Urtean Zeharreko IX. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Tobitek leial eta zuzen jokatzen eban.
Tobit liburuaren hasiera
Tb 1, 3; 2, 1a-8
Nik, Tobitek, leial eta zuzen jokatu izan
dot neure bizitza osoan eta erruki-egintza asko egin izan deutset Asiriako
Ninibera nigaz batera erbesteratu ebezan senide eta herritarrei.
Pentekoste izeneko gure jaiegunean,
Asteetako Jai santuan, jatordu ederra ipini eusten. Jesarri nintzan janari
bikainez betea egoan mahaian, eta nire seme Tobiasi esan neutson: «Seme, zoaz
eta ikusi ea aurkitzen dozun Ninibera erbesteratutako gure senideen artean
Jaunaz bihotz-bihotzez gogoratzen dan behartsuren bat, eta ekarri egizu gugaz
bazkaltzera. Bihurtu arte itxarongo deutsut». Urten eban Tobiasek behartsuaren
bila; baina, bihurtzean, esan eustan: «Aita!». Esan neutson nik: «Zer, seme?»
Eta Tobiasek: «Gure herritar bat hil dabe; ito egin dabe eta hor datza
oraindino plaza nagusian botata». Behingoan jagi eta, janaria ikutu be egin
barik, plazara joan nintzan gorpua jasotzera, eta gela baten itzi neban,
eguzkia sartzean lur emoteko. Gero, bihurtu, garbikuntza egin eta nahigabeturik
bazkaldu neban. Amos profetak Betelen kontra esan ebazan berbak gogoratu
nebazan: «Zuen jaiak dolu bihurtuko dira eta zuen abestiak negar-kanta». Eta
negar egin neban.
Gero, eguzkia sartzean, zuloa egin eta lur
emon neutson gorpuari. Auzokoek kritikatu egiten ninduen, esanez: «Ez dau
oraindino ikasi! Holako zeozergaitik ibili jakozan lehen be bila heriotzara
kondenatzeko, eta ihes egin eban; eta orain barriro hildakoei lur emoten
dabil».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 112 [111], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana.
Edo: Aleluia.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana,
haren
aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua
izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua
zuzenen ondorea. R/.
V/. Haren etxean ondasunak ugari izango dira,
haren
eskuzabaltasunak betiko dirau.
Ilunpean
argia lez da zuzenentzat:
errukiorra,
bihozbera eta zintzoa. R/.
V/. Nasai bizi da errukitu eta emoten dauana,
bere
arazoak zuzen atontzen dituana
ez
da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren
gogorapenak beti bizirik dau iraungo. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Agindutako
ondasun baliotsu eta bikainak emon deuskuz,
horreen bidez
Jainkoaren izaeran parte izan dagigun.
San Pedro Apostoluaren bigarren epistolaren hasiera
2 P 1, 2-7
Senide maiteok: Grazia eta bakea oparo izan
dagizuela, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutzari esker.
Jainkoak, bere ahalmenaz,
erlijino-bizitzarako behar dan guztia emon deusku, bere aintzaz eta indarraz
deitu ginduzan Jesus ezagutuazoz. Holan, agindutako ondasun baliotsu eta
bikainak be emon deuskuz, horreen bidez Jainkoaren izaeran parte izan dagigun,
grina txarrek munduan eragiten daben ustelkeriari ihes eginez.
Horregaitik, ahalegindu zaiteze gogoz zeuen
fedeagaz batera bertutea izaten, bertuteagaz ezagutza, ezagutzagaz
neurritasuna, neurritasunagaz eroapena, eroapenagaz jainkozaletasuna,
jainkozaletasunagaz senide-batasuna eta senide-batasunagaz maitasuna.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 91 [90], 1-2. 14-15b. 15c-16 (R/. 2b)
R/. Ene Jainko, Zugan dot konfiantza.
V/. Goi-goikoaren aterpean bizi zaran horrek,
gaua
Ahaltsuaren kerizpean emoten dozun horrek,
esaiozu
Jaunari: «Zu nire babesleku eta gaztelu,
ene
Jainko, Zugan dot konfiantza». R/.
V/. «Onik atarako dot, niri lotua dagoalako,
toki
seguruan jarriko, nire izena autortzen daualako.
Dei
egingo deust, eta Nik erantzungo;
beragaz
izango nau larrialdian. R/.
V/. Libratuko dot eta ospez jantziko.
Bizitza
luzea eta betea emongo deutsat
eta
neure salbazinoa gozatuazoko». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Ap 1, 5ab
R/. Aleluia.
V/. Jesu Kristo, testigu leiala,
hilen
arteko lehenengo biztua,
Zuk
maite izan gaituzu
eta
zeure odolaz geure pekatuetatik askatu. R/.
Ebanjelioa
Hartu eben seme
maitea,
hil, eta
mahastitik kanpora bota eben.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 1-12
Aldi haretan, Jesus parabola bidez hitz
egiten hasi jaken abadeburuei eta herriko zaharrei: «Gizon batek mahastia
landatu eban eta hesiz inguratu, bertan dolarea egin eta torrea eregi eban.
Gero, nekazari batzuri errentan itzirik, urrutira joan zan.
Bere sasoian, morroi bat bialdu eutsen
nekazariei, mahastiko frututik egokon partea jasotzera; baina hareek morroiari
heldu, jo eta esku hutsik bialdu eben. Barriro beste morroi bat bialdu eutsen;
berau be buruan jo eta irainez bete eben. Beste bat be bialdu eutsen geroago,
eta hil egin eben. Ondoren, beste asko bialdu eutsezan, eta batzuk jo eta
besteak hil egin zituen.
Baeban ondino beste nor edo nor, bere seme
maitea, eta haxe bialdu eutsen azkenik, bere barrurako esanez: “Izango deutsoe
begirunea nire semeari”. Nekazariek, ostera, esan eutsoen alkarri: “Oinordekoa
dok! Hil dagigun eta mahastiaren jabe izango gaituk”. Hartu, hil eta mahastitik
kanpora bota eben.
Zer egingo ete dau mahasti-jaubeak? Joan eta
garbitu egingo ditu nekazari horreek, eta mahastia beste batzuren esku itziko.
Ez ete dozue ha Liburu Santuetakoa irakurri:
“Etxegileek
baztertutako harria giltzarri gertatu da.
Jaunak
egin dau hori, gure begien harrigarri”?»
Abadeburu eta herriko zaharrak Jesus atxilotu nahian ebiltzan, ze, ondo ederto jaubetu ziran eurekaitik esan ebala parabola ha. Baina jentearen bildurrez, itzi eta alde egin eben.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen irakatsietara hurreratuko gara aste honetan. Ikasi geike harengandik, ikasteko egarri bagara. Eta ikusiko dogu beste hauxe ere: entzule jarten jakozan batzuk (herriko zahar, idazlari, fariseu eta abar) ikasteko baino ha zertan salatu eukiteko hurreratuko jakozala, haren irakatsiek enbarazu egiten eutseelako.
Parabolak irudizko kontakizunak dira. Honeik gauzatxoren baten edo besten nabarmentzen dira. Eta lortuko dabe euren helburua norbera (entzulea edo irakurlea) bere senean sartu eta beretzat esanak lez hartzen badauz.
Mahastia Jainkoaren herria da. Hartek bere herria zaintzeko jarten dauz zerbitzariak, baina zaintzaile izan beharrekook, xurgatzaile bihurtu dira, haren lepotik bizi dira, eta hauxe salatzen dau gaurkoan Jesusek.
Nori gustatzen jakoz besteen aurrean egiten jakozan salakuntzak? Gaur egungo gure egoeran, onartuko doguz parabolotatik atara geikezan ondorioak? Bizi barritu nahi badogu! Bestela, geu ere Jesus zertan salatu bilatzen hurreratuko gaiakoz...
Urtean Zeharreko IX. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Itsu gelditu nintzan.
Tobit liburutik
Tb 2, 9-14
Ni, Tobit, Pentekoste-gauean, hildakoari lur
emon ondoren, etxartera joan eta horma ondoan etzun nintzan aurpegia estaldu
barik, bero egoan-eta. Ez nintzan ohartu kurloiak egozala horman, nire gainean.
Hareen zirin beroa begietara jausi eta orban zuriek urten eusten. Ibili nintzan
osagileekin, baina zenbat eta erremedio gehiago jarri, orduan eta gitxiago
ikusten neban orbanakaitik, itsu gelditzeraino. Lau urtez egon nintzan itsu.
Nire senideak atsekabeturik egozan nigaitik, eta Ahikarrek urte bian mantendu
ninduan, Elimaidara joan zan arte.
Gauzak holan, Ana, nire emaztea, kanporako
lanean hasi zan, emakumeek ohi daben ehungintzan. Berak lana amaiturik
eroatean, bezeroek ordaindu egiten eutsoen. Behin baten, Distros hilaren
zazpian, oihala amaitu eta bezeroei eroan eutsenean, lansari osoa ordaindu
eutsoen eta, gainera, auma bat emon erregalu. Etxera sartzean, auma beeka hasi
zan. Orduan, dei egin eta esan neutson emazteari: «Nondik etorri da auma hori?
Ez da, bada, lapurtua izango? Bihurtu bere jaubeei, ez jaku-eta zilegi ostutako
ezer jatea». Emazteak erantzun eustan: «Erregalatu egin deuste, lansaria
emoteaz gainera». Nik, ostera, ez neutson sinisten eta esan eta esan nenbilen
jaubeei bihurtzeko. Hasarratu be egin nintzan beragaz hori zala-eta. Orduan,
emazteak esan eustan: «Non dira zure erruki-egintzak? Non zure egite onak? Argi
asko dago orain zertako balio izan deutsun!»
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 112 [111], 1-2. 7-8. 9 (R/. ik. 7c)
R/. Sendo dau zintzoak bihotza, Jaunaz fidaturik.
Edo: Aleluia.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana,
haren
aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua
izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua
zuzenen ondorea. R/.
V/. Ez deutse barri txarrei bildurrik,
sendo
dau bihotza, Jaunaz fidaturik.
Seguru
dau bihotza, bildurrik barik;
azkenean,
arerioen porrota ikusiko dau. R/.
V/. Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren
eskuzabaltasunak betiko dirau,
ohorez
jasoko dau bekokia. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Zeru barriak eta lur barria itxaroten doguz.
San Pedro Apostoluaren bigarren epistolatik
2 P 3, 12-15a. 17-18
Senide maiteok: Bizi zaiteze Jainkoa
etorriko dan egunaren zain eta egin lan, lehenbailehen heldu dadin. Egun
haretan, sutan desegingo dira zeruak, eta lurraren osagaiak kiskalduta
ezereztuko. Guk, ostera, Jaunak agindu lez, zuzentasunaren bizileku diran zeru
barriak eta lur barria itxaroten doguz.
Beraz, maite-maiteok, honeek itxaroten
dozuezala, ahalegindu zaiteze Jainkoagaz bakean bizitzen, garbi eta errurik
barik haren aurrean. Hartu gogoan Jaunak gugaz dauan pazientzia gure
salbazinorako dala.
Zuek, ene maiteok, jakinaren gainean zagoze.
Beraz, zabiltze kontuz, gaizto horreen eretxi okerrek liluraturik, zeuen
sendotasunetik jausi ez zaitezen. Ahalegindu zaiteze Jesu Kristo gure Jaun eta
salbatzailea gero eta gehiago ezagutzen eta haren onginahia zeuenganatzen.
Aintza berari, orain eta betiereko egunera arte. Amen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 90 [89], 2. 3-4. 10. 14 eta 16 (R/. ik. 1)
R/. Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
gizalditik gizaldira.
V/. Mendiak jaio baino lehen,
lurra
eta mundua sortu baino lehen,
Jainko
zara Zu betidanik betidaino. R/.
V/. Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez:
«Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai,
mila urte zure begietan
atzo
igaro zan eguna adina,
gaualdi
bat adina. R/.
V/. Gure bizitza hirurogeta hamar urtekoa,
onenean
be laurogeikoa;
baina
bizi-lehia guztia neke eta atsekabe,
bizitza
arin doa-eta, gu hegaz goaz. R/.
V/. Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu
gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Ikusi
begie zure zerbitzariek zure egintza,
eta
hareen seme-alabek zure dirdaia. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Ef 1, 17-18
R/. Aleluia.
V/. Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
argitu
daizala gure barruko begiak,
jakin
daigun zer itxarotera dei egin deuskun. R/.
Ebanjelioa
Emoiozue
Zesarri Zesarrena,
eta Jainkoari
Jainkoarena.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 13-17
Aldi haretan, fariseuen eta Herodesen
alderdiko batzuk bialdu eutsoezan Jesusi, berbaren baten harrapatzeko asmoz.
Etorri eta esan eutsoen: «Maisu, badakigu egiazale zarana eta ez deutsula
ardurarik inoren zeresanak; Zuk ez deutsazu gizakiaren itxurari begiratzen,
ezpada ze Jainkoaren bidea behar dan moduan irakasten dozu. Bidezko da Zesarri
zerga ordaintzea ala ez? Ordaindu behar deutsagu ala ez?»
Baina Jesusek, hareen azpikeriaz
konturaturik, esan eutsen: «Zergaitik zatorkidaze ziria sartzen? Ekarri txanpon
bat, ikusteko». Ekarri eutsoen, eta Jesusek itaundu eutsen: «Norenak dira irudi
eta izen honeek?» Hareek erantzun: «Zesarrenak».
Jesusek, orduan: «Emoiozue Zesarri Zesarrena
eta Jainkoari Jainkoarena». Eta zurtz eginda gelditu ziran.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Kontraesan nabarmenean bizi ziran judeguak, bai herri-agintza aldetik eta baita erlijio-agintza aldetik ere. Abertzaleek ez eben onartzen erromatarren agintzarik, eta irudiak ere Legean debekatuta eukezan.
Jesusi jarten deutsoen arazoa, ba, ertz askokoa da, eta ez dauka urtenbide erreza: edo herriaren aurkako erantzuna emongo dau, edo bestela erromatar agintarien aurkakoa...
Jesusek txanpon bat eskatzean, argi lagako dau zelango kontraesanean bizi diran: erromatarren txanpona darabile (Legearen aurkako irudia daroana) eta zergekin dirutzak egiten dabez, eta ez dala ordaindu behar dinoe...
Horregaitik Jesusek aldatu egingo dau arerioek darabilen ordaindu aditza, berak bihurtu erabiliz. Hau da: inorena danaz bizi dira dirutzak egiten herriaren lepotik, Jainkoaren lekua ere betez. Bihurtu deioela, ba, ostutakoa euren benetako jabeari: Jainkoari eta Zesarri... benetan aske bizi izateko, ez kontraesanean.
Urtean Zeharreko IX. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Bien otoitzak
entzun ebazan
Jainko
aintzatsuak.
Tobit liburutik
Tb 3, 1-11a. 16-17a
Egun hareetan, atsekabeturik eta
negar-zotinez, otoitzean hasi nintzan aieneka:
«Zuzena
zara, Jauna, eta zuzenak dira zure egintza guztiak,
zure
jokabide guztiak errukiorrak eta leialak;
zuk
epaitzen dozu mundua.
Orain,
Jauna, gogoratu zaitez nitaz, begiratu egidazu
eta
ez zigortu ni neure pekatu eta hutsegiteakaitik,
ezta
neure gurasoenakaitik be,
pekatu
egin eben-eta;
zure
aginduak bete ez genduzalako
itzi
deutsezu arerioei guri lapurretak egiten,
gu
erbesteratzen eta hiltzen;
burla,
barre eta irain egiten deuskue
sakabanatu
gaituzun nazino guztietan.
Bai,
zuzenak dira zure zigor guztiak,
neure
pekatuakaitik eta gurasoenakaitik
ezartzen
deustazuzan zigorrak,
ez
doguz-eta zure aginduak bete
eta
ez dogu leial jokatu zure aurrean.
Orain,
beraz, egizu nigaz nahi dozuna, kendu egidazu bizia,
lur-azaletik
desagertu eta hauts bihurtu nadin.
Hobe
dot hil bizi baino, irain guzurrezkoak entzuten ditudalako
eta
guztiz nahigabetua nagoalako.
Libratu
nagizu, Jauna, larrialdi honetatik,
Itzi
egidazu betiko egoitzara joaten;
ez
ezkutatu niri zeure aurpegia, Jauna.
Bai,
hobe dot hil, neure bizitzan hainbeste miseria ikusi
eta
halako irainak entzun baino».
Egun berean, Sarak be, Mediako Ekbatana
urian bizi zan Raguelen alabeak, bere aitaren neskameetako baten irainak entzun
behar izan ebazan. Izan be, Sara zazpi aldiz ezkondua egon zan; baina Asmodeo
deabru gaiztoak hil egin eutsozan senarrak, ohitzen dan lez honeek beragaz
alkartu baino lehen. Neskameak esan eutson: «Zeuk hiltzen dozuz senarrak. Zazpi
izan dozuz eta ez zara hareetako bakar batez be gozatu. Zergaitik zigortzen
gaituzu hareek hil dirala-eta? Zoaz zeu be eurekin. Ez daigula sekula ikusi
zure seme-alabarik». Sarak, atsekabez beterik eta negarrez, gora igon eban,
bere aitaren gelara, bere burua urkatzeko asmoz. Baina pentsatzen hasi eta esan
eban bere kautan: «Ez, izan be jenteak gure aita irainduko leuke-eta, esanez:
"Hain maite zenduan alaba bakarra urkatu egin da bere zoritxarrean".
Eta hilobira bialduko neuke aita zahartzaroan, atsekabearen atsekabez. Neure
burua urkatu baino hobe dot Jaunari heriotza eskatu; holan ez dot aurrerantzean
irainak entzun beharrik izango». Eta une haretantxe, eskuak leihorantz luzatuz,
otoitz egin eban.
Aldi haretan, bai Tobiten eta bai Sararen,
bien otoitzak entzun ebazan Jainko aintzatsuak eta Rafael aingerua bialdu eban
biak osatzera.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 25 [24], 2-3. 4-5b. 6 eta 7cd. 8-9 (R/. 1)
R/. Jauna, Zugana jasotzen dot gogoa.
V/. Ene Jainko, Zugan dot konfiantza,
ez
nadila lotsagarri izan;
ez
daitezala arerioak nire lepotik poztu;
ez
daitezala lotsatu Zugan itxaroten dabenak;
bai,
ostera, hutsagaitik baztertzen zaituenak. R/.
V/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi
zeure bidezidorrak.
Gidatu
nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu
zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/. Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta
maitasuna,
betidanikoak
dira-eta.
Gogoratu
nitaz zeure maitasunean,
zeure
ontasunari dagokionez, Jauna. R/.
V/. Ona eta zuzena da Jauna,
bidea
erakusten deutse pekatariei.
Apalak
zuzenbidez daroaz,
bere
bidea erakusten deutse apalei. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Indarbarritu
egizu
nik eskuak
ezartzean Jainkoak emon eutsun dohaia.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolaren hasiera
2 Tm 1, 1-3. 6-12
Nik, Paulok, Jainkoak halan nahirik, Kristo
Jesusen bidez agindu jakun bizia iragartzeko Jesu Kristoren apostolu nazan
honek, zuri, nire seme maite Timoteori: grazia, errukia eta bakea Jainko
Aitagandik eta Kristo Jesus gure Jaunagandik.
Eskerrak emoten deutsadaz, nire asabek lez
bihotz garbiz zerbitzen dodan Jainkoari, eta gogoan zaitut eten barik, gau eta
egun, neure otoitzetan.
Gomendatzen deutsut indarbarritu dagizula
nik eskuak ezartzean Jainkoak emon eutsun dohaia, Jainkoak ez deusku-eta
bildurti egiten gaituan espiritua emon, indarra eta maitasuna emoten eta geure
buruaren jaube egiten gaituan espiritua baino. Ez izan, bada, gure Jauna
autortzeko lotsarik, ezta lotsatu be harengaitik kartzelan dagoan honetaz;
bestela baino, Jainkoaren indarraz fidaturik, eroan egizuz nekeak nigaz batera
Barri Onaren alde. Harek salbatu ginduzan eta dei egin euskun biziera santura,
ez gure egiteakaitik, bere erabagiagaitik baino eta gizaldi guztiak baino lehen
Kristo Jesusengan emon euskun graziagaitik.
Grazia hau orain agertu da, Kristo Jesus
gure Salbatzailea munduan azaldu danean; honek heriotza ezereztu dau eta bizia
eta hilezkortasuna argitu Barri Onaren bidez. Barri On horren predikari,
apostolu eta irakasle egin nau Jainkoak. Hori da nire sufrimentuen arrazoia;
baina ez naz lotsatzen, badakit-eta norengan jarri dodan uste ona eta ziur
nago, badauala harek indarrik nire esku itzi dauan fede-gordailua azken egunera
arte zaintzeko.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 123 [122], 1. 2 (R/. 1)
R/. Zugana jasotzen ditut, Jauna, begiak.
V/. Zugana jasotzen ditut begiak,
zeruan
errege zaran horrengana. R/.
V/. Zelan morroien begiak nagusien eskuetara
eta
neskamearen begiak etxekoandrearen eskuetara,
halan
dagoz gure begiak Jaunagana,
gure
Jainkoagana,
gutaz
errukitu dadin arte. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 11, 25a. 26
R/. Aleluia.
V/. Neu naz biztuera eta bizia, dino Jaunak;
Nigan
sinisten dauana ez da betiko hilko. R/.
Ebanjelioa
Ez da hilen Jainkoa, biziena baino.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 18-27
Aldi haretan, saduzear batzuk etorri jakozan
Jesusi (saduzearrek ez dabe onartzen hildakoak biztuten diranik). Eta itaundu
eutsoen: «Maisu, Moisesek idatzi euskun: “Norbaiti anaia hiltzen bajako,
emaztea seme-alabarik barik itziz, ezkondu bedi alargunarekin, anaiari
ondorengoa emoteko”.
Behin baten, baziran zazpi anaia. Zaharrena
ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. Bigarrena alargunarekin ezkondu zan,
eta seme-alaba barik hil zan; bardin hirugarrena be. Holan, zazpirak
ondorengorik barik hil ziran. Azkenik, hil zan emakumea be. Biztuerakoan,
hildakoak biztuko diranean, zeinen emaztea izango da, ze, zazpirek izan eben
emazte?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez ete zabiltze
oker, Liburu Santuek dinoen hori eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez
dituzuelako? Izan be, hildakoak biztutean, ez da inor ezkonduko; zeruko aingeruak
lez izango dira danak. Gainera, hildakoen biztueraz, ez ete dozue irakurri
Moisesen liburuan, sasia surtan egoaneko pasartean, Jainkoak berak zelan esaten
deutsan: “Ni Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa naz”? Ez da
hilen Jainkoa, biziena baino. Oker zagoze oso».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Oraingoan Saduzearrak ezagutuko doguz. Honeek ere euren kontraesanean bizi dira: ez dabe Biztuerea sinisten eta barre egin guran joakoz Jesusi, heriotza ondorengo bizitza holangoxea balitz lez.
Ez dira konturatzen (gu bai, gero?) ez dirana bat bizitza eta Bizitza. Ha aldi eta leku batekoa dogu; Bizitza, Jainkoaren ingurukoa.
Aldiko bizitza honetan, Legeak seme-alabarik bako alarguna zaindu nahian arautzen eban hildakoaren anaiak sortu eiozala seme-alabak alargunari, hareengandik laguntza izan eian zahartzaroan.
Eta euren barreaz zelango ezjakintasunean bizi ziran iragarten dabe: ez dira gauza aldiko bizitza eta Jainkoaren altzokoa bereizteko.
Gure artean ere zenbat dagozan horrela uste izaten.
Baina esan behar, Jainkoaren altzoko bizitza, biztuera ondorengoa, Jesusek Itun Zaharrean dakila irakurten, barrura begiratzen dakilako, eta han Jainkoagaz aurkitzen dalako.
Besteoi barregurea emoten deusku... Ez ete dogu horrela geure ezjakina iragarten?
Urtean Zeharreko IX. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Erruki zakiguz
eta egizu heldu
gaitezala biok alkarregaz zahartzarora.
Tobit liburutik
Tb 6, 10-11; 7, 1. 9-17; 8, 4-9a
Egun hareetan, Median sartu eta Ekbatana
uritik hurrean egozala, Rafael aingeruak esan eutson mutilari: «Tobias anaia!»
«Zer?», erantzun eutson Tobiasek. Eta aingeruak: «Gaurko gaua Raguelen etxean
emongo dogu; zure senidea da eta Sara izeneko alaba bat dau».
Ekbatanara heldu ziranean, Tobiasek esan
eutson lagunari: «Azarias anaia, eroan nagizu ahalik eta zuzenen gure senide
Raguelen etxera». Eroan eban;
etxeko atarian jesarrita
aurkitu eben Raguel eta hareek
agurtu eben lehenengo.
Raguelek erantzun eutsen: «Zoriona eta osasuna zuei be, anaiok. Ondo etorri!»
Eta etxera sartu ebazan. Raguelek ahari bat hilazo eban, eta oso ondo hartu
ebazan.
Garbikuntzak egin eta mahaian jesarri
ziranean, Tobiasek esan eutson Rafaeli: «Azarias anaia, esaiozu Ragueli emon
deidala neure senide Sara emaztetzat». Entzun eban hori Raguelek eta esan
eutson gazteari: «Jan eta edan, eta gau gozoa igaro. Zuri dagokizu, ene anaia,
beste inori baino lehen, nire alaba Saragaz ezkontzea. Nik be ezin deutsat zuri
beste inori emon, zu zaitut-eta seniderik hurkoena. Baina argi hitz egingo
deutsut, seme. Gure herritarren arteko zazpi gizasemegaz ezkondu da eta
ezkon-gauean bertan hil ziran danak. Baina, tira, jan eta edan, seme, eta Jauna
arduratuko da zuetaz». Tobiasek, ostera, esan eban: «Ez dot jango eta edango,
zuk nire eskariaz erabagia hartu arte». Raguelek erantzun eutson: «Ondo da.
Moisesen liburuko aginduaren arabera, zeuri emon behar jatzu, eta halan
erabagitzen dau Jainkoak be. Hartu egizu, bada, emaztetzat; hemendik aurrera, senar-emazte
zarie betiko. Zeruko Jainkoak lagun egin deizuela gau honetan, seme; agertu
deizuela errukia eta emon bakea».
Raguelek bere alaba Sarari dei egin eutson
eta, etorri zanean, eskutik hartu eta Tobiasi emon eutson, esanez: «Hartu egizu
emaztetzat, legearen eta Moisesen liburuko aginduaren arabera, zeuri emon behar
jatzu-eta. Hartu eta eroan egizu onik zeure aitaren etxera. Eta zeruko Jainkoak
gidatu zagiezala bakean». Gero, amari deitu, idazteko orria ekarriazo eta
ezkon-agiria idatzi eban, Moisesen legeak agindu lez Sara Tobiasi emaztetzat
emonez. Ondoren, jaten eta edaten hasi ziran.
Geroago, Raguelek bere emazte Ednari dei
egin eta esan eutson: «Emazte, prestatu egizu beste gelea eta eroan Sara
bertara». Joan zan Edna eta, senarrak esan lez gelea prestatu ebanean, bertara
eroan eban alabea. Eta negarrez hasi zan harengaitik. Negar anpuluak sikatuz,
esan eutson alabeari: «Izan bihotz, alaba! Zeruko Jainkoak bihurtu dagiala poz
zure nahigabea. Izan bihotz!» Eta urten egin eban.
Jagi zan Tobias ohetik eta esan eutson
Sarari: «Jagi, ene emazte, otoitz egin eta eskatu deiogun Jaunari errukitu
dadila gutaz eta emon deigula osasuna». Jagi zan, bada, Sara eta otoitzean hasi
ziran biak, osasuna emon egiela Jaunari eskatuz. Honan egin eben otoitz:
«Bedeinkatua
Zu, Jauna, gure asaben Jainkoa
eta
bedeinkatua zure izena gizaldien gizaldietan!
Bedeinkatu
zagiezala zeruek eta izaki guztiek gizaldi guztietan!
Zeuk
egin zenduan Adam,
eta
Eva emazte emon zeuntsan lagun eta euskarri,
eta
bietatik sortu zan giza arraza.
Esan
zenduan: "Ez da ona gizona bakarrik egotea;
egin
deiodan berari dagokion laguna".
Badakizu
ez nazana nire senide honegaz ezkontzen
grina
txarrak bultzatuta, asmo zuzenez baino.
Erruki
zakiguz, bada,
eta
egizu heldu gaitezala biok alkarregaz zahartzarora».
Eta biek aho batez esan eben: «Amen, amen!» Eta oheratu egin ziran, gaua igarotzeko.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)
R/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana.
V/. Zorionekoa Jaunari begirune deutsana
eta
haren bideetan dabilena!
Zeure
lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu
izango zara eta ondo zara biziko. R/.
V/. Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure
etxe barruan;
seme-alabak
olibondo-kimuen antzeko
zure
mahai inguruan. R/.
V/. Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari
begirune deutsana!
Bedeinkatu
zagizala Jaunak Siondik,
gozatu
zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure
bizitzako egun guztietan. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jaunaren hitza
ez dago katez lotua.
Haregaz hiltzen
bagara, haregaz biziko gara.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik
2 Tm 2, 8-15
Anaia maitea: Izan gogoan Jesu Kristo,
Daviden jatorritik sortua, hilen artetik biztua. Hau da nik irakasten dodan
Barri Ona eta honengaitik nago neketan, gaizkile lez katez lotua; baina
Jainkoaren hitza ez dago katez lotua. Horregaitik, dana jasaten dot Jainkoak
aukeratu dituanen onerako, horreek be Kristo Jesusek emoten dauan salbazinoa
eta betiko aintza lortu dagiezan. Sinisgarria da adierazpen hau:
Haregaz
hiltzen bagara, haregaz biziko gara;
haregaz
sufritzen badogu, haregaz izango gara errege;
ha
ukatzen badogu, harek be ukatuko gaitu;
gu
leialak ez bagara be, harek leial dirau,
ez
leike-eta bere burua ukatu.
Gogoratu egiezu hau eta eskatu, arren, Jainkoaren izenean, ez daitezala hitzei buruzko eztabaidatan nahastu, hori ez da-eta ezertarako on, entzuten deutsenen hondamendirako baino. Lehiatu zaitez Jainkoaren aurrean onesgarri agertzen, zertan lotsaturik ez dauan langile lez, egiaren mezua zuzen irakasten dauana lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 25 [24], 4-5b. 8-9. 10 eta 14 (R/. ik. 4a)
R/. Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.
V/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi
zeure bidezidorrak.
Gidatu
nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu
zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/. Ona eta zuzena da Jauna,
bidea
erakusten deutse pekatariei.
Apalak
zuzenbidez daroaz,
bere
bidea erakusten deutse apalei. R/.
V/. Jaunaren bide guztiak maitasun eta leialtasun
haren
ituna eta aginduak gordetzen dabezanentzat.
Bere
barrua azaltzen deutse Jaunak begirune deutsoenei,
bere
ituna ezagutuazoten deutse. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure Salbatzaileak heriotza
ezereztu dau
eta
bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Ez da honeek baino agindu handiagorik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 28b-34
Aldi haretan, hurreratu zan Jesusengana
lege-maisu bat eta eta itaundu eutson: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»
Jesusek
erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra
da. Maite egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz
eta indar guztiz”. Bigarrena, barriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua
lez”. Ez da honeek baino agindu handiagorik».
Lege-maisuak esan eutson: «Ederto, Maisu;
egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, baita ha
bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa
nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea
dala esatean be».
Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik,
esan eutson: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik».
Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik
egiten ausartzen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Izenduna izango zan Jesus Lege-maisuen artean, euren eztabaidetan Jesus euren aldeko izan eitela bilatzen ebenean.
Eztabaida sutsuetan murgiltzen ziran Lege-maisuak, eta Jesusen erantzunaren zain dagoz hemen.
Nahikoa argi euken behinenekoa Jainkoa maitatzea zala; ez eben hain argi, horraitino, gizakia maitatzea hor —Jainkoa maitatzean— sartzen zanik.
Horrek ondorio izugarriak eta kaltegarriak ekarri eikezan euren hartu-emonetan. Euren ustez Jainkoa ez ebela maitatzen agertzen ebenak (pekatariak, publikanoak, erromarrak eta euren lagunak, atzerritarrak…) gitxienez mesprezatu egiten ebezan, edo aurrean erabili, edo…
Jesusek, horraitino, Jainkoa maitatzea eta geidea maitatzea parekatuz, argi laga eutsen: ez dago Jainkoa maitatzerik geidea maitatu ezik. Eta geidea neuk egiten dot geide.
Jainkoa maitasun lez ulertzen dau Jesusek. Harek ezin dauz batzuk maitatu eta beste batzuk ez; edo batzuk beste batzuren gainetik maite. Hori geure jokoa da, baina ez Jainkoarena.
Eta gurea, Jainkoaren seme-alaba lez, haren antzeko izan gaitezala bada, zelan onartu geike geidea mesprezatzea, edo ez onartzea, edo kaltea desiratzea…?
Izan daigun argi: Jesusek irakasten deuskuna Jainkoaren seme-alaba agertu gaitezala da.
Urtean Zeharreko IX. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Zigortu egin
ninduan Jainkoak,
baina orain
ikusten dot barriro neure seme Tobias.
Tobit liburutik
Tb 11, 5-17
Egun hareetan, Ana jesarrita egoan, semea
bidean noiz agertuko zain. Eta baetorrelako bihozkada izanik, esan eutson
aitari: «Hara, badator semea bere bidelagunagaz».
Aitagana heldu baino lehen, Rafaelek esan
eutson Tobiasi: «Badakit zure aitaren begiak osatuko dirana. Igurtzi haren
begiak arrainaren behazunaz; osagaiak begietako orban zuriak desegingo deutsaz,
eta zure aitak ikusiko dau barriro argia».
Anak ari-arin joan eta lepotik heldu eutson
semeari, esanez: «Barriro ikusi zaitut, seme; hil naiteke orain». Eta negarrari
emon eutson. Jagi zan Tobit be eta, itsumustuan, atariko atera urten eban.
Hurreratu jakon Tobias arrainaren behazuna eskuan ebala eta, besotik heldurik,
putz egin eutson begietara eta esan: «Izan bihotz, aita!»
Behingoan, osagaia begietan emon eta bertan
eutsi eutson apur batez. Ondoren, esku biakaz mintz-itxurako zeozer kendu
eutson begi-ertzetatik. Tobitek, orduan, semeari lepotik heldu eta negarrari
emon eutson, esanez: «Ikusten zaitut, seme, nire begien argi zaran hori!» Eta
gero:
«Bedeinkatua
Jainkoa!
Bedeinkatua
haren izen handia!
Bedeinkatuak
haren aingeru santu guztiak!
Babestu
gagizala Jainkoaren izen handiak!
Bedeinkatuak
beti haren aingeruak!
Zigortu
egin ninduan Jainkoak,
baina
orain ikusten dot barriro neure seme Tobias».
Tobias etxera sartu zan pozik, Jainkoa aho
betean goratuz. Eta bideko gorabeherak kontatu eutsozan aitari: ondo burutu
ebala joan-etorria, ekarri ebala dirua eta ezkondu be egin zala Saragaz,
Raguelen alabeagaz, eta hau baetorrela, Ninibeko sarreratik hurrean itzi ebala-eta.
Tobitek, pozez beterik eta Jainkoa goratuz,
erranaren bidera urten eban Ninibeko sarreraraino. Ninibeko jentea, Tobit
itsumutilik barik, bakarrik eta guztiz indartsu ebilela ikustean, harrituta
gelditu zan. Jainkoa errukitu jakola eta begiak edegi eutsozala autortzen eban
Tobitek danen aurrean.
Bere semearen emazte Saragaz topo egitean,
bedeinkatu eban, esanez: «Ondo etorri, ene alaba, eta bedeinkatua gure etxera
ekarri zaituan Jainkoa! Bedeinkatua zure aita, bedeinkatua Tobias ene semea eta
bedeinkatua zu, ene alaba! Ondo etorri, ene alaba, sartu zaitez zeure etxean;
izan dagizuela bedeinkazinoa eta alaitasuna».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 146 [145], 1-2. 7-8. 9-10 (R/. ik. 1b)
R/. Goratu egizu Jauna, ene barrua.
Edo: Aleluia.
V/. Goratu begi nire arimak Jauna!
Goretsiko
dot Jauna bizi nazan artean,
soinua
joko deutsat neure Jainkoari nazan artean. R/.
V/. Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose
diranei ogia emoten.
Jaunak
askatzen ditu presoak,
Jaunak
zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak
jasotzen konkortuak,
Jaunak
maitatzen zintzoak. R/.
V/. Jaunak ditu etorkinak zaintzen,
umezurtzei
eta alargunei zutunik eusten,
baina
gaiztoen nagusitza iraultzen.
Jauna
errege da betieran,
zure
Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Jesu Kristoren
jarraitzaile zintzo lez bizi nahi daben guztiek
izango dabez
erasoaldiak.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik
2 Tm 3, 10-17
Anaia maitea: Zuk hurretik jarraitu dozuz
nire irakaspena eta biziera, nire asmoa, sinismena eta pazientzia, nire
maitasuna eta eroapena, eta Antiokian, Ikonion eta Listran jasan behar izan
nituan lako erasoaldiak eta sufrimentuak. Zelako erasoaldiak jasan ditudan, eta
guztietatik atara nau Jaunak! Era berean, Jesu Kristoren jarraitzaile zintzo
lez bizi nahi daben guztiek be izango dabez, bai, erasoaldiak. Gizaki gaizto
eta guzurtiak, barriz, gero eta okerrago ibiliko dira, besteak eta euren burua
engainatuz.
Zuk, ostera, iraun sendo, ikasi eta sinistu
dozun guztian; hartu gogoan norengandik ikasia dozun eta Liburu Santuak
umetatik ezagutzen dozuzala. Liburu Santuek emon leikizue, Kristo Jesusenganako
sinismenaren bidez, salbazinora daroan jakituria. Liburu Santuetan idatzirik
dagoan guztia Jainkoak inspiratua da, eta irakasteko, arrazoiak emoteko,
okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; holan, Jainkoaren
gizona guztiz hornidua izaten da, eta edozein eginbehar onetarako prest.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 157 eta 160. 161 eta 165. 166 eta 168 (R/. 165a)
R/. Gainezka dabe bakea, Jauna,
zure nahia maite dabenek.
V/. Asko dira erasotzen deusten arerioak;
baina
ni ez naz zure aginduetatik okertzen.
Zure
hitzaren muina da leialtasuna,
betikoa
da zure erabagi zuzena. R/.
V/. Jauntxuek arrazoirik barik eraso egiten
deuste,
baina
zure hitzek bakarrik nire bihotza ikaratzen.
Gainezka
dabe bakea zure nahia maite dabenek,
ez
ditu ezerk jausiazoko. R/.
V/. Zure salbazinoa itxaroten dot, Jauna,
eta
zure aginduak betetzen ditut.
Gordetzen
ditut zure legeak eta mandamentuak,
zeure
aurrean dozuz nire ibilbide guztiak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 14, 23
R/. Aleluia.
V/. Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino
Jaunak;
nire
Aitak maite izango dau,
eta
Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.
Ebanjelioa
Zelan dinoe Daviden semea dala Mesias?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 35-37
Aldi haretan, Jesusek, tenpluan irakasten
ziharduala, esan eban: «Zelan esan leikie lege-maisuek Mesias Daviden ondorengo
dala? Hara zer dinoan Davidek Espiritu Santuaren argiaz:
“Hona
Jaunak nire Jaunari esana: Jesarri nire eskoian,
zure
arerioak oinazpian
jartzen
deutsudazan bitartean”.
Davidek berak “Jauna” esaten deutsa; beraz, zelan izan leike bere ondorengo?» Jentetza ugariak pozarren entzuten eutson.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Arazo handiak dabez Jesusen ikasleek —eta jarraitzaileek eta idazlari ta fariseuek eta gainerako agintariek— Jesusengan Mesias autortzeko.
Inondik inora ez dau agertzen Jesusek antxina Mesiasi buruz esaten ziran gauzak: arerio guztiak menpean hartuko ebazala, herriaren askapena lortuko ebala; bere ahalmenaz dana ekarriko ebala bere onera; Dabiden erregetzaldia barriro ezarriko ebala...
Mesiasen irudi horretatik ezin da Jesusen isiltasuna, apaltasuna, behartsuenganako begiramena eta, bakotxak bere lokarrietatik askatzeko eta aske lez bizi izateko, zabaltzen dauan mezua eta emoten dauan adorea.
Kezkatan jarten diranak eta bila hasi, poztu egingo dira Jesusengan Jainkoaren Semea aurkituko dabelako, eta ulertuko, Jainkoak ez dauala inor zapaltzen eta deusezten, errukiz bereganatzen baino.
Ez ete gagoz geu ere nahiko urrun hau ulertzetik, beste irudia geureagoa dogulako?
Urtean Zeharreko IX. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Bedeinkatu
egizue Jauna;
Jainkoagana
bihurtu behar dot.
Tobit liburutik
Tb 12, 1. 5-15. 20
Egun hareetan, Tobitek bere seme Tobiasi
deitu eta esan eutson: «Seme, ordaindu saria bidean lagundu deutsun gizasemeari
eta emoiozu zeozer gehiago be». Deitu eutson, bada, Tobiasek eta esan eutson:
«Hartu saritzat ekarritako guztiaren erdia eta zoaz bakean».
Orduan, Rafaelek biei isilpean deitu eta
esan eutsen: «Bedeinkatu egizue Jainkoa eta autortu bizidun guztien aurrean
zenbat on egin deutsuen, guztiek haren izena bedeinkatu eta kantatu dagien.
Agertu gizon-emakume guztien aurrean Jainkoaren egintzak, merezi dauan lez, eta
ez izan nagi ha goresten. Ona da erregearen isilpekoa gordetzea; Jainkoaren
egintzak, ostera, iragarri eta autortu egin behar dira, merezi dauan lez. Egin
ondo, eta ez jatzue gatxik etorriko. Ona da zintzo egindako otoitza, eta
zuzentasun barik lortutako aberastasuna baino hobea zuzentasunez egindako
limosna. Urrea pilatzea baino hobe da limosna egitea. Limosneak heriotzatik
libratzen dau eta pekatu guztien parkamena emoten. Limosna egiten dabenek bizitza
luzea izango dabe; pekatariak eta zuzenbakoak, barriz, euren buruaren arerio
dira.
Eta orain egia osoa esan nahi deutsuet,
ezertxu be isilean gorde barik: Esan deutsuet ona dala erregearen isilpekoa
gordetzea, baina Jainkoaren egintzak iragarri egin behar dirala, merezi dauan
lez. Hara, bada: Sarak eta zuk otoitz egiten zenduenean, nik aurkeztu neban
zuen otoitzaren oroigarria aintzazko Jaunaren aurrean, eta beste horrenbeste
egiten neban, zuk hildakoei lur emoten zeuntsenean. Eta zu, zalantzan ibili barik,
jatordua itzi eta hildakoari lur emotera jagi zinanean, zu probatzera bialdu
ninduan Jainkoak. Ondoren, ostera, zu eta Sara zure errana osatzera bialdu nau.
Rafael naz ni, Jaun aintzatsuaren aurrean haren zerbitzura dagozan zazpi
aingeruetako bat.
Bedeinkatu egizue, bada, Jauna lurrean, eta
goratu Jainkoa. Nik ordua dot bialdu ninduanagana bihurtzeko. Jarri idatziz
jazo jatzuen guztia». Eta desagertu egin zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Tb 13, 2. 6. 7. 8 (R/. 2a)
R/. Bedeinkatua, beti bizi dan Jainkoa!
V/. Berak dau zigortzen eta bera da errukitzen,
berak
dau jatsiazoten Herio-leza sakonera,
eta
berak igonazoten Hondamendi handitik;
ezerk
ez dau ihes egiten haren eskutik. R/.
V/. Begira zuen alde egin dauana
eta
ospatu egizue aho betez.
Goratu
egizue Jaun zuzena,
goratu
gizaldietako Erregea. R/.
V/. Nik be ospatzen dot erbestean,
erakusten
deutsat haren indarra eta handitasuna
herri
pekatariari. R/.
V/. Bihurtu zaiteze, pekatariok,
egin
haren aurrean zuzen dana!
Nork
daki ez ete zaituen maite izango,
ez
ete dan zuetaz errukituko. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Iragarri Barri
Ona.
Gainean dot
mundu honetatik abiatzeko ordua,
eta Jaunak
garaipenaren koroa emongo deust.
San Paulo Apostoluak Timoteori egindako bigarren epistolatik
2 Tm 4, 1-8
Anaia maitea: Jainkoaren aurrean eta, errege
lez agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko dan Kristo Jesusen aurrean,
erregutzen deutsut: iragarri Jainkoaren hitza; ekin sasoia danean eta ez
danean, emon arrazoiak, zentzunduazo eta aholkatu, zeure pazientzia guztia eta
irakasteko gaitasuna erabiliz. Etorriko da-eta gizon-emakumeek irakaspen
osasungarria jasango ez daben sasoia; euren grinen eraginpean, maisuz
inguratuko dira, euren belarrien atsegingarri; egiatik alboratuko dabez
belarriak eta ipuinetara bihurtuko. Zuk, ostera, jokatu zuhur gauza guztietan,
eroan sufrimentuak, ekin Barri Ona zabaltzeari, bete ondo zeure zerbitzua.
Ni neure bizia opari eskeintzeko zorian
nago; gainean dot mundu honetatik joateko ordua. Burruka ona egin dot, amaitu
dot lasterketa, gorde dot sinismena. Honezkero zain dot garaipenaren koroa,
Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emongo deustan koroa; eta niri ez ezik,
baita haren agerraldia maitasunez itxaroten daben guztiei be.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 71 [70], 8-9. 14-15b. 16-17. 22 (R/. ik. 15a)
R/. Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.
V/. Zure gorespenaz betea neban ahoa,
zure
egintza ospetsuaz, egun osoan.
Ez
baztertu ni orain zahartzaroan,
ez
itzi ni eskutik, indarrak ahuldu jatazanean. R/.
V/. Nik, ostera, itxaroten jarraituko dot beti,
gero
eta gehiago zaitut goratuko.
Nire
ahoak egun osoan iragarriko dau
zure
salbazino-asmoa eta -egintza. R/.
V/. Jainko Jaunaren egintza bikainak ditut
aldarrikatuko,
zurea
bakarrik dan salbazinoa iragarriko.
Ene
Jainko, gaztetatik irakatsi deustazu,
eta
gaur arte iragarri ditut zure egintza harrigarriak. R/.
V/. Eta nik be harpa-soinuz goratuko zaitut, ene
Jainko, leiala zaralako,
zitaraz
kantatuko deutsut, oi Israelgo Santu. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 5, 3
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
eurena
dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.
Ebanjelioa
Alargun
behartsu honek
beste guztiek
baino gehiago bota dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 38-44
Aldi haretan, Jesusek, bere irakatsaldian,
esan eutson jenteari: «Zabiltze kontuz lege-maisuakaz! Gogoko dabe harro-harro
jantzita ibiltzea eta plazetan jentearen agurrak hartzea; gogoko ditue
sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-jatorduetan mahaiburuak. Eta, azkenbako
otoitzen atxakiaz, alargunen ondasunak irensten ditue. Holakoek epairik
zorrotzena izango dabe».
Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jarrita
egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botatzen eban begira. Aberats askok ugari
emoten eban. Etorri zan emakume alargun txiro bat be, eta txanpon bi bota
zituan, huskeria bat. Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan
dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara.
Izan be, beste guztiek sobran dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere urrian,
eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Zelango Kontrastea jarten deuskun Markos ebanjelariak txatal honetan: alde batetik Lege-maisuak, eta bestetik alargun emakume pobrea. Zeinek maite dau Jainkoa? Zelan maite dau?
Lege maisuek garrantzi handia emoten eutsen euren izen onari, jentearen agur eta ohoreei, Jainkoa horretarakoxe erabilteraino: haren izenean eskatzen ebezan agur eta ohoreak. Maite eben Jainkoa, etekinak ataratearren.
Emakume alargun pobreak ez dau diruaren ardurarik ez eta bizitzarenik ere agertzen; uste osoa dau Jainkoagan jarrita, eta daukan guztia eskeiniz agertzen dau Jainko-zaletasun hori.
Jainkoaganako begiramena, maitasuna eta zaletasuna ez da neurtzen eskeintzarien kantitateaz...
Gaur egun, eleiza askotako otzaretan nabarmentzen da zenbat maite dogun Jainkoa, ze uste dogun harengan jarrita. Gero eta urriagoa da jentearen eskuzabaltasuna. Jainkoagandik ezer ez dalako itxaroten-edo. Zertan ete daukagu jarrita gure uste ona?