2022/02/23

XII. Astea

Urtean Zeharreko XII. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Halan, joan egin zan Abram, Jaunak agindu eutson lez.

Hasiera liburutik

Has 12, 1-9

        Egun hareetan, Jaunak esan eutson Abrami:
«Itzi zeure lurraldea, zeure senideak eta zeure aitaren etxea
eta zoaz Nik erakutsiko deutsudan lurraldera.
Herri handi egingo zaitut eta bedeinkatuko,
izen handia emongo deutsut
eta dedeinkazino-iturri izango zara.
Bedeinkatuko ditut zu bedeinkatzen zaituenak
eta madarikatuko zu madarikatzen zaituenak.
Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guztiak».

    Halan, joan egin zan Abram, Jaunak agindu eutson lez, eta Lot be bai haregaz. Abramek hirurogeta bost urte ebazan Harandik urten ebanean. Beragaz hartu ebazan Sarai emaztea, Lot lobea, Haranen lortutako ondasunak eta erositako esklaboak. Eta Kanaan aldera jo eben.
    Kanaanera heldu ziranean, Abramek lurraldea zeharkatu eban Sikem deritxon lekuraino, Moreko arteondoraino. Sasoi haretan, kanaandarrak bizi ziran lurraldean.
   
Jauna agertu jakon Abrami eta esan eutson: «Lurralde hau zure ondorengoei emongo deutset». Eta altarea eraiki eutson bertan Abramek agertu jakon Jaunari.
    Handik, mendi aldera jo eban, Betelen sortaldera. Han jarri eban bere oihal-txabola, Betel sartaldera eta Ai sortaldera ebazala. Beste altara bat eraiki eutson Jaunari, eta honen izenari dei egin eutson. Ondoren, geldialdiak eginez, Negev aldera jo eban.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 12-13. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 12b)

R/.   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.

V/.   Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.

V/.   Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarria itxaropena. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Jaunak bere aurretik bota eban Israel,
eta Judaren leinua besterik ez zan gelditu.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 17, 5-8. 13-15a. 18

    Egun hareetan, Salmanasar Asiriako erregeak herrialde guztiari eraso eutson, baita Samaria uriburuari be, eta hiru urtez inguratuta euki eban. Oseasen erregealdiko bederetzigarren urtean, Asiriako erregeak Samaria hartu eban, eta israeldarrak Asiriara erbesteratu ebazan. Halah deritxon lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako urietan kokatu ebazan.
    Israeldarrek Jaunaren, euren Jainkoaren, kontra pekatu egin ebelako jazo zan hori, Egiptoko lurraldetik eta hango errege faraoiaren menpetik atara ebazan Jainkoaren kontra pekatu egin ebelako. Jainko arrotzak gurtu ebezan, eta Jaunak euren aurretik bota ebazan herrien ohiturei jarraitu eutsien, baita honeen antzera jokatu eben Israelgo erregeen ohiturei be.
    Jaunak profeten eta ikusle guztien bidez adierazo eutsen Israeli eta Judari: «Bihurtu zaiteze zeuen bide gaiztoetatik; bete nire aginduak eta arauak, eta gorde osorik zeuen asabei emon neutsen eta neure zerbitzari profeten bidez adierazo deutsuedan irakaspena». Hareek, ostera, ez eben entzun; burugogor jarri ziran, euren asabak lez; hareek be ez ziran-eta Jaunaz, euren Jainkoaz, fidatu. Haren legeak eta asabekin egin eban ituna gitxietsi ebezan, baita hareei emon eutsezan burubideak be.
    Jauna biziro hasarratu zan Israelen kontra eta bere aurretik bota eban. Judaren leinua besterik ez zan gelditu.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 60 [59], 3. 4-5. 12-13 (R/. 7b)

R/.   Emoiguzu garaipena zeure eskumaz, Jauna,
        eta erantzun.

V/.   Handatu egin gaituzu, oi Jainko, eta hausi;
hasarre bazaitugu be, bihurtu gugana! R/.

V/.   Astindu dozu lurraldea eta arrakalatu;
konpondu haren urratuak,
hondatzear dago-eta.
Gorriak ikusiazo deutsazuz zeure herriari,
zorabiozko ardaoa deuskuzu edanazo. R/.

V/.   Ez gaituzu Zeuk, oi Jainko, hondatu?
Ez deutsazu uko egin gure gudarosteagaz urteteari?
Emoiguzu laguntza arerioen aurka,
ustela da-eta giza laguntza.
Jainkoagaz lortuko dogu garaipena,
berak deuskuz arerioak zapalduko. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Heb 4, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra,
        eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. R/.

 

Ebanjelioa

Atara lehenengo zeure begitik habea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 1-5

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez txartzat jo inor, Jainkoak zeuek txartzat jo ez zagiezan. Izan be, zuek besteak zelan epaitu, halan epaituko zaitue Jainkoak; eta zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak.
    Zelan ikusten dozu senidearen begiko samarra eta ez zara zeure begiko habeaz ohartzen? Eta zelan esan zeinkio senideari: “Itzidazu zeure begitik samarra ataratzen”, zuk zeurean habea dozula? Itxurazale hori! Atara lehenengo zeure begitik habea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik samarra ataratzeko».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Mateok Jesusen ahotan jarten dauzan aholkuak guztiz arruntak dirala esan geike, eta erreferente bat dabe: zuk zelan jokatzen dozun (epaitzen) halantxe hartuko zaitu Jainkoak.

     Onbideratzeko deia dogu hau, Jainkoaren jokabideak ezin daualako nirearen menpe egon. Zer aurkitu geike, ba, esaldi honeetan?

     Gure jarrerek eta jokamoldeek euren eragina izango dabela eta Jainkoagandik begitu eta epaitu behar izango geukela.

     Senideen arteko jokabideak aholkatzen dihardu: Jainkoak guri deuskun begiramenez jokatzera bultzatu gura gaitu.

     Kontuz, ba! Gehienetan, geugan ikusten doguzan akatsak menperatu ezinak garoaz-eta besteengan akatsok gogor eta erruki barik gaitzestera.

     Geure izakerea ezagutu eta onartu ta maitatzera bultzatzen gaitu Jesusek, holan besteen akatsen erruki izango dogulako, eta hareek euren osotasunean onartuko doguzalako.

     Akatsak zuzendu beharra daukagu, baina ez beste ezer ez balitz lez…

 

 

Urtean Zeharreko XII. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Senitartekoak gara biok.
Ez dogu, beraz, bion artean eztabaidarik izan behar.

Hasiera liburutik

Has 13, 2. 5-18

    Abram oso aberatsa zan. Abere, zidar eta urre ugari eban. Abramegaz bizi zan Lotek be baebazan ardiak, behiak eta oihal-txabolak. Lurralde ha ez eben nahiko, biak batera bizitzeko: hareen ondasunak handiegiak ziran eta ezin bizi eitekezan alkarregaz. Sasoi haretan, gainera, kanaandarrak eta ferezearrak bizi ziran lurralde haretan.
    Horregaitik, matraka sortu zan Abramen eta Loten artzainen artean. Abramek esan eutson Loti: «Senitartekoak gara biok. Ez dogu, beraz, bion artean eztabaidarik izan behar, ezta nire eta zure artzainen artean be. Banandu gaitezan, bada. Hor dozu aurrean lurralde guztia: zuk ezkerrera hartzen badozu, ni eskumara joango naz; zuk eskumara hartzen badozu, ni ezkerrera joango naz».
    Lotek begiak jaso eta Jordango ibar osoa ikusi eban. Jaunak Sodoma eta Gomorra erraustu baino lehen, ibar ha uretan aberatsa zan Tzoarreraino, Jaunaren baratzea edo Egiptoko lurraldea lez. Lotek Jordango ibar osoa aukeratu eban beretzat, eta sortalderantz jo eban. Holan banandu ziran alkarrengandik. Abram Kanaango lurraldean jarri zan bizitzen, eta Lot ibarreko urietan; honen oihal-txabolak Sodomaraino hedatzen ziran. Sodomako bizilagunak gaiztoak ziran eta pekatari handiak Jaunaren aurrean.
    Lot banandu ondoren, Jaunak esan eutson Abrami: «Begira, zagozan lekutik, iparraldera nahiz hegoaldera, sortaldera nahiz sartaldera. Ikusten dozun lurralde guztia zeuri eta zeure ondorengoei emongo deutsuet betiko. Zure ondorengoak lurreko hautsa baizen ugari egingo ditut: ezin konta ahaleko egingo ditut, lurreko hautsa ezin konta ahaleko dan lez. Zoaz orain lurralde hau bere luze-zabalean zeharkatzera, zeuri emongo deutsut-eta».
    Oihal-txabolak batu eta Hebronen dagoan Mambreko artadian kokatu zan Abram, eta altarea eraiki eutson han Jaunari.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. 1b)

R/.   Nor bizi daiteke, Jauna, zure mendi santuan?

V/.   Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor baltzitzen ez dauana. R/.

V/.   Hurkoari gatxik egiten ez deutsana,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.

V/.   Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana,
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen ez dauana.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Neuk babestuko dot uri hau eta salbatuko,

Neugaitik eta Davidengaitik.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 19, 9b-11. 14-21. 31-35a. 36

    Egun hareetan, Senakerib Asiriako erregeak mezulariak bialdu eutsozan Ezekias Judako erregeari, hau esatera: «Zeure Jainkoagan dozu konfiantza; baina ez zagizala engainatu zeure Jainko horrek, Jerusalem ez dala Asiriako erregearen eskuetan jausiko esanez. Zeuk entzun dozu Asiriako erregeek zer egin deutsien herrialde guztiei: guztiz hondatu. Eta zu libratuko zaralakoan zagoz ala?»
    Hartu eban Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zan; zabaldu eban gutuna Jaunaren aurrean eta honan egin eban otoitz: «Jauna, Israelen Jainkoa, izaki hegodunen gainean jesarrita zagozana, Zeu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zeuk eginak dira zeru-lurrak. Izan erne belarria, Jauna, eta entzun; edegi begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun zelako irainak zuzendu deutsuzan Senakeribek Zuri, Jainko bizi horri. Egia da, Jauna, Asiriako erregeek hondatu egin dabezala herriak eta honeen lurraldeak, eta suari emon deutsoezala euron jainkoak; baina horreek ez ziran jainko, zurezko eta harrizko irudi huts baino, giza eskuek eginak; horregaitik birrindu ahal izan dabez. Zuk, ostera, Jauna, gure Jainko horrek, salbatu gagizuz Senakeriben eskuetatik; holan, munduko erreinu guztiek jakingo dabe, Jauna, Zeu bakarrik zarala Jainko».
    Amotzen seme Isaiasek mezu hau bialdu eutson Ezekiasi: «Hau dino Jaunak, Israelen Jainkoak: "Entzun dot Asiriako errege Senakerib dala-eta egin deustazun otoitza. Hona hemen zer dinodan haren kontra:

Mespretxu eta barre egiten deutsu, Senakerib,
Sion neska gazte ederrak;
buruari eraginez dabil zure atzetik Jerusalem uria.
Bakar batzuk bizirik geldituko dira-eta Jerusalemen,
onik urtengo Sion mendian.
Jaunaren maitasun-garrak egingo dau hori".

    Horregaitik, hau dino Jaunak Asiriako erregeaz:

"Ez da uri honetan sartuko,
ez deutso gezirik jaurtiko,
ez babeskien laguntzaz erasoko,
ez betelanik egingo ha hartzeko.
Etorri dan bidetik bihurtuko da,
ez da sartuko uri honetan –dino Jaunak–.
Neuk babestuko dot uri hau eta salbatuko,
Neugaitik eta neure zerbitzari Davidengaitik"».

    Gau haretan bertan Jaunaren aingeruak urten eban, eta ehun eta laurogeta bost mila gizon jo ebazan asiriarren kanpalekuan. Orduan, Senakerib, Asiriako erregea, kanpalekua jaso eta Ninibera bihurtu zan, eta bertan gelditu.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 48 [47], 2-3a. 3b-4. 10-11 (R/. ik. 9d)

R/.   Sendo ezarri dau Jainkoak bere uria betiko.

V/.   Handi da Jauna, guztiz goragarri.
Gure Jainkoaren urian haren mendi santua:
muino eder, lur osoaren pozgarri. R/.

V/.   Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege handiaren uri.
Hango jauregien artean
gotorleku sendo agiri da Jainkoa. R/.

V/.   Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna,
zure tenpluaren erdian.
Zure ospea lez zure gorespena be, oi Jainko,
mundu osora heltzen da;
zure eskua justiziaz dago betea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 8, 12

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz munduaren argia, dino Jaunak;
        Niri jarraitzen deustanak  izango dau bizirako argia. R/.

 

Ebanjelioa

Besteek zuei egitea nahi zeunkien guztia,
egin zeuok be besteei.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 6. 12-14

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez emon txakurrei gauza sagraduak, ez bota txarriei zeuen harri bitxiak, hankapean erabili ez dagiezan eta, zeuon kontra bihurturik, zatitu ez zagieezan.
    Honan bada, besteek zeuei egitea gura zeunkien guztia egin zeuok be besteei; horixe da Moisesen legeak eta profetek dinoena».
    Sartu zaiteze ate estutik; ze, zabala da hondamenerako atea eta nasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dala bizitzarako atea eta itxia bidea, eta gitxi dira aurkitzen dabenak!»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Ekialdeko esaera zaharrak ei dino ikasleak prest dagozanean sortzen dala irakaslea. Ez dago, ba, norberari ondo joan jakona besteen entzumenetara behin eta barriro jalgi beharrik, uko egingo deutsoelako euren arduratik edo unetik kanpo badago. Bakotxaren uneak ezagutu eta errespetatu behar izango lirateke, ba.

     Besteak zugandik zer itxaroten daben jakin gura badozu, ikusi eizu zuk zeuk zer itxaroten dozun eurengandik.

     Bizitzara garoazan bidea da gizakiaren mailarik gorena lortzen dauana. Baina gizatasuna, instinto, gurari, atsegin eta antzekoen gainetik dago.

     Atsegin dodanari eta erosotasunari eta erreztasunari egin ezkero men, lortuko dot, bai, aberetasun ederra, baina inoiz ere ez benetako gizatasuna.

     Gizaki guztiok daukagu mailarik gorena lortzeko ahalmena, baina horrek ahaleginak eta ukapen asko eta handiak eskatzen dauz.

     Dana dala, gogo-bizitzaren hondoa ez da joten geure haleginen ondorio lez, Espirituaren eraginez baino.

 

 

Urtean Zeharreko XII. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Abrahamek sinistu egin eban Jaunagan,
eta Jaunak zuzentzat hartu eban.
Jaunak ituna egin eban haregaz.

Hasiera liburutik

Has 15, 1-12. 17-18

    Egun hareetan, Jaunak ikuskari baten berba egin eutson Abrami, eta esan eutson:

«Ez bildurrik izan, Abram!
Neu nozu zeure babeslea,
eta handia izango da benetan zure saria».

    Abramek, ostera, erantzun eutson: «Ene Jainko Jauna, zer emon deikedazu, semerik barik banoa, eta nire etxearen oinordekoa Eliezer damaskoarra izango bada?» Eta esan eutson gainera: «Hara, ez deustazu ondorengorik emon, eta etxeko morroia izango dot oinordeko».
    Baina Jaunak erantzun eutson: «Ez horixe; morroia ez, ezpada ze zure erraietatik sortuko dana izango dozu oinordeko».
    Jaunak kanpora atara eban Abram eta esan eutson: «Begira zerura eta zenbatu egizuz izarrak, ahal badozu». Eta, gainera, esan eutson: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak». Abramek sinistu egin eban Jaunagan, eta Jaunak zuzentzat hartu eban. Eta esan eutson: «Neu naz Jauna, kaldearren Ur uritik atara zinduzana, lurralde hau zuri jaubetzan emoteko».
    Abramek esan eutson: «Jainko Jauna, nondik ezagutuko dot lurraldearen jaube izango nazala?» Jaunak erantzun eutson: «Ekarri egidazuz hiru urteko txahal bat, hiru urteko ahuntz bat, hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usakume bat». Ekarri ebazan Abramek honeek guztiak eta erdibitu egin ebazan, eta zatiak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez ebazan erdibitu. Hegazti harrapariak sarraskira etozan, eta Abramek uxatu egiten ebazan.
    Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zan Abram, eta ikara handia sartu jakon. Eguzkia sartu eta ilun-baltz egin zanean, laba bat ketan eta zuzi bat sutan agertu ziran eta abere-zatien artetik igaro. Egun haretan Jaunak agintzari hau egin eutson Abrami: «Zure ondorengoei emongo deutset lurralde hau, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 1-2. 3-4. 6-7. 8-9 (R/. 8a)

R/.   Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Kanta egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak. R/.

V/.   Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia. R/.

V/.   Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

V/.   Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Erregeak irakurri eban
tenpluan aurkitutako itun-liburuko testu osoa.
Ondoren ituna barritu eban Jaunaren aurrean.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 22, 8-13; 23, 1-3

    Egun hareetan, Hilkias abade nagusiak Xafan idazkariari esan eutson: «Legearen liburua aurkitu dot Jaunaren etxean». Hilkiasek Xafani emon eutson liburua eta honek irakurri egin eban. Xafan idazlariak erregeagana joan eta barriak emon eutsozan: «Batu dabe zure zerbitzariek tenpluan egoan dirua eta tenpluko lan-arduradunei emon deutsie». Gero, Xafan idazlariak aurkikuntzaren barri emon eutson erregeari: «Hilkias abadeak liburu hau emon deust». Eta Xafanek erregearen aurrean irakurri eban.
    Erregeak, Legearen Liburuak inoana entzutean, jantziak urratu ebazan, eta agindu hau emon eutsen Hilkias abadeari, Xafanen seme Ahikami, Mikeasen seme Akborri, Xafan idazlariari eta Asaias erregearen ministroari: «Zoaze eta egin kontsulta Jaunari nire izenean eta Judako herri osoaren izenean, aurkitu daben liburu honek dinoanaz; izan be, hasarre bizian egon behar dau Jaunak gugaz, gure asabek ez deutsoe-eta jaramonik egin liburu honetan esaten danari, ezta bete be bertan idatzita dagoana».
    Hareek erantzuna ekarri eutsoenean, erregeak Judako eta Jerusalemgo herri-arduradun guztiak batuazo ebazan. Gero, erregeak Jaunaren tenplura igon eban, Judako eta Jerusalemgo jente guztia lagun ebala: abadeak, profetak eta herri osoa, txiki nahiz handi. Erregeak hareen aurrean irakurri eban tenpluan aurkitutako itun-liburuko testu osoa.
    Ondoren, erregeak, oholtzaren gainean zutunik, ituna barritu eban Jaunaren aurrean, Jaunari jarraituko eutsoela aginduz eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz beteko ebezala haren aginduak, burubideak eta arauak, hau da, liburu haretan idatzita egozan ituneko erabagi guztiak. Eta herri osoak onartu eban ituna.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 33-34. 35-36. 37 eta 40 (R/. 33a)

R/.   Irakatsi niri, Jauna, zeure arauen bidea.

V/.   Irakatsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,
horri jarraitzea izango dot saria.
Emoidazu ulermena, eta beteko dot zure legea,
bihotz-bihotzez dot gordeko. R/.

V/.   Gidatu nagizu zeure aginduen bidetik,
horixe dot-eta atsegin.
Makurtu nire bihotza zeure aginduetara,
eta ez okerreko irabazpideetara. R/.

V/.   Urrundu nire begiok huskeriatik,
emoidazu bizia zeure hitzaren indarrez.
Hara, zure legeen gurari biziz nago;
bizibarritu nagizu zeure salbazinoaz. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 15, 4a. 5b

R/.   Aleluia.

V/.   Zagoze Nigan, Ni zuengan lez, dino Jaunak;
        norbait Nigan badago,
        horrek frutu asko emongo dau. R/.

 

Ebanjelioa

Euren egintzetatik igarriko deutsezue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 15-20

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-narruz jantzita datorkizuez, baina barrutik otso harrapariak dira. Euren egintzetatik igarriko deutsezue. Elorritik batzen ete da mahatsik, edota karduetatik ikorik? Zuhaitz onak frutu ona emoten dau, eta zuhaitz txarrak frutu txarra. Zuhaitz onak ezin dau frutu txarrik emon, ezta zuhaitz txarrak be frutu onik.
   
Frutu onik emoten ez dauan zuhaitza ebagi eta surtara botatzen da. Beraz, euren frutuetatik igarriko deutsezue sasiprofetei».

Jaunak esana. 

 

IRUZKINA

     Mendiko Hitzaldiaren azkena emoten deusku gaurkoan Mateok, Jesusen ahotan amaierako aholkuak jarriz.

     Gogoan hartzekoa litzateke azken 5 txataletan 7 bider aitatzen dauala frutua. Zeozer azpimarratu gura dau: argi dago.

     Sasi profeten aurrean arretaz jokatu behar dogula aztertu behar dogu, ba. Sasi profeta nor izan daiteken argituz.

     Aurrekoan esandakoa gogoan izanik (esan bai baina egin ez egiten dabela), esaten dabena beteten ez dabenak lirateke, ba, sasi profetak; inoren bizkarrera zama astunak botaten dabezanak.

     Mahatsondoa, ikondoa, Israel herriaren irudi dira. Honeik frutu barik geldituko dira itxurazko jainkozaletasuna bizi dabelako, eta hondotik moztuko dabe.

     Kurutzea dan zugatz motz eta ustez igarra danetik itxaron behar dira salbamenerako frutuak, ez azaleko erelijino-egintzetatik.

 

 

Urtean Zeharreko XII. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia  

          Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.

Agarrek semea emon eutson Abrami,
eta honek Ismael ezarri eutson izena.

Hasiera liburutik

Has 16, 1-12. 15-16

    Saraik, Abramen emazteak, ez eutson semerik emoten; baina baeban Agar izeneko neskame egiptoar bat, eta Saraik esan eutson Abrami: «Begira, Jaunak agor egin nau. Alkartu zaitez, bada, nire neskameagaz; beharbada izango dot semerik haren bitartez».
    Abramek ontzat emon eban Sarairen proposamena, eta Saraik Agar neskame egiptoarra emon eutson bere senarrari emaztetzat. Hamar urte eroien bizitzen Kanaanen. Alkartu zan Abram Agarregaz, eta umedun geratu zan hau. Horretaz ohartzean, etxekoandrea gitxiesten hasi zan Agar.
    Orduan, Saraik esan eutson Abrami: «Zeu zara destaina horren erantzule. Neuk emon neutsun besoetara neskamea; baina, umedun dala ohartu daneko, gitxietsi egiten nau. Jaunak erabagi begi nork dauan arrazoi gu bion artean».
    Abramek esan eutson: «Hara, zeure esku dozu neskamea; egiozu nahi dozuna». Saraik txarto hartu eban Agar, eta honek ihes egin eban.
    Jaunaren aingeruak aurkitu eban basamortuan, Xurrerako bidean dagoan iturri ondoan, eta esan eutson: «Agar, Sarairen neskamea, nondik zatoz eta nora zoaz?» Agarrek erantzun eutson: «Sarai nire etxekoandreagandik ihesi noa».
    Jaunaren aingeruak, orduan: «Bihurtu zeure etxekoandreagana, eta jarri haren menpean». Jaunaren aingeruak esan eutson gainera: «Izugarri ugarituko ditut zure ondorengoak, ezin konta ahala». Eta jarraitu eban:

«Umedun zagoz, eta semea izango dozu;
Ismael ezarriko deutsazu izena,
entzun dau-eta Jaunak zure atsekabea.
Basa-astoa lakoa izango da,
danen aurka burrukatuko da,
eta danak izango ditu aurka;
senide guztiengandik aparte biziko da».

    Agarrek semea emon eutson Abrami, eta honek Ismael ezarri eutson izena. Abramek laurogeta sei urte ebazan Agarrek Ismael sortu eutsonean.

Jaunak esana.


          I. irakurgaia era laburrean.

Agarrek semea emon eutson Abrami,
eta honek Ismael ezarri eutson izena.

Hasiera liburutik

Has 16, 6b-12. 15-16

    Egun hareetan, Saraik txarto hartu eban Agar, eta honek ihes egin eban. Jaunaren aingeruak aurkitu eban basamortuan, Xurrerako bidean dagoan iturri ondoan, eta esan eutson: «Agar, Sarairen neskamea, nondik zatoz eta nora zoaz?» Agarrek erantzun eutson: «Sarai nire etxekoandreagandik ihesi noa».
    Jaunaren aingeruak, orduan: «Bihurtu zeure etxekoandreagana, eta jarri haren menpean». Jaunaren aingeruak esan eutson gainera: «Izugarri ugarituko ditut zure ondorengoak, ezin konta ahala». Eta jarraitu eban:

«Umedun zagoz, eta semea izango dozu;
Ismael ezarriko deutsazu izena,
entzun dau-eta Jaunak zure atsekabea.
Basa-astoa lakoa izango da,
danen aurka burrukatuko da,
eta danak izango ditu aurka;
senide guztiengandik aparte biziko da».

    Agarrek semea emon eutson Abrami, eta honek Ismael ezarri eutson izena. Abramek laurogeta sei urte ebazan Agarrek Ismael sortu eutsonean.

Jaunak esana.


 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 1-2. 3-4a. 4b-5 (R/. 1a)

R/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta.

        Edo: Aleluia.

V/.   Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
haren maitasuna betikoa da-eta.
Nork azalduko Jaunaren egintza handiak?
Nork goratuko ha behar adina? R/.

V/.   Zorionekoak zuzenbidea errespetatzen dabenak,
beti justizia egiten dabenak!
Gogoratu nitaz, Jauna, zeure herriaganako onginahiagaitik. R/.

V/.   Zatorkidaz zeure salbazinoaz;
ikusi dagidala zure aukeratuen zoriona,
poztu nadila zure herriaren pozez
eta harrotu zure ondareaz. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Joiakin erregea Babiloniara erbesteratu eban Babiloniako erregeak,
herriko handikiekin batera.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 24, 8-17

    Hamazortzi urte ebazan Joakinek errege izaten hasi zanean, eta hiru hilabetez izan zan errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta eban izena eta Jerusalemgo Elnatanen alabea zan. Jaunari atsegin ez jakona egin eban Joiakinek, gauza guztietan bere aitak lez jokatuz.
    Aldi haretan, Nabukodonosor Babiloniako erregearen gudarosteak Jerusalemen kontra etorri eta inguratu egin eban. Gudariak uria inguratzen ebiltzala, Nabukodonosor Babiloniako erregea bera heldu zan urira. Orduan, Joiakin, Judako erregea, Babiloniako erregearen eskuetan jarri zan, bere ama, gortesau, buruzagi eta zerbitzariekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu ebazan. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zan.
    Jaunak esan ebanez, Jaunaren etxeko eta errege-jauregiko altxor guztiak eroan ebazan, eta Israelgo errege Salomonek tenpluan egin ebazan urrezko tresna guztiak txikitu. Jerusalem guztia erbestera eroan eban, buruzagi eta handiki guztiak, hamar mila guztira; baita errementari eta sarrailgile guztiak be. Herriko jente apala besterik ez eban itzi. Nabukodonosorrek Babiloniara erbesteratu eban Joiakin erregea, bere ama eta emazte, zerbitzari eta herriko handikiekin batera. Zazpi mila aberats be eroan ebazan, baita mila errementari eta sarrailgile be, danak gudari izateko gai.
    Ondoren, Babiloniako erregeak, Joiakinen ordez, haren osaba Matanias jarri eban errege; eta izena aldatu eutson, Sedekias deituz.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 79 [78], 1-2. 3-4. 5. 8. 9 (R/. 9b)

R/.   Libratu gagizuz, Jauna, zeure izenaren ohoreagaitik.

V/.   Ene Jainko, jentil-herriak zure ondarean sartu dira,
zure tenplu santua profanatu dabe,
Jerusalem hondakin-pilo bihurtu.
Zure zerbitzarien gorpuak
janari emon deutsiez zeruko hegaztiei,
zure fededunen haragia lurreko piztiei. R/.

V/.   Ura lez isuri dabe hareen odola Jerusalem inguruan,
eta ez egoan inor lur emoteko.
Auzoko herrien barregarri bihurtu gara,
ingurukoen irain eta burla. R/.

V/.   Noiz arte, Jauna? Betiko ete zagoz hasarre?
Noiz arte zure maitasun mindua,
sua lez, gure aurka biztua? R/.

V/.   Ez leporatu guri geure aurrekoen erruak!
Betorkigu laster zure errukia,
lur jota gagoz-eta guztiz. R/.

V/.   Lagundu egiguzu, gure Jainko salbatzaile horrek,
zeure izenari ohore eginez;
libratu gagizuz eta parkatu gure pekatuak
zeure izenaren ohoreagaitik. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa

Hatx gainean eraikitako etxea,
eta hondar gainean eraikitakoa.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 7, 21-29

    Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez da nahiko Niri "Jauna, Jauna" esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoan nire Aitaren nahia egitea.
    Epai-egunean askok esango deust: “Jauna, Jauna, ez ete genduan zure izenean berba egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?” Baina Nik erantzungo deutset: “Ez zaituet inoiz ezagutu; alde Nigandik, gaizkileok!”
    Beraz, nire berba honeek entzuten eta betetzen dituana bere etxea hatx gainean eregi eban gizon zentzundunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; baina ez zan jausi, ze, hatx gainean oinarrituta egoan. Nire berba honeek entzun bai, baina betetzen ez dituana, bere etxea hondar gainean eregi eban gizon burubakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uriolak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; eta jausi egin zan eta guztiz hondatuta gelditu».
    Jesusek berbaldi hau amaitu ebanean, jentetza harrituta egoan haren irakaspenaz; izan ere, nagusitasunez irakasten eutsen, eta ez lege-maisuen moduan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Jesusek bere irakaskintzan jarraitzen dau eta jentea txundituta dauka nagusitasunez irakasten daualako eta ez lege-maisuen antzera. Baina ez da nahikoa txundituta egotea.

     Irakaskintza ez da egiazkoa edo guzurrezkoa beti halantxe irakatsi dalako, edo neure lagunek irakasten dabelako, edo neure arerioek; berez dalako egiazkoa edo guzurrezkoa baino.

     Jesusek bere hitzean oinarritu gaitezala dinosku, bestela, hatx sendoan barik, hondar gainean eraikitzen jardungo dogula.

     Bera aukeratu barik gure bizitzako ardatz eta oinarri edo jaun, zelan esan geikeo, ba, egunen baten Jauna, Jauna!, inoiz izan ez bada, beste jaun batzuen morroi izan bagara, bere hitzean barik, erreztasunean eta azaluskerian eraiki badogu gure bizitza?

     Iguingarria bada esan, baina ez egitea, ez ete da iguingarriagoa beste jaun baten morroi izanda Jesusi Jauna, Jauna! deitzea? Harrokeria halangoa! Iguingarria!

 

 

Urtean Zeharreko XII. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Zirkuntzidatu egizuez gizaseme guztiak, itunaren ezaugarri.
Sarak semea emongo deutsu.

Hasiera liburutik

Has 17, 1. 9-10. 15-22

    Abramek laurogeta hemeretzi urte ebazala, Jauna agertu eta esan eutson: «Ni Jainko Ahaltsua naz; bizi nire zerbitzuan eta izan zintzo».
    Jainkoak esan eutson, gainera, Abrahami: «Gorde nigazko ituna zuk eta zure ondorengoek belaunez belaun. Zugaz eta zure ondorengoekin egiten dodan itunari dagokionez, hau da zuek bete beharrekoa: zuetako gizaseme guztiak zirkuntzidatzea».
    Jainkoak esan eutson Abrahami: «Zure emazteari ez deutsazu gehiago Sarai deituko; Sara izango dau izena. Bedeinkatu egingo dot eta haren bidez semea emongo deutsut. Bedeinkatuko dot eta nazinoen sorburu egingo; herrien erregeak urtengo dabe harengandik».
    Abrahamek, orduan, ahuspezturik, irribarre egin eban, bere kautan esanez: «Ehun urteko gizonari semea sortuko jakola? Eta Sarak semea izango dauala laurogeta hamar urtegaz?» Beraz, Abrahamek esan eutson Jainkoari: «Ai, Ismael behintzat bizirik gordeko bazendu...».
    Baina Jainkoak erantzun eutson: «Zeure emazte Sarak sortuko deutsu semea, eta Isaak jarriko deutsazu izena. Haregaz eta haren ondorengoekin egingo dot Nik ituna, betiko ituna. Entzun dot Ismaelez esan dozuna be: bedeinkatuko dot; haziazoko dot eta ondorengo ugari emongo deutsat, hamabi buruzagi sortuko ditu eta herri handi baten sorburu egingo dot. Baina nire ituna burutu, Isaakegaz burutuko dot, Sarak urtebete barru, sasoi honetan, sortuko deutsun semeagaz».
    Abrahamegaz berba egin ondoren, alde egin eban Jainkoak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 4)

R/.   Honan izango da bedeinkatua
        Jaunari begirune deutsana!

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsana
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutsana!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Juda erbestera eroan eben.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 25, 1-12

    Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Nabukodonosor Babiloniako erregea Jerusalemen kontra etorri zan bere gudaroste guztiagaz, eta inguratu egin eban, inguru guztian hesia eraikiz. Sedekias erregearen hamargarren urtera arte egon zan inguratuta Jerusalem. Gosetea nagusitu zan urian eta herriak ez eban zer janik. Laugarren hilaren bederatzian, urikoek zuloa eraiki eben harresian eta, gauez, ihes egin eben gudari guztiek erregearen lorategi ondoan egozan harresi bien arteko atetik; babiloniarrek inguraturik egozan arren, erregeak Araba aldera egin eban ihes.
    Babiloniar gudarosteak, ostera, erregearen ondotik joan eta Jerikoko lautadan harrapatu eban, haregaz ziran gudari guztiak sakabanatu zirala. Erregea harrapatu ondoren, Riblara eroan eben, Babiloniako erregeagana, eta honek epaitu egin eban. Sedekiasen semeei samea ebagi eutsien aitaren aurrean, eta berari begi biak atara eutsoezan eta, katez loturik, Babiloniara eroan eben.
    Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren zazpian, Nebuzaradanek, Babiloniako erregearen guardia-buru eta ministroak, Jerusalemen sartu eta su emon eutsen Jaunaren etxeari, errege-jauregiari eta uriko etxe guztiei.
    Guardia-buruagaz batera etorritako babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresiak bota ebazan. Nebuzaradan guardia-buruak erbestera eroan ebazan urian gelditutako jente-hondarrak, baita Babiloniako erregearen alde jarri ziranak eta gainerako herritarrak be. Herriko jente apala besterik ez eban itzi, mahastizain eta nekazari moduan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 137 [136], 1-2. 3. 4-5. 6 (R/. ik. 6a)

R/.   Nire mihina ahosabaian itsatsi bekit,
        zutaz gogoratu ez banendi.

V/.   Babiloniako ibaiertzean jesarrita gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko saratsetan
itzita genduzan zitarak dingilizka. R/.

V/.   Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske genduzan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eske:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.

V/.   Zelan kantatu Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.

V/.   Itsatsi bekit mihina ahosabaian,
zutaz gogoratzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 8, 17

R/.   Aleluia.

V/.   Kristok bere gain hartu ebazan gure makaltasunak,
        eta gure gatxak eroan. R/.

 

Ebanjelioa

Jauna, Zuk gura badozu, garbitu naikezu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 8, 1-4

    Jesus menditik jatsi zan eta jente askok jarraitu eutson. Legenardun bat hurreratu jakon eta, aurrean ahuspezturik, esan eutson: «Jauna, gura badozu, garbitu naikezu».
    Jesusek eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Gura dot, izan zaitez garbi». Eta berehala garbitu jakon legenarra. Jesusek agindu eutson: «Kontuz gero! Ez esan ezer inori! Baina zoaz, agertu abadeagana eta eskeini Moisesek agindutako oparia, ezaugarri izan dagien».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Atal honetan, Jesusen egintza miragarrien saila hasten da, eta, labur-labur bada ere, ez da horregaitik garrantzi txikikoa Jesusek egiten dauan garbikuntzea (legenarduna garbitu egiten da, ez osatu).

     Legenarduna guztiz baztertua egoan gizarte haretan: gizataldetik, kultutik… Jainkoak baztertua eta Legeak ere, beste ezer ezin daualako Jainkoak baztertua bada: bizitzan hilda.

     Baina ausarta da legenarduna eta eskaria luzatuko deutso Jesusi. Ausarta da Jesus, Legeak beren-beregi galazoten dauana egiteko gauza dalako: legenarduna ikutu.

     Lepraduna —izen barik agertzen da— orduko baztertu guztien ezaugarritzat hartu geike. Jesusek ha ikutzea baztertu guztiekin bat egiten dala iragarri daike; eta Legearen gizatasunik ezaren salakuntza. Jesus, ba, legea apurtzera barik betetera etorri dala adierazten dau garbitua abadeagana bialtzeak, harexek baieztatu daian garbikuntzea, Legeak agintzen dauana betez.

     Eta Jesusen izakeraz ere zeozer dinosku, holango gaixoa Jainkoak baino ezin garbitu leikealako…

 

 

Urtean Zeharreko XII. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Ba ete da ezer ezinezkorik Jaunarentzat?
Bihurtuko naiatzunean,
Sarak semea izango dau.

Hasiera liburutik

Has 18, 1-15

    Egun hareetan, Jauna agertu jakon Abrahami Mambreko artadian. Abraham oihal-txabolaren sarreran jesarrita egoan, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi ebazan bere aurrean zutunik. Ikusi orduko, arineketan joan jaken txabolaren sarreratik eta, ahuspez jarririk, esan eban: «Ene Jauna, gogoko banozu, ez jarraitu aurrera zeure morroiagaz gelditu barik. Ura ekarriko deutsuet, oinak garbitzeko, eta zuhaizpean hartuko dozue atseden. Jatekoa be ekarriko deutsuet, indarbarritu zaitezen, eta gero jarraituko deutsazue bideari; zeozergaitik igaro zarie zeuen morroi honen ondotik». Hareek erantzun eutsoen: «Egizu dinozuna».
    Abraham arin-arin sartu zan oihal-txabolara, Sara emazteagana, eta esan eutson: «Bizkor, egizu orea urun garbiz eta prestatu egizuz opilak». Abraham bera bizi-bizi joan zan kortara eta, zekor gizen on bat aukeraturik, morroi bati emon eutson; honek behingoan atondu eban. Gero, hartu eban Abrahamek gatzatua, esnea eta atondutako zekorra, eta bisitariei eroan eutsen. Hareek jaten eben bitartean, zutunik egon zan bera hareen ondoan zuhaizpean.
   Amaitzean, itaundu eutsoen: «Non da Sara, zure emaztea?» Abrahamek erantzun: «Hor, oihal-txabolan». Hareetako batek esan eutson: «Urtebete barru ziur bihurtuko naiatzu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango dau».
    Sara entzuten egoan txabolako sarreran, hizketan ebilenaren atze aldean. Abraham eta Sara oso zaharrak ziran, eta igarota eukan Sarak umeak izateko sasoia. Horregaitik, irribarre egin eban Sarak, bere kautan pentsatuz: «Orain, agor-agorra nagoala, atsegina sentituko ete dot? Eta nire senarra zaharturik dagoala gainera?»
    Baina Jaunak esan eutson Abrahami: «Zergaitik dago irribarrez Sara, umerik ezin dauala izan pentsatuz? Ba ete da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Sasoi honetan urtebete barru bihurtuko naiatzunean, Sarak semea izango dau».
    Sarak, bildurtuta, ukatu egin eban: «Ez dot irribarrerik egin». Baina harek erantzun: «Zelan ezetz! Irribarre egin dozu».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Lk 1, 46-48a. 48b-50. 53-55 (R/. ik. 54b)

R/.   Gogoratu da Jauna bere errukiaz.

V/.   Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua,
Jainkoa da-eta nire salbazinoa,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna. R/.

V/.   Horregaitik, dohatsu deituko nabe gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak;
santua da haren izena,
eta haren errukia gizaldiz gizaldi
begirune deutsoenengana. R/.

V/.   Ondasunez bete ditu gose egozanak
eta esku-hutsik bialdu aberatsak.
Lagun etorri jako bere morroi Israeli,
bere errukiaz gogoraturik;
halan eutsen gure gurasoei berbea emona,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana. R/.


II. urtean

I. Irakurgaia

Egin oihu Jaunari bihotzez,
egin aiene, Siongo harresiok.

Negar Kantak liburutik

Nk 2, 2. 10-14. 18-19

    Erruki barik hondatu ditu Jaunak
bere herriko egoitza guztiak;
irauli egin ditu bere hasarrean
Juda lurralde ederreko gotorlekuak;
lurrera bota ditu eta desohoratu
erreinua eta bertako buruzagiak.
Sion uri ederreko zaharrak lurrean jesarrita dagoz isilik,
burua errautsez eta gorputza dolu-jantziz estaldurik;
Jerusalemgo neskatilak burumakur dabiltz.

Begiak erreak ditut negarrez, barrua irakiten, bihotza jausita,
nire herriaren hondamendia dala-eta,
umeak eta bularrekoak uriko kaleetan makalduta dagozalako.
Amari itaunka dabiltz: «Non dira ogia eta ardaoa?»
Zaurituta lez jausten dira uriko kaleetan,
amaren altzoan azken arnasa emonez.

Zegaz konparatuko zaitut,
zeren antzeko egingo, Jerusalem uriburu?
Antzekorik zer aitatuko deutsut, Sion neskatila eder horri,
kontsolatu zaitezan?
Itsasoa baizen handia da zure hondamendia: nork osatu zu?
Zeure profetek ez eutsuen agertu
mezu guzurrezko eta txatxarrak besterik;
ez eben zure gaiztakeria agirian ipini,
holan zure zoria aldatzeko;
guzurrezko eta lilurazko mezua besterik ez deutsue agertu.

Egin oihu Jaunari bihotzez, egin aiene, Siongo harresiok.
Isuri, Sion, zeure negar-erreka gau eta egun.
Ez emon atsedenik zeure buruari,
ez bedi atertu zure begien jarioa.
Jagi, egizu aiene gau osoan eten barik;
isuri ura lez bihotza Jaunaren aurrean.
Jaso eskuak hari,
kaleburu guztietan goseak hiltzen dagozan zeure umeen alde.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 74 [73], 1-2. 3-4. 5-7. 20-21 (R/. 19b)

R/.   Ez ahaztu betiko zeure dohakabeen biziaz.

V/.   Oi Jainko, zergaitik hondatu gaituzu betiko,
zergaitik sutu da zure hasarrea zure larreko ardien kontra?
Gogoratu zaitez antxinatik Zeuretzat hartu zenduan alkarteaz,
zeure ondaretzat askatu zenduan leinuaz,
zeure bizileku egin zenduan Sion mendiaz. R/.

V/.   Zatoz goitik behera hondatuta dagoan uri honetara;
dan-dana hondatu dau arerioak santutegian.
Orro egin eben arerioek zure alkartearen erdian,
euren ikurrinak ezarri ebezan ezaugarri. R/.

V/.   Baso itxian aizkora-kolpeka sartzen danaren antzera,
aizkoraz eta mailuz apurtu ebezan zur landu guztiak.
Gero, su emon eutsoen zure santutegiari,
lurrera bota eben eta profanatu zure izenaren egoitza. R/.

V/.   Izan gogoan zeure ituna,
beteak dagoz-eta gogorkeriaz herrialdeko bazterrak.
Ez bedi zapaldua desohoraturik geratu,
gizajo eta behartsuek goratu begie zure izena. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 8, 17

R/.   Aleluia.

V/.   Kristok bere gain hartu ebazan gure makaltasunak,
        eta gure gatxak eroan. R/.

 

Ebanjelioa

Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik,
eta Abraham, Isaak eta Jakobegaz jesarriko dira.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 8, 5-17

    Aldi haretan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zala, erromatar ehuntari bat etorri jakon, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinaze-minetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan eutson: «Joan eta osatuko dot».
    Baina ehuntariak erantzun eutson: «Jauna, ni ez naz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esaizu hitz bat eta osatuko da nire morroia. Neuk be, neu besteren menpean egon arren, soldaduak dodaz neure menpean, eta bati joateko agintzen badeutsat, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zer edo zer egiteko esan, eta halan egiten dau».
    Hori entzunda, harritu egin zan Jesus eta ondoren etorkozanei esan eutsen: «Egia esan, Israelen ez dot inorengan aurkitu horrenbesteko sinismenik. Eta hauxe dinotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian jesarriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobegaz»; erreinuaren oinordeko ziranak, barriz, kanpora, ilunpetara, botako ditu Jainkoak. Negarra eta hagin-karraskada izango dira han».
    Ondoren, ehuntariari esan eutson: Zoaz etxera, eta gertatu bekizu sinistu dozun lez. Eta ordu haretan bertan osatuta gertatu zan morroia.
    Gero, Pedroren etxera joan zan Jesus, eta haren amaginarreba oheratuta aurkitu eban sukarraz. Hartu eban Jesusek eskutik eta sukarrak alde egin eutson; orduan, emakumea jagi eta zerbitzen hasi jaken.
    Iluntzean deabrudun asko eroan eutsoen Jesusi, eta honek deabruak bere hitzez bota eta gaixo guztiak osatu zituan. Horretara bete zan Jainkoak Isaias profetaren bidez esana: «Harek bere gain hartu zituan gure makaltasunak, eta gure gatxak eroan».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

     Mateoren kontakizun jantzi baten aurrean gagoz. Jesusek kultutik baztertuak diran beste bi osatuko dauz: paganoa bata, emakumea bestea. Jesusen ahalmena eta agintaritza azpimarratzen deuskuz.

     Paganoa osatzean, Jainkoaren salbazinoa ez dagoala Israelgo herrira mugatua, dinosku; eta gainera, ez dala herri bateko izatearen edo Lege bat betetearen sari edo ondorio: sinismena eskatzen da, ez besterik. Eta badau uste ona ehuntariak Jesusengan, urrundik osatu leikela uste izateraino.

     Pedroren amaxeagana Jesus bera hurreratzen da sukarra uxatzeko. Sukarra abertzalekeriaren ezaugarri hartu daiteke; salbazinoa Israelgo herriari baino ez dagokiola uste izatea.

     Baina sukarretik askatuta, emakumea zerbitzu egiteko gauza da. Lehen, emakumea izatearren, kultu eta zerbitzutik baztertua egoana, orain, Jesusi esker, zerbitzurako gauza da.

     Guztiz aberatsa da testua gure usteetatik askatuak izan gaitezala gura badogu.

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...