Urtean Zeharreko XI. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoaren zerbitzari garala agertzen dogu.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 6, 1-10
Senideok: Jainkoaren lankide garan ezkero,
eskatzen deutsuegu ez dagizuela alperrik hartu haren grazia. Izan be, Jainkoak
dino: «Onginahi-sasoian entzun deutsut, eta salbazino-egunean lagundu». Begira,
bada: oraintxe da onginahi-sasoia, oraintxe salbazino-eguna.
Ez deutsagu inori okerrerako biderik emoten,
gure zerbitzua toki txarrean gelditu ez dadin; gauza guztietan, ostera,
Jainkoaren zerbitzari garala agertzen dogu, jasaten dogun guztian eroapen
handia erakutsiz: atsekabe, beharrizan eta estutasunetan, zigor, kartzela,
nahaste eta nekeetan, lo faltan eta janari-ezean. Biziera garbiz jokatzen dogu,
jakituriaz, pazientziaz eta bihotz gozoz, Espiritu Santuaren dohaiz eta
benetako maitasunez, egiaren mezua iragarriz eta Jainkoaren indarra erakutsiz.
Erasorako nahiz defentsarako, Jainkoaren
salbazino-indarra da gure arma, ohoratzen gaituela nahiz iraintzen, gutaz ondo
berba egiten dabela nahiz txarto. Guzurtitzat jotzen gaitue, baina egiazale
gara; ezezaguntzat, baina ezagunak gara; hilzorian gagoz, baina oraindino
bizirik; zigortuak, baina ez hilak; tristetzat jotzen gaitue, baina beti pozik
gagoz; behartsutzat, baina beste asko aberasten dogu; ezertxu be ez bagendu
lez, baina guztiaren jaube gara.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 98 [97], 1. 2-3b. 3c-4 (R/. 2a)
R/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza
harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena
emon deutso bere eskumak,
bere
beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere
salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez
da ahaztu bere maitasunaz,
Israel
herriari deutson leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure
Jainkoaren garaipena.
Egin
irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin
poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Nabot harrikatu egin eben hil arte.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 21, 1-16
Sasoi haretan, baeban Nabot izreeldarrak
mahasti bat Izreelen, Samariako errege Akaben jauregi ondoan. Honan berba egin
eutson Akabek Naboti: «Emoidazu zeure mahastia, neuretzat baratzea egiteko,
nire etxearen ondo-ondoan dago-eta; ordainetan mahasti hobea emongo deutsut;
edota, nahiago badozu, dirutan ordainduko deutsut». Nabotek erantzun eutson
Akabi: «Ez deidala Jaunak itzi asabengandiko ondarea zuri emoten».
Triste eta hasarre joan zan Akab etxera,
Nabot izreeldarrak bere asabengandiko ondarea ez eutsola emongo erantzun
eutsolako. Ohean etzun zan, aurpegia horma aldera bihurturik, eta ez eban jan
nahi izan.
Jezabel emaztea etorri jakon, esanez: «Zer
dozu triste egoteko? Zergaitik ez dozu jan nahi?» Erregeak erantzun eutson:
«Nabot izreeldarrari esan deutsat bere mahastia diru-ordain niri saltzeko edo,
nahiago baeban, beste mahasti bat emongo neutsala berearen ordez. Baina ez
deustala itziko erantzun deust». Orduan, Jezabel emazteak esan eutson: «Ez ete
zara, bada, zu Israelgo erregea? Jagi zaitez, jan eta poztu barru hori. Neuk
emongo deutsut Izreelgo Naboten mahastia».
Jezabelek gutunak idatzi ebazan Akaben
izenean, erregearen zigiluz jo eta Naboten uri berean bizi ziran
herri-arduradunei eta handikiei bialdu eutsezan. Gutunek hau inoen: «Iragarri
egizue baraualdia eta jesarriazo Nabot herriko batzarraren aurrean; ipini gizon
gaizto bi Naboten aurrean eta salatu dagiela testigantza hau eginez:
"Jainkoa eta erregea madarikatu dozuz". Gero, atara egizue Nabot eta
emoiozue harrika hil arte».
Naboten uriko arduradunek eta handikiek bete
eben Jezabelek bialdutako gutunetan idatzi eutsen agindua. Baraualdia iragarri
ostean, Nabot batzarraren aurrean jesarriazo eben. Gero, gizon gaizto biak
etorri, Naboten aurrean jesarri eta salatu egin eben, jentearen aurrean,
testigantza hau eginez: «Nabotek Jainkoa eta erregea madarikatu ditu». Uritik
kanpora eroan eta harrikatu egin eben hil arte.
Orduan, abisua bialdu eutsoen Jezabeli:
«Nabot harrikatu dabe eta hil da». Nabot harrikatu eta hil ebela jakitean,
Jezabelek esan eutson Akabi: «Jagi eta egin zaitez Nabot izreeldarrak saldu
nahi ez eutsun mahastiaren jaube. Nabot ez da bizi, hil da». Izreelgo Nabot hil
zala jakin ebanean, haren mahastira jatsi zan behingoan Akab, mahastiaren jaube
egiteko.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 5, 2-3. 5-6a. 6b-7 (R/. 2b)
R/. Egin jaramon, Jauna, nire aieneari.
V/. Entzun, Jauna, nire hitzok,
egin
jaramon nire aieneari.
Zagoz
adi nire deadarrera,
ene
Errege, ene Jainko,
Zuri
nabil-eta otoitzean. R/.
V/. Ez zara Zu gaiztakeria gogoko dauan Jainkoa,
ez
deutsazu Zuk gaiztoari harrerarik egiten,
harroek
ezin iraun dabe zure begien aurrean. R/.
V/. Gaizkile guztiak dozuz gorrotatzen,
guzur-ontziak
hondatzen.
Hiltzaile
eta maltzurrak
higuingarri
jatzuz, Jauna. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 119 [118], 105
R/. Aleluia.
V/. Kriseilu da zure hitza, Jauna, nire
oinentzako,
argi
nire biderako. R/.
Ebanjelioa
Nik hau dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 38-42
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzun dozue antxinakoei agindua: "Begia begiaren orde, hagina haginaren orde”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto; bestera baino, eskumako matrailean jotzen zaituanari eskeini beste matraila be; soinekoa kentzeko auzitara eroan gura zaituanari emon soingainekoa be; nonork mila pausu egitera behartzen bazaitu, egin bi mila beragaz. Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zelan ez dabe, ba, paretik kenduko ubidean kontra doana! Urek iruntzi egingo dabe. Hauxe da Jesus.
Antxinako lege aurrerakoia, ondino aurrerago eroan gura izan dau, baina ondino ez dogu onartu Jesusen proposamena.
Kaltegilea ezabatzea bazan (eta bada) gizakiaren jokerea, lege horrek kaltearen ordain bardina gehien ere, eta ez handiagoa, egitea adosten eban. Aurrerapen izugarria!
Ondino horretaraxe ere ez gara heldu: kalte egin deuskunaren hondamena edo heriotzea ere bilatzen dogu justizia egitearen izenean. Zelan ulertzen dogun justizia! Geure norkeria babesten dauan arau lez.
Jesusen proposamenari batzuk barre egingo deutsoe. Beste batzuk onartezin joko dabe, besteek ere onartu egin behar izango leukeela-eta.
Eta Jesusek aurrera darrai bere proposamenaz: ez da gaizkilea hondatu behar, txarkeria baino. Eta ez dogu txarkeria beste handiago bategaz gaindituko, bihozberatasunaz eta parkamenaz baino.
Onartezin egiten jaku? Zergaitik ete da?
Urtean Zeharreko XI. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesu Kristo behartsu egin zan zuekaitik.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 8, 1-9
Senideok: Jainkoak Mazedoniako eleiz
alkarteei izan deutsen onginahia jakinazo nahi deutsuegu. Atsekabealdi
gogorretan probatuak izan diran arren, hareen poza neurribakoa izan da, eta
euren ezerez gorrian oso eskuzabal agertu dira. Ahal ebena eta gehiago be emon
dabela testigu naz; euren gogoz, arren eta arren eskatzen euskuen fededunen
aldeko zerbitzu honetan parte hartzen izteko.
Eta guk uste baino gehiago be egin dabe:
lehenengo, Jaunari emon eutsoen euren burua, eta gero guri, Jainkoak nahi eban
lez. Horregaitik eskatu deutsagu Titori, zuen eskuzabaltasunezko egintza hau
berak hasi eban lez, burutu be berak burutu dagiala zuen artean.
Gauza guztietan aberats zarie: sinismenean,
berba egiteko gaitasunean, jakintzan, danerako arduran eta guganako
maitasunean; izan zaiteze aberats eskuzabaltasunean be. Hau ez deutsuet aginduz
esaten, beste eleiz alkarteen arreta ikusiz baino, zeuen maitasunaren
jatortasuna erakusteko aukera izan dagizuen. Ezaguna dozue Jesu Kristo gure
Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zan zuekaitik, bere
behartsu izateaz zuek aberats egiteko.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 146 [145], 2. 5-6b. 6c-7. 8-9a (R/. ik. 1b)
R/. Goratu egizu Jauna, nire barrua.
Edo: Aleluia.
V/. Goratuko dot Jauna bizi nazan artean,
soinua
joko deutsat neure Jainkoari nazan artean. R/.
V/. Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna
bere Jainkoa itxaropen dauana.
Berak
egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta
horreetan dagoan guztia. R/.
V/. Betiko eusten deutso bere leialtasunari,
zapalduen
eskubideak defendatzen ditu,
gose
diranei ogia emoten.
Jaunak
askatzen ditu presoak. R/.
V/. Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak
jasotzen konkortuak,
Jaunak
maitatzen zintzoak,
Jaunak
zaintzen etorkinak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Israel pekatura eroan dozu.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 21, 17-29
Nabot hil ondoren, Jaunak honan berba egin
eutson Elias tixbearrari: «Joan zaitez Samarian dagoan Israelgo errege
Akabengana; Naboten mahastian dago, haren jaube egitera joana. Berba egiozu
honan: "Hau dino Jaunak: Gizon bat hil eta, gainera, harenaz
jaubetu!" Hara, bada, zer dinotsun Jaunak: "Txakurrek Naboten odola
milikatu daben toki berean milikatuko dabe zure odola be"». Akabek esan
eutson Eliasi: «Orain be harrapatu nozu, nire arerio horrek».
Eliasek erantzun: «Bai, harrapatu zaitut!
Zeure burua saldu dozulako, Jaunari atsegin ez jakona eginez, hau dino Jaunak:
"Zoritxarra ekarriko dot zure gainera;
zure ondorengoak desagertuazoko ditut eta zure familiako gizaseme
guztiak, libre nahiz esklabo, hondatuko Israelen. Nebaten seme Jeroboamen eta
Ahiasen seme Baxaren familiekin egin nebana bera egingo dot zure familiagaz be,
hasarratuazo nozulako eta Israel pekatura eroan dozulako". Jezabeli buruz,
barriz, hau dino Jaunak: "Txakurrek iruntsiko dabe Jezabel Izreelgo
landan. Urian hiltzen dan Akaben familiakoa txakurrek jango dabe, eta landan
hiltzen dana zeruko hegaztiek"».
Benetan ez zan inor izan Akabek lez bere
burua saldu ebanik, Jaunari atsegin ez jakona egiteko; Jezabel bere emazteak
eragin eutson okerrera. Jokabide higuingarria izan eban, sasijainkoen atzetik
ibiliz, Jaunak israeldarren aurretik bota ebazan amortarrek egin eben lez.
Eliasen hitzak entzutean, Akabek bere
jantziak urratu ebazan, dolu-jantzia hartu eta barau egin eban; dolu-jantzia
erantzi barik egin eban lo, eta buru-apal ebilen. Orduan, honan berba egin
eutson Jaunak Elias tixbearrari: «Ikusi dozu zelan apaldu dan Akab nire aurrean?
Hara, nire aurrean apaldu dan ezkero, zoritxarra ez deutsat bera bizi dan
artean ekarriko; semearen egunetan ekarriko deutsat zoritxarra haren
familiari».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 51 [50], 3-4. 5-6b. 11 eta 16 (R/. ik. 3a)
R/. Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.
V/. Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu
nire hobena zeure neurribako onberatasunaz.
Garbitu
nagizu zeharo neure errutik,
garbitu
neure pekatutik. R/.
V/. Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi
aurrean dot eten barik neure pekatua.
Zure
aurka, zure aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure
begietan oker dana egin dot. R/.
V/. Aldendu aurpegi hori nire pekatutik,
hondatu
nire erru guztiak.
Libratu
nagizu heriotza-zigorretik, Jainko,
ene
Jainko salbatzailea,
eta
poz-oihuz ospatuko dau nire mihinak zure salbazinoa.
R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 13, 34
R/. Aleluia.
V/. Agindu barria emoten deutsuet, dino Jaunak:
maitatu
dagizuela alkar,
Nik
maite izan zaituedan lez. R/.
Ebanjelioa
Maitatu egizuez zeuen arerioak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 43-48
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Entzun dozue antxinakoei agindua: "Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta gorrotatu zeure arerioa”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz eraso egiten deutsueenen alde, zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezen ze, harek gaiztoentzat eta zintzoentzat ataratzen dau eguzkia eta zuzenentzat eta okerrentzat egiten euria. Izan be, maite zaituenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor jatzue? Zergalariek be ez ete dabe beste horrenbeste egiten? Eta zeuon senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten dozue berezirik? Jentilek be ez ete dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ze babes hasten gara bila Jesusen hitzon aurrean? Goi mailara heltzen dira honegaz Jesusen eskakizunak. Ondo daki harek, berez ezinezko gauza dana eskatzen dauana. Baina, halan ere, horretarantza bideratu nahi dauz bere jarraitzaileak: bere eguneroko jarrerarantza.
Gizakiaren berezko joerea norbere burua babestea da, eta aurrera jatorkonari aurre egitea. Ondotxo daki hori Jesusek. Eskatzen deuskuna ez da, ba, arduragabekeriaz jokatzea, geure berezko jokeren morroi ez izatea baino.
Horretarako, lehenengo gauzea, gaizkilea bere txarkeriatik bereiztea da: gaiztakeria (edo txarkeria) da menperatu beharrekoa. Gaizkileari —Jainkoaren seme-alaba lez, neure senide lez— errespetua zor jako; salbatu egin behar da (txarkeriatik libratu), berreskuratu.
Bizitzaren aurreango beste jarrera bat da hau: Jesusena, eta harek bere jarraitzaileei eskeintzen deutsena. Izan daiteke zeurea, neurea…?
Urtean Zeharreko XI. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Alai emoten dauana maite dau Jainkoak.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 9, 6-11
Senideok: Izan kontuan urri ereiten dauanak
urri batzen dauala, eta oparo ereiten dauanak batu be oparo batzen dauala. Emon
begi bakotxak bere kontzientzian erabagi dauana, baina ez gogo txarrez eta
behartuta lez, alai emoten dauana maite dau-eta Jainkoak.
Eta ahaltsua da Jainkoa era guztietako
dohaiez zuek betetzeko, zeuentzat danetik nahikoa izanik, egintza on
guztietarako ugari izan dagizuen, Liburu Santuak dinoan lez:
«Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren
eskuzabaltasunak betiko dirau».
Ereiteko hazia eta jateko ogia emoten dituan
Jainkoak emongo deutsue hazia, ugarituko dau zuek ereindakoa eta oparo gehituko
ditu zuen eskuzabaltasunaren emoitzak.
Danetan aberats zarie, danetan eskuzabal
izateko; holan, gure bitartez, zuen eskuzabaltasunak Jainkoarentzat esker ona
sortuko dau.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 112 [111], 1-2. 3-4. 9 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana.
Edo: Aleluia.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana,
haren
aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua
izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua
zuzenen ondorea. R/.
V/. Haren etxean ondasunak ugari izango dira,
haren
eskuzabaltasunak betiko dirau.
Ilunpean
argia lez da zuzenentzat:
errukiorra,
bihozbera eta zintzoa. R/.
V/. Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren
eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez
jasoko dau bekokia. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Suzko gurdi
batek banandu egin ebazan bata besteagandik,
eta Eliasek
zerura igon eban.
Erregeak bigarren liburutik
2 Erg 2, 1. 6-14
Jaunak haize-zurrunbiloan eroan eban Elias
zerura. Hona zelan jazo zan. Elias eta Eliseo Gilgaldik abiatu ziran, eta,
Jerikora heldu ziranean, Eliasek esan eutson Eliseori: «Gelditu hemen; Jaunak
Jordan ibaira bialtzen nau ni». Baina Eliseok erantzun: «Ala Jainkoa, eta ala
zu! Ez zaitut bakarrik itziko». Eta alkarregaz joan ziran biak. Profeta-taldeko
berrogeta hamar lagun be joan ziran eta urruntxuago gelditu ziran Jordanen
aurrez aurre; Elias eta Eliseo, barriz, Jordan bazterrean gelditu ziran.
Orduan, Eliasek bere soingainekoa hartu,
batu eta ura jo eban haregaz: urak alde bietara baztertu ziran, eta biak
lehorretik igaro ziran. Bestaldera heldu ziranean, Eliasek esan eutson
Eliseori: «Esaidazu zer nahi dozun nik zure alde egitea, Jaunak zure ondotik
eroan nagian baino lehen». Eliseok erantzun eutson: «Pasatu dadila nigana zure
profeta-espirituaren hirutik bi». Eliasek barriro: «Gauza zaila eskatzen dozu.
Halan be, Jaunak zure ondotik eroango nauanean ikusten banozu, izango dozu;
bestela, ez».
Biak bidean aurrera berbetan joiazala, suzko
zaldiek eroien suzko gurdi batek banandu egin ebazan bata besteagandik, eta
Eliasek zerura igon eban haize-zurrunbiloan. Eliseok ikusten eban eta oihu
egiten: «Ene aita, ene aita, Israelen zaintzaile indartsua!» Gero, ez eban
gehiago ikusi.
Orduan, Eliseok bere jantziak hartu eta zati
bi egin ebazan. Gero, Eliasi soinetik jausi jakon soingainekoa jaso, Jordanera
bihurtu eta ibai ondoan gelditu zan. Ondoren, Eliasi jausitako soingainekoa
hartu eta urak jo ebazan haregaz, esanez: «Non da orain Jauna, Eliasen
Jainkoa?» Jo ebazan urak, eta alde bietara baztertu ziran, eta bera bestaldera
igaro zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 31 [30], 20. 21. 24 (R/. 25)
R/. Izan bihotz, Jaunagan itxaroten dozuen guztiok!
V/. Bai handia, Jauna, zure ontasuna!
Begirune
deutsuenentzat dozu gordea,
Zugan
babesten diranei agertzen deutsezu
jentearen
aurrean. R/.
V/. Zeure aurpegiaren babespean gordetzen dozuz
jentearen
azpikerietatik;
zeure
txabolan babesten dozuz
mihinen
liskarretatik. R/.
V/. Maitatu egizue Jauna, haren fededun guztiok.
Jaunak
zaintzen ditu leial jakozanak;
harroei,
barriz, ordain gogorra emoten deutse.
Eutsi
gogor, izan bihotz,
Jaunagan
itxaroten dozuen guztiok! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 14, 23
R/. Aleluia.
V/. Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino
Jaunak;
nire
Aitak maite izango dau,
eta
Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.
Ebanjelioa
Ezkutuan be ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordaina.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 6, 1-6. 16-18
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jentaurrean, ikusi zagiezan!
Osterantzean, ez dozue zeruetan dagoan Aitaren saririk izango.
Limosna emotean, beraz, ez ibili aurretik
turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diran lez,
jenteak txalotu dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk limosna
emotean, ostera, ez begi jakin zure ezkerrak zer egiten dauan eskumak; holan,
zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan be ikusten dauan zeure Aitak
emongo deutsu saria.
«Otoitz egitean, ez egin itxurazaleen erara;
ze horreek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutunik otoitz egitea maite dabe,
jenteak ikusi dagizan. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zu, ostera,
otoitz egitean, sartu zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan
dagoan zeure Aitari; eta ezkutuan be ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu
saria.
Barau egitean, ez agertu bekokilun,
itxurazaleak lez; ze aurpegia zatartu egiten dabe, barau egiten dabela jenteari
agertzeko. Egia esan, horreek jaso dabe euren saria. Zuk, barriz, barau
egitean, igurtzi zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jenteak ez,
baina ezkutuan dagoan zure Aitak ikusi dagian zure baraua; eta ezkutuan be
ikusten dauan zeure Aitak emongo deutsu ordainsaria».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Pasarte honetan Jesusek geure norkeria eta gure eredutasuna jarten dauz jokoan.
Eginbehar erlijiosoak ziran haren aldietan limosna, baraua eta otoitza, batez ere erlijiosoentzat (idazlari, farisear, e.a.). Baina egintza hori jentearen aurrean norbere izen ona handiagotzeko egitea, norkeria puztutze lez joten dau Jesusek.
Eta ez dino txarto egitekotan, ez egin; egin behar dan lez egin, baino. Hau da: Jainkoaren aurrean zeure esker ona agertzeko.
Eta zelan buztartu hau, asko ez dala entzun dogun beste agindu honegaz: …zuen egintza onak ikus daiezan eta zeruetan dagoan zuen Aita gorets daien?
Egin geikez gauza onak, norbere izen ona puztutzeko eran, edo, apaltasunez, besteentzat ere eredu izatera helduz, Jainkoa goresteko.
Txarrena zera da: hutsean ezer gitxi dakigula egiten; gehienetan sariren bategaitik egiten dogula. Ez ete dogu, ba, Jainkoagandik ezelango saririk itxaroten?
Urtean Zeharreko XI. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoaren Barri Ona doan iragarri neutsuen.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 11, 1-11
Senideok: Parkatuko deustazuez zorakeria
batzuk! Jakina parkatzen deustazuezana; Jainkoak bere herriagaitik sentitzen
eban zeloaz nago-eta ni zuekaitik jeloskor; izan be, senar bakarrari, Kristori,
zaukedaz aginduta, eta neskatila garbi lez aurkeztu nahi zaituet beraren
aurrean. Baina bildur naz, sugeak bere maltzurkeriaz Eva liluratu eban lez,
zuen gogoak be ez ete diran gaiztotuko, Kristoganako jarrera leial eta garbitik
aldenduz.
Izan be, etortzen jatzue edozein, guk
predikatu geuntsuena ez beste Jesus bat predikatuz edota hartu zenduena ez
beste Espiritu bat eskeiniz edota sinistu zenduena ez beste Barri On bat iragarriz,
eta zuek nasai-nasai onartzen dozue. Halan be, uste dot ez nazala ezertan
superapostolu horreek baino gitxiago. Berbetan motela banaz be, ez horregaitik
jakintzan, beti eta era guztietara agertu deutsuedan lez.
Edota txarto egin ete neban zuek
goratzeagaitik neure burua beheratzean? Jainkoaren Barri Ona doan iragarri
neutsuelako dinot. Zuek zerbidu ahal izateko, beste eleiz alkarteei kendu behar
izan deutset neuretzat behar nebana. Eta zuen artean nengoala beharrizanean
izan nintzanean, ez nintzan zuetako inorentzat nekagarri izan, Mazedoniatik
etorritako senideek emon eusten-eta behar nebana. Nire jokaera hauxe izan zan
eta hauxe izango be: ezertan nekagarri ez izatea zuentzat.
Nigan bizi dan Kristoren egiagaitik
dinotsuet, harrobide hori inork be ez deustala kenduko Akaia osoan. Zergaitik
jokatu dot holan? Maite ez zaituedalako ete? Ondo daki Jainkoak zenbat maite
zaituedan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 111 [110], 1-2. 3-4. 7-8 (R/. ik. 7a)
R/. Zure egintzak, Jauna, leial eta zintzo dira.
Edo: Aleluia.
V/. Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak
Jaunari,
zintzoekin
batera batzarrean alkarturik.
Jaunak
eginak handi dira,
gogoko
dabezan guztientzat aztergai. R/.
V/. Ospetsu eta eder haren egintza,
betiko
dirau haren salbazino-asmoak.
Bere
mirariak gogoangarri egin ditu;
errukiorra
da Jauna eta bihozbera. R/.
V/. Haren egintzak leial eta zintzo dira,
haren
lege guztiak fidagarri,
beti-betiko
ezarriak,
leial
eta zuzen eratuak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Elias
zurrunbiloan desagertu zanean,
haren
espirituaz bete zan Eliseo.
Siraken liburutik
Si 48, 1-15 (gr. 1-14)
Sua lez agertu zan Elias profeta,
haren
hitzak zuziak lez erretzen eban.
Gosetea
ekarri eban israeldarren gainera,
gitxitu
egin ebazan bere jainkozaletasun gartsuaz.
Jaunaren
aginduz euria egitea galarazo eban,
eta
hiru aldiz jatsiarazo sua zerutik.
Bai
ospetsua izan zinala, Elias, zeure mirariakaitik!
Nor
harrotu, zu adinakoa dalakoan?
Zuk
ekarri zenduan hildako bat bizira,
Goi-goikoaren
hitzez Hildakoen Egoitzatik ataraz;
zuk
eragin zenduan erregeen hondamendia
eta
bota zenduzan agintetik handikiak;
zuri
egin eutsun Jaunak errieta Sinai mendian,
eta
zigortzeko bere erabagiak azaldu;
zuk
igurtzi zenduzan erregeak,
sinisbakoen
aurka mendekatzeko,
eta
profetak igurtzi zenduzan zure ondorengo izateko.
Suzko
zurrunbiloan eroan zinduezan zerurantz,
suzko
zaldiek eroien gurdian.
Idatzirik
dago, egun baten etortzekoa zarala,
Jaunaren
sumina baretzera, lehertu baino lehen,
gurasoak
eta seme-alabak adiskidetzera,
eta
Jakoben leinuak barriztatzera.
Zorionekoak
zu ikusi zinduezanak
eta
maitasunean lokartu ziranak!
Gu
be biziko gara, bai.
Elias
zurrunbiloan desagertu zanean,
haren
espirituaz bete zan Eliseo.
Bere
bizitzan ez eben buruzagiek Elias ikaratu,
inork
be ez menpean hartu.
Ezer
ez zan harentzat ezinezko,
heriotzako
loaldian be profetagintzan jardun eban.
Bizi
zala, mirariak egin ebazan;
hil
ondoren be, harrigarriak izan ziran haren egintzak.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 97 [96], 1-2. 3-4. 5-6. 7 (R/. 12a)
R/. Poztu zaiteze Jaunarekin, zintzook.
V/. Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu
beitez ugarte ugariak!
Laino
eta hodei baltzak ditu inguruan,
justizia
eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.
V/. Sua doakio aurretik,
inguruko
arerioak kiskalduz.
Haren
tximistek argitzen dabe mundua;
ikustean,
dar-dar egiten dau lurrak. R/.
V/. Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren
aurrean,
lur
osoaren Jaubearen aurrean.
Zeruek
haren salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri
guztiek haren ospea ikusten. R/.
V/. Lotsatu egiten dira idolozale guztiak,
sasijainkoez
harrotzen diranak.
Ahuspez
jartzen jakoz jainko guztiak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Erm 8, 15bc
R/. Aleluia.
V/. Seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu
dozue,
eta
Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!»,
deiegiten
deutsagu Jainkoari. R/.
Ebanjelioa
Zuek honan egingo dozue otoitz.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 6, 7-15
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, ze uste dabe euren
berba-jarioari esker entzungo deutsela Jainkoak. Ez izan hareen antzeko, ze
badaki zuen Aitak zer behar dozuen, zuek eske hasi baino lehenago. Beraz, zuek
honan egingo dozue otoitz:
“Gure
Aita, zeruetan zarana,
Santu
izan bedi zure izena;
Etor
bedi zure erreinua;
Egin
bedi zure nahia
Zeruan
bezala lurrean ere.
Emoiguzu
gaur egun honetako ogia;
Parkatu
gure zorrak,
Geuk
ere geure zordunei
Parkatzen
deutsegun ezkero;
Ez
eiguzu itzi tentazinoan jausten
Eta
atara gagizuz gatxetik”.
Izan be, zuek besteei euren hutsegiteak parkatzen badeutsezuez, zeuoi be parkatuko deutsue zeruko zuen Aitak; baina besteei parkatzen ez badeutsezue, zeuoi be ez deutsuez parkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Pasarte honetan murgildu ahal izateko testuingurua bilatu beharra daukagu, bestela sasi artean trabatuak geldituko gara.
Jesusek irakasle lanetan dihardu eta gauzak egiteko erak dagozala azpimarratu gura dau.
Egin daitekez gauzak aginduta dagozalako, edo egiteko ohiturea daukagulako, edo barrutik urteten deuskulako, edo inori atsegin emon gura deutsagulako… Gauzak egiteko erak eta erak dagoz. Jesusek eskatzen dauana azaluskeriatik aldentzea da (edo, atzo eskatzen euskun lez, harropuzkeriatik urruntzea).
Bigarrenez, Jainkoagan uste on izatea. Eta baita hari gure beharrizanak aurkeztea ere, baina ez hitz-jarioz, leuntasunez baino.
Eta, azkenik, parkamen-deia egiten deusku. Hau da: parkamen eskatzen jakin behar dogu; eta, horretarako, geure hutsak autortzen. Eta, horregaz batera, geure senideak ere geure antzera huts egin daikela-eta, hari parkatzen jakin behar dogula.
Harrigarria oraintxe dator: “… zeuoi be ez deutsuez parkatuko Aitak” dinonean. Ezin izan daiteken gauzea dalako. Jainkoak ez dau parkatzen edo parkamena ukatzen, Parkamena dalako.
Esaldi honetan, ba, Jesusek parkamenaren garrantzia azpimarratzen dau, Jainkoaren seme-alaba lez gagozala parkamenera deituak argi izteko.
Urtean Zeharreko XI. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Horreen guztien
gainetik, eguneroko nire buruhaustea:
eleiz alkarte
guztien ardura.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 11, 18. 21b-30
Senideok:
Asko dira giza arrazoi hutsez harrotzen diranak; zergaitik ez ni? Besteak
ausartzen diranera –badakit zoro lez nabilena– neu be ausartuko naz.
Hebrearrak dirala? Bai neu be. Israeldarrak
dirala? Bai neu be. Abrahamen jatorrikoak dirala? Bai neu be. Kristoren
zerbitzariak dirala? Ni gehiago, nahiz zorokeria izan hori esatea. Hareek baino
neke gehiago jasan dot, kartzela gehiago, zigorkadak zer esanik ez; hilzorian
be egon naz hamaika aldiz.
Judeguen eskuetatik bost aldiz hogeta
hemeretzi zigorradak hartutakoa naz; hiru aldiz makilatutakoa, behin harrikatutakoa,
hiru aldiz hondoratu zan neroan itsasontzia eta gau eta egun osoa emon neban
itsasoan galduta. Zenbat ibilaldi oinez eta zenbat arrisku! Arriskuak ibaietan,
arriskuak bidelapurren aldetik, arriskuak neure herrikoen aldetik, arriskuak
jentilen aldetik, arriskuak urietan, arriskuak basamortuan, arriskuak itsasoan,
arriskuak guzurrezko senideen artean. Zenbat neke eta lan! Gau asko lorik egin
barik; gose eta egarri; sarritan ezer jan barik, hotzak eta jantzi barik.
Eta horreen guztien gainetik, eguneroko nire
buruhaustea: eleiz alkarte guztien ardura. Nor gaixotzen da, eta ni gaixotu ez?
Nor jausten, eta ni erremindu ez? Harrotu behar badot, neure makaltasunaz
harrotuko naz.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. ik. 18b)
R/. Bildur guztietatik atara ninduan Jaunak.
V/. Bedeinkatuko dot aldi guztietan Jauna,
nire
ahoan beti haren gorespena.
Harro
nago Jaunagaz,
entzun
begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu
daigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana
jo neban, eta harek erantzun,
bildur
guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez
jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak
dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi
guztietatik eban salbatu. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Joax igurtzi
eban,
ete danek oihu
egin eben: «Gora erregea!».
Erregeak bigarren liburutik
2 Erg 11, 1-4. 9-18. 20
Egun hareetan, Okoziasen ama Ataliak, bere
semea hil zala ikusirik, erregearen familiako guztiak hiltzea erabagi eban.
Baina Judako errege izan zan Joramen alaba eta Okoziasen arreba Joxebak Joax
Okoziasen semea hartu, hil behar ebezan errege-senitartekoen artetik atara eta
tenpluko gela baten sartu eban, bere inudeagaz batera. Holan gorde eban
Ataliaren begi-bistatik, eta ez eben hil. Sei urtez egon ziran inudea eta biak
Jaunaren etxean ezkutaturik; bitartean, Atalia zan erregina lurralde haretan.
Zazpigarren urtean, Joiada abadeak Jaunaren
tenplura etorriazo ebazan kariarren eta guardien ofizialak. Hareekin hitzarmena
egin eta zin eginazo eutsen Jaunaren etxean. Ondoren, erregearen semea aurkeztu
eutsen.
Ofizialek zehatz bete eben Joiada abadeak
agindu eutsen guztia. Hartu ebazan bakotxak bere gizonak –zapatuan zaintzaldia hasten
eta amaitzen ebenak–, eta Joiada abadeagana etorri ziran. Orduan David
erregearen lantzak eta babeskiak emon eutsezan abadeak ofizialei, arma horreek
tenpluan egozan-eta jasoak. Guardiak, armak eskuetan, hegotik iparrera jarri
ziran, altarearen eta tenpluaren artean, erregea inguratzeko. Orduan, Joiadak
erregearen semea erdira ekarri, koroa eta errege-ezaugarriak ezarri eta errege
igurtzi eban. Jente guztiak, txaloka, oihu egin eban: «Gora erregea!».
Guardien eta jentearen zarata-hotsa entzun
ebanean, Ataliak Jaunaren tenplura jo eban, eta erregea ikusi eban oholtza
gainean zutunik, ohi zan lez; buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen
ondoan egozan, eta herriko jentea pozez beterik ebilen, turuten soinura.
Orduan, Ataliak, bere jantziak urratuz, garrasi egin eban: «Saldukeria,
saldukeria!» Joiada abadeak, ez eban Atalia Jaunaren etxean hiltzea nahi, eta
guardien buru ziran ofizialei hau agindu eutsen: «Atara egizue tenplutik eta,
norbaitek jarraitzen badeutso, hil ezpataz». Heldu eutsoen eta bultzaka
jauregira sartu eben Zaldien Atetik eta han hil eben.
Gero, Joiadak ituna egin eban Jaunaren,
erregearen eta herriaren artean, herria benetan Jaunaren herri izan zedin.
Ituna egin eban erregearen eta herriaren artean be. Ondoren, herriak Baalen
jauretxean sartu eta hondatu egin eban; birrindu egin ebazan hango altara eta
irudiak eta Matan, Baalen abadea, altara aurrean hil eben. Joiada abadeak
zaintzaileak ipini ebazan Jaunaren etxean.
Herri osoa pozez bete zan eta uria baketu.
Atalia, barriz, ezpataz hil eben errege-jauregian.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 132 [131], 11. 12. 13-14. 17-18 (R/. 13)
R/. Jaunak Sion aukeratu dau bere bizileku.
V/. Jaunak zin egin deutso Davidi,
inoiz
hausiko ez dauan hitza emon:
«Zure
jatorriko bat
ipiniko
dot zure tronuan. R/.
V/. Zure ondorengoek,
nire
ituna eta irakatsiko deutsedazan aginduak
gordetzen
badabez,
betiko
jesarriko dira zure tronuan». R/.
V/. Bai, Jaunak Sion aukeratu dau
eta
han bizi nahi izan dau:
«Hau
da nire atsedenlekua betiko,
hemen
biziko naz, gogoko dot-eta. R/.
V/. Han erneazoko dot Daviden indarra,
kriseilua
biztuko deutsat Nik igurtzitako erregeari.
Haren
arerioak lotsaz ditut estalduko;
haren
buruan, barriz, koroak dir-dir egingo». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 5, 3
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
eurena
dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.
Ebanjelioa
Zure aberastasuna non, zure bihotza han.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 6, 19-23
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Ez pilatu mundu honetan zeuen ondasunak, ze sitsak eta ugerrak jaten ditue
hemen, eta lapurrek zuloak egin eta harrapatzen. Pilatu zeruan zeuen ondasunak,
ze han ez ditu sitsak, ez ugerrak jaten, ezta lapurrek zuloak egin eta
harrapatzen be. Ze, zure aberastasuna non, zure bihotza han.
Begia da gorputzari argi egiten deutson
kriseilua. Begia onik badozu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da. Baina begia
gaixorik badozu, zure gorputz osoa be ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure
barruan argi izan behar leukena iluna bada, a zer ilunpea zurea!»
Jaunak esana.
IRUZKINA
Biharko eguna ziurtatzen ahalegintzen garanok eta, horretarako, ondasunak pilatzen, hitzez-hitz ulertzen dogu Jesusek irudi bidez emoten deuskuna.
Eta holantxe, biharko eguna ziurtatzeko ondasunak pilatzen ahalegintzen garan lez ahalegintzen gara, zerua lortzeko ere, Jainkoaren aurrean zer aurkeztu eukiteko merituak eta ondasunak pilatzen.
Zelan aurkeztuko dot, ba, neure burua Jainkoaren aurrean esku hutsik! Eta, halan dala-eta egonik, ezin ulertu geikez Jesusen berbok.
Jainkoagan barik, haren aurrera eroan beharreko meritu eta ondasunetan jarten badot nire uste ona (konfiantza), ze uste on dot Jainkoagan?
Jainkoa bera dala benetako altxor argi euki ezkero, ez naz ibiliko ondasunak pilatzen, argi daukadalako Jainkoa dan altxorra euki ezkero, beste ezer ez dodala behar; beste ezerk ez nau itsutuko.
Eta nire begiak argi eta zabalik izango ditut, ondokoen beharrizanak neure altxorretik asetzeko. Jesusek argi eukan hori.
Urtean Zeharreko XI. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Pozik harrotuko naz neure makaltasunaz.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 12, 1-10
Senideok: Harrotu behar badot –ezertarako ez
bada be–, Jaunagandiko ikuskari eta agerpenetara joko dot. Ezagutzen dot nik
kristau bat, orain hamalau urte hirugarren zeruraino eroan ebena –gorputzagaz
ala gorputzik barik ete zan ez dakit, Jainkoak daki–. Badakit gizon hori
paradisura eroan ebela –gorputzagaz ala gorputzik barik ez dakit, Jainkoak
daki–, eta gizakiak ezin esan leikezan berbak entzun ebazala han.
Halako gizonaz harrotuko naz ni; ez, ostera,
neure buruaz, neure makaltasunaz baino. Harrotuko banintz, ez litzateke
burubakokeria izango, egia hutsa esango neuke-eta; baina bego horretan, nigan
ikusiak edota niri entzunak adierazoten dauana baino handiagotzat inork hartu
ez nagian, aparteko goi-agerpenak izan ditudala-eta.
Horreek dirala-eta neure burua dan baino
handiagotzat jo ez dagidan, haragian sartuta daukadan eztena emon jat, jo eta
jo dabilkidan Satanasen ordezkaria, harrotu ez nadin. Hiru aldiz eskatu deutsat
Jaunari, kendu deidala, baina harek esan deust: «Nahikoa dozu nire laguntza,
nire indarra makalaldian gauzatzen da-eta bete-betean».
Pozik harrotuko naz, beraz, neure
makaltasunaz, Kristoren indarra bizi dadin nigan. Pozik nabil, beraz,
Kristogaitik jasaten ditudan makalaldia, irain, beharrizan, erasoaldi eta
estualdietan. Makal nazanean, orduan naz-eta indartsu.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 8-9. 10-11. 12-13 (R/. 9a)
R/. Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.
V/. Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari
begirune deutsoenen inguruan,
eta
libratzen ditu.
Dastatu
egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa
harengan babesten dana. R/.
V/. Izan Jaunari begirune zuek, hari sagaratuok,
ez
jake-eta ezer falta begirune deutsoenei.
Aberatsek
ezagutzen dabe beharrizana eta gosea;
Jaunagana
jotzen dabenei ez jake onik falta. R/.
V/. Zatoze, seme-alabok, eta entzun;
Jaunari
begirune izaten irakatsiko deutsuet.
Nork
ez dau bizia maite?
Nork
ez dau luzaro bizi nahi, zoriontsu izateko? R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zakarias tenplutik altarara bitartean hil zenduen.
Kronikak bigarren liburutik
2 Kro 24, 17-25
Joiada abadea hil zanean, Joax erregeari
agur egitera etorri ziran Judako buruzagiak, eta erregeak jaramon egin eutsen
hareen aholkuei. Jaunaren, euren asaben Jainkoaren, tenplua itzi eta idoloei
kultu emoten hasi ziran. Halako pekatuak Jainkoaren hasarrea biztu eban Judaren
eta Jerusalemen kontra. Profetak bialdu eutsezan, beragana bihurtuazoteko.
Profetek oharpenak egin eutsiezan, baina ez eutsien jaramonik egin.
Zakarias, Joiada abadearen semea, Jainkoaren
espirituak hartuta, herriaren aurrean aurkeztu zan eta esan eutson: «Hau dino
Jainkoak: "Zergaitik hausten dozuez Jaunaren aginduak? Txarto amaitu behar
dozue. Jauna baztertu dozuelako, Jaunak be baztertu egiten zaitue"».
Hareek Zakariasen kontra jagi ziran eta,
erregearen aginduz, harrika egin eutsoen Jaunaren etxeko atarian. Izan be, Joax
erregeak, Zakariasen aita Joiadak berari agertu eutson leialtasunaz ahazturik,
haren semea hilarazo eban. Zakariasek, hilzorian egoala, esan eban: «Ikusi begi
hau Jaunak eta eskatu begiz kontuak».
Hurrengo urtean, Siriako gudarosteak eraso
egin eutson Joax erregeari. Judara eta Jerusalemera sarturik, herriko
buruzagiak hil ebezan eta harrapakin guztiak Damaskoko erregeari bialdu.
Siriako gudarosteak ez eban gizon askorik,
baina Jaunak emon eutsen eskura judeguen gudaroste handiagoa, herriak Jauna
asaben Jainkoa baztertu ebalako, hain zuzen. Holan, berak merezia emon eutsoen
Joaxi. Siriarrek alde egin ebenean, larri zaurituta itzi eben erregea. Orduan,
zerbitzariak kontra jagi jakozan eta, Joiada abadearen semearen heriotza
mendekatzeko, bere ohean hil eben. Joaxi Daviden Urian lur emon eutsoen, baina
ez erregeen hilobian.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 89 [88], 4-5. 29-30. 31-32. 33-34 (R/. 29a)
R/. Beti gordeko deutsat neure maitasuna.
V/. Ituna egin dot neure aukeratuagaz,
David
neure morroiari zin eginez:
Sendo
ezarriko dot betiko zure errege-jatorria,
Gizaldiz
gizaldi eraikiko zure errege-aulkia. R/.
V/. Beti gordeko deutsat neure maitasuna,
sendo
eutsiko haregaz dodan itunari.
Betiko
ezarriko dot haren errege-jatorria,
zerua
baizen iraunkor egingo haren errege-aulkia. R/.
V/. Haren semeek nire legea baztertzen badabe
eta
nire zuzenbideari jarraitzen ez,
nire
arauak urratzen badabez
eta
nire aginduak gordetzen ez. R/.
V/. Makilaz zigortuko dot hareen hobena,
zartailuz
hareen errua.
Baina
ez deutsat ukatuko Davidi neure maitasuna,
ez
deutso huts egingo nire leialtasunak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
2 Ko 8, 9
R/. Aleluia.
V/. Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin
zan,
bere
behartsu izateaz zuek aberats egiteko. R/.
Ebanjelioa
Ez kezkatu biharko egunaz.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 6, 24-34
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Ezin da inor nagusi biren morroi izan; izan be, bata gorroto izango dau eta
bestea maiteko, edota batari leial izango jako eta bestea ez dau aintzat
hartuko. Ezin zarie Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
Horregaitik dinotsuet: Ez kezkatu bizitzeko
zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ete da bizia janaria baino gehiago,
eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dabe ereiten,
ez uztarik batzen, ez garaian pilotzen; halan be, zeruko zuen Aitak janaritzen
ditu. Ez ete dozue zuek hareek baino askoz gehiago balio? Asko arduratuta be,
zuetariko nork luzatu leike apurtxu bat bizitza?
Eta jantziaz, zergaitik arduratu? Begira
zelan hazten diran loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dabe iruten; baina,
egia esan, Salomon bera be, bere ospe guztian, ez zan janzten horreetariko bat
baizen apain. Beraz, gaur bedarlekuan dagoan eta bihar surtan erreko dan
bedarra Jainkoak holan janzten badau, zenbat gehiago zuek, sinismen gitxikook?
Ez arduratu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko dozuen pentsatuz.
Jentilak arduratu ohi dira horreez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horreen
guztien beharra dozuena. Bilatu lehenengo Jainkoaren erreinua eta beronen
zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emongo deutsue Jainkoak.
Ez arduratu, bada, biharko egunaz, ze
biharko egunak be ekarriko dau bere ardura. Nahiko ditu egun bakotxak bere
buruhausteak».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ba ete dago gaurko egunean Jesusen berbok ondo ulertzerik, eta onartzerik? Badirudi orduan baino gaurkoagoak dirala Jesusen irakaspenok. Baina min handia emoten deuskue.
Zelan, ez dala arduratu behar janaz edo edanaz edo jantziaz… edo besteen aurrean dogun irudiaz, edo izen onaz…? Zertaz arduratu behar dot, ba? Nork emongo deust, ba, bizi izateko behar dodana? —galdetzen da honen aurrean.
Egia esan: inoiz ardura ete da gizakia gaur baino gehiago guzti horretaz? Gorputzaren zaintzan, zenbat ahalegin! Besteen aurreango itxura zaintzan, zenbat ahalegin! Axaleko gauzetan, iheskorretan, gaur bai eta bihar ez diranetan, zenbat ahalegin…!
Ze eratako gizartea eraikitzen dogu holan? Erratuta ete dago Jesus Zeruetako erreinua eta hango justizia bilatu daigula lehenik eta behin dinoskunean?
Gure barru bizitza lantzeak lotsatu egiten gaitu, eta bertan behera daukagu, inon ikusten ez dalako holango zaintzarik. Eta ikusten dogu zertara garoazan gure barrua huts eta landu barik daukagunean…