2022/02/28

XXI. Astea

Urtean Zeharreko XXI. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Sasijainkoak itzirik, Jainkoagana bihurtu zinien,
Jainkoak hildakoen artetik biztu eban bere Semearen zain egoteko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolaren hasiera

1 Ts 1, 1-5. 8b-10

    Paulok, Silvanok eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako Eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.
    Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakargu eten barik zuen sinismen ekintzailea, zuen maitasun ahalegindua eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.
    Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, berak aukeratu zaituela. Izan be, guk zuei iragarritako Barri Ona ez jatzuen hitz hutsez emon, baita Espiritu Santuaren indar beteaz be. Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala.
    Bazter guztietara heldu da Jainkoagan dozuen sinismenaren entzutea, guk ezer esan beharrik barik. Izan be, hareek kontatzen dabe zelako harrera egin zeunskuen zuengana joan ginanean eta zelan, sasijainkoak itzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana bihurtu zinien, bera zerbitzeko eta zerutik etorriko dan haren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hildakoen artetik biztu eban Jesus, eta honek askatu gaitu etortzekoa dan hasarre-zigorretik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 149, 1-2. 3-4. 5-6a eta 9a (R/. 4a)

R/.   Maite dau Jaunak bere herria.

        Edo: Aleluia.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorespena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.

V/.   Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begie harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.

V/.   Alaitu beitez fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzunlekuetan.
Bego Jainkoaren gorapena hareen eztarrian,
ohorea da haren fededun guztientzat. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan,
eta zuek harengan.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolaren hasiera

2 Ts 1, 1-5. 11b-12

    Paulok, Silvanok eta Timoteok, Jainko gure Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako Eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei Jainko Aitagandik.
    Senideok, eskerrak emon behar deutsaguz beti Jainkoari zuekaitik, zuzen dan lez, zuen fedeak gero eta handiago eta zuen guztion arteko maitasunak gero eta gartsuago egiten dihardualako. Horregaitik, harro sentitzen gara Jainkoaren Eleiz alkarteen aurrean, jasaten dozuezan pertsekuzinoen eta atsekabeen artean agertzen dozuen eroapen eta fedeagaitik. Jainkoak zuzen epaitzen dauala erakusten dau horrek guztiak, Jainkoaren erreinurako gai autortzen zaitue-eta, erreinuagaitik jasaten dozuezala sufrimentuok.
    Gure Jainkoak bere deiaren gai egin zagiezala, eta bere ahalmenaz bere betera eroan dagiala onerako dozuen gogoa eta zuen sinismenaren jarduera. Holan, Jesus gure Jaunaren izena goratua izango da zuengan, eta zuek harengan, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 1-2a. 2b-3. 4-5 (R/. ik. 3)

R/.   Zabaldu Jaunaren mirariak herri guztietan.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
kanta Jaunari, lur osoa,
kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena! R/.

V/.   Iragarri egunez egun salbatzaile dala,
zabaldu haren ospea nazinoetan,
haren mirariak herri guztietan. R/.

V/.   Handia da-eta Jauna, guztiz goragarria,
jainko guztien aldean bildurgarria.
Ez dira ezer atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ostera, zeruak egin ditu. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Ai zuek, gidari itsuok!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 23, 13-22

    Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jenteari zeruetako erreinuko sarrera ixten deutsazuenok. Zeuok ez zarie sartzen eta sartu gura dabenei ez deutsezue izten.
    Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Baten bat judegu barri egiteagaitik itsaso eta lehor zabiltze eta, egin dozuenean, zeuek baino bi bider gaituago bihurtzen dozue infernurako.
    Ai zuok, gidari itsuok! Honan irakasten dozue: “Tenpluagaitik zin egiteak ez dau baliorik; tenpluko urreagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau”. Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagradu egiten dauan tenplua? Beste hau be irakasten dozue: “Altareagaitik zin egiteak ez dau baliorik; altara gaineko opariagaitik zin egiteak, ostera, behartu egiten dau”. Itsuok halakook! Zer da handiago, oparia ala oparia sagradu egiten dauan altara? Altareagaitik zin egiten dauanak, altareagatik eta gainean dagoan guztiagaitik egiten dau zin; tenpluagaitik zin egiten dauanak, tenpluagaitik eta bertan bizi dan Jainkoagaitik egiten dau zin; zeruagaitik zin egiten dauanak, Jainkoaren tronuagaitik eta bertan jesarrita dagoanagaitik egiten dau zin».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer da gaur egun eta gure inguruetan fariseoaz uste doguna? Ze irudi daukagu fariseoez? Fariseo berbeak faltsukeria edo itxurazalekeria edo holangoak dakarskuz burura, eta eurenganako gure mesprezua sustatzen dau gugan. Badirudi lortu dabela holango testoek helburutzat eukena.

Gaur egungo ikerlariek, horraitino, hauxe emoten deuskue jakitera: farisearrak ez ziran guzurtiak, edo mesprezagarriak edo eguingarriak. Baina bai gorrotagarritzat pertsegiten ebezala lehenengo kristauak eurei leporatzen eutseelako Tenpluaren hondamena. Eta lehenengo kristinauek ere txanpon bardinaz ordaintzen eutseen (horren adibide gaur irakurri dogun testoa).

Holango testuetan agertzen dana egoera horretatik sortutako giroa da. Baina ezin onartu geikez Jesusen ahotan jarritako berba gogorrok.

Orduko aldietan egunerokoak ziran eskolen arteko deztabaidak, eta gogorrak. Baina ez ei ebezan alkar ezabatzen horregaitik. Iraun egiten eben eztabaidek eta euretan jarduten eben.

Jesusen jarreratik eta irakatsietatik hurreratu behar izango geuke, ba, holango testuetara: inor iguintzeko barik, norbere zintzotasuna eta osokotasuna indartzeko. Ez eban-eta Jesusek inor mesprezatzea bilatzen, guztien osokotasuna baino.

 

 

Urtean Zeharreko XXI. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Prest ginan, Jainkoaren Barri Ona ez ezik,
baita geure bizia be zuei emoteko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 2, 1-8

    Senideok: Ondo dakizue gure egonaldia zuen artean ez zala alperrekoa izan. Dakizuenez, sufrimentuak eta irainak jasan barriak genduzan Filipon; halan be, Jainkoak emondako ausardiaz adierazo geuntsuen beraren Barri Ona, zailtasun handien artean.
    Gure predikua, izan be, ez zan uste okerretan oinarritua, ezta asmo maltzurrez edo engainuz egina be. Bestela baino, Jainkoak Barri Ona gure esku jartzeko gai ikusi gaituanez, horren arabera berba egiten dogu, ez gizakiei atsegin emoteko, gure bihotzak aztertzen dituan Jainkoari baino.
    Jainkoa dogu lekuko, eta zuek be badakizue, ez ginala behin be zurikeriakaz baliatu, ezta diruzalekeriaz jardun be; ez genduan giza onespena bilatu, ez zuengandik, ez besterengandik; Kristoren apostolu garanez, geure aginpideaz baliatu geintekezan, baina maitasun samurrez jokatu genduan zuekin, bere umeak maitekiro zaintzen dituan amak lez.
    Hain bihotzeko zindueguzanez, prest ginan, Jainkoaren Barri Ona ez ezik, baita geure bizia be zuei emoteko. Hainbesteraino maite zindueguzan!

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 139 [138], 1-3. 4-6 (R/. 1)

R/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen.

V/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen,
badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.
Urrundik sumatzen dozuz nire asmoak;
ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,
zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

 V/.  Nire hitza mihinera baino lehenago,
Zuk, Jauna, ezagutzen dozu zeharo.
Atze eta aurre, inguratzen nozu,
gainean jarria deustazu eskua.
Miragarria da zure ezagutza, nitaz gaindikoa,
garaiegia nik igartzeko! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Eutsi sendo hartu dozuezan irakatsiei.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 2, 1-3a. 14-17

    Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren azkeneko etorreraz eta gu haregaz alkartuko garan uneaz, hau eskatzen deutsuegu: ez dagizuela arinegi burua galdu, ezta kezkatu be, Jaunaren eguna gainean dala dinoan goi-agerpen bat edo adierazpen bat nahiz guk egina ei dan epistola bat dala-eta. Ez zagiezala inork ezelan be engainatu!
    Honetarako dei egin deutsue Jainkoak guk iragarritako Barri Onaren bidez, Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. Iraun, beraz, sendo, senideok, eta eutsi tinko gure hitzez eta gutunez hartu dozuezan irakatsiei. Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak –maite izan gaituan eta betiereko kontsolamentua eta halako itxaropen zoriontsua doarik emon deuskun Aitak– bete zagiezala adorez eta sendotu, on dan guztia egitez eta hitzez burutzeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 96 [95], 10. 11-12. 13 (R/. 13b)

R/.   Badator Jauna lurra epaitzera.

V/.   Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna.
Sendo ezarria dago mundua, ez da kili-kolo egongo;
herriak zuzenbidez ditu epaitzen». R/.

V/.   Poztu bedi zerua, alaitu lurra,
egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
egin jai landa zabalak eta bertan dan guztiak,
egin poz-oihu, basoko zuhaitz guztiok. R/.

V/.   Jaunaren aurrean, badator eta,
badator lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua
eta leialtasunez herriak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Honeek bete behar zenduezan, hareek baztertu barik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 23, 23-26

    Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Ortuaririk ezerezenen hamarrenak ordaintzen dozuez; legeko gauzarik garrantzizkoenak, barriz, zuzenbidea, errukia eta zintzotasuna, bazterrera izten. Honeek bete behar zeunkiezan, hareek baztertu barik. Gidari itsuok! Eltxoa iragazten duzue, eta gamelua irunsten!
    Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, barrutik lapurretaz eta grina txarrez beterik dagozan bitartean. Fariseu itsu hori! Garbitu egizu lehenengo edalontzia barrutik, kanpotik be garbi gelditu dadin».

Jaunak esana.

 

 

Urtean Zeharreko XXI. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Gau eta egun egin genduan lan
Barri Ona  iragarri geuntsuenean.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 2, 9-13

    Senideok: Izan gogoan gure nekeak eta ahaleginak; gau eta egun egin genduan lan zuetako inorentzat zama ez izateagaitik, Jainkoaren Barri Ona iragarri geuntsuenean. Zeuek zarie testigu, eta Jainkoa be bai, zein garbi, zuzen eta akats barik jokatu genduan zuekin, sinistedunokin. Eta ondo dakizue, aita bere seme-alabentzat lez izan garala zuetako bakotxarentzat, zuei aholku eta adore emonez eta Jainkoak nahi dauan eran bizitzeko eskatuz, harek bere erreinura eta ospera dei egiten deutsuen ezkero.
    Horregaitik, eskerrak emoten deutsaguz eten barik Jainkoari; izan be, haren hitza iragarri geuntsuenean, onartu egin zenduen-eta; ez zenduen giza berba huts lez onartu, Jainkoaren berba lez baino; halan da, izan be, eta lanean dabil zuengan, sinisten dozuenongan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 139 [138], 7-8. 9-10. 11-12b (R/. 1a)

R/.   Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen.

V/.   Nora joan naiteke zure arnasatik urrun?
Nora ihes egin zure aurretik?
Zerura igota be, Zu han,
Herio-lezara jatsita be, Zu bertan. R/.

V/.   Nahiz argiaren sorlekurantz hegatu,
nahiz sartaldeko itsas mugetan kokatu,
han be zure ezkerra gainean izango dot,
zure eskumak helduko deust. R/.

V/.   Nahiz eta nik esan: «Ilunpeak estalduko ahal nau,
bihurtuko ahal jat inguruan egun argia gau»,
ilunpea bera ez da ilun Zuretzat,
gaua bera eguna baizen argi. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ts 3, 6-10. 16-18

    Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren izenean hau agintzen deutsuegu: alde egin dagizuela alperkerian bizi diran eta gure irakatsiei jarraitzen ez deutsien senideengandik. Ondo dakizue zelan jokatu behar dozuen, guk lez egiteko: ez ginan zuen artean alperkerian bizi izan, ez genduan inoren kontura ogia jan; bestetara, gau eta egun lanean nekatu ginan, zuetako inorentzat zama ez izatearren. Bagenduan zuen kontura bizitzeko eskubidea, baina lan egin nahi izan genduan zuei jarraibide emoteko. Zuekin egon ginanean, arau hau emon geuntsuen: lanik egin nahi ez dauanak ez dagiala jan.
    Bake-emoile dan Jainkoak emon deizuela bakea beti eta era guztietan. Jauna zuekin guztiokin.
    Eta orain neure eskuz agurra: Paulok. Honan sinatzen ditut neure epistola guztiak; hau da nire idazkera. Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin guztiokin.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 4-5 (R/. 1a)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutsona!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

1 Jn 2, 5

R/.   Aleluia.

V/.   Kristoren hitza betetzen dauanagan
        Jainkoaren maitasuna bere betera heldu da benetan. R/.

 

Ebanjelioa

Profetak hil ebezanen ondorengoak zarie.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 23, 27-32

    Aldi haretan, honan berba egin eban Jesusek: «Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zarie: kanpotik itxura ederrekoak, baina barrutik hil-hazurrez eta ustelkeriaz beteak! Zeuok be holakoak zarie: kanpotik zintzoak jentearen aurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta txarkeriaz beteak.
    Ai zuok, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eregitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dozuez, esanez: “Gure asaben egunetan bizi izan bagina, ez gendukeen parterik hartuko hareekin profeten hilketan”. Holan, zeuek autortzen dozue profetak hil ebezanen ondorengoak zariela. Bete, bada, zeuok be zeuen gurasoen egintza txarren neurria!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gogoan hartu behar dogu Mateok iragarri gura deuskuna, Jesusen ahotan holango berba gogorrak eta zemaiak jarterakoan.

Orduko kristau taldeei helduazo gura deutse farisearren aurka jaurtitakoak: zeintzuk diran azaleko nortasuna zaintzen diharduanaren arriskuak.

Sarritan ikusten dogu geure artean ere, norbere akatsei begira egon ez daitezan, besteen akatsak azaleratzen eta gaitzesten ekiten deutsagula. Baina besteak akasdunagoak dirala erakustean ez dogu, horregaitik, geure burua akasbako bihurtzen.

Mateoren iradokizunei jarraiki, ba, egin beharrekoa ez da farisearrak edo —gure ustez— akasdunagoak diranak gaitztsi. Egin beharrekoa beste hauxe dogu: geure burua aztertu, eta azaleratzen dogun aurpegia edo itxurea ea egiazkoa eta benetako dogun ikusi: gu benetan garana azaleratzen daben…

Gutaz euki behar daben irudia erakustearren, geure ilunpeak ezkutatzeaz ez gara zintzoagoak; gure azaleko nortasuna ederrezten dogu.

 

 

Urtean Zeharreko XXI. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak gero eta handiago egin dagiala
zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 3, 7-13

    Senideok: Gure atsekabe eta estualdi guztien artean, adorez beterik itzi gaituzue, zeuen sinismenagaitik. Orain bai bizi garala benetan, zuek Jaunagaz bat eginik irauten dozuela ikusirik. Zelan emon guk Jainkoari behar beste esker? Hainbestekoa da-eta zuekaitik geure Jainkoaren aurrean dogun poza!
    Gau eta egun ahalegin guztian Jainkoari erreguka gabiltz, zuek aurrez aurre ikusi eta zuen fedeak oraindino dituan hutsuneak bete ahal izatea eskatuz.
    Jainko gure Aitak berak eta Jesus gure Jaunak bideratu dagiezala gure pausoak zuekana. Egin dagiala Jaunak gero eta handiago zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna, handia dan lez guk zuentzat dogun maitasuna. Holan, sendotu dagiala zuen bihotza, Jesus gure Jauna bere santuekin etortzean, santu eta esankizunik barik aurkeztu zaitezen gure Aita Jainkoaren aurrean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 3-4. 12-13. 14 eta 17(R/. ik. 14)

R/.   Zeure maitasunaz ase gagizuz, Jauna,
        poztu gaitezan Zugan.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Erruki zaitez zeure zerbitzariez. R/.

V/.   Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Kristogan aberastu zaitue gauza guztietan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolaren hasiera

1 Ko 1, 1-9

    Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu nazan honek, eta Sostenes anaiak, Korinton dagoan Jainkoaren Eleiz alkarteari idazten deutsagu.
    Jesu Kristok sagaratu zaitue eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten deutsoen guztiekin batera, honeek eta guk Jaun bat bera onartzen dogu-eta. Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
    Jainkoari eskerrak emoten nabilkio beti zuekaitik, zuei Jesu Kristogan Jainkoak emon deutsuen graziagaitik. Izan be, Kristogan aberastu zaitue dohai guztietan: bai hitzean eta bai jakintzan, Kristoz egiten dogun autormena zuengan sendotu dan ezkero. Holan, ez dozue dohairik bat be falta Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain zagozenok. Harek indartuko zaitue azkenera arte, inork zuen aurka zeresanik izan ez dagian Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da bere Seme Jesu Kristo gure Jaunagaz alkarturik bizitzera dei egin deutsuen Jainkoa.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 1)

R/.   Ene Jainko, ene errege,
        bedeinkatuko dot zure izena betiere.

V/.   Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko.
Handia da Jauna, guztiz goragarria,
mugarik bakoa haren handitasuna. R/.

V/.   Belaunaldi batek besteari zure egintzak deutsoz goratzen,
zure egite ahaltsuak iragartzen.
Zure aintza eta ospe distiratsua dabe aldarrikatzen,
eta nik zure egintza harrigarriak adierazoten. R/.

V/.   Zure balentria izugarriak dabez aitatzen,
eta nik zure egintza handiak kontatzen.
Zure ontasun handiaren barri dabe emoten
eta zure salbazinoa poz-oihuz goratzen. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 24, 42a. 44

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze zuhur,
        gitxien uste dozuen orduan
        etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea. R/.

 

Ebanjelioa

Egon prest zuek be.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 24, 42-51

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze zuhur, ze ez dakizue zein egunetan etorriko dan zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko dan lapurra, zuhur egongo litzateke eta ez leuke bere etxea zulatzen itziko. Egon, bada, prest zuek be, gitxien uste dozuen orduan etorriko jatzue-eta Gizonaren Semea».
    Izan zaiteze morroi zintzo eta zentzunduna lakoak, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna emon deutson morroia lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau.
    Baina ha beste morroi txar ha, nagusia atzeratu egingo dalakoan, bere morroi-lagunak jotzen eta mozkorrakaz jan-edanean hasten bada, gitxien uste dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia, eta gogor zigortuko dau eta itxurazaleek merezi dabena emongo deutso. Han izango da negarra eta hagin-karraskada!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen heriotza-biztuera ondorengo kezken erantzuna emoten dau Mateok 24. eta 25. ataletan. Gaurkoan arreta da eskatzen dauana.

Orduko kristinauek (munduaren azkena) parousia behingoan izango zala uste eben, eta ha luzatzen joian…

Gure aldietan, holango esaldiak bildurrra sartzeko erabilten ziran. Hor gelditzen jaku ondino erabilten dan esaldia: Autortuta harrapatu naiala Jainkoak.

Baina ze Jainko da bildurra sartuz bereganatu nahi gaituana? Ez, behintzat, Jesusek iragarten eta haren maitasunean eta harenganako uste onean bizi izan gaitezala irakatsi deuskuna.

Arretarako deia barruko nortasuna zaintzen bizi izatea litzateke. Zenbat denpora eta ondasun eralgiten dogu kanpoko nortasuna zaintzen? Barruko eta benetako nortasuna bilatuko bagendu bertan aurkituko geuke Jainkoak ez dauala inondik eta gitxien uste dogunean etorri beharrik, beti dagoalako berton. Baina geure arreta beste inon...

 

 

Urtean Zeharreko XXI. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Hau nahi dau Jainkoak zuengandik:
bizi zaitezela berarentzat, sagaratuei dagokienez.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 1-8

    Senideok: Eskari hau egiten deutsuet, arren eta arren, Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emoteko zelan bizi gugandik ikasi zenduenez, ahalegindu zaiteze gero eta gehiago holan bizitzen. Badakizue zelako irakaspenak emon geuntsuezan Jesus Jaunaren izenean.
    Hau nahi dau Jainkoak zuengandik: bizi zaitezela berarentzat, sagaratuei dagokienez, eta alde egin dagizuela lizunkeriatik. Jokatu dagiala bakotxak zentzun santuz eta errespetuz bere emazteagaz, bere burua grinen menpeko egin barik, Jainkoa ezagutzen ez daben jentilek lez; inork ez dagiala gai honetan bere senidea iraindu edo engainatu, Jauna bera da-eta hori guztia mendekatzen dauana, lehen be behin eta barriro benetan esan geuntsuen lez. Jainkoak ez gaitu moralbakokerian bizitzera deitu, berarentzat sagaratu lez bizitzera baino. Beraz, irakatsi honeek gitxiesten dituanak ez dau gizakia gitxiesten, bere Espiritu Santua emon deutsuen Jainkoa baino.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 97 [96], 1 eta 2b. 5-6. 10. 11-12 (R/. 12a)

R/.   Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook.

V/.   Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu beitez ugarte ugariak!
Justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.

V/.   Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,
lur osoaren Jaubearen aurrean.
Zeruek haren salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri guztiek haren ospea ikusten. R/.

V/.   Maite ditu Jaunak gatxari gorroto deutsoenak,
zaintzen dau bere fededunen bizia,
libratuko ditu gaiztoen eskutik. R/.

V/.   Argia sortzen da zintzoarentzat,
poza bihotz zuzenekoentzat.
Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

 Guk Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu,
gizakientzat onartuezina dana,
baina deituentzat Jainkoaren jakituria da.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 17-25

    Senideok: Kristok ez ninduan bateatzera bialdu, Barri Ona iragartzera baino eta, hau, ez giza jakituriazko hitzez, Kristoren kurutzeak bere indarra galdu ez dagian. Kristoren kurutzeko heriotzaren mezua zorakeria da galtzen diranentzat; guretzat, ostera, salbazino-bidean garanontzat, Jainkoaren indarra.
    Liburu Santuak dino, izan be:

«Hondatu egingo dot jakintsuen jakituria,
eta huts bihurtuko adituen adimena».

    Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ete dau zorakeria bihurtu mundu honetako jakituria? Begira, Jainkoak bere jakituria agertu ebanean, gizakiak ez ziran gauza izan euren jakituriaz Jainkoa ezagutzeko; horregaitik, Jainkoak, guk iragartzen dogun zorakeriaren bidez salbatu nahi izan ditu fededunak.
    Judeguak ezaugarri eske dabiltz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, judeguentzat onartuezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judegu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakituria da. Izan be Jainkoaren zorakeria ei dana gizakiak baino jakintsuago dalako, eta Jainkoaren ahuleria gizakiak baino indartsuago.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 1-2. 4-5. 10-11 (R/. ik 5b)

R/.   Jaunaren graziaz beterik dago lurra.

V/.   Egin poz-oihu, zintzook, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan be, ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo harentzat hamar hariko harpa. R/.

V/.   Zuzena da-eta Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.

V/.   Ezereztu egiten ditu Jaunak nazinoen asmoak,
huts bihurtzen herrien burubideak.
Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Lk 21, 36

R/.   Aleluia.

V/.   Egon zuhur eta egin otoitz une oro,
        zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean. R/.

 

Ebanjelioa

Badator senargaia; urten egiozue bidera!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 1-13

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz, euren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera urten eutsoen hamar neskatilakaz lez gertatzen da. Neskatiletariko bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; zentzundunek, ostera, kriseiluekin batera orioa be hartu eben ontzietan. Senargaiak luzatu egiten ebanez, loguratu egin ziran danak eta loak hartu zituan.
    Gauerdian oihu bat entzun zan: “Badator senargaia; urten eiozue bidera!” Jagi ziran neskatila guztiak, eta euren kriseiluak prestatu ebezan. Orduan, zentzunbakoek esan eutsien zentzundunei: “Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatatzera joakuz-eta”. Zentzundunek erantzun eutsien: “Ea ez dogun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe dozue, badaezpada, dendara joan eta erostea”.
    Baina, erostera joanak zirala, senargaia heldu zan, eta prest ziranak ezteguetara sartu ziran harekin. Eta atea itxi eben.
    Heldu ziran, azkenik, beste neskatilak be eta dei egin eben: “Jauna, Jauna, edegi!” Baina harek erantzun eutsen: “Benetan dinotsuet, ez dakit nor zarien”.
    Egon, beraz, gertu, ze ez dakizue, ez eguna, ez ordua».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Hona arreta eskatzen deuskun Mateoren ebanjelioko beste parabola bat. Danetan lez, ez gaitezan parabola bera aztertzean gelditu, haren argitara, geure bizitza aztertzera heldu baino. Ez eta azkenari begira, egunerokotasunari baino: hantxe nahi gaitu-eta Jesusek bere ikasle lez.

Erabili izan da parabola hau ere bildurra sartzeko, edo eskuak beterik eroan behar dirala irakasteko. Egin daigun ihes usteotatik.

Gure bizitzaldia Jainkoaren Semearen ezkontza ezteguetara deituak eta haren zain dagozan arretatsuen pare ulertu behar dogu.

Jainkoak jai-giroan nahi gaitu arretatsu. Ez dogu geure bizitzaldia alaitu behar, beste inorena alaitu behar dogu; eta horretantxe akitu behar doguz gure indarrak eta ahalmenak… eta horrexek beteko dau gure zorion-ontzia.

Ez da, egun baten ezteguetara sartu ahal izan naiten, egintza onen metatzea egin behar dodala uste izatea. Ez naz-eta ni erdiko; ezkongaia da nire arretaz itxaroteari zentzu emoten deutsona.

Haren etorreraren zain erre behar dot, ba, ni nazana. Ha beti dagola etorten jakinik…, behartsuengan.

 

 

Urtean Zeharreko XXI. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak berak irakasten deutsue alkar maitatzen.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ts 4, 9-11

    Senideok: Alkarri zor deutsazuen maitasunaz, ez dozue nik idatzi beharrik, Jainkoak berak irakatsi deutsue-eta alkar maitatzen, eta halan egiten dozue Mazedonia osoko senide guztiekin. Halan be, senideok, ahalegindu zaiteze, arren, gero eta maitasun handiagoa izaten eta bakean bizitzen, nor bere arazoez arduratuz eta nork bere eskuz lan eginez, agindu deutsuegun lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 98 [97], 1. 7-8. 9 (R/. ik. 9)

R/.   Badator Jauna herriak zuzentasunez epaitzera.

V/.   Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutso bere eskumak,
bere beso santuak. R/.

V/.   Egin begi orroe itsasoak eta bertako guztiak,
munduak eta bertan bizi diranek.
Egin begie txalo ibaiek,
poz-oihu aho batez mendiek. R/.

V/.   Jaunaren aurrean,
badator-eta lurra epaitzera.
Justiziaz epaituko dau mundua,
eta zuzenbidez herriak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Munduak baliobakotzat dauana aukeratu dau Jainkoak.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

1 Ko 1, 26-31

    Senideok: Begira zein zarien Jainkoak deituak; zuen artean ez dira asko munduak jakintsutzat hartzen dituanetakoak, ezta ahaltsu nahiz handikietakoak be. Bestetara, munduak zorotzat dauana aukeratu dau Jainkoak, jakintsuak lotsazoteko, eta munduak ahultzat dauana, indartsuak lotsazoteko; munduak baliobakotzat eta mespretxagarritzat dauana aukeratu dau Jainkoak, munduaren begietan ezer ez dana, zeozer dirala uste dabenak ezerezteko; holan, ez dau inork Jainkoaren aurrean harrotzerik.
    Berari zor deutsazue izatea Kristo Jesusengan, hau egin dau-eta Jainkoak guretzat jakituria, honen bidez askatu gaitu, salbatu eta santu egin. Holan betetzen da Liburu Santuak dinoana: «Harrotu nahi dauana, harrotu bedi Jaunagan».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 12-13. 18-19. 20-21 (R/. ik. 12b)

R/.   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Harengan pozten da gure bihotza,
haren izen santuan dogu konfiantza. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 13, 34

R/.   Aleluia.

V/.   Agindu barria emoten deutsuet, dino Jaunak:
        maitatu dagizuela alkar,
        Nik maite izan zaituedan lez. R/.

 

Ebanjelioa

Gauza txikian leial izan zaralako,
sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 25, 14-30

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Gizon batek, urrutira joaterakoan, bere morroiei dei egin eta bere ondasunak itzi eutsezan. Bati bost talentu emon eutsozan, beste bati bi, beste bati bakarra; bakotxari bere trebetasunaren arabera. Eta gero joan egin zan. Bost talentu hartu zituana hareekin lanean hasi zan behingoan, eta beste bost irabazi zituan. Bi hartu zituanak be gauza bera egin eban, eta beste bi irabazi zituan. Bat hartu ebanak, ostera, lurrean zuloa egin eta bertan gorde eban bere nagusiaren dirua.
    Handik luzarora, etorri zan morroi hareen nagusia, eta kontuak garbitzen hasi jaken. Hurreratu zan bost talentu hartu zituana, eta beste bost eroan eutsozan, esanez: “Jauna, bost talentu itzi zeunstazan; begira, beste bost irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzoa izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
   
Hurreratu zan talentu bi hartu zituana, eta esan eutson: “Jauna, talentu bi itzi zeunstazan; begira, beste bi irabazi dodaz”. Nagusiak esan eutson: “Ederto, morroi zintzo eta jatorra! Gauza txikian zintzo izan zaralako, askoren buruzagi egingo zaitut; sartu zeure nagusiaren jaia ospatzera”.
    Azkenean, hurreratu zan talentu bat hartu ebana, eta esan eutson: “Jauna, banekian gizon zorrotza zarana; erein ez dozun lekuan hartzen, eta zabaldu ez dozun lekuan batzen dozuna. Halandaze, bildurrez joan nintzan, eta lurpean gorde neban zure talentua. Hemen dozu zeurea!”
    Nagusiak erantzun eutson: “Morroi txar eta alper hori! Bahekian jakin, erein ez dodan lekuan hartzen dodana nik, eta zabaldu ez dodan lekuan batzen. Horregaitik, nire dirua diru-trukalariei itzi behar heutsen, nik, etortzean, irabazi eta guzti jaso nengian. Kendu eiozue, bada, talentu hori, eta emon hamar dituanari. Ze daukanari emon egingo jako, eta gainezka izango dau; ez daukanari, barriz, daukana be kendu egingo jako. Eta morroi alper handi hori bota kanpoko ilunpera. Han izango da negarra eta hagin-karraskada!”»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Parabola honen harira, behin eta barriro esan behar dogu arreta egunerokoan jarri behar dogula, eta ez heriotza ostean.

Etxeko jaunak bere ondasunen zaintza jarten dau gure esku. Eta ondasunak ugari eta oparoak dira: dirutza handiak iragarten deuskunez.

Sarri entzun izan dogu, eta gogoan dogu, norbere bizitza zaintzen diharduanak galdu egingo dauala, eta besteekaitik galtzen dauanak bete-betean eskuratuko dauala.

Parabola hau, ba, talentuak jokoan jarterako deia dogu. Eta, dakusagunez, ez dago galtzeko ezelango arriskurik; jokoan jarri ezkero, irabazteko da.

Hain dirutza handia izanik, ez da onartzekoa zekenkerietan ibiltea: apur bat jokoan jarri eta gainerakoa, badaezpada, ondo gordeta euki. Jokoan jarten danak emoten dau irabazia.

Jesus dogu eredu. Harek bera zan osoa, goitik behera, jarri eban jokoan senide behartsuen, alboratu eta galduen alde. Bere ikasle guztiok horixe egin daigula nahi dau.

 


 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...