2022/02/26

XVII. Astea

Urtean Zeharreko XVII. astelehena

I. urtean

 

I. Irakurgaia 

Pekatu larria egin dau herri honek,
urrezko jainkoa eginez.

Urteera liburutik

Ur 32, 15-24. 30-34

    Egun hareetan, jatsi zan Moises Sinai menditik legearen harlosa bi eskuetan ekarzala. Harlosak alde bietatik idatzita egozan; Jainkoak eginak ziran eta hareetan idatzia be Jainkoak zizelkatua zan.
    Entzun eban Josuek oihuka ebilen herriaren zarata-hotsa eta esan eutson Moisesi: «Entzun, gudu-irrintziak kanpalekuan». Moisesek erantzun eutson: «Ez da hori garaileen oihua, ezta garaituena be; jai-oihuak dira entzuten ditudanak».
    Kanpalekura hurreratu ahala zekorra eta dantzak ikusi ebazanean, hasarre bizian jarri zan Moises eta, harlosak eskuetatik jaurtiz, mendi-oinean zatitu ebazan. Gero, egin eben zekorra hartu, erre eta hauts bihurtzeraino birrindu eban; ondoren, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanazo eutsen.
    Aaroni esan eutson: «Zer egin deutsu herri honek? Zelan eginazo deutsazu halako pekatu larria?» Aaronek erantzun eutson: «Ene Jauna, ez zaitez sumindu. Zuk ondo dakizu herri hau okerrera makurtu dana. Hau esan deuste: "Egiguzu bidean gidatuko gaituan jainkoa, ez dakigu-eta zer jazo jakon Egiptotik atara ginduzan Moises horri". Nik esan deutset, orduan: "Ba ete dau inork urrerik?" Hareek urrea batu eta ekarri egin deuste; nik sutara bota eta, hara, zekor honek urten dau».
    Biharamonean, Moisesek esan eutson herriari: «Pekatu larria egin dozue; baina Jaunagana igongo dot, ea parkamena lortzen deutsuedan». Halan, Jaunagana bihurtu eta esan eutson: «Pekatu larria egin dau herri honek, urrezko jainkoa eginez. Baina parkatu egiozu, arren; bestela, kendu nire izena idatzi dozun biziaren liburutik!»
    Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Nire aurka pekatu egiten dauana bakarrik kenduko dot neure liburutik. Zoaz orain eta eroan herria esan deutsudan tokira. Nire aingeruak gidatuko zaitu. Baina helduko da zigor-eguna, eta orduan zigortuko ditut euren pekatuagaitik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 19-20. 21-22. 23 (R/. 1a)

R/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zekorra egin eben Horeb mendian,
metal urtuzko irudiaren aurrean ahuspeztu ziran.
Euren ospetzat euken Jainkoaren ordez,
bedarra jaten dauan zekorraren irudia jarri eben. R/.

V/.   Ahaztu egin ziran Jainkoaz, euren salbatzaileaz,
Egipton gauza ikusgarriak egin ebazanaz,
Kam-en lurraldean egintza harrigarriak
eta Itsaso Gorrian ikaragarriak egin ebazanaz. R/.

V/.   Prest egoan Jainkoa hareek hondatzeko,
Moises bere aukeratuagaitik izan ez balitz;
tartean sartu eta Jainkoaren aurrean jarri zan,
haren hasarre hondatzailea baretzeko. R/.

II. urtean

I. Irakurgaia

Ezertarako balio ez dauan garriko honen pareko
izango da herri hori.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 13, 1-11

    Honan hitz egin eustan Jaunak: «Zoaz linozko garrikoa erostera; jantzi garrian, baina ez garbitu uretan». Erosi neban garrikoa, Jaunak esan eustan lez, eta garrian jantzi.
    Jaunak barriro hitz egin eustan: «Hartu egizu erosi eta jantzi dozun garrikoa; zoaz Eufrates ibaira eta gorde egizu hango hartzulo baten». Joan nintzan, bada, eta Eufrates ibaian gorde neban, Jaunak agindu eustan lez.
    Handik denporaldi batera, Jaunak esan eustan: «Zoaz Eufrates ibaira eta hartu han gordetzeko agindu neutsun garrikoa». Joan nintzan Eufratesera, zulatu gordelekua eta atara neban garrikoa: ustelduta egoan eta ez eban ezertarako balio.
    Orduan, Jaunak hitz egin eta esan eustan: «Hau dino Jaunak: "Holantxe ustelduko dot Judaren eta Jerusalemen harrokeria neurribakoa. Herri gaizto honek ez ditu nire hitzak entzun gura eta bere barru-jokera gaiztoei jarraitzen deutse. Jainko arrotzen atzetik dabil, horreek zerbiduz eta gurtuz. Horregaitik, ezertarako balio ez dauan garriko honen pareko izango da herri hau. Zelan garrikoa gizonaren garriari lotzen jakon, halantxe nahi izan nituan –dino Jaunak– Israel eta Juda herriak Niri lotu, nire herri, nire ospe, nire gorespen eta ohore izan eitezan. Baina ez entzunarena egin eusten"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dt 32, 18-19. 20. 21 (R/. ik. 18a)

R/.   Sortu zinduzan Jainkoa zenduan baztertu.

V/.   Sortu zinduzan Harkaitza zenduan baztertu,
mundura ekarri zinduzan Jainkoaz zinan ahaztu.
Seme-alaben iraina ikustean,
hondatu egin ebazan Jaunak. R/.

V/.   Esan eban bere artean:
«Ezkutatu egingo deutset aurpegia
eta ikusiko dot zer amaiera daben,
jente makurra dira-eta,
leialtasunik bako seme-alaba. R/.

V/.   Jainko ez dan bategaz mindu ninduen,
euren idolo alperrekoekin iraindu;
herri ez dan bategaz minduko ditut Nik be,
nazino tentel bategaz irainduko». R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

St 1, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Aitak, halan nahirik, bizia emon deusku egiaren mezuaz,
        sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan. R/.

 

Ebanjelioa

Mostaza-hazia zuhaitz egiten da; etortzen dira txoriak,
eta haren adarretan egiten dabe habia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 31-35

    Aldi haretan, parabola hau esan eutson Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinua gizon batek soloan ereiten dauan mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan txikerrena da; baina, hazten danean, beste ortuari guztiak baino handiago egiten da eta zuhaitz bihurtzen, txoriek etorri eta haren adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».
    Beste parabola hau be esan eutson jenteari: «Zeruetako erreinua legaminaren antzekoa da: emakume batek hiru imina-urunetan nahasten dau, eta ore guztia harrotzen da».
    Irakaspen hau guztia parabola bidez emon eutson Jesusek jenteari, eta ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik. Holan bete zan Jainkoak profetaren bidez esana:

«Parabola bidez egingo dot berba,
munduaren hasieratik
gorderik egoana azalduko dot».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zelango jarduerak itxaroten ebezan Jesusen aldikoek Jainkoagandik? Zelangoa irudikatzen eben Jainkoa, edo zelangoa zala uste eben? Guzti hori zapuztu egiten dau Jesusen proposamenak.

Mostaza hazi txikia… Jainkoaren erreinua ez da lehengo ezeren luzapen edo jarraipen izangon judeguek horrela uste baeben ere. Barria izango da; beragaz hasiko da, barrien barri. Eta zarata eta txinparta hots artean barik, isilean, apalki-apalki zabalduko da… herrialde guztiak bere babespean hartzeraino helduz.

Ore barruan sartzen dan legamina… apur bat baino ez da. Baina ore osoa harrotzeko besteko indarra dauka.

Zelangoa Jainkoaren jarduna! Zein urrun dagoan oraindino geuk ere uste dogun jardunetik. Gurea zarraparratsua, bildur eragilea, menpean hartzekoa…; Jainkoarena isila, gizakia behartzen ez dauana, honen izaeran proposatzen dana…

Lehenari eutsita dagozanek, handikerietan diharduenek, besteengana zabalik ez dagozanek… ezin izango dabe ezagutu, eta, gitxiago, onartu.

 

 

Urtean Zeharreko XVII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak aurrez aurre hitz egiten eban Moisesegaz.

Urteera liburutik

Ur 33, 7-11; 34, 5b-9. 28

    Egun hareetan, hartu eban Moisesek txabolea eta kanpalekutik urrun ezarri eban, eta «Alkarketa-txabola» emon eutson izena. Jaunari kontsulta egin nahi eutsona, kanpalekutik aparte egoan alkarketa-txabolara joaten zan.
    Moisesek txabola honetara joateko urteten ebanean, herri osoa, nor bere txabolaren sarreran zutunik, Moisesi begira egoten zan, ha txabolara sartu arte. Moises hara sartu orduko, laino-habea jaisten zan eta alkarketa-txabolaren sarreran gelditzen, Jaunak Moisesegaz hitz egin bitartean. Laino-habea alkarketa-txabolaren sarreran geldi ikustean, herri osoa ahuspez jartzen zan, nor bere txabola aurrean. Jaunak aurrez aurre hitz egiten eban Moisesegaz,  lagunak  lagunagaz lez.   Gero,  Moises kanpalekura bihurtzen zan; baina haren laguntzaile gaztea, Josue, Nunen semea, ez zan txabola barrutik aldentzen.
    Moisesek Jaunaren izenari dei egin eutson. Moisesen aurretik igaro zan Jauna, honako hau oihu eginez: «Jauna, Jauna, Jainko bihozbera eta errukitsua, hasarregatxa eta onginahiz eta leialtasunez betea! Bere ongurea milagarren belaunaldiraino gordetzen dauana, eta gaiztakeria, errebeldia eta pekatua parkatzen dauana; erruduna, ostera, zigorrik barik izten ez dauana, ezpada ze gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen dauana, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino». Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zan Moises eta esan eban: «Jauna, gogoko banozu, zatoz, arren, gugaz! Herri hau burugogorra da, bai; baina parkatu Zuk gure gaiztakeriak eta pekatuak, eta hartu gagizuz zeure ondaretzat».
    Berrogei egun eta berrogei gau egon zan Moises mendian Jaunagaz. Ez eban ezer jan, ez edan. Han idatzi ebazan harlosatan itunaren legeak, hamar aginduak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 6-7. 8-9. 10-11. 12-13 (R/. 8a)

R/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

V/.   Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak agertu eutsozan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.

V/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ez dau eten barik auzitan jardun,
ez dau hasarrea betiko gordetzen. R/.

V/.   Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera.
Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi. R/.

V/.   Zelan sortaldea sartaldetik urrun,
halan ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat errukitsu. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Gogoratu egizu eta ez hausi
gugaz egin dozun ituna.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 14, 17-22

    Urtzen dodaz begiak negarrez,
gau eta egun eten barik,
nire herria, neskatila ederra, ezbehar izugarriak jo dau-eta,
zauri guztiz larriak.
Landara urten, eta ezpataz hilak edonon,
urira sartu, eta jentea goseak hiltzen.
Abadeak eta profetak batetik bestera dabiltz,
ezer ulertu ezinik.

Jauna, guztiz itzi ete dozu Juda?
Gogaitu egin ete zara Sion uriaz?
Zergaitik jo gaituzu osatu ezinezko gatxez?
Bakearen zain gengozan, baina guk onik ez;
osasunaldia itxaroten genduan,
baina bildur-ikara besterik ez.

Autortzen dogu, Jauna, geure gaiztakeria
eta geure asaben errua,
zure aurka egin dogu-eta pekatu.
Zarana zaralako, ez gagizuz itzi,
ez mespretxatu Sion, zeure tronu aintzatsua.
Gogoratu egizu eta ez hausi
gugaz egin dozun ituna.

Jentilen idoloek ezin dabe euririk emon,
ezta zeruek be, eurenez, zaparradarik.
Zeuk egiten dozuz horreek guztiak.
Ez zaitugu ala Zu, Jauna, geure Jainkoa?
Zugan gure itxaropena.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 79 [78], 8. 9. 11 eta 13 (R/. 9bc)

R/.   Libratu gagizuz, Jauna, zeure izenaren ohoreagaitik.

V/.   Ez leporatu guri geure aurrekoen erruak!
Betorkigu laster zure errukia,
lur jota gagoz-eta guztiz. R/.

V/.   Lagundu egiguzu, gure Jainko salbatzaile horrek,
zeure izenari ohore eginez;
libratu gagizuz eta parkatu gure pekatuak
zeure izenaren ohoreagaitik. R/.

V/.   Heldu bedi Zuganaino presoen aienea,
libratu zeure indar handiaz heriotzara kondenatuak.
Eta guk, zure herri honek, Zuk larratutako artalde honek,
eskerrak emongo deutsuguz beti,
zure gorespena zabalduko dogu gizaldiz gizaldi. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

R/.   Aleluia.

V/.   Hazia Jainkoaren hitza da;
        ereilea, barriz, Kristo;
        honi entzuten deutsanak betiko bizia izango dau. R/.

 

Ebanjelioa

Galbedarra batu eta sutan erretzen dan lez,
halan jazoko da munduaren azkenean be.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 36-43

    Aldi haretan, jentea agurturik, etxera joan zan Jesus. Orduan, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Argitu egiguzu soloko galbedarraren parabola».
    Jesusek erantzun eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da; soloa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; galbedarra erein dauan arerioa deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-batzaileak aingeruak.
    Galbedarra batu eta sutan erretzen dan lez, halan gertatuko da munduaren azkenean be. Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko ditu, eta haren erreinutik banatu egingo ditue gaizkileak eta besterentzat okerbide izan diranak,  eta su-labara botako ditue. Han izango da negarra eta hagin-karraskada! Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira euren Aitaren erreinuan. Belarririk daukanak entzun dagiala».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Parabolaren azalpena emon beharrean aurkitzen ete zan Jesus? Ez ete ziran parabolak eurak erreinua ulertzeko erea? Azterlarien ustez, gerokoen gauza da parabolen azalpena, parabolak alegoria bihurtzea, hareetatik ondorio moralak atara gura izatea…, eta hareen esanguratik aldentzeko arriskuan jaustea.

Alde batetik, onak eta txarrak aurrez aurre diharduela burrukan, emoten dau; munduan onak eta txarrak dagozala. Edo txarrago: batzui onak izatea egokitu jakela (eta honeik aintzan sartuko dira); besteei, ostera, txarrak izatea egokitu jakela, eta honeik gaitzetsiak izango dirala.

Parabolatik ez dago mundua zati bitan bananduta ikusi beharrik; gizakia, mugatua danetik, mugatua izate hori azkeneraino izango dauala lagun baino, eta une haretan, Jainkoak harengan ereina ez dauala galduko.

Sutan erreteko egin ete gaitu, ba, Jainkoak, eta ez bere maitasunean maitatuak izateko betiraun osoan?

Itun Zaharreko Jainkoak egiten ezabazan onak saritu eta txarrak gaitzetsi…; eta asko hortxe dagoz ondino, komeni jakelako-edo.

Jesusek Jainkoaren danentzako bihotz maitalea zabaltzen deusku, eta horren iragarpen izan daitela gure bizitza dinosku.

 

 

 

Urtean Zeharreko XVII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Moisesek aurpegia distiratsu ebala ikusirik,
bildur ziran harengana hurreratzeko.

Urteera liburutik

Ur 34, 29-35

    Jaitsi zan Moises Sinai menditik legearen harlosa biak eskuetan ekarzala. Ez ekian aurpegia distiratsu ebala, Jaunagaz berba egin ebalako. Aaronek eta israeldar guztiek ikusi eben Moisesek aurpegia distiratsu ebala, eta bildur ziran harengana hurreratzeko. Moisesek dei egin eutsen. Aaron eta herriko buruzagiak Moisesengana bihurtu ziran eta berba egin eutsen honek. Ondoren, israeldar guztiak hurreratu jakozan, eta Jaunak Sinai mendian emondako agindu guztiak adierazo eutsezan Moisesek.
    Berba egiten amaitu ebanean, zapi batez estaldu eban aurpegia. Jaunagaz hitz egiteko beraren aurrera sartzen zanean, zapia kendu egiten eban urten arte. Urtetean, Jaunak agindua adierazoten eutsen israeldarrei. Moisesen aurpegia distiratsu ikusten eben israeldarrek, eta zapiaz aurpegia estaltzen eban Moisesek, barriro Jaunagaz hitz egitera sartu arte.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 99 [98], 5. 6. 7. 9 (R/. ik. 9c)

R/.   Santua zara Jauna, gure Jainkoa!

V/.   Goratu Jauna, gure Jainkoa,
ahuspeztu haren oin-aulki aurrean.
Santua da Jauna. R/.

V/.   Haren abadeen artean ziran Moises eta Aaron,
haren izenari dei egiten eutsoenen artean Samuel;
dei egiten eutsoen Jaunari, eta harek erantzun. R/.

V/.   Laino-adarretik berba egin eutsen,
eta hareek gordetzen ebezan
haren aginduak eta harek emondako legea. R/.

V/.   Goratu Jauna, gure Jainkoa,
ahuspeztu haren mendi santuaren aurrean.
Santua da Jauna, gure Jainkoa! R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zergaitik azkenik bako oinaze hau?
Nigana bihurtzen bazara,
neure zerbitzura hartuko zaitut barriro.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 15, 10. 16-21

    Ai, ama, hau zoritxarra nirea,
danekin eztabaidan eta auzitan jarduteko
ekarri ninduzun-eta mundura!
Ez deutsat inori ezer zor, ez deust inork ezer zor;
halan be, danek madarikatzen nabe.
Zure berbak nigana heltzean, iruntsi egiten nituan;
horreek nituan neure poza, neure bihotzeko gozamena,
Zeuretzat sagaratua nozu-eta, Jauna, Jainko ahalguztiduna.

Ez naz atsegin bila ibili jaizaleekin batera;
bakarrik ibiltzera behartu nozu,
zeure suminaz bete nozu-eta.
Zergaitik azkenik bako oinaze hau?
Zergaitik da osatuezina nire zauria, erremediorik bakoa?
Zelan bihurtu zara niretzat itxura huts dan ur engainagarri?
    Orduan, Jaunak erantzun eustan:

«Nigana bihurtzen bazara, bihurtuazoko zaitut
eta neure zerbitzura hartuko barriro.
Baliotsu dana balio barik danetik bereizten badozu,
nire bozeramaile izango zara.
Bihurtu daitezala hareek zugana, eta ez zu hareengana.
Herri honen aurrean, brontzezko hesi sendo egingo zaitut;
burruka egingo deutsue, baina ez jatzuz nagusituko,
zeugaz nozu-eta Ni, salbatzeko eta askatzeko –dino Jaunak–.
Libratuko zaitut gaizkileen eskutik,
askatuko erasotzaileen ukabiletik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 59 [58], 2-3. 4-5a. 10-11. 17. 18 (R/. 17d)

R/.   Zeu izan zaitut, oi Jainko, ihesleku larrialdian.

V/.   Ene Jainko, libratu nagizu arerioakandik,
gorde ni erasotzaileakandik.
Libratu nagizu gaizkileakandik,
salbatu hiltzaileakandik. R/.

V/.   Begira, zelatan dagoz nire kontra,
azpijokoan dabilkidaz ahaltsuak.
Ez dot hobenik ez pekaturik egin, Jauna;
errubako nazan arren, lehiaz prestatzen dira erasora. R/.

V/.   Zuri begira nago, ene indar,
Zeu zaitut-eta gordeleku, ene Jainko.
Jainko leiala ondora jat etorriko,
harek nau arerioen lepotik poztuazoko. R/.

V/.   Nik, ostera, zure indarra dot kantatuko,
goizean zure maitasuna poz-oihuz ospatuko,
Zeu izan zaitut-eta gotorleku,
larrialdian ihesleku. R/.

V/.   Soinua joko deutsut, ene indar horri,
Zeu zaitut-eta, Jainko, neure gotorleku,
Zeu neure Jainko leial. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 15, 15b

R/.   Aleluia.

V/.   Zuei adiskide deitzen deutsuet, dino Jaunak,
        nire Aitak jakinazo deustan guztia adierazo deutsuet-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Dituan guztiak saldu eta solo ha erosten dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 44-46

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Zeruetako erreinuagaz soloan ezkutatuta dagoan altxorragaz lez gertatzen da. Norbaitek, aurkiturik, barriro ezkutatzen dau eta, pozaren pozez joan, dituan guztiak saldu eta ha soloa erosi egiten dau.
    Era berean, zeruetako erreinuagaz, harribitxi bila dabilen merkatariagaz lez gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen dauanean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten dau.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Irakatsi deuskuezan jokabide asko eta asko zapuzten dabe parabola honeek. Uste badogu ukapen poderioz lortuko dogula zerua, galduta gagoz. Ahaleginduko gara atsegin doguzan gauza askori ezetz esaten, baina azaleko ezetza izango da, eta tristurara garoazana eta, behar bada, etsipenera.

Benetako altxorra aurkitzeak garoaz, ez ezeri uko egitera, danen artean onena aukeratzera baino, eta aukeraketa hori pozez bizi izatera. Ez deutsagu, ba, ezeri uko egin behar.

Altxor hori, harri bitxi hori, ez dogu kanpoan bilatu behar, geure barruan baino. Jainkoaren izakerea daroagu bere seme-alaba gara-eta. Baina aurkitzen ez badogu… Benetako altxor hori aurkitzen badogu, ostera, beste ondasun guztiak horren arabera baloratuko doguz.

Gure ahaleginen eta propositoen hutsala sufritzen dogu, hau edo bestea ona dala esan deuskuela-ta horreik lortzen ahalegintzen garalako. Baina ondasun hori ikusi barik.

Hotzitu egiten gara ondasuna eskuratzeko ahaleginetan, ez dagoan lekuan bilatzen dogulako. Sakondu daigun geure barruan, geure izakeran… Hartu daigun aintzat garana eta daukaguna, muga guztiekin, baina baita ahalmen guztiekin ere, eta garatu daigun izakera hori Jainkoak geure esku jarri dauan altxor lez.

 

 

Urtean Zeharreko XVII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Lainoak estaldu eban alkarketa-txabola
eta Jaunaren aintzak bete eban egoitza.

Urteera liburutik

Ur 40, 16-21. 34-38

    Egun hareetan, Moisesek zehatz-mehatz egin eban Jaunak agindutako guztia. Egiptotik urten eta bigarren urtean, lehenengo hilaren lehenengo egunean eraiki eban egoitza. Moisesek egoitza eraiki eban: haren oinak, oholak eta zehar-habeak ezarri ebazan eta zutabeak jaso. Egoitzaren gainean oihal-txabola zabaldu eban eta estaldura jarri txabolaren gainean, Jaunak Moisesi agindu eutson lez. Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini eban; hagak jarri eutsozan kutxari eta estalkia ezarri gainean. Egoitzara eroan eban kutxa eta gortinea ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu eutson lez.
    Orduan, lainoak estaldu eban alkarketa-txabola eta Jaunaren aintzak bete eban egoitza. Moises ezin eitekean alkarketa-txabolan sartu, lainoa gainean kokaturik egoalako eta Jaunaren aintzak egoitza betetzen ebalako. Egoitzaren gainetik lainoa jasotzen zanean abiatzen ziran israeldarrak ibilaldi bakotxean; baina lainoa jasotzen ez bazan, ez ziran abiatzen, jaso arte. Israeldarren ibilaldi guztian, Jaunaren lainoa egoten zan egunez egoitzaren gainean, eta sua gauez, Israel herri osoak ikusteko moduan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 3. 4. 5-6a eta 8a. 11 (R/. 2)

R/.   Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!

V/.   Makaltzen daukat barrua,
Nire bihotzak eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

V/.   Txoriak aurkitu dau etxea,
baita elaiak be kumeentzat habia:
zure altarak, Jaun ahalguztiduna,
ene Erregea eta ene Jainkoa! R/.

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goresten!
Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
gainez gain doaz. R/.

V/.   Hoba da egun bat zure atarietan,
nire etxean mila baino;
nahiago dot Jainkoaren etxeko ate ondoan egon,
gaiztoen etxepean bizi baino. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Zelan buztina lapikogilearen eskuetan,
halan zarie zuek nire eskuetan.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 18, 1-6

    Jaunak esan eutson Jeremiasi: «Jatsi zaitez lapikogilearen lantegira. Han adierazoko deutsut neure mezua».
    Jatsi nintzan, beraz, lapikogileagana eta lanean aurkitu neban tornuan. Buztinez eta eskuz egiten ebilen ontzia hondatzen bajakon, beste bat egiten eban, bere gogora.
    Orduan, bere mezua adierazo eustan Jaunak: «Israel herri, ez ete neike egin Nik zuekin lapikogile honek lez? –dino Jaunak–. Begira! Zelan buztina lapikogilearen eskuetan, halan zarie zuek, israeldarrok, nire eskuetan».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 1-2. 3-4. 5-6b (R/. 5a)

R/.   Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu begi nire arimak Jauna!
Goratuko dot Jauna bizi nazan artean,
soinua joko deutsat neure Jainkoari nazan artean. R/.

V/.   Ez izan konfiantzarik handikiengan,
inor salbatzeko gauza ez dan gizakiagan.
Arnasak alde egitean, hauts bihurtzen da,
eta akabo orduan haren egitasmoak. R/.

V/.   Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna bere Jainkoa itxaropen dauana.
Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horreetan dagoan guztia. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu dagiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa

Onak otzarara batzen dabez
eta txarrak kanpora botatzen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 47-53

    Aldi haretan, esan eutson Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuagaz itsasora bota eta mota guztietako arrainak batzen dituan sarearekin bezala gertatzen da. Beterik dagoanean, bazterrera ataratzen dabe eta, jesarrita, onak otzarara batzen ditue eta txarrak kanpora botatzen. Holan gertatuko da munduaren azkenean: aingeruak etorri eta gaiztoak zintzoen artetik banatuko ditue eta su-labara botako. Han izango da negarra eta hagin-karraskada!
    Jesusek itaundu eutsen ikasleei: «Ulertu ete dozue hau guztiau?» «Bai», erantzun eutsoen. Eta Jesusek: «Halandaze, zeruetako erreinuko ikasle egin dan lege-maisua, bere altxorretik zaharrak eta barriak ataratzen dituan etxeko jaunaren antzekoa da».
    Jesusek parabola honeek amaitu zituanean, alde egin eban handik.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Parabolak metafora diran hainean, kontuz ibili behar dogu euren esanguratik ez atarateko. Geure ikuspegi eta ulermenetik ulertu gura badoguz ez gara euren esanguraz jabetuko.

Ezin geike onartu onak alde baten eta txarrak bestean dagozala (manikeismoa). Mugatuak garanez, geure barruan ikusi behar dogu bai ona eta baita txarra ere.

Sarea ez da botaten onak baino ez harrapatzeko, danerik harrapatzeko baino; eta onak ez dirala uste doguzanak onbidean jarteko.

Azkeneko esaldia hartu daigun gogoan: kontuan hartu beharrekoak dira zaharrak, baina barrien aurka ez doazan hainean.

Zaharra zala behin betikoa uste ebelako ukatu eben judeguek Jesus, ez-entzun egin eutsoen eta paretik kendu eben. Ez eben ulertu zaharra zaharkitua egoala, eta ezertarako ez zala.

Geuri ere bardin jazo leikigu: lehengoa ondo menperatua daukagunez, eta haregaz eroso gagozanez, beti halantxe ezagutu dogula-ta, galdu egin geike benetakoa dan mezua.

Ezin da ezer baztertu. Baina bai ikasi behar dala benetakoa guzurrezkoagandik bereizten. Eta ez da beti lehengoa benetakoa…

 

 

Urtean Zeharreko XVII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunaren jaietan batzar santuak egingo dozuez.

Lebitarrena liburutik

Lb 23, 1. 4-11. 15-16. 27. 34b-37

    Honan berba egin eutson Jaunak Moisesi: «Hona hemen batzar santua eginez ospatuko dozuezan Jaunaren jai nagusien egutegia: Lehenengo hilaren hamalauan, ilunabarrean, Jaunaren Pazkoa ospatuko dozue. Hilabete beraren hamabostean Legaminabako Ogien Jaia ospatuko dozue Jaunaren omenez. Zazpi egunez legaminabako ogia jango dozue. Asteko lehen egunean batzar santua egingo dozue eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo. Asteko egun bakotxean opariak erreko dozuez Jaunaren omenez; zazpigarrenean batzar santua egingo dozue barriro eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo».
    Honan berba egin eutson Jaunak Moisesi: «Esan israeldarrei: "Nik emongo deutsuedan lurraldean sartu eta bertako uzta batuko dozuenean, lehenengo gari-sorta abadeari emongo deutsazue. Abadeak Jaunari aurkeztuko deutso, haren aurrean gari-sorta kulunkatuz, zuen eskeintza atseginez onartu dagian. Zapatu-Biharamonean aurkeztuko dau.
    Gari-sorten oparia aurkeztuko dozuen egunetik, hau da, zapatu-biharamonetik hasita, zazpi aste zenbatuko dozuez; berrogeta hamar egun izango dira, beraz, zazpigarren zapatu-biharamonera arte; orduan, beste labore-opari bat eskeiniko deutsazue Jaunari.
    Zazpigarren hilaren hamarrean, Parkamen-eguna ospatuko dozue. Batzar santua izango dozue, barau egingo eta oparia erreko Jaunaren omenez.
    Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, Txabola-jaia ospatuko dozue zazpi egunetan, Jaunaren omenez. Lehenengo egunean batzar santua egingo dozue, eta ez dozue ohiko lan arruntik egingo. Zazpi egun horreetan opariak erreko dozuez Jaunaren omenez; zortzigarrenean batzar santua egingo dozue barriro eta era berean oparia erreko Jaunaren omenez; ez dozue ohiko lan arruntik egingo.
    Horreexek dira Jaunaren jai nagusiak, eta horreetan batzar santua egingo dozue eta opariak eskeiniko Jaunaren omenez: erre-opariak eta labore-opariak, alkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakotxaren ohikuneari dagokion eran"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 81 [80], 3-4. 5-6b. 10-11b (R/. ik. 2a)

R/.   Egin pozez oihu laguntzaile dogun Jainkoari.

V/.   Ekin kantuari, jo danbolina,
jo zitara gozoa eta harpa.
Jo turuta ilbarrian,
ilbeteko gure jaiegunean. R/.

V/.   Horixe da-eta Israelen legea,
Jakoben Jainkoak erabagia,
Joseren familiari ezarritako araua,
Egiptotik urten ebanean. R/.

V/.   Ez izan zeure barruan beste jainkorik,
ez gurtu jainko arrotzik.
Neu naz Jauna, zure Jainkoa,
Egiptotik atara zinduzana. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jente guztia Jeremiasen inguruan pilatu zan
Jaunaren tenpluan.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 26, 1-9

    Joakim, Josiasen semea, Judako errege izaten hasi zan sasoian, Jaunak esan eutson Jeremiasi:
    «Hau dino Jaunak: "Jarri zaitez Jaunaren tenpluko atarian eta hitz egin Judako urietatik Jauna gurtzera tenplura datozen guztiei. Iragarri agindu deutsudazan hitz guztiak, bakar bat be itzi barik, hareei esateko. Beharbada, entzungo deutsue eta bihurtuko dira euren jokabide okerretik. Holan bada, damutuko naz eta ez dot beteko hareen egintza gaiztoakaitik emotea pentsatu neban zigorra.
    Esaiezu, beraz: Hau dino Jaunak: Ez badeustazue entzun nahi, Nik emon neutsuen legearen arabera jokatuz eta Nik eten barik bialtzen deutsuedazan neure zerbitzari profeten esanak entzunez –zuek, ostera, ez dozue entzun nahi–, orduan tenplu honi be Xiloko santutegiari egin neutsana egingo deutsat eta madarikazino-adierazgarri izango da uri hau munduko nazino guztientzat"».
    Abadeek, profetek eta herri guztiak Jaunaren tenpluan hitzaldi hau egiten entzun eutsoen Jeremiasi. Eta Jaunak herriari esateko agindu eutson guztia esan ebanean, abadeek, profetek eta jenteak heldu egin eutsoen, esanez: «Heriotza-zigorra merezi dozu. Zelan ausartzen zara Jaunaren izenean esatera, tenplu hau Xiloko santutegia lez izango dala eta uria bizilagunik barik gelditzeraino erraustua?» Eta jente guztia Jeremiasen inguruan pilatu zan Jaunaren tenpluan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 69 [68], 5. 8-10. 14 (R/. 14c)

R/.   Erantzun, Jauna, zeure maitasun handiaz.

V/.   Buruko uleak baino gehiago dira
arrazoirik barik gorroto deustenak;
indartsuak dira nire erasotzaileak,
nire arerio guzurtiak.
Lapurtu ez dodana bihurtu behar ete dot? R/.

V/.   Zugaitik jasan ditut irainak,
Zugaitik lotsaz gorrituta dot aurpegia.
Arrotz geratu naz neure senideentzat,
ezezagun neure amaren seme-alabentzat.
Zure tenpluaren maiteminak erretzen nau,
eta gainera datorkidaz Zuri egindako irainak. R/.

V/.   Baina nik Zuri dagitsut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbazino leialaz. R/.

I. eta II. urteetan

Aleluia

1 P 1, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Jaunaren hitzak betiko dirau.
        Hitz hau zuei iragarri jatzuen Barri Ona da. R/.

 

Ebanjelioa

Hau ez da, bada, arotzaren semea?
Nondik dau, beraz, honek hori guztia?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 54-58

    Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan eta irakasten ziharduan sinagogan. Jenteak, harriturik, hau inoan: «Nondik dau honek holako jakituria, eta nondik mirari horreek? Hau ez ete da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez ete dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez ete dira gure artean bizi? Nondik dau, orduan, honek hori guztiori?» Eta ezin eben sinistu harengan.
    Jesusek esan eutsen: «Profetari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian eta etxean izan ezik». Eta, hareen sinisgogorkeriagaitik, ez eban han mirari askorik egin.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Herrikideek ondo ezagutzen dabe Jesus, eta honen familia osoa ere bai. Eta ezin dabe onartu Jesusek familiako arauak ez jarraitzea, eurengandik aldentzea eta beste bizikera baten ibiltea. Non izten dau familia (orduko erakunderik garrantzitsuena)? Zer uste izango dabe haretaz.

Bai familiak eta baita herritarrek ere badaukez Jainkoagazko euren ohitura eta arauak. Zertara datoz Jesusen barrikeriak? Horreik ez dira Jainkoagandikoak, arerioagandik datozanak baino.

Ondoegi ezagutzeak eta eurenean jarraitzeak eta etorkizunari edo barrikuntzari zarratuta egoteak eragozten deutse Jesusengan sinistea edo Jesus bera ezagutzea: baztertu egiten dabe ohiturak eta arauak jarraitzen ez dauzalako.

Beste alde batetik, leuntasunez aitatzen dira Jesusen etxekoak eta anai-arrebak, guri hain gatx egiten bajaku ere. Leuntasun honek zalantzan jarri behar izango leukez aspalditik daukaguzan aurre-eretxiak.

Jesus familia normal bateko semea da. Haren berezitasuna ez jatorko aparteko jaiotza biologikotik, Jainkoaren aurkikuntzatik baino. Horrexek daroa besteez arduratzera eta berak bizi dauana zabaltzera eta partekatzera.

 

 

Urtean Zeharreko XVII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jubileu-urtean, zuetako bakotxak
bere lurren jaubetza berreskuratuko dau.

Lebitarrena liburutik

Lb 25, 1. 8-17

    Honan berba egin eutson Jaunak Moisesi Sinai mendian: «Zenbatu egizuz zazpi asteko egunak adina urte: zazpi bider zazpi, hau da, berrogeta bederatzi urte. Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Parkamen-egunean, adarra joazoko dozu ozen lurralde guztian.  Berrogeta hamargarren urtea  urte santutzat hartuko dozue  eta jubileu-urtea izango da. Urte horretan askapena iragarriko dozue lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jaubetza berreskuratuko dau eta nor bere senitartera bihurtuko da. Holan, bada, berrogeta hamar urtean behin jubileu-urtea ospatuko dozue; urte horretan ez dozue ezer ereingo, ez ebagiko berez ernetakorik, ezta batuko be inausi barik itzitako mahastietan. Jubileu-urtea izango da-eta, urte santua zuentzat. Lurrak berez emoten dauana jango dozue.
    Jubileu-urtean, zuetako bakotxak bere lurren jaubetza berreskuratuko dau. Beraz, herritarren artean zeozer saltzean edota erostean, ez egin kalterik batak besteari. Salerosketak egitean, izan kontuan azken jubileu-urteaz harrezkero igarotako urteak eta hurrengora arte falta diranak; zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa, eta zenbat eta urte gitxiago falta, hainbat eta txikiagoa prezioa; saltzen dana gelditzen diran uztak dira-eta.
    Ez begio inork herritarrari kalterik egin; holan erakutsiko dozu begirune deutsazula zeure Jainkoari. Neu naz Jauna, zuen Jainkoa».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 67 [66], 2-3. 5. 7-8 (R/. 4)

R/.   Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,
        aitatu zagiezala herri guztiek.

V/.   Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,
agertu deigula aurpegi argia,
ezagutu dagien munduan zure bidea,
nazino guztietan Zugandiko salbazinoa. R/.

V/.   Poztu beitez kantari nazinoak,
zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak
eta gidatzen munduan nazinoak. R/.

V/.   Lurrak bere uzta emon dau,
Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
Bedeinkatu gagizala Jainkoak,
izan deiola begirune mundu osoak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak bialdu nau, hitz honeek guztiak esatera.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 26, 11-16. 24

    Egun hareetan, abadeek eta profetek esan eutsien buruzagiei eta herri osoari: «Gizon honek heriotza merezi dau, uri honen kontra berba egin dau-eta Jaunaren izenean, zeuen belarriz entzun dozuen lez».
    Orduan, Jeremiasek buruzagiei eta herriari esan eutsen: «Jaunak bialdu nau, entzun deustazuen guztia tenplu honen eta uri honen aurka beraren izenean iragartzera. Zuzendu, beraz, zeuen jokabidea eta egintzak, eta obeditu Jaunari, zeuen Jainkoari, eta damutuko da Jauna zuen aurka iragarri dauan zigorraz. Ni, barriz, zeuen esku nozue; egin nigaz ondo eta zuzen begitantzen jatzuena. Baina jakin, ni hiltzen banozue, errubako baten heriotzaren erantzule izango zariela, bai zuek eta bai uri hau eta bertako biztanleak, benetan Jainkoak bialdu nau-eta zuengana, esan deutsuedan guztia iragartzera».
    Orduan, buruzagiek eta herri osoak esan eutsien abadeei eta profetei: «Gizon honek ez dau heriotzarik merezi, Jaunaren, geure Jainkoaren, izenean hitz egin deusku-eta».
    Halan, Ahikamek, Xafanen semeak, bere babespean hartu eban Jeremias, eta ez zan jausi hil gura eban jentearen eskuetan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 69 [68], 15-16. 30-31. 33-34 (R/. ik. 14)

R/.   Mesede-sasoia dozu, Jauna; erantzun.

V/.   Atara ni lokatzetik, ez nadila hondoratu;
libratu nagizu gorroto deustenengandik
eta ur handietatik.
Ez nagiala ur-lasterrak eroan,
ez nagiala zurrunbiloak iruntsi,
ez dagiala putzuak ahoa nire gainean itxi. R/.

V/.   Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko. R/.

V/.   Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gitxiesten berari lotuak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 5, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa      

Herodesek Joani samea ebagiazo eutson;
eta haren ikasleak Jesusi barri emotera joan ziran.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 14, 1-12

    Aldi haretan, Jesusen barri jakin eban Herodes Galileako gobernariak, eta esan eutsen bere zerbitzariei: «Joan Bateatzailea da! Hildakoen artetik biztu da, eta horregaitik dauka mirariak egiteko ahalmen hori».
    Izan be, Herodes Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartuta eukia zan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zan Herodias. Joanek hauxe esaten eutson Herodesi: «Ez dozu bidezko emazte hori eukitzea».
    Herodesek hil egin gura eban, baina jentearen bildur zan, ze profetatzat euken guztiek. Herodesen urtebetetzean, Herodiasen alabak dantzan egin eban danen aurrean eta atsegin izan jakon Herodesi. Horregaitik, eskatutako guztia emongo eutsola agindu eutson neskatxari, zin eginez. Neskatxak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan eutson Herodesi: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua azpilean».
    Goibel jarri zan erregea; baina mahakideen aurrean emoneko berbeagaitik, eskatua emoteko agindu eban, eta Joani samea ebagi eutsoen kartzelan. Azpilean burua ekarri eta neskatxari emon eutsoen, eta neskatxak amari.
    Joanen ikasleek haren gorpua jasotzera etorri eta lur emon eutsoen; gero, Jesusi barri emotera joan ziran.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ebanjelio zati honek hainbat gauza jarten deuskuz aurrean eta emoten deuskuz ezagutzera.

Alde batetik, hortxe dago Bateatzailearen nortasun peto-petoa, ezeren aurrean atzerakarik egiten ez dauana.

Beste alde batetik handiki diranen txikikeria eta makalkeria: nahiago dabe jentearen aurrean ondo geratzea, euren izen ona ez galtzea, inoren heriotza izan arren horren salneurri.

Hortxe dagoz maltzurkeriaz jokatzen dabenak ere, gogoko ez jakena paretik kendu ahal izateko, ezelango barru-minik barik.

Esan geike, baita, jazoera honek Jesus jota izten dauala eta bere egoereaz arduratzen ere hasten dala. Jesusen jarduna Bateatzailearena baino bulartsuagoa da; salakuntza sakonagoak egiten deutsez agintariei, farisearrei, lege-maisuei…, eta heldu jako barri Joan Bateatzailearen hiltzaileari ere.

Laster esango deusku Mateok, hau horrela, Jesusek bazterreratzea erabagiten dauala. Bere neurriak hartzen dauz, ba, besteon eskuetan ez jausteko.

Guzti honen aurrean geure jokabidea eta jarduna aztertu behar izango geukez, ea zintzotasuna baino nahiago dogun jentearen aurreango izen ona zaintzea; edo maltzurkeriaz jokatzen dogun; edo neurriak hartzen ez dakigun…

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...