2022/02/26

XV. Astea

Urtean Zeharreko XV. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia  

Israeldarren herria gu baino ugariago eta indartsuago egiten hasi da.
Beraz, jokatu dagigun zuhur beragaz.

Urteera liburutik

Ur 1, 8-14. 22

    Egun hareetan, Jose ezagutu ez eban errege barri bat izan zan Egipton, eta esan eutson bere herriari: «Hara, israeldarren herria gu baino ugariago eta indartsuago egiten hasi da. Beraz, jokatu dagigun zuhur beragaz, gehiago ugaritu ez dadin; bestela, gudua sortuko balitz, gure arerioekin alkartu eta gure aurka burrukatuko litzateke, eta ihes egingo leuke Egiptotik».
    Orduan, egiptoarrek lan-arduradunak ipini eutsiezan israeldarrei lan neketsuetara makurtuazoteko. Holan, Pitom eta Ramses uriak eraiki ebezan, faraoiarentzat hornigaiak batzeko uriak. Baina, israeldarrak, zenbat eta zanpatuago, orduan eta ugariago eta zabalduago egin ziran. Israeldarrekin gogaiturik, egiptoarrek esklabotza gogorra ezarri eutsien eta bizimodu garratza eroanazo, lan astunetara behartuz: buztinez adreiluak egin behar ebezan eta era guztietako solo-lanak. Lan guztiok gogorkeriaz ezarri eutsiezan.
    Gero, faraoiak agindu hau emon eutson bere herri osoari: «Bota Nilo ibaira hebrearren mutiko jaiobarri guztiak; neskatoak, barriz, itzi bizirik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 124 [123], 1-3. 4-6. 7-8 (R/. 8a)

R/.   Gure laguntza Jaunaren izena.

V/.   Jauna gure alde egon ez balitz
–esan begi Israelek–,
Jauna gure alde egon ez balitz,
arerioek, gure aurka jagitzean,
bizirik iruntsiko ginduezan,
hasarre-sutan egozan-eta gure kontra. R/.

V/.   Urek iruntsiko ginduezan,
uriolak hondoratuko;
ur oldartsuek ginduezan hondoratuko.
Bedeinkatua Jauna, ez gaitu-eta egin
hareen haginen harrapakin. R/.

V/.   Txoria ehiztarien saretik lez gara libratu;
hausi da sarea, eta gu libre geratu.
Gure laguntza Jaunaren izena,
zeru-lurren egilearena. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia  

Garbitu zaiteze, garbitu;
kendu nire begien aurretik zeuen egintza gaiztoak.

Isaias Profetaren liburutik    

Is 1, 10-17

    Entzun Jaunaren ahotsa,
Sodomakoen antzeko agintariok,
entzun gure Jainkoaren irakaspena,
Gomorrakoaren antzeko herri horrek:

«Zertako ditut Nik zuen amaibako sakrifizioak?
Leporaino nago aharien erre-opariez
eta zekor gizenen koipeaz.
Higuinduta nago zekor, bildots eta akerren odolaz.
Nork eskatzen deutsue holakorik,
nire tenpluko atariak igaro eta nire aurrera zatozenean?
Ez ekarri gehiago opari baliobakorik;
higuingarri jat intsentsuaren lurruna.
Ilbarri-jaiak, zapatuak, batzarrak:
ezin ditut jasan ospakizunok... gaiztakeriagaz batera!
Biziro gorroto ditut zuen ilbarri-jaiak eta festak;
nekagarri jataz eta eroanezinak.
Zuek otoitzerako eskuak jasotzean,
bestaldera begira jartzen naz;
nahiz eta zuek otoitz eta otoitz jardun,
ez deutsuet entzuten, eskuak odolez beteak dozuez-eta.

Garbitu zaiteze, garbitu;
kendu nire begien aurretik zeuen egintza gaiztoak;
itzi oker egiteari, ikasi on egiten;
bilatu egizue zuzenbidea:
lagundu zapalduari, egin justizia umezurtzari,
defendatu alarguna».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 50 [49], 8-9. 16b-17. 21. 23 (R/. ik. 23b)

R/.   Zuzen dabilenari deutsat
        Jainkoaren salbamena erakusten.

V/.   Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure erre-opariak aurrean ditut beti.
Baina ez dot hartuko zure kortako zekorrik,
ez zure eskortako akerrik. R/.

V/.   Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta nire ituna ahotan hartu,
nire zentzabideari gorroto badeutsazu
eta nire hitzei atzea emoten? R/.

V/.   Zuk horreek egin, eta Ni isildu?
Zu lakoa nazala uste dozu ala?
Salatu egingo zaitut, aurpegira botako dana.  R/.

V/.   Esker onezko oparia eskeintzen deustanak,
horrek emoten deust aintza,
onbideratzen danari
erakutsiko deutsat neure salbazinoa. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Mt 5, 10

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

Ebanjelioa      

Bakea barik, banaketa ekartzera etorri naz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 10, 34–11, 1

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria nazenik; bakea ez, ezpada ze banaketa ekartzera etorria naz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naz, alaba amagandik eta errana amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu arerio.
    Aita nahiz ama Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago dauana ez da Niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez deustana ez da Niretzat gai. Bere biziaren jaube izan guran dabilenak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik galtzen dauanak, ostera, eskuratu egingo dau.
    Zuek onartzen zaitueenak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauana onartzen dau.
    Profeta bat, profeta dalako, onartzen dauanak profetari zor jakon saria izango dau, eta pertsona zuzen bat, arteza dalako, onartzen dauanak pertsona zuzenari zor jakon saria izango dau; eta txiki honeetako bati, nire ikasle dalako, baso bete ur fresko besterik ez bada be emoten deutsana, benetan dinotsuet ez dala saririk barik geldituko».
    Hamabi ikasleei argibide honeek emoten amaitu ebanean, joan egin zan Jesus handik, herri hareetan irakastera eta mezua iragartzera.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jesusen aldiko eta kulturakoek azalpenak emoteko euken ereak sarri eroan izan gaitu, azaletik irakurtean, errakuntzara, txarto ulertzera eta behar ez diran ondorioetara.

Bakea barik banaketea ekartera etorri dala Jesus? Zelan ulertu behar dogu hori? Jainkoaganako maitasuna eta etxekoenganakoa aurrez-aurre jarri dauz Jesusek? Ulertzekoa da hori?

Joanen ebanjeliotik dakigu agindu barri bat emon deutsela Jesusek ikasleei: alkar maitatzea berak maite izan dituan lez.

Eta horixe da gizakiak Jainkoa maitatzeko daukan era bakarra: ondoan daukaguna, ikusten doguna, maitatu ezik, zelan esan geike maite dogula Jainkoa?

Jesusen berbok ez doguz ondo ulertu: kanpora begira jarten garalako. Barrura begira jarriko bagina ageri-agerian aurkituko geuke geure axaleko irudia (egoa) zaintzen dihardugula eta horrexek garoazala besteak gaitzestera eta gure artean eztabaidak sortuazotera.

Ez dogu ondo ulertu. Benetan maite dauanak, maite dau Jainkoa eta etxekoak, eta bakegile da.

 

          

Urtean Zeharreko XV. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia  

Moises ezarri eutson izena, uretatik atara ebalako,
eta, heldua zala, bere senideengana joan zan.

Urteera liburutik

Ur 2, 1-15a

    Egun hareetan, Lebiren leinuko gizon bat leinu bereko emakume bategaz ezkondu zan. Umedun gelditu zan emaztea eta semea izan eban. Umea ederra zala ikusirik, gordeta euki eban hiru hilabetez. Baina, luzaroago gordeta euki ezinik, zumitzezko otzara bat hartu eta, zirrikituak galipotez eta bikez estalduta, bertan sartu eban umea eta Nilo ibaiertzean itzi kanabera artean. Umearen arreba urrun gelditu zan, zer jazoko begira.
    Orduan, faraoiaren alabea ibaira jatsi zan bainatzera; bitartean, haren neskameak ibai ondoan ebiltzan. Faraoiaren alabeak otzarea ikusi eban kanabera artean eta neskameetako bat bialdu eban haren bila. Edegi eta umea ikusi eban negarrez. Errukiturik, esan eban: «Hebrearren umea da, ziur». Orduan, umearen arrebeak esan eutson: «Nahi dozu hebrear inude baten bila joatea, umea hazi dagian?» « Zoaz», erantzun eutson faraoiaren alabeak. Joan zan neskea eta umearen amari deitu eutson. Faraoiaren alabeak esan eutson: «Hartu egizu umea eta hazi, eta neuk ordainduko deutsut». Hartu eban, beraz, emakumeak umea eta hazi egin eban. Mutikoa handi egin zanean, faraoiaren alabeari eroan eutson. Honek semetzat hartu eban eta Moises ezarri eutson izena, esanez: «Uretatik atara dot».
    Behinola, ordurako heldua zala, bere senide hebrearrengana joan zan Moises eta lan neketsuetan aurkitu ebazan. Eta han ikusi eban egiptoar bat bere senide hebrear bat jipoitzen. Moisesek, alde batera eta bestera begiratu eta inor ez egoala ikusirik, egiptoarra hil eta hondarpean ezkutatu eban.
    Biharamonean barriro urten eban eta hebrear bi ikusi ebazan, alkar joka. Orduan, errudunari esan eutson: «Zergaitik jotzen dok heure laguna?» Harek erantzun eutson: «Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? Ala hil egin behar ete nok ni be, egiptoarra lez?» Moisesi bildurra sartu jakon, arazoa ezaguna zala oharturik.
    Faraoia, jazotakoaren barri jakinik, Moises hil nahian ebilen; baina honek ihes egin eban faraoiagandik eta Madiango lurraldera joan zan bizitzera.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 69 [68], 3. 14. 30-31. 33-34 (R/. ik. 33)

R/.   Izan bihotz, apalok,
        Jainkoaren bila zabiltzenok!

V/.   Urtegi sakonean murgiltzen naz,
eta ez dot oinak non ezarri;
ur handietan nago sartuta,
eta ur-lasterrak naroa. R/.

V/.   Baina nik Zuri dagitsut otoitz;
mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbazino leialaz. R/.

V/.   Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko. R/.

V/.   Ikusi egizue, apalok, eta poztu,
izan bihotz, Jainkoaren bila zabiltzenok.
Izan be, entzuten deutse Jaunak behartsuei,
ez ditu gitxiesten berari lotuak. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia 

Sendo sinisten ez badozue, ez dozue sendo iraungo.

Isaias Profetaren liburutik

Is 7, 1-9

    Akaz, Jotamen semea eta Oziasen biloba, Judako errege zala, Siriako errege Retzinek eta Israelgo errege Pekahek, Remaliasen semeak, Jerusalemi eraso eutsoen, baina ezin izan eben hartu.
    Daviden ondorengoari barri hau emon eutsoen: «Siriarrek Efraimen ezarri dabe kanpalekua». Erregearen eta herriaren bihotzak dar-dar egin eban, haizeak jotzean basoko zuhaitzek dar-dar egiten daben lez. Orduan, Jaunak esan eutson Isaiasi: «Hartu zeure seme Xear-Jaxub eta zoaz Akazengana. Goiko urtegiko ubideburuan aurkituko dozu, oihal-garbitzailearen solorako bidean. Eta esaiozu:
"Egon erne, baina nasai.
Ez bildurtu, ez ikaratu kea darien ilinti-mutur bi horreekaitik,
Siriako Retzinen eta Remaliasen semearen
hasarre-suminagaitik.
Zu galtzeko alkar hartu dabe
siriarrek eta Israelgo herri eta erregeak.
Hau dinoe: Igon dagigun Judaren aurka,
inguratu dagigun eta menpean hartu,
eta jarri dagigun bertan Tabeelen semea errege".

    Baina hau dino Jainko Jaunak:

"Ez, ez da holakorik jazoko.
Damasko da Siriako uriburu,
eta Retzin Damaskoko buruzagi;
Samaria da Efraimgo uriburu,
eta Remaliasen semea Samariako buruzagi.
Baina hirurogeta bost urte barru
Efraim ez da orduan herri izango.
Sendo sinisten ez badozue, ez dozue sendo iraungo"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 48 [47], 2-3a. 3b-4. 5-6. 7-8 (R/. 9d)

R/.   Sendo ezarri dau Jainkoak bere uria betiko.

V/.   Handi da Jauna, guztiz goresgarri.
Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:
tontor eder, lur osoaren pozgarri. R/.

V/.   Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege handiaren uri.
Hango jauregien artean
gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.

V/.   Hain zuzen, erregeak ziran alkartu,
danak batera haren aurka oldartu.
Baina ikusi orduko izutu ziran,
eta ihesi joan ikaraz. R/.

V/.   Dardarak hartu ebazan,
erdiminetan dan emakumearenak lako oinaze larriak,
Tarsisko itsasontziak birrintzen dituan
sortaldeko haizea lakoak. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d

R/.   Aleluia.

V/.   Gaur, ez gogortu bihotza;
        entzun Jaunaren ahotsa. R/.

 

Ebanjelioa      

Auzi-egunean,
zigor bigunagoa izango dabe Tirok eta Sidonek zuek baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 20-24

    Aldi haretan, Jesus miraririk gehienak egin ebazaneko herriak txartzat jotzen hasi zan, bihotz-barritu ez ziralako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan be, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuengan beste mirari gertatu izan balitz, bihotz-barrituak zirateken aspaldi, dolu-jantziz eta hautsez estaldurik. Horregaitik, hauxe dinotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dabe Tirok eta Sidonek, zuek baino.
    Eta zu, Kafarnaum, zeruraino altzatuko zarala? Lurraren barreneraino jausiko zara! Izan be, zuregan beste mirari gertatu izan balitz Sodoman, gaur arte iraungo eukean. Horregaitik, hauxe dinotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dau Sodomak, zuk baino».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Zelan ulertu Mateok Jesusen ahotan jarten dauan zemaia? Zigortu ete daike Jainkoak? … auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dau Sodomak. Ez ete da hau geure hizkerea, geuk daukagun hezteko erea, baina Jainkoarena lez ezin onartu geikena?

Korozain eta Betsaida ez dagoz alperrik aukeratuta. Lege-maisuen eskola bikainen egonleku ziran. Eta entzun-gor egin eutsoen damutze eta bihozbarritze deiari.

Kafarnaum Jesusen jardun-leku zala esan geike. Eta han ere entzungor eta ez-ikusi egin eutsen Jesusen irakatsiei eta ezaugarri edo mirariei.

Zer pentsa emon behar deusku honek. Eta, behar bada, horixe dala-eta erabilten dabe lehen kristauek hizkera hori: Jesusi ez entzunak eta ez bihozbarritzeak emoten deutsen atsekabea agertzen dabe.

Baina, bihozbarritu ete daiteke inor zemaipean edo bildurpean? Halan egin daiteken bihozbarritzea izan ete daiteke, gero, zintzoa?

Zer pentsa emoten dabe berbok, eta zalantzatan jarten dabe hezteko (edukatzeko) gure erea.

 


Urtean Zeharreko XV. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia  

Jaunaren aingerua agertu jakon,
sasi artean biztutako sugarretan.

Urteera liburutik

Ur 3, 1-6. 9-12

    Egun hareetan, Moisesek bere aitaginarreba Jetroren, Madiango abadearen, ardiak zaintzen ebazan. Behin, basamortuan zehar eroan ebazan eta Horebera, Jainkoaren mendira, heldu zan. Han Jaunaren aingerua agertu jakon, sasi artean biztutako sugarrean. Moisesek ikusi eban sasia, sutan egonik be, ez zala erretzen.
    Moisesek esan eban: «Hurreratu nadin gauza harrigarri hori ikustera: zelan izan daiteke sasia ez erretzea?» Begiratzera etorrela ikustean, Jaunak dei egin eutson sasi artetik: «Moises, Moises!» Honek erantzun: «Hemen nozu». Eta Jaunak: «Ez hurreratu; kendu oinetakoak, zagozan tokia lur santua da-eta». Eta gaineratu eban: «Zure asaben Jainkoa naz Ni, Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Moisesek aurpegia estaldu eban, Jainkoari begiratzeko bildurrez.
    Jaunak esan eutson: «Niganaino heldu da israeldarren oihua eta ikusi dot zein gogor zapaltzen dabezan egiptoarrek. Zoaz, bada; faraoiagana bialtzen zaitut, nire herria, israeldarrak, Egiptotik atara dagizuzan».
    Moisesek esan eutson Jainkoari: «Nor naz ni faraoiagana joateko eta israeldarrak Egiptotik ataratzeko?». Jainkoak erantzun eutson: «Zeugaz izango nozu Ni, eta honetan ezagutuko dozu Neuk bialtzen zaitudana: herria Egiptotik atarako dozunean, mendi honetan emongo deutsazue kultu Jainkoari».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 6-7 (R/. 8a)

R/.   Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
ez bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.

V/.   Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx guztiak osatzen;
zure bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez eta errukiz koroatzen zaitu. R/.

V/.   Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak agertu eutsozan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia  

Harrotzen ete da aizkora aizkolariaren aurka?

Isaias Profetaren liburutik    

Is 10, 5-7. 13-16

    Hauxe dino Jaunak:
«Zoritxarrekoa Asiria,
nire hasarre-sumina husteko
eskuan dodan zigor-makila dan hori!
Herri sinisbakoaren aurka bialtzen dot,
hasarratu ninduan herriaren aurka;
lapurretara eta harrapaketara,
ha kaleetako lokatza lez zapaltzera.
Asiriak, ostera, ez dau hori uste,
bestelakoak dira haren asmoak:
hondatzea dau gogoan, herri asko birrintzea».

    Hau dino, esan be, Asiriako erregeak:

«Neure indarraz egin dot hori guztia,
neure trebeziaz, argia naz-eta.
Herrien mugak ezabatu ditut, hareen ondasunak harrapatu,
eta, gudari indartsu lez, erregeak bota.
Habia bati lez jarri deutset eskua herrien aberastasunei;
habian itzitako arrautzak hartzen diran lez,
hartu dot nik lur osoa,
eta ez eban inork hegorik mugitu,
ez txio egiteko mokorik zabaldu».

Harrotzen ete da aizkora aizkolariaren aurka?
Harropuzten ete da trontza trontzalariaren aurka?
Ez dau zigorrak mugitzen zigorra darabilena,
ez dau makileak jasotzen zurezkoa ez dana».
Horregaitik, Jaun ahalguztidunak
makaltasun bihurtuko dau asiriarren sendotasuna,
eta hareen gorputz ederrak sukarrez joko ditu,
suak hartuta lez jarriko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 94 [93], 5-6. 7-8. 9-10. 14-15 (R/. 14a)

R/.   Jaunak ez dau bere herria hondatuko.

V/.   Zure herria zapaltzen dabe, Jauna,
zure ondarea umilduazoten,
alargun eta etorkinak hilazoten,
umezurtzak erailtzen. R/.

V/.   Eta halan dinoe: «Jaunak ez dau ikusten,
Jakoben Jainkoa ez da ohartzen».
Ohartu zaiteze, bada, herriko tentelok!
Noiz zentzatuko zarie, zentzunbakook? R/.

V/.   Belarria ezarri dauanak ez ete dau entzungo?
Begia eratu dauanak ez ete dau ikusiko?
Herrien hezitzaileak ez ete dau zigortuko?
Gizakiaren irakasleak ez ete dau jakingo? R/.

V/.   Jaunak ez dau bere herria hondatuko,
ez bere ondarea bertan behera itziko.
Bihurtuko deutsoe zintzoari eskubidea
eta izango dabe bihotz zuzenekoek etorkizuna. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Mt 11, 25

R/.   Aleluia.

 V/.   Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
        erreinuari buruzko Barri Ona
        jente apalari agertu deutsazulako. R/.

 

Ebanjelioa

Gauza honeek jakintsuei gorde
eta jente apalari agertu deutsazuz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 25-27

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jente txikiari agertu deutsazuzalako. Bai, Aita, halan izan dozu gogoko.
    Nire Aitak dana emon deust, eta ez dau inork Semea ezagutzen, Aitak baino; ezta Aita be, Semeak baino, eta Semeak agertu gura deutsanak baino.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ezin uste izan geike Jainkoak batzui agertzen deutsena ezkutatu egiten deutsela besteei. Jainkoak guztiei zabaltzen deutse bere bihotza, bere eskuak. Jesus jabetu egiten da guzti horretaz, eta bere ikasleak ere jabetu daitezala gura dau.

Ezin geike uste izan Jesus Jainkoaren Semea dalako jabetzen dala guzti horretaz, baina gu ezin geintekezala jabetu, ez garalako haren mailara heltzen.

Jainkoaren ondasunek ez dabela mailarik eskatzen itzi dau argi Jesusek bere esker-otoitzean. Handigura bakoek eta ezeren menpe ez dagozanek onartu daikeez Jainkoagandiko ondasunak.

Jakintsuek, burutsuek, ahaltsuek eta gainerakoek badaukez euren atseginak asetuko dabezan ondasunak; ez dabe besterik behar.

Eta sarri izaten dira euren artean erlijio-zale asko… Kontuz horreekin!

 

 

Urtean Zeharreko XV. eguena

I. urtean

 

I. Irakurgaia

Nazana naz Ni.
«Nazana naz» deritxonak bialdu nau zuengana.

Urteera liburutik

Ur 3, 13-20

    Egun areetan, Moisesek, sutan egoan sasitik Jaunaren ahotsa entzunik, esan eutson: «Hara, joango naz israeldarrengana eta "Zuen asaben Jainkoak bialdu nau zuengana" esango deutset; baina hareek "Zelan dau izena?" itauntzen badeuste, zer erantzun behar deutset?» Jainkoak esan eutson: «Nazana naz Ni. Hau esango deutsezu israeldarrei: "Nazana naz" deritxonak bialdu nau zuengana».
    Gainera Jainkoak esan eutson Moisesi: «Esan israeldarrei: "Jaunak, zuen asaben Jainkoak, Abrahamen Jainkoak, Isaaken Jainkoak eta Jakoben Jainkoak, bialdu nau zuengana. Horixe izango da nire izena betiko; honan deituko deustazue belaunez belaun".
    Zoaz, batu Israelgo herri-arduradunak eta esaiezu: "Jauna, zuen asaben Jainkoa, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa, agertu jat eta Egipton egiten deutsueena ikusi dauala esan deust eta zuen alde esku-hartzea erabagi dauala. Beste hau be esan deust: Egiptoko atsekabeetatik atarako zaituela eta esnea eta eztia darion lurraldera eroango, kanaandarren, hititen, amortarren, perezearren, hebearren eta jebusearren lurraldera". Herri-arduradunek entzungo deutsue eta hareekin batera Egiptoko erregeagana aurkeztuko zara, eta esango deutsazue: "Jauna, hebrearren Jainkoa, agertu jaku; eta orain, hiru eguneko bidea egin behar dogu basamortuan zehar, Jaunari, geure Jainkoari, sakrifizioak eskeintzeko".
    Badakit, Egiptoko erregeak ez deutsuena joaten itziko, beharturik ez bada. Baina Nik ahalmen handiz jokatuko dot eta egiptoarrak joko ditut hareen artean egingo ditudan egintza harrigarriez; ondoren, itziko deutsue joaten».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 1 eta 5. 8-9. 24-25. 26-27 (R/. 8a)

R/.   Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Ekarri gogora harek egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.

V/.   Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.

V/.   Jainkoak erruz ugaritu eban bere herria
eta arerioak baino indartsuago egin;
egiptoarrei bihotza aldatu eutsen,
Jainkoaren herria gorrotatu
eta haren zerbitzariak txarto erabili egiezan. R/.

V/.   Orduan, Moises bere zerbitzaria bialdu eutsen,
eta Aaron bere aukeratua;
mirariak egin ebezan Egipton,
egintza harrigarriak Kam-en lurraldean. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Lurpean etzundakoak iratzartuko dira
eta pozez oihuka ekingo deutsoe.

Isaias Profetaren liburutik

Is 26, 7-9. 12. 16-19

    Zintzoaren bidea zuzena da;
Zeuk egiten dozu, Jauna, zintzoaren bidea zuzen.
Zeuk ezarritako bidean gabiltzala, Jauna,
Zugan dogu itxaropena;
zure izenaren eta oroipenaren gogo bizia dogu.
Nire arimak Zeure gogo bizia dau gauean,
nire barruak Zeu bilatzen goizean.
Zuk zeure nahia munduari azaltzean,
zuzentasuna zer dan ikasten dabe lurreko biztanleek.

Jauna, bakea emongo deuskuzu,
Zeuk burutzen dozuz-eta gure egintza guztiak.
Jauna, estualdian zure bila ibili gara,
zure zigorra jasan dogunean oihu egin deutsugu.
Umea izateko zorian, minez bihurrituta,
garrasi egiten dauan emakumearen antzeko ginan,
Jauna, zure aurrean.
Ernari ginan eta erdiminetan,
baina haizea besterik ez dogu egin:
ez deutsagu lurrari salbazinorik ekarri,
ezta munduari umerik emon be.

Biztuko dira zure hildakoak,
jagiko hareen gorpuak;
lurpean etzundakoak iratzartuko dira
eta pozez oihuka ekingo deutsoe,
iruntza lez bialtzen dozu-eta argia,
eta lurpetik argira ataratzen hildakoak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 102 [101], 13-14b eta 15. 16-18. 19-21 (R/. 20b)

R/.   Zerutik lurrera begiratu dau Jaunak.

V/.   Zu, Jauna, errege zara betiko,
zure gogorapena gizaldiz gizalditarako.
Jagi eta erruki izango deutsazu Sioni,
bada-eta haretaz errukitzeko sasoia.
Maite dabez zure zerbitzariek hango harriak,
penaz dagoz hango hondakinakaitik.  R/.

V/.   Begirune izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,
lurreko errege guztiek haren aintzari.
Jaunak Sion barriro eraikitzean
eta bera aintzaz betea agertzean.
Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,
ez dau gitxietsiko honen eskaria. R/.

V/.   Bego hau idatzita hurrengo gizaldiarentzat,
eta sortzeko dagoan herriak goratuko dau Jauna.
Jaunak bere santutegi garaitik begiratu egin dau,
zerutik lurrera begiratu,
katiguen aieneak entzuteko
eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 11, 28

R/.   Aleluia.

V/.   Zatoze Nigana nekatu eta lanpetu guztiok,
        eta Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.

 

Ebanjelioa      

Gozoa eta bihotz-apala naz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 11, 28-30

    Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Zatoze Nigana nekatu eta lanpetu guztiok, eta Neuk arinduko zaituet. Hartu egizue nire buztarria eta ikasi Neugandik, ze gozoa eta bihotz-apala naz, eta aurkituko dozue zeuen arimentzako atsedena. Izan be, Nire buztarria leuna da, eta nire zama arina».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Badago ezer, ezelango ekoizpenik ez dauan lanak baino gehiago nekatu daikenik, eta iguingarriagoa danik? Hauxe da Lege-maisu eta farisear hareek herritarrei leporatzen eutsena: Jainkoak hareen lepoan jarritako buztarri jasan ezin lez, baina nahi-ta-ez jasan behar zana. Lege betete harek ez eban inor lasaitzen, pozten, ez askatzen, ez gizakoiago egiten…

Jesusek bere buztarria eskeintzen dau: norbere zama arinduko dauana, gozotasuna emongo dauana. Jesusek iragarten dauan Jainkoa askatzailea da, bizitzaren sortzailea, bake-emoilea, zigorrik ez darabilana…

Eta hauxe da bereei eskatuko deutsena: besteen zamen aringarri izan daitezala, Legearen betera jo daiela, ezer ekoizten ez daben itxurakerietatik urrun, eta, benetako zerbitzuan, gizakiaren askatzaile eta gizatasun-garatzaile dana.

Jainkoarena ez da, ba, ezarten dan buztarri jasan-ezina, zama eroaten lagunduko dauan buztarri eskeinia baino: Jesus.

 

 

Urtean Zeharreko XV. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia  

Ilunabarrean abere apal bat hilko dozue;
odola ikustean, aurrera igaroko naz.

Urteera liburutik

Ur 11, 10–12, 14

    Egun hareetan, Moisesek eta Aaronek egintza harrigarri asko egin eben faraoiaren aurrean; baina Jaunak setatsu bihurtu eban faraoia, eta honek ez eutsen israeldarrei bere lurraldetik urteten itzi.
    Honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hilabete hau izango dozue hilabete nagusia, urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari:
    "Hil honen hamarrean, bakotxak abere apal bat hartuko dau, familia eta etxe bakotxeko bana. Abere osoa jateko familia nahiko ez bada, aldameneko bizilagunekin alkartuko da, bakotxak jan leikeanaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akatsik bakoa izango da, arra, urtekoa, artxo nahiz auma. Hilaren hamalaura arte gordeko dozue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldar alkarteko guztiek hilko dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta ateburua odoleztatuko dozuez. Gau horretan, sutan errea jango dozue haragia, legaminabako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik.
    Ez dozue bildotsetik ezer gordinik edota egosirik jango, dana sutan errea baino: buru, hanka eta errai. Ez itzi ezer biharamonerako; erre egizuez geldituko diran hondarrak. Honan jango dozue: garria lotuta, oinetakoak jantzita eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue, Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotzea. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-ume guztiak, bai gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei. Ala Ni, Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zuek zagozen etxeetan. Odola ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaitue hondatuko.
    Egun hau gogoangarri izango dozue eta jai nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohoretan. Jai honen ospakizuna betiko lege izango dozue belaunez belaun"».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 12-13. 15 eta 16bc. 17-18 (R/. 13)

R/.   Salbamen-edontzia dot hartuko
        eta Jaunaren izenari dei egingo.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbazino-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/.   Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotza.
zure zerbitzari ezereza naz, Jauna,
askatu dozuz nire kateak. R/.

V/.   Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko deutsadaz Jaunari agintzariak,
herri guztiaren aurrean. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Entzun dot zure eskaria, eta ikusi ditut zure malkoak.

Isaias Profetaren liburutik

Is 38, 1-6. 21-22. 7-8

    Egun hareetan, larri gaixotu zan Ezekias erregea. Amotzen seme Isaias profetak erregeagana joan eta esan eutson: «Hau dino Jaunak: "Konpondu etxeko gorabeherak, behingoan hilko zara-eta"». Ezekiasek, orduan, aurpegia hormeari emon eta honan egin eutson otoitz Jaunari: «Arren, Jauna! Gogoratu zaitez leial eta zintzo jokatu dodala beti zugaz, atsegin jatzuna eginez». Eta negarrari emon eutson samintasunez.
    Orduan, Jaunak agindu eutson Isaiasi, Ezekiasengana bihurtu eta mezu hau emoteko: «Hau dino Jaunak, zure asaba Daviden Jainkoak: "Entzun dot zure eskaria eta ikusi ditut zure malkoak. Hara, beste hamabost urtez luzatuko deutsut bizia. Libratuko zaituet zu eta Jerusalem Asiriako erregearen eskuetatik eta babestuko dot uri hau"».
    Isaiasek ikoz eginiko enplastoa ekartzeko agindu eban eta Ezekiasen zauriaren gainean ezartzeko, osatu zedin. Ezekiasek itaundu eutson Isaiasi: «Zer izango dot, barriro be Jaunaren tenplura joango nazaneko ezaugarri?» Isaiasek erantzun: «Hauxe izango dozu Jaunak agindutakoa beteko dauan ezaugarria: "Akazen mailadian, jatsita dituan hamar mailak igonazoko deutsadaz eguzkiaren kerizpeari"». Eta eguzkiaren kerizpeak jatsi ebazan hamar mailak igon ebazan barriro.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Is 38, 10. 11. 12abcd. 16 (R/. ik. 17b)

R/.   Zeuk gorde dozu, Jauna, nire bizia
        hondamen-lezatik.

V/.   Hau esan neban:
«Bizitzako sasoirik onenean joan behar!
Hilen Egoitzara naroe
gelditzen jatazan urteetarako». R/.

V/.   Hau esan neban:
«Ez dot gehiago Jauna ikusiko bizidunen lurrean,
ezta gizakirik be munduko biztanleen artean. R/.

V/.   Bizilekua hondatu eta eroaten deuste,
artzainaren oihal-txabola lez;
ehuleak lez hariltzen neban neure bizia,
eta ebagi egin deustazu haria». R/.

V/.   Jaunak gordetzen dituanak biziko dira,
eta hareekin biziko naz ni be.
Osatuko nozu eta bizibarrituko. R/.

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 12, 1-8

    Aldi haretan, zapatuan gari-soloetan zehar joian Jesus. Ikasleak gose ziran eta galburuak ebagi eta jaten hasi ziran. Hori ikustean, fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Begira, zapatuz legezko ez dana egiten dihardue zure ikasleek».
    Harek erantzun: «Ez ete dozue irakurri zer egin eban Davidek, bera eta lagunak gosez gertatu ziran baten? Zelan Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan zituen, legez ez berak ez beraren lagunek, ezpada ze abadeek bakarrik jan eikiezanak?
    Edota ez ete dozue irakurri Moisesen legean abadeek zapatuero hausten dabela tenpluan atseden-legea, horregaitik errudun izan barik? Ba, Neuk dinotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago dan nonor. Ulertu bazendue zer esan gura dauan Jainkoak esaneko honek: “Nahiago dot errukia sakrifizioak baino”, ez zeunkiezan errubakoak txartzat joko. Ze Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

    Legeak bere garrantzia dau; laguntasun jako gizakiari. Fariseuen ustez, Legeak Jainkoaren nahia jakinazoten deusku.

    Guzti horregaz bat etorri arren, Jesusi entzunda zera esan geike: baina ezin da Legea danaren gainetik jarri, edo absolutu bihurtu.

    Farisear eta Legelarientzat Legea beteteaz egiten da Jainkoaren nahia; Jesusentzat —eta hauxe da hareek ezin onartu daikeena— gizakiagan ohoratzen da Jainkoa, eta ezin da beste ezelan ere ohoretu.  Jainkoari aintza emon nahi badeutsagu, ba, ohoretu daigun ondokoa, gizakia, behartsua. Hau heriotzeaz ordainduko dau Jesusek.

    Zelango aldea! Farisearrek eta Lege-maisuek Legea besterik ez eben ikusten; eta lege-apurketa guztiak salatuko ditue. Jesusek ez dau eragozpenik izango, inoren kaltetan bajoian uneren baten, haren gainetik jarteko.

    Eta adibideak jarriko ditu: tenpluko zerbitzariek, euren eginkizunean Lege-apurketa egiten dabe, errudun izatean jausi barik.

    Baina harrigarriena hauxe da: Bada hemen tenplua baino gehiago dan nonor. Jesus, gizaki kez, tenplua baino gehiago bada, gutariko edonor ere halaxe da. Jesusek badaki gehiagotasun hori erabilten. Bardin esan ete geike gutariko bakotxak?

 

 

Urtean Zeharreko XV. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak israeldarrak Egiptotik
atara ebazaneko gaua.

Urteera liburutik

Ur 12, 37-42

    Egun hareetan, israeldarrak Ramsestik Sukot aldera abiatu ziran. Seirehunen bat mila gizon oinezko ziran, emakumeak eta umeak kontuan hartu barik. Hareekin batera egundoko jente-multzoa joian, baita behi-, ardi- eta abere-talde handiak be. Egiptotik presaka bota ebezan ezkero, ez eben biderakoak prestatzeko betarik izan. Beraz, Egiptotik atara eben harrotu bako orea erre eta legaminabako ogiak egin ebezan.
    Laurehun eta hogeta hamar urtez bizi izan ziran israeldarrak Egipton; aldi hau bete zan egun berean, hain zuzen, urten eban Egiptotik Jaunaren gudaroste osoak. Gau horretan erne egon zan Jauna, hareek Egiptotik ataratzeko. Horregaitik, Jaunaren omenez, erne egon behar dabe israeldarrek gau horretan gaubela eginez, belaunez belaun.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 136 [135], 1 eta 23-24. 10-12. 13-15

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,

R/.   Haren maitasuna betikoa da-eta.

        Edo: Aleluia.

V/.   Gogoratu da gutaz gure jausialdian: R/.

V/.   Arerioakandik libratu gaitu: R/.

V/.   Egiptoko lehen-semeak jo ebazan: R/.

V/.   Israel handik atara eban: R/.

V/.   Ahalmen handiz eta esku indartsuz: R/.

V/.   Itsaso Gorria erdibitu egin eban: R/.

V/.   Israel herria tartetik igaroazo: R/.

V/.   Faraoia eta honen gudarostea Itsaso Gorrian hondoratu ebazan: R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Lurrak desiratzen dabez,
eta etxeetan lapurreta egiten.

Mikeasen Profezia liburutik

Mi 2, 1-5

    Zoritxarrekoak, gaua egintza txarrak asmatzen emon
eta, ahalmena daben ezkero,
eguna argitzeaz batera burutzen dabezanak.
Lurrak desiratzen dabez eta lapurtzen,
eta etxeetan lapurreta egiten;
indarrez hartzen dabe nagusia bere etxeagaz,
ugazaba bere ondareagaz.

    Horregaitik, hau dino Jaunak:

«Hara, zorigatxa darabilt gogoan jente horreen kontra;
ezin izango dozue handik samea atara,
ezta burua artez ibili be,
zorigatx-egunak izango dira-eta.
Egun haretan bertsoak atarako deutsueez
eta eresi hau kantatuko:
"Zehatz murrituta gagoz!
Jaunaren herriaren ondarea arrotzen eskuetara joan da:
zelan kendu deutsoe, gero?
Fedebakoen artean banatzen dabez gure soloak".
Jaunaren batzarrean herri-ondarea barriro banatzean
ez dau zuetako inork parterik izango».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 10 [9 B], 22-23. 24-25. 28-29. 35 (R/. 12b)

R/.   Ez ahaztu errukarriak, Jauna.

V/.   Jauna, zergaitik gelditzen zara urrun?
Zergaitik ezkutatzen larrialdian?
Gaiztoak harrokeriaz erasotzen deutso dohakabeari,
asmatzen dituan azpikerietan dauka harrapatuta. R/.

V/.   Bere handinahiaz harro dabil gaiztoa,
irabazi-gosea goratzen dau, eta Jauna gitxiesten.
Gaiztoak, harropuzturik, uste dau:
«Ez da kontuak eskatuko deustazan jainkorik». R/.

V/.   Betea dau ahoa madarikazinoz, maltzurkeriaz eta gogorkeriaz,
mihinpean ditu gordeta okerra eta gaiztakeria.
Zelatan egoten da herri-inguruetan,
ezkutuan hiltzen dau errubakoa. R/.

V/.   Zuk, ostera, ikusten dozuz nekeak eta nahigabeak,
ikusten eta zeure gain hartzen.
Zugan izten dau gizajoak bere zoria,
Zeu zaitu umezurtzak laguntzailea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ko 5, 19

R/.   Aleluia.

        V/.      Jainkoa ebilen Kristogan mundua beragaz adiskidetzen,
        eta geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Agindu eutsen ez egiela ezagutzera emon.
Holan, Jainkoak profetaren bidez esana bete zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 12, 14-21

    Aldi haretan, fariseuek, sinagogaitik urten ebenean, alkar hartu eben Jesusen kontra, ea zelan galduko.
    Jakin eban hori Jesusek eta alde egin eban handik. Jente askok jarraitu eutson, eta Jesusek danak osatu zituan, eta agindu eutsen ez egiela ezagutzera emon. Era horretara, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zan:

«Hona hemen nire zerbitzaria,
Neuk aukeratua, neure maitea, atsegin dodana.
Honengan ipiniko dot neure espiritua;
zuzenbidea iragarriko deutse herriei.
Ez dau hasarrerik sortuko, ez oihurik egingo,
ez da kaleetan haren berbarik entzungo.
Kainabera arrakalatua ez dau apurtuko,
doi-doi biztua dagoan argi-metxa ez dau amatatuko,
zuzenbidea nagusitu eragin arte.
Haxe izango dabe itxaropen nazinoek».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Batzuk Legeari itsu-itsuan loturik dagozan artean, Jesusek askatasunez jokatzen dau. Eta hori ezin dabe iruntzi legezaleek, Farisearrek-eta. Eta ha hiltea erabagiten dabe.

Jesusen proposamena ez da nahi-ta-ez, burutik behera, ezarten dana; proposatu egiten da, eta nahi dauanak onartu onartzen dau.

Batzuen derrigorkeria eta Jesusen askatasuna aurrez-aurre jarrita dagoz; baina Jesusek ez dau amore emongo; berea Aitaren errukia eta gizakiaganako maitasuna iragartea izango da.

Horren barri emoten dau ebanjelariak Isaiasen pasartea, Mesiasi buruzkoa, ezarriz.

Onartu ete geike Jesusen proposamena? Harek ez dau Jainkoa iragarten, edo erdiko jarten, eta haren aginduak beteazoten… Gizakia jarten dau erdiko, eta harenganako begiramena iragarten dau, haren alde —batez ere behartsua bada— dagoala Jainkoa iragarriz.

Zenbat bidegabekeria egin dauan Jainkoa erdian jarteak… halamoduz, ondo ulertu barik. Eta hori dala-eta zenbatek ihes egin daben holango Jainkoagandik eta ha iragarten ebenengandik…

Jarriko bagendu gizakia lehen mailan, Jesusek egiten eban lez, eta haren gaixotasunak-eta arintzen jardungo bagendu…

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...