Urtean Zeharreko XXII. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesusegaz bat
eginik hil diranak
Jainkoak
beragaz hartuko ditu.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ts 4, 13-18
Senideok: Ez dogu nahi hildakoen zoriaz zuek
ezjakinean egoterik, atsekabetu ez zaitezen, itxaropenik ez dabenen antzera.
Jesus hil eta biztu zala benetan sinisten badogu, Jesusegaz bat eginik hil
diranak be Jainkoak beragaz hartuko ditu.
Hau dinotsuegu Jaunaren hitzean oinarrituta:
guk, Jauna etortzean bizirik izango garanok, ez deutsegu hil diranei aurrea
hartuko. Izan be, goiaingeruaren oihuz eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea
emonik, Jauna bera jatsiko da-eta zerutik, eta lehenengo, Kristogaz bat eginik
hildakoak biztuko dira; gero gu, artean bizirik izango garanok, hareekin batera
eroango gaitue hodeietan, airean, Jaunagaz alkartzera. Eta holan, beti Jaunagaz
egongo gara. Adoretu egizue, beraz, alkar berba honeekin.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 96 [95], 1 eta 3. 4-5. 11-12. 13 (R/. 13b)
R/. Badator Jauna lurra epaitzera.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
kanta
Jaunari, lur osoa,
zabaldu
haren ospea nazinoetan,
haren
mirariak herri guztietan. R/.
V/. Handia da-eta Jauna, guztiz goresgarria,
jainko
guztien aldean bildurgarria.
Ez
dira ezer atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak,
ostera, zeruak egin ditu. R/.
V/. Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
egin
begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
egin
jai landa zabalak eta bertan dan guztiak,
egin
poz-oihu, basoko zuhaitz guztiok. R/.
V/. Jaunaren aurrean, badator-eta,
badator
lurra epaitzera.
Justiziaz
epaituko dau mundua
eta
leialtasunez herriak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jesu Kristo kurutzeratua iragarri neutsuen.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 2, 1-5
Senideok: Niri dagokidanez, Jainkoaren
salbazino-asmoa iragartzera joan nintxatzuenean, ez neutsuen hitz egin giza
jakituriazko hizkera landua erabiliz. Izan be, zuen artean ez neban ezer jakin
nahi izan Jesu Kristo, eta berau kurutzeratua, izan ezik.
Horregaitik, ahul eta bildurrez dar-dar
agertu nintzan zuen aurrean. Nire hitza eta predikua ez ziran giza jakituriazko
argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baino, holan, zuen sinismena
Jainkoaren indarrean oinarritu eiten eta ez giza jakiturian.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 97-98. 99-100. 101-102 (R/. ik. 97a)
R/. Bai maite dodala, Jauna, zure legea!
V/. Bai maite dodala, Jauna, zure nahia;
hausnargai
dot egun osoan.
Zure
aginduak arerioak baino zuhurrago nau egiten,
neugaz
dot-eta beti. R/.
V/. Nire irakasle guztiak baino argiago naz,
zure
aginduak ditut-eta hausnartzen.
Zaharrak
baino trebeago naz ulertzen,
zure
legeak ditut-eta betetzen. R/.
V/. Bide txar guztitik aldentzen ditut oinak,
zure
hitza gordetzearren.
Ez
naz zure erabagietatik aldentzen,
Zeuk
deustazu-eta irakasten. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Lk 4, 18
R/. Aleluia.
V/. Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
behartsuei
Barri Ona emotera bialdu nau. R/.
Ebanjelioa
Behartsuei
Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak.
Ez da
profetarik bere herrian onartua danik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 4, 16-30
Aldi haretan, Jesus Nazaretera, bera
hazitako herrira, joan zan, eta zapatuan sinagogan sartu, ohi ebanez, eta
zutunik jarri zan irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua emon eutsoen
eta, edegitzean, pasarte hauxe aurkitu eban:
«Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
ze,
berak gantzutu nau,
behartsuei
Barri Ona emoteko.
Giltzapekoei
askatasuna
eta
itsuei ikusmena iragartzera bialdu nau,
zapalduei
askatasuna emotera,
Jaunaren
grazia-urtea iragartzera».
Liburua batu ostean, laguntzaileari emon eta
jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan.
Jesus holan hasi jaken: «Gaur bete da orain
entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». Guztiek Jesusen alde berba egiten eben
eta harrituta egozan Jainkoaren onginahiaz esaten zituanakaitik. Baina hau
inoean: «Ez al da, ba, hau Joseren semea?»
Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera
ha gogoratu eragingo deustazue, hurrean: “Sendagile, osatu zeure burua”, eta
esango: “Egizuz hemen be, zeure herrian, Kafarnaumen egin ei dituzun gauzak”».
Eta gehitu eban: «Hara bene-benetan
dinotsuet: Ez da profetarik bere herrian onartua danik. Benetan dinotsuet:
Bazan emakume alargunik asko Israelen Eliasen sasoian, hiru urte eta sei
hilabetez euria egin barik egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zanean;
halan be, Jainkoak ez eutson hareetako inori bialdu Elias, Sidon herrialdeko
Sareptako alargunari baino. Eta bazan legenardunik asko Israelen Eliseo
profetaren sasoian; halanda guzti be, ez zan hareetako inor osatu, Siriako
Naaman baino».
Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak
amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria jasota
egoan mendiko trokara eroan eben, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus
hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Irakurri dogun Lukas ebanjelariaren perikopa (ebanjelio zati) hau, Lukasek berean garatuko dauan Jesusen egitasmoaren barri emoten deusku labur-labur: aukeratua izatea; erreinuaren iragarle; herritarren bihotz gogorkeria; iragarpena pekatari, baztertu eta atzerritarrei egitea…
Herritarrek harrerea egarri biziz egiten badeutsoe, beste leku batzutan egin dauzan mirariak baino bere herrian gehiago eta handiagoak egingo dauzalakoan dagozalako zan, antza.
Ez dabe ulertu. Jesus ez da mirarigile merke bat, euren ustekerietatik atara gura dauzan mezularia baino. Horretarako antxinako profeten eredua jarten deutse; horrek sutu egingo ditu. Ateak zabaldu beharrean, euren usteetan jarraitzeko asmotan, amorru biziz bota gura izango dabe Jesus maldan-behera.
Agerian geratu da zein itxiak garan, geure ezjakinean, hartu dogun ondasuntzagaz: ha galtzeko bildurrez, ondo gordeta euki gura dogu. Eta ondino zarratuagoak izaten gara Jainkoari buruzko ondasuntzagaz: egia osoa geurea dalakoan…
Urtean Zeharreko XXII. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Gugaitik hil
zan,
gu haregaz bat
eginik bizi gaitezan.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ts 5, 1-6. 9-11
Senideok: Jaunaren etorrera noiz eta zelan
izango dan ez dozue nik idatzi beharrik; zeuek dakizue nahiko ondo Jaunaren
eguna lapurra gauez lez etorriko dana.
«Bakea eta nasaitasuna» esaten diharduenean,
orduan uste barik etorriko jake hondamendia gainera, umedun dagoanari erdiminak
lez, eta ez dabe ihes egiterik izango. Zuek, ostera, senideok, ez zarie ilunpean
bizi, egun horrek lapurrak lez harrapatzeko zorian; danok argiaren eta egunaren
seme-alaba zarie. Ez gara gauarenak, ez ilunarenak. Beraz, ez daigun lorik egin
besteek lez; egon gaitezan zuhur, eta izan gaitezan neurritsu.
Izan be, Jainkoak ez dau guk beraren
hasarre-zigorra jasatea nahi, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez salbazinoa
lortzea baino. Jesu Kristo gugaitik hil zan, gu, nahiz iratzarrik nahiz lo,
haregaz bat eginik bizi gaitezan. Holan, bada, emon adore alkarri eta lagundu
batak besteari, egiten dozuen lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 1. 4. 13-14 (R/. ik. 13)
R/. Jaunaren ontasuna ikusi ustean nago
bizidunen lurrean.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork
ni bildurtu?
Jauna
biziaren babes,
nork
ni izutu? R/.
V/. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren
bila nabil ni:
bizi
nadila Jaunaren etxean
neure
bizitzako egun guztietan,
Jaunaren
edertasuna miretsiz
eta
haren tenplua zainduz. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen
lurrean.
Itxaron
Jaunagan!
Eutsi
gogor, izan bihotz!
Itxaron
Jaunagan! R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Giza maila
hutsez, gizakiak ez dau onartzen
Jainkoaren Espirituari dagokiona;
Espiritua
dauanak dana juzgatzen dau.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 2, 10b-16
Senideok: Espirituak dana aztertzen dau,
baita Jainkoaren barru-barrua be. Nork ezagutu leike gizakiaren barrua, beragan
dauan giza espirituak baino? Era berean, inork ezin leike Jainkoaren barrua
ezagutu, Jainkoaren Espirituak izan ezik. Eta guk ez dogu munduaren espiritua
hartu, Jainkoagandik datorrena baino; honan, Jainkoak emon deuskuzan dohaiak
ezagutu geinkez. Gauza honeetaz ez dogu berba egiten giza jakituriak irakatsitako
hizkeraz, Espirituak irakatsitakoaz baino, Espirituaren gauzak Espiritua hartu
daben gizon-emakumeei adierazoz.
Giza maila hutsez, gizakiak ez dau onartzen
Jainkoaren Espirituari dagokiona; ez dau zentzunik berarentzat eta ezin dau
ulertu, Espirituaren argitan bakarrik aztertu leiteke-eta. Espiritua dauanak
dana juzgatzen dau; bera, ostera, ezin leike inork juzgatu. Izan be, «nork
ezagutu dau Jaunaren pentsakerea? Nork irakatsi leikio?» Guk, halan be,
Kristoren pentsakerea dogu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 8-9. 10-11. 12-13b. 13c-14 (R/. 17a)
R/. Zintzoa da Jauna bere bide guztietan.
V/. Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa
eta onginahiz betea.
Ona
da Jauna guztientzat,
errukiz
betea bere sorkari guztientzat. R/.
V/. Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari
guztiek,
bedeinkatu
zeure fededunek;
aitatu
begie zure erregetza ospetsua,
hitz
egin begie zure ahalmenaz. R/.
V/. Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure
erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure
erregetza betiko erregetza,
gizaldiz
gizaldikoa zure nagusitza. R/.
V/. Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala
bere egintza guztietan.
Jaunak
eusten deutse jausteko zorian dagozanei,
eta
jasotzen ditu lur joak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Lk 7, 16
R/. Aleluia.
V/. Profeta handia sortu da gure artean,
eta
Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.
Ebanjelioa
Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 4, 31-37
Aldi haretan, Jesus Galileako Kafarnaum
urira jatsi zan, eta zapatuetan jenteari irakasten eutson. Harriturik egoan
jentea haren irakaspenaz, ze, nagusitasunez berba egiten eban. Bazan sinagogan
espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihu bizian hauxe inoan: «Zer
dok gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera ete hator? Bajakiat nor hazen:
Jainkoaren Santua».
Jesusek gogor eraso eutson: «Isildu hadi eta
urten gizon horrengandik!» Deabruak jente artean lurrera bota eban gizona,
baina bapere kalterik egin barik urten eban harengandik.
Ikaratuta gelditu ziran danak, alkarri
itaunka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen deutse espiritu
txarrei, eta honeek urten egiten dabe».
Jesusen entzutea herrialde haretako bazter
guztietara zabaldu zan.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek ez dau aurkitu bere herritarren artean harrera onik, harrerea jakinminez egin baeutsoen ere: ez eutselako emon eurek uste edo itxaroten ebena, eta handik hanka egin behar izan eban bizirik jarraituko baeban.
Badirudi Kafarnaumen harrera hobea egiten deutsoela eta, Nazareteko sinagogan hasiera emondako eginkizunari hementxe emongo deutso (Kafarnaumen) jarraipena: Jesusek Jainkoaren erreinuaren Barri Ona iragarriko dau eta bere hitzari ezaugarriek lagunduko deutsoe.
Adi! Sinagogan deabruduna dago. Ez ete deusku Lukasek esan gura erlijinoa —ondo erabili ezik— lokarri bihurtzen dala, menpean hartu geinkezala?
Jesusen mezua askatzailea bada, deabruak protestaka jarriko jakoz aldenduazo nahiez. Horixe egin eutsoen nazaretarrek. Baina indartsuagoa da mezu askatzailea, nazaretarrek entzun nahi izan ez ebena.
Kafarnaumdarrek, ostera, aintzat hartzen dabe, eurek ere haren barri bazterretara eroateraino.
Urtean Zeharreko XXII. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Zuekana heldu
da Barri Ona,
eta lur osora.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolaren hasiera
Kol 1, 1-8
Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik, Kristo
Jesusen apostolu nazan honek, eta Timoteo anaiak, Kolosan bizi zarien kristau
fededun eta senide leialoi: grazia eta bakea zuei Jainko gure Aitagandik.
Zuen alde otoitz egitean eskerrak emoten
deutsaguz eten barik Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, jakin
dogulako zelan sinisten dozuen Kristo Jesusengan eta zelan maite dozuezan
fededun guztiak. Jainkoak zuentzat zeruan prestatuta dauan sariaren itxaropenak
eragiten deutsue horretara, hau da, Barri Ona, egiaren mezua, zuekana heldu
zanean ezagutu zenduen itxaropenak. Barri Ona dan mezuak, Jainkoaren
onginahiaren barri izan eta benetan ezagutu zenduen egun beretik dihardu zuen
artean hazten eta frutu emoten, mundu osoan diharduan lez. Epafras gure lankide
maiteak eta zuentzat Kristoren zerbitzari leial danak irakatsi eutsuen holan.
Harek jakinazo deusku zelako maitasuna sortzen dauan zuengan Espirituak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 52 [51], 10. 11 (R/. 10b)
R/. Jauna, zure maitasunean dot konfiantza betiko.
V/. Ni Jainkoaren etxean olibondo hezearen
antzeko,
Jainkoaren
maitasunean dot konfiantza betiko. R/.
V/. Beti goratuko zaitut egin dozunagaitik,
zure
izenean dot itxarongo,
fededunentzat
hain ona zaralako. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gu Jainkoaren
lankideak gara;
zuek, barriz, Jainkoak lantzen dauan soloa,
Jainkoak
eraikitzen dauan etxea.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 3, 1-9
Senideok: Nik ezin izan neutsuen hitz egin
Espiritua dabenei lez, heldubakoei lez baino, kristau izatean umetxu diranei
lez. Esnez hazi zinduedazan, ez janari sendoz, hau hartzeko ez zinien-eta
artean gauza. Oraindino be ez zarie gauza, giza grinen menpeko izaten
jarraitzen dozue-eta. Izan be, bekaizkeriak eta eztabaidak dozuezan bitartean,
ez ete zarie giza grinen menpeko? Ez ete dozue giza eretxi hutsez jokatzen?
«Ni Paulorena naz, ni Apolorena»
dinozuenean, ez ete dozue giza eretxi hutsez jarduten? Azken baten, zer da
Apolo? Eta zer Paulo? Zuek sinismenera ekarri zaitueen Jainkoaren zerbitzari
besterik ez, bakotxa Jaunak emon deutson egitekoaren arabera. Landatu, nik
landatu neban; ureztatu Apolok; baina hazi, Jainkoak haziazo eban. Landatzen
dauana eta ureztatzen dauana ezer gitxi dira; ardurea dauana Jainkoa da,
haziazoten dauana. Landatzen dauana eta ureztatzen dauana, biak parekoak dira,
bakotxak saria bere lanaren arabera jasoko badau be. Gu Jainkoaren lankideak
gara; zuek, barriz, Jainkoak lantzen dauan soloa, Jainkoak eraikitzen dauan
etxea.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 33 [32], 12-13. 14-15. 20-21 (R/. ik. 12b)
R/. Bai dohatsu
Jaunak bere oinorde aukeratu dauan
herria.
V/. Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek
bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak
zerutik begiratzen dau,
ikusten
ditu gizaki guztiak. R/.
V/. Bere bizilekutik jarriak ditu begiak
munduko
biztanle guztien gainean,
berak
egin dau-eta danen bihotza,
eta
adi dago hareen egintza guztiei. R/.
V/. Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera
dogu laguntzaile eta babesle.
Harengan
pozten da gure bihotza,
haren
izen santuan dogu konfiantza. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Lk 4, 18
R/. Aleluia.
V/. Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau
Jaunak,
katiguei
askatasuna iragartzera. R/.
Ebanjelioa
Gainerako
herrietan be adierazo behar dot
Jainkoaren
erreinuaren Barri Ona,
horretara
bialdu nau-eta Jainkoak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 4, 38-44
Aldi haretan, Jesus sinagogaitik urten eta
Simonen etxean sartu zan. Simonen amaginarreba sukar handiaz egoan, eta haren
alde zeozer egiteko eskatu eutsoen.
Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu
eutson sukarrari, eta sukarrak alde egin eutson. Behingoan jagi eta zerbitzen
hasi jaken amaginarreba.
Eguzkia sartu zanean, gaixoak ebezan
guztiek, euren gatxa edozein izanda be, Jesusi eroaten eutsoezan, eta harek,
bakotxari eskuak ezarriz, osatu egiten zituan.
Askorengandik deabruek be urteten eben,
deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!» Jesusek zorrotz galazoten eutsen
berba egitea, baekien-eta Mesias zana.
Eguna argitu orduko, urten eta bazter
bakarti batera joan zan. Jentea haren bila ebilen eta, aurkiturik, eutsi egin
gura eutsoen, alde egin ez egien. Baina Jesusek esan eutsen: «Gainerako
herrietan be adierazo beharra dot Jainkoaren erreinuaren Barri Ona, ze,
horrexetara bialdu nau Jainkoak».
Eta Judeako sinagogetan ibili zan Barri Ona
iragartzen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Barriro emoten deusku Lukas ebanjelariak Jesusen zereginaren eta agendaren barri. Oraingoan, kronika hutsean geratu gura ez badogu, detaileetara jatsi behar izango dogu.
Leku publiko edo agerikotik (sinagogatik) leku pribatura (Pedroren amaxearen etxera) doa. Han ere gaisoa dago: sukarrak txarkeriaren indarra iragarten dau; menpean hartzen dau eta norbere zereginetatik aldenduazo. Halan dagoana txarkeriaren menpe, hilda balego lez, dago. Horregaitik eskutik oratu eta jagiazoten (biztu egiten) dau Jesusek.
Eta bizi izatea, bizitzan irautea, besteen zerbitzuan jardutea da (Jesusek bizitza zerbitzu lez ulertzen dau). Eta horixe egingo dau osatuak. Jesusen osakuntza ez da, ba, azaleko hutsa; goitik beherakoa da, oso-osokoa.
Ilunpeak, egunaren amaiereak, gaisoak…
txarkeriaren indarra iragarten dabe. Jesusek menpean hartu daikez. Baina indarra
Jainkoarekin bat egitetik jatorko. Bakartadea bilatuko dau eta danengana
eroan gura izango dau Jainkoaren dohaia. Hauxe da bere eginkizuna. Jenteak..., bere azaleko osasuna bilatzen dau.
Urtean Zeharreko XXII. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Berak atara
gaitu ilunpearen menpetik
eta bere Seme
maitearen erreinura aldatu.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik
Kol 1, 9-14
Senideok: Zuen jokabidearen barri izan
genduanetik, eten barik dihardugu zuen alde otoitzean. Jainkoari eskatzen
deutsagu, jakituria osoz eta Espirituak emoten dauan ulermenaz jantzirik,
Jainkoaren nahia bete-betean ezagutu dagizuela. Holan, Jaunak nahi dauan eran
biziko zarie, atsegin dauan guztia eginez, era guztietako egintza onak
frututzat emonez eta Jainkoa gero eta hobeto ezagutuz.
Haren ahalmen aintzatsuak indartzen zaitue,
dana jasateko iraupena eta pazientzia izan dagizuen eta, pozez beterik,
eskerrak emon deiozuezan Aitari, argiaren erreinuan bere herri santuarentzat
prestaturik dituan ondasunetan parte izateko gai egin zaituenari. Berak atara
gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu; honengan
dogu askapena, honengan pekatuen parkamena.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 2-3b. 3c-4. 5-6 (R/. 2a)
R/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez
da ahaztu bere maitasunaz,
Israel
herriari deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz
eta kantu-hotsez,
turutaz
eta adar-hotsez;
egin
irrintzi errege dan Jaunari. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Guztia zuena
da. Zuek, ostera, Kristorenak zarie,
eta Kristo
Jainkoarena.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 3, 18-23
Senideok: Ez begi inork bere burua engainatu. Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dala uste badau, egin bedi zoro, benetan jakintsu izateko. Izan be, mundu honetako jakituria zorakeria da Jainkoaren aurrean, Liburu Santuak dinoan lez: «Jakintsuak euren maltzurkerian harrapatzen ditu Jainkoak». Eta beste hau be badino: «Badaki Jaunak jakintsuen asmoak huskeria dirana».
Beraz, ez bedi inor gizakiez harrotu, dana zeuena da-eta: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraina eta geroa; guztia zeuena da. Zuek, ostera, Kristorenak zarie, eta Kristo Jainkoarena.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. 1)
R/. Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana.
V/. Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen
dauana,
mundua
eta bertan bizi diranak,
harek
ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek
finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/. Jaunaren mendira nork igongo?
Haren
toki santuan nor egongo?
Eskuak
errubako eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara
jotzen ez dauana. R/.
V/. Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia
egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau
da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben
Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 4, 19
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigaz, dino Jaunak,
eta
giza arrantzale egingo zaituet. R/.
Ebanjelioa
Dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 5, 1-11
Aldi haretan, jentea gainera etorkion
Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret laku-ertzean egoan Jesus. Txalupa
bi ikusi zituan ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jatsita, sareak
garbitzen ebiltzan. Igon eban txalupa hareetako batera, Simonenera, eta
lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutson. Gero, jesarri eta txalupatik
jenteari irakasten jardun eban.
Berbaldia amaitzean, esan eutson Simoni: «Jo
itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun eutson: «Maisu,
gau osoan eginahalak egin eta ez dogu ezer harrapatu; halan be, Zeuk dinozun
ezkero, bota egingo dodaz sareak». Halan egin eben eta, hainbesteko
arrain-piloa harrapatu eben ze, sareak lehertzeko zorian egozan. Beste
txalupako lagunei keinu egin eutsien laguntzera etortzeko; etorri ziran, eta
txalupa biak bete ebezan, ia-ia hondoratzeraino.
Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu
zan Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, pekataria naz-eta». Egon be,
zur eta lur egozan Simon eta harekin ziran guztiak, egineko arrantzuagaitik,
eta gauza bera gertatzen jaken Simonen arrantzu-lagun ziran Zebedeoren seme
Santiagori eta Joani be. Baina Jesusek esan eutson Simoni: «Ez bildurrik izan,
hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».
Hareek txalupak lehorrera atara zituen eta,
dan-dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Erakargarria da Jesusen irudia Lukasen ebanjelioan: jentetzak erakarten dauz, eta bere ikasleak izango diranak ere argira jarten ditu.
Jesusek zeri buruz diharduan ez dinosku ebanjelariak oraingoan ere; baina itsasoa, lehorra, txalupa… eta uste bako arrantzua (haren berbeari jaramon eginda) hartzen badoguz kontuan, bai esan geikela: Jesusen berbea askatzailea da.
Aurrez-aurre dihardue arrantzale zaharraren esperientziak eta maisu gaztearen berbeak. Harek gau guztiko jardunaz ere ezin izan deutso etekinik atara itsasoari. Baina honen esanetara jarri danean… haxe bai arrantzua!
Hortxe dator autorkuntza: pekataria naz. Eta ez dauka hari jarraitzeko gogorik, ez-eta aldatzekorik ere, antza: alde nigandik dinotso-eta.
Baina Jesusek aurrera begira jarriko dauz; lehenari lepo emonazoko deutse. Eta gizaki barri bihurtuko dira, besteen askatzaile.
Eta zelango prestutasuna azaltzen daben dana bertan-behera lagata jarraitzen deutsoe-eta.
Urtean Zeharreko XXII. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Gauza guztiak
beraren bidez
eta berarentzat
dira eginak.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik
Kol 1, 15-20
Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
sorkari
guztietan lehen-sortua.
Beraren
bidez sortu ebazan Jainkoak
zeru-lurretan
diran gauza guztiak,
agiri
diranak eta ez diranak:
munduan
eragina daben ahalmenak,
nagusitzak,
aginteak eta podereak;
sortua
izan dan guztiak Kristo dau eredu eta helburu.
Gauza
guztiak baino lehenago da ha,
eta
berari esker diraue.
Ha
da gorputzaren buru, Eleizearena, hain zuzen.
Bera
da hasierea, hildakoen artetik lehen-biztua,
gauza
guztietan bera izan dadin lehenengoa;
Jainkoak
nahi izan dau-eta
bere
izaeraren betea Kristogan egotea,
eta
honen bidez gauza guztiak beragaz adiskidetzea,
Kristok
kurutzean isuritako odolaz bakeak eginez
zeruko
eta lurreko gauza guztiekin.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 100 [99], 2. 3. 4. 5 (R/. 2c)
R/. Sartu zaiteze oihu alaiz Jaunaren aurrera.
V/. Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu
egizue Jauna pozaren pozez,
sartu
zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.
V/. Jakizue Jauna dala Jainkoa,
harek
egin gaitu, berarenak gara,
haren
herri eta haren larreko artalde. R/.
V/. Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak
emonez,
haren
atarietan gorazarreak abestuz.
Emon
eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.
V/. «Ona da-eta Jauna,
haren
maitasuna betikoa,
haren
leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunak agertuko ditu bihotzeko asmoak.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 4, 1-5
Senideok: Hartu gagiezala guztiek Kristoren
zerbitzaritzat eta Jainkoaren misterioen administratzailetzat. Eta
administratzaileari leiala izatea eskatzen jako.
Niri dagokidanez, ez deust bat be ardura
zuek edo edozein giza auzitegik ni epaitzeak. Neuk be ez dot epaitzen neure burua.
Egia da kontzientziak ez nauala ezertan salatzen; baina horrek ez dau esan gura
neure burua errubakotzat jotzen dodanik, Jaunak nau-eta epaitzen.
Ez dagizuela, beraz, ordua baino lehen
epaitu. Itxaron Jauna etorri arte. Harek argituko dau ilunpean ezkutaturik
dagoana, harek agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta, orduan, bakotxak merezi
dauana jasoko dau Jainkoagandik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 37 [36], 3-4. 5-6. 27-28. 39-40 (R/. 39a)
R/. Jaunagandik dator zintzoen salbamena.
V/. Izan konfiantza Jaunagan eta egin on dana,
bizi
lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan
bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak
eskatzen dauana. R/.
V/. Itzi Jaunaren esku zeure zoria,
izan
konfiantza harengan, berak ekinean jardungo dau-eta.
Goiz-argiak
lez egingo dau distira zure zuzentasunak,
eguerdiko
eguzkiak lez zure zuzenbideak. R/.
V/. Alde gatxetik, egin on dana,
eta
beti izango dozu non bizia;
zuzenbidea
maite dau-eta Jaunak
eta
ez ditu bertan behera izten bere fededunak. R/.
V/. Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa,
bera
dabe gotorlekua arrisku-sasoian;
Jaunak
lagundu eta onik ataratzen ditu,
gaiztoakandik
onik atara eta salbatzen,
harengan
babesten dira-eta. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 8, 12
R/. Aleluia.
V/. Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
Niri
jarraitzen deustanak izango dau bizirako
argia. R/.
Ebanjelioa
Etorriko jake
senar barria kenduko deutsien eguna;
orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 5, 33-39
Aldi haretan, Fariseuek eta lege-maisuek
esan eutsoen Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dabe barau eta otoitz, baita
fariseuen ikasleek be; zureak, ostera, jan eta edan dihardue».
Jesusek erantzun eutsen: «Zelan gura dozue
ezteguetara deituek barau egitea, senar barria eurekin eukita? Etorriko jake, bai, senar barria kenduko
deutsien eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau».
Parabola hau be esan eutsen: «Inork ez dau
jantzi barririk urratzen, zaharrari adabua ipintzeko; osterantzean, jantzi
barria hondatu egingo litzateke, eta zaharrari ez litxakio barriaren adabua
egoki etorriko.
Ez dau inork sartzen ardao barririk be
zahagi zaharretan; ardao barriak zahagiak lehertu egingo leukez; ardaoa isuri
egingo litzateke eta zahagiak galdu. Ardao barria zahagi barrietan sartu behar
da. Ardao zaharrarekin ohituta dagoanak ez dau barririk gura, ze, “zaharra
hobea dok” esaten dau».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jainkoaren aurrean baliokoa zer dan bilatzen dogu? Eta uste dogu on egitea eta txarkeria saihestea dala? Eta horregaz batera, noizbehinka, gure atseginak-eta zigortzea, eta barau eta penitentziak egitea? Horixe esan jaku eta daukagu barru-barruan sartuta.
Zer ete dinotse Jesusek hori uste daben fariseu eta lege-maisuei? Zer ete dinosku geuri ere? Baina beste hauxe ere galdetu behar izango geuskio geure buruari: Jesusen erantzuna ulertzeko moduan ete gagoz, erantzun hori geure usteekin bat ez badator?
Jesusen ikasleen jokabideak kezkatu egiten ditu fariseu eta lege-maisuak, ala hareen inbiriaz dagoz, eurek barau egiten dabelako besteak jan-edanetan dabizen artean? Holan bada, ezer gitxi balio dau honeen barauk, nahiago leukeelako ez egitea, eta egiten ez dabenen inbiriaz dagozalako.
Ez dabe ulertu Jesusek aldi barriei emoten deutsela hasiera, eta aldi barriotan Jainkoaren atsegineko gauzak egitea barik, errukitsu izatea dagokigula, horrelaxe iragarten dogulako Jainkoaren seme-alaba garala.
Baina hori norberetzeko, Jesusek dakarren barritasunari ateak zabaltzeko prest egon behar da; eta gusturegi ez ete gagoz arropa zaharretan…?
Urtean Zeharreko XXII. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Beragaz
adiskidetu zaitue Jainkoak,
beraren aurrean santu eta errubako agertu
zaitezen.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako epistolatik
Kol 1, 21-23
Senideok: Zuek, sasoi baten, Jainkoagandik
urrun zengozen eta haren arerio zinien zeuen egintza txarrakaitik. Baina orain,
Kristok bere gorputz hilkorrean jasandako heriotzari esker, beragaz adiskidetu
zaitue Jainkoak, beraren aurrean santu, errubako eta akats barik agertu
zaitezen.
Horretarako, ostera, fedean sendo oinarrituak eta entzun
dozuen Barri Onari esker dozuen itxaropenean ondo finkatuak iraun behar dozue.
Barri On hori zerupeko izaki guztiei iragarri jake, eta ni, Paulo, Barri On
horren zerbitzari egin nau Jainkoak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 54 [53], 3-4. 6 eta 8 (R/. 6a)
R/. Nik Jainkoa dot laguntzaile.
V/. Ene Jainko, salbatu nagizu zeure izenagaitik,
defendatu
nire auzia zeure ahalmenaz.
Entzun,
ene Jainko, nire otoitza,
makurtu
belarria nire ahoko hitzetara. R/.
V/. Baina nik Jainkoa dot laguntzaile,
Sakrifizioak
eskeiniko deutsudaz bihotz-bihotzez,
zure
izena goratuko, Jauna, ona zaralako. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gosez, egarriz eta biluzik ibili gara.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 4, 6b-15
Senideok: Ikasi egizue nigandik eta
Apologandik, inor ez dadin batengaitik harrotu bestearen kontra. Nork egiten
zaitu zu besteak baino gehiago? Zer daukazu hartu ez dozunik? Eta daukazuna
hartua badozu, zergaitik harrotzen zara, hartua ez bazendu lez? Asebeteak ei
zagoze, aberastuak. Gu behar izan barik errege izatera heldu ei zarie. Nahiago
neuke egia balitz, gu be zuekin batera errege izan geintezan!
Nire eretxiz, Jainkoak azken tokian jarri
gaitu gu, apostoluok, heriotzara kondenatuak lez; ikuskizun bihurtu gaitu mundu
guztiarentzat, bai aingeruentzat eta bai gizakientzat. Gu zoroak Kristogaitik;
zuek, barriz, kristau zentzundunak; gu ahulak, zuek indartsuak; zuek izen
handikoak, gu gitxietsiak. Orain arte hor ibili gara gosez eta egarriz, biluzik
eta matrailekoak hartuz; ez daukagu nora batu, eta leher egiteraino gabiltz
lanean geure eskuz. Irain egiten deuskue, eta guk bedeinkatu; erasoka erabiltzen
gaitue, eta guk eroan; guri txarto-esaka dihardue, eta guk gozo erantzun; orain
arte, munduko zaborra lez izan gara, danen hondakin.
Hau idaztean, ez zaituet lotsatuazo nahi,
ohartuazo baino, seme-alaba maite zaituedan ezkero. Izan be, kristau lez badozue
irakaslerik franko, ez ostera aitarik asko. Kristau lez, neuk sortu zinduedazan
Barri Onaren bidez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 17-18. 19-20. 21 (R/. 18a)
R/. Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik.
V/. Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala
egintza guztietan.
Hurrean
dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan
dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.
V/. Begirune deutsoenen nahia betetzen dau,
hareen
oihua entzun eta salbatu egiten ditu.
Maite
daben guztiak gordetzen ditu Jaunak
eta
gaizto guztiak hondatzen. R/.
V/. Goratu begi nire ahoak Jauna,
eta
bedeinkatu begie izaki guztiek
haren
izen santua betiren beti. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 14, 6
R/. Aleluia.
V/. Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
ezin
da inor Aitagana joan,
neure
bidez izan ezik. R/.
Ebanjelioa
Zelan diharduzue zapatuz zilegi ez dana egiten?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 6, 1-5
Behin baten, zapatuz gari-soloetan zehar
joian Jesus. Eta ikasleak galburuak ebagi, eskuetan garandu eta jaten
ziharduen.
Fariseu
batzuek esan eutsien: «Zelan zabiltze zapatuz bidezko ez dana egiten?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete dozue
irakurri Davidek egin ebana, bera eta beraren lagunak gosez gertatu
ziranean? Jainkoaren etxean sartu eta,
Jaunari eskeinitako ogiak hartuz, jan egin zituan, eta bere lagunei be emon
eutsezan, legez abadeek bakarrik jan eikiezan ogiak izanik».
Eta esan eutsen: «Gizonaren Semea zapatuaren
nagusi da».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Beste behin ere Legeagaz egiten dogu topo. Eta zein era ezbardinean ulertzen daben Jesusek eta fariseu eta lege-maisuek. Honeentzat, Legea betetea litzateke Jainkoaren nahia egitea. Legea legoke, ba, beste edozeren gainetik. Jesusentzat, ostera, ez legoke ezer gizakiaren gainetik, eta Legea honen zerbitzura legoke.
Ez da harritzekoa, ba, hareik eta Jesus beti egotea tope-topeka, edo aurrez-aurre, Legea dala-eta.
Zelan ulertu Jesusen esana «Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da»? Jesus bera eta beste inor ere ez dala zapatuaren jabe, esan gura dau, ala gizakia, edozein dala ere, dala zapatuaren jabe?
Eta, holan bada, gizkaiak Legeagaz berak gura duana egin leikela esan gura dau? Halan ulertuko dabe —eta ezin onartu ahal izango— fariseu eta lege-maisuek.
Baina bururatu ere egin ete leikigu Jesusek berak nahi dauana egiten dauala? Esango dau beste nonbait: Legea apurtzen dauana eta holan irakasten, txikiena izango dala zeruetako erreinuan.
Baina horrek ez dau esan gura Legea gizakiaren gainetik egon behar dauanik, gizakiaren zerbitzura baino; hauxe dau begiko Jainkoak.