2022/02/26

XVI. Astea

Urtean Zeharreko XVI. astelehena

I. urtean

 

I. Irakurgaia

Jakingo dabe Neu nazala Jauna,
neure aintza agertuko dodanean faraoiaren lepotik.

Urteera liburutik

Ur 14, 5-18

    Egun hareetan, Israel herriak ihes egin ebala Egiptoko erregeari jakinazo eutsoenean, faraoiak eta haren funtzionarioek, israeldarrei buruzko erabagiaz damuturik, esan eutsoen alkarri: «Zer egin dogu? Zelan itzi deutsegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?» Faraoiak bere gudu-gurdia prestatuazo eban eta gudarostea batu; seirehun gudu-gurdi berezi eta Egiptoko gurdi guztiak eroan ebazan, bakotxean gudalburu bat joiala.
    Jaunak setatsu bihurtu eban faraoia, Egiptoko erregea, eta honek eraso egin eutsen israeldarrei; honeek, ostera, libre urten eben. Egiptoarrek atzetik jarraitu eutsien israeldarrei, euren zaldi, gurdi, zaldizko eta gudaroste osoagaz, eta itsasbazterrean harrapatu ebezan, Pi-Hiroten, Baal-Tzefonen aurrez aurre.
   
Faraoia hurrean zan. Israeldarrak, egiptoarrak atzetik ebezela ohartzean, ikaratu egin ziran eta oihuka hasi jakozan Jaunari. Eta Moisesi esan eutsoen: «Ez ete egoan hilobirik Egipton, gu basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergaitik atara gaituzu Egiptotik? Ez geuntsun esan, hain zuzen, Egipton: "Itzi gagizuz bakean, egiptoarrentzat lan egiten; hobe dogu hareen esklabo izan, basamortuan hil baino"?»
    Moisesek erantzun eutson herriari: «Ez bildurrik izan! Eutsi eta ikusiko dozue zelan salbatuko zaituen Jaunak gaur berton: orain ikusten dozuezan egiptoarrak ez dozuez behin be gehiago ikusiko. Jauna burrukatuko da zuen alde. Zuek egon nasai!»
    Jaunak esan eutson Moisesi: «Zergaitik zabilkidaz oihuka? Esan israeldarrei aurrera egiteko. Eta zuk jaso makila eta luzatu eskua itsaso gainera: erdibitu egingo da itsasoa eta israeldarrak erditik igaroko dira, oinik busti barik. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak, atzetik jarraitu deizueen, eta neure aintza agertuko dot faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdien eta zaldizkoen lepotik. Orduan jakingo dabe egiptoarrek Neu nazala Jauna, neure aintza agertuko dodanean faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdien eta zaldizkoen lepotik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Ur 15, 1b-2. 3-4. 5-6 (R/. 1b)

R/.   Jaunari deutsat kantatzen,
        garaipen handia lortu daualako.

V/.   Jaunari deutsat kantatzen, garaipen handia lortu daualako,
zaldi eta zaldun itsasora amildu ditualako.
Jauna dot indar eta kemen, bera neure salbazino.
Bera dot neure Jainkoa: gorespen hari,
neure aitaren Jainkoa: goratua izan bedi. R/.

V/.   Gudari da Jauna,
Jauna dau harek izena.
Itsasoan hondoratu ditu
Faraoiaren gurdiak eta gudariak,
Itsaso Gorrian amildu
haren buruzagirik aukerakoenak. R/.

V/.   Ur handiek estaldu ebezan,
harria lez hondora joan ziran.
Zure eskuma, Jauna, biziro indartsua,
zure eskumak, Jauna, birrintzen dau arerioa. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Gizaki hori, erakutsi jatzu
zer nahi dauan Jaunak zugandik.

Mikeasen Profezia liburutik

Mi 6, 1-4. 6-8

    Entzun zer esan deustan Jaunak:
«Ea, hasi nire auzia, hartu mendiak lekuko,
entzun begie muinoek zure ahotsa».
Entzun, mendiak, Jaunaren auzia,
entzun, lurraren betiereko oinarriak,
auzitan dabil-eta Jauna bere herriagaz, salaketan Israelegaz.

«Ene herri, zer egin deutsut Nik zuri, zertan nahigabetu zaitut?
Erantzun egidazu.
Neuk igonazo deutsut Egiptoko lurraldetik,
Neuk askatu esklabotzatik;
Neuk bialdu ditut Moises, Aaron eta Miriam
zure aurrean gidari».

Zegaz agertuko naz Jaunaren aurrean?
Zegaz, Jainkoari gurtza emotekoan?
Urteko zekorrak ekarriko ete deutsadaz erre-oparitzat?
Zer dau Jaunak atsegin?
Ahariak milaka eskeintzea?
Orioa ibaika isurtzea?
Lehen-semea eskeini behar ete deutsat nire errebeldiaren ordain?
Sabeleko frutua nire pekatuaren ordain?

Gizaki hori, erakutsi jatzu zer dan ona,
zer nahi dauan Jaunak zugandik:
zuzenbidez jokatzea, leialtasuna maitatzea
eta zeure Jainkoagaz apaltasunez ibiltzea.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 50 [49], 5-6. 8-9. 16 b-17. 21. 23 (R/. ik. 23b)

R/.   Zuzen dabilenari deutsat
        Jainkoaren salbamena erakusten.

V/.   Batu egizuz nire fededunak,
sakrifizioa eskeiniz nigaz ituna egin ebenak.
Iragarri begi zeruak haren justizia,
Jainkoa bera da epaile. R/.

V/.   Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure erre-opariak aurrean ditut beti.
Baina ez dot hartuko zure kortako zekorrik,
ez zure eskortako akerrik. R/.

V/.   Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta nire ituna ahotan hartu,
nire zigorrari gorroto badeutsazu
eta nire berbei lepoa emoten? R/.

V/.   Zuk horreek egin, eta Ni isildu?
Zu lakoa nazala uste dozu?
Salatu egingo zaitut, aurpegira botako dana. R/.

V/.   Esker onezko oparia eskeintzen deustanak,
horrek emoten deust aintza,
onbideratzen danari
erakutsiko deutsat neure salbazinoa. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d

R/.   Aleluia.

V/.   Gaur, ez gogortu bihotza;
        entzun Jaunaren ahotsa. R

 

Ebanjelioa

Auzi-egunean gizaldi honen aurka jagiko da
hegoaldeko erregina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 12, 38-42

    Aldi haretan, lege-maisu eta fariseu batzuek esan eutsoen Jesusi: «Maisu, Zuk egindako seinale bat ikusi gura geunke».
Jesusek erantzun eutsen: «Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta zintzotasun bako honek; baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetarena besterik. Ze Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin ebazan lez, halan egingo ditu Gizonaren Semeak be hiru egun eta hiru gau lurraren barruan. Auzi-egunean ninivetarrek gizaldi honen aurka altzatu eta kondenatu egingo dabe, ze hareek bihotz-barritu egin ziran Jonasen predikazinoagaz, eta badozue hemen Jonas baino gehiago dan norbait.
    Auzi-egunean gizaldi honen aurka jagiko da hegoaldeko erregina eta kondenatu egingo dau, ze lurraren azken mugetatik etorri zan ha Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino gehiago dan nonor».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zer galdu asko dauke Lege-maisu eta Farisearrek; estu dagoz, urduri. Eta eurek nahi izango leuken seinale bat eskatzen dabe. Entzun-gor egin deutsoe Jesusen irakaspenari; ez-ikusi egin deutse Jesusen seinaleei (mirariei). Ba ete dago hareik konbentzitzeko seinalerik?

Jesusek aurpegira botaten deutse euren bihotz-gogorkeria. Zelan botako dabe, ba, albo batera orain arte irakatsi dabena (Legea danaren gainetik)? Zelan egingo dira, ba, Jesusen ikasle eta jarraitzaile, eurak izanda maisu? Zelan gura izango dabe galdu jentearen aurrean dauken ospea? Hori guzti hori zaindu beharra dauke, eta ez deutsoe sinistuko Jesusi dana-dalako seinalea egin arren ere. Ezin dabe. Ez dabe bihozbarritu nahi…

Egoera hori lehenengo kristauek bizi izango eben egoerea litzateke, legelariekin eta farisearrekin libratzen eben burrukearen barri emotea; eta Jesusen ahotan jarten dabez adibide biok: Jonas biztuerearen ezaugarri eta hegoaldeko erregina entzuleen ezaugarri…

Hementxe dagoz guretzako irakatsiak: Jesus Jaunaren biztuerea sinisten eta autortzen dogu haren entzule sutsu garalako.

 

 

Urtean Zeharreko XVI. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziran israeldarrak,
oinik busti barik.

Urteera liburutik

Ur 14, 21–15, 1a

    Egun hareetan, luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, sortaldeko haize indartsuak jo eban gau guztian. Haizeak itsasoa lehortu eban, eta urak erdibitu egin ziran. Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziran israeldarrak, oinik busti barik, urak ezker-eskuma ebezela harresi modura. Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldizko guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziran.
    Goizaldean, Jaunak su- eta laino-adarretik egiptoarren gudarosteari begiratu eutson eta nahastea sortu eban haren barruan. Gurdien gurpilak trabatu ebazan, nekez mogitzen zirala itziz. Orduan, egiptoarrek esan eben: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jaunak dihardu-eta euren alde eta gure aurka».
    Baina Jaunak esan eutson Moisesi: «Luzatu eskua itsas gainera, urak egiptoarren gainera, euren gurdien eta zaldizkoen gainera, bihurtu daitezan». Luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera; eguna argitzean urak ohiko lekura bihurtu ziran, eta egiptoarrek, ihes egiteko ahaleginean, uragaz aurrez aurre topo egin eben; Jaunak itsas hondora amildu ebazan egiptoarrak. Euren lekura bihurtzean, urek estaldu egin ebezan israeldarren atzetik itsasoan sartu ziran gurdiak, zaldizkoak eta faraoiaren gudaroste osoa; ez eban bat bakarrak be bizirik urten. Israeldarrak, barriz, oinik busti barik igaro ziran itsas erditik, urak ezker-eskuma ebezela harresi modura.
    Egun haretan Jaunak salbatu egin eban Israel egiptoarren eskuetatik, eta hilik ikusi ebazan Israelek egiptoarrak itsasbazterrean. Eta Jaunak egiptoarren kontra erabili eban ahalmen handia ikusirik, herriak begirune izan eutson Jaunari, eta Jaunagan eta honen zerbitzari Moisesengan jarri eban uste ona.
    Orduan, Moisesek eta israeldarrek kantu hau abestu eutsoen Jaunari:

 

Erantzun salmoa

Ur 15, 8. 9. 10 eta 12. 17 (R/. 1b)

R/.   Kanta dagiogun Jaunari garai-garai dalako.

V/.   Zuk, hasarre, haize emon
eta metatu dira urak,
harresi antzera zutundu uhinak,
gelditu itsas urak. R/.

V/.   Arerioak esan eban:
«Pertsegituko ditut eta harrapatuko,
harrapakinak ditut banatuko,
neure guraria asetuko;
ezpata erantzi eta hareetaz naz jaubetuko». R/.

V/.   Baina Zuk zeure arnasaz haize emon
eta itsasoak estaldu ditu;
ur indartsuetan hondoratu dira,
berunaren antzera.
Zuk eskua luzatu
eta lurrak iruntsi ditu arerioak. R/.

V/.   Sartuazo dozu zeure herria
eta zeure mendian landatu, zeure ondarean,
zeure egoitza egin dozun tokian, Jauna,
zeure eskuz, Jauna, eraiki dozun santutegian. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Itsas hondora botako ditu gure pekatu guztiak.

Mikeasen Profezia liburutik

Mi 7, 14-15. 18-20

    Larratu egizu, Jauna, artzain-makilaz zeure herria,
zeure ondareko artaldea,
bakarrik eta sastraka artean bizi da-eta,
lur emonkorrez inguraturik egon arren.
Larratu bedi Baxanen eta Galaaden, antxina lez.
Erakutsi egiguzuz mirariak,
Egiptotik urten zenduan egunetan lez.
Nor Zu lako jainkorik,
zeurea dozun herrian bizirik geldituei gaiztakeria parkatu
eta bihurrikeriari ez ikusiarena egiten deutsanik?
Haren hasarreak ez dau beti irauten,
maitasuna jako-eta atsegin.
Barriro be izango dau errukia guretzat,
zapalduko ditu gure txarkeriak,
eta itsas hondora botako gure pekatu guztiak.
Holan, zeure maitasun leiala agertuko deutsezu
Jakob eta Abraham gure gurasoei,
aspaldiko egunetan agindu zeuntsen lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 85 [84], 2-4. 5-6. 7-8 (R/. 8a)

R/.   Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna.

V/.   Jauna, izan onbera zeure lurraldeagaz,
aldatu Jakoben ondorengoen zoria;
parkatu zeure herriaren errua,
estaldu pekatu guztiak.
Baretu egizu zeure amorru hori,
eragin atzera hasarre-suari. R/.

V/.   Erabarritu gagizuz, Jainko gure salbatzailea,
kendu gure aurka dozun sumina.
Betiko egon behar ete dozu sumindurik gugaz,
gizaldiz gizaldi luzatu behar ete zeure hasarrea? R/.

V/.   Ez ete deuskuzu barriro bizia emongo,
zure herria Zugaz poztu dadin?
Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna,
emon zeure salbazinoa. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa

Bere ikasleengana eskua luzatuz, esan eban:
Honeek ditut Nik anaia eta arreba eta ama.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 12, 46-50

    Aldi haretan, Jesusek jenteari hitz egiten ziharduala, haren ama eta anai-arrebak agertu ziran kanpoan, beragaz berba egin nahian. Batek esan eutson: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, Zurekin berba egin guran».
    Jesusek, barriz, erantzun eutson: «Nor da nire ama eta nor nire anai-arreba?»
    Eta, bere ikasleakana eskua luzatuz, esan eban: «Honeek ditut Nik ama eta anai-arreba. Izan be, zeruko nire Aitaren nahia egiten dauana, horixe dot Nik anaia eta arreba eta ama».

Jaunak esana.

 

Urtean Zeharreko XVI. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Euria lez jatsiazoko deutsuet zerutik janaria.

Urteera liburutik

Ur 16, 1-5. 9-15

    Israeldarren alkarte osoa Elimgo oasitik urten eta Elim eta Sinai mendiaren artean dagoan Sin basamortura heldu zan. Bigarren hilaren hamabosta zan Egiptotik urten ebenetik.
    Han, basamortuan, israeldarren alkarte osoa marmarrean hasi zan Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: «Hobe genduan Jaunak Egipton hilarazo izan baginduz, haragi-lapiko aurrean jesarri eta ogia asetzeraino jaten genduanean! Zuek, ostera, goseak hiltzeko ekarri dozue gure alkarte osoa basamortu honetara!»
    Orduan, Jaunak esan eutson Moisesi: «Euria lez jatsiazoko deutsuet zerutik janaria. Herriak egunean egunekoa batzera urtengo dau. Aproba egin gura dot, ea nire legearen arabera dabilen ala ez. Seigarren egunean, batutakoa prestatzean, beste egunetakoa halako bi izango da».
    Moisesek esan eutson Aaroni: «Esaiozu israeldarren alkarte osoari Jaunaren aurrera hurreratzeko, entzun dau-eta Jaunak hareen marmarra». Aaronek berba egiten eutsela, basamorturantz begiratu eben, eta hara non agertu zan Jaunaren aintza hodei baten.
    Jaunak esan eutson Moisesi: «Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezu: "Arratsaldean haragia jango dozue, eta bihar goizean ogiz asetuko zarie, eta jakingo dozue Neu nazala Jauna, zuen Jainkoa"».
   Arratsaldean, galeperrak etorri ziran eta kanpaleku osoa estaldu eben, eta biharamon-goizean iruntz-azala agertu zan kanpaleku-inguruan. Iruntza desagertu zanean, antzigarraren itxurako zeozer, mehea eta garautsua, azaldu zan lurrean. Ha ikustean, alkarri itaunka hasi ziran israeldarrak: «Zer da hau?» Ez ekien-eta zer zan.
    Moisesek esan eutsen: «Jaunak janaritzat emoten deutsuen ogia da hau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 78 [77], 18-19. 23-24. 25-26. 27-28 (R/. 24b)

R/.   Zeruko ogia emon eutsen Jaunak janari.

V/.   Jainkoa tentatu eben euren bihotzean,
euren gogoko janaria eskatuz.
Jainkoaren aurka hitz egin eben, esanez:
«Gauza ete da Jainkoa
guri basamortuan jatordua emoteko?» R/.

V/.   Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,
eta zeruko ateak edegi ebazan;
mana isuri eutsen janari,
zeruko ogia emon eutsen. R/.

V/.   Aingeruen ogia jan eban gizakiak,
asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak.
Gero, sortaldeko haizea atara eban zerutik,
eta hego-haizea bialdu bere gotorlekutik. R/.

V/.   Hautsa baizen ugari isuri eutsen haragia,
itsas hondarra baizen oparo hegaztia,
kanpalekuaren erdira jausiazo ebazan,
oihal-txabolen ingurura. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Profeta izentatu zindudazan
nire mezua herriei iragartzeko.

Jeremias Profetaren liburuaren hasiera

Jr 1, 1. 4-10

    Jeremiasen mezua. Benjaminen lurraldeko Anatot urian bizi ziran abadeetako baten, Hilkiasen, semea zan Jeremias. Josias erregearen egunetan, honan berba egin eustan Jaunak:

«Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zindudazan;
jaio aurretik sagaratu zindudazan eta profeta izentatu,
nire mezua herriei iragartzeko».

    Nik erantzun neutsan:

«Ai, Jainko Jauna!
Gazteegia naz ni eta ez dakit berba egiten».

    Baina Jaunak esan eustan:

«Ez esan gazteegia zarala.
Nik nora bialdu, hara joango zara;
Nik zer agindu, ha esango dozu.
Ez izan jentearen bildur,
zeugaz izango nozu-eta, zu libratzeko
–dino Jaunak–».

    Orduan Jaunak eskua luzatu eta ahoa ikutu eustan, esanez:

«Neure hitzak ipintzen deutsudaz ahoan;
agintea emoten deutsut gaur herrien eta erreinuen gain,
errotik atara eta iraultzeko, hondatu eta lurrera jaurtitzeko,
eraiki eta landatzeko».

Jaunak esana.

Erantzun salmoa

Sal 71 [70], 1-2. 3-4a. 5-6b. 15ab eta 17 (R/. ik. 15)

R/.   Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

V/.   Zugan babesten naz, Jauna,
ez nadila behin be lotsagarri izan.
Libratu nagizu eta atara onik, zuzena zara-eta,
makurtu nigana belarria eta salbatu nagizu. R/.

V/.   Izan zakidaz harri babesle,
nora jo izan dagidan beti;
ni salbatzea erabagi dozu,
Zeu zaitut-eta neure hatx eta gaztelu.
Ene Jainko, askatu nagizu gaiztoaren eskutik. R/.

V/.   Zeu zaitut-eta, Jauna, neure itxaropen,
Zeu, ene Jauna, neure konfiantza gaztetatik.
Zeu izan zaitut euskarri amaren sabeletik,
Zeu neure indar amaren erraietatik. R/.

V/.   Nire ahoak egun osoan iragarriko dau
zure salbazino-asmoa eta -egintza.
Ene Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

R/.   Aleluia.

V/.   Hazia Jainkoaren hitza da;
        ereilea, barriz, Kristo;
        honi entzuten deutsanak betiko bizia izango dau. R/.

 

Ebanjelioa

Frutua emon eben: bateko ehun.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 1-9

    Egun haretan, Jesus etxetik urten eta itsasertzean jesarri zan. Eta hainbeste jente batu jakonez inguruan, txalupa batera igon eta bertan jarri zan.  Jente-taldea, barriz, hondartzan egoan. Gauza asko esan eutsen, parabola bidez berba eginez:
    «Behin baten, urten eban ereileak hazia ereiten. Ereitean, garau batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezan. Beste hazi batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan lekuan, eta, azaleko lurra izanik, behingoan erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez ebelako, igartu.
    Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta frutua emon eben: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeta hamar. Belarririk daukanak, entzun dagiala».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

    Parabolak ez dau azalpenik behar. Argi izten dabe hori azkeneko berbek: belarririk daukanak, entzun daiala.

    Goazen, ba, parabolari entzumena emotera eta haren esanguran sartzera.

    Jesusek bere burua jentez inguratuta ikustean, txalupa batera igoten dau. Horrela, Israelgo herriaren eta pagano lurraldeen erdian dago. Gogoan hartzekoa litzateke: norentzat da parabola?

    Ereiten dan haziak beragan dau hazteko eta frutu emoteko indarra. Haztea eta frutu emotea, barriz, aurkitzen dauan lurraren araberakoa izango da.

    Jesarrita berba egiteak Jesusek maisu lanetan diharduala iragarten deusku. Hauxe da iragarten dauana: berbea nahinon eta ugari ereiten dala; eta, jaustean, era askotako lurrak aurkitzen dauzala (bide bazterrak, harritsuak, sasitsuak…) eta batzuk ezin izango dabela fruturik emon, erne ere egingo ez diralako (bide ertzean jausi eta txoriek jango dabez); beste batzuk erneaz bat itoko dira edo ihartuko…

    Geure izakerea aztertzera eroan geinkez, ba, paraboleak, eta ea gugan Berbeak ze frutu emoten dauan ikustera. Frutu emon daiala nahi badogu, lurra landu beharra daukagu…

    Ze denpora emoten deutsagu Jainkoaren Berbea entzuteari, norberetzeari, haren gozotasuna hartzeari eta haren arabera bizi izateari?

 

 

 

 

Urtean Zeharreko XVI. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jatsiko da Jauna Sinai mendira herri osoaren aurrean.

Urteera liburutik

Ur 19, 1-2. 9-11. 16-20b

    Egiptotik urten eta hirugarren hila bete zan egunean heldu ziran israeldarrak Sinaiko basamortura. Refidimdik abiaturik, Sinaiko basamortura heldu ziran eta han ipini eben kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.
    Jaunak esan eutson Moisesi: «Hara, laino itxi baten etorriko naiatzu, herriak zugaz berba egiten entzun deidan eta aurrerantzean zugan be sinistu dagian».
    Jakinazo eutson Moisesek Jaunari herriaren erantzuna, eta Jaunak esan eutson: «Zoaz eta egin dagiala herriak garbikuntza gaur eta bihar; garbitu dagiezala jantziak eta egon daitezala prest etzirako, orduan jatsiko da-eta Jauna Sinai mendira herri osoaren aurrean».
    Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximistak, hodei itxia eta turuta-hots ozena izan ziran mendi gainean, eta kanpalekuan egoan herri guztia dardara baten jarri zan. Moisesek herria kanpalekutik atarazo eban Jainkoagaz topo egiteko, eta mendiaren oinean gelditu ziran.
    Sinai mendi osoa ketan egoan, Jauna su artean jatsi zan-eta. Labatik lez igoten eban keak menditik, eta mendi guztia dardara bizian egoan. Gero eta ozenagoa zan turuta-hotsa: Moisesek berba egin eta Jaunak trumoi-hotsez erantzuten eutson. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jatsi zan eta bertara dei egin eutson Moisesi.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Dn 3, 52. 53. 54. 55. 56 (R/. 52b)

V/.   Bedeinkatua Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa:

R/.   Aintza eta gorespen Zuri gizaldietan!

V/.   Bedeinkatua zure izen santua eta ospetsua: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeure tenplu santu eta ospetsuan: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, errege-tronuan jesarrita zagozana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu, kerubinen gainean jesarririk,
        lezak arakatzen dozuzana: R/.

V/.   Bedeinkatua Zu zeru-sabaian: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Bazterrean itzi nabe Ni, ur bizien iturria,
eta putzu arrakalatuak egin dabez.

Jeremias Profetaren liburutik

                                                                                  Jr 2, 1-3. 7-8. 12-13

    Honan berba egin eustan Jaunak:
«Zoaz eta oihu egiozu Jerusalemgo jenteari, esanez:

"Hau dino Jaunak:
Gogoan dot, Israel, zure gaztetako maitasuna,
zure ezkongaietako amodioa:
zelan ibili zinan nire ondoren basamortuan, ereinbako lurrean.
Jaunari sagaratua zan Israel, haren uztako lehen-frutua.
hori jaten ebenek zigorra eben,
zoritxarra etorkien gainera" –dino Jaunak–.

Baratzea lako lurraldera ekarri zinduedazan,
bertako frutu zoragarriak jan zengiezan;
baina, sartu orduko, kutsatu egin dozue nire lurraldea,
eta higuingarri bihurtu nire ondarea.
Abadeek ez eben itaundu: "Non da Jauna?"
Lege-maisuek ez ninduen aintzat hartu;
buruzagiak aurka jarri jatazan,
profetek Baalen izenean berba egin eben,
eta ezertarako ez diran idoloen ondoren joan.

Harritu zaiteze, beraz, zeruok,
izutu zaiteze eta ikaratu –dino Jaunak–.
Gaiztakeria bi egin ditu nire herriak:
bazterrean itzi nabe Ni, ur bizien iturria,
eta putzu arrakalatuak egin dabez,
urari eusteko gauza ez diran putzu arrakalatuak».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

                                                     Sal 36 [35], 6-7b. 8-9. 10-11 (R/. 10a)

R/.   Zeugan da, Jauna, biziaren iturria.

V/.   Jauna, zure maitasuna zeruetaraino,
zure leialtasuna hodeietaraino.
Zure justizia mendirik handienak lakoa,
zure erabagiak ozeano handia adinakoak. R/.

V/.   Bai zoragarria zure maitasuna, oi Jainko!
Zure hegopera batzen dira gizakiak.
Zeure etxeko janari guriz asetzen dozuz,
zeure atseginen ibaitik edanazoten deutsezu. R/.

V/.   Zeugan da biziaren iturria,
eta zure argiaz ikusten dogu argia.
Luzatu zeure maitasuna aintzat hartzen zaituenei,
zeure justizia bihotz-zuzenei. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa

Zuei emon jatzue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea;
horreei, barriz, ez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 10-17

    Aldi haretan, Jesusengana hurreratu eta itaundu eutsoen ikasleek: «Zergaitik egiten deutsezue berba parabola bidez?» Jesusek erantzun eutsen: «Zuei emon jatzue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horreei, ostera, ez. Izan be, daukanari emon egingo jako eta gainezka izango dau; ez daukanari, ostera, daukan apurra be kendu egingo jako.
    Hara zergaitik berba egiten deutsedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dabelako; entzun bai, baina aditzen ez dabelako, ezta ulertzen be. Holan, Isaias profetak esana betetzen da horreengan:

“Entzungo dozue, bai, baina ulertu ez;
ikusiko dozue, baina konturatu ez.
Izan be, herri honek
gogortu egin ditu buru-bihotzak,
gortu belarriak, itsutu begiak.
Ez begie euren begiez ikusi,
ez belarriez entzun,
ezta buruaz ulertu be,
holan Nigana bihurtu ez daitezan eta salbatu ez dagidazan”.

    Zorionekoak, ostera, zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako. Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi gura izan eban zuek ikusten dozuena, baina ez eben ikusi, eta entzun zuek entzuten dozuena, baina ez eben entzun».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Parabolez dihardugu. Sakona dan zeozer iragarteko eta ulertzera emoteko erabilten ziran parabolak, gaur ere adibideak-eta erabilten diran lez. Ez dira Jesusen berarizko gauzak; aldiko irakaskuntza erea zan.

Ebanjelariek 70 parabola inguru batzen dabez. Danak ez dira Jesusek sortuak; baina bai dagozala euren artean maisuki josiak.

Paraboleak, ba, harago eroan gura gaitu; ez gara azalean gelditu behar; geuretik ipini behar dogu haren esanguraz jabetzeko.

Baina Jesusek emoten dauan azalpenetik okerreko irakaspena ere atara daiteke, profeten berbak azaletik hartu ezkero. Profetak herri bihurri eta burugogor bategaz aurkitzen dira, eta Jainkoak harrizko bihurtu deutsola bihotza esango dabe, salbatu ez daitezan.

Egia esan, profetek aurkitzen ebezan zailtasunak azaleratzen deusku esaldiak. Eta Jesusek ere holangoxe bihozgogorrak aurkituko ditu bere aldietan. Horreik parabolen azalean geldituko dira, eta, begitu arren, ez dabe ikusiko; entzun arren, ez dabe ulertuko.

Bihotz edegia behar da, ba, parabolea norberetzeko, haren esanguran sartzeko, eta harek eroan gura gaituan eremura joateko. Orduan bai argitzen gaitula eta guretzat salbagarri suertatzen dala parabola. Bestela, ipuin tentela izatean gelditzen da.

 

 

Urtean Zeharreko XVI. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Legea Moisesen bidez emon zan.

Urteera liburutik

Ur 20, 1-17

    Egun hareetan, Jaunak berba honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
    Ez egin idolorik, ez irudirik, goiko zeruan, beheko lurrean edo lurpeko uretan diranetatik. Ez ahuspeztu horreen aurrean, ez emon gurtzarik be. Ni, Jauna zure Jainkoa, Jainko jeloskorra naz-eta: gorroto deusten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dot, hirugarren eta laugarren gizaldiraino; baina milagarren gizaldiraino agertzen deutset errukia Ni maite nabenei eta nire aginduak gordetzen dabezanei.
    Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigorrik barik itziko haren izena alperrik erabiltzen dauanik.
    Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo dozu lan eta zeure eginkizun guztiak burutuko. Baina zazpigarren eguna atseden-eguna dozu, Jaunari, zeure Jainkoari, eskeinia. Egun horretan ez dozu bat be lanik egingo, ez zeuk, ez zure semeak, ez zure alabeak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi dan etorkinak be. Izan be Jaunak sei egunean egin ebazan-eta zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia, eta zazpigarrenean atseden hartu eban. Horregaitik, bedeinkatu egin eban Jaunak zapatua eta egun sakratutzat ezarri.
    Aintzat hartu aita-amak luzaro bizi zaitezan Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
    Ez desiratu lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxu be».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11 (R/. ik. Jn 6, 68c)

R/.   Zeuk daukazuz, Jauna, betiko biziaren hitzak.

V/.   Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren mandamentua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau.R/.

V/.   Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.

V/.   Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko.R/.

V/.   Urrea, urre araztua baino desiragarriago,
eztia, ezti barria baino gozoago. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia  

Neure gogoko buruzagiak emongo deutsuedaz,
eta herri guztiak batuko dira Jerusalemen.

Jeremias Profetaren liburutik        

Jr 3, 14-17

    Jaunak dino: «Bihurtu zaiteze, seme-alaba fedebakook, Neu nozue-eta zeuen nagusia. Banan-banan hartuko zaituet uri eta familia bakotxetik eta Sion mendira ekarriko. Neure gogoko buruzagiak emongo deutsuedaz, jakituriaz eta zuhurtasunez gidatuko zaitueen buruzagiak.
    Orduan, lurraldean ugaritu eta haziko zarienean –dino Jaunak–, ez da gehiago aitatuko Jaunaren itun-kutxarik; inork ez dau haretan pentsatuko, ez da inor gogoratuko be; ez dozue haren beharrizanik izango, ezta barririk egingo be.
    Sasoi haretan, "Jaunaren tronua" deituko deutsoe Jerusalemi. Herri guztiak batuko dira Jerusalemen Jaunaren izenean, eta ez deutsie gehiago euren barru-jokera gaiztoei jarraituko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Jr 31, 10. 11-12b. 13 (R/. ik. 10d)

R/.   Zainduko gaitu Jaunak,
        artzainak artaldea lez.

V/.   Entzun, herriok, Jaunaren hitza,
iragarri urruneko kostaldeetan:
«Israel sakabanatu ebanak berak batzen dau
eta artzainak artaldea lez zaintzen». R/.

V/.   Jaunak Jakob herria askatu dau,
indartsuagoaren eskutik libratu.
Poz-oihuka etorriko dira Sion mendira,
Jaunaren ondasunetara helduko dira. R/.

V/.   Neskek pozik egingo dabe dantzan
mutil eta agureekin batera.
Hareen dolua alaitasun bihurtuko dot,
atsekabearen ondoren, kontsolatu eta alaituko ditut. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Lk 8, 15

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak Jainkoaren hitza
        bihotz onez eta zabalez entzunik,
        barruan gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak. R/.

 

Ebanjelioa      

Hitza entzun eta ulertzen dauanak
emoten dau frutua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 18-23

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzun ereilearen parabolaren esanahia: erreinuaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez dauanari, Gaiztoak etorri eta kendu egiten deutso bihotzean ereinekoa. Hori da bide-bazterrean ereina.
    Harri artean ereindakoa hauxe da: berbea entzutean, behingoan pozik hartzen dauana; baina, sustrairik bakoa eta iraupen txikikoa izanik, berba hori dala-eta estutasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, berehala huts egiten dau.
    Sasi artean ereinekoa hauxe da: hitza entzun bai, baina mundu honetako ardurak eta diru-goseak ito egiten deutsoe berba hori, fruturik barik itziz.
    Lur onean ereina, barriz, hauxe da: berbea entzun eta ulertzen dauana. Honek emoten dau frutua: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeta hamar».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Aditu askoren ustez, Jesus ez zan jausiko parabolak azaltzeko tentaldian. Lehen kristauak bai jausiko zirala, eta guk eurei jarraitu deutsegu, moralina bihurtuz deigarri eta adore emoile litzatekezan parabolak.

Parabolak ezin eroan geinkez lur ona neu nazala uste izatera, eta besteak dirala bide ondoko, edo harri arteko edo sasiz jositako lur.

Ba ostera uste behar izango geukela gutariko bakotxagan izaten dirala egoera guztiok, batera ez badira ere, bai une baten edo bestetan.

Parabolak argi izten dauana da haziaren indarra eta ugaritasuna: nahinon zabaltzen da eta erneten (bide bazterrekoa txoriek jaten dabe, baina), eta era askotako lurrak aurkitu daikezala; baina bizitzako gora-beherek…

Eta nor bizi da bizitzako gora beheretatik kanpo?

Gure eginbeharra, ba, garan lur saila harrera onean eukitea litzateke, landua eta ongarritua, indartsua eta ugaria dan haziak frutu on eta ugari emon daian.

 

 

 

Urtean Zeharreko XVI. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da odol hau.

Urteera liburutik

Ur 24, 3-8

    Egun hareetan, Moisesek Jaunaren hitz eta erabagi guztiak jakinazo eutsozan herriari, eta herri osoak, aho batez, erantzun eutson: «Jaunak esandako guztia egingo dogu».
    Jaunak esandako guztia idatzi eutsen Moisesek. Biharamonean, goizean goiz jagirik, altarea eraiki eban mendi-oinean, eta hamabi zutarri ipini ebazan Israelgo hamabi leinuen izenean. Ondoren, zekorrak hil eta Jaunari erre-oparitzat eta alkartasun-oparitzat eskeintzeko agindu eutsen israeldar gazte batzuri. Odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini eban Moisesek, eta beste erdia altara gainean isuri.
    Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri eutson. Herriak erantzun eban: «Obedituko dogu eta beteko Jaunak esandako guztia». Odola hartu eta herriaren gain txipriztindu eban Moisesek, esanez: «Erabagi honeen guztien arabera Jaunak zuekin burutu dauan itunaren ezaugarria da odol hau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 50 [49], 1-2. 5-6. 14-15 (R/. 14a)

R/.   Eskeini esker onezko oparia Jainkoari.

V/.   Jaunak, jainkoen Jainkoak, berba egiten dau:
dei egiten deutso lurrari batzarrera
eguzkiaren sorlekutik sarlekura.
Siondik, edertasun beteko menditik,
dirdaitsu agiri da Jainkoa. R/.

V/.   Batu egizuz nire fededunak,
sakrifizioa eskeiniz nigaz ituna egin ebenak.
Iragarri begi zeruak haren justizia,
Jainkoa bera da epaile. R/.

V/.   Eskeini esker onezko oparia Jainkoari,
bete zeure promesak Goi-goikoari.
Dei egidazu larrialdian;
libratuko zaitut, eta zuk goratuko nozu. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Lapur-zulotzat ete dozue,
Niri sagaratua dagoan tenplu hau?

Jeremias Profetaren liburutik        

Jr 7, 1-11

    Jaunak holan esan eutson Jeremiasi: «Jarri zaitez Jaunaren tenpluko sarreran eta iragarri mezu hau: "Entzun Jaunaren hitza, zuek, Jauna gurtzera ate honeetatik sartzen zarien judeguok"».
    Hau dino Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Zuzendu zeuen jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naz toki honetan. Ez fidatu hitz engainagarriez, "Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua" errepikatuz. Baina zuen jokabidea eta egintzak zuzentzen badozuez, gizarte-hartuemonetan justiziaz jokatzen badozue, arrotza, umezurtza eta alarguna oinperatzen ez badozuez, lurralde honetan odol errubakorik isurtzen ez badozue, eta, zeuen buruari kalte eginez, jainko arrotzen atzetik ez bazabiltze, orduan zuekin biziko naz toki honetan, zuen gurasoei aspalditik eta betiko emon neutsen lurralde honetan.
    Zuek, ostera, ezertarako ez diran guzurrezko hitzez fidatzen zarie. Izan be, lapur, hiltzaile eta adulteriogile zarie, guzurretan zin egiten dozue eta Baali intsentsua erretzen, eta zuekin zerikusirik ez daben jainko arrotzen atzetik ibiltzen zarie. Eta horren guztiaren ondoren, nire aurrera zatoze, niri sagaratua dagoan tenplu honetara, "Seguru gagoz" esaten dozuela, segidan egintza higuingarri guztiok egiten jarraitzeko. Zer gero? Lapur-zulotzat ete dozue Niri sagaratua dagoan tenplu hau? Horra, Nik Neuk ikusi dot –halan dino Jaunak–».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 3. 4. 5-6a eta 8a. 11 (R/. 2)

R/.   Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!

V/.   Makaltzen doakit barrua,
Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.
Nire bihotzak eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

V/.   Txoriak aurkitu dau etxea,
baita elaiak be kumeentzat habia:
zure altarak, Jaun ahalguztiduna,
ene Erregea eta ene Jainkoa! R/.

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goresten!
Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,
gainez gain doaz. R/.

V/.   Hobe da egun bat zure atarietan,
nire etxean mila baino;
nahiago dot Jainkoaren etxeko ate ondoan egon,
gaiztoen etxepean bizi baino. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia      

St 1, 21bc

R/.   Aleluia.

V/.   Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan
        eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Itzi biak batera hazten uztaroa heldu arte.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 13, 24-30

    Aldi haretan, beste parabola hau esan eutson Jesusek jenteari: «Zeruetako erreinuagaz gizon batek soloan hazi ona erein ebanean lez gertatzen da. Jentea lo egoala, etorri zan arerioa eta gari artean galbedarra erein eban eta alde egin. Garia hazi eta burutu zanean, han agertu zan galbedarra be.
    Joan ziran, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan eutsoen: “Jauna, ez zenduan hazi ona erein soloan ala? Nondik dator, orduan, galbedarra?” Nagusiak erantzun eutsen: “Arerioaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango gara galbedarra batzera ala?” Eta nagusiak: “Ez! Ez daitela gertatu, galbedarra batzean garia be ataratzea. Itzi biak batera hazten uztaroa etorri arte; orduan, igitariei esango deutset: batu lehenengo galbedarra, lotu txolatan eta erre; garia, barriz, jaso nire garautegira”».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Argi euki behar doguna zera da: gu ez garala akatsik bakoak; eta mugatuak garan heinean, txarkeriarako jokerak izango doguzala.

Beste hauxe ere gogoan hartu behar izango geuke: txarra eta ona, biak, dagozalako jakin geike zein zein dan. Eta onartu behar dogu Jainkoak holangoxeak egin gaitula, mugatuak, eta alkar behar dogula.

Baina parabolako morroien jarrerea litzateke gurea: galbedarra ataratea, eta garia garbi iztea. Baina ahal dan gauzea ete da? Zeozergaitik dino jaubeak biak batera hazten izteko…

Ez ete gara ohartzen gaizkilea, egin leikezan gaiztakeria guztiak baino gehiago danaz? Eta, zergaitik ikusten dogu kanpoan, besteengan, txarkeria? Eta, txarkeria guztia ezabatzeko gauza bagina, zegaz geratuko ginateke? Ez ete genduan txarkeria ezabatzean haregaz batera ona ere ezabatuko?

Jesusen irakaspenak hausnarketara eroan behar gaitu: geugan dago ona eta txarra, mugatuak garalako. Halan dakigu ona zein dan. Eta hauxe ugaritu daiten jakin behar dogu alkar bilatzen, alkar ulertzen eta alkarri laguntzen, alkarren beharrizana dogulako.

 

 

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...