2022/03/01

XXIII. Astea

Urtean Zeharreko XXIII. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak Eleizearen zerbitzari egin nau
gizaldietan ezkutuan egon dan misterioa zuei adierazoteko.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 1, 24–2, 3

    Senideok: Pozik nago orain, zuen alde jasaten dodazan sufrimentuakaitik; holan, neure gorputzean jasaten dodazan atsekabeen bidez Kristoren atsekabeak osotzen ditut, haren gorputza dan Eleizearen alde. Jainkoak Eleizearen zerbitzari egin nau, eta bere mezua zuei oso-osorik adierazoteko eginkizuna emon deust.
    Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, gizaldietan eta gizaldietan gordeta euki ondoren, orain Jainkoak bere fededunei agertu deutsena. Honeei jakinazo nahi izan deutse Jainkoak zein aberats eta aintzatsu dan jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan dan eta aintzarako itxaropen dozuen Kristori buruz dihardut. Kristo hauxe iragartzen dogu, danei aholku emonez eta jakituria guztiaz irakatsiz, danak euren kristau-bizitzan heldutasun betera heldu daitezan. Hori da nire eginkizuna eta horretan nabil lan eta lan, Kristok emoten deustan ahalmen indartsuaz.
    Jakin behar dozue zelako burruka gogorrean dihardudan zuen alde, Laodizeakoen alde eta ni neu ikusi ez naben beste senide guztien alde. Honeek adorez bete daitezan nabil holan eta, maitasunean bat eginik, Jainkoaren asmo ezkutua, hau da, Kristo, bere aberastasun osoan ulertzera eta sakon ezagutzera heldu daitezan. Harengan dagoz gordeta jakituriaren eta ezagueraren ondasun guztiak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 62 [61], 6-7. 9 (R/. 8a)

R/.   Jainkoagan nire salbamena eta ohorea.

V/.   Ene barrua, Jainkoagan bakarrik izan atseden,
harengandik datorkit-eta itxaropena.
Ha bakarrik nire hatx eta salbazino,
bera nire gotorleku; ez naz kili-kolo egongo. R/.

V/.   Izan konfiantza Jainkoagan eten barik, haren herri zarienok,
zabaldu hari zeuen bihotza,
Jainkoa dogu babeslekua! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Baztertu egizue legamina zaharra,
Kristo, gure Pazko Bildotsa, opari eskeinia izan dan ezkero.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 5, 1-8

    Senideok: Bazter guztietan badakie zuen artean lizunkeria arazo bat dagoana, eta ez edozelakoa, jentilen artean be jazotzen ez dan lakoa baino: zuetako batek bere amaordekoa ei dauala emazte. Eta zuek, negar egin beharrean, harro zabiltze, eta ez dozue bota zeuen artetik holan jokatzen dauana. Ba nik, gorputzez urrun baina espirituz hor nagoan honek, erabagi dot daborduko hori egin dauanarentzat epaia, hor banintz lez: Jesus gure Jaunaren izenean batuko zarie –eta han izango naz ni be espirituz– eta, Jesus gure Jaunaren ahalmenez, Satanasen esku itziko dozue hori; ea holan, pekatuzko bere izaera hondaturik, Jaunaren egunean salbatzen dan.
    Ez dozue bat be arrazoirik harrotzeko. Ez ete dakizue legamina apur batek ore guztia harrotzen dauana? Baztertu egizue legamina zaharra, eta izan ore barri, legamina bako pazko-ogiak lez; izan be, horixe zarie, Kristo gure Pazko Bildotsa opari eskeinia izan dan ezkero. Ospatu daigun, beraz, Pazko-jaia, ez legamina zaharragaz, pekatu eta gaiztakeriazko legaminagaz, legamina bako pazko-ogiekin baino, hau da, bihotz-garbitasunez eta benetan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 5, 5-6a. 6b-7. 12 (R/. 9a)

R/.   Gidatu nagizu, Jauna, zeure zuzentasunaren bidetik.

V/.   Ez zara Zu gaiztakeria gogoko dauan Jainkoa,
ez deutsazu Zuk gaiztoari harrerarik egiten,
harroek ezin iraun dabe zure begien aurrean. R/.

 V/.  Gaizkile guztiak dozuz gorrotatzen,
guzur-ontziak hondatzen.
Hiltzaile eta maltzurrak
higuingarri jatzuz, Jauna. R/.

V/.   Alaituko dira Zugan babesten diranak,
pozez oihu egingo eten barik.
Zeuk zainduko dozuz,
eta pozez beteko dira zure izena maite dabenak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Zelatan egokiozan, zapatuz osatuko ete eban.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 6-11

    Beste zapatu batez, Jesus sinagogan sartu eta irakasten hasi zan. Bazan han eskumako besoa elbarri eukan gizon bat.
Lege-maisuak eta fariseuak zelatan egokiozan, zapatuz osatuko ete eban, zertan salatu izateko. Jesusek, hareen gogoetei igarririk, beso-elbarriari esan eutson: «Jagi eta zatoz hona, erdira». Ha jagi eta zutunik gelditu zan.
    Jesusek esan eutsen orduan: «Itaun bat: zapatuz zer da bidezko, on egitea ala gatx egitea, bizia salbatzea ala hondatzea?»
    Eta, inguruko guztiei begira, esan eutson gizonari: «Luzatu beso hori». Harek luzatu eban eta osatu egin jakon.
    Lege-maisuek eta fariseuek euren onetik urten eben eta Jesusi zer egingo ziharduen euren artean.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Eztabaida luze-sakonak euki daitekez Legearen nagusitasunaren inguruan. Eztabaida luzeak salbuespen bat egin ezkero haren ondren datozala beste asko eta asko, Legea ezerezean jarteko arriskuan jausiz…

Eta Jesusek, eztabaida teorikoak alde batera laga eta ekintza praktikotara joten dau.

Alde batetik, egoeren aurrean jarrera sendoa eskatzen deutse Lege-maisu eta farisearrei; Legea ondo ezagutzen, beteten eta beteazoten dabenei; gizon baten osasuna dago jokoan; osatu leike?

Hareek argi dauke: Legea, lege. Beste edozeren gainetik dauke Legea, Jainkoak hantxe agertu dau-ta bere nahia. Holan uste dabe.

Jesusek ere gauzak argi daukaz. Gizaki baten osasuna Legearen gainetik legoke. Beste era batera esanda: Legeak ezin debekatu daike gizaki bat osatzea.

Eta hori Jesusek leku publiko baten gauzatzen dau, Lege-maisu eta farisearrek agintzen eta irakasten daben sinagogan.

Jesusen egintzaren aurrean isildu beharrak sutan jarriko ditu Lege-maisu eta farisearrak, eta gero eta arrazoi gehiago pilatzen dabe Jainkoagandikoa ez dala baiesteko eta heriotzara eroateko.

 

 

Urtean Zeharreko XXIII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak biziazo egin zaitue Kristogaz batera,
pekatu guztiak parkaturik.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 2, 6-15

    Senideok: Jesu Kristo Jauna onartu dozuen ezkero, bizi zaiteze berari dagokionez. Harengan errotuak eta oinarrituak, iraun sendo sinismenean, irakatsi jatzuen lez, eta emon eskerrak eten barik.
    Begira, gero, inork filosofia eta argudio makalez engainatu ez zagiezan; horreek giza tradizinoetan eta munduan agintzen daben indarretan oinarrituta dagoz, eta ez Kristogan. Jainkoaren izaera Kristo gizon eginarengan dago bete-betean; eta zuek be, munduko aginte eta ahalmenen buru dan Kristoren bitartez hartu dozue zeuen betetasuna. Zuek be erdainduak zagoze, baina ez giza eskuz egindako erdainkuntzaz; Kristok erdaindu zaitue, zeuen pekatuzko izaeratik askatuz. Bateoaren bidez, Kristogaz hobiratuak izan zarie, eta biztu be, harengan biztu zarie, ha hildakoen artetik biztu eban Jainkoaren ahalmenean sinistuz.
    Sasoi baten, hilda zengozen zeuen pekatuakaitik eta erdainbakoak zinielako; baina Jainkoak biziazo egin zaitue Kristogaz batera, pekatu guztiak parkaturik. Gu gatxesten ginduzan epai-agiria hondatu egin dau eta kurutzean josiz ezereztu.
    Munduko ahalmenak eta aginteak indarbakotu ditu eta danen aurrean lotsagarri agertuazo, Kristoren bitartez hareen gain garaipena lortu ondoren.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 1-2. 8-9. 10-11 (R/. 9a)

R/.   Ona da Jauna guztientzat.

V/.   Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
bedeinkatuko dot zure izena betiere.
Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko. R/.

 V/.  Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
agertu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Anaia anaiagaz auzitan zabiltze,
eta epaile jentilen aurrean, gainera.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 6, 1-11

    Senideok: Zuetako norbait, beste baten aurka auziren bat dauanean, zelan ausartzen da jentilen epaitegietara jotzen, fededunen aurrera jo beharrean? Ez dakizue mundua fededunek epaituko dabena ala? Eta mundua epaitu behar dozuenok, ez ete zarie gauza arazo txikiak epaitzeko? Ez dakizue aingeruak be epaituko doguzana? Ba, arrazoi handiagoz eguneroko gorabeherak! Gorabehera horreek dirala-eta, zelan aukeratzen dozuez epaile eleiz alkartearentzat inor ez diranak?
    Zeuen lotsarako dinotsuet. Ez dozue inor aditurik, senide arteko auziak erabagi leikezanik? Bai zera! Anaia anaiagaz auzitan zabiltze, eta epaile jentilen aurrean, gainera. Dana dala, zeuen artean auziak izatea bera nahiko penagarri da. Zergaitik ez bidebakokeria jasan eta zeuen burua narrutzen itzi? Baina ez, zeuek egiten dozue bidebakokeria eta lapurreta, eta hori zeuen senideen aurka.
    Ez dakizue bidebakoek ez dabena Jainkoaren erreinua lortuko? Ez engainatu zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emekeriazaleek, sodomitek, lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dabe Jainkoaren erreinua lortuko. Horreetakoak zinien zuetako batzuk be; baina garbituak izan zarie, sagaratuak eta Jainkoak zuzentzat hartuak, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituari esker.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)

R/.   Maite dau Jaunak bere herria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.

V/.   Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.

V/.   Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian,
ohorea da haren fededun guztientzat. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 15, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Neuk aukeratu zinduedazan zuek,
        eta eginkizun hau emon deutsuet:
        frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela edonon,
        dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoari otoitzean igaro eban Jesusek gaua.
Hamabi aukeratu ebazan, eta apostolu izena emon eutsen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 12-19

    Aldi haretan, Jesus mendira joan zan otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro eban gaua.
Eguna argitu ebanean, ikasleei deitu eta hareetako hamabi aukeratu zituan, eta apostolu izena emon eutsen:
Simon –honi Pedro izena ezarri eutson– eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote eritxona–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izan zana.
    Jesus ikasleakaz menditik jatsi eta zelaigune baten gelditu zan. Ikaslemultzo handia zan harekin; baita herriko jentetza ugaria be, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta euren gatxetatik osatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak osatu egiten ziran. Jente guztiak Jesus ikutu gura eban ze, halako indar bat erion, danak osatzen zituana.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

    Lukasek Jesus lautadan jarten dau maisu-lanetan, irakasten. Mateok mendian jarten dauan bitartean.

    Badira azpimarratu beharreko detaile batzuk: Jesusek ekintza garrantzitsua uste dauana egin aurretik gau osoa emoten dau otoitzean.

    Arerioek estutzen dihardue inguruan, Jesusen erantzuna talde bat eratzea izango da. Askatasun osoz deitzen ditu batzuk bere inguruan egon daitezan eta bialduak izan daitezan.

    Jentearen artera joango da Jesus, bialduko dauz apostoluak. Eta jentea entzuteko eta osasuna lortzeko egarriz jatorko. Ez doa horrela maisu ofizialengana.

    Hausnartzekoa litzateke zer egin dogun guk, gaur egun jenteak Jesusen berbearen eta honengandiko osasunaren egarririk ez nabarmentzeko. Zer bihurtu dogu haren berbea edo haren osasuna?

    Zelan biztu geike gure ingurukoengan (eleizara datozenengan lehenengo ta behin) Jesusenganako miresmena eta honen berbearen egarria, osasundun lez osasuna partekatzera urten daien euren inguruetara?

 

 

 

Urtean Zeharreko XXIII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Kristogaz hilda zagoze.
Hilazo egizuez zeuengan mundu honen araberako jarrerak.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 1-11

    Senideok: Kristogaz berbiztu zarien ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo, Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Bilatu egizuez goiko gauzak, eta ez lurrekoak, hilda zagozelako, eta zuen bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, zuek be aintzatsu agertuko zarie haregaz batera.
    Hilazo egizuez, beraz, zeuongan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, lohikeria, gurari gaiztoak, grina txarrak eta idolatria dan diru-gosea.
    Honako gauzek bizten dabe Jainkoaren hasarrea errebeldeen gain. Zuek be noiz edo noiz ibili zarie holan, halakoetan bizi zinienean. Orain, ostera, baztertu egizuez horreek guztiak, hau da, gorrotoa, hasarrea, gaiztakeria, irainak eta hizkera gordina.
    Ez esan alkarri guzurrik, izaera zaharra eta honen araberako jokabidea erantzi eta barria jantzi dozuen ezkero; izaki barri zarie, beraren egile dan Jainkoaren irudira erabarrituz doana, ezaguera beteagora heltzeko. Hor ez dago honezkero ez greziarrik eta ez judegurik, ez erdaindurik eta ez erdaindubakorik, ez kulturadunik eta ez kulturabakorik, ez esklaborik eta ez librerik. Kristo da guztia, eta guztiengan bizi da.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 2-3. 10-11. 12-13b (R/. 9a)

R/.   Ona da Jauna guztientzat.

V/.   Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko.
Handia da Jauna, guztiz goragarria,
mugarik bakoa haren handitasuna. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
agertu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure erregetza betiko erregetza,
gizaldiz gizaldikoa zure nagusitza. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Ezkonduta zagozala? Ez ibili banandu nahian.
Ezkonbakoa zarala? Ez hasi emazte bila.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 7, 25-31

    Senideok: Ezkonbakoentzat ez dot Jaunaren agindurik. Halan be, neure eretxia emongo dot, Jainkoaren errukiaz sinisgarri nazan ezkero. Bizi doguzan une larriak gogoan harturik, uste dot on dala bakotxak dagoan egoeran jarraitzea. Ezkonduta zagozala? Ez ibili banandu nahian. Ezkonbakoa zarala? Ez hasi emazte bila. Halan be, ezkontzen bazara, ez dozu pekaturik egiten; neskatileak be, ezkontzen bada, ez dau pekaturik egiten. Baina ezkontzen diranek arazo handiagoak izango dabez euren bizitzan, eta nik ez neuke nahi holakorik zuentzat.
    Epea laburtu egin dala dinotsuet. Beraz, gelditzen jakun denporan, ezkonduak bizi beitez ezkonduta ez balegoz lez; negar dagienak, negar egingo ez balebe lez; pozik dagozanak, pozik ez balegoz lez; erosten dabenak, ezer ez balebe lez, eta mundu honetako gauzekin baliatzen diranak, baliatuko ez balira lez; izan be, mundu hau, oraingo bere itxuran, desagertzeko zorian dago.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 45 [44], 11-12. 14-15. 16-17 (R/. 11a)

R/.   Entzun, alaba, eta ikusi, makurtu egizu belarria.

V/.   Entzun, alaba, eta ikusi, makurtu egizu belarria:
ahaztu zeure herriaz eta aitaren etxeaz.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz;
bera dozu jaun, egiozu ahuspez agur. R/.

V/.   Guztiz ospetsu dator printzesa,
urrez apaindutako soinekoa jantzita.
Erregeagana daroe;
neskatila adiskideek jarraitzen deutsoe. R/.

V/.   Pozik eta alai daroez,
eta erregearen jauregira sartzen dira.
«Gurasoen ordez semeak izango dozuz
eta lurralde osoko buruzagi egingo». R/.


I. eta II. urteetan

Aleluia

Lk 6, 23ab

R/.   Aleluia.

V/.   Alaitu zaiteze eta egin pozez salto,
        handia izango da-eta zuen saria zeruan. R/.

 

Ebanjelioa

Zorionekoak behartsuok.
Baina ai zuek, aberatsok!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 20-26

    Aldi haretan, Jesusek, ikasleei begira, esan eutsen:
«Zorionekoak txirook,
Jainkoaren erreinua zeuena da-eta.
Zorionekoak orain gose zarienok,
ze, aseko zaitue Jainkoak.
Zorionekoak orain negar egiten dozuenok,
ze, barre egingo dozue.

    Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala-eta jenteak gorrotatu, euren artetik bota eta madarikatuko zaitueenean eta izen txarra emongo deutsueenean. Alaitu zaiteze egun horretan eta egin pozez salto ze, handia izango da zuen saria zeruan; gauza berbera egin eutsien profetei jente horren gurasoek.

    Baina ai zuok, aberatsok, ze, hartu dozue zeuen poza!
Ai zuok, orain aseta zagozenok, gose izango zarie-eta!
Ai zuok, orain barre egiten dozuenok, ze, aiene eta negar egingo dozue!

    Ai zuok, mundu guztiak zuetaz ondo berba egingo dauanean ze, gauza berbera egin eutsien sasiprofetei jente horren gurasoek!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zertan jarri behar dogu arreta Lukasek Jesusen ahotan jarten dauzan berbok ulertzeko eta, ulertuz, norberetzeko eta zorionean bizi izateko?

Inondik inora ezin onartu geike pobrea edo gosez dagoana edo aurrean erabilia zoriontsu danik. Nondik begituta esan geike zoriontsua izan daitekela?

Ez ete da zoriontsu Jesus, aberatsa izan ez arren, aurrean erabilia izan arren, bere aldikoen egoereak negar eragiten deutson arren?

Ebanjelari honek dakarskuzan zoriontasunak ez dira Mateorenean agertzen diranak hainako espiritualak. Azalekoagoak dirala emoten dau. Baina halan ere, ulergarriagoak egiten ete jakuz?

Ikuspegiz aldatu ezkero, pobrea ez dauala pobretasunak  berez zoriontsu bihurtzen onartuta, esan geike badagozala pobretasunean beste aberastasun bat aurkitu daikeenak, eta honeen zoriontasuna ez dala gero izango daben saria gaur gozatzen daben zoriona baino; aberatsei euren aberastasunek —iheskorrak diranetik— ezin emon leikien zoriontasuna.

Gose dana, ba, ez da zoriontsu gose dalako, edo egun baten mahaikadea izango daualako, une horretan beste bizitza bat aurkitzen daualako baino.

Gaur mezu han onartu ezin daitekelako, horreik aurrean erabiliak izango dira.

 

 

Urtean Zeharreko XXIII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Izan maitasuna,
hori da-eta alkartasun betearen lokarria.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik

Kol 3, 12-17

    Senideok: Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, otzantasunez, eroapenez, Jainkoaren herri aukeratua, santua eta maitea zarien ezkero. Eroan egizue ondo alkar eta parkatu batak besteari, inork inoren aurka ezer baleu. Jaunak parkatu eutsuen lez, parkatu zuek be alkarri. Eta horreen guztien gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria. Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzean, bake horretara deituak zarien ezkero gorputz baten, eta izan esker oneko.
    Bizi bedi oparo zuengan Kristoren hitza; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, haren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 150, 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 6)

R/.   Goratu begie Jauna arnasa daben guztiek!

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jainkoa bere santutegian,
goratu bere zeru-sabai sendoan.
Goratu egizue bere egite ahaltsuakaitik,
goratu bere neurribako handitasunagaitik. R/.

V/.   Goratu egizue adar-soinuz,
goratu harpaz eta zitaraz.
Goratu egizue danbolinez eta dantzaz,
goratu hari-soinuz eta txirulaz. R/.

V/.   Goratu egizue txilin ozenez,
goratu txilin durundariz.
Goratu begie Jauna arnasa daben guztiek! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Senideen kontzientzia hezibakoa kaltetuz,
Kristoren kontra egiten dozue pekatu.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 8, 1b-7. 11-13

    Senideok: Jakintzak puztu egiten dau, maitasunak eraiki. Zeozer dakialakoan dagoanak ez dau oraindino behar lako ezagutzarik. Jainkoa maite dauana ezagutzen dau Jainkoak.
    Beraz, zer esan sasijainkoei eskeinitako haragia jateaz? Badakigu sasijainkoak ez dirana ezer be munduan, eta Jainkoa bat besterik ez dana. Asko izan arren zeruan nahiz lurrean jainko deituak –eta holako jainko eta jaun asko dago benetan–, guretzat Jainkoa bat bakarra da, Aita: honengandik dira-eta gauza guztiak eta gu harentzat gara; eta bat bakarra da Jauna, Jesu Kristo: honen bidez dira-eta gauza guztiak eta gu be honen bidez gara.
    Baina ez dabe guztiek kontu hori behar dan lez ulertzen. Batzuek, oraintsu arte idolatrian ibilita, haragi hori benetan sasijainkoei eskeinia balitz lez jaten dabe eta, hareen kontzientzia ondo hezibakoa danez, errudun bihurtzen dira.
    Beraz, gauzak ondo ulertzen ei dozuzan horrek galdu egingo zeunke kontzientzia hezibakoa dauan zeure senidea, honengaitik be Kristo hila izan arren. Senideen kontra pekatu eginez eta hareen kontzientzia hezibakoa kaltetuz, Kristoren kontra egiten dozue pekatu. Horregaitik, nire senideari janariren bat jatea jauspide jazotzen bajako, ez dot behin be haragirik jango, neure senidea jausbidean ez jartzeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 139 [138], 1-3. 13-14b. 23-24 (R/. 24b)

R/.   Gidatu ni, Jauna, betiko bidetik.

V/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen,
badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.
Urrunetik sumatzen dozuz nire asmoak;
ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,
zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/.   Zeuk eratu deustazu barrua,
amaren sabelean eiho nozu.
Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako,
miresgarriak dira zure egintzak! R/.

V/.   Oi Jainko, aztertu nagizu eta ezagutu nire bihotza,
probatu nagizu eta ezagutu nire kezkak.
Ikusi galbidetik ete nabilen,
eta gidatu ni betiko bidetik. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

1 Jn 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Alkar maite badogu,
        Jainkoa gugan dago,
        eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. R/.

 

Ebanjelioa

Izan zaiteze errukiorrak,
zuen Aita errukiorra dan lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 27-38

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hauxe dinotsuet zuoi, entzuleoi: Maitatu egizuez zeuen arerioak, egin on gorroto deutsueenei, bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde. Matraila baten jotzen zaituanari eskeini bestea be; soingainekoa kentzen deutsunari ez ukatu jantzia be. Eskatzen deutsun edonori emon, eta zeurea kentzen deutsunari ez bihurtu eragin. Eta besteek zeuei egitea nahi dozuena, egin zeuek be besteei.
    Maite zaitueenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor jatzue? Pekatariek be maite ditue euren maitaleak. Eta on egiten deutsueenei bakarrik egiten badeutsezue on, zer esker on zor jatzue? Pekatariek be egiten dabe beste horrenbeste. Eta ordea hartzekotan bakarrik emoten badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? Pekatariek be aurreratzen deutsoe alkarri, dagokiena hartzekotan.
    Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz, ordeari begiratu barik; handia izango da zuen saria-eta. Goi-goikoaren seme-alaba izango zarie ze, ona da ha esker txarrekoentzat eta gaiztoentzat. Izan zaiteze errukiorrak, zeuen Aita errukiorra danez.
    Ez txartzat jo inor, eta Jainkoak be ez zaitue txartzat joko; ez kondenatu, eta ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta gainezkakoa emongo deutsue altzora. Izan be, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ezin onartu daitekez Jesusen irakatsiok giza arauz. Gure bat-bateko erantzuna aurre egitea izaten da, eta, besterik ezean, gogorkeria erabiliz, bizia galtzeko arriskuraino.

Aurre ez egitea mekoaren edo epelaren jokabidea edo jarrerea litzateke; eta inork ez da, ba, besteen aurrean meko edo apar agertu gura, ba.

Jesusen irakatsiak ondo ulertzeko apur bat sakondu behar dogu esaldiotan. Ez dau esan gura Jesusek, egiten deuskuen (edo egin leiguen) edozein txarkeria onartu behar dogunik, erantzun barik laga behar dogunik, txanpon bardinaz ez dogula erantzun behar baino.

Orduan? Ba ete dago erantzuteko beste txanponik? Ba, Jesusek eskeintzen deuskuna.

Jesusek, bere bizikeran, jarreretan eta azalpenetan, Jainkoaren izakerea agertzen dau. Eta horixe eskeintzen deusku guri: Jainkoaren seme-alaba gure izateaz jabetu gaitezala eta haren izakerea agertu daigula gure izakeran.

Zelango sakontasuna eskatzen dauan jarrera honek, ezta? Jesusengan oinarri hartu ezkero ez geuke ezinezko ikusiko.

 

Urtean Zeharreko XXIII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Ni lehenago biraolari izan nintzan,
baina nitaz errukitu egin zan Jainkoa.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolaren hasiera

1 Tm 1, 1-2. 12-14

    Nik, Paulok, Jainko gure Salbatzailearen eta gure itxaropen dan Jesu Kristoren aginduz beronen apostolu nazan honek, Timoteori, fedean neure egiazko seme zaitudan horri: grazia, errukia eta bakea Jainko Aitagandik eta Jesu Kristo gure Jaunagandik.
    Eskerrak emoten deutsadaz Kristo Jesus geure Jaunari, bere apostolu-zerbitzua nire gain izteko fidagarri aurkitu naualako eta indar emon deustalako niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta iraintzaile izan nintzan honi; baina nitaz errukitu egin zan Jainkoa, neure sinisbakotasunean ez nenkian-eta zer egiten nenbilen. Eta gainezka agertu eustan gure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusengan dogun sinismena eta maitasuna emonez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 11 (R/. ik. 5a)

R/.   Zeu zara, Jauna, nire ondarea.

V/.   Gorde nagizu, Jainko,
Zugan naz-eta babesten.
Hau dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure Jauna».
Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zeure esku dago nire zoria. R/.

V/.   Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta emoten,
gauez be berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
bera eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.

V/.   Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Guztiakana ahalik eta gehien egokitzen ahalegindu naz,
zelan edo halan  batzuk salbatzeko.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 9, 16-19. 22-27

    Senideok: Barri Ona iragartzen dodala-eta, ezin naz harrotu; ezinbestean dagokidan eginbeharra dodalako hori, eta errukarria ni, Barri Ona iragarriko ez baneu!
    Barri Ona neure gogoz iragarriko baneu, mereziduko neuke saria; baina nik nahi izan barik ezarri deusten eginkizuna betetzen badihardut, zein sari zor jat orduan? Hauxe besterik ez: Barri Ona doan iragartzea, Barri Onaren zerbitzutik datorkidazan eskubideez baliatu barik.
    Guztiz libre nazan arren, guztien esklabo egin naz, ahalik eta jente gehien Kristorentzat irabazteko. Ahul diranekin ahul egin naz, ahulak irabazteko. Guztiakana ahalik eta gehien egokitzen ahalegindu naz, zelan edo halan  batzuk salbatzeko. Eta dana Barri Onagaitik egiten dot, Barri On horretan nik be parte izan dagidan.
    Ez dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dabela arineketan, baina batek bakarrik jasotzen dauana saria? Beraz, egizue arineketan, irabazteko eran. Atletek diziplina gogorra ezartzen deutsoe euren buruari, eta hori, zimeltzen dan koroa irabazteko; guk, ostera, zimeltzen ez dana irabazteko. Nik be halan dihardut; ez arineketan itsu-itsuan egiten dauana edota ukabilkadak hutsean jotzen dituan burrukalaria lez; hori barik, neure gorputza hezi eta menpean jartzen dot, besteei irakatsi ondoren neu baztertuta geratu ez nadin.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 3. 4. 5-6. 12 (R/. 2)

R/.   Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!

V/.   Nekatzen daukat barrua,
Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.
Nire bihotzak eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

V/.   Txoriak aurkitu dau etxea,
baita elaiak be kumeentzat habia:
zure altarak, Jaun ahalguztiduna,
ene Erregea eta ene Jainkoa! R/.

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goresten!
Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
erromesaldiak gogoan erabiltzean! R/.

V/.   Jainko Jauna dogu eguzki eta babeski,
Jaunak dau mesedea eta ohorea emoten.
Harek ez deutse zoriona ukatzen
zintzo jokatzen dabenei. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 17, 17b. a

R/.   Aleluia.

V/.   Zure hitza da egia, Jauna;
        sagaratu gagizuz egiaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Izan ete leiteke itsua itsuaren gidari?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik

Lk 6, 39-42

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Izan ete leiteke itsua itsuaren gidari? Ez ete dira biak zulora jausiko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslearen bestekoa izango da.
    Zelan ikusten dozu senidearen begiko samarra eta zeure begiko habeaz konturatzen ez? Zelan esan zeinkio senideari: “Adiskide, itzidazu begian dozun samarra ataratzen”, zuk zeurean dozun habea ikusten ez dozula?
    Itxurazalea halakoa! Atara lehenengo zeure begitik habea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik samarra ataratzeko.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Norbere akatsak zuzentzea gatx egiten jakula-eta, inorenak salatzea eta zuzendu daizala eskatzea gauza arrunta izaten da, egunero ikusi geikeana. Eta ez dogu onartzen. Baina, aztertu daigun.

Alkarbizitza baten dihardugunok ezin geintekez bakotxa bere aldetik eta alkarri jaramonik ere egin barik ibili. Alkar ondo hartzen eta alkar zuzentzen ikasi beharra daukagu.

Baina, nik egiten ez dodana, eskatu neikeo senideari? Eskatu leio ez erretzeko erreten dauan osagileak gaixoari? Zuzenketarako ohar bat entzutean heuk egik lehenengo erantzun leio inori?

Gogotan hartu behar dogu gorago esandakoa: alkarregaz bizi izan gura izateak alkar onartzea eskatzen dauala, eta alkar zuzentzea. Eta ez da hain erreza.

Alde batetik, bestearen ona bilatzea gura izan behar da, eta, bestetik, apaltasun handia behar da norberak ezin dauana inori eskatzeko; horrek norbera ere ahalegin handiagoa egitera eroan leike, edo behar dauan laguntza eskatzera.

 Eta beti, norberari gatx egiten bajako, besteari ere horrenbeste; eta alkar onartzeko edo ondo eroateko lagungarri izan daiteke.

 

Urtean Zeharreko XXIII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Pekatariak salbatzera etorri zan Kristo Jesus mundura.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik

 San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo epistolatik

1 Tm 1, 15-17

    Anaia maitea: Sinisgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: pekatariak salbatzera etorri zala Kristo Jesus mundura. Eta inor ez ni baino pekatariagorik; horrexegaitik, hain zuzen, lortu neban errukia, Jesu Kristok bere pazientzia lehenengo nigan erakutsi egian eta betiko bizia izateko harengan sinistuko ebenentzat eredu izan nendin.
    Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ospea eta aintza gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 113 [112], 1-2. 3-4. 5a eta 6-7 (R/. 2)

R/.   Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena, orain eta beti.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

V/.   Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua izan bedi Jaunaren izena.
Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago. R/.

V/.   Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko.
Gizajoa hautsetatik jasotzen dau,
behartsua zaborretatik ataratzen. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Guztiok gorputz bat gara,
ogi bakarretik hartzen dogu-eta danok.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 10, 14-22

    Ene maiteok, egizue ihes idolatriatik. Zentzundunei lez berba egiten deutsuet; juzgatu zeuek nik dinodana. Jainkoa bedeinkatuz hartzen dogun esker onezko kalizak ez ete gaitu Kristogaz bat egiten haren odolean? Eta zatitzen dogun ogiak ez ete gaitu Kristogaz bat egiten haren gorputzean? Ogia bat danez, gorputz bat gara danok, ogi bakarretik hartzen dogu-eta danok. Begiratu Israel herrian jazotzen danari: opariak jaten dabezanek ez ete dabe bat egiten altareagaz?
    Honegaz ez deutsuet esan nahi sasijainkoei egindako opariak baliorik dabenik, edo sasijainkoa zeozer danik. Jakina ezetz! Deabruei eskeintzen jakez opari horreek, ez Jainkoari. Eta nik ez dot nahi zuek deabruakaz bat egiterik. Ezin dozue edan Jaunaren kalizatik eta deabruenetik; ezin dozue parte izan Jaunaren mahaian eta deabruenean. Ala sutu egin nahi ete dogu Jaunaren hasarrea? Bera baino indartsuago ete gara?

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 12-13. 17-18 (R/. 17a)

R/.   Gorespen-oparia deutsut, Jauna, eskeiniko.

V/.   Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbazino-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/.   Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa

Zergaitik esaten deustazue «Jauna, Jauna!»
eta ez dozue egiten esaten deutsuedana?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Luasen liburutik

Lk 6, 43-49

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ezta zuhaitz txarrik be frutu ona emoten dauanik. Bere frutuetatik igartzen jako zuhaitzari; elorritik ez da ikorik batzen, ezta sasitik mahatsik hartzen be. Ona danak ona ataratzen dau bere barruko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gatxa bere txarkeria altxorretik; ze, ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten dau».
    Zergaitik esaten deustazue “Jauna, Jauna!” eta ez dozue egiten esaten deutsuedana? Erakutsiko deutsuet noren antzekoa dan Nigana etorri eta nire berbak entzun eta betetzen dituana: etxea jasotzean, zulotu, sakondu eta zimenduak hatxean hartu zituan gizonaren antzekoa da. Uriolak gertatzean, jo eban ur-boladak etxea, baina ezin izan eutson dardara eragin, ze, sendo eregita egoan.
    Entzun bai, baina betetzen ez dituana, barriz, etxea lur gainean, zimendurik barik, eregi eban gizonaren antzekoa da. Jo eban ur-boladak eta behingoan jausi zan eta guztiz hondatuta gelditu».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen irakaskintzetan buru-belarri sartuta gagoz. Oraingoan frutu arbolea jarten deusku adibide. Honek ez dau ahaleginik egin behar dagokion frutua emoteko. Berezko gauza dau. Ulertuko bagendu…

Gu ez ginateke ahalegindu behar gauza onak egiten; hoRrela lortutako frutuak ez geukez gu garan arbola horrek bereak izango, ezarritakoak baino. Gabonetako zuhaitzari bolatxoak, argitxoak eta erregalu-kutxatxoak jartea lez litzateke.

Edo baita Jesusen berbak entzun eta jaramonik ez egitea; entzuteaz nahikoa egin dogula-eta…, edo otoitz egiteaz, edo mezatara, erretiro batera edo gogo-jardunetara joateaz.

Jesusek ez dinosku horreik ez dirala ezertarako, bere frutua emon behar dabela baino. Eta frutu horrek berezkoa izan behar dau, ez geure ahaleginez lortua.

Horretarako, Jesusen antzera, Jainkoaren esanetara jartea baino beste biderik ez dago. Hau da: Jainkoagaz hartu-emon estuak behar doguz.

Baina… ba ete daukagu astirik edo gogorik horretarako? Nahikoa jokoz kanpo ez ete gabilz, gero…

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...