Urtean Zeharreko XXV. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoaren
herriko diran guztiak igon begie Judako Jerusalemera,
eta eraiki
begioe etxea Jaunari.
Esdras liburuaren hasiera
Esd 1, 1-6
Pertsiako errege Ziroren lehenengo urtean,
Jeremias profetaren ahoz Jaunak esana bete zedin, Pertsiako errege Zirori
barrutik eragin eutson Jaunak, eta harek agindu hau zabaldu eban, hitzez eta
idatziz, bere erreinu osoan:
«Hau dino Pertsiako errege Zirok:
"Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta
Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu deust. Beraz, zuen artean
haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon begie
Judako Jerusalemera, eta eraiki begioe etxea Jerusalemen dagoan Jainkoari,
Israelen Jainko Jaunari. Bizirik gelditutako israeldarrei lagundu begie bizi
diran inguruko jenteak: emon begiez zidarra, urrea, ondasunak, abereak eta nork
bere borondatezko opariak, Jerusalemen dagoan Jainkoaren tenplurako"».
Orduan, urteteko prestatu ziran Judaren eta
Benjaminen familietako buruak, abadeak eta lebitarrak, hau da, Jerusalemen
dagoan Jaunaren tenplua eraikitzera joateko Jainkoak barrutik eragin eutsen
guztiak. Auzokoek eskuzabal lagundu eutsien, eta zidar eta urrezko ontziak,
ondasunak, abereak eta bitxi ederrak emon eutsiezan, nork bere borondatez
eskeinitakoaz gainera.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 126 [125], 1-2b. 2c-3. 4-5. 6 (R/. ik. 3a)
R/. Gurekin handikiro jokatu dau Jaunak.
V/. Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan
lez gengozan.
Barrez
bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz
mihina. R/.
V/. Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro
jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro
jokatu dau Jaunak gure alde,
eta
pozarren gagoz! R/.
V/. Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek
basamortua lez.
Malkoz
erein ebenek
pozez
batzen dabe. R/.
V/. Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa
eroanez;
poz-oihuka
datoz,
gari-txolak
ekarriz. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gorroto deutso Jaunak maltzurrari.
Esaera Zaharrak liburutik
Es 3, 27-34
Ene seme, ez ukatu mesederik behar dauanari,
zure
esku badago egitea.
Lagunak
behar dauana badozu, ez esan berari:
«Zoaz
eta bihurtu, bihar emongo deutsut».
Ez
pentsatu txarto egiterik zugaz nasai bizi dan lagunari.
Ez
hasi inogaz auzitan arrazoirik barik,
berak
ez badeutsu ezelako kalterik egin.
Ez
zaitez indar zalearen inbidiaz bizi,
ezta
hartu be haren biderik.
Gorroto
deutso Jaunak maltzurrari,
baina
bere konfiantza emoten zuzenari.
Gaiztoaren
etxea dau Jaunak madarikatzen
eta
zintzoaren egoitza bedeinkatzen;
harroputzei
burla deutse egiten, eta apalei babesa emoten.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. ik. 1b)
R/. Zintzoa zure mendi santuan biziko da, Jauna.
V/. Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean
egiazale izan
eta
mihinaz inor loitzen ez dauana. R/.
V/. Hurkoari gatxik egiten ez deutsona,
auzokoa
iraintzen ez dauana.
Jaunak
baztertua gitxiesten dauana
eta jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.
V/. Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta
errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan
jokatzen dauana
ez
da sekula kili-kolo egongo. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 5, 16
R/. Aleluia.
V/. Zuen argiak danen aurrean egin behar dau
argi,
zuen
egintza onak ikusiz,
zeruko
zuen Aita goratu dagien. R/.
Ebanjelioa
Argimutilaren
gainean ipintzen dau argia,
sartzen diranek
argia ikusi dagien.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 16-18
Aldi
haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Inork ez dau argia biztuten eta
ontzipean gordetzen edota ohepean ipintzen, ezpada ze, argimutilaren gainean
ipintzen dau, sartzen diranek argia ikusi dagien. Izan be, ez dago ezer gordeta
agertuko ez danik, ezta ezkutuan be jakingo eta argiratuko ez danik.
Begiratu,
beraz, zelan entzuten dozuen! Izan be, daukanari emon egingo jako; ez
daukanari, ostera, badaukala uste dauana be kendu egingo jako».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Batez ere ikasleentzako dei-oharrak dira entzundakook. Jainkoaren hitza, bizitza argitu behar dauan argia, ez da gordeta eukiteko.
Jakinik argia egiteko argizariak edo orioak gitxitzen joan behar dauala, galtzearen bildurrez, argi egiteari itzi egin leio. Hau ez da onartzekoa.
Argia (Jainkoaren Hitza) ez da hartzen, ba, gordeta eukiteko katepean, bildurrez... Hauxe litzateke ontzipean gordeta eukitea, edo argi egin ez daian leku baten (ohepean) eukitea.
Ikasleak ardura handiz hartu behar izango dau Jainkoaren hitza zabaltzea, argi egitea, horretarakoxe hartu dau-eta argia. Beharrezko izango dau, ba, berak biztuta egotea.
Baina ondo entzun ete dau? Hementxe dago gakoa. Ikaslea ezin ibili daiteke ustez. Ondo entzun behar dau, hartu dauana, eta ez uste dauana iragarteko.
Jainkoaren hitza ez da norberea, hartua baino, eta zabaltzeko hartua, ez gordeta eukiteko.
Urtean Zeharreko XXV. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Amaitu eben
Jainkoaren etxea eraikitzea,
eta Pazkoa
ospatu eben.
Esdras liburutik
Esd 6, 7-8. 12b. 14-20
Egun
hareetan, Pertsiako errege Dariok hau idatzi eutsen Eufrates ibaiaren
sartaldeko agintariei:
«Itzi
judeguen gobernariari eta herri-arduradunei Jaunaren etxeko lanak egiten;
eraiki dagiela Jainkoaren etxea lehengo leku berean. Hona zelan jokatu behar
dozuen Jainkoaren etxea eraikitzen diharduen herri-arduradunekin: gizon horreen
gastuak Eufrates ibaiaren sartaldeko eskualdean batutako erregearen
zerga-dirutik ordainduko dira, zehatz-mehatz eta eten barik. Neuk, Dariok,
emoten dot agindu hau. Bete bedi zehatz-mehatz».
Judeguen
arduradunek ondo eroan ebezan aurrera eraikitze-lanak, Ageo profetaren eta
Idoren seme Zakariasen profeziaren arabera; eta eraiki eben azkenean etxea,
Israelen Jainkoak eta Ziro, Dario eta Artaxerxes Pertsiako erregeek agindu eben
lez. Adar hilaren hogeta hiruan amaitu eben etxea, Darioren erregealdiko
seigarren urtean.
Israeldarrek,
abadeek, lebitarrek eta erbestetik etorritako beste guztiek pozik ospatu eben
Jainkoaren etxearen sagarapen-jaia. Jaietan ehun zezen eskeini ebezan, berrehun
ahari eta laurehun bildots; baita hamabi aker be, Israelgo leinu bakotxeko bat,
Israel osoaren pekatuen parkamen-oparitzat. Gero, abadeak euren mailetan eta
lebitarrak euren taldeetan ezarri ebezan Jainkoaren zerbitzurako Jerusalemen,
Moisesen liburuan idatzita dagoan lez.
Erbestetik
etorriek lehenengo hilaren hamalauan ospatu eben Pazkoa. Lebitarrek egin eben
garbikuntza guztiek batera; beraz, garbi egozan danak; holan, erbestetik
etorritako guztientzat, euren senide abadeentzat eta eurentzat, hil ahal izan
ebezan pazko-bildotsak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 122 [121], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 1b)
R/. Goazen pozik Jaunaren etxera!
V/. Hau bai poza nirea, esan eustenean:
«Goazen
Jaunaren etxera!» .
Hona
orain nire oinak
zure
ateetan, Jerusalem. R/.
V/. Jerusalem, uri lez ondo eraikia,
beragan
sendo batua! R/.
V/. Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen
lege danez, Jaunaren izena gorestera.
Han
dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden
jauregiko mahaiak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Esaera batzuk.
Esaera Zaharrak liburutik
Es 21, 1-6. 10-13
Erregearen bihotza ubidea da Jaunaren
eskuetan:
nahi
dauan alderantz zuzentzen dau.
Gizakiak
zuzen deritxe haren jokabide guztiei,
baina
Jaunak ditu kontzientziak aztertzen.
Nahiago
dau Jaunak gizakiak justiziaz eta zuzenbidez jokatzea,
sakrifizioak
eskeintzea baino.
Begirada
harroa, gogo handinahia,
gaiztoen
argia: dana da pekatu.
Saiatuaren
egitasmoak irabazia,
zalapartaka
dabilenarenak beti pobrezia.
Guzurrez
altxorrak eskuratzea
heriotzara
daroan amets alperrekoa da.
Gaiztoak
txarra dau gogo biziz deseatzen,
Harroputza
zigortzean, zuhur bihurtzen da heldubakoa,
eta,
zuhurrari dagokion heziketaz, lortzen dau jakintza.
Jainko
zuzena begira dago gaiztoaren etxekoei:
hondamenera
botatzen ditu gaiztoak.
Behartsuaren
oihuari belarriak ixten deutsozanari
ez deutsoe
entzungo berari be, deadar egitean.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 1 eta 27. 30 eta 34. 35 eta 44 (R/. 35a)
R/. Gidatu nagizu, Jauna, zeure aginduen bidetik.
V/. Zorionekoak jokabide akats bakoa dabenak,
Jaunaren
lege-bidean dabiltzanak.
Ulertarazo
niri zeure legeen bidea,
eta
hausnartuko ditut zure egintza harrigarriak. R/.
V/. Leialtasun-bidea dot aukeratu,
aurrean
ditut zure erabagiak.
Emoidazu
ulermena, eta beteko dot zure legea,
bihotz-bihotzez
dot gordeko. R/.
V/. Gidatu nagizu zeure aginduen bidetik,
horixe
dot-eta atsegin.
Eten
barik nahi dot gorde zure legea,
betiren
beti. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Lk 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun
eta
betetzen dabenak. R/.
Ebanjelioa
Honeek ditut
Nik ama eta anai-arreba:
Jainkoaren
hitza entzun eta betetzen dabenak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 19-21
Aldi haretan, ama eta anai-arrebak joan
jakozan Jesusi, baina jentearen jenteaz ezin heldu ziran beragana. Eta jakin
eragin eutsoen Jesusi: «Hor dituzu kanpoan ama eta neba-arrebak, Zeu ikusi
nahian».
Jesusek erantzun eutsen: «Honeek ditut Nik
ama eta anaia-arreba: Jainkoaren berbea entzun eta betetzen dabenak».
Jaunak esana.
IRUZKINA
«Alkarturik errezatzen dauan familiak alkarturik irauten dau» esaten zan aldiko baten. Eta familia osoa arrosarioaren inguruan alkartzen zan. Gaur amestu ere ezin daiteke egin holangorik.
Hemen beste gauzarik ikusten dogu: Jesusentzat Jainkoaren Hitza da alkartasun indar. Eta haren inguruan eraikitzen dan familia da benetakoa. Kontuan izanik Jainkoaren hitza, entzunez gain, bete ere egin behar dala.
Jesusen haragi-familia Israel zaharraren irudi da. Jesusen bila doaz haren altzora bihurtu daiten. Baina Jesusek beste aukera bat egin dau: Aitatzat Jainkoa aukeratu dau, eta honexen antzeko izan behar dau.
Onura handia da familia; haretatik kanpo norbera ez da ezer; eta han aitarenera emon behar da. Jesusek ezin dau Joserenera emon, lotuta eta mugatuta aurkituko leukelako bere burua.
Zeruko Aitarenera emoten dau eta holan familia zabalago baten aukerea egin dau; etxekoak ere haraxe dagoz deituak, eta Jainkoaren Hitza izango dabe ardatz.
Urtean Zeharreko XXV. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Geure Jainkoak
ez gaitu eskutik itzi
geure
esklabotzan.
Esdras liburutik
Esd 9, 5-9
Nik, Esdrasek, arratsaldeko opari-orduan
urten neban neure nahigabe-alditik; soinekoa eta soingainekoa urratuta
nebazala, belauniko jarri eta Jaunagana, neure Jainkoagana, jaso nituan eskuak,
eta esan neutsan:
«Ene Jainko, lotsa gorrian nago begiak
Zugana jasotzeko; geure gaiztakeriek buruz gain egin deuskue eta gure pekatuak
zerurainokoak dira. Gure gurasoen egunetatik gaur arte handia izan da gure
errua; geure gaiztakeriakaitik, atzerriko erregeen esku jausi gara gu eta gure
erregeak eta gure abadeak, eta ezpata eta katigutza, harrapaketa eta lotsa
gorria jasan behar izan dogu, eta horixe da gaurko gure egoerea.
Baina orain, bat-batean, mesede egin deusku
Jaunak, geure Jainkoak: bizirik gorde dau herriaren zati bat eta bere toki
santuan bizitzen itzi deusku; geure Jainkoak begiak argitu deuskuz eta arnasa
emon deusku geure esklabotzan. Esklabo gara-eta; baina gure Jainkoak ez gaitu
eskutik itzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geuganatu deusku
eta indarbarritu egin gaitu, geure Jainkoaren etxea eraiki eta haren horma jausiak
jasotzeko, eta babesa emon deusku Judan eta Jerusalemen».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Tb 13, 2. 3-4a. 4bcd. 5. 8 (R/. 2a)
R/. Bedeinkatua, beti bizi dan Jainkoa!
V/. Berak dau zigortzen eta bera da errukitzen,
berak
dau jatsiarazoten Herio-leza sakonera,
eta
berak igonarazoten Hondamendi handitik;
ezerk
ez dau ihes egiten haren eskutik. R/.
V/. Emon ospe Jaunari, israeldarrok, nazinoen
aurrean,
harek
sakabanatu zaitue-eta hareen artean,
han
erakutsi deutsue bere handitasuna. R/.
V/. Goratu egizue bizidun guztien aurrean,
ha
da-eta gure Jaun eta Jainko,
bera
gure Aita gizaldien gizaldietan. R/.
V/. Zigortu egin zaitue zeuen
bidebakokeriakaitik,
baina
errukiz hartuko zaitue guztiok
eta
batuko, sakabanatu zaituen nazino guztietatik. R/.
V/. Bihurtu zaiteze, pekatariok,
egin
haren aurrean zuzen dana!
Nork
daki ez ete zaituen maite izango,
ez
ete dan zuetaz errukituko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ez nagizu egin
ez txiro, ez aberats;
emon bakarrik
bizitzeko behar dodana.
Esaera Zaharrak liburutik
Es 30, 5-9
Ondo egiaztatuak dira Jainkoaren berba
guztiak;
babesten
ditu beragana jotzen dabenak.
Ez
gehitu ezer haren hitzei,
agiraka
egin eta guzurtitzat itzi ez zagizan.
Gauza
bi eskatu deutsudaz, ene Jainko,
ez
niri ukatu bizi nazan artean:
urrundu
nigandik faltsukeria eta guzurra;
ez
nagizu egin ez txiro, ez aberats;
emon
bakarrik bizitzeko behar dodana,
izan
be, asebeterik, baleiteke Zu ukatu
eta
esatea: «Nor da Jauna?»,
edo,
beharrizanean aurkituz, lapurretari emon
eta
nire Jainko horren izena iraintzea.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 29 eta 72. 89 eta 101. 104 eta 163 (R/. 105a)
R/. Kriseilu da zure hitza, Jauna, nire oinentzako.
V/. Aldendu nigandik jokabide faltsua
eta
emoidazu zeure legea dohaitzat.
Zein
ona niretzat zure ahoko legea,
urre-zidarrezko
milaka txanpon baino hobea. R/.
V/. Betikoa da
zure berbea, Jauna,
zerua
baino iraunkorragoa.
Bide
txar guztitik aldentzen ditut oinak,
zure
berbea gordetzearren. R/.
V/. Zure legeek zuhur egiten nabe;
horregaitik,
gorroto ditut jokabide maltzur guztiak.
Higuin
dot eta gorroto maltzurkeria,
baina
maite dot zure nahia. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 1, 15
R/. Aleluia.
V/. Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak;
bihotz-barritu
zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.
Ebanjelioa
Jainkoaren
erreinua iragartzera
eta gaixoak
osatzera bialdu ebazan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 1-6
Aldi haretan, Jesusek, Hamabiak beragana
baturik, deabru guztiak botatzeko ahalmena eta gatxak osatzeko indarra emon
eutsen. Eta Jainkoaren erreinua iragartzera eta gaixoak osatzera bialdu zituan,
esanez: «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik,
ezta aldatzeko soinekorik be. Etxe baten sartzen zarienean, gelditu bertan
herri haretatik urten arte. Eta onartzen ez bazaituee, herri haretatik
urtetean, astindu zeuen oinetako hautsa, hareen kontrako seinaletzat».
Urten eben, bada, eta herriz herri joan
ziran, Barri Ona iragarriz eta alde guztietan gaixoak osatuz.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen inguruan alkartzen diranak haren antzeko izango dira, eta haren eginkizuna eurenganatuko dabe: Jainkoaren erreinuaren iragarle eta haretako langile bihurtuko dira.
Jainkoaren erreinuaren iragarpena diskurtso teorikoetan eta dotrina edukietan baino bizikera baten dago oinarrituagoa.
Bizikera horretan pobrezia da nabarmenena, eta ezeri loturik ez egotea. Uste osoa Jainkoagan eta honen bialduagan izan behar da, eta ez ziurtasunik emon leikeen ondasun eta ahalmenetan.
Iragarpen hau salbagarria da, askatzailea; eta ezeri lotu barik onartu behar dana.
Behar bada horrexegaitik aurkituko ditu aurkariak, onartu gura izango ez dabenak, atea zarratuko deutsoenak. Zenbat dagozan (gagozan?) ondasunen eta ahalmenen ziurtasuna nahiago dabenak (dogunak?)
Jesusek bere ahalmenaz janzten gaitu eta lotura menperatzaileetatik askatzen. Benetako osasuna emoten deusku.
Urtean Zeharreko XXV. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Ekin tenplua
eraikitzeari;
atsegin izango
dot Nik hori.
Ageoren Profezia liburuaren hasiera
Ag 1, 1-8
Darioren erregealdiko bigarren urtean,
seigarren hilaren lehenengo egunean, Ageo profetaren bitartez berba egin eutsen
Jaunak Xealtielen seme Zorobabel Judako gobernariari eta Jotzadaken seme Josue
abade nagusiari, eta esan eutsen: «Hau dino Jaun ahalguztidunak: "Jaunaren
etxea barriro eraikitzeko sasoia oraindino ez dala heldu, dino herri
honek"».
Honan berba egin eban, ba, Jaunak Ageo
profetaren bidez: «Eta sasoia ete da zuek etxe dotoreetan bizitzeko, tenplua
jausita dagoan bitartean? Hau dino, beraz, Jaun ahalguztidunak: "Egizue
gogoeta zeuen egoeraz. Asko ereiten dozue eta gitxi jasotzen. Jaten dozue,
baina betetzen ez; edaten dozue, baina asetzen ez; janzten zarie, baina
berotzen ez; poltsa zulatuan jausten jatzuez lanaren irabaziak".
Beraz, hau dino Jaun ahalguztidunak:
"Egizue gogoeta zeuen egoeraz. Igon mendira, ekarri egurra eta ekin
tenplua eraikitzeari. Atsegin izango dot Nik hori eta neure aintza agertuko dot
han". Halan dino Jaunak».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)
R/. Maite dau Jaunak bere herria.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
kanta
haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu
bedi Israel bere Egileaz,
alaitu
siondarrak euren Erregeaz. R/.
V/. Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo
begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite
dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez
jantziko ditu umilak. R/.
V/. Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin
begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego
Jainkoaren gorapena hareen eztarrian,
ohorea
da haren fededun guztientzat. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ezer ez barririk eguzkipean.
Kohelet liburutik
Koh 1, 2-11
Huskeria hutsa –dino Koheletek–,
huskeria
hutsa, dana da huskeria.
Zer
irabazi ataratzen dau gizakiak,
eguzkipean
hartzen dituan neke-lan guztietatik?
Belaunaldiak
joan, belaunaldiak etorri, munduak mundu dirau.
Sortzen
da eguzkia eta sartzen,
eta
bere tokira bihurtzen da, handik barriro urteteko.
Jotzen
dau haizeak hegoalderantz, egiten dau jira iparralderantz;
batera
jo, bestera jo, eta jira-biraka hasten da barriro.
Ibai
guztiak itsasora doaz, eta itsasoak ez dau gainez egiten;
ibaiak,
nora doazen,
harantz
dira behin eta barriro joaten, bide bera eginez.
Ezin
inork nahiko esan zein aspergarri dan guztia.
Ez
da begia ikustez aspertzen, ez belarria entzutez asetzen.
Lehen
izan zana izango da barriro,
lehen
egina egingo da gero be.
Ezer
ez barririk eguzkipean.
Zeozerez
esan baledi «Horra, hori bai barria!»,
hori
be jazotakoa da gure aurreko gizaldietan.
Ez
gara gogoratzen antxinakoez;
halantxe
gerokoez be, ez dira gogoratuko geroago izango diranak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 90 [89], 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 1)
R/. Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
gizalditik gizaldira.
V/. Gizakia hautsera bihurtuarazoten dozu,
esanez:
«Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai,
mila urte zure begietan
atzo
igaro zan eguna adina,
gaualdi
bat adina. R/.
V/. Hor daroazuz gizakiak,
ametsa
lez dira;
ernetzen
dira goizean bedarra lez;
goizean
erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean
zimeldu eta igartzen. R/.
V/. Irakatsi eiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren
muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu
zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki
zaitez zeure zerbitzariez. R/.
V/. Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu
gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor
gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta
sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu
dagiala, bai, gure lana. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 14, 6
R/. Aleluia.
V/. Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
ezin
da inor Aitagana joan,
nire
bidez izan ezik. R/.
Ebanjelioa
Joani neuk ebagi neutsan samea.
Nor da hau, holakoak entzuten ditut-eta honi buruz?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 7-9
Aldi haretan, jakin eban Herodes agintariak gertatzen zan guztia, eta zer pentsatu ez ekiala egoan. Batzuek Joan Bateatzailea hilen artetik biztu zala inoen; beste batzuek Elias profeta agertu zala; beste honenbestek, barriz, antxinako profetaren bat biztu zala. Herodesek, ostera, holantxe inoan: «Joani neuk ebagi neutsan samea. Nor da, orduan, hau, ze, holakoak entzuten ditut honi buruz?» Eta Jesus ezagutzeko aukera bila ebilen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen aldiko judeguek baeukezan erreferenteak (Moises, Legea, Profetak...) eta euretan sartu gura eben Jesus. Baina ezinezko egiten jake, eta, batzuk uste dabena beste batzuk ezeztatu egiten eben...
Zurrunbilo horretan Herodes bera ere agertzen da gauzea argi ikusi nahian, ezin onartu ebalako Juan Bateatzailea zanik, honi beronek moztu eutson-eta samea.
Baina, ezagutu daiteke Jesus eskema jakinetan begituta, edo Herodesek nahi dauan lez? Asetu daike, Jesus ezagutzeak, norbere kuriosidadea? Horren bila dabizenak hotz lagako ditu Jesusen irudiak.
Jesus ezagutzeko barritasuna onartzeko prest egon behar da; ez da bilatu behar lehengoren bat dala uste izatean. Entzun egin behar jako; jarraitu egin behar jako; ateak zabaldu behar jakoz; eta haren taldeko egin behar da, haren irakatsietan bizi izateko eta irakatsion zabaltzaile (apostolu) izateko.
Horrelaxe baino ezin daiteke ezagutu Jesus; eta, ezagutuz, maitatu. Arteragoko irudiak apurtu beharra dago.
Urtean Zeharreko XXV. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Denpora gitxi
barru
Jaunaren etxea
aintzaz beteko dot.
Ageoren Profezia liburutik
Ag 1, 15b–2, 9
Darioren erregealdiko bigarren urtean,
zazpigarren hilaren hogeta batean, honan berba egin eban Jaunak Ageo profetaren
bidez: «Berba egiezue Xealtielen seme Zorobabel Judako gobernariari eta
Jotzadaken seme Josue abade nagusiari eta herriko gainerakoei, eta esan:
"Ba ete da oraindino inor zuen artean Jaunaren etxea bere lehengo
edertasun handian ikusi ebanik? Eta orain zelan dagoala begitantzen jatzue? Ez
dozue ikusten ezereztuta dagoala?" Horregaitik, hau dino Jaunak:
"Izan adore, Zorobabel! Izan adore, Jotzadaken seme Josue abade nagusia!
Baita zuek be, lurraldean bizi zarien guztiok! Izan adore eta ekin lanari, Ni
zeuekin nozue-eta –dino Jaun ahalguztidunak–. Egiptotik urten zenduenean agindu
neutsuena eta nire espiritua zeuekin dozuez; ez, bada, bildurrik izan".
Bai, hau dino Jaun ahalguztidunak:
"Denpora gitxi barru, dardara eragingo deutset zeru-lurrei eta
itsaso-lehorrei; herri guztiei dardara eragingo deutset; eta herri guztietako
ondasunak hona etorriko dira, eta Jaunaren etxea aintzaz beteko dot –dino Jaun
ahalguztidunak–. Neurea dot zidarra, neurea urrea –dino Jaun ahalguztidunak–.
Handia izango da tenplu barriaren aintza, lehengoarena baino handiagoa –dino
Jaun ahalguztidunak–, eta leku honetan emongo dot bakea" –halan dino Jaun
ahalguztidunak–».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 43 [42], 1. 2. 3. 4 (R/. ik. 5bc)
R/. Itxaron Jainkoagan; goratuko dot
neure salbatzailea eta Jainkoa.
V/. Egidazu justizia, Jainko,
defendatu
nire auzia jente sinisbakoaren aurka,
libratu
nagizu maltzur gaiztoaren eskutik. R/.
V/. Oi Zuk, ene Jainko babesle horrek,
zergaitik
baztertu nozu?
Zergaitik
ibili behar dot ilun, arerioak zapaldua? R/.
V/. Bialdu zeure argia eta egia, gidatu nagiela,
eta
eroan zure mendi santura, zure bizilekura. R/.
V/. Eta helduko naz Jainkoaren altarara,
neure
poz betea dodan Jainkoagana.
Zitaraz
goratuko zaitut, Jainkoa, ene Jainkoa. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gauza bakotxak bere sasoia dau eguzkipean.
Kohelet liburutik
Koh 3, 1-11
Danak dau bere sasoia,
eta
gauza bakotxak bere sasoia dau eguzkipean:
jaiotzeko
sasoia eta hiltzeko sasoia,
landatzeko
sasoia eta landatua ataratzeko sasoia,
erailtzeko
sasoia eta osatzeko sasoia,
hondatzeko
sasoia eta eraikitzeko sasoia.
negar
egiteko sasoia eta barre egiteko sasoia,
aiene
egiteko sasoia eta alai egoteko sasoia,
harriak
jaurtitzeko sasoia eta harriak batzeko sasoia,
besarkatzeko
sasoia eta banantzeko sasoia,
bilatzeko
sasoia eta galtzeko sasoia,
gordetzeko
sasoia eta botatzeko sasoia,
urratzeko
sasoia eta josteko sasoia,
isiltzeko
sasoia eta berba egiteko sasoia,
maitatzeko
sasoia eta gorrotatzeko sasoia,
gudurako
sasoia eta bakerako sasoia.
Zer irabazi ataratzen dau lanean nekatzen danak? Ikusi dot Jainkoak gizon-emakumeei ezarri deutsen egitekoa, horretan jardun dagien. Gauza guztiak egoki egin ebazan, bakotxa bere sasoian, eta gizakien esku itzi eban mundua, aztertu egien; gizakiak, ostera, ezin ulertu Jainkoak hasieratik amaierara egin dituanak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 144 [143], 1a eta 2abc. 3-4 (R/. 1a)
R/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza.
V/. Bedeinkatua Jauna, nire harkaitza,
nire
laguntzailea eta gaztelua,
gotorlekua
eta askatzailea,
nire
babeskia eta kerizpea. R/.
V/. Jauna, zer da gizakia Zu haretaz arduratzeko,
zer
gizasemea Zuk harengan pentsatzeko?
Arnasaldi
baten antzeko da gizakia,
ihesi
doan kerizpearen antzeko haren egunak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 10, 45
R/. Aleluia.
V/. Gizonaren Semea besteen zerbitzari izatera
etorri da,
eta
bere bizia danen alde ordainsari emotera. R/.
Ebanjelioa
Zu, Jainkoaren
Mesias zara.
Gizonaren
Semeak asko sufridu behar dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 18-22
Jesusek otoitzean bakarrik ziharduala,
ikasleak hurreratu jakozan, eta Jesusek itaundu eutsen: «Nor nazala dino
jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuek Joan Bateatzailea zarala; beste
batzuek Elias; besteek, barriz, antxinako profetaren bat biztu dala». Jesusek,
orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Pedrok erantzun eutson: «Jainkoaren
Mesias».
Jesusek inori ez esateko agindu eutsen
zorrotz. Eta esan eutsen, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufridu
beharra dauka; zaharrek, abadeburuek eta lege-maisuek gaiztotzat hartuko dabe
eta hil, baina hirugarren egunean biztu egingo da».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jenteak badauka erreferenterik; eta erreferente irudi horreen artean sartu behar dabe Jesus. Eta ospe handikotzat dauke. Ez da gitxi. Baina egiazkoa da baieztapena? Hori da Jesusek gura izango leukeana?
Eta ikasleengandik hartzen dauan erantzuna... ez zabaltzeko agintzen deutse zorrotz. Ez ete da egia Jainkoaren Mesias dala?
Esaldi horren mamina da guzurra: Jesus ez da jenteak uste eta nahi dauan Mesias: erromatarren menpetik askatuko dauzana. Ez da hori Jesusen zeregina.
Eta azaltzen deutse bere zeregina Jesusek: erreinuaren iragarpena eta txikienekin bat egitea, honeen zerbitzuan bizi izatea... bizia kendu deieneraino...
Ete da hau ikasleek eurek ulertu ahal izango dabena? Prest ete dagoz Jesusen jarraitzaile maila horretaraino izateko?
Eta niri —gutariko bakotxari— egingo baleusku Jesusek galdera hori, zer erantzungo geuskio? Zer erantzuten deutsagu geure eguneroko bizikereaz?
Urtean Zeharreko XXV. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Etorriko naz eta zure erdian bizi izango.
Zakariasen Profezia liburutik
Za 2, 5-9. 14-15a
Jaso nebazan begiak eta gizon bat ikusi
neban, neurtzeko haria eskuan ebala. Eta itaundu neutsan: «Nora zoaz?» Harek
erantzun: «Jerusalem neurtzera, haren luze-zabala zenbat dan jakiteko».
Orduan, nigaz berbetan ziharduan aingerua
aurreratu zan, baina beste aingeru bat bidera etorri eta esan eutson: «Zoaz
agudo eta esaiozu mutil horri: "Uri edegia izango da Jerusalem, bertan
izango dan bizilagun- eta abere-kopuru handiagaitik"».
Hau dino Jaunak:
«Neu
izango naz suzko harresi haren inguruan,
aintzaz
beterik agertuko naz haren erdian».
Hau dino Jaunak:
«Poztu
zaitez eta alaitu, Sion uri eder hori,
zure
erdian bizitzera nator-eta.
Egun
haretan, herri asko alkartuko jakoz Jaunari,
eta
neure herri izango ditut;
zure
erdian biziko naz».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Jr 31, 10. 11-12b. 13 (R/. ik. 10d)
R/. Zainduko gaitu Jaunak,
artzainak artaldea lez.
V/. Entzun, herriok, Jaunaren hitza,
iragarri
urruneko kostaldeetan:
«Israel
sakabanatu ebanak berak batzen dau
eta
artzainak artaldea lez zaintzen». R/.
V/. Jaunak Jakob herria askatu dau,
indartsuagoaren
eskutik libratu.
Poz-oihuka
etorriko dira Sion mendira,
Jaunaren
ondasunetara helduko dira. R/.
V/. Neskek pozik egingo dabe dantzan
mutil
eta agureekin batera.
Hareen
dolua alaitasun bihurtuko dot,
atsekabearen
ondoren, kontsolatu eta alaituko ditut. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gogoratu zeure
Egileaz gazte zaran bitartean,
hautsa lurrera
eta arnasa Jainkoagana bihurtu baino lehen.
Kohelet liburutik
Koh 11, 9–12, 8
Alaitu zaitez, mutil, gazte zaran bitartean,
izan
zoriontsu zeure gaztaroan,
jarraitu
egiozu zeure bihotzari eta zeure begien grinari.
Baina
jakin, horreen guztien kontua
eskatuko
deutsula Jainkoak auzian.
Kendu
zeure bihotzetik kezkak, uxatu gatxa zeure gorputzetik,
gaztetasuna
eta gaztaroa agudo joaten dira-eta.
Gogoratu
zeure Egileaz gazte zaran bitartean,
aldi
txarrak etorri baino lehen,
urte
horreek etortzean «ez ditut atsegin» esango dozu-eta.
Orduan,
eguzkia eta egun-argia, iretargia eta izarrak
ilundu
egingo jatzuz,
eta
euria egin ondoren barriro lainotuko dau.
Orduan
eskuak dardarka jatzuz jarriko
eta
hankak ahulduko;
hortz-haginak
gitxituko, eta alperrik dozuz izango,
begiak
be ilunpetan geldituko.
Belarriak
itxiko jatzuz,
ezin
izango dozu aditu errotarri-hotsik,
ezta
entzun be txorien kanturik.
Ahotsa
moteldu egingo jatzu.
Toki
goietan ibiltzeak bildurra emongo deutsu,
baita
bide zelaian ibiltzeak be.
Ulea
zurituko jatzu, ibilera baldartuko
eta
atsegin-grina hoztuko.
Izan
be, gizakia bere betiko etxerantz doa
eta
kalez kale dabiltz hiletariak.
Orduan,
zidarrezko haria eten egingo jatzu,
urrezko
ontzia hausiko, pitxerra iturrian apurtuko
eta
putzu gainean txirringa printzatuko.
Hautsa
lurrera bihurtuko da, handik sortua da-eta,
eta
bizi-arnasa Jainkoagana bihurtuko, berak emona da-eta.
Huskeria
hutsa –dino Koheletek–,
dana
da huskeria.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 90 [89], 3-4. 5-6. 12-13. 14 eta 17 (R/. ik. 1)
R/. Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
gizalditik gizaldira.
V/. Gizakia hautsera bihurtuarazoten dozu,
esanez:
«Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai,
mila urte zure begietan
atzo
igaro zan eguna adina,
gaualdi
bat adina. R/.
V/. Hor daroazuz gizakiak,
ametsa
lez dira;
ernetzen
dira goizean bedarra lez;
goizean
erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean
zimeldu eta igartzen. R/.
V/. Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren
muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu
zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki
zakiez zeure zerbitzariei. R/.
V/. Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu
gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor
gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta
sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu
dagiala, bai, gure lana. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza
ezereztu dau
eta
bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Gizonaren Semea
gizakien esku itziko dabe.
Itauntzeak
bildurra emoten eutsen.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 9, 43b-45
Aldi haretan, Jesusek egiten zituanakaitik zurtz eginda egozan guztiak. Berak esan eutsen ikasleei: «Hartu ondo gogoan berbok: “Gizonaren Semea gizakien esku itziko dabe”». Hareek, ostera, ez eben ulertzen zertan ebilken; ilun gertatzen jaken, eta ez ziran esanahiaz jaubetzen; itauntzeak, barriz, bildurra emoten eutsen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Egia de min emoten deuskun edozer eta edonorengandik ihes egiten ahalegintzen garala. Baina, horren aurrean zerk eragiten deusku horren arrazoiaz galdetzea ere? Begiak itxita ibili nahi ete dogu gure bizitzan zehar? Horixe dalako ebanjelio zati honek Jesusen ikasleez dinoana. Geure jokaeraz ere ba ete dihardu?
Ez da hori, horraitino, Jesusen jarrerea. Jesusek ondo zabalik daukaz begiak eta entzumena ere bai. Horregaitik egiten da bat bazterreratuekaz eta pobreekaz, eta entzuten dau hareengan Aitaren deia; eta gauza da Izadiko gauzarik txikienean ere hori aurkitzeko eta bere esker ona eta goralpena jasoteko.
Atsegin bila, atsekabeetatik ihes egiten dihardugu? Gure makaltasunak berak eta geure mugek dakarskuez —nahi eta nahi ez, gaur ez bada, bihar— atsekabeak. Eta orduan? Jainkoa madarikatu?
Jesusek ez dau atsekabetik ihes egitea bilatzen, beti ere Jainkoaren nahia betetea bilatzen baino. Horexek emoten deutso ziurtasuna; eta horixe da, besteek ulertzen ez daben arren, bere aintza.
Badirudi gero ulertuko ebela hori haren ikasleek. Beranduegi?
Eta nik noiz ulertu neike hori?