2022/02/27

XVIII. ASTEA

Urtean Zeharreko XVIII. astelehena

I. urtean

 

I. Irakurgaia  

Nik bakarrik ezin dot herri hau guztia eroan.

Zenbakiak liburutik

Zen 11, 4b-15

    Egun hareetan, hauxe esan eben israeldarrek: «Nork emongo deusku haragia jateko? Gogoan dogu Egipton doarik jaten genduan arraina, baita hango pepino, meloi, porru, kipula eta berakatzak be. Orain, barriz, makaltzen goaz, "mana" baino ikusten ez dogula».
    Iturri-bedarraren haziaren antzekoa zan mana, erretxina-kolorekoa. Sakabanatu egiten zan jentea mana batzeko, eta, errotan eiho edo motroiloan birrindu ondoren, lapikoan egosi eta orio-ogiaren gustuko opilak egiten ebezan. Gauez, kanpalekuan iruntza egitean, gainean agertzen zan mana be.
    Jakin eban Moisesek herria, senitarteka batuta, nor bere txabolako atean negarrez egoala. Jauna biziro hasarratu zan; Moises be mindurik egoan, eta Jaunari esan eutson: «Zergaitik hartzen dozu txarto zeure zerbitzari hau? Zergaitik kentzen deustazu zeure konfiantza eta botatzen deustazu gainera herri osoaren zama? Nik sortua ete da, ba, herri hau? Nik ekarria ete mundura, Zuk niri esateko: "Hartu egizu lepoan, inudeak umetxua lez, eta eroaizu asabei agindutako lurraldera"? Nondik atarako dot nik haragia, herri honi guztiari jaten emoteko? Haragi eske jabilt-eta negarrez. Nik bakarrik ezin dot herri hau guztia eroan: zama astunegia da niretzat. Holan erabili behar banozu, hil nagizu, arren, begiko banozu behintzat, eta ez dot gehiago neure zorigatxa jasan beharrik izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 81 [80], 12-13. 14-15. 16-17 (R/. ik. 2a)

R/.   Egin pozez oihu laguntzaile dogun Jainkoari.

V/.   Nire herriak ez eustan jaramonik egin,
Israelek ez eustan obedidu.
Orduan zapuztu egin nituan euren burugogorkeriagaitik:
bizi daitezala euren gurarira! R/.

V/.   Ai neure herriak entzungo baleust!
Ai Israel nire bidetik balebil!
Bat-batean zapalduko neukez haren arerioak,
eskua luzatuko neuke haren zapaltzaileen aurka. R/.

V/.   Menpean izango leukez Jaunari gorroto deutsoenak;
horra hareen zoria betiko!
Garirik onenaz janarituko neuke neure herria,
eztirik gozoenaz asetuko. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Hananias, ez zara Jaunak bialdua,
eta guzurrezko konfiantza emoten deutsazu herri honi.

 Jeremias Profetaren liburutik

Jr 28, 1-17

    Judako Sedekiasen erregealdiko laugarren urtean, bosgarren hilean, Hananias profetak, jatorriz Gabaongoa zan Azurren semeak, tenpluan Jeremiasegaz topo egin eta abadeen eta herri osoaren aurrean esan eutson:
    «Hauxe dino Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: "Apurtu egin dot Babiloniako erregearen buztarria, eta urte biren buruan bihurtuarazo egingo ditut toki honetara Babiloniako errege Nabukodonosorrek bertatik hartu eta Babiloniara eroan ebazan Jaunaren tenpluko tresnak. Eta Joakin, Judako errege Joakimen semea, eta Judatik Babiloniara erbesteraturik joandako guztiak be, bihurtuarazo egingo ditut –dino Jaunak–, izan be apurtu egingo dot-eta Babiloniako erregearen buztarria"».
    Jeremias profetak erantzun eutson Hananias profetari, tenpluan egozan abadeen eta herri osoaren aurrean:  «Amen!  Halan egingo ahal dau Jaunak! Beteko ahal ditu zuk iragarritako hitzak eta bihurtuarazoko Babiloniatik Jaunaren tenpluko tresnak eta erbesteratu guztiak! Baina entzun ondo zuri eta herri osoari esaten deutsuedan hau: "Ni eta zu baino lehen be, beti izan dira profetak, eta horreek gerra, gosea eta izurria iragarri ebezan herrialde askorentzat eta erreinu ahaltsuentzat. Profetak bakea iragartzen badau, ostera, haren hitza betetzean bakarrik jakingo da benetan Jaunak bialdua dana"».
    Orduan, Hananias profetak, Jeremiasen lepotik buztarria kendurik, apurtu egin eban eta herri osoaren aurrean esan eban: «Hau dino Jaunak: "Holantxe apurtuko dot, urte biren buruan, Babiloniako errege Nabukodonosorren buztarria, eta herri guztien lepotik kenduko dot"». Orduan, Jeremias profeta bere bidetik joan zan.
    Hananias profetak Jeremiasen lepoko buztarria apurtu eta, alditxu batera, honan berba egin eutson Jaunak Jeremiasi: «Zoaz eta esan Hananiasi: "Hau dino Jaunak: Zurezko buztarria apurtu dozu, bai, baina Nik, haren ordez, burdinazkoa egingo dot". Beraz, hau dino Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: "Burdinazko buztarria ezartzen deutset lepoan herri honeei guztiei, Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan daitezan; basapiztiak eurak be haren menpe izten ditut"».
    Jeremias profetak esan eutson, orduan, Hananias profetari: «Entzun orain, Hananias: "Ez zara Jaunak bialdua, eta guzurrezko konfiantza emoten deutsazu herri honi. Horregaitik, hau dino Jaunak: Desagertuarazo egingo zaitut lurretik. Aurten hilko zara, zeure hitzen bidez Jaunaren kontra jartzera eroan dozu-eta herria"». Hananias profeta urte haretan bertan hil zan, zazpigarren hilean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 29 eta 43. 79-80. 95 eta 102 (R/. 68b)

R/.   Irakatsi niri, Jauna, zeure arauak.

V/.   Aldendu nigandik jokabide faltsua
eta emoidazu zeure legea dohaitzat.
Ez aldendu nire ahotik hitz egiazkoa,
zure erabagietan dot-eta itxaropen. R/.

V/.   Betorkidaz, ostera, Zuri begirune deutsuenak,
zure aginduak ezagutzen dabezanak.
Bego nire bihotza akats barik zure arauetan,
lotsagarri geratu ez nadin. R/.

V/.   Gaiztoak zelatan ditut ni galtzeko;
baina ni zure aginduetara zuhur nago.
Ez naz zure erabagietatik aldentzen,
Zeuk deustazu-eta irakasten. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

A urtean, Ebanjelio hau aurreko domekan irakurri izan danean, martitzeneko Ebanjelioa irakurriko da: Mt 14, 22-36.

Begiak zerurantz jasorik, dedeinkapen-otoitza egin
eta ikasleei emon eutsezan ogiak, eta ikasleek jenteari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 13-21

    Aldi haretan, Joan Bateatzailearen heriotzaren barri jakitean, Jesus leku bakarti batera joan zan bera bakarrik txalupaz. Baina konturatu egin zan jentea eta oinez jarraitu eutson herrietatik. Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan zituan eta gaixoak osatu eutsezan.
    Iluntzean, ikasleek hurreratu eta esan eutsoen: «Leku bakartia da hau eta orduak aurrera doaz. Bialdu egizu jentea, auzoetara joan eta jatekoa erosi dagian». Jesusek esan eutsen: «Ez dabe zertan joan; emoiezue zeuok jaten». Hareek, orduan: «Ez daukagu hemen bost ogi eta arrain bi besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona».
    Jenteari bedar gainean jesartzeko agindu ostean, hartu zituan bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerurantz jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Asetzeraino jan eben guztiek, eta gelditutako hondarrez hamabi otzara bete batu zituen.  Bost mila gizon inguru ziran jan ebenak, emakumeak eta umeak aparte.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusek neurriak hartzen dauz. Bateatzaileagaz egin dabena egin leikeela beragaz ere, eta leku bakartia bilatzen dau.

Baina aurkituko daben beste batzuk ere bila jabilkoz. Zeozer ikusten dau jenteak Jesusengan; agintariengan edo erlijio-buruzagiengan aurkitzen edo ikusten ez dabena. Eta honei Jesusek ez deutse lepo emongo: errukitu egingo jake.

Ikasleek ez dabe ardurarik hartu gura; baina Jesusek behartu egingo dauz daukena danen esku jarten. Egiten dauan otoitzak ondasun guztien jaubea Jainkoa dala iragarten dau; eta banantzeko aginduak, behartsurik badago ez daukagula pilatzeko eskubiderik. Hau ikasiko bagendu. Ibiliko ez bagina ondasun pilaketan, behartsu bihar geu izan geintekezala-eta… Baina ez dogu ikasten; ez daukagu besteengan uste onik. Zergaitik ete da?

Zenbakiek ere (bost ogi eta arrain bi = 7) badauke esangurarik: osotasuna (aldi mesianikoetako otorduan gagoz, ba: danentzakoa da, eta ugaria (hondakinez 12 otzarakada batuko dira; ez da ezer alperrik galdu behar.

Eta kultura haretan ogia eta arraina jaki oinarri-oinarrikoak diran hainean, banantzen dana norberenetik partekatzen dala (norberaren zati bat) emoten dau aditzera.

…eta barriro bilatuko dau Jesusek bakartadea, eta sartuko da otoitzean… Hantxe aurkituko dau indar eta argi, gainera jatorkonari erantzun ahal izateko.

 

 

Urtean Zeharreko XVIII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Moises ez da gainerako profetak lakoa:
zelan ausartu zarie haren kontra txarto esatera?

Zenbakiak liburutik

Zen 12, 1-13

    Egun hareetan, Miriamek eta Aaronek txarto esaka jardun eben Moisesen aurka, emakume etiopiar bategaz ezkondua egoala-eta. Hau inoen: «Moisesen bidez bakarrik berba egin ete dau Jaunak? Ez ete dau gure bidez be berba egin?» Eta Jaunak entzun eban kexua. Moises oso gizon apala zan, munduko gizonik apalena. Bat-batean honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi, Aaroni eta Miriami: «Zoaze hirurok alkarketa-txabolara».
    Joan ziranean, Jauna laino-habean jatsi eta alkarketa-txabolako sarreran kokatu zan. Eta Aaroni eta Miriami dei egin eutsen. Hurreratu ziran biak, eta Jaunak esan eutsen: «Entzun, esan behar deutsuedana:

Zuen artean Jaunaren profetarik bada,
ikuskaritan agertzen naiako eta amesetan berba egiten.
Ez, ostera, neure zerbitzari Moisesi:
konfiantza osoko gizona dot neure etxean;
ahoz aho berba egiten dot haregaz,
aurrez aurre, eta ez hitz-erdika.
Harek Jaunaren irudia ikusten dau.

    Zelan ausartu zarie, bada, Moises nire zerbitzariaren kontra txarto esatera?» Biziro hasarratu zan Jauna hareen aurka eta alde egin eban. Eta lainoa alkarketa-txabolaren gainetik aldentzean, Miriam legenarrak jota agertu zan, edurra baizen zuri.
    Miriamengana bihurturik, legenarrak hartuta ikusi eban Aaronek, eta esan eutson Moisesi: «Parkatu, Jauna! Ez ezarri guri burubakokeriaz egin dogun pekatua. Ez bedi jazo Miriam amaren sabeletik urten orduko haragia erdi-janik dauan umegalduaren pareko». Moisesek oihu egin eutson Jaunari: «Arren, Jauna, osatu egizu!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 3-4. 5-6b. 6c-7. 12-13 (R/. ik. 3a)

R/.   Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.

V/.   Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena zeure neurribako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.

V/.   Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi aurrean dot eten barik neure pekatua.
Zure aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure begietan oker dana egin dot. R/.

V/.   Horregaitik, arrazoi izango dozu salatzean,
errubako izango zara epaia emotean.
Hara, errudun jaio nintzan,
pekatari ninduan amak sortu. R/.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zeure pekatu ikaragarriakaitik egin deutsut hori.
Jakoben herriaren zoria aldatuko dot.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 30, 1-2. 12-15. 18-22

    Honan berba egin eutson Jaunak Jeremiasi: «Hauxe dino Jaunak, Israelen Jainkoak: "Idatzi liburu baten Nik esan deutsudazan mezu guztiak".
    Izan be, hauxe dino Jaunak:

"Erremediorik bakoa da zure hondamena, Israel,
osatuezina zure zauria.
Ez da inor zutaz arduratzen danik;
ez dago zure zauriarentzat osabiderik.
Ahaztu egin zaitue zeure adiskide guztiek,
ez dira zutaz arduratzen.
Bai, arerio batek lez jo zaitut,
gogor zigortu, zeure gaiztakeria kontaezinakaitik,
zeure pekatu ikaragarriakaitik.
Zertan egin garrasi zeure hondamenagaitik?
Zure oinazeak ez dau erremediorik.
Zeure gaiztakeria kontaezinakaitik,
zeure pekatu izugarriakaitik egin deutsut hori".

    Hauxe dino Jaunak:

"Horra, Jakoben herriaren zoria aldatuko dot,
errukitu egingo naz haren herrialdeaz;
oraingo hondakinen gainean berreraikiko da uria,
egoan tokian jasoko jauregia.
Gorespen-kantak igongo dabe handik, pozezko oihuak.
Ugarituko ditut eta ez dira gitxituko;
ohoratuko ditut eta ez dabez gitxietsiko.
Lehengo egoeran ezarriko ditut hareen ondorengoak:
hareen batzarra nire aurrean sendo!
Zigortu egingo ditut hareen zapaltzaile guztiak.
Herrikoa izango dabe buruzagia,
euren artetik sortua agintaria.
Nigana hurreratuko dot, eta ondora etorriko jat.
Bestela, nor ausartuko litzateke Nigana hurreratzen?
–dino Jaunak–.
Neure herri izango zaituet
eta zeuen Jainko izango nozue Ni"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 102 [101], 16-18. 19-21. 29 eta 22-23 (R/. ik. 17)

R/.   Eraiki dau Jaunak barriro Sion
        eta bera aintzaz betea agertu da.

V/.   Begirune izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,
lurreko errege guztiek haren aintzari,
Jaunak Sion barriro eraikitzean
eta bera aintzaz betea agertzean.
Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,
ez dau gitxietsiko honen eskaria. R/.

V/.   Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,
eta sortzeko zorian dagoan herriak goratuko dau Jauna.
Jaunak bere santutegi garaitik begiratu egin dau,
zerutik lurrera begiratu,
katiguen aieneak entzuteko
eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.

V/.   Zure zerbitzarien seme-alabak seguru biziko dira,
hareen ondorengoek iraungo dabe zure aurrean.
Iragarri dagiela Sionen Jaunaren izena,
Jerusalemen haren gorespena,
herriak euren erregeekin batera
Jauna gurtzera batuko diranean. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 1, 49b

R/.   Aleluia.

V/.   Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara;
        Zu Israelgo Erregea zara. R/.

 

Ebanjelioa

Nahi bada, batez ere, A urtean, Ebanjelio hau astelehenean irakurria izan danean, Mt 15, 1-2. 10-14, irakurri daiteke.

(Fray Marcos)

Agindu egidazu ur gainean Zeugana joateko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 22-36

    Jentea asetu ondoren, ontzian sartuarazo ebazan Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu eutsen, berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu eta gero, mendira igon eban Jesusek berak bakarrik, otoitz egitera. Ilundu ebanean, han egoan bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urrun joian, olatuek astindua, haizea kontra eban-eta.
   
Goizaldera, Jesus hareengana joan zan, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi ebenean, ikaratu egin ziran, mamuren bat zalakoan, eta bildurraren bildurrez deadarka hasi ziran. Baina Jesusek behingoan egin eutsen berba: «Izan bihotz! Neu naz; ez bildur izan!» Orduan Pedrok esan eutson: «Jauna, benetan Zeu bazara, agindu eidazu ur gainean Zeugana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»
    Pedro ontzitik jatsi eta Jesusengana abiatu zan, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra igartzean, bildurra sartu jakon eta, urperatzen hasirik, deadar egin eban: «Jauna, salbatu nagizu!» Behingoan Jesusek eskua emon eta heldu egin eutson, esanez: «Sinismen gitxiko hori! Zergaitik izan dozu zalantza?»
    Ontzira igon ebenean, haizea gelditu egin zan. Eta ontzian egozanak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziran, esanez: «Benetan be Jainkoaren Semea zara Zu!»
    Itsasoa igaro ostean, Genesareten heldu ziran lehorrera. Bertakoek, Jesus ezagutu ebenean, inguruko lurralde guztian zabaldu eben barria, eta gaixo guztiak eroan eutsoezan. Soineko-ertza behintzat ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatuta gelditzen ziran.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Azalpen errezik ez daukan pasarte baten aurrean gagoz. Egoera esanguratsu baten aurrean jarten gaitu: txalupa Eleizearen ezaugarri litzateke; itsasoa Jainkoaren arerioena eta haizea arriskuena…

Jesus otoitzera doan bitartean ikasleak etxerantzakoa egiten dabe, baina haizeak astindutako itsasoan sartzen dira eta eurak ere olatuek astinduta ezinean dihardue.

Arriskuan aurkitzen diranen laguntzan abiatzen da Jesus, baina poza baino gehiago bildurra sartzen deutse. Mamua, menperatu ezineko indarren ezaugarri da. Jainko itxura baten aurrean bildurrak hartua izatea Itun Zaharreko egoera arrunta da. Jainko kanpotikoa iruditzeak horixe dakar: bildurra, uste ona baino gehiago, arazoak laguntza baino gehiago.

Egoera horretan Pedrok beste ikasleak baino ausartagoa agertu gura dau, eta irrigarri gelditzen da, Jesusek agertzen deutson leuntasuna ulertzen ez badogu ere. Haren pareko agertu gura dau, baina heldutasun ibilbiderik egin barik, bat-batean, Jesusen erregalu lez.

Beste ikasleen jarrerea da gauzarik arruntena: bildurrak jota agertzea eta harrituta.

Pasarte honek Jesusen jainkotasunera hurreratu gura gaitu, eta haren mailara heltzeko heldutasun ibilbidea egitea dagokigula  dinosku. Horixe da Jesusengan aurkitzen doguna: otoitzean Jainkoagaz estu-estu lotuta dagoala.


Edo nahiago bada, eta, batez be, A urtean, Ebanjelio hori astelehenean irakurri izan danean, beste hau irakurri daiteke:

Ebanjelioa

Nire Aitak landatu ez dauan landarea
sustraitik atarako dabe.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 15, 1-2. 10-14

    Aldi haretan, Jerusalemdik etorritako lege-maisu eta fariseu batzuk hurreratu jakozan Jesusi eta itaundu eutsoen: «Zergaitik hausten dabe zure ikasleek zaharren ohitura? Ez dabe eskuen garbikuntza egiten jan aurretik».
    Jenteari dei egin eta esan eutson Jesusek: «Entzun eta ulertu ondo: Gizakia ez dau ahotik sartzen danak lohitzen; ahotik urtetzen deutsonak, horrek kutsatzen dau gizakia».
    Hurreratu jakozan orduan ikasleak eta esan eutsoen: «Badakizu berba horreekaz fariseuak hasarratuta itzi dozuzana?» Jesusek erantzun eutsen: «Zeruko nire Aitak landatu ez dauan landarea sustraitik atarako dabe. Itziezue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak jausiko dira zulora».

Jaunak esana.


Urtean Zeharreko XVIII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Ikertutako lurraldeaz
txarto esaka hasi ziran israeldarren aurrean.

Zenbakiak liburutik

Zen 13, 1-2. 25–14, 1. 26-29. 34-35

    Egun hareetan, Jaunak esan eutson Moisesi Parango basamortuan: «Bialdu egizuz gizaseme batzuk israeldarrei emongo deutsedan Kanaango lurraldea ikertzera: leinu bakotxetik bat, buruzagien artetik aukeraturik».
    Berrogei egunez lurraldea ikertzen ibili ondoren, bihurtu ziran eta, Kadexera, Parango basamortura, heldurik, Moises, Aaron eta israeldarren alkarte osoagaz batu ziran. Guztiaren barri emon eta lurraldeko frutuak erakutsi eutsiezan. Txosten hau azaldu eutsoen Moisesi: «Joan gara bialdu ginduzuzan lurraldera. Benetan, esnea eta eztia darion lurraldea da. Begira hango frutuak. Halan be, hango jentea indartsua da, eta hango uriak gotorrak eta handiak; gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak be ikusi doguz; Negeveko basamortuan amalektarrak bizi dira; mendialdean hititak, jebusearrak eta amortarrak; itsasaldean eta Jordango ibarrean, barriz, kanaandarrak».
    Moisesen kontra jenteak ziharduan zurrumurrua isilduarazoz, esan eban Kalebek: «Ea, igon eta egin gaitezan lurralde horren jaube, gai gara-eta horretarako». Baina haregaz ikertzera joandakoek inoen: «Ez, ezin deutsegu eraso, gu baino indartsuagoak dira-eta».
   
Eta ikertutako lurraldeaz txarto esaka hasi ziran israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garan lurraldeak bertako biztanleak irunsten ditu, eta han ikusi dogun jentea ikaragarri handia da. Erraldoiak, Anaken ondorengoak be ikusi doguz; guk hareen ondoan matxinsaltoak emoten genduan, eta halantxe ikusten ginduezan hareek gu». Orduan, israeldarren alkarte osoa oihuka hasi zan eta gau osoa negarrez emon eban.
   
Ikertzaileak bihurtu ziranean, Jaunak Moisesi eta Aaroni berba egin eutsen, esanez: «Noiz arte jardun behar dau herri gaizto honek nire kontra marmarka? Entzun ditut, bai, israeldarren nire aurkako marmarrak. Esaiezu, bada: Hau dino Jaunak: "Ala Ni Jainkoa! Zuei entzunaren arabera jokatuko dot zuekin. Izen-batuketakoan hogei urtez gorako zinienon gorpuak basamortu honetan geldituko dira luze, nire kontra marmarka jardun dozuelako. Lurraldea ikertzen berrogei egun emon bazenduen, berrogei urte emon beharko dozue zeuen erruak ordaintzen: egun bakotxeko urte bat. Holan ikasiko dozue zer dakarren Niri aurka egiteak. Nik, Jaun honek, zin dagit hau egingo deutsadala nire aurka bat etorri dan herri gaizto honi: basamortuan hondatuko dira eta hilko"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 6-7b. 13-14. 21-22. 23 (R/. ik. 4a)

R/.   Gogoratu gutaz, Jauna,
        zeure herriaganako onginahiagaitik.

        Edo: Aleluia.

V/.   Pekatu egin dogu gurasoen antzera,
oker jokatu dogu, errudun gara.
Gure gurasoek, Egipton zirala,
ez ebezan ulertu zure egintza harrigarriak. R/.

V/.   Laster ahaztu ziran haren egintzez
eta ez eben itxaropenik jarri haren egitasmoan.
Jan-gose bizia sortu jaken basamortuan
eta Jainkoa tentatu eben eremuan. R/.

V/.   Ahaztu egin ziran Jainkoaz, euren salbatzaileaz,
Egipton gauza ikusgarriak egin ebazanaz,
Kam-en lurraldean egintza harrigarriak
eta Itsaso Gorrian ikaragarriak egin ebazanaz. R/.

V/.   Prest egoan Jainkoa hareek hondatzeko,
Moises bere aukeratuagaitik izan ez balitz;
tartean sartu eta Jainkoaren aurrean jarri zan,
haren hasarre hondatzailea baretzeko. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Maite zaitut, betidanik maite.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 31, 1-7

    «Sasoi haretan —dino Jaunak—, Israelgo leinu guztien Jainko izango naz, eta hareek nire herri izango dira».
    Hau dino Jaunak:

«Basamortuan azaldu neutsan onginahia
heriotzatik ihes egin eban herriari;
bere atseden-bidean da Israel».

    Urrunetik agertu jako Jauna eta esan deutso:

«Maite zaitut, betidanik maite;
horregaitik naiatzu eten barik leial.
Barriro eraikiko zaitut,
eta sendo iraungo dozu, Israel neskatila eder;
danbolina eskuan dozula urtengo dozu barriro
jaizaleekin dantzara.
Barriro landatuko dozuz mahastiak
Samariako mendietan;
landatu dabezanek jasoko dabe uzta.
Bai, badator eguna, zaintzaileek
Efraimgo mendialdean oihu egingo dabena:
"Ea, igon daigun Sionera,
goazen Jaunagana, geure Jainkoagana"».

    Hau dino Jaunak:

«Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagaitik,
egin irrintzi herrien buru danagaitik.
Egin oihu, goratu Jauna, esanez:
"Salbatu dau Jaunak bere herria,
Israelen bizirik geldituak"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Jr 31, 10. 11-12b. 13 (R/. ik. 10d)

R/.   Zainduko gaitu Jaunak,
        artzainak artaldea bezala.

V/.   Entzun, herriok, Jaunaren hitza,
iragarri urruneko kostaldeetan:
«Israel sakabanatu ebanak berak batzen dau
eta artzainak artaldea lez zaintzen». R/.

V/.   Jaunak Jakob herria askatu dau,
indartsuagoaren eskutik libratu.
Poz-oihuka etorriko dira Sion mendira,
Jaunaren ondasunetara helduko dira. R/.

V/.   Neskek pozik egingo dabe dantzan
mutil eta agureekin batera.
Hareen dolua alaitasun bihurtuko dot,
atsekabearen ondoren, kontsolatu eta alaituko ditut. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Lk 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa

(Fray  MARCOS)

Emakumea, handia da zure fedea!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 15, 21-28

    Aldi haretan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zan Jesus. Haretan, inguru hareetan bizi zan emakume kanaandar bat deadarka hasi jakon: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakidaz! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez eutson berbarik erantzun.
    Ikasleak, hurreraturik, erreguka ebilkozan: «Egiozu jaramon, eta doala, ze deadar baten datorkigu atzetik». Jesusek, ostera: «Israel herriko ardi galduakana bakarrik bialdu nau Jainkoak».
    Baina emakumea, hurreraturik, ahuspez jarri jakon, esanez: «Lagundu eidazu, Jauna!» Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun eutson: «Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek be jaten ditue nagusien mahaitik jausten diran ogi-apurrak».
    Orduan, Jesusek esan eutson: «Emakume, handia da zure sinismena! Jazo bekizu gura dozun hori». Eta une harexetatik osaturik gelditu jakon alaba.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen lehenengo jarraitzaile taldeei ez jaken errez egingo, ez, atzerritarrekazko (paganoekazko) hartu-emonak. Eurena baino ez zan Jainkoa ala danena? Jainkoaren seme-alaba eurak baino ez ziran (judeguak baino ez), ala paganoak ere baziran Jainkoaren seme-alaba?

Arazo honen barri emotera jatorkula pasarte hau esan daiteke. Jesus, bere bila dabizenen artetik urrundu guran dabil, eta pagano herrialdera abiatzen da. Eta maisua danak alkarrizketa izango dau paganoa eta emakumea dan bategaz.

Eta argigarria da koadroa esku hartzen dabenen jarrereaz jabetzeko.

Jesusek entzun-gor egiten deutso emakumearen oihuari: erruki zakidaz! Emakumea da errukiaren beharrean dagoana? Noraino egin dau bere arazo alabearena dana? Eta ikasleek emoten daben erantzun-eskaria bada ardurazkoa, ala arazoa gainetik kentzearren egiten dan eskaria da?

Jesusen erantzun gogorrean emakumeak haren erantzunik ezean aurkitu ez dauan zirrikitua aurkitzen dau. Eta honen ama-bihotzak zabalduko deutsoz ateak: alabea da laguntza beharrean dagoana, eta halantxe aurkezten deutso eskarian; eta horrexek ahalbidetzen dau miraria.

Zenbat muga eta oztopo aurkitu geikezan gainditu beharrekoak gure bizitzan miraria gauzatu daiten!

 

 

Urtean Zeharreko XVIII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Ur-parrastak urten eban.

Zenbakiak liburutik

Zen 20, 1-13

    Egun hareetan, israeldarren alkarte osoa Tzin basamortura heldu eta Kadexen gelditu zan aldi baterako. Han hil zan Miriam eta bertan lur emon eutsoen.
    Ez zan han herriarentzat urik, eta Moisesen eta Aaronen aurka jagi ziran. Herriak aurpegi emon eutson Moisesi, esanez: «Ai gu be Jaunak hilarazo ebazan senideekin batera hil izan bagina! Zergaitik ekarri dozue Jaunaren alkartea basamortu honetara? Gu eta gure abereak hiltzeko? Zergaitik igonarazo zeuskuen Egiptotik eta bazter negargarri honetara ekarri? Hemen ezin da ezer erein, ez dago ikondorik, ez mahastirik, ez granadaondorik, ezta edateko urik be».
    Batzarra itzirik, Moises eta Aaron alkarketa-txabolaren sarrerara joan eta lurreraino ahuspeztu ziran. Jaunaren aintza agertu zan, eta esan eutson Jaunak Moisesi: «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun dozula, batu israeldarren alkartea; gero, agindu harkaitzari danen aurrean, eta honek ura emongo dau. Harkaitzetik ura atarako dozu eta jenteari eta abereei emongo deutsezu edaten».
    Jaunak agindu lez, hartu eban Moisesek alkarketa-txabolan Jaunaren aurrean egoan makila; gero, alkartea batu eben Moisesek eta Aaronek harriaren aurrean, eta Moisesek esan eutsen: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sortuarazoteko gauza ete gara?» Moisesek eskua jaso eta birritan jo eban makilaz harkaitza. Ur-parrastak urten eban, eta jenteak eta abereek edan eben.
    Jaunak, ostera, esan eutsen Moisesi eta Aaroni: «Ez zarie Nitaz fidatu eta ez dozue nire santutasuna israeldarren aurrean autortu; horregaitik, ez dozue zuek sartuarazoko herri hau Nik emongo deutsadan lurraldean». Jazoera hau dala-eta, iturri harek «Meribako Urak» dau izena –hau da, «Auzi Urak»–, han emon eutsoen-eta israeldarrek aurpegi Jaunari, eta honek bere santutasuna agertu eutsen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. 7d. 8a)

R/.   Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa:
        «Ez gogortu zeuen bihotza».

V/.   Zatoze, dagiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harriari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
dagiogun jai txaloka eta kantari. R/.

V/.   Zatoze, gurtu daigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

V/.   Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Itun barria egingo dot
eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 31, 31-34

    Hauxe dino Jaunak: «Hara, badator Israel herriagaz eta Juda herriagaz itun barria egingo dodan sasoia. Ez da izango Egiptotik ataratzeko eskutik hartu nituanean hareen asabekin egin nebana lakoa, hareek hausi egin eben-eta nire ituna, Ni hareen nagusia izan arren, dino Jaunak.
    Hona hemen etorkizunean Israelegaz egingo dodan ituna, dino Jaunak: Barruan ezarriko deutset neure legea eta bihotzean idatziko. Ni hareen Jainko izango naz, eta hareek nire herri izango dira.
    Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango, "Ezagutu Jauna" esanez, danek, txiki nahiz handi, ezagutuko nabe-eta, dino Jaunak; parkatu egiten deutset-eta gaiztakeria, eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoan izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 51 [50], 12-13. 14-15. 18-19 (R/. ik. 12a)

R/.   Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.

V/.   Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.

V/.   Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana bihurtuko dira pekatariak. R/.

V/.   Sakrifizioak ez dozuz atsegin;
erre-oparia eskeiniko baneutsu, ez zeunke onartuko.
Damuz hausiriko espiritua da
Jainkoak nahi dauan sakrifizioa;
Zuk ez dozu gitxiesten, ene Jainko,
bihotz hausia eta umildua. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 16, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Zu Pedro hatxa, harria;
        hatx horren gainean eraikiko dot Nik neure Eleizea,
        eta Heriotzaren indarrak ez jakoz nagusituko. R/.

 

Ebanjelioa

Zu Pedro zara, hatxa;
zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 16, 13-23

    Aldi haretan, Jesusek, Filiporen Zesareara heldu zanean, itaun hau egin eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea nor dala dino jenteak?»  Hareek erantzun: «Batzuek Joan Bateatzailea dala; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».
    Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Simon Pedrok erantzun eban: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea».
    Orduan, Jesusek esan eutson: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez deutsulako hazur-maminezko inork agertu, zeruko nire Aitak baino. Eta hauxe dinotsut Nik: Zu Pedro zara –hatxa–; hatx horren gainean eregiko dot Nik neure Eleiza, eta Herioaren indarrak ez jakoz nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emongo deutsudaz: zuk mundu honetan lotua, zeruan be loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan be askatua».
    Orduan, bera Mesias zala inori ez esateko agindu eutsen Jesusek ikasleei.
    Une haretatik hasi zan Jesus ikasleei azaltzen beharrezko zala berak Jerusalemera igotzea, eta han asko sufridu beharra ebala abadeburuen eta lege-maisuen aldetik; hil egingo ebela eta hiru egunen buruan biztuko zala. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi jakon: «Ezelan be ez, Jauna! Ez jatzu holakorik gertatuko!»
    Baina Jesusek, bihurturik, esan eutson Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo zara Niretzat, ze zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino».

Jaunak esana.

 

Urtean Zeharreko XVIII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Zure asabak maite izan ebazan,
eta hareen ondorengoak aukeratu.

Deuteronomioa liburutik

Dt 4, 32-40

    Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Itaundu antxinako sasoiei, zu baino lehenago izandakoei, Jaunak gizakia munduan sortu ebanetik hasita; itaundu ea inoiz holakorik jazo edo entzun izan dan munduaren ertz batetik besteraino. Ba ete da herririk, zuk lez Jainkoa suaren erditik berbetan entzun eta bizirik gelditu danik? Izan ete da inoiz jainkorik, herri bat beste herri baten menpetik atara eta beretzat hartzen ahalegindu danik? Ba, horixe egin eban Jaunak, zuen Jainkoak, zuen begi-bistan Egipton: ezaugarri, mirari eta egintza harrigarriz, burrukaren bidez, ahalmen handiz, esku indartsuz eta ikarea zabalduz askatu zinduezan. Jauna dala Jainkoa jakin dagizun ikusiarazo jatzu hori guztia, eta ez dala ha besterik.
    Bere ahotsa entzunarazo eutsun zerutik zeure irakaspenerako, eta lurrean bere su handia erakutsi eutsun, eta suaren erditik harek esandako hitzak entzun zenduzan. Zure asabak maite izan ebazalako eta hareen ondorengoak aukeratu ebazalako atara zaitu Egiptotik ahalmen handiz; zu baino herri handiagoak eta ahaltsuagoak bota ditu, zu hareen lurraldean sartuarazoteko eta hareen lurraldea zuri ondare emoteko, gaur jazotzen dan lez.
    Autortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dala Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean; ez da besterik. Bete gaur emoten deutsudazan legeak eta aginduak, zoriontsu izan zaitezen zu eta zure ondorengo seme-alabak, eta luzaro bizi, Jaunak, zure Jainkoak, betiko emongo deutsun lurraldean».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 77 [76], 12-13. 14-15. 16 eta 21 (R/. 12a)

R/.   Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak.

V/.   Gogoan ditut, Jauna, zure egintza handiak,
gogoan, bai, aspaldiko zure mirariak.
Buruan darabildaz Zuk egindako guztiak,
hausnartzen ditut zure egintza handiak. R/.

V/.   Santua da, oi Jainko, zure jarduera!
Zein jainko Zu baizen handi?
Zeu zara Jainko mirarigile bakarra,
Zeuk erakutsi deutsezu herriei zeure indarra. R/.

V/.   Zeure beso ahaltsuaz askatu zenduan herria,
Jakoben eta Joseren ondorengoak.
Artaldea lez eroan zenduan zeure herria
Moisesen eta Aaronen eskutik. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zoritxarrekoa zu, Ninibe, uri odolzale hori.

Nahumen Profezia liburutik

Na 2, 1. 3; 3, 1-3. 6-7

    Hara, badator mendiz mendi
bakearen barria dakarren albistaria.
Ospatu zeure jaiak, Juda, bete zeure agintzariak.
Gaizkilea ez da gehiago zugana etorriko,
zeharo ezereztua gelditu da-eta.
Jaunak barriro jasotzen dau
Jakoben herriaren handitasuna, Israelen ospea;
mahastia lez narrutu eben harrapariek,
mahats-aihenak hondatuz.

Zoritxarrekoa zu, Ninibe, uri odolzale hori,
maltzurkeriaz eta indarkeriaz betea,
beti harrapakin bila zabiltzana!
Entzun zigor-zartadak, gurpilen zarata-hotsa,
zaldien zalaparta, gudu-gurdien trinki-tranka!
Zaldizkoen erasoa, ezpaten distira, lantzen tximistak!
Zaurituak piloka, hildakoak metaka, hilotzak ezin konta ahala!
Hilotzetan estropezu egiten da.

Zikinez estalduko zaitut,
eta irainez beteko, danen begi aurrean.
Ikusiko zaituen guztiak aldendu egingo jatzuz, esanez:
«Birrinduta gelditu da Ninibe; nor errukituko jako?
Non aurkituko, kontsolatuko dauanik?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dt 32, 35c-36b. 39abcd. 41 (R/. 39c)

R/.   Neuk dot heriotza eta bizia emoten.

V/.   Hurrean da hareen hondamen-eguna,
laster dator hareentzat prestaturik dagoana.
Defendatuko dau-eta Jaunak bere herria,
errukituko da bere zerbitzariez. R/.

V/.   Baina orain begira: Neu naz, Neu bakarrik,
ez da Ni beste jainkorik.
Neuk dot heriotza eta bizia emoten,
Neuk dot zauritzen eta Neuk osatzen. R/.

V/.   Nire ezpata distiratsua zorroztu
eta justizia egiteari ekingo deutsadanean,
mendekua hartuko dot neure arerioen aurka
eta euren merezia emongo gorroto nabenei. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 5, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa

Zer emon leike gizakiak barriro bizia eskuratzeko?

(F. Marcos, Ik)

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 16, 24-28

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi dauanak uko egin deiola bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
    Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badau? Eta zer emon leike gizakiak bizia barriro eskuratzeko? Izan be, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruakaz eta orduan bakotxari bere jokabidearen arabera ordainduko deutso». Egia dinotsuet: hemen diranetariko batzuk ez dira hilko, harik eta Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Bizitza, haragizko eta aldi baterako bizitza lez baino ulertzen ez badogu, inondik inora ere ezin izango dogu onartu, ez-eta ulertu ere, Jesusek dinoskuna.

Daukagun haragizko eta aldiko bizitza hau (bizitza biologikoa) zaintzea dagokigu eta garatzea. Baina bizitza biologiko honetatik harago ere joan geintekez, eta onartu Jainkoak bere bizitza partekatzen dauala gugaz. Honi sakoneko edo espirituzko bizitza deritxagu.

Hauxe da Jesusek bizi dauana, eta bizi izaten ahalegintzen dana eta elikatzen dauana Aitagazko hartu-emon luzeetan. Honen beharra dauka, barru-bizitza hori, Jainko-bizitza hori, garatu ahal izateko.

Zenbateraino dan haragizkoa baino garrantzizkoagoa bizitza hau, haragizkoa galtzeari ez deutso-eta garrantzirik emongo.

Edo bai: bizitza biologikoa besteekaz partekatzean galtzen dana da; besteak bizi izan daitezan emoten doguna da. Eta hauxe da Jesusi jarraitzean ikasten eta gauzatzen doguna.

Holan emoten, galtzen dan bizitza, Jainkoaren nahia egiten ereiten dan bizitza da. Eta hau frutu-emoilea da.

 

 

Urtean Zeharreko XVIII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Maitatu egizu Jauna bihotz-bihotzez.

Deuteronomioa liburutik

Dt 6, 4-13

    Moisesek honan berba egin eutson herriari: «Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz.
    Izan beti gogoan gaur esaten deutsudazan hitz honeek. Irakatsi behin eta barriro zeure seme-alabei, eta hitz egin horreetaz etxean zagozala nahiz bidean zoazala, oheratzean nahiz jagitzean. Lotu egizuz seinale lez eskumuturrean eta oroigarri lez bekokian, eta idatzi etxeko ate-alboetan eta uriko sarreran.
    Jaunak, zeure Jainkoak, zure asaba Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez zuri emongo eutsula agindutako lurraldean sartuarazoko zaitu. Han, zuk eraiki bako uri handi ederrak aurkituko dozuz, zuk batu bako era guztietako ondasunez betetako etxeak, zuk zulatu bako ur-putzuak, zuk landatu bako mahastiak eta olibadiak. Asetzeraino jan ahal izango dozu. Orduan, kontuz! Ez ahaztu Jaunaz, Egiptotik, esklabotzatik, atara zaituanaz. Begirune izango deutsazu Jaunari, zeure Jainkoari, bera bakarrik gurtuko dozu eta beraren izenean zin egingo».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 18 [17], 2-3b. 3c-4. 47 eta 51ab (R/. 2)

R/.   Maite zaitut, Jauna, nire indar!

V/.   Maite zaitut, Jauna, neure indar!
Jauna da nire hatx, nire gaztelu,
bera nire askatzaile. R/.

V/.   Ene Jainko, nire harri babesgarri,
nire babeski eta salbazino-indar,
nire gordeleku goresgarri.
Dei egin neutsan Jaunari,
eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.

V/.   Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
Goratua nire Jainko salbatzailea,
garaipen handiak emon deutsoz erregeari,
maitasuna agertu deutso bere igurtzitakoari. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zintzoa bere leialtasunari esker biziko da.

Habakuken Profezia liburutik

Hab 1, 12–2, 4

    Ez zara Zu, Jauna, betidanik nire Jainkoa, nire santua?
Zu ez zara hiltzen!
Jauna, nire harkaitza,
Zeuk ezarri dozuz babiloniarrak zeure epaia betetzeko;
Zeuk emon deutsezu indarra gu zigortzeko.
Garbiegiak dozuz begiak gaiztakeriari begira egoteko,
jasanezina dozu zapalketa.
Zelan zagoz, bada, maltzur horreei begira?
Zelan isilik, gaiztoak bera baino zuzenagoa
irunsten dauan bitartean?
Itsasoko arrain edo nagusirik bako narrasti balira lez
darabilzuz gizakiak.
Zelan amuak arraina,
halan dabe babiloniarrek harrapatzen jentea:
sareetara erakarri eta batzen dabez,
eta jai egiten dabe pozez saltoka.
Sakrifizioak eskeintzen deutsoez sareari
eta intsentsua erretzen,
janari gozoa eta oparoa emon deutsela-ta.
Eten barik sarea hustutzen,
herriak erruki barik hiltzen jarraituko ete dau?
Neure talaian egongo naz, neure torrean zutunik,
Jaunak zer esango deustan zain,
nire kexari zer erantzungo deutson.

    Orduan, Jaunak erantzun eustan:

«Idatzi egizu agertuko deutsudana,
ezarri taulatxuetan, erraz irakurtzeko eran.
Ikuskari hau ez da beteko epea burutu arte,
baina badoa helbururantz, ez dau huts egingo;
luzatzen bada, zuk itxaron, berandu barik helduko da-eta.
Harroak ez dau bakerik bere barruan;
zintzoa, ostera, bere leialtasunari esker biziko da».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 9, 8-9. 10-11. 12-13 (R/. 11b)

R/.   Ez dozu, Jauna, eskutik izten zure bila dabilenik.

V/.   Jauna errege da betiko,
ezarri dau aulkia auzirako;
justiziaz gobernatzen dau mundua,
zuzenbidez epaitzen herriak. R/.

V/.   Jauna dau ihesleku zapalduak,
ihesleku larrialdian.
Zugan dabe konfiantza zure izena autortzen dabenek,
ez dozu-eta, Jauna, eskutik izten zure bila dabilenik. R/.

V/.   Egin kantu Jaunari, Sionen errege danari,
iragarri herrien artean haren egintza bikainak.
Hiltzailea zigorrik barik izten ez dauanak
gogoan ditu dohakabeak,
ez dau ahazten hareen deadarra. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

2 Tm 1, 10b

R/.   Aleluia.

V/.   Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza ezereztu dau
        eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Sinismena bazendue,
ez litzateke zuentzat ezinezkorik izango.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 17, 14-20

    Aldi haretan, gizon bat hurreratu jakon Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutson: «Jauna, erruki zakioz nire semeari; epilepsia emoten deutson deabrua dau eta gorriak ikusiazoten deutsoz. Sarritan botatzen dau sutara eta uretara. Ekarri deutset zure ikasleei, baina ezin izan dabe osatu».
    Jesusek esan eutsen: «Hau gizaldi sinisgogor eta makurra! Noiz arte egon behar ete dot zuekin? Noiz arte jasan behar ete zaituet? Ekarri mutila hona».
    Jesusek gogor eraso eutson deabruari eta urten egin eban mutilagandik; ordu haretatik osatuta gelditu zan.
    Ikasleek, Jesusengana hurreraturik, bakarrean itaundu eutsoen: «Eta guk, zergaitik ezin izan dogu bota deabrua?» Jesusek erantzun eutsen: «Zuen sinismena txikia dalako. Egia dinotsuet: sinismena bazendue, mostaza-hazia baizen txikia izanik be, mendiari “aldatu hemendik hara” esan ezkero, aldatu egingo litzateke; ez litzateke zuentzat ezinezkorik izango».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen bizikerea ez da zatikakoa, oso-osokoa baino. Jesusentzat ez dira kanpoko arerioak gizakia zirikatzen eta menpean hartzen dabenak; ez dira Jainkoak bialtzen dauzan zigorkadak ere. Norberagan ikusik behar dira mugak eta zinak, eta halantxe autortu. Hauxe litzateke oso-osoko pertsona lez bizi izatea.

Holan bizi dana bildurretatik askatua bizi da; ez dau parte txarreko indarrek menpean hartzen.

Baina holan bizi dan eta agertzen dan Jesus ez dabe ikusten bere ikasleek eurek ere. Hori ez da Jesusek baino ez daukan ezkutuko indar bat, beste arerioak menpean hartu ahal izateko hareena baino indar handiagoa. Ez da kanpotiko indarra.

Eta kexu da Jesus bere hurkoenek ere ez diralako gauza holan ikusteko. Eta sinismen txikiko deitzen deutse.

Hau ere (sinismena) ez da Jainkoaren ahalmena norberetzeko bidea, ezelango bildur barik, harengan uste on osoa jarrita, bizi izateko ahal mena baino.

Ikasiko ete dogu azaleko gauzak eta irudiak eta ulerkera baztertzen eta, Jesusen antzera, Jainkoagazko hartu-emonetatik bizi iaten?

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...