2022/02/03

VI. Astea

Urtean Zeharreko VI. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Kainek Abel bere anaiari eraso
eta hil.

Hasiera liburutik

Has 4, 1-15. 25

    Gizona bere emazte Evagaz alkartu zan. Umedun gelditu zan Eva eta Kain izan eban. Orduan, esan eban: «Gizon bat eskuratu dot Jaunari esker». Gero, Kainen anaia Abel izan eban. Artzain izan zan Abel, eta nekazari Kain.
    Handik aldi batera, Kainek lurreko frutuen eskeintza egin eutson Jaunari. Abelek be ekarri ebazan artaldeko lehen bildotsak eta ardi-gantza. Jainkoak abegi on egin eutsen Abeli eta honen eskeintzari; ez, ostera, Kaini eta honen eskeintzari. Biziro hasarratu zan Kain, eta kopetilun ebilen.
    Jaunak esan eutson, orduan: «Zergaitik zagoz hasarre? Zergaitik kopetilun? Zuzen jokatuko bazendu, argituko litzakizu aurpegia. Baina oker zabiltzan ezkero, atean dozu pekatua, gainera jausteko zain. Halan be, menperatu zeinke».
    Behin baten, Kainek landara joateko gonbita egin eutson bere anaia Abeli. Han egozala, Kainek Abel bere anaiari eraso eutson eta hil egin eban. Jaunak esan eutson Kaini: «Non dozu Abel zeure anaia?» Kainek erantzun: «Ez dakit. Anaiaren zaintzaile ete naz, bada, ni?»
    Jaunak, orduan: «Zer egin dozu? Zure anaiaren odola oihuka dabilkit lurretik. Horregaitik, madarikatu egiten zaitu zuk isuritako odola edan dauan lurrak. Lurra landuko dozu, baina ez deutsu fruturik emongo; noraezean ibiliko zara munduan».
    Kainek esan eutson Jaunari: «Astunegia dot zigor hau, eroan ahal izateko. Gaur lur honetatik botatzen nozula, zure begi-bistatik urrun eta noraezean ibili beharko dot; eta aurkitu nagian edonork hil egingo nau».
    Jaunak, ostera, erantzun eutson: «Ez horixe! Kain hiltzen dauana, zazpi aldiz gogorrago izango da zigortua». Eta Jaunak ezaugarri bat ipini eutson Kaini, aurkitzen eban inork hil ez egian.
    Alkartu zan, barriro be, Adam bere emazteagaz; honek semea izan eban, eta Set ezarri eutson izena. Orduan, esan eban: «Jainkoak beste seme bat emon deust, Kainek hil eban Abelen ordez».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 50 [49], 1 eta 8. 16b-17. 20-21 (R/. 14a)

R/.   Eskeini esker onezko oparia Jainkoari.

V/.   Jaunak, jainkoen Jainkoak, berba egiten dau:
dei egiten deutsa lurrari batzarrera
eguzkiaren sorlekutik sarlekura.
Ez zaitut salatzen zeure sakrifizioakaitik;
zure erre-opariak aurrean ditut beti. R/.

V/.   Zelan aitatu zeinkez nire arauak
eta nire ituna ahotan hartu,
nire zentzabideari gorroto badeutsazu
eta nire hitzei lepoa emoten? R/.

V/.   Zeure senidearen aurka txarto esaka zabiltz,
zeure amaren semea baltzitzen dozu.
Zuk horreek egin, eta Ni isildu?
Zu lakoa nazala uste dozu ala?
Salatu egingo zaitut, aurpegira botako dana. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Tentaldiak iraupena dakartso zuen sinismenari,
on-onak eta beteak izan zaitezen.

Santiago Apostoluaren epistolaren hasiera

St 1, 1-11

    Nik, Santiagok, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzari honek, atzerrian sakabanaturik dagoan Jainkoaren herri osoari, agur.
    Ene senideok, egon zaiteze pozik edozein eratako tentaldik erasotzen deutsuenean. Badakizue zuen sinismenak, probatua danean, eroapena dakarrela. Eta eroapenak lortuko dau bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezen, ezelako akatsik bakoak.
    Zuetarikoren bat jakituria-beharrean badago, eskatu deiola Jainkoari eta emongo deutsa, eskuzabal emoten dau-eta, inori ezer aurpegira bota barik. Baina eskatu dagiala sinismenez eta ezelako zalantzarik barik, zalantzan dabilena haizeak eraginik itsasoan batetik bestera dabilen olatua lakoa da-eta. Holakoak ez begi uste izan Jaunagandik ezer hartuko dauanik, gogo-bikoa eta bere jokabide guztietan aldakorra izanik.
    Behe-mailako senidea harrotu bedi, Jainkoak goratu daualako; aberatsa, barriz, behe-mailan jarria izan dalako; izan be, bedar-lorea lez pasatzen da aberatsa. Eguzkiak urten eta sargoriak jotzean, zimeldu egiten da bedarra, jausi lorea, eta galdu haren itxura ederra. Holantxe igartuko dira aberatsa eta haren egintzak.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 119 [118], 67-68. 71-72. 75-76 (R/. 77a)

R/.   Betorkit zure errukia, Jauna, bizibarritu nadin.

V/.   Atsekabetua izan aurretik, desbideraturik nenbilen;
orain, ostera, zure irakaspena dot betetzen.
Ona zara eta ongilea,
irakatsi niri zeure arauak. R/.

V/.   On egin deust atsekabetua izateak,
zure arauak ikasteko.
Zein ona niretzat zure ahoko legea,
urre-zidarrezko milaka txanpon baino hobea. R/.

V/.   Badakit, Jauna, zure erabagiak zuzenak dirala,
leialtasunez atsekabetu nozuna.
Arren, kontsolatu  nagiala zure maitasunak,
zeure zerbitzari honi berbea emon deutsazunez. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 14, 6

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz bidea, egia eta bizia, dino Jaunak;
        ezin da inor Aitagana joan,
        nire bidez izan ezik. R/.

 

Ebanjelioa

Zer dala-eta dabil gizaldi hau seinale eske?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 11-13

    Aldi haretan, Fariseuak etorri eta Jesusegaz eztabaidan hasi ziran. Jainkoagandiko seinale bat eskatzen eutsoen azpikeriaz. Jesusek, arnasa sakon hartuz, esan eutsen: «Zer dala-eta dihardu gizaldi honek seinale eske? Benetan dinotsuet: Gizaldi honi ez jako seinalerik emongo».
    Eta, hareek itzirik, barriro txalupara igon eta bestaldera abiatu zan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Seinale bat eskatzen deutsoe azpikeriaz… Zergaitik? Ze seinale? Harengan usterik ez dabelako? Orain artekoak deabruaren indarraz eginak ziralako? Moisesek egindakoren bat baino handiagoa behar dabelako?

Moisesek Faraongandik askatu eban herria, eta Jesusek indar azpiratzaile guztietatik askatu daizala gura ete dabe? Zer da Jesusengandik itxaroten dabena?

Jainkoa euren gurarien alde (eta arerioen kontra) jarri daiala eskatzen deutsoe? Azpikeriaz eskatzen deutsoela, tentatzeko, dino ebanjelariak; basamortuan Deabruak tentatu eban lez.

Ez ete da beti jasaten dogun tentaldia Jainkoa geure alde jarri gura izatea (eta gure arerioen kontra)? Eta gu beti jausten gara. Baina Jesusek holango tentaldietatik ihes egiten dau.

Badaki Jesusek (eta holantxe dihardu) Jainkoagandik ezer barririk ezin geikela itxaron; harek emondakoetan bilatu behar dogula. Eta horixe egingo dogu harengan uste osoa jarrita badaukagu.

Eta otoitzera doa tentalditik ihesi…

 

 


Urtean Zeharreko VI. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Egin dodan gizakia
garbitu egingo dot mundutik.

Hasiera liburutik

Has 6, 5-8; 7, 1-5. 10

    Ikusi eban Jaunak handituz joiala munduan gizakiaren gaiztakeria, eta honen asmo guztiek txarrera jotzen ebela beti. Damutu zan Jauna gizakia egin izanaz eta, bihotza mindurik, esan eban: «Egin dodan gizakia garbitu egingo dot mundutik, eta gizakia ez ezik, baita abereak, narrastiak eta zeruko hegaztiak be, damu dot-eta horreek egin izana». Baina Noe begiko izan eban Jaunak.
    Jaunak esan eutson Noeri: «Sartu zaitez ontzian zeure etxeko guztiekin, zu beste pertsona zuzenik ez dot-eta ikusi zure sasoikoen artean. Hartu egizuz zeugaz zazpina bikote, ar eta eme, legez garbi diran abereen artetik, eta bikote bana, ar eta eme, kutsatu diranen artetik; zeruko hegaztietatik be hartu zazpina bikote, ar eta eme, horreen arrazak munduan iraun dagian. Zazpi egunen buruan euria bialduko dot lurrera berrogei egun eta berrogei gauez, egin dodazan izaki guztiak garbitzeko».
    Jaunak agindutako guztia egin eban Noek. Eta handik zazpi egunera uriolak lurra estaldu eban.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 29 [28], 1a eta 2. 3ac-4. 3b eta 9c-10 (R/. ik. 11b)

R/.   Bere herria bedeinkatuko dau bakea emonez Jaunak.

V/.   Emon Jaunari, zeruko izakiok,
emon Jaunari bere izenaren ospea.
Ahuspeztu Jaunaren aurrean,
bera santutasunez agertzean. R/.

V/.   Jaunaren ahotsa ur gainean,
Jauna ur handien gainean.
Jaunaren ahotsa indartsu,
Jaunaren ahotsa dirdaitsu. R/.

V/.   Jainko ospetsuak trumoia jo dau,
haren tenpluan danek oihuka dinoe: Gora!
Uriolaren gainetik dago Jauna jesarrita,
tronuan jesarri da Jauna betiko errege. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak ez dau inor tentatzen.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 1, 12-18

    Senide maiteok: Zorionekoa probaldian sendo irauten dauan gizakia! Proba gainditu ondoren, Jainkoak bera maite dabenei agindu deutsen betiko bizia jasoko dau-eta sari.
    Inork, tentaldirik dauanean, ez dagiala esan Jainkoak tentatzen dauala. Jainkoak ez dau txarrerako tentazinorik eta ez dau inor tentatzen. Bestetara, nor bere grina txarrak tentatzen dau, horrek dau liluratzen eta erakartzen. Grina txarrak, erne eta gero, pekatua sortzen dau, eta pekatuak, burutu eta gero, heriotza dakar.
    Ez engainatu zeuen buruak, ene senide maiteok. Emoitza on eta dohai bikain guztiak goitik datoz, Aitagandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez dauan argien Egileagandik. Berak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz, sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 94 [93], 12-13a. 14-15. 18-19 (R/. 12a)

R/.   Zorionekoa, Jauna, Zuk hezten dozuna.

V/.   Zorionekoa, Jauna, Zuk hezten dozuna,
zeure legean eskolatzen dozuna;
atseden emongo deutsazu egun baltzen ondoren. R/.

V/.   Jaunak ez dau bere herria hondatuko,
ez bere ondarea bertan behera itziko.
Bihurtuko deutsoe zintzoari eskubidea
eta izango dabe bihotz zuzenekoek etorkizuna. R/.

V/.   Jaustear nagoala uste dodanean,
zure maitasunak eusten deust, Jauna.
Bihotza kezkaz betea dodanean,
zure kontsolazinoek gozatzen deuste barrua. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 14, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
        nire Aitak maite izango dau,
        eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

Ebanjelioa

Kontuz ibili fariseuen

eta Herodesen legaminagaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 14-21

    Aldi haretan, ikasleei ogia hartzea ahaztu jaken, eta bat bakarra euken ontzian. Jesusek ohar hau egin eutsen: «Begira gero! Kontuz ibili fariseuen eta Herodesen legaminagaz».
    Hareek, barriz, eztabaidan ebiltzan alkarrekin, ogirik ez ebelako. Konturatu zan Jesus eta esan eutsen: «Zer diharduzue ogirik ez dozuela-eta? Oraindino ez ete dozue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak ete zarie? Begiak izan, eta ez dozue ikusten? Belarriak izan, eta entzuten ez? Ez ete dozue gogoan, bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituanean, zenbat otzara bete zenduezan hondakinakaz?» «Hamabi», erantzun eutsoen. «Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituanean, zenbat otzara bete zenduezan hondakinakaz?» Erantzun eutsoen: «Zazpi». Orduan, Jesusek: «Eta oraindino be ez dozue ulertzen?»

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ezin ukatu geike gure lehenengo ardurea, ardurarik eta behinena, bizi izatea dala. Jesusena ordea… zelan bizi izan litzateke. Hau dala-eta dinotse ikasleei: kontuz ibili fariseuen eta Herodesen legaminagaz. Eta ikasleek ogi faltea ulertzen dabe.

Txalupa hartuta beste aldera doaz, eta ogi barik. Agindu-lurretik atzerrira doaz, eta handik ez daroe ogirik. Ez dabe hango lez bizi izan behar, era barri baten baino. Eta horretarako, bertan itzi behar dabez bereizten eta alkarrengandik banantzen dituen siniskerea, ohiturak, legekeriak, ideologiak, abertzalekeriak eta abar (farisearren legamina).

Baina zein burugogorrak garan! Ez deutsoe ulertzen Jesusen beraren aukeratuak eta ilasleak izan arren ere: hain dagoz lehengoan itxita!

Zein gatx egiten jakon Jesusi berak bizi dauan Jainkoa eta honenganako uste ona (Aita izena emoterainokoa!) zabaltzea! Badirudi Jainkoaren lehengo irudiaz babes eta ziurtasun handiagoa hartzen dabela, eta ez dabela behar Jesusek bizi dauana.

Eta lehen jazoten zan hau ez ete da geure egunotan ere jazoten? Geuri ere ez ete jaku jazoten? Geuk ere nahiago ez ete dogu onak saritzen eta gaizkileak (geure arerioak) zigortzen dauzan Jainkoa, arerioak ere maitatzea eskatzen deuskun Aita baino?

 


Urtean Zeharreko VI. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Ontziko estalkia edegi
eta lurrazala lehor ikusi eban.

Hasiera liburutik

Has 8, 6-13. 20-22

    Berrogei egunen buruan, berak egindako ontziko leihoa edegi eta belea bialdu eban Noek. Belea urten eta joan-etorrian ibili zan, lurreko urak lehortu arte.
    Ondoren, usoa bialdu eban, urak lurrean gitxitu ete ziran jakiteko. Baina, usoa, bere hankak non jarririk ez eta, ontzira bihurtu zan Noerengana, oraindino ura egoan-eta lurrazalean. Noek, eskua luzatuz, usoa hartu eta ontzi barrura sartu eban. Beste zazpi egun itxaron eta barriro usoa bialdu eban ontzitik. Arratsaldean etorri jakon, olibondo-adartxu ebagi barria mokoan ekarrela. Hortik jakin eban Noek urak gitxituak zirala lur gainean. Beste zazpi egun itxaron eta usoa bialdu eban; oraingoan ez zan bihurtu.
    Noeren bizitzako seirehun eta batgarren urtean, lehenengo hilaren lehen egunean, lehortu ziran urak. Noek ontziko estalkia edegi eta lurrazala lehor ikusi eban.
    Noek altarea eraiki eutson Jaunari eta, abere eta hegazti garbi guztietatik harturik, erre-oparitzat eskeini ebazan altaran. Jaunak, oparien lurruna atseginez usnatuz, bere barrurako esan eban: «Ez dot barriro mundua madarikatuko gizakia dala-eta; egia da gizakiaren asmoak txarrera jarriak dagozala umetatik; baina ez ditut bizidunak barriro garbituko, orain egin dodan lez.

Lurrak dirauan bitartean,
ereiteak eta uzta-batzeak,
hotzak eta beroak,
udak eta neguak,
egunak eta gauak
ez dabe behin be huts egingo».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 12-13. 14-15. 18-19 (R/. 17a)

R/.   Gorespen-oparia deutsut, Jauna, eskeiniko.

        Edo: Aleluia.

V/.   Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbazino-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/.   Beteko deutsadaz Jaunari agintzariak,
herri osoaren aurrean.
Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotza. R/.

V/.   Beteko deutsadaz Jaunari agintzariak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Bete egizue mezua, entzute hutsean gelditu barik.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 1, 19-27

    Senide maiteok, izan hau gogoan: entzuteko bizkor izan behar dabe gizaki guztiek, hitz egiteko nagi eta hasarrerako be nagi. Izan be, hasarraturik dagoan gizakiak ezin dau Jainkoarentzat zuzen dana egin. Beraz, itsuskeria eta hain ugari dan gaiztakeria bazterturik, onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua.
    Bete egizue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen burua engainatuz. Izan be, mezua entzun bakarrik egiten dauana eta bete ez, ispiluan bere aurpegiari begira jartzen danaren antzekoa da; begira egon bai, baina, alde egin orduko, ahaztu egiten jako zelakoa dan. Baina askatasuna emoten dauan lege bikaina hausnartu eta horri sendo eusten deutsana –ez erraz ahazten dauan entzule lez, benetako betetzaile lez baino–, hori zoriontsu izango da legea betez.
    Norbaitek bere burua erlijinozaletzat badau, baina mihinari eusten ez badaki, bere burua engainatzen dau, eta horren erlijinoak ez dau ezertarako balio. Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akatsik bako erlijinoa hauxe da: umezurtzei eta alargunei euren preminetan laguntzea, eta munduko gaiztakeriagaz nork bere burua ez kutsatzea.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. 1b)

R/.   Nor bizi daiteke, Jauna, zure mendi santuan?

V/.   Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor baltzitzen ez dauana. R/.

 V/.  Hurkoari gatxik egiten ez deutsana,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.

V/.   Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Ef 1, 17-18

R/.   Aleluia.

V/.   Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak
        argitu dagizala gure barruko begiak,
        jakin dagigun zer itxarotera dei egin deuskun.  R/.

 

Ebanjelioa

Osatuta gelditu zan itsua,
guztia garbi-garbi ikusten ebala.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 22-26

    Aldi haretan, Jesus eta ikasleak Betsaidara heldu ziran, eta itsu bat ekarri eutsoen, ikutu egiala eskatuz. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora atara eban. Begiak txistuz igurtzi ostean, eskuak gainean ezarri eutsozan eta itaundu: «Ikusten dozu ezer?» Harek begiratu eta esan eban: «Gizonak-edo ikusten dodaz: zuhaitzak dirudie, baina ibili dabiltz».
    Orduan, barriro eskuak ezarri eutsozan begietan eta argi ikusten hasi zan gizona; osatuta gelditu zan, guztia garbi-garbi ikusten ebala. Jesusek etxera bialdu eban, herrian sartu be ez egiteko aginduz.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

      Harritu egin geinkez oraingoan Jesusek. Ebanjelariak haren osakuntza baten aurrean jarten gaitu, baina oraingoa mailaka egiten dan osakuntza da. Zer esan gura ete deusku?

      Itsukeria, ordukoen artean, menpeko izatea da. Hemendixik ulertu geike ebanjelariak azaldu gura deuskuna gaurkoan.

      Ikusi dogu zenbateraino dagoan itsu, lehengoari lotuta, bai jentea eta baita ikasleak eurak ere, Jesusek iragarten deutsen Jainkoaren aitatasuna ez ulertzeraino. Ezin dabe onartu. Euren erlijinoaren, abertzalekeriaren eta ohikerien menpe bizi dira. Bildurrezko Jainko baten bildurpean. Itsu dagoz.

      Jesusek itsukeria horretatik atara gura dauz; askatu egin gura dauz menperatzen dituen lotura guztietatik. Baina hau, inork lagunduta bada ere (Jesusek), norberak egin behar dauan ibilbidea da.

      Batzutan ibilbide luzea izango da: baina eginbeharrekoa.

      Eta, azkenean, Jesusek itsu izana etxera bialtzen dau: ez daitela lehengo loturetara bihurtu.

 

 


Urtean Zeharreko VI. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Neure ostarkua ipiniko dot hodeietan,
eta ha izango da lurragaz egiten dodan itunaren ezaugarria.

Hasiera liburutik

Has 9, 1-13

    Jainkoak Noe eta haren semeak bedeinkatu ebazan, esanez: «Sortu umeak, ugaritu zaiteze eta bete lurra. Bildur-ikara izango deutsuee lurreko abereek eta zeruko hegaztiek; lurreko narrastiak eta itsasoko arrainak zuen esku izten ditut. Bizi eta mugitzen dan guztia izango dozue janari; dan-dana emoten deutsuet, lehenago landareak lez. Baina ez dozue haragia odolagaz jango, odolean dago-eta bizia. Horregaitik, zuen odolaren, hau da, zuen biziaren, kontuak eskatuko deutsedaz abereei, eta bere lagun hurkoaren biziaren kontuak gizakiari.

Giza odola isuriko dauanari
giza eskuak isuriazoko deutsa berea,
Jainkoak bere irudiko egin dau-eta gizakia.

    Sortu zuek umeak, ugaritu eta zabaldu zaiteze munduan eta izan beraren nagusi».
    Jainkoak hau be esan eutsen Noeri eta honen semeei: «Hara, ituna egiten dot zuekin eta zuen ondorengoekin, baita zeuekin dozuezan bizidun guztiekin be: hegazti, abere eta lurreko piztiekin, ontzitik urten eta lurrean bizi diran guztiekin. Hona, zuekin ituna eginez, emoten deutsuedan hitza: ez dauala uriolak barriro bizidunik hondatuko, ez dala aurrerantzean izango lurra hondatuko dauan uholderik».
    Jainkoak esan eban gainera: «Hau da zuekin eta zuen artean bizi diran bizidun guztiekin belaunez belaun eta betiko egiten dodan itunaren ezaugarria: neure ostarkua ipiniko dot hodeietan, eta ha izango da lurragaz egiten dodan itunaren ezaugarria».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 102 [101], 16-18. 19-21. 29 eta 22-23 (R/. 20b)

R/.   Zerutik lurrera begiratu dau Jaunak.

V/.   Begirune izango deutsoe nazinoek Jaunaren izenari,
lurreko errege guztiek haren aintzari,
Jaunak Sion barriro eraikitzean
eta bera aintzaz betea agertzean.
Bihurtuko da zapalduaren otoitzera,
ez dau gitxietsiko honen eskaria. R/.

V/.   Bego hau idatzirik hurrengo gizaldiarentzat,
eta sortzeko zorian dagoan herriak goratuko dau Jauna.
Jaunak bere santutegi garaitik begiratu egin dau,
zerutik lurrera begiratu,
katiguen aieneak entzuteko
eta heriotzara kondenatuak askatzeko. R/.

V/.   Zure zerbitzarien seme-alabak seguru biziko dira,
hareen ondorengoek iraungo dabe zure aurrean.
Iragarri dagiela Sionen Jaunaren izena,
Jerusalemen haren gorespena,
herriak euren erregeakaz batera
Jauna gurtzera batuko diranean. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Ez ete ditu aukeratu Jainkoak pobre diranak?
Zuek, barriz, gitxietsi egiten dozue pobrea.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 2, 1-9

    Ene senideok: Ezin alkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan dozuen sinismena eta pertsonen artean bereizketa egitea.
    Emon daigun zuen batzarrean gizon bi sartzen dirala, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzita, eta bestea pobrea, zarpail jantzita; eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten deutsazuela: «Jesarri zu hemen, ohorezko tokian»; pobreari, barriz, «hago hi hor zutunik» edota  «jarri adi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan». Holan jokatuz, ez ete zabiltze zeuen artean bereizketa egiten, eta ez ete dozue eretxi okerrez epaitzen?
    Entzun, ene senide maiteok: Ez ete ditu aukeratu Jainkoak munduaren begietan pobre diranak, sinismenez aberats izateko eta bera maite dabenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko? Zuek, barriz, gitxietsi egiten dozue pobrea. Ez ete dira aberatsak zuek zapaltzen eta auzitegira eroaten zaitueenak? Ez ete dira hareek zuek daroazuen izen ederra iraintzen dabenak?
    Liburu Santuaren arabera, hauxe da lege nagusia: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez»; hori benetan betetzen badozue, oso ondo. Baina pertsonen artean bereizketak egiten badozuez, pekatu egiten dozue, eta legeak berak salatzen zaitue eta errudun egiten.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 7a)

R/.   Dohakabeak oihu egin eban, eta Jaunak entzun.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu daigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 6, 63c. 68c

R/.   Aleluia.

V/.   Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
        zure hitzek betiko bizia dabe. R/.

 

Ebanjelioa

Zu Mesias zara.
Gizonaren Semeak asko sufridu beharra dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 27-33

    Aldi haretan, Feliperen Zesarea inguruko auzoetara abiatu zan Jesus bere ikasleekin. Bidean itaun hau egin eutsen ikasleei: «Ni nor nazala dino jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuk Joan Bateatzailea zarala; beste batzuk Elias; besteek profetaren bat». Jesusek barriro itaundu eutsen: «Eta zuek, nor nazala dinozue?» Pedrok erantzun: «Zu Mesias zara».
    Inori ez esateko agindu eutsen Jesusek zorrotz. Orduan, irakasten hasi jaken Gizonaren Semeak asko sufridu beharra ebala; zahar, abadeburu eta lege-maisuek txartzat joko ebela eta hil; eta hiru egunen buruan biztuko zala. Argi eta garbi egiten eutsen berba honetaz.
    Orduan, Pedro, Jesus aparte hartuta, gogor egiten hasi jakon. Baina Jesusek, bihurtu eta ikasleei begira, gogor eraso eutson Pedrori, esanez: «Alde nire ondotik, Satanas! Zure asmoak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baino».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Arduratan da Jesus. Zeozer esan gura deusku Markos ebanjelariak. Hurreratu gaitezan geure ardurez gaur eskeintzen jakun ebanjelio zati honetara.

Hauxe da Jesusen ardurea: ea zelan ulertzen daben bere egintza eta bizikerea eta Jainkoagazko bere hartu-emona. Hartzen dauan erantzuna ez dau gogoko: jenteak aurretiko izen handiekaz konparatzen daualako. Euren eskemetan sartu gura dabe Jesus; ez dabe ezer barririk itxaroten Jesusengandik.

Ikasleek ere ez? Pedroren erantzunak, Jesus bakarra dala emoten dau, eta ez daukala nogaz konparatu. Baina gerotxoago dinonetik, besterik ulertu daiteke: bere erara ulertu gura dau Mesiaz, eta Jesus bere bidetik desbideratu egin gura dau.

Hona Jesusen krisia: zertan ete nabil, inork ez banau ulertzen eta inork ez badau onartzen egiten-esaten dodana, eta agintariek heriotzara eroango banabe?

Halan ere, Jesusek ez dau etsiko: argi dauka zein dan bere bidea, eginkizuna, eta aurre egin gura deutso egoereari. Baina ez bakarrik: atzean jarteko dinotso Pedrori (eta harengan geuri).

Hausnartu beharrekoa dogu egoera hau. Jesusen jarraitzaile izan gura badogu, ha ezagutu beharra daukagu, ha geure erara, eta geuk gura dogunerako ulertu gura izatean jausi barik.

Ez ete dogu behar Jesusek dakarskun barritasunari ateak zabaltzea gure zaharkeriatik urteteko?

Bide bakarra bizitza emotea da: eta hain egiten jaku gatx!

 


Urtean Zeharreko VI. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jaitsi eta nahastu deiegun hizkuntza,
alkar ulertu ez dagien.

Hasiera liburutik

Has 11, 1-9

    Sasoi haretan mundu guztiak hizkuntza eta hizkera berberak ebazan. Sortaldetik etorririk, gizonek ibar bat aurkitu eben Sinearko lurraldean eta han kokatu ziran. Orduan, hau esan eutsoen alkarri: «Ea, adreiluak egin eta erre daiguzan sutan». Eta, holan, harriaren ordez adreilua erabili eben, eta kare-orearen ordez bikea.
    Gero, esan eben: «Ea, eraiki daiguzan uri bat eta zerurainoko torre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar sakabanatuko».
    Jaitsi zan Jauna gizonek eraikitzen ziharduen uria eta torrea ikustera, eta esan eban: «Horra, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau euren lehenengo lana badabe, aurrerantzean ez jake ezinezko izango egin nahi izango dabenik ezer. Jaitsi eta nahastu deiegun, bada, hizkuntza, alkar ulertu ez dagien».
    Holan, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu ebazan; uria eraikitzeari itzi egin behar izan eutsoen. Horregaitik, Babel –hau da, «Nahasketa»– ezarri eutsoen izena, han nahastu eban-eta Jaunak mundu guztiaren hizkuntza, eta handik sakabanatu ebazan mundu zabalean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 33 [32], 10-11. 12-13. 14-15 (R/. ik. 12b)

R/.   Bai dohatsu
        Jaunak bere oinorde aukeratu dauan herria.

V/.   Ezereztu egiten ditu Jaunak nazinoen asmoak,
huts bihurtzen herrien burubideak.
Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi. R/.

V/.   Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.

V/.   Bere bizilekutik jarrita ditu begiak
munduko biztanle guztien gainean,
berak egin dau-eta danen bihotza,
eta adi dago hareen egintza guztiei. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Gorputza arnasa barik hilda dagoan lez,
halantxe fedea be: egintza barik hilda dago.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 2, 14-24. 26

    Ene senideok: Zertako dau batek «nik badot fedea» esatea, egintzetan ez badau azaltzen? Holako fedeak salbatu ete daike?
    Anaiaren nahiz arrebaren batek zer jantzirik edota eguneroko janik ez badau, eta zuetako batek esaten badeutsa: «Zoaz bakean, berotu zaitez eta ase», baina behar dauan laguntza emoten ez, zertako balio dau horrek? Halantxe fedea be: bera bakarrik, egintza barik, hilda dago.
    Norbaitek esan daike: «Zuk fedea dozu; nik, barriz, egintzak». Bada, nik esaten deutsut: Erakutsi egidazu egintzarik bako zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko deutsut neure fedea. Jainkoa bakarra dala sinisten dozula zuk? Oso ondo; baina deabruek be sinisten dabe hori, eta ikaraz dagoz. Burubako hori, konturatuko ete zara behingoz egintzarik bako fedea alperrekoa dala? Jainkoak ez ete eban gure guraso Abraham zuzentzat hartu egin ebanagaitik, hau da, bere seme Isaak altara gainean eskeintzeagaitik? Ikusten dozu, beraz, Abrahamen fedeak egintzak ebazala lagun eta haren fedea egintzen bidez heldu zala bere betera. Holan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Abrahamek sinistu egin eutson Jainkoari eta horregaitik onartu eban Jainkoak» eta «Jainkoaren adiskide» deitu eutsoen.
    Ikusten dozue, beraz, Jainkoak egintzen bidez onesten dauala gizakia eta ez fede hutsez. Gorputza arnasarik barik hila dagoan lez, halantxe fedea be: egintzarik barik hilda dago.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 112 [111], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. ik. 1b)

R/.   Zorionekoa Jaunaren aginduak biziro maite dituana.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsana,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

V/.   Haren etxean ondasunak ugari izango dira,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau.
Ilunpean argia lez da zuzenentzat:
errukiorra, bihozbera eta zintzoa. R/.

V/.   Zoriontsua errukitu eta emoten dauana,
bere arazoak zuzen atontzen dituana.
Ez da inoiz kili-kolo egongo;
zintzoaren gogorapenak beti bizirik dau iraungo. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Jn 15, 15b

R/.   Aleluia.

V/.   Zuei adiskide deitzen deutsuet, dino Jaunak,
        nire Aitak jakinazo deustan guztia adierazo deutsuet-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Bere bizia Nigaitik eta Barri Onagaitik  galtzen dauanak
gorde egingo dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 34–9, 1

    Aldi haretan, Jesusek jenteari eta ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Nire ondorik etorri gura dauanak uko egin beio bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta jarraitu beist. Izan be, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau; bere bizia Nigaitik eta Barri Onagaitik galtzen dauanak, ostera, gorde egingo dau. Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galdu ezkero? Eta zer emon leike gizakiak bizia barriro eskuratzeko?
    Beraz, nor edo nor, gizaldi desleial eta pekatari honen aurrean, Nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea be lotsatu egingo da haretaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko danean».
    Eta holan amaitu eban: «Egia dinotsuet: Hemen diranetariko batzuk ez dira hilko, Harik eta Jainkoa errege ahaltsu bezala etortzen ikusi arte».

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Eta Jesusek baldintzak jarten deutsoz jarraitu gura deutsonari. Ezin deutso, ba, edonork jarraitu. Hementxe gure gakoa: jarraitzen deutsagula uste dogula, baina…, eta zenbat bider lotsatzen garan autortzeaz.

Azal-azalean daukaguna (eta horrexi jarraitzen deutsagu) eskura dagoan atsegina da. Badakigu guztiz asebeteko ez gaituana. Baina Jesusek agintzen deuskuna hain dago urrun…

Hauxe da barruan daroagun burrukea: gure benetako nortasuna, helburu handietara abiatu guran burrukatzen dauana, Jesusen jarraitzaile izaten ahalegintzen dana eta, beste alde batetik, gure itxurazko nortasuna, azalean agertzen jakuna, eskura eta errez-errez dagoana bilatzen dauana, ezelango arazorik gura ez dauana…

Eta burruka horretan ze ahalbide dauka gure benetako nortasunak garaile urteteko? Beti be, azalekoak urteten dau garaile, sakonean gura doguna bestea, benetakoa, izan arren.

Sakontasun handia behar da; borondate onetik askoz harago doan jarrera behar da; Jainko-esperientzia handia behar da; Jesusenganako uste on osoa behar da… geure buruari uko egiteko eta haren jarraitzaile izateko.

 


Urtean Zeharreko VI. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Sinismenari esker ulertzen dogu
bere hitzez eratu ebala Jainkoak mundua.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 11, 1-7

    Senideok: Itxaroten dogunaren oinarria da sinismena, ikusten ez diranen proba. Sinismenagaitik onartu ebazan Jainkoak gure asabak. Sinismenari esker ulertzen dogu bere hitzez eratu ebala Jainkoak mundua; beraz, agiri dana agiri ez danetik sortua da.
    Sinismenari esker, Kainek baino opari hobea eskeini eutson Abelek Jainkoari; horregaitik, Jainkoak zintzotzat autortu eban Abel eta onartu egin ebazan honen eskeintzak; eta sinismenari esker hitz egiten dau Abelek, hil eta gero be.
    Sinismenari esker eroan eban Jainkoak Henok, heriotzarik jasan barik; desagertu egin zan, Jainkoak eroanik. Baina, eroana izan zala esan aurretik, harek Jainkoak nahi lez jokatu ebala dino Liburu Santuak. Izan be, sinismenik barik ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, ze Jainkoari hurreratzen jakonak sinistu egin behar dau-eta ha badala eta bere bila dabiltzanei saria emoten deutsela.
    Sinismenari esker, Noek, oraindino ikusten ez ziran gauzen barri jakinik, Jainkoaganako begirunez, ontzia egin eban etxekoak salbatzeko. Bere sinismenaz gatxetsi egin eban mundua eta sinismenetik datorren salbazinoaren oinordeko egin zan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 2-3. 4-5. 10-11 (R/. 1b)

R/.   Ene Jainko, ene errege,
        bedeinkatuko dot zure izena betiere.

V/.   Egunero zaitut bedeinkatuko,
beti dot zure izena goratuko.
Handia da Jauna, guztiz goresgarria,
mugarik bakoa haren handitasuna. R/.

V/.   Belaunaldi batek besteari zure egintzak deutsaz goratzen,
zure egite ahaltsuak iragartzen.
Zure aintza eta ospe distiratsua dabe aldarrikatzen,
eta nik zure egintza harrigarriak adierazoten. R/.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Ezin dau inork mihina hezi.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 3, 1-10

    Ene senideok: Ez ibili danok maisu izan nahian; badakizue maisuok auzi zorrotzagoa izango dogula, askotan dogu-eta danok huts egiten.
    Hitzetan huts egiten ez dauana bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean eukitzeko gauza dan pertsona. Zaldiei, gure nahira erabiltzeko, ahokoa jartzen deutsegu eta, holan, hareen gorputz osoa gidatzen dogu. Holantxe itsasontziak be: hain handiak izan eta haize indartsuek bultzaturik be, nahiko dau lemazainak lema koskor bat, ha nahi dauan lekura gidatzeko.
    Gauza bera jazotzen da mihinagaz be: oso gorputz-atal txikia izanik, dauan eragin handiaz harrotu leiteke. Su txiki batek basorik handiena erre daike! Mihina be sua da, gaiztakeriazko mundua; gure beste gorputz-atalen artean jarrita, gorputz osoa kutsatzen dau eta, infernuko suaz bizturik, sutan jartzen dau bizitzaren gurpila.
    Edozein piztia, hegazti, narrasti nahiz arrain hezi leike gizakiak, eta hezi be hezten dau. Baina ezin dau inork mihina hezi, gaiztoa eta menperagatxa da-eta, pozoi hilgarriz betea. Horren bidez bedeinkatzen dogu geure Jauna eta Aita, eta horrexen bidez madarikatzen gizakia, Jainkoaren irudira egina. Aho beretik urteten dabe bedeinkazinoak eta madarikazinoak. Ene senideok, horrek ez dau holan izan behar.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 12 [11], 2-3. 4-5. 7-8 (R/. 8)

R/.   Zeuk, Jauna, gaituzu gordeko.

V/.   Salbatu gagizuz, Jauna, ez da-eta zintzorik,
galdu da leialtasuna gizartean.
Faltsukeriaz hitz egiten deutsoe alkarri,
ezpanez koipetsu, bihotzez maltzur. R/.

V/.   Ebagi begiz Jaunak ezpan koipetsuak
eta harrokeriaz berba egiten daben mihinak.
Hau dinoe-eta: «Mihinak egiten gaitu indartsu;
ezpanak babes doguzala, nor guri nagusitu?» R/.

V/.   Jaunaren hitzak jatorrak dira,
arragoan garbituriko zidar, zazpitan birfindua.
Zuk, Jauna, gaituzu gordeko,
holako jenteagandik Zuk beti libratuko. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Mk 9, 7

R/.   Aleluia.

V/.   Zabaldu zan zerua eta Aitaren ahotsa entzun zan:
        Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue. R/.

 

Ebanjelioa

Antzaldatu egin zan hareen aurrean

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 9, 2-13

    Aldi haretan, hartu ebazan Jesusek beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eroan zituan hareek bakarrik. Eta itxuraldatu egin zan hareen aurrean. Jantziak distiratsu bihurtu jakozan, zuri-zuri, munduan inork jarri leikezan baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu jakezan, Jesusegaz berbetan.
    Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban; izan be, zeharo bildurrak hartuta egozan.
    Orduan, hodei batek estaldu zituan, eta ahots batek urten eban hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta horretan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi eben eurekin, beste inor ez.
    Menditik behera jaisterakoan, ikusi ebenaren barri inori ez emoteko agindu eutsen Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori bete eben, baina alkarri itauntzen eutsoen zer izan ete eitekean «hilen artetik biztute» hori.
    Eta itaundu eutsoen: «Zergaitik dinoe lege-maisuek lehenago Eliasek etorri behar dauala?» Jesusek erantzun: «Bai, lehenengo Eliasek etorri eta dana Jainkoak nahi bezala erabarrituko dau. Baina, zelan dino Liburu Santuak Gizonaren Semeak asko sufridu beharra daukala eta txartzat hartua izan? Ba, hauxe dinotsuet: Elias etorrita dago, eta gogoak emondako guztia egin deutsoe, haretaz idatzita egoanez».

Jaunak esana.

 

 

Iruzkina

Zein gatx egin behar izan jaken Jesusen ikasleei honen aldeko aukeraketa sendo eta irmoa egitea.

Euren gidaria Moises zan, eta harengandiko Legea, Jainkoak emona; eta irakasleak, profetak, Elias handienetarikoa.

Baina Jesus ezagutu ebenetik dana hasi da ikaraka, dar-darka, eta badirudi hankaz-gora doala. Eta zelan itzi alde batera barruraino sartuta euken, eta ingurukoekaz ospatzen eben, siniskera ha, eta onartu besteek gaitzesten eben, baina eurek hain ondo ezagutzen eben Jesus?

Ez jaken, ez, errez egingo aukeraketea. Horrexegaitik, behar bada, orrialdetxo hau, pazko osteko egoera beroan egina dirudiana; Itun Zaharreko hainbeste ezaugarriez apaindurik, montajea emoten dauana.

Zelan edo halan baieztu gura dabe, egiten daben aukeraketea ez dala kapritxozkoa, Jainkoaren agindupekoa baino: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta agindu hau beteteak euren gidari-maisuak alde batera iztea eskatzen dau.

Aukeraketa ez hain erreza; gatx egingo jakena; zer pentsa asko emoten deutsena.

Geuk ere zenbat bider galdetzen dogun… «zer, ba: orain arteko guztia txarto egin dogu, ala? Oingoxea da egia, eta guzurra lehengo guztia?»

Geu ere aukeraketa ez hain errezaren aurrean aurkitzen gara: Jesusen jarraitzaile gaurko munduan eta gaur eskatzen jakun eran izatea. Ez da erreza!

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...