ezta ikusiko be barriro gizaldien gizaldietan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 9 A, 2-3. 6 eta 16. 8-9 (R/. 9a)

R/.   Justiziaz gobernatzen dau Jaunak mundua.

V/.   Jauna, bihotz-bihotzez zaitut goratuko,
zure egintza ospetsuak ditut iragarriko,
zure ohorez poztu eta jai egingo,
zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatuko. R/.

V/.   Jentil-herriei gogor egin deutsezu,
gaiztoak hondatu dozuz,
hareen izena betiko ezereztu.
Eurek egindako zulora jausi dira jentil-herriak,
eurek jarritako sarean trabatu jake oina. R/.

V/.   Jauna, barriz, errege da betiko,
ezarri dau aulkia auzirako;
justiziaz gobernatzen dau mundua,
zuzenbidez epaitzen herriak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Fedetik bizi diranek hartzen dabe bedeinkazinoa
Abraham sinistedunagaz batera.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 3, 7-14

    Senideok: Jakin egizue, fedetik bizi diranak, horreek dirala Abrahamen benetako ondorengo. Aldez aurretik ikusi eban Liburu Santuak, Jainkoak fedeagaitik hartuko ebazala zuzentzat jentilak; holan, aldez aurretik adierazo eutson Abrahami barri on hau: «Zure bitartez bedeinkatuko ditut herri guztiak». Holan, ba, fedetik bizi diranek hartzen dabe bedeinkazinoa Abraham sinistedunagaz batera.
    Legeko egintzetan oinarritzen diranak, barriz, madarikazinopean dagoz; hau dino, esan be, Liburu Santuak: «Madarikatua legeko liburuan idatzitako guztiak gogoan hartzen eta betetzen ez dituana». Gauza agiria da Jainkoak ez dauala inor legea betetzeagaitik zuzentzat hartzen; izan be Liburu Santuak dino: «Zintzoa bere fedeari esker biziko da». Legearen bideak, ostera, ez dau zerikusirik fedearen bideagaz. Baina, Liburu Santuak dinoan lez, «legeko aginduak betetzen dituana, eurei esker biziko da».
    Kristok legearen madarikazinotik askatu gaitu, bere burua gugaitik madarikazino eginez, Liburu Santuak dinoan lez: «Madarikatua habetik dingilizka dagoana». Abrahamen bedeinkazinoa Jesu Kristoren bidez jentilengana heldu dadin jazo da hori, eta aginduriko Espiritua fedeagaitik hartu daigun.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 111 [110], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 5b)

R/.   Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.

V/.   Ospetsu eta eder haren egintza,
betiko dirau haren salbazino-asmoak.
Bere mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra da Jauna eta bihozbera. R/.

V/.   Begirune deutsoenei janaria emon deutse,
gogoan dau beti bere ituna.
Egintzetan agertu deutso bere indarra herriari,
beste nazinoen lurraldeak emonez berari. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 12, 31b-32

R/.   Aleluia.

V/.   Oraintxe galduko dau bere agintea
        mundu honetako buruzagiak, dino Jaunak;
        eta Nik, lurretik jasoko nabenean,
        Neugana erakarriko ditut danak. R/.

 

Ebanjelioa      

Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut,
garbi dago heldu dala zuengana Jainkoaren erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 15-26

    Aldi haretan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek, ostera, holan inoen: «Deabruen buruzagi dan Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen.
    Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta esan eutsen: «Bere barruan zatiturik dagoan erreinua hondatu egingo da eta etxea etxearen gainera jausiko. Era berean Satanas be: bere barruan zatiturik badago, zelan iraun leike haren erreinuak? Zuek dinozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen dodaz. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen badodaz, noren indarrez botatzen ditue zuen ikasleek? Horregaitik, zeuon ikasleak izango dozuez epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen badodaz, garbi dago heldu dala zuengana Jainkoaren erreinua.
    Gizon indartsu batek, armatuta, bere jauregia jagoten dauan bitartean, seguru daukaz bere ondasunak. Baina indartsuago dan batek eraso eta menperatzen badau, ziurtasuna emoten eutsoen armak kendu eta banatu egiten ditu hari harrapaturiko ondasunak.
    Nire alde ez dagoana nire aurka dabil, eta Nirekin batzen ez dauanak banatu egiten dau».
    Espiritu gaiztoa, norbaitengandik urten ostean, leku lehorretan zehar ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez dauanean, bere buruari esaten deutso: “Bihurtu naiten urten neban neure etxera”. Heltzean, etxea garbituta eta apainduta aurkitzen dau. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen. Holan, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Pasarte honetan Jesus burruka bitan sartuta aurkitzen dogu: txarkeriaren (Beeltzebulen) aurka, alde batetik, eta han agertzen diran batzuen (Mateorentzat Farisearrak) aurka bestetik.

Beeltzebul edo Deabrua edo Satanas izenek atzeraka eragiten deuskue, ezin geikez onartu. Baina txarkeriaren nortasuna dirala jakinik, autortu daigun badala txarkeria… eta Jesusek, bere izakereaz, hitzaz eta egitez, txarkeria uxatu eta menperatu egiten dauala.

Farisearrek ere, euren ikasleei, zelan-halango exorzismoak irakasten eutseezan. Baina ezin onartu daikee Jesusen ahalmen handia.

Eta horra Jesusen erantzunak eta oharrak parabola bidez. Zergaitik bihotza hain zarratuta euki eta jazoerei ez-ikusia egin? Zergaitik onartu ez aldi barrietan gagozala Jesusen eskutik?

Eta, onartuta ere, ez dago dana eginda: zuhur eta adi egon behar da txarkeria ez da-eta nekatzen: beti dabil bila.

Izen gogoan: Jesusegaz batzen ez dauanak sakabanatzen dihardu…

 

 

Urtean Zeharreko XXVII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Sartu igitaia, uzta heldu da.

Joelen Profezia liburutik      

Jl 4, 12-21

    Hauxe dino Jaunak:
«Jagi eta betoz herriak Josafateko zelaira,
han jesarriko naz-eta, inguruko herri guztiak epaitzeko.
Sartu igitaia, heldu da uzta;
etorri eta zapaldu,
dolarea beterik dago, upelak gainezka,
handia da-eta hareen gaiztakeria.

Jentetzak eta jentetzak, Epai-zelaian,
gainean da-eta Jaunaren eguna, Epai-zelaian.
Eguzki-iretargiak ilundu egiten dira,
izarrek euren distira galtzen dabe.
Orroe dagi Jaunak Siondik, deadar Jerusalemdik,
eta ikara dira zeru-lurrak.
Baina Jauna babes da bere herriarentzat,
gotorleku Israelgo seme-alabentzat.
Orduan ezagutuko dozue Neu Jauna nazala zuen Jainkoa
eta Sion neure mendi santuan bizi nazala.
Jerusalem toki santu izango da
eta ez da handik arrotzik igaroko.

Egun haretan, mendiek ardaoa emongo dabe,
muinoei esnea jarioko jake.
Judako erreka guztiak urez beteak joango dira.
Iturria sortuko da Jaunaren etxetik
eta Akazi ibarra ureztatuko dau.
Egipto basamortu bihurtuko da, Edom eremu gorri,
Judako seme-alabei eginiko gogorkeriakaitik,
hareen lurraldean isuritako odol errubakoagaitik.
Judak, barriz, beti izango ditu bizilagunak,
baita Jerusalemek be, gizaldiz gizaldi.
Ez dot hareen odola gehiago ordainik barik itziko.
Eta Jauna Sionen biziko da».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 97 [96], 1-2. 5-6. 11-12 (R/. 12a)

R/.   Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook.

V/.   Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu beitez ugarte ugariak!
Laino eta hodei baltzak ditu inguruan,
justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.

V/.   Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,
lur osoaren Jaubearen aurrean.
Zeruek haren salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri guztiek haren ospea ikusten. R/.

V/.   Argia sortzen da zintzoarentzat,
poza bihotz zuzenekoentzat.
Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz
. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarie
inismenari esker.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako epistolatik

Ga 3, 22-29

    Senideok: Liburu Santuek dinoenez, dana pekatupean katigu dago, holan, Jesu Kristogan sinisten dabenek fedeari esker hartu dagien agintzaria.
    Fedearen sasoia heldu baino lehen, legepean katigu gengozan, agertzekoa zan fedearen zain. Halan, legea gidari izan genduan, gu Kristogana bideratzeko, honengan sinistuz Jainkoak zuzentzat hartu gengizan. Baina fedearen sasoia heldu ezkero, ez gagoz gehiago gidariaren menpe. Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarie, Kristo Jesusengan dozuen sinismenari esker.
   Izan be, Kristogan bateatuak zarien guztiok Kristoz jantzita zagoze. Ez da honezkero bereizketarik judeguaren eta judegu ez danaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoen eta emakumezkoen artean; zuek guztiok bat zarie-eta Kristo Jesusengan. Eta Kristorenak bazarie, Abrahamen ondorengo zarie, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 8a)

 

R/.   Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak.
Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok. R/.

V/.   Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia.
Ekarri gogora harek egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.

V/.   Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok.
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 11, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
        eta betetzen dabenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Zorionekoa sabelean eroan zinduzan emakumea!
Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzuten dabenak!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 11, 27-28

    Aldi haretan, Jesusek gauza honeek jenteari esaten ziharduala, emakume batek jente artetik deadarka esan eban: «Zorionekoa sabelean eroan zinduzan eta bularra emon eutsun andrea!»
    Baina Jesusek esan eban: «Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren berbea entzuten eta betetzen dabenak!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gure kulturan eta ulerkeran, emakume honen aldarriak Jesusen ama, Maria, goraltzen dauala ulertzen dogu.

Baina kultura haretan emakumea ezer gitxi zan. Eta semea handia, entzutetsua edo zeozer bazan, harexek egiten eban handi ama. Semeari esker zan ama handi.

Aldarri honek, ba, Jesus goraltzen dau, eta honengan zeozer aurkitu dauan emakume batengandik sortua da. Behar bada, emakume harek, Jesusi entzunez, liberauta aurkitzen dau bere burua, eta aldarrikatu egiten dau.

Eta Jesusek, goralpen hori beretzat hartuz, harago eroan gura dau. Benetan handia (benetako gizakia) Jainkoaren hitza entzuten dakiana da.

Benetan entzuten dakiana ez da entzute hutsean geratuko. Entzuna beteten ahaleginduko da. Eta honexek, entzuna beteteak, egingo dau benetako gizaki, salbauko dau.

Kontuz baina! Ez daigun uste izan Jainkoaren hitza liturgian edo ebanjelioan baino ez dogula entzuten. Ingurura begiratzen dakianak ez dau askorik behar izango Jainkoaren hitza entzuteko… Gizakiago egiten dauan edozertan aurkitu daike batek Jainkoaren hitza.

Hitz hori salbagarri bihurtzen da bere bizitzan gauzatzen (beteten) dauanagan.

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...