2022/02/28

XX. Astea

Urtean Zeharreko XX. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan,
baina israeldarrek ez eutsien jaramonik egin buruzagiei be.

Epaileak liburutik

Ep 2, 11-19

    Egun hareetan, Jaunari atsegin ez jakona egin eben israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz. Egiptotik atara ebazan Jauna, euren asaben Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziran herrietako jainko arrotzen ondoren joan ziran, hareen aurrean ahuspeztuz; holan, Jaunaren hasarrea biztu eben. Beraz, Jauna baztertu eta Baalen eta Astarteren idoloak gurtu ebezan.
    Jaunak, Israelen aurka biziro hasarraturik, lapurren esku itzi ebazan, eta honeek lapurreta egin eutsien; Jaunak inguruetako arerioei saldu eutsezan, eta israeldarrek ezin izan eutsoen eutsi arerioen aurrean. Burrukara joatean, beti galtzaile ataratzen ziran, euren aurka eben-eta Jauna, berak zin eginez esan eutsen lez. Israeldarrak gero eta estuago egozan.
    Orduan, Jaunak buruzagiak sortuarazo ebazan, israeldarrak lapurren eskuetatik libratzeko. Baina israeldarrek ez eutsien jaramonik egin buruzagiei be eta desleial izan ziran Jaunagaz, jainko arrotzak gurtuz eta hareen aurrean ahuspeztuz. Behingoan aldendu ziran euren asaben bidetik; honeek Jaunaren aginduak obedidu ebezan, baina ondorengoek ez eben bardin jokatu.
    Jaunak buruzagiren bat sortzen ebanean, buruzagiagaz izaten zan Jauna, eta, ha bizi zan bitartean, salbatu egiten ebazan arerioen eskuetatik, errukitu egiten zan-eta israeldarrak zapaltzaileen menpean negarrez ikustean. Baina, buruzagia hiltzean, gaiztotu egiten ziran barriro israeldarrak, euren gurasoak baino okerrago jokatuz: beste jainko batzuen atzetik joaten ziran eta gurtu egiten ebezan, hareen aurrean ahuspeztuz. Ez eben aldatzen euren jarduera gaiztoa eta jokabide setatsua.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 34-35. 36-37. 39-40. 43ab eta 44 (R/. ik. 4a)

R/.   Gogoratu gutaz, Jauna,
        zeure herriaganako onginahiagaitik.

V/.   Ez ebezan herriak hondatu,
Jaunak agindu eutsen lez.
Jentilekin nahastu ziran
eta hareen ohiturak ikasi ebezan. R/.

V/.   Hareen idoloak gurtu ebezan
eta galbide izan jakezan horreek.
Euren seme-alabak
opari eskeini eutsiezan deabruei. R/.

V/.   Holan jokatuz, euren buruak kutsatu
eta Jainkoari desleial izan jakozan.
Biztu zan Jainkoaren hasarrea bere herriaren aurka
eta zapuztu egin eban bere ondarea. R/.

V/.   Hamaika aldiz libratu ebazan;
baina hareek, euren jarreran setatsu.
Ikusi eban, halan be, Jaunak hareen larrialdia
eta entzun ebazan hareen garrasiak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Ezekiel seinale izango da zuentzat:
harek egin dauan guztia egingo dozue.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 24, 15-24

    Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, bat-batean kenduko deutsut zeure begien pozgarri dozun emaztea; baina zuk ez egin dolurik, ez hasi aieneka eta negarrez. Egin negar isilean, baina ez egin ohiko dolurik; jantzi buruzapia eta oinetakoak, ez estaldu aurpegia eta ez jan hileta-ogirik».
    Goizean hitz egin neutsan herriari; iluntzean hil jatan emaztea eta biharamonean bete neban agindutakoa. Herriak esan eustan: «Ez ete deuskuzu azaldu behar zer esan nahi dauan egiten dozunak?»
    Erantzun neutsen: «Hau esan eustan Jaunak: "Berba egiozu Israel herriari: Hau dino Jainko Jaunak: Zuen babesleku eta harrogarri, begien pozgarri eta bihotzen lilura dan neure santutegia profanatuko dot. Jerusalemen itzi zenduezan seme-alabak gerran hilko dira. Orduan, Ezekielek egin dauana egingo dozue: ez dozue aurpegia estalduko, ezta hileta-ogirik jango be. Ez dozuez buruzapia eta oinetakoak kenduko, ez dozue dolu egingo, ez negarrik; zeuen txarkeriakaitik lur jota geratuko zarie eta alkarren artean negar-zotinka ibiliko. Ezekiel seinale izango da zuentzat: harek egin dauan guztia egingo dozue. Eta hori jazotzean, orduan jakingo dozue Neu nazala Jainko Jauna"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dt 32, 18-19. 20. 21 (R/. ik. 18a)

R/.   Sortu zinduzan Jainkoa zenduan baztertu.

V/.   Sortu zinduzan Harkaitza zenduan baztertu,
mundura ekarri zinduzan Jainkoaz zinan ahaztu.
Seme-alaben iraina ikustean,
zapuztu egin ebazan Jaunak. R/.

V/.   Esan eban bere kautan:
«Ezkutatu egingo deutset aurpegia
eta ikusiko dot zer amaiera daben,
jente makurra dira-eta,
leialtasunik bako seme-alaba. R/.

V/.   Jainko ez dan bategaz mindu ninduen,
euren idolo ezerezekin iraindu;
herri ez dan bategaz minduko ditut Neuk be,
nazino tentel bategaz irainduko». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

 

Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak,
eta altxorra izango dozu zeruan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 19, 16-22

    Aldi haretan, gazte batek Jesusengana hurreratu eta esan eutson: «Maisu, zer onik egin behar dot betiko bizitza eskuratzeko?» Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik itauntzen deustazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizitzan sartu gura badozu, bete aginduak».
    Harek, barriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua lez».
    Gazteak, orduan: «Hori guztiori bete dot; zer falta dot oraindik?» Jesusek erantzun eutson: «Guztiz ona izan nahi badozu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu zeruan; gero, erdu eta jarraitu Niri».
    Berba honeek entzutean, nahigabeturik joan zan gaztea, ondasun handien jabe zan-eta.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Izan daigun gogoan: ebanjelioko gazteak Lege guztia txikitatik bete arren bere zalantzak ditu: Legea beteteak ez deutso emon betiko bizitzaren ziurtasunik.

Non gelditzen dira danaren gainetik Legea betetea jarten dabenak, Legea absolututzak daukenak?

Jesusen erantzunak itun (edo triste) izten dau gaztea eta lepo emoten deutso Jesusi. Aberastasunak ditu ziurtasun iturri. Eta aberastasunak izango ditu hegaz egitea galazoko deutsoen lastrea.

Beste alde batetik, harrigarria bada ere, Jesusek ez dauz lehenengo zerrendako hiru aginduak (Jainkoari dagokiozanak) aitatzen. Argi dauka harengana heltzeko bide bakarra senidea, beste gizakia, ondoan daukaguna, dala.

Jarrera honek beste asko ere atzera botako leukez, asko garalako Jainkoa maite dogula uste dogunak, eta haren nahia beteten; baina ez deutsagu horrenbesteko abegi onik egiten senideari, gehideari.

Geuri ere beste ziurtasun batzuk ez ete deuskue galazoten abiadurea hartzea hegaz egiteko?

 

 

Urtean Zeharreko XX. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Gedeon, askatu egizu Israel.
Neuk bialtzen zaitut!

Epaileak liburutik

Ep 6, 11-24a

    Egun hareetan, Jaunaren aingerua Ofra herritxura etorri eta arteondo baten azpian jesarri zan. Arteondoa Abiezerren senitarteko Joaxena zan. Gedeonek, Joaxen semeak, dolarean ziharduan garia jotzen, madiandarrek ikusi ez egien. Jaunaren aingeruak agertu eta esan eutson: «Jauna zugaz, gudari kementsu!»
    Gedeonek erantzun: «Parkatu, ene jauna! Baina Jauna gugaz bada, zelan jazo jaku hau guztia? Zertan dira gurasoek kontatzen euskuezan jazoera harrigarri hareek, Jaunak Egiptotik atara ginduzala esaten euskuenean? Orain, izan be, eskutik itzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri».
    Jaunak begira jarri eta esan eutson: «Zoaz eta askatu egizu Israel zeure indarrez madiandarren menpetik. Neuk bialtzen zaitut!» Gedeonek erantzun: «Parkatu, Jauna, baina zelan askatuko dot Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da, eta ni txikiena gure aitaren etxean».
    Jaunak orduan: «Zeugaz izango nozu Ni; holan, madiandar guztiak batera menperatuko dozuz». Gedeonek, barriro: «Benetan begiko banozu, emoidazu ezaugarri bat, berba egiten deustana Zeu zarala jakiteko. Ez joan hemendik, eskeintza zure aurrean jartzera ni bihurtu arte». Jaunak erantzun eutson: «Hementxe egongo naz zu etorri arte».
    Joan zan Gedeon eta auma bat prestatu eban eta, lakari bat urunez, legamina bako ogiak egin ebazan; gero, haragia otzaran eta saldea lapikoan harturik, arteondo azpira eroan eta Jaunari eskeini eutsozan. Jaunaren aingeruak esan eutson: «Hartu haragia eta ogiak, eta ipini harkaitz honen gainean, eta isuri saldea». Halan egin eban Gedeonek. Orduan, Jaunaren aingeruak eskuan eban makilaz haragia eta ogiak ikutu ebazan; sugarrak urten eban harkaitzetik eta haragia eta ogiak kiskaldu egin ebazan. Ondoren, desagertu egin zan Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.
    Jaunaren aingerua zala ohartzean, esan eban Gedeonek: «Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dot aurrez aurre!» Jaunak esan eutson: «Bakea zugaz! Ez bildurrik izan, ez zara hilko». Gedeonek altarea eraiki eban bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» ezarri eutson izena.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9. 11-12. 13-14 (R/. ik. 9b)

R/.   Jaunak bakea agintzen deutso bere herriari.

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei,
barriro konfiantza agertzen deutsoenei. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ongizateak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zu gizaki huts zara eta ez jainko,
nahiz eta Jainkoaren pareko zarala uste dozun.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 28, 1-10

    Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, esaiozu Tiroko erregeari: Hau dino Jainko Jaunak: Harropuzturik, hau esan dozu: "Jainko naz eta jainkoaren tronuan nago jesarrita, itsasoaren erdian"; baina zu gizaki huts zara eta ez jainko, nahiz eta Jainkoaren pareko zarala uste dozun. Daniel bera baino jakintsuagoa ei zara! Ez da ezer zuk ez dakizunik. Zeure jakituriaz eta trebeziaz egin zara aberats: urrea eta zidarra metatu dozu zeure gordailuetan; merkataritzarako zenduan trebetasunez erruz ugaritu dozuz ondasunak, eta aberastasunak harropuztu egin zaitu"».
    Beraz, hau dino Jainko Jaunak: «Zeure burua Jainkoaren pareko egin dozulako, atzerritarrak ekarriko ditut zure kontra, herrien arteko ankerrenak; zure jakituriaren emoitzarik ederrenak desegingo dabez ezpataz eta zure ospe distiratsua zikinduko. Hildakoen tokira jatsiazoko zaitue eta heriotza gogorra emongo deutsue itsasoaren erdian. Zeure hiltzaileen aurrean jainko zarala esaten jarraituko ete dozu, zuk, gizaki huts zaran horrek? Sinisbakoei dagokien heriotza lotsagarria izango dozu atzerritarren eskuetan, Neuk, Jainko Jaunak, esan dot-eta».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dt 32, 26-27b. 27c-28a. 30. 35c-36b (R/. 39c)

R/.   Neuk dot heriotza eta bizia emoten.

V/.   Hau ninoan: «Sakabanatu egingo neukez,
hareen gogorapena be gizakien artetik desagertuazoko».
Baina arerioen irainaren bildur nintzan,
arerioek oker ulertuko eben bildur. R/.

V/.   Hau esango eben-eta:
«Geure indarrez nagusitu gara,
ez dau Jaunak egin hori guztia».
Zentzuna galdu dauan jentea da. R/.

V/.   Izan be, zelan leiteke batek mila pertsegitzea,
bik hamar milari ihes eragitea,
euren harkaitz daben Jaunak saldu
eta arerioen esku itzi ditualako ez bada? R/.

V/.   Hurrean da hareen hondamen-eguna,
laster dator hareentzat prestaturik dagoana.
Defendatuko dau-eta Jaunak bere herria,
errukituko da bere zerbitzariez. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

2 Ko 8, 9

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin zan,
        bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. R/.

 

Ebanjelioa

Jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago,
aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 19, 23-30

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Benetan dinotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Barriro dinotsuet: jostorratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».
   
Berbok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, holan inoen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dana leike».
    Orduan, Pedrok esan eutson: «Hara, guk dana itzi dogu, Zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Benetan dinotsuet: Jainkoak mundu hau erabarritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan jesartzean, zuek be, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan jesarriko zarie, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta Nigaitik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak izten dituanak, ehun halako hartuko dau eta betiko bizitza jasoko ondare.
    Orain lehenengo diran asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko diranak lehenengo».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek dinoan aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan berbeak berez ete dakar pobrea errez sartuko da zeruetako erreinuan?

Pedroren itaunak jarten gaitu hausnarketa bidean, arterago ikusi dogun gazte aberatsaren erantzuna kontuan izanik.

Gazte aberatsak bere ondasunak zituan ziurtasun iturri; ez ebazan bazterrera itzi nahi Jesusi jarraitzeko. Eurei lotuegia egoan.

Baina Pedrok ordezkoa edo ordaina eskatzen dau Jesusi jarraitzeagaitik: bere etxea eta arrantza ontzia itzi dauz… Non dauka burua? Hau ere ez ete dago ondasunei lotuta? Jesusen proposamena ez dogu ondo ulertu bide horreetan bagabilz.

Zeruetako erreinua ez da geure ahaleginez lortu geiken gauzea (ezinezkoa dogu), Jainkoaren erregalua baino. Eta z jaku hain errez egiten hau ulertzea.

Horregaitik gure tira-birak: Jesusi jarraitzea geure buruari uko egin barik nahi izatea.

Ondasunei lotuak ez egoteko eta dana Jainkoaren erregalu lez bizi izateko erea Jesusi jarraitzea da.

 

 

Urtean Zeharreko XX. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Erregea nahi dogu agintari, esaten diharduzue,
Jauna errege dozuela.

Epaileak liburutik

Ep 9, 6-15

    Aldi haretan, Sikemgo buruzagi guztiak eta Bet-Miloko jentea batu eta errege izentatu eben Abimelek Sikemen egoan arteondoaren alboan.
    Jotamek, hori jakin ebanean, Garizim mendi-gailurrera igon eta oihuka esan eban: «Entzun egidazue, Sikemgo buruzagiok, eta Jainkoak entzun deizuela zuei!
    Behin baten, zuhaitzek erregea izentatu nahi eben eurentzat. Eta olibondoari esan eutsoen: "Izan hadi gure errege". Baina olibondoak erantzun eutsen: "Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko dan neure orioa emoteari uko egin behar ete jeutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibiltzeko?" Orduan, zuhaitzek ikondoari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Baina ikondoak erantzun eutsen: "Eta neure frutu gozoa eta ederra emoteari uko egin behar ete jeutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibiltzeko?"
    Ondoren, zuhaitzek mahatsondoari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Baina mahatsondoak erantzun eutsen: "Eta jainkoak eta gizon-emakumeak pozten dituan neure ardaoa emoteari uko egin behar ete jeutsat, zuhaitzen gainean kulunka ibiltzeko?" Azkenik, zuhaitz guztiek elorriari esan eutsoen: "Hator, eta izan hadi gure errege". Elorriak erantzun eutsen: "Benetan zeuen errege izentatu nahi banozue, zatoze nire kerizpean babestera; bestela, sortu bedi sua elorritik, eta iruntzi begiz Libanoko zedroak be"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 21 [20], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 2a)

R/.   Jauna, zure indarraz pozten da erregea.

V/.   Jauna, zure indarraz pozten da erregea,
zure garaipenaz izugarri alaitzen.
Gura ebana emon deutsazu
eta harek eskatua ez deutsazu ukatu. R/.

V/.   Bedeinkazinoz eta mesedez bete dozu,
urre garbizko koroa ezarri deutsazu buruan.
Bizia eskatu deutsu, eta Zuk emon,
haren egunak betiko luzatuz. R/.

V/.   Zure garaipenaz handi da haren ospea,
aintzaz eta ohorez inguratu dozu.
Izan be, betiko dedeinkazinoa emon deutsazu,
pozez bete dozu zeure aurrean. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Horreen hagin artetik atarako ditut ardiak
eta ez dabez barriro janari izango.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 34, 1-11

    Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, berba egin nire izenean Israelgo artzainen aurka, hitz egin nire izenean artzainei: "Hau dino Jainko Jaunak: Zoritxarrekoak euren burua larratzen daben Israelgo artzainak! Ez da artaldea artzainek larratu beharrekoa? Esnez janaritzen zarie, artulez janzten eta bildotsik gizenenak hiltzen dozuez, baina ez dozue artaldea zaintzen. Ez dozuez ahulak indartzen, ez gaixoak osatzen, ezta zaurituak lotzen be; ez dozuez desbideratuak artaldera ekartzen, eta galdutakoen bila be ez zarie joaten; indarrez eta gogorkeriaz, ostera, ezarri deutsezue zeuen agintea. Eta, artzainik barik, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu. Mendi eta tontorretan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatuta, eta inor ez da haretaz arduratzen, ez haren bila joaten".
    Entzun, beraz, artzainok, Jaunaren hitza: "Ala Ni Jainko Jauna! Nire artaldea biluztua eta basapiztia guztien harrapakin izan da, artzainik ez daualako, eta nire artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; bestetara, euren burua zaindu dabe eta ez nire artaldea". Horregaitik, entzun, artzainok, Jaunaren hitza: Hau dino Jainko Jaunak: "Artzainen kontra ekingo deutsat; neure artaldea bihurtzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako; holan, ez dabe aurrerantzean euren burua larratuko; horreen hagin artetik atarako ditut ardiak eta ez dabez barriro janari izango".
    Hau dino-eta Jainko Jaunak: "Ni Neu egingo naz artaldearen kargu, Neu arduratuko haretaz"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)

R/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz bazagoz;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Inbidia dozu ala, ni ona nazalako?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 20, 1-16

    Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz mahasti-nagusiagaz bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako behargin bila urten eban. Eguneko lansaria zidarrezko txanpon baten berbatu ondoren, mahastira bialdu zituan langileak.
    Goizeko bederatziak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan eutsen: “Zoaze zeuok be nire mahastira eta ordainduko deutsuet bidezko dana”. Eta hareek be joan egin ziran. Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban. Arratsaldeko bostak aldera be urten eban eta, beste batzuk oraindino geldi aurkiturik, esan eutsen: “Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?”  Hareek erantzun eutsoen: “Ez gaitu inork hartu beharrerako”. Harek, orduan: “Zoaze zuek be nire mahastira”.
    Iluntzean mahasti-nagusiak esan eutson arduradunari: “Deitu beharginei, eta emoiozu bakotxari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziran, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana hartu eben. Lehenengo ordukoek, txanda heldu jakenean, besteek baino gehiago hartuko ebela uste eben; baina hareek be zidarrezko txanpon bana hartu eben.
    Orduan, nagusiaren kontra marmarka hasi ziran, eta esan eutsoen: “Azkeneko honeek ez dabe ordubete besterik lan egin, eta gugaz bardindu dozuz, egun osoko nekea eta beroa eroan dogunokaz”. Baina nagusiak erantzun eutson hareetariko bati: “Adiskide, ez deutsut bidebakokeriarik egiten. Ez ete ginan berbatu zidarrezko txanpon baten? Eutsi dagokizuna eta zoaz. Zuri beste emon gura deutsat azkeneko honi be. Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala inbidia dozu, ni ona nazalako?”
    Holantxe, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Parabola hau entzuten daben gehientsuenek edo ez dabe onartzen, edo ez dabe bere senean ulertzen, edo gauza biak batera. Hau da: ez dabe onartzen ordain bardina hartu leikeena lanean 10 ordu jardun dauanak eta ordu bete baino jardun ez dauanak.

Halantxe da, giza zuzentasun edo justizia sozial deritxonean kokatuko bagina. Baina Jesusek badaki horrenbeste. Eta harek dinoana ulertzeko eta onartzeko, beste maila edo ulerkera baten jarri beharra daukagu.

Autortu daigun gure arteko hartu-emonetan eta Jainkoagazkoetan ez dala gauza bera jazoten.

Jainkoaren saria ez da gure lanaren ondoren datorrena, berak egiten dauan deia baino. Jainkoak bere erreinuan jardutera deitzen dau. Dei hori ez dogu gizaki guztiok aldi bardinean geuretzen. Baina erantzutean, berez hartzen dau saria, eta hartu daiken saririk handiena: Jainkoaren maitasuna.

Jainkoa ezin da zatitu, eta ezin dau apur bat edo gehiago emon, bere burua emoten dau-eta, bera dan guztia.

 

 

 

Urtean Zeharreko XX. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Ondoetorria egitera etxetik urtengo deustan lehenengoa
Jaunarentzat izango da eta erre-opari eskeiniko deutsat.

Epaileak liburutik

Ep 11, 29-39a

    Egun hareetan, Jaunaren espirituaren eraginez, Galaaden eta Manasesen lurraldea igaro eta Galaadeko Mitzpara heldu zan Jefte, eta handik amondarren lurraldera jo eban. Eta promes hau egin eutson Jaunari: «Amondarrak eskura emoten badeustazuz, hareek garaitu eta bihurtzean ondoetorria egitera etxetik urtengo deustan lehenengoa Jaunarentzat izango da eta erre-opari eskeiniko deutsat».
    Joan zan, bada, Jefte amondarren kontra burrukara, eta Jaunak eskura emon eutsozan. Aroertik Minit arteko hogei uri garaitu ebazan Abel-Keramimeraino. Garaipen izugarria izan zan, eta amondarrak israeldarren menpe gelditu ziran.
    Jefte Mitzpara, bere etxera bihurtu zanean, alabeak urten eutson ondoetorria egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez eban beste seme-alabarik, haxe baino. Alabea ikustean, jantziak urratu eta esan eban: «Ai, ene alaba! Lur jota itzi nozu. Zuk izan behar zoritxarra dakarztana! Berbea emon deutsat Jaunari eta ezin atzera egin».
    Alabeak erantzun eutson: «Aita, hitza emon badeutsazu Jaunari, egizu nigaz agindudakoa; Jaunak zeure arerio amondarrez mendekatzea emon deutsu-eta».
    Gero, esan eutson: «Egidazu mesede hau bakarrik: itzi egidazu hile bitan mendiz mendi lagunekin ibiltzen, ezkondu baino lehen hil behar dodalako negar egiten». Aitak erantzun: «Zoaz!» Eta itzi egin eutson joaten hile birako.
    Neskea mendiz mendi ibili zan bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar ebalako negarrez. Hile biak igaro ziranean, bihurtu zan aitagana, eta aitak bete egin eban agindudako promesa.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 5. 7-8a. 8b-9. 10 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Zorionekoa Jaunaz fidatzen dana,
idolo eta sasijainkoakana jotzen ez dauana. R/.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea. R/.

V/.   Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Bihotz barria emongo deutsuet
eta barruan espiritu barria ezarriko.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 36, 23-28

    Hau esan dau Jaunak: «Zuen bidez hareen aurrean santu agertuko nazanean, orduan jakingo dabe nazino hareek Neu nazala Jauna –dino Jainko Jaunak–.
    Nazinoen artetik hartuko zaituet, lurralde guztietatik batuko eta zeuen lurraldera ekarriko. Ur garbiz txipriztinduko zaituet, eta garbi geldituko zarie; zeuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituet.
    Bihotz barria emongo deutsuet eta barruan espiritu barria ezarriko. Harrizko bihotza kenduko deutsuet eta haragizkoa emongo. Neure espiritua ipiniko dot zuengan, eta gai egingo zaituet nire legeen arabera ibiltzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko. Zuen asabei emon neutsen lurraldean biziko zarie; nire herri izango zarie zuek, eta Ni zuen Jainko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 12-13. 14-15. 18-19 (R/. Ez 36, 25)

R/.   Ur garbiz txipriztinduko zaituet,
        eta garbi geldituko zarie zeuen kutsadura guztietatik.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

V/.   Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz hausiriko espiritua da
Jainkoak nahi dauan sakrifizioa;
Zuk ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz hausia eta umildua. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d

R/.   Aleluia.

V/.   Gaur, ez gogortu bihotza;
        entzun Jaunaren ahotsa. R/.

 

Ebanjelioa

Deitu ezteguetara aurkitu ahala guztiak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 1-14

    Aldi haretan, Jesusek barriro parabola bidez berba egin eutsen abadeburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin gertatzen da bere semearen ezteguak ospatu zituan erregearekin bezala. Bialdu zituan morroiak konbidatuei dei egitera, baina hareek ez eben etorri gura izan.
    Barriro beste morroi batzuk bialdu zituan mandatu honegaz: “Esaiezue konbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilda daukadaz zezenak eta zekor lodituak, prest dago dana. Zatoze ezteguetara”. Baina konbidatuek ez eutsoen jaramonik egin: bata bere lurretara joan zan, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin ebezan.
    Hasarratu zan erregea eta, bere soldaduak bialduz, hil egin zituan hiltzaile hareek, eta su emon hareen herriari.
    Gero, bere morroiei esan eutsen: “Ezteguak prest dagoz, baina konbidatuak ez ziran gai. Zoaze, bada, bidekurutzeetara eta deitu ezteguetara guztiak aurkitu ahala”. Urten eben morroiok bideetara eta aurkitutako guztiak batu zituen, on nahiz txar. Eztegu-gela konbidatuz bete zan.
    Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zanean, eztegu-jantzirik barik egoan bat ikusi eta esan eutson: “Adiskide, zelan sartu zara hona eztegu-jantzirik barik?” Harek berbarik be ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan eutsen, orduan: “Eskuoinak lotu eta bota egizue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hagin-karraskada!” Ze gehiago dira deituak, aukeratuak baino».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ez jako errez egiten Jesusi Erreinuaren Barri Ona iragartea. Aurrez jarri jakoz erlijio-agintariak, eta zelatan daukaz zertan-hartan harrapatu guran.

Hau dala-eta, Jesusek gainez egin dauala esan daiteke, eta, horren ezaugarri, Mateorenean hiru parabola zuzentzen deutsez. Honexegaz amaituko dau Mateok, Nekaldiaren kontakizuna jarteko jarraian.

Seme bien parabola da bat; mahasti-zain hiltzaileena da beste bat, eta hauxe, errege-semearen ezkontzara deituena hirugarrena.

Judeguen tradizinoan argi dago ezkontzak Jainkoaren eta bere herriaren arteko hartu-emona irudikatzen dauana; eta otordu nagusiak Mesiasen aldietako ugaritasuna.

Ondo ulertzen dabe herriko zaharrek, farisearrek eta idazlariek Jesusek eurekaitik dinoala…

Handia da ukapena; eta txiki eta ezerezak uko egiteko arrazoiak. Baina Jainkoak ez dau atzerakarik egingo: herrialde guztietakoak dira deituak.

Adi, baina! Ez da doakoa. Jantzia behar da: onartzea, adi egotea, partekatzea…

 

 

Urtean Zeharreko XX. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Bihurtu zan Noemi Rutegaz, bere erran moabdarragaz,
eta Betleemera heldu ziran.

Rut liburuaren hasiera

Rt 1, 1. 3-6. 14b-16. 22

    Epaileen sasoian, gosetea izan zan Israelen, eta Judako Betleemgo gizon bat Moabeko lurraldera joan zan bizitzera bere emazte Noemigaz eta seme biekin.
    Elimelek, Noemiren senarra, hil egin zan eta emaztea seme biekin bakarrik gelditu zan. Honeek emakume moabtarrak hartu ebezan emazte: batak Orpa eban izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren, hil egin ziran seme biak be, eta Noemi, ez senar eta ez seme, bakarrik gelditu zan.
    Jakin eban Noemik Jaunak bere herriari aldeko agertu eta janaria emon eutsola, eta erran biekin Moabeko lurraldetik bere herrialdera bihurtzea erabagi eban.
    Abiatu ondoren, amaginarreba besarkaturik bere herrira bihurtu zan Orpa; Rut, barriz, amaginarrebagaz gelditu zan. Noemik esan eutson: «Hara, zure koinata bere herrira eta bere jainkoagana bihurtu da; zoaz zu be beragaz». Rutek erantzun eutson: «Ez barriro eskatu zu itzi eta joateko; zu nora joan, hara joango naz neu be; zu non bizi, han biziko naz neu be; zure herria izango da nire herri, eta zure Jainkoa nire Jainko».
    Holan bihurtu zan Noemi Moabetik Rutegaz, bere erran moabdarragaz. Garagarra igitaitzen hasteko sasoian heldu ziran Betleemera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 5-6b. 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. ik. 2a)

R/.   Goratu egizu Jauna, ene barrua.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna bere Jainkoa itxaropen dauana.
Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horreetan dagoan guztia. R/.

V/.   Betiko eusten deutso bere leialtasunari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten.
Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
Jaunak jasotzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.   Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna errege da betieran,
zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Hazur igarrok, entzun Jaunaren hitza.
Israel etxe, atarazoko zaituet hilobitik.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 37, 1-14

    Egun hareetan, Jaunaren indarra jaubetu zan nitaz, eta haren espirituak hartu eta hazurrez betea egoan haran baten erdian itzi ninduan. Batera eta bestera ibiliazo ninduan hareen artean; hazur-pilo izugarria egoan haranean, zeharo igartuta.
    Jaunak esan eustan: «Gizaseme, bizi ete leitekez hazur honeek barriro?» Erantzun neutsan: «Jauna, Zeuk jakingo dozu».
    Harek, orduan: «Berba egin nire izenean hazur honeei eta esan: "Hazur igarrok, entzun Jaunaren hitza. Hau esaten deutse Jainko Jaunak hazur igar honeei: espiritua sartuazoko dot Nik zuengan, eta biziko zarie. Zainez inguratuko zaituet, haragia eratuko dot zuen gainean, narruazala zabalduko eta espiritua emongo deutsuet, bizi zaitezen. Eta jakingo dozue Neu nazala Jauna"».
    Hitz egin neban Jaunaren izenean berak agindu lez, eta, nik hitz egin bitartean, hots bat izan zan: lurrak dardara egin eban eta hazurrak bata besteagaz alkartzen hasi ziran. Gainean zainak eta haragia sortzen jakezala ikusi neban eta narruazalez estaltzen zirala; baina ez eben espiriturik.
    Jaunak, orduan, esan eustan: «Berba egin nire izenean espirituari, hitz egin, gizaseme. Hau esango deutsazu espirituari: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Zatoz lau haizeetatik, espiritu, eta haize emon hildako honeei, bizi daitezan"».
    Berba egin neban Jaunaren izenean berak agindu eban lez, eta espiritua sartu zan hazurretan, bizitzara bihurtu ziran eta zutunik jarri; gudaroste izugarria zan.
    Esan eustan Jaunak: «Gizaseme, hazur horreek Israel herri osoa dira. Hor dabiltz esaten: "Gure hazurrak igartuak dagoz, galdua dogu itxaropena; gureak egin dau".
    Berba egin, beraz, nire izenean eta esan: "Horra zer dinoan Jainko Jaunak: Neuk edegiko ditut zuen hilobiak, atarazoko zaituet zeuen hilobietatik, ene herri, eta Israelgo lurraldera eroango.
    Eta zuen hilobiak edegi eta horreetatik atarazoko zaituedanean, ene herri, orduan jakingo dozue Neu nazala Jauna. Neure espiritua ezarriko dot zuengan, eta bizibarritu egingo zarie. Zeuen lurraldean ezarriko zaituet, eta jakingo dozue, Nik, Jaun honek, esandakoa bete egiten dodala"». Halan dino Jainko Jaunak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 107 [106], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 1)

R/.   Eskerrak Jaunari,
        haren maitasuna betikoa da-eta.

        Edo: Aleluia.

V/.   Oihukatu begie Jaunak askatuek,
zapaltzailearen eskutik askatu
eta herrialde guztietatik, sortaldetik eta sartaldetik,
iparraldetik eta hegoaldetik batutakoek. R/.

V/.   Noraezean ebiltzan basamortuan,
bide bakartietan, bizitzeko uririk aurkitu ezinik.
Gose eta egarri ziran,
hilzorian, adorea galdurik. R/.

V/.   Baina larrialdian Jaunari deadar egin eutsoen
eta libratu ebazan estualditik.
Bide zuzenetik eroan ebazan,
bizitzeko urira heldu arte. R/.

V/.   Goratu begie Jauna agertu dauan maitasunagaitik,
gizakien alde egin dituan gauza harrigarriakaitik!
Asetu ebazan egarri ziranak,
ondasunez bete gose ziranak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Sal 25 [24], 4b. 5a

R/.   Aleluia.

V/.   Ene Jainko, erakutsi niri zure bidezidorrak,
        gidatu nagizu zeure leialtasunean. R/.

 

Ebanjelioa

Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa
eta lagun hurkoa zeure burua lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 22, 34-40

    Aldi haretan, Jesusek saduzearrak berba barik itzi zituala jakitean, alkarregaz batu ziran fariseuak, eta euren arteko legegizon batek azpikeriaz itaundu eutson Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»
    Jesusek erantzun: «Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hauxe da agindurik nagusiena eta lehenengoa. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez”. Agindu bi honeetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ondino Jauretxean (Tenpluan) dago Jesus, eta Farisearrek euren erasoaldiaz jarraitzen dabe. Zerga-ordainketa eta hildakoen biztuera izan badira arteragokoak, oraingo itauna —alkarregaz adostua— Legeari buruzkoa da. Zeozertan harrapatu guran dihardue…

Azaluskeria emoten dau itaunak, baina ordukoek eztabaida izugarrietan murgiltzen ziran gai hau zala-eta. Agindu askoren artean, behinena, garrantzizkoena, zein izan ete eitekean.

Jesusen erantzuna hareek eskatzen eutsoena baino harago doa. Nagusienari bigarren bat gehitzen deutso: Legearen oinarria oin bikoa balitz lez; eta bigarren hau barik herrenka balebil lez.

Jesusek argi dauka: Jainkoaganako maitasuna senideenganakoan gauzatzen eta nabaritzen dana. Ezer gitxirako da senideaganako maitasun barik egin daiteken gauzarik ederren eta onena ere.

Ulertu ete geike hau salbamena lortzeko Legea zelan bete gabiltzanok? Legea beteteak senideagana eta honen ona bilatzera ez bagaroaz badaezpadako jarrerea izango da gurea.

 

 

Urtean Zeharreko XX. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak ondorengoa emon deutsu.
Jeseren aita izan zan Obed; Jese, barriz, Daviden aita.

Rut liburutik

Rt 2, 1-3. 8-11; 4, 13-17

    Baeban Noemik, bere senar Elimeleken aldetik, senide bat, aberatsa eta izen handiko gizona, Booz izenekoa. Rut moabtarrak esan eutson Noemiri: «Itzi egidazu solora joaten, igitariek izten dabezan garagarburuak batzera. Aurkituko ahal dot bere ondoren batzen itziko deustan nor edo nor!» Noemik erantzun: «Zoaz, ene alaba».
    Joan zan, beraz, Rut eta igitarien atzetik garagarburuak batzen hasi zan. Hain zuzen, Elimeleken senide Boozen soloan suertatu zan. Boozek esan eutson Ruti: «Aizu, ene alaba, ez joan beste inongo solora garagarburuak batzera. Gelditu hemen nire mirabeekin. Begira zein arlotara doazan batzera eta jarraitu hareen atzetik. Zu bakean izteko esango deutset morroiei. Egarritzean, edan mutilek betetako ontzietatik».
    Rutek  lurreraino  ahuspeztu  eta  esan  eutson  Boozi:  «Atzerritarra naz  ni;  zer dala-eta  arduratzen zara nitaz eta hartzen nozu hain ondo?»
Harek erantzun: «Senarra hil ondoren, amaginarrebagaz zelan jokatu dozun kontatu deuste: zelan zeure aita-amak eta sorterria itzi eta ezagutzen ez zenduan herrira etorri zaran».
    Booz Rutegaz ezkondu zan; alkartu ziran eta Jaunak bedeinkatu egin eban Rut: umedun gelditu eta semea izan eban.
    Emakumeek Noemiri esaten eutsoen: «Bedeinkatua Jauna, ondorengoa emon deutsu-eta, hildakoaren izenak Israelen iraun dagian. Ume hau zeure atsekabearen kontsolagarri eta zeure zahartzaroaren euskarri izango dozu, horren maite zaituan eta zazpi seme baino hobea dozun erranak emon deutsu-eta». Noemik umea semetzat hartu eta hazi eban.
    Auzo-lagunek hau inoen: «Semea jaio jako Noemiri», eta Obed ezarri eutsoen izena. Jeseren aita izan zan Obed; Jese, barriz, Daviden aita.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. ik. 4)

R/.   Honan izango da bedeinkatua
        Jaunari begirune deutsona!

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutsona!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jaunaren aintza tenpluan sartu zan.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 43, 1-7a

    Egun hareetan, sortaldera dagoan aterantz eroan ninduan gizonak. Eta Israelen Jainkoaren aintza ikusi neban sortaldetik etortzen, ur handiena lako burrundaraz; haren aintzaren distirak argitzen eban lurra. Jerusalem hondatzera etorri zanean izan nebana lakoa zan ikuskari hau, eta Kebar ibaiaren ondoan izan nebana lakoa. Ni ahuspez jausi nintzan.
    Jaunaren aintza tenpluan sartu zan sortaldeko atetik. Orduan, espirituak gora jaso eta barruko atarira eroan ninduan; Jaunaren aintzak betetzen eban tenplua.
    Artean gizona nire ondoan egoala, norbaitek tenplu barrutik berba egiten eustala ohartu nintzan. Esan eustan: «Gizaseme, nire tronuaren lekua da hau, oinak jartzen ditudan lekua; hemen biziko naz israeldarren erdian betiko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. 10b)

R/.   Gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza.

V/.   Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.   Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik da ernetzen,
justizia zerutik jaisten. R/.

V/.   Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren pausuei jarraituko deutse ongizateak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 23, 9b. 10b

R/.   Aleluia.

V/.   Bakarra da zuen Aita, zerukoa,
        eta bakarra zuen gidaria, Kristo. R/.

 

Ebanjelioa

Esan, esaten dabe, baina egiten ez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 23, 1-12

    Aldi haretan, holantxe egin eutsen berba Jesusek jentetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian jesarrita dagoz. Egizue, beraz, eta bete hareek esandako guztia; baina ez egin egiten dabena; ze, esan, esaten dabe, baina egiten ez. Zama astunak eta eroan ezinekoak lotzen ditue, eta besteei leporatzen; baina eurek atzamar batez be ez ditue mogitzen. Egiten daben guztia, jenteak ikusteagaitik egiten dabe; zinta zabalak erabiltzen ditue bekokian, eta borlatxu deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreaurreko aulkiak maite ditue, plazetan jenteak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea.
    Zuek, ostera, ez itzi inori “maisu” deitzen, ze bakarra da zuen maisua, eta zuek guztiok alkarren senide zarie. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, ze bakarra da zuen Aita, zerukoa. Eta ez itzi inori “gidari” deitzen be, ze bakarra da zuen gidaria, Kristo.
    Zuetariko handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Erasoaldi gogorra Jesusek jaurtiko dauana. Onartzen dau Jesusek Farisearren eta Lege-maisuen aginpidea; horretarakoxe dagoz-eta: herria zuzenbidean zehar eroateko.

Baina erabilten dituen zinta zabalak eta borlatxuak legea gogoratzeko eta ha bete ahal izateko barik, egiten dabela hori erakusteko ei zan. Giza makaltasunak eroan geinkez norbere burua ontzat, handitzat eta Jainkoaren gogokotzat ikustera. Arrisku horretan jausi ez ete ziran Lege-maisu eta Farisear hareik…

Behar bada, arrisku hori egoan lehen kristau alkarteetan ere. Eta Mateok, irakurri dogun zati horren bigarren aldian, horren barri emon gura deusku, eta hareentzat jarraibidea markatzen dau: senideen arteko hartu-emonak zelangoak izan behar daben.

Behin eta barriro agertzen dan gauzea hauxe Jesusen irakatsietan: gure jardunak gehidearen (projimoaren) ona bilatzen eta bultzatzen ez badau, badaezpadakoa da. Gehiago ondino, azaluskeria bada, Farisearrena langoa.

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...