Urtean Zeharreko XIV. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Mailadi bat ikusi eban,
eta Jainkoaren aingeruak mailadian gora eta behera.
Hasiera liburutik
Has 28, 10-22a
Egun hareetan, Jakob, Beer-Xebatik urten eta Haranera joan zan.
Toki batera heldurik, gaua bertan igarotzeko prestatu zan, eguzkia sartuta
egoan-eta. Harri bat hartu, burukotzat jarri eta hantxe etzun zan.
Amets hau egin eban: mailadi bat ikusi
eban, beheko ertza lurrean ebana eta goikoagaz zerua ikutzen ebana, eta
Jainkoaren aingeruak mailadian gora eta behera. Jauna haren gainekaldean egoan
zutunik, eta esan eutson: «Jauna naz Ni, zure asaba Abrahamen Jainkoa eta
Isaaken Jainkoa. Etzunik zagozan lurra zeuri eta zure ondorengoei emongo
deutsuet. Zure ondorengoak lurreko hautsa baizen ugari izango dira. Sartalde
eta sortaldera, iparralde eta hegoaldera zabalduko zara. Zure eta zure
ondorengoen bitartez bedeinkatuko ditut lurreko leinu guztiak. Begira, zeugaz
nozu Ni; edonora zoazala Neuk zainduko zaitut eta lurralde honetara
bihurtuazoko. Ez zaitut eskutik itziko, esan deutsudana bete arte».
Iratzartu zan Jakob bere amesetatik eta esan eban: «Jauna dago
toki honetan benetan, eta ni ohartu ez». Eta, bildurturik, esan eban: «Bai
ikaragarria toki hau! Benetan Jainkoaren etxea da eta zeruko atea!» Goizean
goiz jagi zan Jakob eta, burukotzat eukan harria harturik, zutunik ezarri eban
eta orioa isuri eutson gainera, Jaunari sagaratzeko. Toki hari «Betel» –hau da,
«Jainkoaren etxe»– ezarri eutson izena; lehenago «Luz» zan uriaren izena.
Gero, promes hau egin eban Jakobek:
«Jainkoa neugaz badot eta bide honetan babesten banau, jateko ogia eta janzteko
soinekoak emoten badeustaz, eta neure aitaren etxera bizirik eta osasuntsu
bihurtzen banaz, Jauna izango dot Jainko, eta oroitarri lez eraiki dodan harri
hau Jainkoaren etxe izango da».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 91 [90], 1-2. 3-4. 14-15b (R/. ik. 2b)
R/. Ene Jainko, Zeugan dot konfiantza.
V/. Goi-goikoaren aterpean bizi zaran horrek,
gaua Ahaltsuaren kerizpean emoten dozun horrek,
esaiozu Jaunari: «Zeu nire babesleku eta gaztelu,
ene Jainko, Zugan dot konfiantza». R/.
V/. Harek libratuko zaitu ehiztariaren saretik
eta izurri galgarritik.
Bere lumapean gerizatuko zaitu,
haren hegopean izango dozu babesleku,
haren besoa babeski eta koraza. R/.
V/. «Onik atarako dot, niri lotuta dagoalako,
toki seguruan jarriko, nire izena autortzen daualako.
Dei egingo deust, eta Nik erantzungo;
beragaz izango nau larrialdian». R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Neure emazte egingo zaitut betiko.
Oseasen Profezia liburutik
Os 2, 16.17b-18. 21-22
Honan berba egin dau Jaunak:
«Nik Neuk liluratuko dot
eta basamortura eroango neure herria
eta bihotzera hitz egingo deutsat.
Han bere gaztaroan lez erantzungo deust,
Egiptotik igon ebanean lez.
Egun haretan –dino Jaunak–,
"ene Senarra" deituko deustazu, eta ez "ene Baal".
Neure emazte egingo zaitut
betiko;
neure emazte egingo justiziaz eta zuzenbidez,
maitasunez eta errukiz.
Leialtasunez egingo zaitut neure emazte,
eta zuk ezagutuko dozu Jauna».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 145 [144], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 8a)
R/. Errukiorra eta bihozbera da Jauna.
V/. Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko.
Handia da Jauna, guztiz goresgarria,
mugarik bakoa haren handitasuna . R/.
V/. Belaunaldi batek besteari zure egintzak deutsoz goratzen,
zure egite ahaltsuak iragartzen.
Zure aintza eta ospe distiratsua dabe aldarrikatzen,
eta nik zure egintza harrigarriak adierazoten. R/.
V/. Zure balentria izugarriak dabez aitatzen,
eta nik zure egintza handiak kontatzen.
Zure ontasun handiaren barri dabe emoten
eta zure salbazinoa poz-oihuz goratzen. R/.
V/. Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
hasarregatxa eta onginahiz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure Salbatzaileak heriotza ezereztu dau
eta bizia argitu Barri Onaren
bidez. R/.
Ebanjelioa
Hil barria dot alaba;
baina zatoz eta biziko da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 9, 18-26
Aldi haretan, Jesus berbetan egoala, buruzagietako bat etorri
jakon eta, ahuspezturik, esan eutson: «Hil barria dot alaba; baina zatoz hari
eskua ezartzera, eta biziko da». Jesus jagi eta ondorik joan jakon bere
ikasleakaz.
Horretan, hamabi urte haretan
odol-jarioz egoan emakume bat atzetik hurreratu jakon Jesusi eta soineko-ertza
ikutu eutson, ze hauxe inoan bere barruan: «Jantzia behintzat ikutzen
badeutsat, osatu egingo naz».
Bihurtu zan Jesus eta, emakumea
ikustean, esan eutson: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinismenak osatu zaitu». Eta
ordu harexetatik gora osatuta gelditu zan.
Heldu zan Jesus buruzagiaren etxera
eta, hango dolu-negartiak eta jentearen istilua ikustean, esan eutsen: «Alde
hemendik! Neskatoa ez dago hilik, lo dago». Hareek barre egin eutsoen.
Jentea bialdu ebenean, sartu zan Jesus
eta eskutik heldu eutson neskatoari, eta neskatoa jagi egin zan. Inguru haretan
guztian zabaldu zan gertatuaren barri.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Markosek askoz luzeago azaltzen deuskuzan Jesusen ezaugarri biok, Mateok labur-labur dakarkuz. Inguru haretan, Jesusen ezaugarriok daben eragina eta han bizi daben kontraesana agerian jartea dau, antza, helburu.
Alde batetik, buruzagi baten eskaria agertzen jaku. Eta hau Jesusengana hurreratzeak (Jesus agintariek baztertuta dauke eta ha salatzen dihardue), erakundean (erlijino-gunean) salbamenik ez dauala aurkitzen jarten dau agerian.
Bardin jazoten jako jente arteko emakumeari ere. Aurrekoa erakundearen ezaugarri bazan, emakumea herri xumearen ezaugarri dogu. Hau, bere odol-jarioa dala-ta, erakundeak baztertuta dauka (Legearen izenean), eta ez dau aurkitzen osasunbiderik, bila ibili arren.
Jesusek emakumeari bere sinismenaren indarraren barri emongo deutso (zeure sinismenak osatu zaitu), eta hilik dagoan neskatoaren inguruan dolu-negarrez diharduenei bizitzaren barri emoten deutse.
Hilik dagoana kutxakorra da, ezin da ikutu. Jesusek eskutik oratuko deutso: bizitza daroa.
Urtean Zeharreko XIV. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Israel deituko deutsue;
Jainkoagaz burrukan jardun dozu
eta garaile urten.
Hasiera liburutik
Has 32, 22-32 (hebr. 23-33)
Egun hareetan, ondino gaua zala, jagi zan Jakob eta, bere emazte
biak, neskame biak eta hamaika semeak harturik, Jabok erreka igaro eban. Jentea
eta eukan guztia errekaz bestaldera igaroazo eban.
Jakob bakarrik gelditu zan, eta gizon
batek beragaz burrukan egin eban egunsentira arte. Gizonak, ezin menperatu
ebala ikusirik, izter-giltza ikutu eutson Jakobi burrukaldian eta kili-kolo
jarri. Gizonak esan eutson: «Itzi egidazu joaten, eguna zabaltzeko zorian
dago-eta». Jakobek erantzun eutson: «Ez deutsut itziko, bedeinkatu nagizun
arte». Harek itaundu eutson: «Zelan dozu izena?»
«Jakob», erantzun eutson. Besteak,
orduan: «Aurrerantzean ez deutsue Jakob deituko, Israel baino, burrukan egin
dozu-eta Jainkoagaz eta gizakiekin, eta garaile urten dozu». Jakobek itaundu
eutson: «Esaidazu, mesedez, zeure izena». Harek erantzun: «Zergaitik itauntzen
deustazu izena?» Eta han bertan bedeinkatu eban.
Jakobek toki hari «Penuel» –hau da,
«Jainkoaren Aurpegia»– ezarri eutson izena, hau inoan-eta: «Jainkoa aurpegiz
aurpegi ikusi eta bizirik gelditu naz». Eguzkiak urteten ziharduan Jakob
Penueldik igaro zanean, eta izterretik herrenka ebilen. Horra zergaitik
Israelen ondorengoek ez daben gaur arte izter-giltzaren gaineko nerbiorik
jaten, gizon harek Jakobi horixe ikutu eutsolako.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 17 [16], 1. 2-3. 6-7. 8 eta 15 (R/. 15a)
R/. Nik, Jauna, zuzena nazala,
zure aurpegia dot ikusiko.
V/. Entzun, Jauna, nire justizia-eskea,
aditu nire deadarra;
makurtu belarria nire otoitzera,
ez dot engainurik ezpanetan. R/.
V/. Emon egizu nire aldeko epaia,
ikusi begie zure begiek nire zuzentasuna.
Aztertu nire barrua, ikertu gauez be,
probatu suaz; ez dozu nigan okerrik aurkituko;
nire ahoak ez dau huts egin. R/.
V/. Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu nigana belarria, entzun nire ahotsa.
Agertu egizu zeure maitasun harrigarria,
erasotzaileengandik salbatzen dozuz-eta
zure esku ahaltsuan babesten diranak. R/.
V/. Zaindu nagizu begi-ninia lez,
gorde ni zeure hegoen kerizpean.
Nik, barriz, zuzena nazala,
zure aurpegia dot ikusiko,
izartukeran zure presentziaz naz asetuko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Haizea erein dabe, eta ekatxa jagiko.
Oseasen Profezia liburutik
Os 8, 4-7. 11-13
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Nik aukeratu bakoak izentatu dabez errege,
nire oneretxirik barik izentatu buruzagiak.
Euren zidar eta urrez jainko-irudiak egin dabez,
euren buruaren galbide.
Higuingarria Samariak gurtzen dauan zekorra.
Hasarre-sutan nago neure herriaren kontra:
noiz helduko ete dira garbi izatera?
Irudi hori artisau israeldar batek egina da, eta ez da jainko.
Samariako zekorra zati-zati egingo dabe.
Izan be, haizea erein dabe, eta ekatxa jagiko;
garaurik bako galburuak urunik ez,
eta, izango baleu be, atzerritarrek jango leukie.
Altarak ugaritu ditu Efraimek
pekatua kentzeko,
baina pekatu-bide izan jakoz altarok.
Nik milaka lege idatzita be,
ez ditu beretzat hartzen.
Opariak eskeintzea dabe atsegin eta oparigaien haragia jatea;
baina Jaunak ez ditu onartzen.
Orain hareen gaiztakeriez gogoratuko da,
euren pekatuakaitik kontuak eskatuko deutsez,
eta Egiptora bihurtu beharko dabe».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 115 [113 B], 3-4. 5-6. 7ab eta 8. 9-10 (R/. 9a)
R/. Israeldarrok, izan konfiantza Jaunagan.
Edo: Aleluia.
V/. Gure Jainkoa zeruan dago
eta nahi dauan guztia egiten dau.
Hareen idoloak, barriz, zidar eta urre dira,
gizakien eskulan. R/.
V/. Ahoa bai, eta hitzik ez dabe,
begiak bai, eta ikusten ez,
belarriak bai, eta entzuten ez,
sudurra bai, eta usaintzen ez. R/.
V/. Eskuak bai, eta ikutzen ez,
oinak bai, eta ibiltzen ez.
Bihurtu beitez hareen antzeko euren egileak,
hareengan konfiantza dabenak. R/.
V/. Israeldarrok, izan konfiantza Jaunagan,
bera dozue laguntzaile eta babesle.
Aarondar abadeok, izan konfiantza Jaunagan,
bera dozue laguntzaile eta babesle. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 14
R/. Aleluia.
V/. Neu naz artzain ona, dino Jaunak;
ezagutzen ditut neure ardiak,
eta neureek ezagutzen nabe Ni. R/.
Ebanjelioa
Uzta ugaria da, baina langileak gitxi.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 9, 32-38
Aldi haretan, deabruaren menpe egoan mutu bat ekarri eutsoen
Jesusi. Honek deabrua bota egin eban, eta mutua berbetan hasi zan. Jenteak,
harriturik, inoan: «Ez da Israelen egundo holakorik ikusi».
Fariseuek, barriz, hau inoen:
«Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».
Herriz herri eta auzorik auzo ebilen
Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren gaineko Barri Ona iragarten eta
gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. Jentetza ikustean, erruki izan eban, ze
nekatuta eta lur jota egoan ha jentea, artzainik bako ardiak lez. Orduan,
ikasleei esan eutsen: «Uzta ugaria da, baina langileak gitxi. Erregutu, bada,
uzta-jabeari, bialdu dagizan beharginak bere uztara».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Pasarte honetan, Jesusen ingurukoek bizi daben beste kontraesan baten barri emongo deusku ebanjelariak.
Gaisoa (deabruak hartua) ez daroe erlijino agintariengana, erakundera, osatua izan daiten. Antza, ez dauke hareengan usterik; eta bai hareek baztertuagan. Baina ez dauz horrek Jesusen jarraitzaile bihurtzen: euren praktiketan jarraitzen dabe…
Holango egoerek min emoten deutsoe Jesusi, eta holangoen arduraz bizi da, bere otoitzera eroateraino, eta bere ikasleak ere horretan inplikatuazoteraino.
Herri harek artzainak behar dauz; deslai dagozan ardiak emoten dabe. Eta hori zeruko Aitari eskatu behar jako. Ez dago geure ahaleginen eskura.
Artzainak ez dira erakundea zaindu behar dabenak, herritarrak, jainkozaleak zaindu behar dabezanak baino; harei itxaropena eta Jainkoagandiko dohaiak eskuratuazo behar deutseenak: testiguak.
Gaur egungo geure egoereari begituz.. nahikoa ete dogu bokazinoen alde eskatzeaz ala testigu izan beharra daukagu?
Urtean Zeharreko XIV. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Geure anaiari egin geuntsan okerra gabiltz ordaintzen
.Hasiera liburutik
Has 41, 55-57; 42, 5-7a. 17-24a
Egun hareetan, Egipto osora zabaldu zan gosetea, eta herria
faraoiari joan jakon oihuka ogi eske. Faraoiak esan eutsen: «Zoaze Joserengana
eta egin harek esango deutsuena». Gosetea lurralde osora zabaltzean, Josek
garautegiak eraiki eta garia saldu eutsen egiptoarrei. Gero eta gogorragoa zan
gosetea Egipton. Lurralde guztietatik etorren jentea Egiptora, Joseri garia
erostera, gogorra zan-eta gosetea mundu guztian.
Beste asko lez, Jakoben semeak be
Egiptora joan ziran garia erostera, gosetea zan-eta Kanaango lurraldean be.
Jose zan lurralde haretan agintari, eta berak saltzen eutson garia jente
guztiari. Heldu ziran, bada, Joseren anaiak, eta lurreraino ahuspeztu jakozan.
Ikusi orduko ezagutu ebazan Josek bere anaiak; baina ez eutsen bere burua
ezagutzera emon; gainera, zakar berba egin eutsen. Eta kartzelara sartu ebazan
hiru egunerako.
Hirugarren egunean esan eutsen: «Egizue esaten deutsuedana eta biziko zarie,
nik be begirune deutsat-eta Jainkoari. Egia dinozuela ziurtatu arte, anaietako
bat gelditu dadila hemen preso; besteok joan zaitekeze garia eroatera etxekoen
gosea asetzeko. Gero, ekarri egidazue zeuen anaia gazteena; holan probatuko
dozue egia dinozuela, eta ez zarie hilko».
Hareek onartu eben proposamena, eta
alkarri inotsoen: «Geure anaiari egin geuntsan okerra gabiltz ordaintzen.
Estutasunean ikusi eta erreguka ekin euskunean, ez geuntsan jaramonik egin.
Hara nondik datorkigun oraingo estualdi hau». Rubenek esan eutsen: «Esan
neutsuen nik mutikoari kalterik ez egiteko, baina ez zeunsten jaramonik egin;
eta orain haren heriotzaren kontua eskatzen jaku».
Ez ekien Josek ulertzen eutsela,
itzultzaile baten bitartez hitz egiten eutsen-eta. Orduan, Josek, apur bat
urrunduz, negarrari emon eutson. Gero etorri eta eurekin berbetan jarraitu
eban.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 33 [32], 2-3. 10-11. 18-19 (R/. 22)
R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta geure uste ona.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
jo harentzat hamar hariko harpa.
Kantatu egiozue kantu barria,
jo trebetasunez irrintzi eginez. R/.
V/. Ezereztu egiten ditu Jaunak nazinoen asmoak,
huts bihurtzen herrien burubideak.
Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi. R/.
V/. Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunagana jotzeko sasoia dozue.
Oseasen Profezia liburutik
Os 10, 1-3. 7-8. 12
Mahatsondo mardula zan Israel, frutu ugari emoten ebana.
Zenbat eta frutu gehiago, orduan eta altara gehiago;
zenbat eta lurra aberatsago,
orduan eta zutarri sakratuak dotoreago.
Banatua dauka bihotza, eta orain ordaindu egin beharko dau:
Jaunak berak apurtuko deutsoz altarak,
lurrera botako zutarri sakratuak.
Orduan esango dabe: «Ez dogu erregerik,
ez deutsagu-eta Jaunari begirunerik izan.
Baina erregeak be zer egin leike gure alde?»
Samariarenak egin dau;
badoa haren erregea, zozpala ur-azalean lez.
Hondatuak izango dira muinoetako sasikultu-lekuak,
Israeli pekatura eragin eutsoenak;
sasiak eta laharrak hartuko ditu altareak.
Orduan, esango deutsie mendiei: «Estaldu gagizuez»,
eta muinoei: «Jausi zaiteze gure gainera».
Erein zuzentasuna, eta maitasuna jasoko dozue;
landu solo barria, Jaunagana jotzeko sasoia dozue-eta,
ha etorri eta salbazinoa isuri deizuen euria lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 4b)
R/. Ekarri gogora Jaunak egindako mirariak.
Edo: Aleluia.
V/. Kanta egiozue, jo soinua harentzat,
konta haren mirari guztiak.
Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok. R/.
V/. Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia.
Ekarri gogora harek egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.
V/. Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 1, 15
R/. Aleluia.
V/. Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak;
bihotz-barritu zaiteze eta sinistu
Barri Ona. R/.
Ebanjelioa
Zoaze galduta dabiltzan Israel etxeko ardietara.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 10, 1-7
Aldi haretan, Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena emon
eutsen espiritu txarrak botatzeko eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzeko.
Hona hemen hamabi apostoluen izenak:
lehenengo Simon, Pedro deritxona, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena
eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria,
Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu
ebana.
Hamabi horreek bialdu zituan Jesusek,
ohar honeek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako
herrialdean be, ezpada ze zoaze Israel herriko ardi galduetara. Bidean
zoazeela, iragarri hurrean dala zeruetako erreinua.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Gaurko ebanjelio zati honetan hiru arlo aurkitu geikez, eta kontuan
hartzekoak.
Lehenengoan, Jesusen jarrerea agertzen jaku: Dei egiten deuste ikasleei,
eta espiritu lohien gaineko indarra emoten deutse.
Deitzen dauanean ba, Jesusek bere ahalmenaz janzten dau deitua; bialtzeko
da (ahalmena ez da, ba, norbetretzat, banantzeko eta besteen onerako
baino. Jesusek berak dauan errukia eta besteen ardurea gauzatzeko).
Bigarrenean, hamabi aukeratuen izenak emoten deuskuz. Argi dago Israelgo
12 leinuen ordezkari dirala; Jesusek Israel barria eraikitzen
dauala. Eta honeen artean halan-holangoak ere badira: anaiak,
gogorkeria-zaleak, zergalari izandakoak, saltzailea izango dana… Era askotakoak
dira, eta eztabaida sortuazoko dau euren artean emakume-izenik ez agertzak,
ikasleen artean baegozalako.
Eta, bialtzean, jentilen artera ez joateko agintzen deutse
Jesusek. Hartutako dohaiak, ba, etxekoen artean banandu behar dira
lehenik. Baina ez da horretan geldituko: etxean aurkitzen diran ezinak eta
oztopoek, ateak zabaltzera eroango dabez, eta atzerritarrengana abiatzea.
I. urtean
I. Irakurgaia
Zuen bizia salbatzeko
bialdu ninduan Jainkoak Egiptora.
Hasiera liburutik
Has 44, 18-21. 23b-29; 45, 1-5
Egun hareetan, Judak Joserengana hurreratu eta esan eutson:
«Jauna, itziozu zeure zerbitzari honi berba bi esaten; faraoia lez zara zu eta
ez zakidaz hasarratu. Jauna, aitarik edota beste anaiarik ba ete genduan
itaundu zeunskun zuk zeure zerbitzarioi. Baietz erantzun geuntsun, bagenduala
oraindino aita zaharra, baita zahartzaroan jaio jakon seme gaztea be. Gure
aitak oso maitea ebala, ha zalako emazte harengandik gelditzen jakon bakarra,
bestea hila ebanez. Anaia ha hona ekartzeko esan zeunskun zeure zerbitzarioi,
ikusi egin nahi zenduala-eta. Gainera, esan zeunskun, gure anaia txikia gugaz
ez baetorren, ez azaltzeko barriro zure aurrera.
Zure zerbitzari eta gure aitagana
bihurtu ginanean, zuk, jaun horrek, esandakoa adierazo geuntsan. Eta gure aitak
jateko apur bat erostera barriro bihurtzeko agindu euskun eta guk erantzun
geuntsan ez geintekezala etorri, gure anaia txikia geugaz ez bagenkarren, ha
barik ezin ginala zure aurrera agertu. Orduan, zure zerbitzari gure aitak honan
berba egin euskun: "Zuek badakizue nire emazte Rakelek seme bi emon
eustazana; batak alde egin eustan eta ez dot gehiago ikusi: piztiaren batek
iruntsi ebalakoan nago. Beste hau be nire ondotik eroan eta ezbeharren bat
jazoko balitxako, ni, agure hau, atsekabez hilko nintzateke"».
Josek, bere sentipenei gehiago eutsi
ezinik, inguruan ebazan guztiei agindu eutsen: «Urten danok hemendik!» Halan,
ez zan Josegaz inor gelditu, anaiei bere burua ezagutzera emon eutsenean.
Orduan, negarrari emon eutson errime. Entzun eutsoen egiptoarrek, eta
faraoiaren jauregian be izan eben horren barri.
Josek esan eutsen anaiei: «Jose naz
ni. Bizi ete da oraindino aita?» Baina hareek, ikararen ikaraz, ez eben
erantzuten asmatzen. Orduan, Josek: «Tira, hurreratu nigana». Hurreratu jakozan
eta esan eutsen: «Bai, Jose nozue, zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu
zenduena. Baina ez izan orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako.
Zuen bizia salbatzeko bialdu ninduan Jainkoak zuen aurretik».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 16-17. 18-19. 20-21 (R/. 5a)
R/. Ekarri gogora Jaunak egindako mirariak.
Edo: Aleluia.
V/. Gosea bialdu eban lurraldera,
janari-hornidura guztiak kendu eutsezan;
bialdua eban, ostera, aurretik gizon bat,
Jose, esklabotzat saldua. R/.
V/. Katez lotu eutsoezan oinak,
burdinazko samakoa gehitu,
harek iragarria bete zan arte,
holan probatu eban Jaunaren hitzak
haren errubakotasuna. R/.
V/. Orduan, ha askatzeko agindu eban erregeak,
libre izteko, herrien nagusiak;
eta bere jauregiko buru egin eban,
bere ondasun guztien administratzaile. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ikaraz jartzen jat bihotza.
Oseasen Profezia liburutik
Os 11, 1-4. 8c-9
Honan berba egin dau Jaunak:
«Israel umea zala, maite izan neban;
eta Egiptotik dei egin neutsan neure semeari.
Baina zenbat eta gehiago nik deitu,
hainbat eta urrunago eusten alde egiten.
Baalei sakrifizioak eutsiezan eskeintzen,
sasijainkoei intsentsua erretzen.
Nik erakutsi neutsan oinez
Efraimi, besoetan eroan neban;
halan be, ez ziran ohartu Nik zaintzen nituala.
Amodio-lokarriz erakartzen nituan, maitasun-loturaz:
umetxua aurpegiraino jasotzen dauana lez nintzan hareentzat;
makurtu eta jaten emoten neutsen.
Ikaraz jartzen jat bihotza,
dardaraz erraiak.
Ez deutsat hasarreari bizten itziko;
ez dot Efraim barriro hondatuko,
Jainkoa naz-eta Ni, ez gizakia, santua Ni zuen artean,
eta ez nator hasarre-suminez».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 80 [79], 2ac eta 3bc. 15-16 (R/. 4b)
R/. Erakutsi guri, Jauna, aurpegi argia,
salbatu gaitezan.
V/. Entzun, Israelen artzain,
hegodun izakien arteko tronuan zagozan horrek!
Biztu zeure ahalmena
eta zatorkiguz salbatzera. R/.
V/. Jainko ahalguztiduna, bihurtu, arren,
begira zerutik, ikusi!
Hartu egizu zeure mahatsondoaren ardura,
zaindu zeure eskuz landatu dozuna. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 1, 15
R/. Aleluia.
V/. Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak;
bihotz-barritu zaiteze eta sinistu
Barri Ona. R/.
Ebanjelioa
Hutsean hartu dozue, emon hutsean.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 10, 7-15
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Bidean zoazeela,
iragarri hurrean dala zeruetako erreinua. Osatu egizuez gaixoak, biztu
hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu dozue, emon
hutsean.
Ez eroan urrerik, ez zidarrik, ez
dirurik garrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez
oinetakorik, ezta makilarik be, ze zor jako langileari behar dauan jatekoa.
Edozein herritan nahiz auzotan sartzen
zarienean, jakizue ba ete dan konfiantzazko inor, eta gelditu haren etxean,
herri haretatik urten arte.
Etxean sartzean, egin bake-agurra;
etxekoak duin badira, heldu bekie zuen bakea; duin ez badira, barriz, zuen
bakerik barik geldituko dira.
Onartzen ez bazaituee eta zuen berbea
entzun gura ez badabe, etxe nahiz herri haretatik urtetean, astindu zeuen
oinetako hautsa. Benetan dinotsuet: auzi-egunean Sodomak eta Gomorrak zigor
bigunagoa izango dabe herri harek baino».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen aukeraketak eta bere ondora, ikasteko, erakarteak badauka
helburua: bere izenean bialduak izatea, eta Erreinuaren etorrerea
iragartea.
Erreinuaren ezaugarriak ere gauzatu ahal izango dabez ikasleek,
bialduek, Maisuaren indarraz jantziek; eta dohainik hartua dohan zabaldu
behar izango dabe.
Ezaugarriok Jainkoaren errukia azaleratzen dabe, behartsuenganako
begiramena eta honeen lehentasuna Jainkoaren bihotzean.
Dohakotasunaren ikasbide zehatz eta zorrotzak hartzen dabez: pobrezia
iragarten dabe eta uste on osoa norbere ahalmen eta jakintza eta ondasunetan
barik Jaunagan izatea.
Erreinuaren iragarpena Jaunarena da, ba, eta harek bere ondora deitzen
dauz berak nahi dauzanak, eta honeen esku izten dau berea dan
eginkizuna. Uste osoa dau ikasleengan, bialduak diranengan.
Urteak joan eta urteak etorri, zer egin dogu, ikasle-bialdu lez, Eleiza
lez, guzti horretaz? Hausnartu beharrekoa litzateke, eta zuzendu beharrekoa...
I. urtean
I. Irakurgaia
Orain bai hil naitekela
zure aurpegia ikusi ondoren.
Hasiera liburutik
Has 46, 1-7. 28-30
Egun hareetan, abiatu zan Jakob Egiptora, bere ondasun guztiekin.
Beer-Xebara heldurik, sakrifizioa eskeini eutson bere aita Isaaken Jainkoari.
Gau-ikuskari baten Jainkoak dei egin eutson: «Jakob, Jakob!» Harek erantzun:
«Hemen nozu». Jainkoak barriro: «Jainkoa naz Ni, zure aitaren Jainkoa. Ez bildurrik
izan Egiptora jaisteko, herri handi bihurtuko zaitut-eta han. Neu jatsiko naz
zugaz Egiptora, eta Neuk bihurtuazoko zaitut barriro handik. Eta hiltzean,
Josek itxiko deutsuz begiak».
Beer-Xebatik abiatzean, Jakoben semeek
hareek eroateko faraoiak bialdutako gurdietara igonazo eutsoen aita Jakobi,
umeei eta emazteei. Euren abereak eta Kanaango lurraldean pilaturiko ondasunak
be eroan ebezan. Eta Egiptora joan zan Jakob, bere etxeko guztiekin. Bere
seme-alabak eta bilobak, bere ondorengo guztiak eroan ebazan Jakobek Egiptora.
Jakobek bere seme Juda bialdu eban
aurretik Joserengana, Goxengo eskualdean lekua prestatzera. Goxenera heldu
ziranean, Josek bere zalgurdia prestatuazo eta hara joan zan, bere aita
Israelen bidera. Ikusi ebanean, lepotik heldu eutson eta negarrez egon zan
luzaro besarkaturik egozala. Jakobek esan eutson Joseri: «Orain bai hil
naitekela zure aurpegia ikusi ondoren, oraindino bizirik zagoz-eta».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 37 [36], 3-4. 18-19. 27-28. 39-40 (R/. 39a)
R/. Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa.
V/. Izan konfiantza Jaunagan eta egin on dana,
bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.
V/. Jauna arduratzen da zintzoen biziaz,
betiko iraungo dau hareen ondareak;
zoritxar-sasoian ez dira lotsagarri geratuko,
asebeteak dira izango gose-egunetan. R/.
V/. Alde gatxetik, egin on dana,
eta beti izango dozu non bizia;
zuzenbidea maite dau-eta Jaunak
eta ez ditu bertan behera izten bere fededunak. R/.
V/. Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa,
ha dabe gotorlekua arrisku-sasoian;
Jaunak lagundu eta onik ataratzen ditu,
gaiztoengandik onik atara eta salbatzen,
harengan babesten dira-eta. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ez deutsegu gehiago «geure jainko» esango
geure eskuz eginei.
Oseasen Profezia liburutik
Os 14, 2-10
Honan berba egiten dau Jaunak:
Bihurtu zaitez, Israel, Jaunagana, zeure Jainkoagana,
zeure gaiztakeriakaitik jausi zara-eta.
Prestatu egizuez berba egokiak eta bihurtu Jaunagana;
esaiozue: "Kendu egiguzu gaiztakeria guztia,
eta hartu onez geure ezpanez egiten deutsugun oparia.
Ez gaitu Asiriak salbatuko;
ez dogu ustea guda-zaldietan jarriko,
eta ez deutsegu gehiago 'geure jainko' esango geure eskuz eginei.
Zugan aurkitzen dau umezurtzak errukia".
Neuk osatuko dot hareen
desleialkeria
eta bihotz zabalez maitatuko ditut,
urrunduta dot-eta hareengandik hasarrea.
Iruntza lez izango naz Israelentzat;
lilia lez loratuko da
eta Libanoko zuhaitzak lako sustraiak botako ditu;
kimuek urtengo deutsoe;
haren ederra olibondoarena lakoa izango da,
eta haren usaina Libanokoa baizen gozoa.
Haren kerizpean biziko dira
barriro,
garia lez bizibarrituko dira,
mahastiaren antzera loratuko
eta haren ospea Libanoko ardaoarena lakoa.
Efraimek esango dau:
"Zer ardura deuste sasijainkoek honezkero?"
Nik, Jaunak, erantzuten deutsat eta haretaz arduratzen naz.
Zipresaren antzeko naz Ni, beti gordin:
Nigandik datorkizu frutua.
Jakintsuak ulertu begi hau
guztia,
burutsuak jaso begi esanahia.
Bai, zuzenak dira Jaunaren bideak,
eta zintzoak horreetan dabiltz;
pekatariak, barriz, jausi egiten dira».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 51 [50], 3-4. 8-9. 12-13. 14 eta 17 (R/. 17b)
R/. Nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
V/. Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire hobena zeure neurribako bihozberaz.
Garbitu nagizu zehatz neure errutik,
garbitu neure pekatutik. R/.
V/. Zuk bihotz leiala dozu atsegin,
barru-barruan jakituria deustazu irakasten.
Kendu nire pekatua isipuz, eta garbi geldituko naz,
garbitu nagizu, eta edurra baino zuriago bihurtuko naz. R/.
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota zeure aurretik,
ez kendu niri zeure arnasa santua. R/.
V/. Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu zeure arnasa oparoaz.
Eraiki, Jauna, nire ezpanak,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 16, 13a; 14, 26d
R/. Aleluia.
V/. Egiaren Espiritua etortzean,
harek gidatuko zaitue egia
beteraino
eta gogoratuazoko deutsue Nik esan
deutsuedan guztia. R/.
Ebanjelioa
Ez dozue zeuok berba egingo,
zuen Aitaren Espirituak berba egingo dau zuen bidez.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 10, 16-23
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Hara, ardiak otso
artera lez bialtzen zaituet. Izan zaiteze, bada, sugeak baizen zuhur eta usoak
baizen apal.
Kontuz jentearekin! Auzitegietara
eroango zaituee eta sinagogetan zigortuko; agintarien eta erregeen aurrera
eroango zaituee Nigaitik, autormen egin dagizuen hareen eta jentilen aurrean.
Eroaten zaitueenean, ez egon zer eta zelan esango dozuen arduratan: une haretan
bertan iragarriko deutsue Jainkoak zer esan; ez dozue zeuok berba egingo, zuen
Aitaren Espirituak berba egingo dau zuen bidez.
Anaiak anaia emongo dau heriotzara,
eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka jagiko dira eta hil egingo ditue.
Mundu guztiak gorroto izango deutsue Nigaitik; baina azkeneraino irauten
dauana, horixe izango da salbatua.
Herri baten pertsegitzen bazaituee,
egin alde beste batera. Benetan dinotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez
dituzue Israelgo herri guztiak igaroko».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek bere ikasleei, bialduei, burubideak emoten dihardu. Maisuak oztopoak aurkitzen badauz bere eginkizuna garatzean, zer gitxiago ikasleak? Honen zeregina ere ez da larrosa artean garatuko; oztopoak eta bi aurkituko dauz.
Oztopo eta burruka artean zabaltzen da, ba, Jainkoaren erreinua. Baina ez da nahi-ta-ez, burutik behera, ezarri beharrekoa; proposatu egiten da eta, ezezkorik aurkitzean, ez da temati ahalegintzen… Batzuen bihotz gogorkeria eta ezetza, beste batzuengana zuzentzeko aukerea izango da.
Ez dinotse, ba, Jesusek erreztasunez garatuko dabela erreinuaren iragarpena, oztopoen artean baino. Gainera, oztopoak etxean bertan aurkituko dabez, senide eta lagunen artean. Bai eskatzen deutsela tinko eta sendo irauteko, zintzotasunez.
Ikaslea etsipenera eroan daike bere makaltasunak; baina Jaunak eusten deutso eta adore emoten eta saria ziurtatzen. Jaunagandik hartutako eginkizunari zintzo erantzuten jakola jakitea baino sari handiagorik ez dago.
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak zuen alde eskuhartuko dau,
eta lurralde honetatik igonazoko deutsue.
Hasiera liburutik
Has 49, 29-32; 50, 15-26a
Egun hareetan, honako agindu honeek emon eutsezan Jakobek bere
semeei: «Laster hil eta neure asabekin alkartuko naz. Lur emoidazue neure
gurasoen ondoan, Kanaango lurraldean, Efron hititaren landako hartzuloan;
Makpela landan dago, Mambreren aurrez aurre; hartzuloa Abrahamek hilobitarako
erosi eutson, landa eta guzti, Efron hititari. Han lur emon eutsoen Abrahami
eta honen emazte Sarari; baita Isaaki eta honen emazte Rebekari be, eta han lur
emon neutsan nik Liari. Landa eta bertako hartzuloa hititei erosiak ziran». Jakobek, agindu honeek bere semeei emon
ondoren, batu ebazan oinak ohean eta, azken arnasa emonez, bere asabekin
alkartu zan.
Aita hil zala ikustean, honan
ziharduen alkarregaz Joseren anaiak: «Beharbada, Josek gorrotoa deusku eta egin
geuntsan kaltearen ordaina bihurtu nahiko deusku». Beraz, mandatu hau bialdu
eutsoen Joseri: «Gure aitak hil aurretik agindu euskun, zuri hau esateko:
"Parkatu, mesedez, zure anaien hobena eta pekatua; kalte egin eutsuen,
bai, baina orain parkatu euren hobena zeure aitaren Jainkoaren zerbitzari
honeei"». Negar egin eban Josek hori entzutean.
Gero, Joseren anaiek, beragana joan
eta aurrean ahuspezturik, esan eutsoen: «Zeure esklabo gozuz!» Josek erantzun
eutsen: «Ez bildurrik izan. Jainkoa ete naz, bada, ni? Zuek egin nahi izan
zeunsten kaltea Jainkoak on bihurtu dau, jente asko salbatuz, gaur jazotzen dan
lez. Ez, bada, bildurrik izan; neuk emongo deutsuet jaten, zuei eta zuen
seme-alabei». Eta nasaitu egin ebazan, bihotz barrura berba eginaz.
Jose eta bere aitaren familiakoek
Egipton bizitzen jarraitu eben. Ehun eta hamar urte bizi izan zan Jose, eta
Efraimen semeen semeak ezagutzera heldu zan. Manasesen seme Makirren semeak be
bere semetzat hartu ahal izan ebazan. Azkenik, honan berba egin eutsen Josek
bere anaiei: «Laster hilko naz ni; baina Jainkoak zuen alde eskuhartuko dau,
eta lurralde honetatik igonazoko deutsue, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin
eginez agindutako lurraldera».
Eta zin eginazo eutsen, esanez:
«Jainkoak zuen alde eskuhartuko dauanean, eroan nire hazurrak be zeuekin
hemendik». Eta hil egin zan Jose ehun eta hamar urte ebazala.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 105 [104], 1-2. 3-4. 6-7 (R/. ik. Sal 69 [68], 33)
R/. Izan bihotz, apalok,
Jainkoaren bila zabiltzenok!
V/. Goratu egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Kanta egiozue, jo soinua harentzat,
konta haren mirari guztiak. R/.
V/. Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia. R/.
V/. Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ezpan kutsatuak ditut.
Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi dot neure begiz!
Isaias Profetaren liburutik
Is 6, 1-8
Ozias erregea hil zan urtean, Jauna ikusi neban, tronu altu eta garai baten jesarrita; haren mantu-ertzak tenplua betetzen eban. Suzkoak lako izaki batzuk ebazan gainean; seina hego ebezan: hego bigaz aurpegia estaltzen eben, beste hego bigaz gorputza, eta beste biakaz hegaz egiten eben. Eta honan egiten eutsoen oihu alkarri:
«Santu, santu, santua, Jaun
ahalguztiduna!
Lur osoa betetzen dau haren aintzak!»
Ahotsaren oihuz tenpluko ate-orpoek dar-dar egin eben, eta tenplua kez bete zan. Nik esan neban:
«Ai ene, galdua naz!
Ezpan kutsatuak ditut
eta ezpan kutsatuak dituan herrian bizi naz.
Errege eta Jaun ahalguztiduna ikusi dot neure begiz!»
Une haretan, suzkoak lako izaki hareetako bat etorri jatan hegaz, altaratik suhatzez hartutako txingarra eskuetan ekarrela, eta txingarraz ahoa ikutu eustan, esanez:
«Hara, txingar honek ezpanak
ikutu deutsuz;
kendu jatzu, bada, gaiztakeria,
parkatu jatzu pekatua».
Orduan, Jaunaren ahotsa entzun neban esaten: «Nor bialduko dot? Nor izango dogu mandatari?» Eta nik erantzun: «Prest nozu, bialdu neu».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 93 [92], 1ab. 1c-2. 5 (R/. 1a)
R/. Errege da Jauna, ospez jantzia.
V/. Errege da Jauna, ospez jantzia,
Jauna indarrez jantzia eta inguratua! R/.
V/. Sendo ezarria dago mundua,
ez dago kili-kolo.
Zure tronua sendo ezarria dago betidanik,
betikoa zara Zu! R/.
V/. Zure erabagiak fidagarri dira;
zure etxea santutasunez eder, Jauna,
betiereko egunetan. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
1 P 4, 14
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak zuek,
kristau izateagaitik iraintzen
bazaituee,
Jainkoaren Espiritu aintzatsua
zuengan dagoala esan nahi dau-eta
horrek. R/.
Ebanjelioa
Ez izan bildurrik gorputza hiltzen dabenei.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 10, 24-33
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen apostoluei: «Ikaslea ez da
irakaslea baino gehiago, ezta morroia be nagusia baino gehiago. Nahikoa dau
ikasleak irakaslearen beste izatea, eta morroiak nagusiaren beste. Etxeko
jaunari Beeltzebul deitu badeutsoe, zer ez ete deutsie deituko haren etxekoei?
Ez izan jentearen bildur! Egon be, ez
dago ezer gordeta agertuko ez danik, ezta ezer ezkutuan be jakingo ez danik.
Gaueko ilunpean esaten deutsuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira
entzuten dozuena iragarri etxe-gainetatik. Ez izan bildurrik gorputza hil bai,
baina bizia kendu ezin dabenei; izan bildur, gorputza ez ezik, pertsona osoa be
infernuan galdu leikeanari.
Ez ete dira txori bi txanpon baten
saltzen? Halan be, ez da bat bakarra be lurrera jausten zuen Aitaren baimenik
barik. Zuen buruko uleak be zenbatuta ditu Jainkoak. Ez, bada, bildur izan;
txori guztiek baino gehiago balio dozue zuek.
Jentearen aurrean autortzen nauana
autortuko dot Neuk be zeruko neure Aitaren aurrean; baina jentearen aurrean
ukatzen nauana ukatu egingo dot Neuk be zeruko neure Aitaren aurrean».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusek apostoluei burubideak emoterakoan egunerokotasunez azaltzen deutse (bizitza arrunteko irudiak erabiliz) zelan jokatu behar daben, eta jokabide horretan zerk lagunduko deutsen.
Ikaslearen zeregina Maisuagandik jatorkona zintzotasunez eta osotasunez onartzea da, eta haren bialdu lez agertzea, haren gainetik jarri barik, eta apaltasunez jokatuz.
Aurkituko dabezan oztopoetan ere sakontzen dau: zelango izen-galtzea (fama txarra hartzea) jasango daben, Maisuari berari Beeltzebul deitu deutsoe-eta…
Gauza bat da behin eta barriz azpimarratzen deutsena: Ez izan jentearen bildur. Galtzeko ezer daukana izaten da bildur; baina ez da bildur izaten galtzekorik ez daukana. Pobrezia, ba, garrantzizkoa da. Ondasunei eta izen onari (fameari) loturik ez egotea garrantzizkoa da. Uste on osoa Jainkoagan jarrita eukitea da beharrezkoa, eta dana joango da haren nahierara.
Ikaslearen eginbeharra, ba, Maisua autortzea da; haren eskutik hartutako eginkizuna (Erreinuaren iragarpena) hitzez ta bizikeraz iragartea: dohan hartua dohan zabaltzea.