Urtean Zeharreko XIX. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Ezarri ituna
zeuen bihotzean.
Maitatu egizue
etorkina, zuek be etorkin izan zinien-eta.
Deuteronomioa liburutik
Dt 10, 12-22
Moisesek honan berba egin eutson herriari:
«Orain, Israel, zer eskatzen deutsu Jaunak, zeure Jainkoak? Hauxe besterik ez:
begirune izan deiozula Jaunari, zeure Jainkoari; jarraitu daizuzala haren
bideak, maitatu eta zerbidu daizula Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez eta
gogo osoz, eta bete daizuzala gaur nik emoten deutsudazan Jaunaren aginduak eta
legeak, zoriontsu izan zaitezan.
Jaunarenak, zeure Jainkoarenak, dira zeru
zabalak, lurra eta bertako guztia. Baina zuen gurasoez bakarrik zaletu zan
Jauna eta hareek maite izan ebazan, eta jarraian zuek, hareen ondorengoak,
aukeratu zinduezan herri guztien artean, gaur jazotzen dan lez.
Ezarri, beraz, ituna zeuen bihotzean, eta ez
izan burugogor aurrerantzean. Jauna zuen Jainkoa jainkoen Jainkoa eta jaunen
Jauna da-eta, Jainko handia, ahaltsua eta bildurgarria; ez dau alderdikeriaz
jokatzen, ez eroskeriarik onartzen; justizia egiten deutse umezurtzei eta alargunei,
maite dau etorkina, eta jatekoa eta janztekoa emoten deutsoz. Maitatu egizue,
bada, etorkina, zuek be etorkin izan zinien-eta Egipton.
Izan begirune Jaunari, zeure Jainkoari, eta
zerbidu egizu; bizi zaitez hari lotua eta zin egin haren izenean. Ha da zure
Jainkoa eta ha dozu goratuko, berak egin ebazan-eta ikusi dozuzan gauza handiak
eta bildurgarriak. Hirurogeta hamar lagun besterik ez ziran zure asabak,
Egiptora jatsi ziranean; orain Jaunak, zeure Jainkoak, zeruko izarrak baizen
ugari egin zaitu».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R/. 12a)
R/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna.
Edo: Aleluia.
V/. Jerusalem, ospatu egizu Jauna,
Sion,
goratu zeure Jainkoa,
zure
ateen sarrailak indartu ditualako
eta
seme-alabak zure barruan bedeinkatu. R/.
V/. Zure mugetan bakea ezarri dau,
garirik
onenaz ase zaitu.
Bialtzen
dau lurrera bere mezua,
eta
haren hitza bizkor eta arin doa. R/.
V/. Bere hitza iragarri deutso Jakoben herriari,
bere
erabagiak eta aginduak Israeli.
Beste
herriei ez deutse holakorik egin,
bere
erabagirik ez deutse jakinarazo. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunaren aintzaren agerpena zan ha guztia.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 1, 2-5. 24-28c
Joakin erregearen erbestealdiko bosgarren
urtean, laugarren hilaren bostean, Jaunak hitz egin eutson Ezekiel abadeari,
Buziren semeari, babiloniarren lurraldean, Kebar ibaiaren ondoan, eta Jaunaren
indarra jaubetu zan haretaz.
Hara zer ikusi neban: haize-erauntsia
etorren iparraldetik, hodei handi bat tximistek zeharkatuta eta argitasun biziz
inguratuta; erdian, metal goriak dauan lako distira. Hodeiaren erdian, lau
izaki bizidun egozan, gizaki-itxurakoak.
Izaki bizidunen hego-hotsa entzun neban: ur
handiena lako hotsa, Jainko Ahaltsuaren ahotsa lakoa; aurrera egitean,
gudarostearen burrundada zirudian. Gelditzen ziranean, hegoak batzen ebezan.
Orduan, ahotsak urten eban izakien buru
gainean egoan sabai gainetik; han, sabaiaren gainean, tronu-itxurako zeozer
ikusi neban, zafir harriaren antzekoa; eta tronu-itxurakoaren gainetik,
goren-gorenean, gizaki-antzeko irudia. Metal goriaren distira eban, eta suaren
antzeko zeozeren erdian egoan, goitik beheraino argitasunez inguratuta. Haren
inguruko argitasunak euri-egunean hodei artean agertzen dan ortzadarraren
itxurea eban.
Jaunaren aintzaren agerpena zan ha guztia.
Ikustean, ahuspez lurrera jausi nintzan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 148, 1-2. 11-13b. 13c-14
R/. Zeru-lurrak beterik daukaz zure distirak.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue Jauna zerutik,
goretsi
zeru-goienetik.
Goratu
egizue, haren aingeru guztiok,
goretsi,
haren gudari-talde guztiok. R/.
V/. Goratu egizue, munduko errege eta herri
guztiok,
buruzagi
eta munduko gobernari guztiok;
mutil
eta neska, agure eta umeok.
Goratu
begie Jaunaren izena,
izen
goren bakarra. R/.
V/. Haren ospea zeru-lurren gainetik garai,
garaipena
emoten deutso bere herriari;
gorespena
zor deutsoe fededun guztiek,
gorespena
Israelek, bere-berea dauan herriak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Ts 2, 14
R/. Aleluia.
V/. Honetarako dei egin deusku Jainkoak Barri
Onaren bidez,
Jesu
Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. R/.
Ebanjelioa
Gizonaren Semea
hil egingo dabe; baina, biztuko da.
Etxekoak libre
dagoz zergetatik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 17, 22-27
Aldi haretan, Galilean zehar ebiltzala, esan
eutsen Jesusek ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien esku itziko dabe; hil egingo
dabe, baina hirugarren egunean biztuko da». Ikasleak oso nahigabetuta gelditu
ziran.
[Jesus eta ikasleak] Kafarnaumera heldu
ziranean, tenplurako zerga batzen ebenek Pedrogana joan eta esan eutsoen: «Zuen
maisuak ez dau tenplurako zergarik ordaintzen ala?» «Bai», erantzun eutsen.
Pedro etxeratu zanean, Jesusek aurrean jarri
eta esan eutson: «Zer deritxozu, Simon? Munduko erregeek norengandik hartzen
ditue zergak edo kontribuzinoak, etxekoengandik ala arrotzengandik?» Pedrok
erantzun eutson: «Arrotzengandik». Jesusek, orduan: «Etxekoak libre dagoz,
orduan.
Halanda guzti be, inori zeresanik ez
emoteko, zoaz itsasora, bota amua eta hartu lehenengo atarako dozun arraina;
edegi eiozu ahoa, eta biren zerga ordaintzeko dirua aurkituko dozu. Hartu eta
ordaindu zeuri eta bioi dagokiguna».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ez dira garrantzi bakoak Jesusen bizitzan agertzen diran jazoerak. Arruntenak emoten dabenetan ere zuhur jokatu behar izaten da.
Alde batetik Jesusen iragarpena daukagu, haren ikasleek ulertzen ez dabena (bere osotasunean behintzat), eta onartu ere ezin daikeena: Jesusen heriotza agintarien eta zaharren esku.
Ez dira heltzen biztueraren esangurara (gu bai?). Eta heriotzeaz dana amaitzen dala uste dabenek ezin onartu daikee Jesusena.
Argi geratu behar jakuna hauxe da: badaki Jesusek nora doan, zein dan Jerusalemen aurkituko dauan amaierea. Baina Jainkoaren gurari lez onartzen dau. Ez deutso lepo emoten eta ez da ziurtasun bila hasten. Argi azalduko deutse ikasleei, honeek ez onartzeko ez ulertzeko gauza izan ez arren. Helduko dira horretara ere…
Pedrok ez dau zalantzatan jarten Jesusek, edozein judeguk lez, Tenpluagazko betebeharrak beteten dauzala: zergak ordaintzea. Deigarri litzateke guretzat, parrokiagaz ez daukagula betebeharrik uste badogu…
Arrainaren pasartea leienda bat izan daitekela uste da, zerau azpimarratzeko: diruaren balio eza, Jainkoak dirua arrainaren ahotik ere atara daikela-eta.
Urtean Zeharreko XIX. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Josue, izan
bihotz eta adore;
zeuk
sartuarazoko dozu herria Jaunak agindutako lurraldera.
Deuteronomioa liburutik
Dt 31, 1-8
Moisesek Israel herri osoari barriro hitz
egin eta esan eutson: «Baditut honezkero ehun eta hogei urte, eta ez naz gauza
daukadan kargurako; gainera, Jaunak esan deust: "Ez dozu Jordan hori
igaroko". Jauna bera, zeure Jainkoa, igaroko da zure aurretik, berak
hondatuko ditu zure aurrean Kanaango herriak, eta zuk botako dozuz euren
lurraldetik. Josue joango da zure buru, Jaunak esan eban lez. Jaunak Sihon eta
Og errege amortarrei eta honeen lurraldeei egindakoa bera egingo deutse herri
horreei be, hondatu hain zuzen be. Zuen esku jarriko ditu Jaunak, eta Nik
agindu lez jokatuko dozue zuek hareekin. Izan bihotz eta adore! Ez bildurrik
izan, ez ikaratu hareen aurrean, Jauna bera, zure Jainkoa, doa-eta zugaz; ez
zaitu ezelan be itziko».
Gero, Moisesek Josueri deitu eta Israel
osoaren aurrean esan eutson: «Izan bihotz eta adore; zeuk sartuarazoko dozu
herria Jaunak asabei zin eginez agindu eutsen lurraldera, eta zeuk banatuko
deutsezu herritarrei ondaretzat. Jauna bera joango jatzu aurretik eta zeugaz
izango dozu; ez zaitu ezelan be itziko. Ez bildurrik izan, ez ikaratu!»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Dt 32, 3-4b. 7. 8. 9 eta 12 (R/. 9a)
R/. Israel bere herritzat aukeratu eban Jaunak.
V/. Jaunaren izena iragarriko dot;
autortu
zuek handia dala gure Jainkoa.
Harkaitza
da ha;
harek
egina benetan bikaina. R/.
V/. Gogoratu zaitez antxinako egunez,
egin
gogoeta joandako urteez.
Itaundu
egiozu aitari, eta kontatuko deutsu,
itaundu
zaharrei, eta azalduko deutsue. R/.
V/. Goi-goikoak herriei lurraldeak izentatu
eutsezanean
eta
Adamen seme-alabak munduan banatu,
lur-mugak
ezarri eutsezan herriei,
hareen
jainkoen kopuruaren arabera. R/.
V/. Baina Israel bere herritzat aukeratu eban
Jaunak,
Jakoben
herria bere ondare berezitzat.
Jaunak
bakarrik eroan ebazan,
ez
zan haregaz jainko arrotzik izan. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Liburua
janarazo eustan
eta eztia
baizen gozo egin jatan.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 2, 8–3, 4
Jaunak esan eustan: «Gizaseme, entzun esaten
deutsudana; ez izan errebelde, herri hori lez; zabaldu ahoa eta jan egizu
emoten deutsudan hau». Orduan, esku bat ikusi neban, nigana luzatuta;
biribilduriko liburua eukan. Zabaldu eban liburua nire aurrean eta alde
bietatik egoan idatzita: bertan negar-kantak, intziriak eta aieneak egozan
idatzita.
Gero, esan eustan: «Gizaseme, jan
biribilduriko liburu hau eta joan gero Israel herriari hitz egitera». Zabaldu neban
ahoa eta liburua janarazo eustan. Eta esan eustan: «Gizaseme, bete sabela
emoten deutsudan liburu honegaz». Jan neban, eta eztia baizen gozo egin jatan.
Gero, esan eustan: «Gizaseme, zoaz Israel herriagana eta adierazo nire hitzak».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 14 eta 24. 72 eta 103. 111 eta 131 (R/. 103a)
R/. Bai gozoa niretzat, Jauna, Zuk agindua!
V/. Zure aginduak betetzea niretzat pozgarriago,
aberastasun
guztiak baino.
Bai,
zure aginduetan dot gozamena,
horreek
neure kontseilari. R/.
V/. Zein ona niretzat zure ahoko legea,
urre-zidarrezko
milaka txanpon baino hobea.
Bai
gozoa niretzat Zuk agindua,
ahoan
eztia baino gozoagoa. R/.
V/. Zure aginduak nire ondare betiko,
hareek
deuste-eta bihotza pozten.
Ahoa
zabaltzen dot eta arnasa hartzen,
zure
aginduak biziro ditut-eta maitatzen. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 29ab
R/. Aleluia.
V/. Hartu egizue nire buztarria, dino Jaunak,
eta
ikasi Nigandik,
gozoa
eta bihotz-apala naz-eta. R/.
Ebanjelioa
Kontuz! Ez dagizuela txiki honeetako inor gitxietsi!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 1-5. 10. 12-14
Aldi haretan, hurreratu jakozan ikasleak
Jesusi eta itaundu eutsoen: «Nor da handiena zeruetako erreinuan?» Jesusek,
umetxu bati deitu, hareen artean jarri eta esan eutsen:
«Benetan dinotsuet: Aldatu eta umeen antzeko
bihurtzen ez bazarie, ez zarie sartuko zeruetako erreinuan. Beraz, bere burua
ume honen antzera apaltzen dauana, hori da zeruetako erreinuan handiena. Eta
honetariko ume bat nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau.
Kontuz! Ez dagizuela txiki honeetariko inor
gitxitzat hartu!
Zer deritxozue? Gizon batek ehun ardi baditu
eta bat galtzen bajako, ez ete da laurogeta hemeretziak mendian itzi eta galdutakoaren
bila joango? Eta aurkitzen badau, benetan dinotsuet, poz handiagoa izango dau
bakar hagaitik, galdu ez diran laurogeta hemeretziakaitik baino.
Era berean, zeruko zuen Aitak ez dau gura
txiki honeetariko bat be galtzerik».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen ikasleek zelan ulertu ete dabe Jainkoaren erreinua? Zelan ulertu ete dabe Jesusi jarraitzeko norbere buruari uko egin behar jakola eta kurutzea hartu behar dala egunero? Erreinua entzuten dogunean handigurea eta besteen gainetik egotea sortzen ete jakuz buruan?
Irakaspena argi geratu daiten, Jesusek ume bati dei egiten deutso, eta erdian jarten dau. Alboratuta eta ostikopean hartua dan umea Jesusek erdian jarten dau: ulertezina!
Parabola dogu argibide. Galdutako ardi bategaitik artzaina prest dago larogeta hemeretzi galtzeko; honeik bertan-behera itzi eta galdutakoaren bila abiatzen da-eta.
Eta aurkitutakoan, agirakarik ere ez, kontuak hartzerik ere ez; gozotasunez, laztantasunez, lepo gainean hartu eta besteengana eroan...
Argi geratu ete jake (jaku) Jainkoaren erreinuak beste era batera jokatzen dauala? Handia ez dala besteak menpe hartzen dauzana, hareik handi izan daitezan norbera jarten dala baino hareen zerbitzari eta menpeko?
Zein gatxa dan
hau ulertzea eta bizitzaratzea. Ume bihurtu beharra daukagu.
Urtean Zeharreko XIX. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Han hil zan
Moises, Jaunak esan eban lez.
Ordutik, ez da
sortu Israelen
Moises lako
profetarik.
Deuteronomioa liburutik
Dt 34, 1-12
Egun hareetan, Moisesek Moabeko lautadatik,
Jeriko parean dagoan Nebo mendira, Pisga gailurrera, igon eban. Handik lurralde
osoa erakutsi eutson Jaunak: Galaadetik Danerainoko lurraldea; Neftali, Efraim
eta Manasesena, Judaren lurralde guztia Mediterraneo itsasoraino; Negev eta
Jerikoko –Palmondo uriko– ibar ingurua, Tzoar uriraino. Eta esan eutson Jaunak:
«Hori da Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindu neutsen lurraldea. Esan
neutsen: "Zure ondorengoei emongo deutset". Zeure begiz ikusten itzi
deutsut; baina ez zara bertan sartuko».
Han hil zan Moises, Jaunaren zerbitzaria,
Moabeko lurraldean, Jaunak esan eban lez. Haranean lur emon eutsoen, Moabeko
lurraldean, Bet-Peorren aurrez aurre, eta inork ez dau izan haren hilobiaren
barririk gaur arte.
Ehun eta hogei urte ebazan Moisesek hil
zanean; ez jakon ikusmena ahuldu, ez eutsoen indarrek huts egin. Israeldarrek
hogeta hamar egunez egin eben negar Moisesengaitik Moabeko lautadan, dolualdia
bete eben arte.
Josue, Nunen semea, zuhurtziaz beterik
egoan, Moisesek eskuak ezarri eutsozan-eta buruan. Israeldarrek obedidu egin
eutsoen eta Jaunak Moisesi agindu eutson lez jokatu eben.
Ordutik, ez da sortu Israelen Moises lako
profetarik, Jaunagaz hain hartuemon estuak izan ebazan Moises lakorik; inor ez
haren parekorik mirariak eta egintza harrigarriak egiten, hau da, Jaunak
bialduta, faraoiaren kontra eta honen funtzionarioen eta lurralde osoaren
kontra Egipton Moisesek egindako mirari eta egintza harrigarriak lakoak egiten;
ezta be inor Moisesek Israel osoaren aurrean baizen esku indartsuz eta era
handian eta bildurgarrian jokatu ebanik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 66 [65], 1-3a. 5 eta 8. 16-17 (R/. ik. 20a eta 9a)
R/. Bedeinkatua Jainkoa, bizirik deusku-eta eutsi.
V/. Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
kanta
haren izen ospetsuari,
emon
aintza eta gorespen hari.
Esan
Jainkoari: «Zein izugarriak diran zure egintzak!» R/.
V/. Zatoze eta ikusi Jainkoak eginak,
izugarriak
dira gizakien aldeko haren egintzak.
Bedeinkatu,
herriok, gure Jainkoa,
oihukatu
goraki haren gorespena. R/.
V/. Zatoze eta entzun, Jainkoari begirune
deutsazuenok,
kontatuko
deutsuedaz harek nire alde eginak.
Ahoz
neutsan dei egin
eta
mihinez goretsi. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Egin
kurutze-itxurako ikur bana,
Jerusalemen
egiten dabezan higuingarrikeria guztiakaitik
negar egiten
dabenen bekokian.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 9, 1-7; 10, 18-22
Ozen deadar egiten entzun neutsan Jaunari:
«Hurreratu, uriaren zigortzaileok, bakotxa bere arma hondatzaileagaz». Orduan,
sei gizon agertu ziran, iparraldera dagoan goiko atearen bidetik, bakotxak bere
arma eskuan ebala. Hareen erdian linoz jantzitako gizon bat egoan, idazteko
tresnak garrian ebazala. Sartu eta brontzezko altarearen ondoan gelditu ziran.
Israelen Jainkoaren aintza, euskarritzat
ebazan izaki hegadunen gainetik goraturik, tenpluko ate-sarrerara joan zan.
Orduan, linoz jantzitako eta garrian idazteko tresnak ebazan gizonari dei egin
eta esan eutson Jaunak: «Zoaz Jerusalem uri osoan zehar eta egin
kurutze-itxurako ikur bana, bertan egiten dabezan higuingarrikeria guztiakaitik
intziri eta negar egiten dabenen bekokian».
Eta besteei hau esaten entzun neutsan:
«Zeharkatu uria gizon horren atzetik eta egin triskantza errukirik barik, ez
parkatu inori. Zahar, neska eta mutil gazte, ume eta emakume, hil egizuez eta
garbitu danak; baina ez ikutu kurutze-ikurra daroan inor. Santutegitik hasiko
zarie».
Halan, tenpluaren aurrean egozan
zaharretatik hasi ziran. Gero, esan eutsen linoz jantzitakoak: «Kutsatu
tenplua, atariak hildakoz betez. Urten egizue!» Urten eta ekin eutsoen
triskantzari urian.
Jaunaren aintza tenpluko sarreratik urten
eta izaki hegadunen gainean kokatu zan. Orduan, izaki hareek hegoak zabaldu eta
jaso egin ziran lurretik nire begi aurrean. Eta izaki hegadunak urtetean,
gurpilak be eurekin batera mogidu ziran.
Tenpluaren sortaldeko ate-sarreran gelditu
ziran, eta Israelen Jainkoaren aintza izaki hegadunen gainean egoan. Ohartu
nintzan, izakiok Kebar ibaiaren ondoan, Israelen Jainkoaren azpian, ikusi
nituan izaki bizidun eurak zirala. Launa aurpegi eta launa hego ebezan eta,
hegopean, giza eskuen itxurako batzuk. Hareen aurpegiak Kebar ibaiaren ondoan
ikusi nituan aurpegien antzekoak ziran. Zuzen-zuzen joian bakotxa aurrera.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 113 [112], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 4b)
R/. Jaunaren ospea zerua baino gorago.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goretsi
Jaunaren izena.
Bedeinkatua
izan bedi Jaunaren izena,
orain
eta beti. R/.
V/. Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua
izan bedi Jaunaren izena.
Jauna
herri guztien gainean garai dago,
haren
ospea zerua baino gorago. R/.
V/. Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Gorenean
dau tronua,
baina
beheratu egiten da,
zerura
eta lurrera begiratzeko. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
2 Ko 5, 19
R/. Aleluia.
V/. Jainkoak ziharduan Kristogan mundua beragaz
adiskidetzen,
eta
geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.
Ebanjelioa
Jaramon egiten badeutsu, irabazia dozu senidea.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 15-20
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Zure senideak pekatu egiten badau zure aurka, zoaz beragana eta eiozu agiraka
bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazia dozu senidea. Jaramonik egiten ez
badeutsu, barriz, hartu egizuz zeugaz lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru
lekukoren autorpenaz erabagi behar da-eta. Honeei be jaramonik egiten ez
badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari be jaramonik egin gura ez
badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
Benetan dinotsuet: zuek mundu honetan lotua,
zeruan be lotuta geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan be
askatuta.
Beste hau be badinotsuet: zuetariko bik
alkar hartzen badabe mundu honetan Jainkoari zeozer eskatzeko, emongo deutse
zeruko nire Aitak. Izan be, nire izenean bi edo hiru lagun baturik dagozan
lekuan, han nago Ni euren artean».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Danok gagoz Jesusen ingurura deituta, senitartekoa eratzera. Horretarako, bakotxak bere nahia egin ez daian, arau batzuk dagoz. Zenbateraino ulertu ete doguz ondo?
Jesusek, bere ingurukoen arteko hartu-emonetan alkar maitasunaren pareko jarten dau alkar onartzea eta alkar zuzentzea.
Ea dago senitartea eraikitzerik bata bestearen gainetik jarri ezkero; norbere akatsen eta hutsen autorkuntza barik, bakotxa bere kabuz (bere bostin) ibili ezkero…
Eta, maisutasunez, Jesusek alkar zuzenketaren mailakatzea ezarten deusku: hurtasunez, isilpean, edo testiguen aurrean, edo, azkenik, gorengo mailako erantzule lez, alkartearen aurrean.
Hartu-emonon indarra Jesusek bere taldekideei agertzen deutsen bere presentzia da. Presentzia hori somatzen dauana ez da besteen gainetik jarten; ez dauz besteak menperatzen, zerbitzatzen baino. Ez dauz besteen hutsak bere hutsen atxakia bihurtzen, zuzendu beharreko jokabide baino.
Eta, argi!: zuzendu beharra besteengan ikusteak norberagan ere badagozala zuzendu beharreko akats eta hutsegiteak erakusten ez badeusku, besteen gainetik jarri garalako izango da-eta.
Ez da erreza alkar zuzentzea eta, mailakatze horretan, alkartearen erabagia ikustea. Baina horixe da Jainkoaren nahia Jesusen ustez.
Urtean Zeharreko XIX. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jaunaren
itun-kutxa zuen aurretik igaroko da
Jordan ibaian zehar.
Josue liburutik
Jos 3, 7-10a. 11. 13-17
Egun hareetan, Jaunak esan eutson Josueri:
«Gaurtik aurrera goratu egingo zaitut Israel osoaren aurrean; holan jakingo
dabe Ni zugaz nagoala, Moisesegaz egon nintzan lez. Emon agindu hau itun-kutxa
daroen abadeei: "Jordan ibaiertzera heltzean, gelditu bertan"».
Josuek esan eutsen israeldarrei: «Hurreratu
zaiteze eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, hitzak: "Hau da Jainko
bizia zuen artean dagoaneko seinalea eta kanaandarrak zuen aurretik botako
dituaneko ezaugarria: lur osoko jaubearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da
Jordan ibaian zehar. Eta Jaunaren, lur osoko jaubearen, kutxa daroen abadeen
oinek Jordango urak ikutu baizen laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu
egingo dira, hesi modura"».
Herria Jordan igarotzeko kanpalekutik abiatu
zanean, itun-kutxa hartu eta herriaren aurrean jarri ziran abadeak. Uztaroa zan
eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etortzen zan. Kutxa eroien
abadeak Jordan ibaira heldu eta hareen oinek ur-ertza ikutu baizen laster,
goitik etorzan urak gelditu egin ziran, hesi-modura artez jarriz, eta urak
urrunera, Tzartan ondoan dagoan Adam uriraino, heldu ziran; Araba itsasora –hau
da, Itsaso Hilera– joian ur-korrontea, barriz, guztiz eten zan. Eta herria
igaro egin zan Jeriko parean. Israel osoak Jordan lehorrez zeharkatu bitartean,
Jaunaren itun-kutxa eroien abadeak Jordanen erdian egon ziran zutunik,
lehorrean.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 114 [113 A], 1-2. 3-4. 5-6
R/. Aleluia.
V/. Israelek Egiptotik urten ebanean,
Jakoben
herria erbestetik,
Jaunaren
santutegi bihurtu zan Juda,
haren
jaubetza Israel. R/.
V/. Hareek ikustean, itsasoak ihes egin eban,
Jordanek
atzera.
Mendiek
salto egin eben ahariek lez,
muinoek
bildotsek lez. R/.
V/. Zer dozu, itsaso, ihes joateko?
Eta
zuk, Jordan, atzera egiteko?
Zer dozue,
mendiok, salto egiteko ahariek lez,
eta
zuek, muinook, bildotsek lez? R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zoaz erbestera egun-argiz, hareen aurrean.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 12, 1-12
Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme,
herri errebeldearen erdian bizi zara. Badabez begiak ikusteko, baina ez dabe
ikusten; belarriak entzuteko, baina ez dabe entzuten; izan be, herri errebeldea
dira.
Orain, beraz, gizaseme, egin
erbesteratuarena: hartu zeure fardela eta zoaz erbestera egun-argiz, hareen
aurrean. Zagozan lekutik beste batera joango zara, hareen aurrean. Ea ohartzen
diran herri errebeldea dirala. Erbestera joateko lez, zeure fardela atarako
dozu egun-argiz hareen aurrean, eta zuk zeuk ilunabarrean urtengo dozu, hareen
aurrean, erbesteratuak urteten daben lez.
Egizu zuloa horman, hareen begi aurrean, eta
urten egizu handik; hareen aurrean lepoan fardela harturik, ilunpetan urtengo
dozu: estaldu aurpegia, lurraldea ez ikusteko, seinale bihurtu zaitut-eta
Israel herriarentzat».
Bete neban agindu jatana. Egun-argitan
prestatu neban fardela, erbestera joateko lez; iluntzean zuloa egin neban neure
eskuz horman eta ilunpetan urten neban, fardela lepoan nebala, guztien aurrean.
Biharamon-goizean Jaunak berba egin eustan:
«Gizaseme, Israel herriak, herri errebelde horrek, ez ete deutsu itaundu zertan
zabiltzan? Erantzun egiezu: "Hau dino Jainko Jaunak: mezu hau Jerusalemen
dagoan printzearentzat eta bertan bizi diran israeldar guztientzat da". Esaiezu:
"Ni zuentzat seinale naz. Nik egina jazoko jatzue zuei be: erbestera
joango zarie katigu. Zuen printzeak, gauzak lepoan hartu, horman zuloa egin eta
ilunpetan urtengo dau; aurpegia estalduko dau lurraldea ez ikusteko"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 78 [77], 56-57. 58-59. 61-62 (R/. ik. 7c)
R/. Ez ahaztu Jainkoaren egintza handiez.
V/. Goi-goiko Jainkoa tentatu eben
eta
haren aurka jagi ziran;
ez
ebezan gorde haren aginduak.
Zapuztu
eta traizino egin eutsoen, gurasoek lez,
uztai
txarrak lez huts egin. R/.
V/. Muinoetako sasikultuekin suminarazo eben,
jeloskor
jarri euren idoloekin.
Horren
aurrean, hasarratu zan Jainkoa
eta
zapuztu egin eban zeharo Israel. R/.
V/. Erbestera bialdu eban kutxa santua,
arerioaren
esku jarri, Israelek bere indar eta ospe ebana.
Ezpataren
menpe itzi eban bere herria,
bere
ondareagaz hasarraturik. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 119 [118], 135
R/. Aleluia.
V/. Erakutsi aurpegi argia, Jauna, zeure
zerbitzari honi,
irakatsi
zeure arauak. R/.
Ebanjelioa
Zazpi aldiz ez,
zazpitan zazpi
mila bider baino parkatu behar dozu.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 21–19, 1
Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi
eta itaundu eutson: «Jauna, nire senideak bidebakokeriaren bat egiten badeust,
zenbat bider parkatu behar deutsat? Zazpi bider?»
Jesusek erantzun eutson: «Zazpi bider ez,
ezpada ze zazpitan zazpi mila bider. Hatan be, bere morroiakaz kontuak garbitu
gura izan zituan erregeagaz bezala gertatzen da zeruetako erreinuagaz. Kontuak
garbitzen hastean, dirutza itzela zor eutson bat ekarri eutsoen. Eta nondik
ordaindurik ez eukanez, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituan guztiak
saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko.
Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan
ahuspezturik, arren eta arren esaten eutson: “Emoidazu astia eta dana
ordainduko deutsut”. Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban
morroia.
Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat
zor eutson bere morroilagunagaz topo egin eban, eta, samatik heldu eta ito
beharrean, esan eutson: “Ordaindu eidak zor deustana”. Lagunak, oinetan
ahuspezturik, arren eta arren esaten eutson: “Emoidak astia eta dana ordainduko
deuat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu
arte.
Beste morroiak, gertatua ikusirik,
mindu-mindu egin ziran, eta nagusiagana joan eta gertatuaren barri emon
eutsoen.
Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan
eutson: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu
deustalako; ez ete zan bidezkoa heu be heure morroi-lagunaz errukitzea, neu
hitaz errukitu nintzoan lez?” Eta nagusiak, hasarre bizian, borreroen esku itzi
eban, zor guztia ordaindu arte.
Zeuoi be gauza berbera egingo deutsue zeruko
nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».
Berbaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde
egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zelan hartzen dogu parkatu beharra? Gatx egiten jaku erruak eta erratuak autortzea eta min emon dogula onartzea; gatx egiten jaku parkamen eskatzea. Eta behin baino sarriagotan egiten jaku gatx parkatzea…
Parkamen eskatzea arinkeriaz egiten dan gauzea da? Benetan sentitzen ez dan gauzea da? Ondo geratzearren baino egiten ez dan gauzea da?
Pedrok barru-barrutik egiten dau galderea. Zeozer somatzen dau; eta bere haragian somatu ere! Prest dago parkatzeko, eta sarri. Baina zenbateraino?
Parkatu behar dauanak bere burua txikiagotzat edo gitxiagotzat joten ete dau? Txikiagoa edo gitxiago ete da parkatzen dauana?
Jesusen erantzuna beti parkatu behar dala bada, eta horretan Jainkoaren seme-alaba garala agertzen badogu, begiratu daigun zer jazoten jakun parkatu ezin dogunean. Parkamena eskuratzen ez dogunean baino txarrago, urduriago eta ilunago egoten gara… Askatu ezineko lokarri baten lotuta ikusten dogu gure burua.
Zeozergaitik dinosku Jesusek beti parkatu behar dogula. Jainkoaren seme-alabatasuna geure barruan daroagu. Ha zaindu beharra daukagu zoriontsu izango bagara.
Baina han ez badogu bakerik, argitasunik, korapiloa eta ilunpea baino…
Urtean Zeharreko XIX. barikua
I. urtean
Eufrates
ibaiaren bestaldetik hartu neban Abraham, zuen aita;
zuek Egiptotik atara zinduedazan
eta lurralde
bat emon neutsuen.
Josueren liburutik
Jos 24, 1-13
Egun hareetan, Israelgo leinu guztiak batu
ebazan Josuek Sikemen. Dei egin eutsen Israelgo arduradun, buruzagi, epaile eta
funtzionarioei be, eta Jaunaren aurrera agertu ziran. Orduan, honan berba egin
eutson Josuek herri osoari:
«Hau dino Jaunak, Israelen Jainkoak:
"Zuen asabak, Terah eta honen seme Abraham eta Nahor, Eufrates ibaiaren
bestaldean bizi ziran antxina eta beste jainko batzuk gurtzen ebezan. Eufrates
ibaiaren bestaldetik hartu neban Abraham, zuen aita, eta Kanaango lurraldean
zehar ibiliarazo neban; semea emon neutsan, Isaak, eta ondorengoak ugaritu.
Isaaki seme bi emon neutsazan: Jakob eta Esau. Honi Seir mendia emon neutsan
jaubetzan; Jakob eta honen semeak, barriz, Egiptora jatsi ziran.
Gero, Moises eta Aaron bialdu nituan, Egipto
zigortu neban neure ekintzaz, eta zuek handik atara zinduedazan. Zuen asabak
Egiptotik urten eta itsasoraino heldu ziran. Egiptoarrak pertsegidu egin ebezan
Itsaso Gorriraino, euren gudu-gurdi eta zaldiekin. Zuen asabek oihu egin
eutsoen Jaunari, eta Jaunak ilunpea jarri eban egiptoarren eta zuen artean, eta
itsasoa hareen gainera jausiarazo eban, danak estalduz. Zeuen begiz ikusi
zenduen egiptoarrei egin neutsena. Gero, basamortuan bizi izan zinien luzaro.
Jordanez bestaldean bizi ziran amortarren
lurraldera ekarri zinduedazan; hareek gerra egin eutsueen, baina Nik eskura
emon neutsuezan eta hareen lurraldeaz jaubetu zinien, hondatu egin nituan-eta
zuen aurrean. Balakek, Tziporren semeak, Moabeko erregeak, Israeli erasotzera
urten eban, eta dei egin eta Beorren seme Balaam ekarri eban zuek
madarikatzeko; baina Nik ez neutsan entzun nahi izan Balaami, eta bedeinkatu
egin behar izan zinduezan; holan libratu zinduedazan haren eskutik.
Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu
zinien; Jerikoko jenteak gerra egin eutsuen, baita amortarrek, ferezearrek,
kanaandarrek, hititek, girgaxearrek, hebearrek eta jebusearrek be; baina Nik
eskura emon neutsuezan. Erlabioak bialdu nituan, amortarren errege biak zuen
aurretik bota egiezan; hori ez zenduen zeuen ezpatari eta uztaiari esker lortu.
Izerdirik atararazo ez deutsuen lurraldea emon deutsuet, eraiki ez dozuezan
uriak, eta horreetan bizi zarie; landatu ez dozuezan mahastiak eta olibadiak be
emon deutsuedaz, eta horreen frutuez janaritzen zarie"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 136 [135], 1-3. 16-18. 21-22 eta 24
V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta:
R/. Haren maitasuna betikoa da-eta.
Edo: Aleluia.
V/. Eskerrak jainkoen Jainkoari: R/.
V/. Eskerrak jaunen Jaunari: R/.
V/. Basamortuan zehar gidatu eban bere herria: R/.
V/. Errege handiak jo ebazan: R/.
V/. Errege ospetsuak hil: R/.
V/. Hareen lurraldeak ondare emon eutsozan: R/.
V/. Bere zerbitzari Israeli ondare: R/.
V/. Arerioakandik libratu gaitu: R/.
II. urtean
Oso osokoa zan
zure edertasuna,
Nik emon
neutsuzan apaingarriei esker,
eta
prostituzinoan hasi zinan.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 16, 1-15. 60. 63
Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme,
ohartuazo Jerusalem bere jokabide higuingarriaz. Esaiozu: "Hau dino Jainko
Jaunak: Jerusalem, kanaandarra zara jatorriz eta jaiotzaz; aita amortarra
zenduan eta ama hitita. Jaio zinan egunean, ez eutsuen zilbor-hestea ebagi, ez
zinduezan uretan garbitu, ezta gatzez igurtzi eta zapitan batu be. Ez zan zutaz
inor errukitu, onberaz gauza horreetako bat be zugaz egiteko. Emoten zenduan
iguinagaitik, landa zabalera bota zinduezan jaio zinan egunean.
Ni zure ondotik igaro nintzan eta zeure
odoletan lorrinduta ikusi zindudazan. Eta, odoletan etzunda zengozala, esan
neutsun: 'Bizi! Bizi zaitez!' Landako bedarra lez haziarazo zindudazan; hazi,
handi egin eta sasoira heldu zinan: bularrak hazi jatzuzan eta uleak urten,
baina jantzirik barik zengozan, narrugorritan.
Zure ondotik igaro nintzan barriro eta
amodio-sasoian zengozala ikusi neban. Zure gorputz biluzia estaldu eta zutaz
arduratu nintzan; ezkon-hitzarmena egin neban zugaz eta neurea izan zinan –dino
Jainko Jaunak–. Uretan garbitu zindudazan, estaltzen zinduzan odola kenduz, eta
orio usaintsuz igurtzi zindudazan. Jantzi bordatuak emon neutsuzan, narru
fineko oinetakoak, linozko garrikoa eta zetazko gainjantzia. Bitxiz apaindu
zindudazan: eskumuturrekoak jarri neutsuzan, katea saman, eraztuna sudurrean,
belarritakoak eta diadema zoragarria buruan. Zure bitxiak urrezkoak eta
zidarrezkoak ziran, zure jantziak bordatuak, lino finezkoak eta zetazkoak; zure
janaria urun garbia, eztia eta orioa. Ezin ederragoa bihurtu zinan, erregina
baten pareko. Nazino artera zabaldu zan zure edertasunaren ospea; oso osokoa
zan-eta Nik emondako apaingarriei esker. Halan dino Jainko Jaunak.
Baina zu, zeure edertasunaz eta ospeaz
baliaturik, prostituzinoan hasi zinan, zeure gorputza edozeini eskeiniz.
Baina gaztea zinanean zugaz egin neban
itunaz gogoratuko naz Ni, eta betiko ituna burutuko dot zugaz. Egin dozun
guztia parkatuko deutsudanean, lehenaz gogoratuko zara eta, lotsaren lotsaz, ez
zara ahorik zabaltzen ausartuko». Halan dino Jainko Jaunak.
Jaunak esana.
* Edo nahiago bada:
Zugaz egin
neban itunaz gogoratuko naz Ni,
eta zeure
jokabideaz lotsatuko zara.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 16, 59-63
Hau dino Jainko Jaunak: «Zuk jokatu dozun
lez jokatuko dot Neuk be zugaz, zin egina gitxietsi dozulako eta ituna hausi.
Halan be, gaztea zinanean zugaz egin neban itunaz gogoratuko naz Ni, eta betiko
ituna burutuko dot zugaz. Zu zeure jokabideaz gogoratuko zara eta lotsatuko,
zeure ahiztak, zaharragoak eta gazteagoak, hartu dagizuzanean: alabatzat emongo
deutsudaz, baina ez zugaz egin neban itunak horretara behartzen naualako.
Nik Neuk burutuko dot ituna zugaz, eta
orduan jakingo dozu Neu nazala Jauna. Egin dozun guztia parkatuko deutsudanean,
lehenaz gogoratuko zara eta, lotsaren lotsaz, ez zara ahoa zabaltzen
ausartuko». Halan dino Jainko Jaunak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. 1cd)
R/. Baretu da zure hasarrea eta kontsolatu nozu.
V/. Bai, Jainkoa dot salbatzaile!
Badot
uste on eta ez naz bildur,
Jauna
dot-eta indar eta kemen,
ha
neure salbazino. R/.
V/. Atarako dozue ura pozik
salbazinoaren
iturrietatik.
«Eskerrak
Jaunari, dei egin haren izenari,
ezagutuarazo
haren egintzak herriei,
iragarri
zein bikaina dan haren izena. R/.
V/. Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,
jakin
begie honen barri mundu osoan.
Egin
poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,
handikiro
dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 1 Ts 2, 13
R/. Aleluia.
V/. Onartu egizue Jainkoaren hitza,
ez
giza hitz huts modura,
Jainkoaren
hitz modura baino, halan da-eta. R/.
Ebanjelioa
Zeuen
burugogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek
emaztea izteko
baimena; baina hasieran ez zan holan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 19, 3-12
Aldi haretan, Fariseu batzuk hurreratu
jakozan Jesusi eta, zertan harrapatuko, itaundu eutsoen: «Bidezko ete jako
gizonari bere emaztea edozein arrazoigaitik iztea?»
Harek erantzun eutsen: «Ez dozue irakurri
Liburu Santuak dinoana ala? Hau da, hasieratik Egileak gizaseme eta emakume
egin zituala, eta esan ebala: “Horregaitik, gizonak bere aita-amak itziko ditu
eta bere emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira”. Beraz,
aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Halandaze, Jainkoak bat egin dauana ez
begi gizakiak banatu».
Hareek itaundu eutsoen: «Zergaitik emon
eban, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena?»
Jesusek erantzun eutsen: «Zeuon burugogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek
andrea izteko baimena; baina hasieran ez zan holan. Hauxe dinotsuet: bere
emaztea itzi –legearen kontra alkartuak ez badira behintzat– eta beste bategaz
ezkontzen danak, adulterioa egiten dau».
Ikasleek esan eutsoen orduan: «Holakoa bada
senar-emazteen arteko lotura, ez dau merezidu ezkontzea». Jesusek erantzun
eutsen: «Ez dira danak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituanak baino.
Batzuk ez dira ezkontzen, jaiotzaz ezin dabelako; beste batzuk giza eskuz
ezinduak izan diralako; beste batzuk, barriz, zeruetako erreinuagaitik halan
erabagi dabelako. Onartu leikeanak onartu begi».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen jarrera batzuren barri emoten deusku ebanjelariak pasarte honetan. Aldiko gizonezkoen eztabaiden gainetik, gaur pil-pilean dagoan gaia ere ikutzen dau. Eta komenigarria litzateke ohituren edo norbere usteen aldetik barik Jesusek agertzen dauan ikuspegitik begiratzea eta, ahal dala, erantzutea.
Zer dago jokoan gaiaren mahairatze era honetan? Gizonaren nagusitasuna eta jauntasuna, edo haren atsegin eskubidea, ala emakumearen eta pertsonearen (gizakiaren) duintasuna?
Azaletik begiratu ezkero, eta gaia mahairatzen dan lez ulertu ezkero, gizona da erdiko, haren eskubideak eta atsegina eta jauntasuna dagoz jokoan.
Jesusek, ordea, itzulitara jarten dau mahairatzen dan gaia. Eta erdiko Jainkoa jarten dau. Eta argi dago: ataraten dauzan ondorioak bestelakoak dira. Emakumeak bere duintasun errespetagarria dauka, ez da hara-honaka erabili daiteke zeozer.
Eta zelibatoa ere nahi-ta-ezkoa izan daiteke, edo aukerakoa, arrazoiren bategaitik hartu daitekelako horretarako erabagia.
Jesusek irakasten deuskuna, ba, hauxe da: ez dala gizona erdiko, handia, ahaltsua eta jaun izan arren. Erdiko bakarra Jainkoa dala.
Urtean Zeharreko XIX. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Aukeratu egizue gaur zein zerbidu.
Josueren liburutik
Jos 24, 14-29
Egun hareetan, esan eutson Josuek herriari:
«Izan begirune Jaunari eta zerbidu egizue benetan eta leial. Baztertu Eufrates
ibaiaz bestaldean eta Egipton zuen asabek zerbidu ebezan jainkoak, eta zerbidu
egizue Jauna. Baina Jauna zerbitzea txarto begitantzen bajatzue, aukeratu
egizue gaur zein zerbidu: zuen asabek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbidu ebezan
jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zarien herrialdeko jentearenak,
izan be. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbiduko dogu».
Herriak erantzun eban: «Urrun gugandik Jauna
iztea, jainko arrotzak zerbitzeko! Jauna dogu geure Jainkoa; berak atara gaitu
gu eta gure asabak Egiptotik, esklabotzatik; geure begiz ikusi doguz berak
egindako mirari handiak; berak zaindu gaitu egin dogun bide guztian zehar, eta
igaro doguzan herri guztietan babestu gaitu. Jaunak bota ditu gure aurretik
herri guztiak eta lurralde honetan bizi ziran amortarrak. Beraz, guk be Jauna
zerbiduko dogu, bera dogu-eta geure Jainkoa».
Orduan, Josuek esan eutson herriari: «Zuek
ezin izango dozue Jauna zerbidu, Jainko santua da-eta, beste jainkoak zerbitzea
onartzen ez dauan Jainkoa; ez deutsuez parkatuko zeuen errebeldiak eta
pekatuak. Jauna itzi eta jainko arrotzak zerbitzen badozuez, aurka jarriko
jatzue eta, hainbeste on egin ondoren, txarto erabiliko zaitue eta hondatuko».
Herriak erantzun eutson Josueri: «Ez! Guk
Jauna zerbiduko dogu». Josuek esan eutsen: «Jauna zerbitzea aukeratu dozue.
Zeuok zarie testigu zeuen buruaren kontra!» Eta hareek: «Bai, testigu gara!»
Orduan, Josuek: «Kendu, beraz, zeuen artean dozuezan sasijainkoen idoloak eta
jarri zaiteze bihotzez Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldean». Herriak, orduan,
Josueri: «Jauna, geure Jainkoa, zerbiduko dogu eta haren esana beteko».
Egun haretan, Josuek hitzarmena egin eban
herriagaz, eta legeak eta arauak ezarri eutsozan Sikemen. Jainkoaren legearen
liburuan idatzi ebazan Josuek hitzarmenaren arauak. Gero, harri handi bat
hartu, Jaunaren santutegi ondoan dagoan artearen azpian zutunik jarri eta esan
eutson herriari: «Harri hau testigu izango da gure aurka, Jaunak esan deuskuzan
hitz guztiak entzun ditu-eta; zuen aurkako testigu izango da, zeuen Jainkoa
ukatu ez dagizuen». Ondoren, Josuek bialdu egin eban herria, nor bere ondarera.
Jazoera honeen ondoren, Josue, Nunen semea,
Jaunaren zerbitzaria, hil egin zan, ehun eta hamar urte ebazala.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 11 (R/. ik. 5a)
R/. Zeu zaitut, Jauna, nire ondarea.
V/. Gorde nagizu, Jainko,
Zugan
naz-eta babesten.
Hau
dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure Jauna».
Jauna,
Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zeure
esku dago nire zoria». R/.
V/. Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta
emoten,
gauez
be berak dau nire barrua hezten.
Begi
aurrean dot Jauna eten barik;
ha
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Bizitzarako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez
beteko nozu zeure aurrean,
zorionez
betiko zeure ondoan. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Nor bere jokabidearen arabera epaituko dot Nik.
Ezekielen Profezia liburutik
Ez 18, 1-10. 13b. 30-32
Honan berba egin eustan Jaunak: «Zer
dala-eta errepikatzen dozue esaera hau Israel herrian: "Gurasoek mahats
garratza jan, eta seme-alaben haginak kirri-kirrika?"
Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure
biziagaitik: ez dozue gehiago ahotan erabiliko esaera hori Israelen. Hara, bizi
guztiak dira nireak, aitaren bizia nahiz semearena. Pekatu egiten dauana, ha
hilko da.
Hartu daigun, adibidez, gizon zintzo bat,
zuzenbidez eta justiziaz jokatzen dauan gizona; ez dau sasi-kultulekuetako
jatorduetan parte hartzen, ezta uste ona Israelgo idoloetan jartzen be; ez dau
lagun hurkoaren emaztea desohoratzen, ezta hilerokoagaz dagoan emakumeagana
hurreratzen be; ez dau inor zapaltzen, eta bahituran hartua bihurtu egiten dau;
ez dau lapurretarik egiten, jaten emoten deutso gose danari eta jantzia biluzik
dagoanari; ez dau mailegurik lukurreriaz edota interesak kobratzeko egiten; ez
dau bidebakokerian esku-hartzen eta alderdikeriarik barik epaitzen dau
auzietan; nire legeen arabera ibiltzen da eta nire erabagiak betetzen ditu,
leial jokatuz. Honakoa gizon zintzoa da; beraz, biziko da. Halan dino Jaunak.
Baina emon daigun, gizon horrek seme
gaizkile eta odolzale bat dauala eta gauza oker horreetakoren bat egiten
dauala, aitak ez lez. Hori ez da biziko; gauza higuingarri horreek egin
dituanez, hil egingo da eta bera izango da bere heriotzaren errudun.
Beraz, Israel herri, nor bere jokabidearen
arabera epaituko dot Nik –dino Jainko Jaunak–. Bihurtu zaiteze, aldendu zeuen
gaiztakeria guztietatik eta ez zarie errudun izango. Kendu zeuekandik egindako
gaiztakeria guztiak eta egizuez barri zeuen gogo-bihotzak. Zergaitik hil behar
dozue, israeldarrok? Nik ez dot inoren heriotzarik nahi –dino Jainko Jaunak–; bihurtu,
bada, eta bizi zaiteze».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 51 [50], 12-13. 14-15. 18-19 (R/. ik. 12a)
R/. Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu
arnasa sendoa nire barruan.
Ez
nagizu bota zeure aurretik,
ez
kendu niri zeure arnasa santua. R/.
V/. Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu
nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko
deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta
Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.
V/. Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia
eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz
hausiriko espiritua da
Jainkoak
nahi dauan sakrifizioa.
Zuk
ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz
hausia eta umildua. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 11, 25
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuari
buruzko Barri Ona
jente
apalari agertu deutsazulako. R/.
Ebanjelioa
Ez galarazo
umeei Nigana etortzen,
holakoena
da-eta zeruetako erreinua.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 19, 13-15
Aldi haretan, umeak eroan eutsoezan Jesusi,
hareen gainean eskuak ezarri eta otoitz egin egian; ikasleek, ostera, hasarre
egiten eutsien. Jesusek esan eutsen: «Laga umeei Nigana etortzen, ez galarazo,
zeruetako erreinua holakoena da-eta».
Eta, umeei eskuak gainean ezarri ondoren,
joan egin zan handik.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zelango apurketea dakarren Jesusek bere aldikoagazko! Ordukoek umeak ez ebezan aintzat hartzen, enbarazu ziran eurentzat. Jesusek agindu egiten deutse ikasleei ez eiela galazo umeei beraganatzea. Eta, gainera, zeruetako erreinuaren eredu jarten dauz! Ulertuko ete dogu?
Hartzen ete dira aintzat umeak gure aldiotan? Ikus-entzuten doguzan gauzak ikus-entzunda… Ba dogu zer hausnartu beharra.
Jesusek ez dau agertzen aurreusterik umeekiko. Diran langoxeak ikusten eta onartzen ditu. Bere izakera-bizikeratik sortzen jako jarrera hau.
Jesusentzat baztertuena, alboratu eta ezereztuena da Jainkoaren erreinua. Eta horixe eskatzen deutse bere ikasleei (horrelaxe bizi dalako bera): euren burua txiki, bazterreratu eta ezereztu daiela.
Halaxe baino ez dira azaleratuko Erreinukoak diran onurak: leuntasuna, bat-batekotasuna, azpikeriarik eza, besteagango uste ona…, umeen berezkotasuna.
Jesusek guzti hori bizi dau, eta berez urteten deutso umeaganako begiramenak. Besteok, hareik baztertzean, zer azaleratzen dogu?