Urtean Zeharreko XXIV. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Egin otoitz
Jainkoari gizaki guztien alde,
gizaki guztiak
salbatzea nahi dau-eta berak.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 2, 1-8
Anaia maitea: Beste ezer baino lehen, gizaki
guztien alde eskariak, otoitzak, erreguak eta esker emoteak egiteko eskatzen
deutsut; baita erregeen eta agintea daben guztien alde be, modu nasaian eta
baketsuan bizi gaitezan, jainkozaletasunez eta duintasunez. Eder eta atsegin
jako hau Jainko gure Salbatzaileari, gizaki guztiak salbatzea eta egia
ezagutzera heltzea nahi dau-eta berak.
Izan be, bakarra da Jainkoa eta bakarra
Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa be: gizon bat, Kristo Jesus, bere
burua guztien salbazinorako ordain-saritzat emon ebana. Bere sasoian egindako
autormena da hau, eta honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu
–egia dinot, ez dinot guzurrik–, jentilen maisu, eurei sinismena eta egia
irakasteko.
Beraz, toki guztietan gizonezkoek otoitz
egin dagiela nahi dot, zerurantz esku garbiak jasoz, hasarrerik eta
eztabaidarik barik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 28 [27], 2. 7. 8-9 (R/. 6)
R/. Bedeinkatua Jauna,
entzun dau-eta nire erregu-oihua.
V/. Entzun nire erregu-oihua,
laguntza
eskatzen deutsudanean,
eskuok
zure santutegirantz
jasotzen
dodazanean. R/.
V/. Jauna dot indar eta babeski,
nire
bihotzak harengan konfiantza;
lagundu
deust eta pozarren dot bihotza,
kantuz
emoten deutsadaz eskerrak. R/.
V/. Jauna da bere herriaren indar,
berak
igurtzitako erregearen babes eta salbazino.
Salbatu
zeure herria eta bedeinkatu zeure ondarea,
izan
beti honeen artzain eta gidaria. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Alderdikeriak
badira zuen artean,
hori ez da
Jaunaren afaria jatea.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 11, 17-26. 33
Senideok: Oharpen honeek egiten
deutsuedazala, ezin ditut ontzat emon zuen batzarrak, on baino kalte handiagoa
egiten deutsue-eta. Hasteko, zeuen alkarte-jatorduetan zatituak zabiltzela
jakin dot; eta neurri baten egia dala uste dot. Izan be, beharrezko da zuen
artean alderdikeriak izatea, benetako kristauak zein diran hobeto agertu dadin.
Zeuen alkarte-jatorduetarako batzen
zarienean, egiten dozuena ez da Jaunaren afaria jatea, nor bere afaria jaten
hasten dalako, eta bata goseak gelditzen dan bitartean, bestea mozkortu egiten
da. Ez ete dozuez zeuen etxeak jateko eta edateko? Ala gitxietsi egin nahi
dozue Jainkoaren eleiz alkartea eta lotsatuarazo ezer be ez dabenak? Zer esan
neikizue? Zorionak emon? Gai honetan ezin deutsuet zorionik emon.
Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik
zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta,
esker onezko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau neure Gorputza da,
zuentzat emona. Egizue hau neure oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz,
esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire Odolaz ezarria; egizue hau, edaten
dozuen bakotxean, neure oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza
honetatik edaten dozuen bakotxean, Jaunaren heriotza iragartzen dozue, bera
etorri arte. Honan bada, senideok, alkarte-jatorduak egiteko batzen zarienean,
itxaron alkarri.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 40 [39], 7-8a. 8b-9. 10 eta 17 (R/. ik. 1 Ko 11, 26b)
R/. Iragarri Jaunaren heriotza, bera etorri arte.
V/. Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik
nahi izan,
ez
erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina
belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik
dinot: «Hemen nozu». R/.
V/. Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin
dagidala zure nahia.
Atsegin
dot, ene Jainko,
barru-muinetan
dot zure legea. R/.
V/. Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez
ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu
eta alaitu beitez Zugaz
zure
bila dabiltzanak.
«Handia
da Jauna» esan begie beti
zure
salbazinoa maite dabenek. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 3, 16
R/. Aleluia.
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere
Seme bakarra emon eutson;
harengan
sinisten dauanak betiko bizia dau.R/.
Ebanjelioa
Israelen bertan be ez dot aurkitu holako sinismenik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 1-10
Aldi haretan, Jesus, herriari egindako
hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zan. Bazan han erromatar ehuntari bat,
eta honek morroi bat eban oso maitea; morroia txarto egoan, hilzorian.
Ehuntariak, Jesusen barri entzunik, judegu-buruzagi batzuk bialdu eutsozan,
morroia osatzera etortzeko erreguaz.
Hareek, Jesusengana joanik, arren eta arren
eskatu eutsoen: «Merezidu dau Zuk hori egitea, ze, maite dau gure herria eta
berak egin deusku sinagoga be».
Jesus eurekin joan zan. Etxetik hur samar
zala, lagun batzuk bialdu eutsozan ehuntariak, esatera: «Ez hartu nekerik,
Jauna, ze, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregaitik, ez naz ausartu
neu Zugana joaten; nahiko dozu berba bat esatea, nire morroia osatzeko. Neuk
be, neu inoren menpean egon arren, soldaduak ditut neure menpean, eta bati
joateko agintzen badeutsat, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta
etorri; eta nire morroiari zeozer egiteko esan, eta halan egiten dau».
Hau entzutean, Jesus harritu egin zan
haretaz eta, ondorik etorkion jenteagana bihurturik, esan eban: «Egia esan,
Israelen bertan be ez dot aurkitu holako sinismenik». Mandatariak etxera
bihurtu ziranean, osatuta aurkitu eben morroia.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen lehenengo jarraitzaileen artean, honen heriotza-biztuera ondoren, Jesusen esanak eta eginak gogoratuz, eta talde txikietan eratuta, jentilengana zabaltzea zan arazo handietariko bat.
Gogoratu geike Jesusek agindu eutsena, euren lurraldetik jentilengana ez urtetea. Baina behin eta barriro ikusten dogu ebanjelioetan Jesus bere ikasleekaz judeguen lurraldetik beste aldera, pagano lurraldera, pasatzen.
Gaurkoan, Mateoren kristau taldeak dauan arazo baten barri emoten jaku: jentilenganako irekierea.
Erromatar ehuntaria aurkezten deusku. Jainkozalea eta jesusi begirune deutsona. Judeguei ere mesedeak egindakoa. Ehuntari honen apaltasuna eta Jesusenganako uste ona argi jarriz, bitartekaritzaren garrantzia mahairatzen deusku.
Hau kontuan hartu beharrekoa litzateke, batez ere Jainkoagazko hartu-emonetan bitartekaririk ez onartzeko aldietan gagozalako; harengana zuzenean joten dan aldietan.
Zelan aintzat hartu gure bitartekaritza? Ze mailatako sinismena eta apaltasuna behar ete dira horretarako?
Urtean Zeharreko XXIV. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Zuzendariak
akatsik bakoa izan behar dau;
diakonoek be
Jainkoak agertu eta
guk sinistutako egia kontzientzia garbiz
gordetzen dabenak.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 3, 1-13
Anaia maitea: Egia da alkarte-zuzendari izan
nahi dauanak eginkizun ona nahi dauala. Baina zuzendariak akatsik bakoa izan
behar dau, behin bakarrik ezkondua, neurritsua, zentzunduna, gizabidetsua,
ostatu-emoilea, irakasteko trebea; ez ardaozalea, ezta eztabaidazalea be,
bihozbera baino, baketsua eta ez diruzalea. Bere etxea ondo gobernatzen eta
seme-alabak menpekotasunean eta errespetuan hezten jakin behar dau; izan be,
zelan izango dau Jainkoaren eleiz alkartearen ardura, bere etxea gobernatzen ez
dakianak? Ez dau kristau barri izan behar, harropuztu eta deabruaren antzera
gatxetsia izan ez dadin. Kristau ez diranen artean be izen ona behar dau izan,
desohorean eta deabruaren sareetan jausi ez dadin.
Diakonoek be agurgarriak eta berbako
pertsonak izan behar dabe, ez ardaozaleak, ezta irabazi zikinei emonak be,
Jainkoak agertu eta guk sinisturiko egia kontzientzia garbiz gordetzen dabenak.
Lehenengo, izan beitez aztertuak eta, gero, akatsik bakoak badira, bete begie
euren zerbitzua.
Emakumeek be agurgarriak izan behar dabe eta
ez mihinzorrotzak, neurritsuak eta gauza guztietan fidagarriak. Diakonoak izan
beitez behin bakarrik ezkonduak, euren seme-alabak eta etxea ondo gobernatzen
dakienak; izan be zerbitzu hau ondo betetzen dabenek ohorezko maila eskuratzen
dabe, eta Kristo Jesusengan dogun sinismenak segurtasun handiz betetzen ditu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 101 [100], 1-2b. 2c-3b. 5. 6 (R/. 2c)
R/. Bihotz akats bakoz jokatuko dot.
V/. Maitasuna eta justizia nahi ditut kantatu,
Zuretzat,
Jauna, nahi dot soinua jo.
Jokabide
akats bakoa nahi dot azaldu.
Noiz
etorriko zara nigana? R/.
V/. Bihotz akats bakoz jokatuko dot
neure
jauregi barruan.
Ez
dot arretarik jarriko
ezelako
maltzurkeriatan. R/.
V/. Lagun hurkoari ezkutuan izen txarra jartzen
deutsona
isilduarazo
egingo dot.
Bihotz-harroa
eta handizalea
ez
dot jasango. R/.
V/. Herritar fidagarriak aukeratuko ditut
kontseilari,
jokabide
zintzokoak izango zerbitzari. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zuek Kristoren
gorputza zarie,
eta zuetako
bakotxa gorputz horren atal.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 12, 12-14. 27-31a
Senideok: Gorputzak, bat izanik be, atal
asko ditu; baina atal guztiek, asko izanik be, gorputz bat bakarra osotzen
dabe. Gauza bera jazotzen da Kristogaz be. Gu guztiok, judegu nahiz greziar,
esklabo nahiz libre, Espiritu bat beragan izan gara bateatuak, gorputz bat
bakarra egiteko. Eta guztiok Espiritu bat beretik edan dogu. Gorputza, izan be,
ez dau atal bakarrak osotzen, askok baino.
Zuek, beraz, Kristoren gorputza zarie, eta
zuetako bakotxa gorputz horren atal. Eleiz alkartean bakotxari bere tokia
ezarri deutso Jainkoak: lehenengo apostoluak jarri ditu, bigarren profetak,
hirugarren irakasleak, ondoren mirarigileak, gero osatzeko edo behartsuei
laguntzeko dohaia nahiz alkartea gidatzeko edo hizketa arrotzez berba egiteko
dohaia dabenak. Danak apostolu ete dira? Danak profeta? Danak irakasle? Danak
mirarigile? Danek ete dabe osatzeko dohaia? Danek berba egiten ete dabe hizketa
arrotzez? Danak ete dira hizketa arrotzen interpretari? Deseatu egizuez
dohairik onenak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. ik. 3c)
R/. Jaunaren herri gara eta haren larreko artalde.
V/. Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu
egizue Jauna pozaren pozez,
sartu
zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.
V/. Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek
egin gaitu, berarenak gara,
haren
herri eta haren larreko artalde. R/.
V/. Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emonez,
haren
atarietan gorazarreak abestuz.
Emon
eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.
V/. «Ona da-eta Jauna,
haren
maitasuna betikoa,
haren
leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Lk 7, 16
R/. Aleluia.
V/. Profeta handia sortu da gure artean,
eta
Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.
Ebanjelioa
Gazte, zeuri dinotsut: jagi!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 11-17
Aldi haretan, Nain izeneko herrira joan zan Jesus, bere
ikasleak eta jente asko lagun zituala. Herriko sarrerara hurreratu zanean,
hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera. Herriko jente
asko joian amagaz.
Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta
esan eutson: «Ez egin negarrik!» Hurreraturik, hilkutxa ikutu eban, eta
eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zeuri dinotsut: jagi!»
Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari emon eutson.
Bildurrak hartu zituan danak eta Jainkoa
goresten eben, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta beste hau be
bainoen: «Bere herria salbatzera etorri da Jainkoa». Judean eta inguruko
lurralde guztian zabaldu zan gertaera honen barria.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen berbearen indarraren barri emon ondoren, Lukasek, oraingoan, beste zeozeren barri emon nahi deusku kontakizun honen bitartez.
Adituen ustez, hemen Jesus antxinako profeten parean, eta hareik baino handiago lez aurkeztu nahi da.
Alde batetik Nain herriaren izena dago; beste alde batetik, alargun baten seme hila… Eliseo profetea dakarskue gogora.
Oraingoan Jesusena dala ekimena dinosku. Inork eskatu barik, bere kabuz, hurreratzen jako Jesus, errukiturik, alargunari; lege-kutxaduraren bildur barik ikutzen dau hil-kutxa, eroaleen harridurarako. Eta, bitarteko otoitz edo Jainkoari erregu barik, bere hitzaren indarrez, zutunduazoten dau hildakoa, eta emoten deutso ez egin negarrik esan deutson amari.
Argi dagoala esan daiteke ebanjelariaren asmoa: Jesus aldi honetako profeta da, eta antxinakoak baino handiagoa: Jainkoaren guraria gauzatzen dauana bere berbearen indarraz; haren errukia eta hurtasuna agerian jarriz. Jenteak bere aintzalpenagaz baieztuko dau hori.
Urtean Zeharreko XXIV. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Handia da gure erlijinoaren misterioa.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 3, 14-16
Anaia maitea: Zu ikustera laster joateko
asmoa dot; baina baleiteke luzatzea eta horregaitik idazten deutsut, jakin
dagizun zelan jokatu Jainkoaren etxean, hau da, egiaren zutoin eta oinarri dan
Jainko biziaren eleiz alkartean.
Duda barik, handia da gure erlijinoaren
misterioa:
Kristo,
gizaki lez agertua,
Espirituak
zintzotzat autortua,
aingeruek
ikusia,
herriei
iragarria,
munduan
sinistua,
Jainkoak
bere aintzan hartua.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 111 [110], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 2a)
R/. Jaunak eginak handi dira.
Edo: Aleluia.
V/. Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak
Jaunari,
zintzoakaz
batera batzarrean alkarturik.
Jaunak
eginak handi dira,
gogoko
dabezan guztientzat aztergai. R/.
V/. Ospetsu eta eder haren egintza,
betiko
dirau haren salbazino-asmoak.
Bere
mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra
da Jauna eta bihozbera. R/.
V/. Begirune deutsoenei janaria emon deutse,
gogoan
dau beti bere ituna.
Egintzetan
agertu deutso bere indarra herriari,
beste
nazinoen lurraldeak emonez berari. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Sinismenak,
itxaropenak eta maitasunak diraue orain;
baina hiruretan
handiena maitasuna da.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 12, 31–13, 13
Senideok: Deseatu egizuez dohairik onenak.
Eta orain bide bikainagoa adierazo nahi deutsuet. Nahiz eta gizakien eta
aingeruen hizkuntzetan berba egin, maitasunik ez badot, brontze soinulari eta
ezkila tintinlari besterik ez naz. Nahiz eta profezia dohaia izan, nahiz eta
misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz
aldatzeko adinako sinismena izan, maitasunik ez badot, ez naz ezer. Dodan
guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emonda be,
maitasunik ez badot, ez deust ezertarako balio.
Maitasuna eroapen handikoa da eta bihozbera;
ez dau bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. Ez da lotsabakoa,
ez berekoia, ez hasarrekorra; kaltea ez dau gogoan hartzen. Ez da
bidebakokeriaz pozten; egian pozten da. Maitasunak dana parkatzen dau, dana
sinisten, dana itxaroten, dana ondo eroaten.
Maitasuna ez da sekula amatatzen. Profezia
dohaia desagertuko da, hizketa arrotzez hitz egitea amaituko, jakintza be
desagertuko. Erdizkakoa da-eta gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia; eta,
bete-betekoa etortzean, desagertu egingo da erdizkakoa. Ume nintzanean, ume lez
berba egiten neban, ume lez sentitzen neban, ume lez pentsatzen. Gizon egin
nazanean, itzi egin ditut ume-gauzak. Orain dana ilun ikusten dogu, ispiluan
lez; orduan, aurrez aurre ikusiko dogu. Orain erdizka ezagutzen dot; orduan,
oso-osoan ezagutuko dot, Jainkoak ni ezagutzen nauan lez.
Hiru gauza honeek diraue orain: sinismenak,
itxaropenak eta maitasunak; baina hiruretan handiena maitasuna da.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 33 [32], 2-3. 4-5. 12 eta 22.(R/. ik. 12b)
R/. Bai dohatsu
Jaunak bere oinorde aukeratu dauan
herria.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
jo
harentzat hamar hariko harpa.
Kanta
egiozue kantu barria,
jo
trebetasunez irrintzi eginez. R/.
V/. Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria
harek egin dauan guztia.
Justizia
eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren
maitasunaz dago lurra betea. R/.
V/. Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek
bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Betor
gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan
dogu-eta jarrita itxaropena. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 6, 63c. 68c
R/. Aleluia.
V/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
zure
hitzek betiko bizia dabe. R/.
Ebanjelioa
Soinua jo
deutsuegu, eta zuek dantzarik ez;
hiletak jo, eta
zuek negarrik ez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 31-35
Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Norekin
konparatuko neuke gizaldi honetako jentea? Noren antzekoa da? Plazan jesarrita
dagozan umeen antzekoa da, ze, holantxe oihu egiten deutsie batzuek besteei:
“Soinua jo deutsuegu, eta zuek dantzarik ez;
hiletak jo, eta zuek negarrik ez”.
Izan be, etorri da Joan Bateatzailea, ogirik
jaten eta ardaorik edaten ez dauala, eta deabruak hartua dagoala dinozue.
Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauala, eta hauxe dinozue: “A zer
tripontzi eta mozkortia, zergalari eta pekatarien adiskidea!” Baina ha onartu
dabenek arrazoia emon deutsoe Jainkoaren jakituriari».
Jaunak esana.
IRUZKINA
«Faltako da, bai, zer jana, baina ez zer esana». Horixe da Jesusek salatzen dauana.
Agintariek badaukez Jesus baztertzeko eta jentearen aurrean ha gaitzesteko arrazoiak; euren irakatsien aurka doaz-eta Jesusen jarrerak.
Baina ze arrazoi dauka jenteak? Honek ez daki nori jarraitu. Berez, agintariei jarraitu behar izango leuskie; baina Jesusengandik askapen eta itxaropen berbak entzuten dabez eta salbamen egintzak ikusten... Zer egin?
Gitxi dira dana bertan behera laga eta Jesusen atzetik doazanak. Gitxi dira erabagiak hartzeko gauza diranak. Gehienak haizeak hara-hona darabilzan orbelak dira.
Honeek, gatx egiten jakezan gauzetan atxakiak jarriko dabez, euren burua engainatuko dabe, eta poztasun bako bizitzan iraungo dabe.
Honexei zuzentzen deutse (geuri) Jesusek parabola: erabagiak hartzeko gauza izatera bultzatzeko. Merezi dau Jesusen barritasunean sartzeak.
Urtean Zeharreko XXIV. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Egin kontu
zeure buruari eta irakaspenari;
hori eginez,
salbatuko dozuz-eta bai zeure burua, bai
entzuleak.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 4, 12-16
Anaia maite: Ez zagizala inork gitxietsi
gaztea zaralako; izan zaitez, ostera, sinistedunentzat eredu hitzetan,
jokaeran, maitasunean, sinismenean eta biziera garbian. Ni joan bitartean,
arduratu zaitez Liburu Santuak irakurtzeaz, aholku emoteaz eta irakasteaz.
Ez izan ardurabako zeure dohaiari
dagokionez: Jainkoak emon eutsun dohai hori, alkarteko profetek halan
adierazorik, arduradunek eskuak ezarri eutsuezanean. Arduratu gauza honeetaz
eten barik, guztiek zure aurrerapena garbi ikusi dagien. Egiozu kargu zeure
buruari eta irakaspenari; eutsi sendo; hori eginez, salbatuko dozuz-eta bai
zeure burua, bai entzuleak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 111 [110], 7-8. 9. 10 (R/. 2a)
R/. Jaunak eginak handi dira.
Edo: Aleluia.
V/. Haren egintzak leial eta zintzo dira,
haren
lege guztiak fidagarri,
beti-betiko
ezarriak,
leial
eta zuzen eratuak. R/.
V/. Askatasuna emon deutso bere herriari,
betiko
ezarri dau bere ituna,
santua
eta bildurgarria da haren izena. R/.
V/. Jaunaganako begirunea da jakituriaren
oinarria,
benetan
zuhurra, horren arabera jokatzen dauana.
Betiko
dirau Jaunaren gorespenak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Horixe da
iragartzen dogun mezua,
eta horixe zuek
sinistu dozuena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 15, 1-11
Senideok: Irakatsi neutsuen Barri Ona
gogoratuarazoten deutsuet. Zuek onartu egin zenduen, horretan sendo oinarrituta
zagoze eta salbatu be horrexek salbatzen zaitue, nik iragarri neutsuen lez
eusten badeutsazue. Bestela, alperrik sinistuko zenduen.
Nik hartu nebana bera eskualdatu neutsuen
lehen-lehenengo, hau da, Kristo gure pekatuakaitik hil zala, Liburu Santuek
esan eben lez; hobiratu egin ebela eta hirugarren egunean biztu egin zala,
Liburu Santuek esan eben lez; Pedrori agertu jakola, eta ondoren Hamabiei;
gero, bostehun eta gehiago senideri agertu jakon batera –horreetako gehienak
bizirik dagoz oraindino, batzuk hil badira be–; gero, Santiagori agertu jakon,
ondoren apostolu guztiei.
Beste guztiei agertu ondoren, neuri be
agertu jatan, sasoia baino lehen jaiotako umea lakoa nazan honi.
Izan be, apostoluetan txikiena naz ni,
apostolu-izenik be merezi ez dauana, Jainkoaren Eleizea pertsegidu neban-eta.
Baina nazan hau Jainkoak bere graziaz egin nau, eta haren grazia ez da nigan
fruturik bakoa izan; gainerako apostolu guztiek baino lan gehiago egin dot,
izan be; ez, ostera nik, Jainkoak nigaz, bere graziaz baino.
Holan, bada, bai hareek eta bai nik, horixe
da iragartzen dogun mezua, eta horixe zuek sinistu dozuena.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 118 [117], 1-2. 16-17. 28 (R/. 1a)
R/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta.
Edo: Aleluia.
V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren
maitasuna betikoa da-eta.
Esan
begie israeldarrek:
haren
maitasuna betikoa. R/.
V/. Jaunaren eskuma guztiz garaia da,
Jaunaren
eskumeak indarrez jokatu dau».
Ez
naz hilko, ez, bizi baino,
Jaunaren
egintzak kontatzeko. R/.
V/. Zeu zara nire Jainko, eskerrak Zuri!
Gora
Zu, ene Jainko hori! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigana nekatu eta zamatu guztiok,
eta
Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Hainbesteko
maitasuna agertzen dauanean,
pekatu asko
parkatu jakon seinale da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 36-50
Aldi haretan, fariseu batek bazkaltzera
gonbidatu eban Jesus. Joan zan, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian
jarri zan.
Honetan,
emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen
zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. Jesusen
atzean, oinen ondoan, jarri zan negarrez, eta haren oinak malkoz bustitzen hasi
zan; gero, uleaz lehortu eta mosukatu ostean, ukenduz igurtzi eutsozan.
Hori ikusirik, konbidatu eban fariseuak
inoan bere barruan: «Benetan profeta balitz, jakin beharko leuke zer-nolakoa
dan bera ikutzen diharduan emakumea, pekataria da-eta».
Jesusek esan eutson: «Simon, badot zerbait
zuri esateko». Harek erantzun: «Esaizu, Maisu».
«Mailegu-emoile batek zordun bi zituan:
batak bostehun denario zor eutsozan, eta besteak berrogeta hamar. Nondik
ordaindu ez eukela, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau
maiteen?» Simonek erantzun eutson: «Gehien parkatu jakonak, nik uste». Jesusek
esan eutson: «Zuzen dinozu».
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan
eutson: «Ikusten dozu emakume hau? Zuenean sartu nazanean, zuk ez deustazu
oinak garbitzeko urik emon; honek, ostera, malkoz busti deustaz oinak eta bere
uleaz lehortu. Zuk ez nozu mosua emonez agurtu; hau, ostera, sartu danetik ez
da gelditu nire oinei mosu emoten. Zuk ez deustazu burua olioz igurtzi; honek,
ostera, oinak ukenduz igurtzi deustaz. Hauxe dinotsut, beraz: hainbesteko
maitasuna agertzen dauanean, pekatu asko parkatu jakon seinale da; gitxi
parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau». Eta emakumeari esan eutson:
«Parkatuak dituzu pekatuak».
Beste bazkaltiarrak euren artean esaten hasi
ziran: «Nor ete dogu pekatuak parkatu be egiten dauan hau?» Baina Jesusek esan
eutson emakumeari: «Zeure sinismenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Aberats-aberatsa detaileetan eta irakaspenean Lukasek emoten deuskun konposaketa hau. Begiz jo geikez batzuk.
Ez ziran, ba, farisearrak Jesusen arerio agerikoak? Zer dala-eta gonbidatzen dabe, ba, mahaikide izatera, beronek dauan esangurea izanda?
Ez dira, ba, farisearrak lege eta arau betetzaile zehatz-zehatzak? Zelan ahaztu dauz, ba, Simonek oinarrizkoen ziran harrera-ohiturak (oinak garbitzeko ura, harrera-mosua, orioz igurstea...)?
Jesusek ezagutzen ez dauan emakumea zertatik ezagutzen dau, ba, farisearrak?
Eta salakuntza teorikoa aurpegiratu beharrean, judeguen kulturaz ipuin batez lekutzen dau Jesusek farisearra, eta ihes egiteko aukera barik emoten dau honek, bere burua kinka larrian jarriko dauan erantzuna.
Farisearrek ez eben somatzen parkamenaren beharrik: hutsik barik (?) beteten ebezalako lege-arauak. Eta horrexegaitik ziran hain gogorrak parkamen-arauetan.
Jesusek, ostera, badaki parkamenaren norainokoa, eta iragarri egiten dau Jainkoagandiko parkamena eta honen doakotasuna.
Gehiago aberastu geintekez ipuinean geure buru-bihotzak ipini ezkero...
Urtean Zeharreko XXIV. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Zu, Jainkoaren gizon hori, ahalegindu zaitez justizian.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 6, 2c-12
Anaia maitea: Hau behar dozu irakatsi eta
aholkatu. Besterik irakasten dauana eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz
osasungarriari eta jainkozaletasunaren araberako irakaspenari egokitzen ez
jakona harrokeriak itsututako ezjakina da, eztabaida eta berba hutsetarako
jokera gaixotia dauana. Hortik sortzen dira bekaizkeriak, auziak, irainak eta
susmo txarrak, etenbako eztabaidak; horreetan diharduenak burua galdutako
jentea dira, egiaren zentzunik bakoak; horreek irabazpide bihurtzen dabe
erlijinoa.
Irabazpen handia da, bai, erlijinoa, baina
bakotxa dauanagaz konformatu ezkero; ez dogu ezer ekarri mundu honetara eta
ezin izango dogu ezer eroan be. Beraz, zer jan eta zer jantzi izan ezkero,
nahiko dogu. Aberats izan nahi dabenak tentaldiaren sarean jausten dira,
gizakia hondatzen eta galtzen daben grina zoro eta kaltegarri askotan; izan be,
dirua da gatx guztien sustraia; diruaren gogo biziagaitik sinismenetik aldendu
eta atsekabe asko berenganatu dau hainbatek.
Zuk, ostera, Jainkoaren gizon horrek, ihes
egizu horreetatik guztietatik eta ahalegindu zaitez justizian,
jainkozaletasunean, sinismenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean.
Ekin sinismenaren burruka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, haretarako dei
egin deutsu-eta Jainkoak eta fede-autormen bikaina egin dozu, testigu askoren
aurrean.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 49 [48], 6-7. 8-10. 17-18. 19-20 (R/. Mt 5, 3)
R/. Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua.
V/. Zergaitik bildur izan zoritxar-egunean,
maltzurren
gaiztakeriak inguratzen nauanean?
Euren
ondasunetan dabe horreek konfiantza
eta
euren aberastasun handiaz harrotzen dira. R/.
V/. Hara, gizakiak ezin dau bere burua askatu,
ezta
Jainkoari bere biziaren erospen-saria ordaindu be.
Karuegia
da biziaren erospen-saria,
noiz
edo noiz ordaindu ahal izateko.
Amaibarik
biziko ete da, bada?
Ez
ete dau inoiz hilobia ikusiko? R/.
V/. Ez bildurrik izan nor edo nor aberasten bada,
bere
etxeko ondasunak gehitzen baditu;
hiltzean
ez dau beragaz ezer eroango,
aberastasunak
ez deutso jarraituko. R/.
V/. Bizi zala, bere burua zoriontzen eban:
«Goratu
egiten habe, dana ondo doakialako».
Baina
asaben artera joango da,
gehiago
argirik ikusiko ez dabenen artera. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Kristo biztu ez
bada,
zentzunik bakoa
da zuen sinismena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 15, 12-20
Senideok: Kristo hilen artetik biztu dala
iragartzen bada, zelan esaten dabe zuetako batzuek hilak ez dirala bizten?
Hilak bizten ez badira, Kristo be ez da
biztu. Eta Kristo biztu ez bada, oinarri bakoa da gure predikua eta zentzunik
bakoa zuen sinismena. Eta, hori holan bada, gu be Jainkoaren testigu faltsu
bihurtzen gara, haren kontra egiten dogu-eta testigantza Kristo biztu ebala
esatean. Izan be hildakoak bizten ez badira, Kristo be ez dago bizturik.
Eta Kristo biztu ez bada, alperrekoa da zuen
sinismena: zeuen pekatuetan zagoze oraindino. Eta zer esanik ez, hil diran
kristauak be galduak dira. Kristogan jarri dogun itxaropenak bizitza honetarako
bakarrik balio badau, gizaki guztietan errukarrienak gara.
Baina ez, biztu da Kristo hilen artetik,
heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 17 [16], 1. 6-7. 8 eta 15 (R/. 15c)
R/. Esnatzean zure presentziaz naz asetuko, Jauna.
V/. Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
aditu
nire deadarra;
makurtu
belarria nire otoitzera,
ez
dot engainurik ezpanetan. R/.
V/. Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu
nigana belarria, entzun nire berbea.
Agertu
egizu zeure maitasun harrigarria,
erasotzaileengandik
salbatzen dozuz-eta
zure
esku ahaltsuan babesten diranak. R/.
V/. Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde
ni zeure egoen kerizpean.
Nik,
barriz, zuzena nazala,
zure
aurpegia dot ikusiko,
esnatzean
zure presentziaz naz asetuko. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 11, 25
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuari
buruzko Barri Ona
jente
apalari agertu deutsazulako. R/.
Ebanjelioa
Jesusegaz eta
honen ikasleekin ebiltzan emakume batzuk,
eta euren
ondasunez laguntzen eutsien.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 1-3
Aldi haretan, herriz herri eta auzorik auzo ibili zan Jesus, Jainkoaren erregetzaren Barri Ona iragartzen. Beragaz zituan Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gatxetatik osatu zituan andra batzuk be: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituan–, Joana –Herodesen etxejagole Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko; honeek euren ondasunez laguntzen eutsien Jesusi eta honen ikasleei.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen irakaspena ez da mugatzen herri handietara; auzorik-auzo ere baebilela dinosku ebanjelioak. Nahinon iragarten dau, ba, Barri Ona.
Eta zelan iragarri, gainera! Orduko eskema guztiak apurtzen ebazala, eta eskemok salatuz.
Taldean ibiltea da gauza bat; baina talde horretako kide, eta zeregindun, emakumeak eukitea...
Baina emakumeak izateaz gain, deabruaren atzaparretatik askatuak izandakoak?
Orduko maisuek inondik inora ez eben ikasle gisa emakumerik onartzen. Jesusek, ostera, ez dau horretarako eragozpenik ikusten ez jarten: edonor izan daiteke haren ikasle; danok gagoz gonbidatuak Jainkoaren Barri Ona ezagutzera. Ha ez da pribilegiatu batzuentzat baino ez; emakumeak ere gonbidatuak dira.
Jesusek hori iragarteaz gain, bizikidetzaz ere gauzatzen dau, ordukoentzat deigarri izateraino.
Ebanjelariak ardura handiz nabarmentzen dau Jesusen taldean emakumeak ere baegozala, eta zeregindunak dirala agertuko. Kalbarioan ere hantxe agertuazoko dauz.
Honetan ere Jesusen urratsak eta irakatsia jarraitu bagenduz..., beste Eleiza bat izango geukean!
Urtean Zeharreko XXIV. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Bete agindua
akatsik barik,
Jauna agertuko
dan egunera arte.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik
1 Tm 6, 13-16
Anaia maitea: Gauza guztiak biziarazoten
dituan Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren auzitegian autormen bikaina
egin eban Kristo Jesusen aurrean erregutzen deutsut: bete agindua akatsik barik
eta zeresanik sortu barik, Jesu Kristo gure Jauna agertuko dan egunera arte,
bere sasoian agertuazoko dau-eta Jainkoak.
Bera
da Nagusi bakarra eta zoriontsua,
erregeen
Erregea eta jaunen Jauna;
bera
bakarrik da hilezkorra,
eta
lortu ezinezko argian bizi da;
ez
dau inoiz gizakiak ikusi
eta
ezin dau ikusi be.
Berari
aintza eta agintea betiko. Amen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. 2c)
R/. Sartu zaiteze oihu alaiz Jaunaren aurrera.
V/. Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu
egizue Jauna pozaren pozez,
sartu
zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.
V/. Jakizue Jauna dala Jainkoa,
berak
egin gaitu, harenak gara,
haren
herri eta haren larreko artalde. R/.
V/. Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak
emonez,
haren
atarietan gorazarreak abestuz.
Emon
eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.
V/. «Ona da-eta Jauna,
haren
maitasuna betikoa,
haren
leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ereiten dana
ustelkorra da,
bizten dana
ustelezina.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 15, 35-37. 42-49
Senideok: Norbaitek itaundu leike: «Zelan
bizten dira hildakoak? Zelako gorputzez bihurtuko dira bizira?» Zentzunbako
hori, zuk ereiten dozuna ez da ernetzen aurrez hiltzen ez bada. Eta ereiten
dozuna ez da gero haziko dan landarea, hazi hutsa baino, gari-hazia nahiz beste
edozein hazi izan.
Hildakoen biztuerakoan be gauza bera jazoko
da: ereiten dana ustelkorra da, bizten dana ustelezina; ereiten dana
mespretxagarria, bizten dana ospetsua; ereiten dana ahula, bizten dana
indartsua; haragizko gorputza ereiten da, eta espirituzkoa bizten; haragizko
gorputza badan lez, espirituzkoa be bada. Hau dino, hain zuzen, Liburu Santuak:
«Lehenengo gizakia, Adam, izaki bizidun egina izan zan»; azkeneko Adam, barriz,
Espiritu bizi-emoile.
Ez zan espirituzkoa izan lehenengoa,
haragizkoa baino; ondoren dator espirituzkoa. Lehenengo gizakia lurreko
hautsetik hartua izan zan; bigarrena, barriz, zerutik dator. Lurtarra, Adam,
lurtarren eredu da; zerutarra, Kristo, zerutarren eredu.
Eta lurtarraren irudiko garan lez,
zerutarraren irudiko be izango gara.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 56 [55], 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 14c)
R/. Zure aurrean ibiliko naz, oi Jainko, biziaren argitan.
V/. Nik Zuri deitu eta arerioek atzera egitean,
orduan
jakingo dot neure alde dodala Jainkoa. R/.
V/. Jainkoaren promesa goratzen dot,
Jaunaren
agintzaria goratzen,
Jainkoagan
dot konfiantza,
ez
naz ezeren bildur:
zer
egingo deust gizaki hutsak? R/.
V/. Ene Jainko, egin neutsuzan promesei deutset
eutsiko
eta
esker onez ditut beteko.
Bizia
libratu deustazu-eta heriotzatik,
oinak
jaustetik,
zure
aurrean ibili nadin, oi Jainko,
biziaren
argitan. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Lk 8, 15
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza
bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan
gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak.
R/.
Ebanjelioa
Lur oneko hazia
lakoak honeek dira:
hitza bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan gorde eta iraupenez frutua emoten
dabenak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 4-15
Aldi haretan, herri guztietatik jentetza
handia batu jakon baten, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Behin baten, urten
eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, garau batzuk bide-bazterrean jausi
ziran, eta zapaldu egin ebezan eta txoriek jan. Beste batzuk harri artean jausi
ziran eta, erne orduko, igartu egin ziran, hezetasunik ez ebelako. Beste garau
batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, hareekaz batera erneta, ito egin
eben hazia. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne eta bateko ehun emon
eben frutua».
Hau esanik, holantxe egin eban oihu:
«Entzuteko belarririk daukanak entzun begi».
Orduan, parabola honek zer esan gura eban
itaundu eutsoen ikasleek Jesusi. Honek erantzun eutsen: «Zuei emon jatzue
Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ostera, parabola bidez
berba egiten deutset. Holan, begiratzen dabe, baina ikusten ez; entzuten dabe,
baina ulertzen ez.
Hona, bada, parabolaren esanahia: Hazia
Jainkoaren berbea da. Bide bazterreko hazia lakoak honeek dira: hitza entzuten
dabenak, baina deabrua etortzen jake eta kendu egiten deutse hitza euren bihotzetik,
sinistu eta salbatu ez daitezan. Harri arteko hazia bezalakoak honeek dira:
berbea entzutean pozik hartzen dabenak; baina, sustrairik bakoak izanik,
denporaldi baten sinisten dabe, baina tentaldi-sasoian atzera egiten dabe. Sasi
artean jausitako haziaren modukoak beste honeek dira: berbea entzuten dabenak,
baina bizitzako arduren, diruaren eta atseginen artean itota gelditzen dira eta
ez dira heltzen frutua emotera.
Lur oneko hazia lakoak, barriz, honeek dira:
hitza bihotz onez eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez frutua
emoten dabenak».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lukasek jarten dauan lez, Jesus parabola azaltzen? Gatx! Parabolea bera bada Jainkoaren Erreinua iragarteko, ez dau azalpenik behar. Beste zeozerk eragin deutso ebanjelariari (edo gereoagoko kristauei) parabolea azaltzera.
Jesusen ahotan, Jainkoaren hitza (hazia) da erdi-erdian, lehen mailan, dagoana. Zelangoa dan eta zelan ereiten dan iragarten dau ipuinak.
Hazia ugaria da, indarduna, nahinon ereiten dana; kontuan hartu barik non eta zenbat jausten dan.
Hazi hori hartzea da beharrezko frutu emon ahal izan daian.
Baina azalpenean, lurra dala dirudi lehen mailan jarri beharrekoa. Lur batzuk ez dira harkorrak; edo eragozpenak jarriko deutsoez haziari, eta antzu bihurtuko dabe.
Geure moralismoan moralista bihurtu dogu moralista ez dan Jesus. Eta horrexek garoaz parabola bere esanguratik ataratera eta ulertu barik jarraitzera.
Izan gogoan: hazia nahinon ereiten da eta frutu ugari emongo dau. Hartzea baino ez dau eskatzen.