Urtean Zeharreko X. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak emoten
deusku adore,
guk be besteak
edozein atsekabetan adoretu ahal daiguzan.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolaren hasiera
2 Ko 1, 1-7
Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik, Jesu
Kristoren apostolu nazan honek, eta Timoteo anaiak, Korinton dagoan Jainkoaren
eleiz alkarteari eta Akaia probintzia osoko fededun guztioi: grazia eta bakea
zuei Jainko gure Aitagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure
Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamentu guztien iturri dan Jainkoa!
Harek emoten deusku adore atsekabe guztietan, guk be besteak edozein
atsekabetan adoretu ahal daiguzan, geuk Jainkoagandik hartzen dogun adoreaz.
Izan be, Kristogaitik jasan behar doguzan
sufrimentuak ugari badira, ugaria da Kristok emoten deuskun adorea be. Guk
atsekabeak jasaten badoguz, zuek adorea eta salbazinoa hartu dagizuezan jasaten
doguz; adorea hartzen badogu, zuek adorea hartu dagizuen hartzen dogu, adore
honi esker, iraupenez eroan ahal izan dagizuezan guk geuk be eroaten doguzan
sufrimentuak. Eta zuengan dogun itxaropena sendoa da, badakigu-eta gure
sufrimentuetan parte dozuenok izango dozuela parte adorean be.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 9a)
R/. Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.
V/. Bedeinkatuko dot aldi guztietan Jauna,
nire
ahoan beti haren gorespena.
Harro
nago Jaunagaz,
entzun
begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Handietsi neugaz batera Jauna,
goratu
dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana
jo neban, eta harek erantzun,
bildur
guztietatik ninduan libratu. R/.
V/. Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez
jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak
dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta
estualdi guztietatik eban salbatu. R/.
V/. Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari
begirune deutsoenen inguruan,
eta
libratzen ditu.
Dastatu
egizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa
harengan babesten dana. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zerbitzari dau Elias Israelen Jainkoak.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 17, 1-6
Egun hareetan, Galaad eskualdean egoan Tixbe
herriko Elias profetak esan eutson Akab erregeari: «Ala Jauna, ni zerbitzari
nauan Israelen Jainkoa! Horra, ez dau iruntzik, ez euririk egingo hurrengo
urteetan, Nik aginduta ez bada».
Jaunak honan hitz egin eutson Eliasi:
«Abiatu zaitez hemendik, zoaz sortalderantz eta ezkutatu zaitez Jordan ibaiaz
bestaldean dagoan Kerit errekan. Errekatik edango dozu, eta zuri han jaten
emoteko agindu deutset beleei». Beraz, Elias abiatu eta, Jaunak agindu eutson
lez, Jordan ibaiaz bestaldean dagoan Kerit errekan gelditu zan. Beleek ogia eta
haragia ekartzen eutsoen goiz eta arratsalde, eta errekatik edaten eban.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 121 [120], 1-2. 3-4. 5-6. 7-8 (R/. Sal 124 [123], 8)
R/. Gure laguntza Jaunaren izena,
zeru-lurren egilearena.
V/. Mendietara ditut jasotzen begiok:
nondik
etorriko ete jat laguntza?
Laguntza
Jaunagandik datorkit,
zeru-lurrak
egin ebazan harengandik. R/.
V/. Jaunak ez deutsu jausten itziko,
zure
zaintzailea ez dago lo.
Ez
da inoiz lo egoten
Israelen
zaintzailea. R/.
V/. Jauna dozu zaintzaile, Jauna kerizpe,
alboan
dozu beti.
Ez
deutsu gatxik egingo eguzkiak egunez,
ezta
iretargiak be gauez. R/.
V/. Jaunak zainduko zaitu gatx guztitik,
zainduko
dau zure bizia.
Jaunak
zainduko ditu zure ibilera guztiak
oraindik
betiraino. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 5, 12a
R/. Aleluia.
V/. Poztu zaiteze eta alaitu,
handia
izango da-eta zuen saria zeruetan. R/.
Ebanjelioa
Zorionekoak gogoz behartsu diranak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 1-12
Aldi haretan, jentetza ikusirik, Jesusek
mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak inguratu jakozan. Orduan, honan hasi
jaken irakasten:
«Zorionekoak
gogoz behartsu diranak, ze eurena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak
negarrez dagozanak, ze eurak ditu Jainkoak kontsolatuko.
Zorionekoak
apalak, ze eurek izango dabe agindutako lurra ondare.
Zorionekoak
zuzentasunaren gose eta egarri diranak, ze eurak ditu Jainkoak aseko.
Zorionekoak
errukitsuak, ze eurak ditu Jainkoak erruki izango.
Zorionekoak
bihotz-garbi diranak, ze eurek ikusiko dabe Jainkoa.
Zorionekoak
bakegileak, ze Jainkoaren seme-alaba izango dira.
Zorionekoak
zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak, ze eurena dabe Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak zuek, Nigaitik madarikatuko zaitueenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaitueenean. Poztu zaiteze eta alaitu, ze handia izango da zuen saria zeruetan; zuen aurreko profetak be halantxe erabili ebezan».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zenbat bira emon deutsegun Jesusen berboi: Zoriontsuak..., eta haren bizitzako egitasmo lez hartu doguz, eta baita haren jarraitzaileon bizitzako egitasmo izan behar izango balebe lez ere.
Gauza ederra, benetan! Baina beste barik ulergarria, eroangarria eta partekagarria?
Badago adi jarten gaituanik. Jesusek mendian iragarten dau egitasmo hau, Jainkoaren hurtasunean: eta handixik baino ezin ulertu, edo onartu edo norberetu daitekez haren edukiak.
Gainera, geure ekintzaile izatean (eta egina aintzat hartua eta saritua izan daitela nahi dogula), holan bizi izan eta gero sari ederra izango dogula-ta, bere balio osoa kendu detsegu Zoriontasunei.
Jesusek hementxe gura gaitu zoriontsu. Eta izango gara, pobreak izanik, pobretasuna onartzen badogu: horrela beste inor ez dogulako pobretuko. Eta horrela beste zoriontasun guztietan.
Jesusen Zoriontasun proposamen honek gizakion arteko hartu-emon barriak, senidekorrak, justiziazkoak, maitasunezkoak ahalbidetzen dauz.
Izan daitekez, ba, geure bizitzako araudi be.
Urtean Zeharreko X. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesus ez zan
izan baten «bai» eta bestean «ez»;
harengan dana
«bai» izan zan.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 1, 18-22
Senideok: Ondo daki Jainkoak zuei hitz
egitean ez nabilela baten «bai» eta bestean «ez». Guk, Silbanok, Timoteok eta
hirurok, iragarri deutsuegun Jainkoaren Seme Kristo Jesus ez zan izan baten
«bai» eta bestean «ez»; harengan dana «bai» izan zan, hau da, Jainkoak baietza
emon deutse harengan agintzari guztiei; horregaitik, Kristoren bitartez «Amen»
esaten deutsagu Jainkoari, bera goresten dogunean.
Jainkoa da gu eta zuek Kristogan sendotzen
gaituana. Harek sagaratu gaitu, bere ezaugarriaz markatu gaitu eta Espiritua
ipini dau gure bihotzean, hartuko dogunaren segurtasun lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 129-130. 131-132. 133 eta 135 (R/. 135a)
R/. Erakutsi aurpegi argia, Jauna, zeure zerbitzari honi.
V/. Harrigarri dira zure aginduak;
horregaitik
ditut gogoan gordetzen.
Argigarri
da zure hitzen adierazpena,
adimena
emoten deutse ezikasiei. R/.
V/. Ahoa zabaltzen dot eta arnasa hartzen,
zure
aginduak biziro ditut-eta bilatzen.
Bihurtu
nigana eta erruki zakidaz,
zure
izena maite dabenekin egiten dozun lez. R/.
V/. Sendotu egizuz nire pausuak zeure
irakaspenaz,
ez
nagiala ezelako gaiztakeriak menperatu.
Erakutsi
aurpegi argia zeure zerbitzari honi,
irakatsi
zeure arauak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Urun-katilua ez
zan agortu,
Jaunak Eliasen
ahoz esan eban lez.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 17, 7-16
Egun hareetan, Elias profeta Kerit erreka
ondoan egoan ezkutatuta. Aldi baten buruan, agortu egin zan errekea, ez
eban-eta euririk egin lurralde haretan. Orduan, honan berba egin eutson Jaunak
Eliasi: «Ea, zoaz Sidongo Sareptara eta gelditu zaitez bertan bizitzen. Zuri
jaten emoteko agindu deutsat hango emakume alargun bati». Sareptara joan zan
Elias.
Uriko ateetara heldu zanean, emakume alargun
bat ikusi eban zotzak batzen. Eliasek deitu eta esan eutson: «Ekarri egidazu
ontzian ur-apur bat edateko». Bila joiala, Eliasek atzetik oihu egin eta esan
eutson: «Ekarri egidazu, arren, ogi-zati bat be».
Emakumeak erantzun eutson: «Ala Jauna, zure
Jainkoa! Ez dot bape ogirik; eskutada bat urun besterik ez dot katiluan, eta
orio-apur bat pitxerrean; zotzak batzen nenbilen, neure semearentzat eta
biontzat opil bat egin, jan eta gero hil gaitezan».
Eliasek esan eutson: «Ez bildurrik izan.
Zoaz eta egin esan dozuna; baina egidazu lehenengo niri sutopiltxu bat eta
ekarri egidazu. Gero, egingo dozu semearentzat eta zeuretzat. Hau dino-eta
Jaunak, Israelen Jainkoak: "Urun-katilua ez da agortuko, ezta orio ontzia
amaituko be, Jaunak lurrera euria bialduko dauan egunera arte"».
Joan zan, bada, emakumea eta egin eban
Eliasek esana, eta luzaroan jan eben Eliasek eta ama-semeek. Urun-katilua ez
zan agortu, ezta orio ontzia amaitu be, Jaunak Eliasen ahoz esan eban lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 4, 2-3. 4-5. 7-8 (R/. ik. 7)
R/. Erakutsi guri, Jauna, zeure aurpegi argitsua!
V/. Deitzen deutsudanean, erantzun, Jainko, ene
defendatzaile.
Estualdian
emoidazu nasaitasun.
Erruki
zakidaz eta entzun nire otoitza.
Zuek,
handikiok,
noiz
arte iraindu behar dozue nire ohorea?
Huskeria
dozue maite
eta
guzurraren atzetik zabiltze. R/.
V/. Jakizue maitasun harrigarria agertzen
deustala Jaunak,
entzun
egiten deustala deitzen deutsadanean.
Ikaratu
zaiteze eta ez egin pekaturik;
hausnartu
bihotzean, egin negar ohean. R/.
V/. Askok dihardue esaten: «Nork emongo guri
zoriona?
Aldendu
egin dozu gugandik, Jauna,
zeure
aurpegi argitsua!»
Niri,
halan be, poz handia emon deustazu,
gariz
eta ardaoz aserik dagozan horreena baino handiagoa. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 5, 16
R/. Aleluia.
V/. Zuen argiak danen aurrean egin behar dau
argi,
zuen
egintza onak ikusiz,
zeruko
zuen Aita goratu dagien. R/.
Ebanjelioa
Zuek zarie munduaren argia.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 13-16
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Zuek zarie lurraren gatza. Baina gatza gazatzen bada, zelan gazitu barriro? Ez
dau orduan ezertarako balio, kanpora bota eta jenteak zapaltzeko baino.
Zuek zarie munduaren argia. Ezin daiteke
ezkutatu mendi gainean dagoan herria. Kriseilua be ez da bizten lakaripean
ipintzeko, argimutilaren gainean ipintzeko baino, etxeko guztiei argi egin
deien. Era berean, zuen argiak danen aurrean egin behar dau argi, zuen egintza
onak ikusiz, zeruko zuen Aita goretsi dagien».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Izugarria Jesusek bere ikasleen gainera jaurtitzen dauan ardurea: lurraren gatz izatea eta munduaren argi. Eta, jakinik argi barik bizitzak ezin dauala iraun, eta gatza iraupenaren ezaugarri dala, handia da Jesusen jarraitzaileok daukagun zeregina.
Alde batetik, eskertzekoa da Jesusek geugan jartea bere uste ona, geure eskuetan iztea bere egitasmoa; baina, bestetik, geure makaltasunaren eta mugen jakitun, ez ete deutsagu uko egiten Jesusek gugandik itxaroten dauanari?
Ez gara jabetzen geure handitasunaz. Baina gure uste ona berak gugan dauan lez jarriko bagendu geuk ere beragan (sinistuko bagendu), geuretuko geuke haren egitasmoa eta besarkatuko geuke pobrezia, samurtasuna, bakezaletasuna... era horretara bizi izateraino.
Gurea ez litzateke, ba, izango gauza on batzuk egitea egun baten saria eskuratzeko, bizitzaldi honetan zoriontasunean bizi izatea baino, zoriontasun horretatik argitzeko eta zapore emoteko gure inguruari.
Urtean Zeharreko X. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Itun barriaren
zerbitzari izateko gai egin gaitu.
Itun hori ez da
legearen letra hutsean oinarritzen,
Espirituaren
indarrean baino
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 3, 4-11
Senideok: Hau da Kristori esker Jainkoagan
dogun konfiantza. Ez gu geurez ezertarako gai garala uste dogulako; gaitasuna
Jainkoagandik datorkigu-eta; izan be, berak egin gaitu itun barriaren
zerbitzari izateko gai. Itun hori ez da legearen letra hutsean oinarritzen,
Espirituaren indarrean baino, legearen letrak hil egiten dau-eta; Espirituak,
barriz, bizia emoten.
Heriotzara eroian legearen zerbitzua,
harlosatan letraz idatziarena hain zuzen be, aintzaz betea agertu zan, eta
israeldarrek ezin eutsoen Moisesi aurpegira begiratu, erion distiragaitik,
distira ha iragankorra zan arren. Ba, zenbatez aintzatsuagoa ez ete da izango
Espirituagan oinarritutako itunaren zerbitzua! Gatxespenerako izan zanaren
zerbitzua aintzaz betea agertu bazan, zenbatez aintzatsuagoa ez ete da izango
salbazinorako danaren zerbitzua! Hain zuzen, lehen aintzaz betea zanak galdu
egin dau orain aintza hori, oraingoaren aintza ezin handiagoaren aldean. Beraz,
iragankor zana aintzaz betea baegoan, iraunkor danak askoz aintza handiagoa
izango dau.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 99 [98], 5. 6. 7. 8. 9 (R/. ik. 9c)
R/. Santua zara Jauna, gure Jainkoa!
V/. Goratu Jauna, gure Jainkoa,
ahuspeztu
haren oin-aulki aurrean.
Santua
da Jauna. R/.
V/. Haren abadeen artean ziran Moises eta Aaron,
haren
izenari dei egiten eutsoenen artean Samuel;
dei
egiten eutsoen Jaunari, eta harek erantzun. R/.
V/. Laino-adarretik hitz egin eutsen,
eta
hareek gordetzen ebezan
haren
aginduak eta harek emondako legea. R/.
V/. Jauna, gure Jainkoa, Zuk Zeuk erantzuten zeuntsen;
Jainko
parkabera zinan hareentzat,
nahiz
eta hareen gaiztakeriak zigortu. R/.
V/. Goratu Jauna, gure Jainkoa,
ahuspeztu
haren mendi santuaren aurrean.
Santua
da Jauna, gure Jainkoa! R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ikusi dagiala
herri honek, Jauna, Zeu zarala Jainkoa,
eta Zeuk bihurtuazoko deutsazula bihotza
Zeugana.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 18, 20-39
Egun hareetan, Akab erregeak israeldar guztiei
dei egin eta Baalen profetak batuazo ebazan Karmel mendian. Orduan, Eliasek
herriagana hurreratu eta esan eutson: «Noiz arte ibili behar dozue soinu bitara
dantzan? Jauna bada Jainkoa, jarraitu Jaunari, eta, Baal bada, jarraitu Baali».
Herriak ez eutson ezer erantzun. Eliasek,
orduan: «Neu bakarrik gelditzen naz Jaunaren profeten artetik; Baalen profetak,
barriz, laurehun eta berrogeta hamar dira. Ekarri deiguezala zekor bi. Aukeratu
begie horreek bat, zatitu eta ezarri begie egurraren gainean, baina su emon
barik. Nik gauza bera egingo dot besteagaz; egurraren gainean ezarriko dot,
baina su emon barik. Zuek dei egin zeuen jainkoari, eta nik Jaunari dei egingo
deutsat. Sua bialduz erantzuten dauana, ha da egiazko Jainkoa». Herri osoak
erantzun eban: «Ederto esana». Orduan, Eliasek esan eutsen Baalen profeteei:
«Aukeratu egizue zekorra eta prestatu zeuek lehenengo, zuek zarie-eta ugarien.
Dei egin zeuen jainkoari, baina ez su emon».
Hartu eben, bada, emon eutsien zekorra,
prestatu eben eta goizetik eguerdira arte Baali deika jardun eben, esanez:
«Baal, erantzun!» Han ez zan, ostera, ezelako ahotsik izan, ezta erantzungo
ebanik be. Dantzan ebiltzan, egin eben altarearen inguruan.
Eguerdian burla egiten hasi jaken Elias,
esanez: «Dei egizue ozenago! Jainkoa da, eta oso lanpetua egongo da edota alde
egin beharra izango eban edota bidaian izango da; beharbada, lo egongo da eta
iratzartu beharra izango dau». Hareek, orduan, oihu handiagoak egiten ebezan
eta, ohi ebenez, ebagiak egiten ebezan buruan ezpataz eta eztenez, odola
isurtzeraino.
Eguerdi ostean, euren profeta-trantzean
jarraitu eben, arratsaldeko oparia eskeintzeko ordura arte; baina han ez zan
ahotsik izan, ezta erantzun-arrastorik be. Orduan, esan eutson Eliasek herri
osoari: «Hurreratu zaiteze nigana». Herri guztia hurreratu jakon. Barriro jaso
eban Eliasek Jaunaren altarea, desegina egoan-eta, hartu ebazan hamabi harri,
Jakoben –Jaunak «Israel izango dozu izena» esan eutson haren– semeen leinu
bakotxeko bana, eta harri hareekin altarea jaso eutson Jaunari. Altarearen
inguru guztian hogeta hamarren bat litro hartu eikezan erretena egin eban;
antolatu eban egurra, zekorra zatitu eta gainean ezarri eban. Gero, agindu
eban: «Bete urez lau ontzi eta isuri erre-oparigaiaren eta egurraren gainera».
Halan egin eben. Eta esan eutsen: «Bota barriro be». Halantxe egin eben. Gero,
esan eutsen: «Bota hirugarrenez». Eta hirugarrenez gauza bera egin eben. Eta
han joian ura altara inguru guztian, erretena betetzeraino.
Arratsaldeko oparia eskeintzeko orduan, Elias
profetak aurreratu eta esan eban: «Jauna, Abrahamen, Isaaken eta Israelen
Jainkoa, adierazo egizu gaur Zeu zarala Israelen Jainkoa, eta ni zure
zerbitzaria nazala eta zure aginduz egin ditudala gauza honeek guztiak.
Erantzun egidazu, Jauna, erantzun! Ikusi dagiala herri honek, Jauna, Zeu zarala
Jainkoa, eta Zeuk bihurtuazoko deutsazula bihotza Zeugana». Orduan, Jaunak sua
bialdu eta dana iruntsi eban: erre-oparigaia eta egurra, baita harriak eta
errautsa be, eta erreteneko ura idortu egin eban. Hau ikustean, herri osoa
lurreraino ahuspeztu zan, esanez: «Jauna da Jainkoa! Jauna da Jainkoa!»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 16 [15], 1-2a. 4. 5 eta 8. 11 (R/. ik. 1)
R/. Zaindu nagizu, Jauna,
babes bila nator-eta Zugana.
V/. Gorde nagizu, Jainko,
Zugan
naz-eta babesten.
Hau
dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure Jauna». R/.
V/. Ugari dira idoloak,
hareen
atzetik lehiatzen da jentea.
Nik
ez deutset sakrifizioen odolik eskeiniko,
ez
dot horreen izenik ezpanetan hartuko. R/.
V/. Jauna, Zeu zaitut neure ondarea, neure
edontzia,
zure
esku dago nire zoria.
Begi
aurrean dot Jauna eten barik;
ha
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
alaitasunez
beteko nozu zeure aurrean,
zorionez
betiko zeure ondoan. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 25 [24], 4b. 5a
R/. Aleluia.
V/. Ene Jainko, erakutsi niri zeure bidezidorrak,
gidatu
nagizu zeure leialtasunean. R/.
Ebanjelioa
Ez naz Moisesen
legea edota profetak baztertzera etorri,
euren betera
eroatera baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 17-19
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez uste izan Moisesen legea edota profeten esanak baztertzera etorria nazanik; ez naz baztertzera etorri, euren betera eroatera baino. Benetan dinotsuet: Zeru-lurrek iraungo daben bitartean, legearen letrarik edo zeinurik txikienak be ez dau baliorik galduko, dana bete arte. Beraz, agindurik txikienetako bat hausten dauana eta hausten irakasten, txikiena izango da zeruetako erreinuan; betetzen dauana, barriz, eta betetzen irakasten, handia izango da zeruetako erreinuan.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Legeak Jainkoaren nahia ikusiazoten dau, eta ha betez Jainkoaren nahia beteten edo egiten da.
Uste honen aurrean, baina, ez dabe jokabide bardina erakusten Nazareteko Jesusek eta Lege-maisu edo Farisearrek. Honeik Legearen letra hotzen gelditzen ziran artean (haxe zalako Jainkoaren nahia, ikutu ezina), Jesusek Legea bere betera eroateko asmoa iragarten dau.
Jainkoaren nahia Legearen letra hotz eta hutsa baino harago doa, handiagoa da; haren helburua gizakiaren duintasuna da, ongizatea, zoriontasuna.
Jente xeheak ez ekian askorik Legeaz, edo arauez, baina bai bizitzaz. Eta Legelarien eta Farisearen zorroztasuna askotan itxurazkoa zala ere ikusten eben; eta txalotu egiten eben Jesusen jarrera askatzailea, gizakiaren duintasuna bilatzea. Hori ez eben gogoko ezelan ere Lege-maisu eta Farisearrek, jenteak Jesus euren gainetik jarten ebala ulertzen ebelako.
Zein gogoko izaten dogun lege-apurketa inork ikusten ez gaituanean, eta besteei Legea beteazotea. Ikasiko bagendu, Jesusen antzera, Legean Jainkoaren nahia bilatzen, eta ahaleginduko bagina ha bere betera eroaten...
Urtean Zeharreko X. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Jainkoak berak
biztu dau argia gure bihotzean,
Jesu Kristoren aurpegian distira egiten dauan
Jainkoren
aintza argiro ezagutu dagigun.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 3, 15–4, 1. 3-6
Senideok: Gaur arte, Moisesen liburuak
irakurtzen dabezanean, zapi batek estaltzen deutse adimena israeldarrei. Nor
edo nor Jaunagana bihurtzean bakarrik kenduko jako estalkia. Izan be, Jauna
Espiritua dalako, eta Jaunaren Espiritua non, askatasuna han. Guk guztiok,
aurpegia agirian dogula, Jaunaren aintza islatzen dogu, eta haren irudira
gabiltz erabarritzen, gero eta distiratsuago bihurtuz, Espiritua dan Jaunak
eraginda.
Horregaitik, apostolu-zerbitzu hau Jainkoak
bere errukiaz emon deuskula jakinik, ez dogu kemenik galtzen. Guk iragartzen
dogun Barri Ona ilun geratzen bada, galtzen diranentzat geratzen da ilun,
sinisbakoentzat hain zuzen be; Satanasek, mundu honetako jainkoak, itsutu egin
deutse adimena, Jainkoaren irudi dan Kristoren aintzazko Barri Onaren argi
distiratsua ikusi ez dagien.
Ez gabiltz geure burua predikatzen, Jesu
Kristo Jauna dala baino, eta gu ez gara zuen zerbitzari besterik Jesusenganako
maitasunagaitik. «Distiratu begi argiak ilunpean» esan eban Jainkoak berak
biztu dau argia gure bihotzean, Jesu Kristoren aurpegian distira egiten dauan
Jainkoaren aintza argiro ezagutu dagigun.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 85 [84], 9ab eta 10. 11-12. 13-14 (R/. ik. 10b)
R/. Gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza.
V/. Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak
bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.
Hurrean
dabe salbazinoa begirune deutsoenek;
bai,
gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.
V/. Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe
aurkitzen,
justiziak
eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna
lurretik da ernetzen,
justizia
zerutik jaisten. R/.
V/. Jaunak emongo dau euria,
eta
gure lurrak ekarriko bere uzta.
Haren
aurretik joango da justizia,
haren
pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Eliasek otoitz
egin,
eta zeruak
euria egin eban.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 18, 41-46
Egun hareetan, Elias profetak esan eutson
Akab erregeari: «Zoaz jatera eta edatera, euri-jasa handi baten hotsa entzuten
da-eta». Halan, Akab jatera eta edatera joan zan. Bitartean, Elias Karmel
mendiaren gailurrera igon eta lurrera makurtu zan, aurpegia belaun artean jarriz.
Orduan, agindu eutson bere mutilari: «Igon
eta begira itsasaldera». Igon eban mutilak, begiratu eta esan eban: «Ez da ezer
agiri». Eliasek zazpi bider agindu eutson bihurtzeko. Zazpigarrenean morroiak
esan eban: «Esku-arra beteko hodei koskor bat dator itsasaldetik!» Orduan,
Eliasek esan eutson: «Zoaz eta esan Akabi atontzeko gurdia eta jaisteko, euriak
bidea itxi baino lehen».
Zerua gero eta ilunago jarri zan, hodeien
eta haizearen eraginez, eta izugarrizko euri-jasa bota eban. Akab gurdira igon
eta Izreelera joan zan. Elias, Jaunaren indarrak bultzatuta, jantzia garrian
lotu eta arin-arinka joan zan Akaben aurretik Izreeleraino.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 65 [64], 10abcd. 10e-11. 12-13 (R/. 2a)
R/. Oi Jainko, gorespena zor jatzu Sionen.
V/. Zuk dozu lurra zaintzen, urez asetzen
eta
oparo aberasten.
Urez
gainezka doa zeruko ubidea;
Zuk
emoten deutsazu gizakiari gari-garaua. R/.
V/. Zuk prestatzen lurra honan:
erretenak
ureztatu, mokilak bardindu,
euri-zaparradez
harrotu, ernekimuak bedeinkatu. R/.
V/. Zeure ondasunez burutzen dozu urtea,
joritasuna
dariela dagoz zure bideak.
Heze
eta jori dagoz landa zabalak,
alaitasunez
apaindurik mendi-hegalak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 13, 34
R/. Aleluia.
V/. Agindu barria emoten deutsuet, dino Jaunak:
maitatu
dagizuela alkar,
Nik
maite izan zaituedan lez. R/.
Ebanjelioa
Bere senideagaz
hasarratzen dana
errudun izango
da auzitegian.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 20-26
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto betetzen ez badozue,
ez zarie sartuko zeruetako erreinuan.
Entzunda daukazue antxinakoei agindua: “Ez
hil inor”, eta norbait hiltzen dauana errudun izango da auzitegian. Nik,
ostera, hauxe dinotsuet: Bere senideagaz hasarretzen dana errudun izango da
auzitegian; senideari “zoroa” esaten deutsana errudun izango da batzar
nagusian, eta “sinistebako” esaten deutsana infernuko surtarako errudun izango
da.
Halandaze, zeure oparia altarean
eskeintzean, gogoratzen bajatzu zure senideak badauala zer edo zer zure aurka,
itzi oparia han bertan, altara aurrean, eta zoaz lehenengo senideagaz bakeak
egitera; etorri orduan eta eskeini zeure oparia.
Konpondu zaitez lehenbailehen zeure
arerioagaz, berarekin auzitegira zoazen bitartean, arerioak epailearen esku
jarri ez zagizan, eta epaileak ertzainaren esku, eta giltzapean sartu ez
zagiezan. Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo, harik eta azken txanpona
ordaindu arte».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Argi itzi ez badeusku Jesusek Legearen gainetik dala gizakiaren ongizatea, hona hemen Jesusek emoten dauan argibidea.
Legeak agintzen dauana ("Ez inor hil…") bete beharrekoa da. Baina, ondo ulertu ezkero, harago joan geintekez: senideari minik ez emotea litzateke hori. Eta, azken mailan, ha maitatzeraino heltzea.
Hori Jainkoagazko hartu-emonetan gauzatu daiteke. Egin geiken eskeintza baino gogokoagoa dauala Jainkoak —dinosku Jesusek— senideagaz bakean egotea.
Eta bakean ez bagagoz, eskeintza egin gura izateak berak eskatu behar izango leuskigu senideagaz bakeak egite hori. Gogoan izan barik, gainera, neurea ala berea dan errua.
Gure arteko gora-beherei ezin deutsegu, ba, ez ikusiarena egin, Aita baten aurrean jarten diran senide garalako.
Eta hori Legea bere betera eroatea da: Jainkoagazko hartu-emonetan gure arteko bake-giroa lortzea.
Urtean Zeharreko X. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesus Jauna
biztu dauanak biztuko gaitu geu be Jesusegaz,
eta haren
ondoan ipiniko gaitu zuekin batera.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 4, 7-15
Senideok:
Altxor baliotsu hau buztinezko ontzian daroagu, argi agertu dadin honenbesteko
indarra Jainkoagandik datorrela, eta ez gugandik. Alde guztietatik estutzen
gaitue, baina zapaltzen ez; larri gagoz, baina lur jota ez; erasopean bai,
baina eskutik itzita ez; lurrera botatzen gaitue, baina hondatzen ez; nonahi
eta beti Jesusen heriotza daroagu geugan, Jesusen bizia be gugan agertu dadin.
Bizi garan bitartean, beti heriotzara garoez
Jesusengaitik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia be agertu dadin.
Hau dino Liburu Santuak: «Sinistu neban, eta
horregaitik hitz egin neban». Guk be, sinismen-espiritu bera dogula, sinisten
dogu eta horregaitik hitz egiten dogu, jakinik, Jesus Jauna biztu dauanak
biztuko gaituala geu be Jesusegaz, eta haren ondoan ipiniko gaituala zuekin
batera. Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaia askorengana zabaltzean,
esker ona be ugaritu dadin, Jainkoaren aintzarako.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 116 [115], 10-11. 15-16. 17-18 (R/. 17a)
R/. Gorespen-oparia deutsut, Jauna, eskeiniko.
Edo: Aleluia.
V/. Sendo nengoan fedean,
«Ni
bai zoritxarreko» esatean be.
Hau
esan neban neure larrialdian:
«Gizaki
guztiak guzurti dira». R/.
V/. Mingarri jako Jaunari
bere
fededunen heriotza.
Bai,
zure zerbitzari naz, Jauna,
zure
zerbitzari ezereza,
askatu
dozuz nire kateak. R/.
V/. Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta
Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko
deutsadaz Jaunari agindutakoak,
herri
guztiaren aurrean. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 19, 9a. 11-16
Egun hareetan, Elias Horebera, Jainkoaren
mendira, etorri eta hango hatx-zulo baten gelditu zan. Jaunak esan eutson:
«Urten eta zagoz zutunik mendian, Jaunaren aurrean; Jauna igaroko da».
Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo
eban, mendiak urratzen eta harriak zartatzen ebazala; baina Jauna ez egoan
haizean. Haizearen ondoren, lurrikara izan zan; baina Jauna ez egoan
lurrikaran. Lurrikararen ondoren sua; baina Jauna ez egoan suan. Suaren ondoren
haize fin baten hotsa.
Entzun
ebanean, Eliasek aurpegia estaldu eban soingainekoaz; gero, urten eta zutunik
gelditu zan hatx-zulo aurrean, eta ahots batek esan eutson: «Zertan zagoz hor,
Elias?» Eliasek erantzun: «Jauna Jainko ahalguztiduna, Zuganako maiteminak
erretzen nau, israeldarrek Zugazko ituna bazterrera itzi dabelako, zure altarak
hondatu eta zure profetak ezpataz hil dabezalako. Neu bakarrik gelditu naz, eta
nire bila be badabiltz hiltzeko».
Jaunak esan eutson: «Tira, bihurtu zaitez
zeure bidetik, basamortuan zehar, Damaskoraino. Hara heltzean, igurtzi Hazael
Siriako errege; igurtzi Jehu, Nimxiren semea, Israelgo errege, eta igurtzi
Eliseo, Xafaten semea, Abel-Meholakoa, zeure ondorengo profeta».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 7-8b. 8c-9c. 13-14 (R/. 8b)
R/. Zure aurpegi bila nabil, Jauna.
V/. Entzun, Jauna, nire dei-hotsa,
erruki
zakidaz eta erantzun.
Bihotzak
esaten deust:
«Bilatu
egizu haren aurpegia». R/.
V/. Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez
ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez
baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zu
zaitut-eta laguntza. R/.
V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen
lurrean.
Itxaron
Jaunagan!
Eutsi
gogor, izan bihotz!
Itxaron
Jaunagan! R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Flp 2, 15d-16a
R/. Aleluia.
V/. Izarrek munduan lez egiten dozue argi gizarte
honetan,
bizia
emoten dauan mezuari eutsiz. R/.
Ebanjelioa
Emakumeari
gurari biziaz begiratzen deutsanak
egin dau
adulterioa bere bihotzean.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 27-32
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Entzun dozue antxinakoei agindua: "Ez egin adulteriorik". Nik,
barriz, hauxe dinotsuet: Emakumeari lizunkeriaz begiratzen deutsanak egin dau
jadanik adulterioa bere bihotzean.
Eskumako begia galbide bajatzu, atara eta
bota zeugandik urruti: hoba dozu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura
jaurtia izan baino. Eskumako eskua galbide bajatzu, ebagi eta bota zeugandik
urrun: hoba dozu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
Agindua dago beste hau be: “Emaztea izten
dauanak emon deiola dibortzio-agiria”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Bere
emaztea izten dauanak –legez kontra alkartuak ez badira behintzat– adulteriora
bultzatzen dau emaztea; eta itzitako emakumeagaz ezkontzen danak adulterioa
egiten dau.
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko X. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Pekatuagaz
zerikusirik ez eban ha,
Jainkoak
gugaitik pekatu bihurtu eban.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik
2 Ko 5, 14-21
Senideok: Kristoren maitasunak behartzen
gaitu, jakinik bat danakaitik hil dala eta, ondorioz, danak hil dirala. Kristo
danakaitik hil da, bizi diranak ez daitezan eurentzat bizi, eurakaitik hil eta
biztu dan harentzat baino.
Beraz, hemendik aurrera guk ez dogu inor
giza ikuspegi hutsez balioztatuko; eta inoiz Kristo giza ikuspegi hutsez
balioztatu izan badogu be, orain ez dogu halan egiten. Beraz, Kristorena dana
sorkari barri da; zaharrarenak egin dau, barria sortu da. Hau guztia
Jainkoagandik dator, Kristoren bitartez beragaz adiskidetu gaitualako, eta
adiskidetzeko zerbitzua geuri emon deusku. Izan be, Jainkoa ebilen Kristogan
mundua beragaz adiskidetzen, gizon-emakumeei pekatuen kontua eskatu barik, eta
geuri emon deusku adiskidetzearen mezua.
Senideok: Kristoren mandatari gara, eta gure
bitartez Jainkoak berak erregutuko baleutsue lez da. Kristoren izenean eskatzen
deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz. Pekatuagaz zerikusirik izan ez eban
ha, Jainkoak gugaitik pekatuagaz bat egin eban, guk haren bitartez Jainkoaren
salbazinoa lortu gengian.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 103 [102], 1-2. 3-4. 8-9. 11-12 (R/. 8a)
R/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna.
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire
barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna,
ez
bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.
V/. Erru guztiak deutsuz parkatzen,
gatx
guztiak osatzen;
zure
bizia hilobitik askatzen dau,
maitasunez
eta errukiz koroatzen zaitu. R/.
V/. Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
hasarregatxa
eta onginahiz betea.
Ez
dabil eten barik auzitan,
ez
dau hasarrea betiko gordetzen. R/.
V/. Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan
haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi;
zelan
sortaldea sartaldetik urrun,
halan
ditu harek gure hobenak gugandik urruntzen. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Eliseok jagi eta Eliasi jarraitu eutson.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 19, 19-21
Egun hareetan, joan zan Elias menditik, eta
Eliseo, Xafaten semea, aurkitu eban goldean; hamabi idi-pare ebazan aurrean,
berak hamabigarrena eroiala. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota
eutson gainera. Eliseo, orduan, idiak itzirik, Eliasen atzetik joan zan
arin-arin eta esan eutson: «Itzi egidazu, arren, aitari eta amari agur esaten,
eta jarraituko deutsut gero». Eliasek esan eutson: «Zoaz, baina bihurtu.
Badakizu zer egin deutsudan».
Joan zan Eliseo, idi-parea hartu eta
oparitzat hil eban; buztarriaz su egin, haragia erre eta jaten emon eutson
jenteari. Gero jagi eta Eliasi jarraitu eutson, haren zerbitzura jarriz.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 16 [15], 1-2a eta 5. 7-8. 9-10 (R/. ik. 5a)
R/. Zeu zara, Jauna, nire ondarea.
V/. Gorde nagizu, Jainko,
Zugan
naz-eta babesten.
Hau
dinotsat Jaunari: «Zeu zaitut neure Jauna».
Jauna,
Zeu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
zure
esku dago nire zoria. R/.
V/. Bedeinkatzen dot Jauna, aholku deust-eta
emoten,
gauez
be berak dau nire barrua hezten.
Begi
aurrean dot Jauna eten barik;
ha
eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.
V/. Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean
nasai gorputza.
Ez
dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
ezta
be zeure fededuna hilobian galtzen
itziko. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 119 [118], 36a. 29b
R/. Aleluia.
V/. Makurtu nire bihotza, ene Jainko, zeure
aginduetara,
eta
emoidazu zeure legea dohaitzat. R/.
Ebanjelioa
Nik hau dinotsuet: Ez egin ezelako zinik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 33-37
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei:
«Entzun dozue antxinakoei agindu jakena: "Ez egin guzurrezko zinik",
eta “bete Jaunari egindako zinak”. Nik, ostera, hauxe dinotsuet: Ez egin
ezelako zinik, ez zeruagaitik ze, Jainkoaren tronua da; ez lurragaitik, haren
oin-aulkia da-eta; ezta Jerusalemengaitik be, Errege handiaren uria da-eta. Ez
egin zinik zeure buruagaitik be, ze ezin zeinke zeure ule bakar bat be zuri edo
baltz bihurtu.
Zuek esan egizue “bai”, bai danean, eta
“ez”, ez danean; gainerakoa gaiztoagandik dator».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zer ete dan berbakoa izatea. Gure artean, lehengo aldietan ez zala behar izaten, esaten da, ez paperik ez zin-izenperik: emondako berbea zala baliokoa, errespetatua, betiko emona.
Gaur egun… zenbat balio ete dau gutariko bakotxaren berbeak?
Hauxe da Jesusek zalantzan jarten dauana: guk zinaren (juramentuaren) beharra izatea.
Ezer gitxi balio dau, antza, gure berbeak, eta zinetara jo beharra izaten dogu. Eta ez epai-mahaian huts-hutsean, beste edozein hartu-emonetan ere paperak eta zin-izenpeak eskatzen dira.
Jesus laua da horretan ere, eta hauxe irakatsi gura deutse bere jarraitzaileei, zin-zale hain amorratua zan gizarte haretan: nahikoa izan daiela «bai»etzaz edo «ez»etzaz. Besteak norbere buruagan ez besteengan usterik ez izatea erakusten dau. Hori gaiztoagandik dator.
Jesus dogu horren eredu.