Urtean Zeharreko XIII. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Errubakoa be
galdu egin behar ete dozu
errudunagaz
batera?
Hasiera liburutik
Has 18, 16-33
Abrahamengana Mambreko artadira etorritako
gizasemeak zutundu eta Sodomarantz abiatu ziran. Abrahamek lagundu egin eutsen,
agurtu aurretik. Jaunak honan inoan bere kautan: «Egingo dodanaren barri emon
barik itzi behar ete dot Abraham? Izan be, herri handi eta indartsu bihurtuko
da eta lurreko herri guztiak honen bitartez bedeinkatuko ditut; hori aukeratu
dot, bere seme-alaba eta bere etxeko guztiei Jaunaren arabera bizitzen
irakasteko, on eta zuzen dana eginez; eta holan Jaunak bete egingo dau Abrahami
agindutako guztia».
Beraz, Jaunak esan eban: «Izugarria da
Sodomaren eta Gomorraren kontrako salakuntza, eta larriegia uri horreen
pekatua. Salakuntza hori egia ala guzurra dan ikusi behar dot».
Gizasemeek handik urten eta Sodomarantz jo
eben; Abraham, barriz, Jaunaren aurrean zutunik gelditu zan. Hurreraturik, esan
eutson Abrahamek: «Egiaz, errubakoa be galdu egin behar ete dozu errudunagaz
batera? Beharbada, badira berrogeta hamar errubako urian. Horreek be galdu egin
behar ete dozuz? Ez ete deutsazu parkatuko uriari berrogeta hamar errubako
horreekaitik? Alde zugandik holakorik egitea, errubakoa errudunagaz batera
hilarazotea! Zelan jokatuko dozu, bada, bardin batagaz zein besteagaz? Zuk ez
holakorik! Munduaren epaileak ez ete dau zuzenbiderik egingo?»
Jaunak erantzun eutson: «Sodomako uri
barruan berrogeta hamar errubako aurkitzen baditut, uri osoari parkatuko
deutsat hareekaitik».
Eta Abrahamek barriro: «Ausardia da benetan
hauts eta errauts nazan honek neure Jaunari hitz egitea. Jazo daiteke berrogeta
hamarrera heltzeko bost falta izatea; uri osoa hondatuko ete dozu bost
horreekaitik?» «Ez –erantzun eutson Jaunak–, ez dot hondatuko, urian berrogeta
bost aurkitzen baditut». Oraindino be Abrahamek: «Jazo daiteke berrogei
besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ba, ez dot hondatuko berrogei
horreekaitik».
Orduan, Abrahamek esan eutson: «Ez zaitez
hasarratu, ene Jauna, berbetan jarraitzen badot. Jazo daiteke hogeta hamar
besterik ez izatea». «Ez dot hondatuko, hogeta hamar aurkitzen baditut»,
erantzun eutson Jaunak. Abrahamek barriro: «Badakit ausartegia nazala; baina
jazo daiteke hogei besterik ez izatea». Jaunak erantzun: «Ez dot hondatuko
hogei horreengaitik». Eta Abrahamek: «Ez hasarratu, Jauna, beste behin
zuzentzen banaiatzu. Jazo daiteke hamar besterik ez izatea». Jaunak erantzun
eutson: «Ez dot hondatuko hamar horreekaitik».
Jaunak, Abrahamegaz berbetan amaitu ostean,
alde egin eban, eta Abraham bere txabolara bihurtu zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 8-9. 10-11 (R/. 8a)
R/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna.
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire
barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna,
ez
bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.
V/. Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx
guztiak osatzen;
zure
bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez
eta errukiz koroatzen zaitu. R/.
V/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa
eta onginahiz betea.
Ez
dabil etenbako auzitan,
ez
dau hasarrea betiko gordetzen. R/.
V/. Ez gaitu erabiltzen gure pekatuek merezi lez,
ez
deusku ordaintzen geure erruen arabera.
Zelan
zerua lurraren gainean garai,
halan
haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jente apala
lurreko hautsaren kontra
zapaltzen dabe.
Amosen Profezia liburutik
Am 2, 6-10. 13-16
Hau dino Jaunak:
«Israelek
gaiztakeriarik asko egin dau,
zein
baino zein handiagoa;
beraz,
ez deutsat parkatuko;
gizaki
zuzena dirutan saltzen dabelako
eta
behartsua, oinetako pare baten truke;
jente
apala lurreko hautsaren kontra zapaltzen dabe,
errukarriaren
eskubidea baztertzen.
Aita-semeak
neska beragana doaz, nire izen santua profanatuz.
Behartsuei
bahituran hartutako soinekoen gainean etzuten dira,
edozein
altara ondotan;
multaz
kendutako ardaoa edaten dabe euren jainkoaren etxean.
Nik
hondatu neban amortarra hareen aurretik
–zedroa
baizen tantai
eta
haritza baizen sendo zan amortarra–;
frutuak
bota neutsazan gainetik eta sustraiak atara azpitik.
Nik
igonazo neutsuen Egiptotik,
eta
basamortuan zehar berrogei urtez eroan,
amortarren
lurraldeaz jaubetu zeintezen.
Orain,
ostera, Neuk zapalduko zaituet,
gari-balaz
zamatutako gurdiak lurra zapaltzen dauan lez.
Bizkorrak
ezin izango dau ihes egin,
indartsua
ezin izango da bere indarraz baliatu,
ausartak
ez dau bizirik urtengo;
gezilariak
ez dau zutunik iraungo, oinezkoa ez da libratuko,
zaldizkoak
be ez dau bizirik urtengo;
egun
haretan, gudarietan ausartenak biluzik egingo dau ihes».
Halan dino Jaunak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 50 [49], 16b-17. 18-19. 20-21. 22-23 (R/. 22a)
R/. Entzun ondo, Jainkoaz ahaztuok.
V/. Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta
nire ituna ahotan hartu,
nire
zentzabideari gorroto badeutsazu
eta
nire berbei atzea emoten? R/.
V/. Lapurra ikustean, haregaz zoaz arineketan,
adulteriogileekin
alkartzen zara.
Arin
dozu ahoa gaiztakeriarako,
bizkor
mihina engainua asmatzeko. R/.
V/. Zeure senidearen aurka txarto esaka zabiltz,
zeure
amaren semea baltzitzen dozu.
Zuk
horreek egin, eta Ni isildu?
Zu
lakoa nazala uste ete dozu?
Salatu
egingo zaitut, aurpegira botako dana. R/.
V/. Entzun, beraz, ondo, Jainkoaz ahaztuok;
bestela,
hondatu egingo zaituet
eta
ez da libratuko zaituenik izango.
Esker
onezko oparia eskeintzen deustanak,
horrek
emoten deust aintza,
onbideratzen
danari
erakutsiko
deutsat neure salbazinoa. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Sal 95 [94], 8a. 7d
R/. Aleluia.
V/. Gaur, ez gogortu bihotza;
entzun
Jaunaren ahotsa. R/.
Ebanjelioa
Zuk jarraitu Niri.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 8, 18-22
Aldi haretan, Jesusek, bere inguruan
jentetza handia ikusirik, beste itsasertzera igarotzeko agindu eban. Orduan,
lege-maisu bat hurreratu jakon, esanez: «Maisu, edonora jarraituko deutsut».
Jesusek erantzun eutson: «Azeriek baditue zuloak eta zeruko hegaztiek habiak;
Gizonaren Semeak, ostera, ez dauka burua non ezarririk».
Beste batek, ikasleetarikoa zanak, esan
eutson: «Jauna, itzidazu lehenengo neure aitari lur emotera joaten». Jesusek
erantzun eutson: «Zuk jarraitu Niri, eta itzi hildakoei euren hildakoei lur
emoten».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ez dau onartzen Jesusek azaleko goralpenik, eta, holangoak somatzen dauan ingurutik ihes egiten dau beste itsasaldera, paganoek lurraldera. Han ez dago holango arriskurik.
Lege-maisuari emoten deutson erantzunak bere ondoan ez dauala ez ziurtasunik aurkituko ez irabazpiderik izango esan gura dau.
Eta aitari lur emotea… Edo hil artean ha zaindu beharra daukala adierazten dau, edo bestela, Jesusengan sinisten ez dabenak. Eta orduan eurek emongo deutsoe lur alkarri, temati jarraitzen dabelako inora ez doazan ohiturei eusten, Jesusen barrikuntza onartu gura ez-eta.
Argi izten dau, ba, Jesusek bere bizkereaz Jainkoaren erregetza iragartea eta gauzatzea dala bere lehentasuna. Eta hauxe irakasten deutse (deusku) bere jarraitzaile guztiei (guztioi).
Baina ez ete gagoz ziurtasun batzui eta gurari batzui lotuegi?
Urtean Zeharreko XIII. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jaunak sufrezko
eta suzko euri-zaparrada bota eban
Sodoma eta
Gomorra gainera.
Hasiera liburutik
Has 19, 15-29
Egun hareetan, aingeruek presa emoten
eutsoen Loti, esanez: «Jagi zaitez, hartu zeure emaztea eta hemen diran zeure
alaba biak, uriari ezarritako zigorrean galdu ez zaitezen». Baina Lot nagi
ebilela ikusirik, indarrez atara ebezan bera, emaztea eta alaba biak, eta
uritik kanpora itzi ebezan, erruki izan ebazan-eta Jaunak. Kanpora atara
ebezanean, hareetako batek esan eutson: «Salbatu egizu zeure bizia! Ez begiratu
atzera, ez gelditu ibar honetan; egin ihes mendira, galdu ez zaitezan!»
Lotek, ostera, erantzun eban: «Ez, arren,
ene Jauna! Begira, zeure morroi hau begiko izan dozu eta erruki handia agertu
deustazu, nire bizia salbatuz. Baina ez dot salbabiderik mendian, hondamendiak
harrapatu eta hilko ninduke-eta. Ikusi herri txiki ha; hurrean dago, bertan babesteko;
itzi egidazu herri txiki horretara ihes egiten eta bizirik urtengo dot».
Harek erantzun: «Ea, onartzen deutsut
eskabide hori be; ez dot hondatuko esan dozun herria. Zoaz bizkor eta babestu
han, ezin neike-eta ezer egin, zu hara heldu arte». Horregaitik, herri hari
«Tzoar» –hau da, «Txiki»– deritxo. Eguzkia urteten egoan, Lot Tzoarrera heldu
zanean.
Orduan, Jaunak sufrezko eta suzko
euri-zaparrada bota eban zerutik Sodoman eta Gomorran. Jaunak erraustu egin
ebazan uriak eta hareetako bizilagunak, lautada osoa eta lurreko landarak.
Loten emazteak atzera begiratu eban eta gatz-harri bihurtu zan.
Abraham, goizean goiz jagirik, Jaunagaz
egondako tokira joan zan; Sodoma, Gomorra eta ibarraldeko lautada osora
begiraturik, kea ikusi eban, labe batetik lez lurretik igoten. Honan, ibarreko
uriak erraustu ebazanean, Jainkoak gogoan izan eban Abraham eta onik atara eban
Lot, bizi zaneko urien hondamenetik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 26 [25], 2-3. 9-10. 11-12 (R/. 3a)
R/. Begien aurrean dot, Jauna, zure maitasuna.
V/. Aztertu nagizu, Jauna, ikertu nagizu,
arakatu
sutan nire bihotza, nire barrua.
Begien
aurrean dot zure maitasuna,
eta
zugazko leialtasunez jokatu dot. R/.
V/. Ez eroan ni pekatariekin batera,
ezta
nire bizia be hiltzaileekin batera,
beteak
dabez-eta esku biak
maltzurkeriaz
eta azpidiruz. R/.
V/. Nik, barriz, zintzo jokatu dot;
askatu
nagizu, erruki zakidaz!
Sendo
ditut oinak zuzentasun-bidean,
bedeinkatuko
dot Jauna batzarrean. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunak hitz egitean, nork ez zabaldu haren mezua?
Amosen Profezia liburutik
Am 3, 1-8; 4, 11-12
Entzun, Israelgo seme-alabok. Hona Jaunak
zuen kontra, Egiptotik atara eban familia horren guztiaren kontra, adierazoten
dauan mezua:
«Zuek
bakarrik aukeratu zaituet,
lurreko
familia guztien artetik;
horregaitik,
zeuen pekatu guztien kontua eskatuko deutsuet».
Gizon
bi alkarregaz joango ete dira,
lehenengo
ados jarri ez badira?
Lehoiak
oihanean orrorik egiten ete dau, harrapakinik ez badau?
Lehoikumeak
gordelekutik marruma egiten ete dau,
ezer
harrapatu ez badau?
Txoririk
jausten ete da lurrera, lakiorik jarri ez badeutsoe?
Askatzen
ete da lakioa lurretik, ezer harrapatu ez badau?
Jo
daiteke urian turuta, jentea ikaratu barik?
Jazo
daiteke urian zorigatxa, Jaunak eragin barik?
Ez,
Jainko Jaunak ez dau ezer egiten
bere
zerbitzari profetei bere asmoa agertu barik.
Lehoiak
orro egitean, nor ez bildurtu?
Jaunak
berba egitean, nork ez haren mezua zabaldu?
«Irauli
egin zaituet,
Sodoma
eta Gomorra irauli nituan lez;
sutatik
ataratako ilintiaren antzera libratu zarie.
Halan
be, ez zarie Nigana bihurtu,
halan
dino Jaunak.
Horregaitik,
zeu zigortzera nator, Israel.
Eta
zigortuko zaitudan ezkero,
prestatu
zaitez, Israel, zeure Jainkoaren aurrean agertzeko».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 5, 5-6a. 6b-7. 8 (R/. 9a)
R/. Gidatu nagizu, Jauna, zeure zuzentasunaren bidetik.
V/. Ez zara Zu gaiztakeria gogoko dauan Jainkoa,
ez
deutsazu Zuk gaiztoari harrerarik egiten,
harroek
ezin iraun dabe zure begien aurrean. R/.
V/. Gaizkile guztiak dozuz gorrotatzen,
guzur-ontziak
hondatzen.
Hiltzaile
eta maltzurrak
higuingarri
jatzuz, Jauna. R/.
V/. Ni, barriz, zure maitasun handiari esker,
sartuko
naz zure etxean,
zure
tenplu santura begira ahuspeztuko,
begirunez
beterik. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 130 [129], 5
R/. Aleluia.
V/. Jaunaren zain nago,
haren
hitza dot itxaroten. R/.
Ebanjelioa
Zutundurik,
hasarre egin eutsen haizeari eta itsasoari,
eta barealdi
handia egin zan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 8, 23-27
Aldi haretan, Jesusek txalupara igon eban
eta ikasleek jarraitu egin eutsoen.
Bat-batean, ekatx handia sortu zan itsasoan,
eta olatuek txalupa estaldu egiten eben. Jesus, barriz, lo egoan. Ikasleek
hurreratu eta itzartu egin eben, esanez: «Salbatu gagizuz, Jauna! Galtzera
goaz!»
Harek esan eutsen: «Zergaitik zarie hain
bildur, siniste gitxikook?» Eta, zutundurik, hasarre egin eutsen haizeari eta
itsasoari, eta barealdi handia egin zan.
Ikasleek, harriturik, hauxe inoen: «Nor ete
dogu berau, haizeak eta itsasoak be berak esana egiten dabe-eta?»
Jaunak esana.
IRUZKINA
Eleizearen gaurko egoeratik irakurriko bagendu ebanjelio zati hau?
Jesusek ez dau inogandiko txalorik bilatzen ez eta edonor bere inguruan onartzen. Eta beste aldera igaroteko buru-belarri sartzen da itsasoan, ezelango bildur barik, ez ezelango ziurtasun barik.
Ikasleek ostera bildurrez esnatuazoten dabe… sinismen txikikook, halakook!
Egunotan gure Eleizeak mundu eta kultura hau lirateken itsaso zakarrean sartu guran dihardu barriro, Vaticano II. Batzar Nagusia berreskuratuz.
Orduan, bildurrez, barriro ateak itzi ebezanak gaur egun ere ahaleginetan dabilz lehengo ospe eta agintearen ameskerietan eta guzurrezko jarreretan.
Jainkoaren erregetza iragartea ausardiaz, uste Jesusengan eta ez beste ezertan jarriz egin beharreko gauzea da.
Ez ete dogu entzun behar sinismen txikikook, halakook!?
Urtean Zeharreko XIII. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Neskamearen
semeak ez dau oinordeko izan behar
nire seme
Isaakegaz
Hasiera liburutik
Has 21, 5. 8-20
Abrahamek ehun urte ebazan bere seme Isaak
jaio jakonean. Hazi zan umea eta kendu eutsoen bularra, eta Abrahamek jatordu
bikaina antolatu eban Isaaki bularra kendu eutsoen egunean.
Ohartu zan Sara, Agar egiptoarrak Abrahami
emon eutson semea bere seme Isaakegaz ebilela jolasten, eta esan eutson
Abrahami: «Bota egizuz etxetik neskamea eta haren semea, neskamearen semeak ez
dau-eta oinordeko izan behar nire seme Isaakegaz». Biziro atsekabetu zan Abraham,
Ismael be bere seme eban-eta.
Baina Jainkoak esan eutson: «Ez zaitez
atsekabetu mutikoagaitik eta zeure neskameagaitik. Egiozu jaramon Sarak esaten
deutsun guztiari, Isaaken bidez izango dozuz-eta ondorengoak. Baina neskamearen
semeagandik be herri handia sortuazoko dot, hori be zure seme dalako».
Abrahamek, goizean goiz jagi, ogia eta
zaragi bat ur hartu eta Agarri ezarri eutsozan lepoan. Halan, mutikoagaz
batera, bialdu egin eban. Abiatu zan, bada, Agar, eta Beer-Xeba basamortuan
noraezean ibili zan. Zaragiko ura amaitu zanean, sastraka baten azpian itzi
eban mutikoa; bera, barriz, urrundurik, aurrez aurre jesarri zan, ehunen bat
metrora edo. Hau inoan bere kautan: «Ez dot mutikoa hiltzen ikusi nahi». Han
jesarrita egoala, mutikoa negarrez hasi zan oihuka.
Entzun eban Jainkoak mutikoaren oihua, eta
Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik Agarri, esanez: «Zer dozu, Agar?
Ez bildurrik izan, entzun dau-eta Jainkoak hor dozun mutikoaren oihua. Ea,
hartu egizu mutikoa eta ez itzi eskutik; herri handi bihurtuko dot».
Orduan, Jainkoak begiak zabaldu eutsozan
Agarri, eta ur-putzu bat ikusi eban; joan zan, zaragia urez bete eta edaten
emon eutson mutikoari. Jainkoa lagun izan eban mutikoak; hazi zan, basamortuan
bizi eta gezilari trebe bihurtu zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 7-8. 10-11. 12-13 (R/. 7a)
R/. Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.
V/. Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta
estualdi guztietatik eban salbatu.
Kanpaturik
dago Jaunaren aingerua
hari
begirune deutsoenen inguruan,
eta
libratzen ditu. R/.
V/. Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez
jake-eta ezer falta begirune deutsoenei.
Aberatsek
ezagutzen dabe beharrizana eta gosea;
Jaunagana
jotzen dabenei ez jake onik falta. R/.
V/. Zatoze, seme-alabok, eta entzun;
Jaunari
begirune izaten irakatsiko deutsuet.
Nork
ez dau bizia maite?
Nork
ez dau luzaro bizi nahi, zoriontsu izateko? R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Kendu nire
aurretik zeuen kantuen zarata-hotsa;
datorrela
justizia, agortzen ez dan erreka lez.
Amosen Profezia liburutik
Am 5, 14-15. 21-24
Bilatu egizue ona eta ez txarra, bizi
zaitezen;
holan,
zuekin izango da Jauna, Jainko ahalguztiduna,
zeuek
dinozuen lez.
Gorrotatu
egizue txarra, maitatu ona,
ezarri
zuzenbidea auzitegian;
ea
Jauna Jainko ahalguztiduna
Joseren
azken ondorengoez errukitzen dan.
Hau dino Jaunak:
«Gorroto
eta higuin ditut zuen jaiak,
ez
ditut atsegin zuen ospakizunak.
Erre-opariak
eskeintzen deustazuez;
baina
Nik ez ditut onartzen zuen eskeintzak,
zuen
zekor gizenen opariei atzea emoten deutset.
Kendu
nire aurretik zeuen kantuen zarata-hotsa,
ez
dot zuen zitara-soinurik entzun nahi.
Datorrela,
bai, zuzenbidea ura lez,
datorrela
justizia, agortzen ez dan erreka lez».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 50 [49], 7. 8-9. 10-11. 12-13. 16b-17 (R/. ik. 23b)
R/. Zuzen dabilenari deutsat
Jainkoaren salbamena erakusten.
V/. Entzun, Israel, ene herri,
zure
aurka egingo dodan autorpena.
Neu
naz Jainkoa, zure Jainkoa! R/.
V/. Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure
erre-opariak aurrean ditut beti.
Baina
ez dot hartuko zure kortako zekorrik,
ez
zure eskortako akerrik. R/.
V/. Neureak ditut-eta basoetako piztia guztiak,
mendietako
milaka animaliak;
ezagunak
ditut mendiko hegazti guztiak,
neureak
ditut landan bizi diran guztiak. R/.
V/. Gose banintz, ez neuskizu zuri esango,
neurea
dot-eta mundua eta bertako guztia.
Zezenen
okela jaten ete dot, bada,
edota
akerren odola edaten? R/.
V/. Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta
nire ituna ahotan hartu,
nire
zentzabideari gorroto badeutsazu
eta
nire hitzei atzea emoten? R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
St 1, 18
R/. Aleluia.
V/. Aitak, halan nahita, bizia emon deusku
egiaren mezuaz,
sorkari
guztien artean lehenengoak izan gaitezan. R/.
Ebanjelioa
Sasoia baino lehen guri oinaze emotera etorri zara ala?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 8, 28-34
Aldi haretan, Jesus beste itsasertzera,
gerasatarren lurraldera, heldu zanean, deabrudun bik urten eutsoen bidera,
hilobi artetik urtenda. Hain gaiztoak ziranez, ez zan inor ausartzen bide
haretatik ibiltzen. Deadarka esan eutsoen: «Zer dozu gurekin, Jainkoaren Seme
horrek? Sasoia baino lehen guri oinaze-minak emotera etorri ete zara?»
Handik urrunera barik, txarri-aldra handi
bat ebilen musturka, eta deabruek eskatu eutsoen Jesusi: «Botatzekotan, bialdu
gagizuz txarri-aldrara». Jesusek esan eutsen: «Zoaze!» Hareek urten eta
txarrietan sartu ziran, eta txarri-aldra osoak maldan behera bota eban burua
itsasora eta uretan ito.
Txarrizainek ihes egin eben eta, urira
joanda, dana kontatu eben, baita deabrudunei gertatua be. Orduan, herri osoak
urten eban Jesusengana eta, ikusi ebenean, euren lur-mugetatik alde egiteko
eskatu eutsoen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ea urratsez urrats egin geiken hemen agertzen diran irudien azalpen edo indusketa bat.
Jesus Gerasatarren lurraldera doa, paganoen lurraldera, bere herritarrengandik iheska, hareek euren erara ulertzen dabelako eta etekinen bila dabizelako.
Baina badirudi Jerasatarrek ere ez deutsoela Jesusi harrera onik egiten. Hilobietatik jatorkoz hil-biziak (hau da: eurenean jarraitu gura dabenak), eta Jesusi eskari berezia egiten deutsoenak: txarrietan sartzea.
Alde batetik, Jesus ondo ezagutzen dabela dinosku: bere ingurukoek, ba, ez dabe ezagutzen, beragaz ibili arren.
Beste alde batetik, Jesusen indarra txarri aldreak iragarten dauana baino handiagoa da. Baina zelan emon ete dabe herrian albistea txarri-zainek, hareek Jesusi alde egin daiala eskatzeko?
Barri ezezagunen bildur dira, ondorio onak ikusi arren, eurenean jarraitzea dabelako nahiago. Ez dabe Jesusek dakarren salbamena onartu gura…
Urtean Zeharreko XIII. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Sinismenean gure aita dogun Abrahamen oparia.
Hasiera liburutik
Has 22, 1-19
Egun hareetan, Jainkoak Abraham aztertu nahi
izan eban eta dei egin eutson: «Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu».
Eta Jainkoak: «Hartu egizu Isaak zeure semea, hain maite dozun seme bakarra,
eta zoaz Moriako lurraldera, eta eskeini egidazu erre-opari, Nik erakutsiko
deutsudan mendi gainean».
Jagi zan Abraham goizean goiz, txalmatu eban
astoa eta, erre-oparitako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zan,
morroi bigaz eta bere seme Isaakegaz. Hirugarren egunean, begiak jasorik, lekua
ikusi eban urrunera, eta esan eutsen morroiei: «Gelditu hemen astoagaz. Mutikoa
eta biok haraino goaz, Jainkoa gurtzera. Ondoren, hona bihurtuko gara».
Hartu eban Abrahamek erre-oparitako egurra
eta Isaak bere semeari leporatu eutson; berak sua eta aiztoa eroiazan. Biak
batera joiazala, Isaakek esan eutson bere aita Abrahami: «Aita!» «Zer dozu,
seme?», erantzun eutson harek. Eta semeak: «Sua eta egurra badoguz; baina non
da oparitako bildotsa?» Abrahamek erantzun eutson: «Jainkoak eratuko deusku
oparitako bildotsa, seme». Eta biak batera joiazan.
Jainkoak esandako lekura heldu ziranean,
Abrahamek altarea eraiki eban eta egurra prestatu; gero, bere seme Isaak lotu
eta altaran egur-pilo gainean ipini eban. Eskua luzatuz, aiztoa hartu eban
Abrahamek semea hiltzeko. Baina Jainkoaren aingeruak dei egin eutson zerutik:
«Abraham, Abraham!» Eta Abrahamek erantzun: «Hemen nozu». Aingeruak, orduan:
«Ez luzatu eskua semearen gainera, ez egin ezer. Ikusi dot Jainkoari begirune
deutsazula, ez deutsazu-eta zeure seme bakarra bera be ukatu».
Abrahamek begiak jaso eta ahari bat ikusi
eban adarretatik sastraka artean kateatuta; hartu eta erre-oparitzat eskeini
eban semearen ordez. Abrahamek leku hari «Jaunak dau hornitzen» ezarri eutson
izena, eta gaur egun be halan dino jenteak: «Mendian Jaunak dau hornitzen».
Barriro be dei egin eutson Jaunaren
aingeruak zerutik Abrahami, esanez: «Hau dino Jaunak: Ala Ni Jainkoa! Holan
jokatu dozulako, zeure seme bakarra ukatu ez deustazulako, bedeinkatuko zaitut
eta zure ondorengoak zeruko izarrak eta itsasbazterreko hondarra baizen ugari
egingo ditut, eta arerioen uriez jaubetuko dira. Zure ondorengoen bidez lurreko
herri guztiak bedeinkatuko ditut, nire esana egin dozulako».
Bihurtu zan Abraham bere morroiakana eta
Beer-Xebara joan ziran alkarregaz. Abraham hantxe gelditu zan bizitzen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 116 [114], 1-2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. 9)
R/. Ibiliko naz Jaunaren aurrean bizidunen lurraldean.
Edo: Aleluia.
V/. Maite dot Jauna,
entzun
dau-eta nire erregu-oihua,
makurtu
dau-eta nigana belarria,
dei
egin deutsadan egunean. R/.
V/. Heriotza-lokarriek inguratu ninduen,
Herio-lezako
sareak harrapatu;
estu
eta larri nintzan.
Baina
dei egin neutsan Jaunaren izenari:
«Arren,
Jauna, atara nagizu onik». R/.
V/. Errukiorra eta zintzoa da Jauna,
bihozbera
gure Jainkoa.
Jaunak
zaintzen ditu apalak;
lur
jota nengoan, eta salbatu nau. R/.
V/. Bai, libratu deust bizia heriotzatik,
begiak
malkotik, oinak jaustetik.
Jaunaren
aurrean ibiliko naz
bizidunen
lurraldean. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunak bialdu ninduan bere herriari profetizatzera.
Amosen Profezia liburutik
Am 7, 10-17
Egun hareetan, Amatziasek, Betelgo abadeak,
barri hau bialdu eutson Israelgo errege Jeroboami: «Amos azpilanean dabiltzu
hemen, israeldarren artean; herriak ezin dau gehiago jasan haren mezua. Honan
dihardu-eta Amosek:
"Jeroboam
ezpataz hilko da,
eta
Israel herria erbestera eroango dabe
bere
lurraldetik urrun"».
Orduan, Amatziasek esan eutson Amosi:
«Ikusle, zoaz, alde hemendik Judako lurraldera. Egin han profetarena eta
irabazi zeure ogia. Baina ez jardun gehiago profetagintzan Betelen, hau
errege-santutegia dalako eta erreinuko jauretxea».
Amosek erantzun eutson Amatziasi: «Ni ez naz
ogibidez profeta, abeltzaina naz eta basapiku-batzailea. Abeltzain nenbilela
hartu ninduan Jaunak eta bere herri Israeli profetizatzera bialdu. Orain, bada,
entzun Jaunaren hitza. Zuk dinozu ez dagidala iragarri Jaunaren mezua Israelen
kontra, ez dagidala berba egin Isaaken ondorengoen kontra. Halan be, hona zer
dinoan Jaunak:
"Zure
emaztea emagaldu bihurtuko da urian,
zure
seme-alabak ezpatapean hilko dira;
zure
lurraldea banatua izango da;
zu
zeu atzerrian, lurralde kutsatuan, hilko zara,
eta
Israel herria erbestera eroango dabe
bere
lurraldetik urrun"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11 (R/. 10b)
R/. Jaunaren erabagiak egiazko,
dan-danak bidezko.
V/. Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen
dau;
Jaunaren
mandamentua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.
V/. Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren
agindua distiratsu, begien argigarri. R/.
V/. Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren
erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.
V/. Urrea, urre araztua baino desiragarriago,
eztia,
ezti barria baino gozoago. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
2 Ko 5, 19
R/. Aleluia.
V/. Jainkoa ebilen Kristogan mundua beragaz
adiskidetzen,
eta
geuri emon deusku adiskidetzearen mezua. R/.
Ebanjelioa
Jainkoa
goresten eben,
gizakiei
horrenbesteko ahalmena emon eutselako.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 9, 1-8
Aldi haretan, Jesus txalupara igon, itsasoaz
bestaldera igaro eta bere herrira etorri zan.
Horretan, elbarri bat ekarri eutsoen, esku-ohean etxunda. Jesusek, lagun
hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari: «Izan bihotz, seme!
Parkatuak dituzu pekatuak».
Orduan, lege-maisu batzuek hauxe inoen euren
kolkorako: «Biraoka jabilk hau».
Baina Jesusek, hareen gogoetak igarririk,
esan eutsen: «Zergaitik dituzue gogoeta gaizto horreek zeuen barruan? Zer da
errezago, “parkatuak dituzu pekatuak” esatea ala “jagi eta zabiltz” esatea?
Orain ikusiko dozue, bada, Gizonaren Semeak badaukala mundu honetan pekatuak
parkatzeko ahalmena. Orduan, esan eutson elbarriari: “Jagi, hartu esku-ohea eta
zoaz etxera!”» Ha jagi eta etxera joan zan.
Hau ikustean, ikaraturik gelditu zan jentea
eta Jainkoa goresten eben, gizakiei horrenbesteko ahalmena emon eutselako.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Markosena baino laburragoa da Mateok emoten deuskun koadroa. Baina hortxe dagoz ezaugarriak.
Atzerritik bere herrialdera dator Jesus; eta, zer aurkitzen dau? Elbarri bat aurkezten deutsoe. Hau da: indarren menpe egonik, askatasunik eta ezer egiteko ahalmenik ez daukan bat.
Haregaz bat dira laguntzaileak; eta Jesusek hari dinotsona eurentzat ere bada. Danok gara alkarren laguntzaile.
Baina Lege-maisuak aurre jarten jakoz. Eta logika guztiaz. Geuk ere bardin egingo geuke; eta kusi dogu (ikusten dogu oindino) geure artean.
Baina Jesusek ez dino neuk parkatzen deutsudaz pekatuak, «parkatuak dituzu pekatuak» baino. Hau da: Jainkoak ez dauka ezer parkatu beharrik. Haren dohaiak isuriak dagoz. Geuk eskuratu behar doguz, eta hareen barri emon, besteak ere jabetu daitezan.
Legelariek, Legeari lotuta dagozanek, holangorik ezin egin izango dabe, horraitino. Kontuz!
Urtean Zeharreko XIII. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Maite izan eban
Isaakek Rebeka.
Honan arindu
jakon Isaaki
ama galdu
izanaren nahigabea.
Hasiera liburutik
Has 23, 1-4. 19; 24, 1-8. 62-67
Sara ehun eta hogeta zazpi urtez bizi izan
zan. Kiriat Arban hil zan, Hebronen hain zuzen be, Kanaango lurraldean.
Abrahamek dolu eta negar egin eban haregaitik.
Gero, Sararen gorpua egoan lekua itzirik,
hititengana joan eta esan eutsen: «Zuen artean bizi dan etorkina nozue; saldu egidazue
lur-arlo bat neure emaztea hobiratzeko». Ondoren, Abrahamek Makpela landako
hartzuloan hobiratu eban Sara bere emaztea, Mambreren –hau da, Hebronen– aurrez
aurre, Kanaango lurraldean.
Abraham zaharra zan, adinean aurreratua.
Jaunak gauza guztietan bedeinkatu eban. Etxeko morroi zaharrenari, eukazan
guztien arduradunari, esan eutson: «Ezarri eskua nire izter azpian eta zin
egidazu Jaunagaitik, zeru-lurren Jainkoagaitik, ez dozula nire semearentzat
emazterik hartuko bizi nazan lurralde honetako kanaandarren alabetatik, ezpada
ze, nire sorterrira eta senideengana joango zarala, nire seme Isaakentzat
emaztea aukeratzera».
Morroiak itaundu eutson: «Beharbada,
emakumeak ez dau lurralde honetara nigaz etorri nahi izango. Orduan, zuk urten
zenduan herrialdera eroan behar ete dot zure semea?»
Abrahamek erantzun: «Ez eroan ezelan be hara
nire semea. Zeruko Jainko Jaunak neure aitaren etxetik eta neure jaioterritik
atara ninduan eta zin eginez agindu eustan: "Zure ondorengoei emongo
deutset lurralde hau". Berak bialduko deutsu aingerua aurretik, handik
nire semearentzat emaztea hartu ahal izan dagizun. Eta emakumeak jarraitu nahi
ez badeutsu, egin deustazun zinetik aske geldituko zara; baina ez eroan ezelan
be hara nire semea».
Handik luzarora, Isaak, Lahai-Roi putzutik
etorri eta Negeveko basamortuan bizi zan. Arratsalde baten, landara urten eban
ibilaldia egitera eta, begiak jasorik, gameluak etozala ikusi eban. Rebekak be
jaso ebazan begiak eta, Isaak ikusirik, gamelutik jatsi eta morroiari itaundu
eutson: «Zein da landan zehar bidera datorkigun gizon hori?» Morroiak erantzun:
«Nire nagusia». Orduan, Rebekak estalkia hartu eta aurpegia estaldu eban.
Gero, eginiko guztia kontatu eutson morroiak
Isaaki. Honek bere ama Sararena izandako oihal-txabolara eroan eban Rebeka;
emaztetzat hartu eta maite izan eban. Honan arindu jakon Isaaki ama galdu
izanaren nahigabea.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 106 [105], 1-2. 3-4a. 4b-5 (R/. 1a)
R/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta.
Edo: Aleluia.
V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren
maitasuna betikoa da-eta.
Nork
azalduko Jaunaren egintza handiak?
Nork
goratuko ha behar adina? R/.
V/. Zorionekoak zuzenbidea errespetatzen dabenak,
beti
justizia egiten dabenak!
Gogoratu
nitaz, Jauna, zeure herriaganako onginahiagaitik. R/.
V/. Zatorkidaz zeure salbazinoaz;
ikusi
dagidala zure aukeratuen zoriona,
poztu
nadila zure herriaren pozez
eta
harrotu zure ondareaz. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Gosea bialduko
dot lurrera,
ez ogi-gosea,
Jaunaren hitza entzutekoa baino.
Amosen Profezia liburutik
Am 8, 4-6. 9-12
Entzun hau zuek, behartsuak zapaldu eta
herriko jente apala hondatzen dozuenok. Zeuen barruan dinozue:
«Noiz
igaroko ete da ilbarri-jaia, garia saltzeko,
noiz
zapatua, garaua salgai ataratzeko?
Neurria
txikiagotu eta prezioa handituko dogu,
okerreko
pisuak erabiliz;
gari-birrina
be saldu egingo dogu.
Jente
apala diruz erosiko dogu
eta
behartsuak oinetako pare baten truke».
Hau dino Jaunak:
«Egun
haretan, eguerdi betean sartuazoko dot eguzkia,
eta
egun argitan ilunduko lurra.
Zuen
jaiak dolu bihurtuko ditut, zuen abestiak negar-kanta;
dolu-jantziz
estalduko zaituet eta zuen buruak soilduko ditut;
seme
bakarraren heriotzakoa lako dolua izango da,
eta
azkena egun benetan samina».
Hau dino Jainko Jaunak:
«Hara,
badatoz egunak:
gosea
bialduko dot lurrera, ez ogi-gosea, ez ur-egarria,
Jaunaren
hitza entzuteko gose-egarria baino.
Noraezean
ibiliko dira, itsasoz itsaso, iparretik sortaldera,
Jaunaren
hitzaren bila,
baina
ez dabe aurkituko».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 2 eta 10. 20 eta 30. 40 eta 131 (R/. Mt 4, 4)
R/. Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz
guztitik baino.
V/. Zorionekoak, haren mandamentuak betez,
haren
bila bihotz-bihotzez dabiltzanak.
Bihotz-bihotzez
nabil zure bila,
ez
itzi ni zure aginduetatik aldentzen. R/.
V/. Lur jota dot barrua,
zure
erabagiak eten barik gogo biziz gura izanez.
Leialtasun-bidea
dot aukeratu,
aurrean
ditut zure erabagiak. R/.
V/. Hara, zure legeak ditut gurari biziz
desiatzen;
bizibarritu
nagizu zeure salbazinoaz.
Ahoa
zabaltzen dot eta arnasa hartzen,
zure
aginduak biziro ditut-eta desiatzen. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigana nekatu eta lanpetu guztiok,
eta
Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Ez dabe
osasundunek behar osagilea.
Nahiago dot
errukia sakrifizioak baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 9, 9-13
Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, Mateo
eritxon gizon bat ikusi eban zergak batzeko mahaian jesarririk, eta esan
eutson: «Jarraitu Niri». Mateok zutundu eta jarraitu egin eutson.
Geroago, Jesus mahaian egoan Mateoren
etxean; beste zergalari eta pekatari asko be etorri eta mahaian jesarri ziran
Jesusegaz eta honen ikasleakaz. Fariseuek, hori ikustean, esan eutsien
ikasleei: «Zelan jaten dau zuen Maisuak zergalariakaz eta pekatariakaz?»
Hori entzutean, Jesusek esan eutsen: «Ez
dabe osasundunek sendagile beharrik, gaixoek baino. Hoba zeunkie Jainkoak
esandako honetaz jaubetuko bazinie: “Nahiago dot errukia sakrifizioak baino”.
Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Pasarte honetan hiru-lau azpimarra egin geikez. Jesusen askatasuna alde batetik. Judeguen artean gorrotatuenetariko bat bere jarraitzaile izatera deitzea, bere taldean halango bat onartzea. Edozein maisuk ez leuke egingo.
Mateoren prestutasuna: laga dana bertan behera eta badoa Jesusen deiari erantzunez, ezer pentsatzen hasi aurretik, bat-batean.
Jesus eta ikasleak zergabatzaileekaz mahaia ikusteak harrituta izten ditu… Farisearrak!, hau da, lege-betetzaileak, eskeintzari-egileak, otoizlariak, Jainkoaren aurrean euren burua besteen gainetik ikusten dabenak.
Honeik ez doaz zuzenean Jesusengana; zeharkako bidea hartzen dabe: ikasleei egiten deutse Jesusi zuzendutako galderea. Eta Jesusek askatasun osoz, zuzenean erantzuten deutse. Eta gogoratzen, Jainkoak zer dauan nahiago: legekeria eta azaleko eskeintzari guztiak baino nahiago dauala errukia, parkamena, alkar onartzea, eta alkar maitatzea…
Urtean Zeharreko XIII. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jakobek bere
anaiari lehen-semetza kendu
eta haren
dedeinkazinoa jaso.
Hasiera liburutik
Has 27, 1-5. 15-29
Isaak zahar egin zan eta ezer ez ikusteraino
ahuldu jakon ikusmena. Egun baten, Esau bere seme zaharrenari deitu eutson:
«Seme!» Harek erantzun: «Hemen nozu». Isaakek, orduan: «Begira, ni zahar egin
naz eta une batetik bestera hil naiteke. Hartu egizuz ehizarako iskiluak,
geziak eta uztaia, zoaz basora eta harrapatu egizu piztiaren bat. Ondoren,
prestatu egidazu nik gogoko dodan janari goxoa eta ekarri, jan dagidan; gero
neure bedeinkazinoa emongo deutsut, hil baino lehen».
Entzun eban Rebekak Isaakek bere seme Esauri
esandakoa. Joan zan, beraz, Esau basora, aitari eskeintzeko ehiza bila.
Rebekak etxean eukazan Esau bere seme zaharrenaren
soinekorik ederrenak hartu eta Jakob bere seme gazteenari jantzi eutsozan, eta
antxume-narruz estaldu eutsozan eskuak eta lepo leuna. Eta prestatutako janari
goxoa eta ogia bere seme Jakoben eskuetan jarri ebazan.
Sartu zan Jakob aitaren gelan eta esan
eutson: «Aita!» Eta honek erantzun: «Zer? Zein zara zu, seme?» Jakobek aitari:
«Esau nozu, zeure seme zaharrena. Egin dot zuk agindua. Jagi zaitez, jesarri
eta jan nire ehiza, bedeinkatu nagizun». Isaakek esan eutson semeari: «Bai
azkar aurkitu dozula, seme». Jakobek erantzun: «Jaunak, zure Jainkoak, eskura
jarri deust».
Isaakek, orduan: «Zatoz hurrago, seme, ikutu
zagidazan, benetan nire seme Esau zaran ala ez jakiteko». Hurreratu jakon Jakob
bere aita Isaaki, eta honek ikutu eta esan eban: «Ahotsa Jakobena da, baina
eskuak Esaurenak». Ez eban ezagutu, eskuak uletsuak eukazalako, anaia Esauk
lez, eta bedeinkatu egin eban. Isaakek itaundu eutson: «Benetan, nire seme Esau
zara?» «Bai, Esau naz», erantzun eutson Jakobek.
Gero, Isaakek: «Emoidazu jaten ehizakia,
seme, eta bedeinkatuko zaitut». Jakobek emon eta harek jan egin eban; ekarri
eutson ardaoa, eta harek edan. Ondoren, Isaak bere aitak esan eutson: «Zatoz,
seme, eta emoidazu musu». Hurreratu jakon semea eta musu emon eutson. Aitak,
jantzien usain gozoa barruntau ebanean, bedeinkatu egin eban, esanez:
«Nire
semearen usaina,
Jaunak
bedeinkatutako zelaiaren usaina.
Jaunak
emon deizula
zeruko
iruntza eta lurreko guritasuna,
ogi-ardaotan
oparotasuna.
Izan
dagizuzala herriak zerbitzari,
makurtu
daitezala nazinoak zure aurrean.
Izan
zaitez zeure senideen nagusi,
makurtu
daitezala zure aurrean zure amaren semeak.
Madarikatua,
zu madarikatzen zaituana;
bedeinkatua,
zu bedeinkatzen zaituana».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 135 [134], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 3a)
R/. Goratu egizue Jauna, ona da-eta.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu egizue Jaunaren izena,
goratu
egizue, Jaunaren zerbitzariok,
Jaunaren
tenpluan,
gure
Jainkoaren etxeko atarietan zagozenok. R/.
V/. Goratu egizue Jauna, ona da-eta,
kanta
haren izenari, gozoa da-eta.
Jakoben
herria aukeratu dau Jaunak beretzat,
Israel,
bere jaubetza berezitzat. R/.
V/. Badakit nik handi dala Jauna,
jainko
guztien aldean handi gure Jauna.
Nahi
dauan guztia egiten dau Jaunak.
zeruan
eta lurrean, itsasoan eta ozeanoetan. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Nire herri
Israelen zoria aldatuko dot
eta euren
lurraldean landatuko ditut.
Amosen Profezia liburutik
Am 9, 11-15
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Egun
haretan, jasoko dot Daviden txabola jausia:
horma
arrakalduak beteko deutsadaz eta lurreratuak jasoko;
antxinako
egunetan lez berregingo dot.
Eta
israeldarrak barriro jaubetuko dira
Edomgo
lurraldetik geratzen danaz
eta
nireak izan ziran nazino guztiez
–halan
dino hori egingo dauan Jaunak–».
Hau dino Jaunak:
«Badatoz
egunak,
eta
hazia erein orduko, uzta batzeko sasoia izango da,
mahatsa
zapaldu orduko, barriro ereiteko sasoia;
mendiek
eta muinoek ardao barria isuriko dabe.
Nire
herri Israelen zoria aldatuko dot:
uri
hondatuak jasoko dabez eta hareetan biziko dira,
mahastiak
jarriko dabez eta hareetako ardaoa edango;
baratzeak
landatuko dabez eta hareetako frutuak jango.
Euren
lurraldean landatuko ditut,
eta
Nik emondako lurretik ez dabez barriro atarako
–halan
dino zure Jainko Jaunak–».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 85 [84], 9. 11-12. 13-14 (R/. ik. 9b)
R/. Jaunak bakea agintzen deutso bere herriari.
V/. Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak
bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei,
barriro
konfiantza agertzen deutsoenei. R/.
V/. Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe
aurkitzen,
justiziak
eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna
lurretik da ernetzen,
justizia
zerutik jaisten. R/.
V/. Jaunak emongo dau euria,
eta
gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren
aurretik joango da justizia,
haren
pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino
Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Ezteguetara
deituak egon ete daitekez triste,
senar barria eurekin dabela?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 9, 14-17
Aldi haretan, Joan Bataiatzailearen ikasleak
Jesusengana hurreratu eta esan eutsoen: «Zergaitik guk eta fariseuek egiten
dogu barau sarritan, eta zure ikasleek ez?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara
deituak egon ete leitekez triste senar barria eurakaz dan bitartean? Etorriko
jake senar barria kenduko deutsien eguna; orduan, bai, egingo dabe barau».
Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal
gordinezko adaburik josten ze, jantzia behartu egingo leuke adabuak, eta
tarratada handiagoa egingo. Ez da sartzen ardao barririk be zahagi zaharretan;
osterantzean, zahagiak lehertu egingo litzatekez, eta ardaoa isuri eta zahagiak
hondatu. Ardao barria zahagi barrietan sartzen da, eta horretara biek irauten
dabe».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusegaz barria hasten da. Lehengoa bertan-behera laga behar da. Barriak ez dau zaharragaz konponketarik onartzen. Hau geuretzea gatx egiten jaku.
Joanen ikasleek lehengoari jarraiki nahi dabe onartu Jesusen barritasuna. Baina Jesus (ezkon-barria; Mesiasen aldiak hasi dauzana) barritasunaren sortzailea da: Jainkoaren dohaiak eskuratzeko eta norberetzeko aldiak dira. Ez dira merezi behar, edo irabazi ahaleginak eginez. Jainkoak dohan isurita daukaz; hartzea eta banatzea besterik ez dagokigu.
Baina, Bateatzailearen ikasleen antzera, nahiago dogu lehendik hartua; ha ondo menperatuta daukagu-ta; haregaz hobeto konpontzen gara-ta…
Eta ez! Ezin dogu Jesusen barritasuna txaplataz (lehengo praktikaz) hornitu: biak lehertuko lirateke, alperrik galduko. Eta zenbatek diharduan ondino horrexetan emoten ahalegin guztiak…!