2022/02/03

V. Astea

Urtean Zeharreko V. astelehena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoak esan eban, eta halan izan zan.

Hasiera liburuaren hasiera

Has 1, 1-19

    Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin ebazan. Lurra nahaste-borraste hutsa zan: leza handiaren gainean ilunpea. Eta Jainkoaren arnasa uren gainean ebilen.
    Eta Jainkoak esan eban: «Izan bedi argia». Eta izan zan argia. Ikusi eban Jainkoak argia ona zala eta bereizi egin eban ilunpetik. Argiari «eguna» ezarri eutson izena, eta ilunpeari «gaua». Eta arrats eta goiz: lehenengo eguna burutu zan.
    Jainkoak esan eban: «Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiztu dagizan». Eta halan izan zan. Jainkoak sabaia egin eban eta sabai azpiko urak sabai gaineko uretatik banandu ebazan. Sabaiari «zerua» ezarri eutson izena. Eta arrats eta goiz: bigarren eguna burutu zan.
    Jainkoak esan eban: «Batu beitez zeru azpiko urak leku bakar baten eta agertu bedi lehorra». Eta halan izan zan. Lehorrari «lurra» ezarri eutson izena, eta ur-multzoari «itsasoa». Eta ona zala ikusi eban Jainkoak.
    Jainkoak esan eban: «Emon begi lurrak landaretza: hazidun landareak eta zuhaitzak, bakotxak dagokion frutua, hazi eta guzti, ekarriko dabenak». Eta halan izan zan. Lurrak emon eban landaretza: hazidun landareak, bakotxa dagokion haziagaz, eta frutua ekarriko daben zuhaitzak, bakotxa dagokion haziagaz. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta arrats eta goiz: hirugarren eguna burutu zan.
    Jainkoak esan eban: «Izan beitez argizagiak zeru-sabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak adierazoteko; distiratu begie zeru-sabaian, lurrari argi egiteko». Eta halan izan zan. Argizagi handi bi egin ebazan Jainkoak: handiena egunaren nagusi jartzeko, eta txikiena gauaren nagusi, eta izarrak be egin ebazan. Eta Jainkoak zeru-sabaian ipini ebazan, lurrari argi egiteko, egunaren eta gauaren nagusi jartzeko eta argia eta ilunpea banantzeko. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta arrats eta goiz: laugarren eguna burutu zan.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1-2a. 5-6.10 eta 12. 24 eta 35c (R/. 31b)

R/.   Poztu bedi Jauna bere eginetan!

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz inguratuta, soinekoz lez. R/.

V/.   Sendo ezarri zenduan lurra
eta ez da sekula kili-kolo egongo.
Ozeanoz estaldu zenduan soinekoz lez,
eta urek azpian hartu ebezan mendiak. R/.

V/.   Ibaiak sortuazoten dozuz iturrietatik,
eta mendi artean doaz isurian.
Ur-bazterretan bizi dira zeruko hegaztiak,
orri artean kantari. R/.

V/.   Bai ugariak, Jauna, Zuk eginak!
Danak jakituriaz egin dozuz,
zure sorkariz beteta dago lurra.
Bedeinkatu begi nire arimak Jauna! R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Ezarri eben itun-kutxa toki santu-santuan,
eta hodeiak bete eban Jaunaren etxea.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 8, 1-7. 9-13

    Egun hareetan, Salomonek bere inguruan, Jerusalemen, batu ebazan Israelgo herri-arduradun guztiak –leinu-buruak eta israeldar familia-buruak–, Jaunaren itun-kutxa Daviden Uritik, hau da, Siondik, igonazoteko. Etanim deritxon hilean, hau da, zazpigarren hilean, egiten zan jaian, batu ziran israeldar guztiak Salomon erregeagaz. Israelgo herri-arduradun guztiak etorri ziranean, abadeek, lebitarrekin batera, Jaunaren kutxa, alkarketa-txabola eta txabolan ziran tresna guztiak eroan ebezan.
    Salomon erregeak eta honegaz kutxaren aurrean batuta egoan israeldar batzar osoak ezin konta ahalako ardi- eta idi-multzoa eskeini eben opari. Abadeek bere lekuan ezarri eben Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegadun izakien hegopean. Izan be, kutxa egoan tokiaren gainera zabalduak ebezan hegadun izaki hareek euren hegoak, kutxa eta beronen hagak gainetik estalduz. Kutxan ez zan Moisesek Horeb mendian ezarri ebazan harlauza biak besterik, Egiptotik urten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlauzak, hain zuzen be.
    Abadeek santutegitik urten ebenean, hodeiak bete eban Jaunaren etxea. Abadeak ezin ziran han egon euren eginkizuna betetzen, hodeia zala-eta; izan be, Jaunaren aintzak Jaunaren etxea bete eban.
    Orduan, Salomonek esan eban: «Jaunak esan eban hodei ilunean bizi nahi ebala. Baina nik etxea eraiki deutsut bizileku, zure egonleku betiko».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 132 [131], 6-7. 8-10 (R/. 8a)

R/.   Jagi zaitez, Jauna, zatoz zeure atsedenlekura.

V/.   Kutxa Efratan zala entzun genduan,
Iaarko landetan aurkitu genduan.
Sartu gaitezan Jaunaren egoitzan,
ahuspeztu haren oin-aulki aurrean. R/.

V/.   Jagi, Jauna, zatoz zeure atsedenlekura,
Zu eta zure kutxa indartsua.
Jantzi beitez zure abadeak garaipenez,
ekin beioe pozez oihuka zure fededunek.
David  zure morroiagaitik,
ez baztertu Zeuk igurtzitako erregea. R/.

 

I. eta II. urteetan

 Aleluia

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

 

Ebanjelioa

Ikutzen eben guztiak osaturik gelditzen ziran.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 53-56

    Aldi haretan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera heldu ziran eta bertan lehorreratu. Ontzitik urten orduko ezagutu eban jenteak Jesus, eta lurralde haretan zehar joan ziran; eta Jesus nora, haraxe eroaten eutsoezan gaixoak esku-oheetan. Jesus joaten zan herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen eutsoezan. Soineko-ertza behinik behin ikutzen izteko eskatzen eutsoen, eta ikutzen eben guztiak osatuta gelditzen ziran.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

    Gaurkoan Jesusengan baino arreta handiagoa jarriko dogu jenteagan. Jesusengan ikusten doguna hauxe da: bere eginkizunari eusten deutsola eta, batetik bestera ibiliz, atzerrira, edo pagano lurraldeetara ere, joten dauala, hareetan ere Jainkoaren dohaia ereiteko, zabaltzeko eta erneazoteko.

Baina jentea... Batez ere gaixoek eta gaixoak dabezenek bilatzen dabe Jesus. Eta honexi emon behar izango geuskio garrantzia: Jesus bilatzeari.

Bai. Badaki Jainkoak zer behar dogun —esaten dogu sarritan— eta ez dago eskatu beharrik, emongo deusku-eta. Baina ez dogu holan jokatzen. Guk eskatu egiten deutsagu, eskatuari erantzungo deutsolakoan.

Holan ete da? Badaki Jainkoak zer behar dogun; baina ezagutzen ete doguz geuk geure beharrizanak? Zer eskatzen deutsagu Jainkoari, azkenean komeni bajaku, esanez?

Jainkoak badaki zer behar dogun, eta guk ez badoguz geure beharrizanak ere ezagutzen, hobe ez ete da, Jesusek emon leigunari begira, ha bilatzea (geure beharrizanetatik, jakina!), eta emoten deuskuna eskuratzea, geuretzea eta gure inguruan, esker onez, zabaltzea, eta ez geuretzat gordetea?

Ondo dago Jainkoari geure beharrizanak aurkeztea. Baina hobe harek emoten deuskuna geuretzea. Eta hau, bere Semeagan agertzen deusku. Jesusek bere presentzia emoten deusku; ondoan daukagu, bera ikutzen izten deusku; berbeaz, osasuna emoten deusku... Geuk bilatu behar dogu eta harengandik jatorkuna onartu eta eskertu.

Bilatu behar doguna, ba, gure bizitza Jainkoak emoten deuskunari egokitzea da, eta ez geuk uste doguzan beharrizanak Jainkoak asebete daizala.

 

 


Urtean Zeharreko V. martitzena

I. urtean

I. Irakurgaia

Egin dagigun gizakia geure antzera, geure irudiko.

Hasiera liburutik

Has 1, 20–2, 4a

    Jainkoak esan eban: «Egin begie urek bor-bor bizidunez, eta egin begie hegaz hegaztiek lurraren gainean, airean». Eta Jainkoak arraintzarrak egin ebazan eta uretan bor-bor dabiltzan mota guztietako bizidunak eta mota guztietako hegaztiak. Eta ona zala ikusi eban Jainkoak. Eta bedeinkatu egin ebazan, esanez: «Sortu egizuez umeak, ugaritu eta bete itsasoko urak; ugaritu beitez hegaztiak be lurraren gainean». Eta arrats eta goiz: bosgarren eguna burutu zan.
    Jainkoak esan eban: «Sortu begiz lurrak mota guztietako bizidunak: abereak, narrastiak eta piztiak». Eta halan izan zan. Jainkoak mota guztietako piztiak, abereak eta narrastiak egin ebazan. Eta Jainkoak ona zala ikusi eban.
    Eta Jainkoak esan eban: «Egin dagigun gizakia geure irudiko, geure antzeko; menperatu dagizala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta lurreko narrastiak».
    Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume kreatu ebazan. Eta bedeinkatu egin ebazan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan haren nagusi; menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabiltzan piztia guztiak».
    Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarren zuhaitz guztiak; janari izango dozuez horreek. Abereei, zeruko hegaztiei eta lurrean dabiltzan bizidun guztiei, barriz, bedarra emoten deutset janari». Eta halan izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan. Eta arrats eta goiz: seigarren eguna burutu zan.
    Honan, burutuak gelditu ziran zeru-lurrak eta honeetan dagoan guztia. Zazpigarren egunerako burutu eban Jainkoak egindako lana, eta zazpigarren egunean, egindako lan guztiaren ondoren, atseden hartu eban. Jainkoak bedeinkatu egin eban zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu eban-eta atseden bere kreazino-lan guztitik.
    Hauxe da zeru-lurren kreazinoaren historia.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 2a)

R/.   Jauna, gure Jauna,
        bai miragarria zure izena lurbira osoan!

V/.   Zure eskuen lana dan ortzia
eta sortu dozuzan iretargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

V/.   Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

 

II. urtean

 

I. Irakurgaia

Zure bizilekua hau izango dala esan dozu.
Entzun zeure herri Israelen eskaria.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 8,  22-23. 27-30

    Egun hareetan, Salomonek, Jaunaren altara aurrean zutunik, israeldarren batzar osoaren begietan, eskuak zerurantz luzatuz, honan egin eban otoitz: «Jauna Israelen Jainkoa, ez da Zu lako jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen dozu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure zerbitzariekin.
    Baina egia ete da, Jainkoa lurrean biziko dala? Zeruak eta ortziaren zabalak ezin zaitu euki, eta zelan eukiko zaitu, bada, nik eraiki deutsudan etxe honek! Baina, Jauna ene Jainkoa, entzun egizu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dodan oihua eta otoitza. Begiratu etxe honi gau eta egun, zure bizilekua hau izango dala esan dozu-eta. Entzun, beraz, zeure zerbitzariak leku honetan egiten deutsun otoitza.
    Entzun zeure zerbitzari honen eta zeure herri Israelen eskaria, leku honetan otoitz egitean. Entzun, bai, bizi zaran lekutik, zerutik; entzun eta parkatu».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 84 [83], 3. 4. 5 eta 10. 11 (R/. 2)

R/.   Bai maitagarria zure egoitza, Jaun ahalguztiduna!

V/.   Indarra galtzen daukat barrua,
Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.
Nire bihotzak eta gorputzak
poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

V/.   Txoriak aurkitu dau etxea,
baita elaiak be kumeentzat habia:
zure altarak, Jaun ahalguztiduna,
ene Erregea eta ene Jainkoa! R/.

V/.   Zorionekoak zure etxean bizi diranak
eten barik Zu goresten!
Oi Jainko, gure babesle hori,
begiratu zeure igurtzitakoaren aurpegiari.
R/.

V/.   Hobe da egun bat zure atarietan,
nire etxean mila baino;
nahiago dot Jainkoaren etxeko ate ondoan egon,
gaiztoen etxepean bizi baino. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Sal 119 [118], 36a. 29b

R/.   Aleluia.

V/.   Makurtu nire bihotza, ene Jainko, zeure esanetara,
        eta emoidazu zeure legea dohaitzat. R/.

 

Ebanjelioa

Jainkoaren agindua bazterrera itzi
eta giza ohiturari eusten deutsazue.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 1-13

    Aldi haretan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku lohiekin –hau da, eskuen garbiketa egin barik– jaten ebela ikusi eben.  Izan be, fariseuek, eta judeguek, gehienek, ez dabe jaten aurretiaz eskuak arduraz garbitu barik, zaharren ohiturari sendo eutsiz. Azokatik etxeratzean be, ez dabe jaten garbiketa egin barik; eta badabe ohiturazko beste hamaika betebehar: esate baterako, edalontzi, pitxer eta erraden garbiketa.
    Holan bada, fariseuek eta lege-maisuek itaundu eutsoen Jesusi: «Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zelan jaten dabe esku zikinakaz?» Jesusek erantzun eutsen: «Itxurazaleok halakook! Ederto baten esan eban zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:

“Herri honek ezpanez ohoratzen nau,
baina Nigandik urruti dau bihotza;
alperrik nabe gurtzen,
honeen irakaspena giza agindu hutsa da”.
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera laga
eta giza ohiturari eusten deutsazue».

Eta jarraitu eban: «Bai, nasai baztertzen dozue Jainkoaren agindua, zeuen usadioak ezartzeko. Esate baterako, Moisesek esan eban: “Ohoratu gurasoak”, eta “Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau”.  Zuek, barriz, beste hau dinozue: “Nor edo nork aitari edo amari esaten badeutsa: Zuri emon behar neuskizuna ‘Korban’ da (hau da, tenplurako oparia), halakoak ez dau aitari edo amari ezertan lagundu beharrik”. Holan, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue zeuen arteko usadioakaitik. Eta holako asko egiten dozue».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Oraingoan, Markos ebanjelariak Legearen aurrean jarten gaitu, haren aurreango jokabideak ikusiazoz.

Farisearrek Legea dabe nagusi. Haren beteteak emoten deutsez eskubide guztiak, bai besteen aurrean eta baita Jainkoaren aurrean ere. Horregaitik ezin dabe onartu Legea beteten ez dauan kiderik. Eta kexu joten dabe Jesusengana.

Honentzat Legea gizatasun bide edo laguntzaile ez bada zuzendu beharra dago: Legeak gizaki izatera eroan behar gaitu, eta ez sari bat irabaztera edo zigor bat jasatera.

Jesusek, horraitino, Legearen eta Ohituren arteko bereizkuntza egiten dau; eta aurpegiratzen deutse farisearrei Legea euren alde jarri gura izatea ohitura batzuk bitarteko.

Gauza ona da, eta ohitura ederra, otordu aurretxoan eskuak garbitzea: osasunak eskertzen dau hori, eta baita mahaikideek ere. Baina ezin daiteke hori nahi ta ezkotzat jarri mahaikide izateko.

Izan daigun gogoan, Jesusen jokabidea ikusi ondoren: Jainkoak bere seme-alaba guztiak gura gaitu mahaikide. Honeek alkarri lagundu behar deutsoe, ba, eginkizun horretan, alkarren senide lez; eta ez ditu nahi alkarri hutsak aurpegiratzen.

Ez daigun, ba, goraldu Legea aldeko ikusten dogunean, eta haren betetea eskatu, nahi ta ez. Egin daiguzan, ba, bai Lege  eta baita Ohiturak gizakiago egingo gaituenak.

 


Urtean Zeharreko V. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainko Jaunak gizona hartu
eta Edengo baratzean ipini eban.

Hasiera liburutik

Has 2, 4b-9. 15-17

    Jainko Jaunak zeru-lurrak egin ebazanean, ez zan ondino landarerik lurrean, ezta bedarrik be erneta, Jainko Jaunak ez eutsolako oraindino lurrari euririk emon, eta ez zalako gizakirik lurra lantzeko. Halan be, lurrazal guztia hezetzen eban lurruna erion lurrari.
    Orduan, Jainko Jaunak gizona moldatu eban lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutson sudur-zuloetara, eta gizona bizidun egin zan.
    Gero, Jainko Jaunak baratzea landatu eban Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban  berak moldatutako  gizona.  Jainko Jaunak  mota guztietako zuhaitzak sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta txarraren ezagutza emoten eban zuhaitza landatu ebazan.
    Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ipini eban, landu eta zaindu egian. Eta agindu hau emon eutson: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan zeinke; baina ez jan onaren eta txarraren ezagutza emoten dauan zuhaitzetik; haretatik jaten badozu, hil egingo zara».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 104 [103], 1-2a. 27-28. 29b-30 (R/. 1a)

R/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!

V/.   Bedeinkatu begi nire arimak Jauna!
Jauna, ene Jainkoa, bai handia zarala!
Distiraz eta handitasunez zagoz jantzita,
argiz inguratuta, soinekoz lez. R/.

V/.   Danak zure zain dagoz,
bere sasoian Zuk jaten emoteko zain;
Zuk emon, eta hareek harrapatzen dabe,
Zuk eskua zabaldu, eta ondasunez betetzen dira. R/.

V/.   Zuk arnasa kendu, eta hil egiten dira,
hauts izatera bihurtzen.
Zuk arnasa bialdu, eta barriro sortzen dira,
barritu egiten dozu lurbira. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Ikusi eban Sabako erreginak
Salomonen jakituria handia.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 10, 1-10

    Egun hareetan, Sabako erregina, Salomonen ospearen barri izanik, asmakeriak ipiniz ha probatzera etorri zan. Lagun-talde eta aberastasun handiak ebazala, lurrunez, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak ekarriz heldu zan Jerusalemera. Salomonengana heldurik, buruan ebazan arazo guztiez berba egin eutson. Salomonek itaun guztiei emon eutsen erantzuna; ez zan izan erregeak argitu ezinezko itaun ilunik.
    Ikusi ebazan Sabako erreginak Salomonen jakituria handia, harek eraikitako jauregia, mahaiko janariak, funtzionarioen bizilekuak, zerbitzarien itxura eta jantziak, edariak eta Jaunaren etxean eskeintzen ebazan erre-opariak, eta harri eta zur gelditu zan. Eta esan eutson erregeari:
    «Egia zan, bai, zure egintzez eta jakituriaz nire herrian entzun nebana! Ez neban sinisten, etorri eta neure begiz ikusi dodan arte, eta, hara, ez eusten zanaren erdirik be esan. Entzun nebana baino handiagoak dira zure jakituria eta ondasunak. Dohatsua zure jentea, dohatsuak beti zure aurrean zure jakituria entzuten dagozan zure zerbitzari honeek! Bedeinkatua Jauna zure Jainkoa, Israelgo tronuan ezarri nahi izan zaitu-eta! Jaunak Israel beti maite izan daualako egin zaitu zu errege, zuzenbidez eta justiziaz gobernatu dagizun».
    Sabako erreginak lau mila kilo urre, lurrun-mota ugari eta harribitxiak emon eutsozan erregeari. Inoiz ez zan ikusi Sabako erreginak Salomon erregeari ekarri eutson adinako lurrun-mordorik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 37 [36], 5-6. 30-31. 39-40 (R/. 30a)

R/.   Zintzoaren ahoari jakituria dario.

V/.   Itzi Jaunaren esku zeure zoria,
izan konfiantza harengan, berak ekinean jardungo dau-eta.
Goiz-argiak lez egingo dau distira zure zuzentasunak,
eguerdiko eguzkiak lez zure zuzenbideak. R/.

V/.   Zintzoaren ahoari jakituria dario,
haren mihinak zuzen dana esaten dau.
Bere Jainkoaren legea dau bihotzean,
haren pausuak ez dabiltz kili-kolo. R/.

V/.   Jaunagandik dator zintzoen salbazinoa,
bera dabe gotorlekua arrisku-sasoian;
Jaunak lagundu eta onik ataratzen ditu,
gaiztoengandik onik atara eta salbatzen,
harengan babesten dira-eta. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Jn 17, 17b. a

R/.   Aleluia.

V/.   Zure hitza da egia, Jauna;
        sagaratu gagizuz egiaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Barrutik urteten deutsanak, horrek kutsatzen dau gizakia.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 14-23

    Aldi haretan, Jesusek jenteari barriro dei egin eta esan eutson: «Entzun danok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, berau zikindu leikenik; barrutik urteten deutsanak, horrek zikintzen dau gizakia».
    Jentea itzi eta etxeratu zanean, berba horreen esanguraz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek esan eutsen: «Orduan, ez dozue zuek be ulertzen? Ez ete dozue ikusten kanpotik sartzen jakon ezerk ez leikela gizakia zikindu? Ze sartu, ez jako bihotzean sartzen, sabelean baino, eta handik komun-zulora doa». Berba honeekaz, janari guztiak garbiak dirala adierazo gura eban.
    Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten dauanak, horrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan be, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, azpikeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak, irainek, harrokeriak, burubakokeriak. Txarkeria honeek guztiek barrutik urteten dabe, eta honeek lohitzen dabe gizakia».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ahal dogula-eta, geure esku dago egitea? Eta geuk nahi dogun guztia egin daikegu ezelango mugarik barik? Sarritan holantxe agertu gura izaten dogu gure handitasuna, ahalmena eta jauntasuna.

Gitxiago ete gara mugak jarten badeuskuez, edo mugaren bat jarten bajaku? Ala geure buruari mugak jarteko gauza garanean agertzen dogu argiago gure nagusitasuna, gure gizatasuna?

Egintza kontuan, jarrita daukaguz muga batzuk: ezin geike geuk gura dogun guztia egin, eta ez da hain ondo ikusia berak gura dauan guztia egiten dauana.

Eta jaki kontuan ere bardin: geure bizia babestearren, jaki arriskutsuak debekatu egiten dira. Eta orduko denporetan, nork jaramonik egin, debekua Jainkoagandikoa zala esan ezik?

Baina hortxe ere Jesus txanpa bat aurrerago doa: txarkeria ez dago zeozer gauzatzean, edo eginbeharren bat saihestean, geure asmoan baino. Hau da: kanpora barik barrura begira jarten gaitu Jesusek; gure bihotzak ze asmo on edo txar gordeten dauzan begiratzera garoaz.

Ondo dago arauak betetea edo txarkeria saihestea…, baina, Jesusentzat, hobe litzateke bihotza garbitzea, eta handik sortzen diran asmoak, guztiak, garbiak izan daitezala bilatzea. Honek ahalegin handiagoa eskatzen dau, ba; eta nahiago dogu azalean gelditzea.

 


Urtean Zeharreko V. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia

Emakumea moldatu eta gizonari eroan eutson.
Eta biak bat izango dira.

Hasiera liburutik

Has 2, 18-25

    Jainko Jaunak esan eban: «Ez da ona gizona bakarrik egotea; emon deiodan berari dagokion laguntza».
    Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan lurretik eta gizonari eroan eutsozan, zein izen emoten eutsen ikusteko; honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz, gizonak izena ezarri eutsen abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion laguntzarik.
    Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduazo eban gizona. Loak hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutson eta hutsunea haragiz bete. Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko Jaunak, eta gizonari eroan eutson. Honek esan eban:

«Hau bai dala neure hazurretik datorren hazur,
neure haragitik datorren haragi.
Emakume izango da deitua,
gizakumeagandik izan da-eta hartua».

    Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira.
    Narrugorri egozan biak, gizona eta emaztea; halan be, ez ziran lotsatzen.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5 (R/. 1a)

R/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana.

V/.   Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana
eta haren bideetan dabilena!
eure lanaren frututik dozu jango,
zoriontsu izango zara eta ondo zara biziko. R/.

V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak olibondo-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirunea deutsana!
Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Nire ituna gorde ez dozulako,
kendu egingo deutsut erreinua;
baina Davidengaitik leinu bat itziko deutsat zure semeari.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 11, 4-13

    Salomon zahartu zanean, berak hartutako emazte ugariek jainko arrotzengana makurtuazo eben haren bihotza; ez zan oso-osorik Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat izan, haren aita Davidena izan zan lez. Salomonek sidondarren jainkosa Astarte eta amondarren sasijainko Milkom gurtu ebazan. Jaunari atsegin ez jakona egin eban, eta ez eutson Jaunari zintzo jarraitu, bere aita Davidek lez. Jerusalemen aurrez aurre dagoan mendian kultu-leku bana eraiki eutsen Moabeko sasijainko Kemoxi, eta amondarren sasijainko Milkomi; baita bere emazte atzerritar guztien jainkoei be, hareek euren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskeintzeko era izan egien.
    Hasarratu jakon Jauna Salomoni, honek bere bihotza Jaunagandik, Israelen Jainkoagandik, aldendu ebalako. Birritan agertu jakon eta agindu eutson, hain zuzen, ez egiala jo jainko arrotzengana; harek, ostera, ez eban bete Jaunak agindua.
    Orduan, Jaunak esan eutson Salomoni: «Holan jokatu dozulako, nire ituna eta Nik emondako aginduak gorde ez dozuzalako, kendu egingo deutsut erreinua eta zure zerbitzarietako bati emongo. Halan be, zure aita Davidengaitik, ez deutsut kenduko zeu bizi zaran artean; zure semeari kenduko deutsat. Ez deutsat kenduko be erreinu osoa; nire zerbitzari Davidengaitik eta aukeratu dodan Jerusalemengaitik, leinu bat itziko deutsat zure semeari».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 3-4. 35-36. 37 eta 40 (R/. 4a)

R/.   Gogoratu gutaz, Jauna,
        zeure herriaganako onginahiagaitik.

V/.   Zorionekoak zuzenbidea errespetatzen dabenak,
beti justizia egiten dabenak!
Gogoratu nitaz, Jauna, zeure herriaganako onginahiagaitik,
zatorkidaz zeure salbazinoaz. R/.

V/.   Jentilekin nahastu ziran
eta hareen ohiturak ikasi ebezan.
Hareen idoloak gurtu ebezan
eta galbide izan jakezan horreek. R/.

V/.   Euren seme-alabak
opari eskeini eutsiezan deabruei.
Biztu zan Jainkoaren hasarrea bere herriaren aurka
eta hondatu egin eban haren ondarea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

St 1, 21bc

R/.   Aleluia.

V/.   Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan
        eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. R/.

 

Ebanjelioa

Txakurrek be jaten ditue
seme-alaben ogi-apurrak mahaipean.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 24-30

    Aldi haretan, Jesus Tiro aldera joan zan. Etxe baten sartu zan, eta ez eban inork jakiterik gura; baina ezin izan zan ezkutuan egon. Andra bat, alaba espiritu gaiztoak hartua eukana, Jesusen barri jakin ebaneko, etorri eta oinetan ahuspeztu jakon. Emakumea jentila zan, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen eutson Jesusi.
    Jesusek erantzun eutson: «Itzi lehenago seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea».
    Emakumeak erantzun eutson: «Bai, Jauna, halantxe da; baina txakurrek be jaten ditue seme-alaben ogi-apurrak mahaipean».
    Orduan, Jesusek: «Erantzun horregaitik, zoaz; urten dau deabruak zure alabagandik».
    Bihurtu zan etxera, eta ohean etxunda aurkitu eban neskatoa; alde egina zan deabrua.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Jesusen mezua ez da herrialdetxo baten geratu daitekena, hau Jainkoaren herria izan arren ere; atzerrira ere zabaldu beharra dauka, atzerritarrak ere badiralako Jainkoarenak, eta Jainkoa eurena ere bai.

Baina zein da harekin daukagun hartu-emona? Batzuentzat Legea betetea da Jainkoaren nahia egitea, eta horrek saria dakar, Legetik saihesteak zigorra dakarren lez.

Beste batzuk, beharrizanak behartuta joten dabe, eskale, Jainkoagana. Eta handiak eta bi egiteko gauza izango dira behar dabena lortu arte.

Jesusek iragarten dauan Jainkoa Aita errukitsua da, bere antz eta irudira sortu gaituana. Geugan daroagun haren izaerea da, ba, bilatu behar doguna. Horretarako bakartadea, isiltasuna, otoitza, Jainkoagazko esker onezko eta eskuzabaltasunezko hartu-emona da bidea.

Jakina! Legea beteteak lagundu egin leigu, gizatasunean haztera bagaroaz; eta beharrizanak ere geure barruko onena atarazoten badeusku.

Horixe da atzerritar emakumeak agertzen dauana: beharrizanak jota Jesusengan jarten dau uste on osoa, eta honi bere herrialdearen esparru motxak apurtu eginazoten deutso, atzerritarrarengan (eta hau emakumea!) sinismen handitasuna autortu behar izateraino!

 


Urtean Zeharreko V. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainkoa lakoak izango zarie,
onaren eta txarraren ezagutzaren jaube.

Hasiera liburutik

Has 3, 1-8

    Sugea zan Jainko Jaunak egindako piztietan maltzurrena. Sugeak esan eutson emakumeari: «Debekatu egin ei deutsue Jainkoak baratzeko arbola guztietako frutuetatik jatea».
    Emakumeak erantzun eutson: «Baratzeko zuhaitzen frutuetatik jan geinke; baratze erdian dagoan zuhaitzaz bakarrik esan deusku Jainkoak: "Horretatik ez jan, ezta ikutu be hori, hil nahi ez badozue"».
    Sugeak esan eutson emakumeari: «Ez zarie hilko, ez! Ondo daki Jainkoak, horretatik jan orduko, begiak edegiko jatzuezala eta bera lakoak izango zariela, onaren eta txarraren ezagutzaren jaube».
    Emakumeak, zuhaitza jateko gozo eta begientzat eder eta ezaguera lortzeko on zala ikusirik, haren frutuetako bat hartu eta jan egin eban; gero, senarrari emon eutson eta harek be jan egin eban. Orduan begiak edegi jakezan eta narrugorri egozala ohartu ziran. Iko-orri batzuk josi eta estalki bana egin eben.
    Jaunaren oin-hotsa entzun eben eta harengandik ezkutatu egin ziran baratzeko zuhaitzen artean.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 32 [31], 1-2. 5. 6-7 (R/. 1a)


 R/.  
Zorionekoa hobena kendu deutsoena.

V/.   Zorionekoa hobena kendu
eta pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa Jaunak errurik botatzen ez deutsana,
barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

V/.   Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure errua ez neutsun ezkutatu.
Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

V/.   Horregaitik, otoitz egin deizula fededunak larrialdian aurkitzean;
uriola jausita be, ez dau harrapatuko.
Zeu zaitut babesleku, arriskutik libratzen nozu,
askapen-kantuz inguratzen. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Israel banandu egin zan Daviden errege-etxetik.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 11, 29-32; 12, 19

    Aldi haretan, Jeroboamek, Salomonen zerbitzariak, Jerusalemdik urten eban baten, Xiloko profeta Ahiasek urten eutson bidera; honek soingaineko barria eroian. Biak bakarrik egozan landan.
    Ahiasek soinean eroian soingaineko barria hartu, hamabi zati egin eta Jeroboami esan eutson: «Hartu hamar zati, hau dino-eta Jaunak, Israelen Jainkoak: "Hara, zatitu egingo deutsat Salomoni erreinua, eta zuri hamar leinu emongo deutsudaz. Leinu bakarragaz geldituko da ha, eta hori be nire zerbitzari Davidengaitik eta Israelgo leinu guztien artetik aukeratu dodan Jerusalem uriagaitik"».
    Eta Israel banandu egin zan Daviden errege-etxetik, gaur arte.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 81 [80], 10-11b. 12-13. 14-15 (R/. ik. 11a eta 9a)

R/.   Neu naz Jauna zure Jainkoa,
        entzun nire ahotsa.

V/.   Ez izan zeugan beste jainkorik,
ez gurtu jainko arrotzik.
Neu naz Jauna, zure Jainkoa,
Egiptotik atara zinduzana. R/.

V/.   Baina nire herriak ez eustan jaramonik egin,
Israelek ez eustan obeditu.
Orduan hondatu egin nituan euren burugogorkeriagaitik:
bizi daitezala euren erara! R/.

V/.   Ai neure herriak entzungo baleust!
Ai Israel nire bidetik balebil!
Bat-batean lurrera botako neukez haren arerioak,
eskua luzatuko neuke haren zapaltzaileen aurka. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Ik. Eg 16, 14b

R/.   Aleluia.

V/.   Edegi, Jauna, gure bihotza,
        gogoz onartu daiguzan zure Semearen hitzak. R/.

 

Ebanjelioa

Gorrei entzun ahal izatea emon deutse
eta mutuei hitz egitea.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 31-37

    Aldi haretan, itzi eban Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen zehar, Galileako itsasora bihurtu zan barriro, Dekapolisko lurraldean zehar.
    Gizon gor eta totela eroan eutsoen, eta eskua gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jenteagandik aparte hartuta, atzamarrak belarrietan sartu eutsozan eta txistuaz mihina ikutu.
    Gero, zerurantz begiratuz, arnasa sakon hartu eta esan eutson: «Effeta», hau da, «Edegi».
    Eta une berean, belarriak edegi jakozan, mihina askatu eta garbi berba egiten hasi zan. Gertatua inori ez esateko agindu eutsen Jesusek; baina zenbat eta aginduago, orduan eta gehiago zabaltzen eben. Guztiz harrituta, hauxe inoen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzun ahal izatea emon deutse eta mutuei berba egitea».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Ebanjelioko gor-mutua ezaugarri lez hartu geike. Zenbat dagozan gure eleizetan ezer gitxi entzuten eta gitxiago iragarten handik urten ondoren.

Entzun, ulertu, norberetu eta bizikereaz iragarri… horixe litzateke eginbeharrekoa; baina, gehienetan, eleizkizunetan egoteaz konformatzen gara, iragarteko  profesionalak (kleroa) daukaguzala-eta.

Jesusen jarrereak badinosku zeozer: jenteak eskatzen deutsona eskuak gainean ezartea bada ere, berak gor-mutua jenteagandik banandu egiten dau, eta atzamarra belarrietan sartu, eta bere txistuaz mihina ikutu, antsi eginez eta berbaz aginduz. Beretik emoten dauala esan daiteke.

Erlijio inguruak lotu, menperatu, morroi-mirabe bihurtu geinkez, gure adimena eta ardurea jokoan jarri ezik. Zer agintzen deuskuen itxaroten, haxe beteteko, et horrela egiten dogula Jainkoaren nahi bete uste izateko.

Jesusek inguru eta uste horretatik bananduazo gura gaitu, beretik emon, entzumena, ulermena eta ardurea jokoan jarri daiguzala, eta hartutakoa iragarri, zabaldu daigula.

Jesusek osatu baino gehitxoago egiten gaitu: salbatu. Inguru menperatzaile eta ardura gabekoetatik urtenazo eta, isiltasunean, bizikereaz haren barri emonazo, ingurukoek ondo ulertu daien, ez euren erara.

 


Urtean Zeharreko V. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia

Jainko Jaunak Edengo baratzetik bota egin eban gizakia,
lurra landu egian.

Hasiera liburutik

Has 3, 9-24

    Adamek zuhaitzetik jan ondoren, Jainko Jaunak gizonari dei egin eta esan eutson: «Non zara?» Harek erantzun: «Zure oin-hotsa baratzean entzun dodanean, bildurtu eta gorde egin naz, narrugorri nengoalako». Jainkoak esan eutson: «Eta zeinek jakinazo deutsu narrugorri zengozala? Galazo neutsun zuhaitzeko frutua jan dozu ala?» Gizonak erantzun: «Laguntzat emon deustazun emakumeak eskeini deust frutua, eta jan egin dot». Orduan, Jainko Jaunak esan eutson emakumeari: «Zer egin dozu?» Emakumeak erantzun:  «Sugeak engainatu nau eta jan egin dot».
    Orduan, Jainko Jaunak esan eutson sugeari:

«Hori egin dualako,
madarikatua izango haz
abere guztien eta basapiztia guztien artean;
sabel gainean ibiliko haz arrastaka
eta hautsa jango dok heure bizitzako egun guztietan.
Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea,
hire eta haren ondorengoa;
honek burua zapalduko deua,
eta hik orpotik helduko deutsak».

    Emakumeari esan eutson:

«Umedun gelditzean, oinazeak ugarituko deutsudaz,
eta saminez izango dozuz umeak.
Gurariak senarragana bultzatuko zaitu,
eta ha izango dozu nagusi».

    Eta gizonari esan eutson:

«Emaztearen esana entzun
eta galazo neutsun zuhaitzeko frutua jan dozulako,
madarikatua lurra zure erruz.
Nekearen nekez atarako deutsazu janaria
zeure bizitzako egun guztietan.
Sasia eta laharra emongo deutsu,
basalandarez janaritu beharko dozu.
Zeure bekokiko izerdiz jango dozu ogia,
lurrera bihurtu arte, handik hartua zara-eta.
Hautsa zara eta hautsera bihurtuko zara».

    Gizonak bere emazteari «Eva» ezarri eutson izena, bizidun guztien ama dalako. Jainko Jaunak narruzko soinekoz jantzi ebazan gizona eta emaztea. Gero, Jainko Jaunak esan eban: «Horra gizakia gutariko bat bihurtua, onaren eta txarraren ezagutzaren jaube. Ez dagiala orain eskua luzatu eta biziaren zuhaitzeko frutua be hartu eta, ha janez, betiko bizi».
    Beraz, Jainko Jaunak Edengo baratzetik bota egin eban gizakia, lurra landu egian, handik izan zan-eta hartua. Gizakia bota ondoren, izaki hegodun batzuk eta suzko ezpata distiratsua ezarri ebazan Edengo baratzearen sortaldean, biziaren zuhaitzerako bidea zaintzeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 2. 3-4. 5-6. 12-13 (R/. ik. 1)

R/.   Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara
        gizalditik gizaldira.

V/.   Mendiak jaio baino lehen,
lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara Zu betidanik betidaino. R/.

V/.   Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

V/.   Hor daroazuz gizakiak,
ametsa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez;
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta igartzen. R/.

V/.   Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Jeroboamek urrezko zekor-irudi bi egin ebazan.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 12, 26-32; 13, 33-34

    Egun hareetan, Jeroboamek hau inoan bere kautan: «Oraindino Daviden ondorengoak nagusitu leitekez erreinu osoaz. Herri honek Jaunaren etxean opariak eskeintzeko Jerusalemera igoten jarraitzen badau, herriaren bihotza Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunagana, bihurtuko da. Orduan, ni hil egingo nabe eta Judako errege Roboamengana bihurtuko dira». Halan, Jeroboam erregeak, aholku eskatu ondoren, urrezko zekor-irudi bi egin ebazan, eta herriari esan eutson: «Aurrerantzean ez dozue Jerusalemera igon beharrik izango. Israel, hona hemen zure Jainkoa, Egiptotik atara zinduzana». Zekor-irudi bat Betelen ezarri eban eta bestea Danen. Pekatura eragin eutson honek guztiak herriari, Dango eta Betelgo zekor-irudiak gurtzera joaten hasi zan-eta.
    Jeroboamek kultu-lekuak eraiki ebazan muinoetan eta lebitar ez ziran herriko semeak ezarri ebazan hareetako abade. Jeroboamek, Judan egoten zan lako jaia ezarri eban zortzigarren hilean, hilaren hamabostean. Eta berak igon eban altarara Betelen, berak egindako zekor-irudiei opariak eskeintzera, eta bertan izentatu ebazan berak eraikitako kultu-lekuetako abadeak.
    Jeroboam ez zan bere jokabide okerretik aldendu; hori barik, kultu-lekuetako abadeak herriko jente apalaren artetik hartzen jarraitu eban; nahi eban edonor sagaratzen eban, kultu-lekuetan abade izateko. Hau izan zan Jeroboamen errege-etxearen pekatua eta horregaitik desegin eta hondatu eben lur gainetik.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 106 [105], 6-7b. 19-20. 21-22 (R/. 4a)

R/.   Oroitu gutaz, Jauna,
        zeure herriaganako onginahiagaitik.

V/.   Pekatu egin dogu gurasoen antzera,
oker jokatu dogu, errudun gara.
Gure gurasoek, Egipton zirala,
ez ebezan ulertu zure egintza harrigarriak.  R/.

V/.   Zekorra egin eben Horeb mendian,
metal urtuzko irudiaren aurrean ahuspeztu ziran.
Euren ospetzat eukien Jainkoaren ordez,
bedarra jaten dauan zekorraren irudia jarri eben. R/.

V/.   Ahaztu egin ziran Jainkoaz, euren salbatzaileaz,
Egipton gauza ikusgarriak egin ebazanaz,
Kam-en lurraldean egintza harrigarriak
eta Itsaso Gorrian ikaragarriak egin ebazanaz. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

 

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Asetzeraino jan eben guztiek.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 1-10

    Egun hareetan, barriro jentetza oso ugaria izanik eta zer janik ez, Jesusek ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Erruki dot jente hau; badaroez hiru egun Neugaz eta ez dabe ezer be jateko. Etxera baraurik bialtzen baditut, bidean lur jota geldituko dira, urrutitik etorriak be badira-eta».
    Ikasleek esan eutsoen: «Baina nondik atara bakartade honetan honeek asetzeko beste ogi?» Berak itaundu eutsen: «Zenbat ogi daukazuez?»  Eta hareek erantzun: «Zazpi».
    Orduan, jenteari lurrean jesartzeko agindu eutson. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei emon eutsezan, banatu egiezan. Hareek jenteari banatu eutsoezan.
    Bazituen arraintxu banaka batzuk be; Jesusek bedeinkatu zituan eta hareek be banatzeko agindu eutsen.
    Asetzeraino jan eben guztiek, eta zazpi otzara bete ebezan hondakinakaz. Lau mila inguru ziran. Ostean, Jesusek agur egin eutsen, eta bere ikasleakaz txalupara igon eta Dalmanuta aldera joan zan.

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Oraindino ulertzen ez dan zeozer esan gura dau Ebanjelioetan ogi ugalketa sei bider agertzeak. Baina hurreratu gaitezan jazoerara.

Alde batzuk dagoz lehenengo ugalketeagaz bat ez datozanak bigarren honetan. Oraingo ugalketa hau atzerritarren lurraldean jazoten da; eta Jesusena da ekimena: bera errukitzen da paganoekaz. Eta ogi-arrainen zenbakia ere ez da bardina: hemen zazpi da zenbakia: zeozer agertu gura deusku?

Argi izten deusku ebanjelariak Jesusen ardurea: Erreinuaren testigu izatea, atzerrian ere bai, danok garala Jainkoaren seme-alaba, eta inoiz ez gaitula ahanzten. Eta atzerritarrak ere, entzundakoa gauzatuz, euren ondasunak eta izatea alkarbanatzera heltzen dirala.

Baina ogi-ugalketa errepikatzeak ez ete deutso hasi barri dan Eukaristiari lehentasuna emoten? Lehenengo ikasleak mahai-inguruan alkartzen ziran euren alkartasuna ospatzeko, indartzeko, eta Jesusek bialduak izateko. Horixe zan hareen bizikereak behar eban ogia, jakia: Jainkoaren Hitza eta Jesu Kristorekin bat egitea.

Guk, gure egunotan, bazterreratuta ez ete daukagu Eukaristia beste ogi batzuez elikatu gura dogulako? Eta gizakia ez da bizi ogi hutsetik…

 

 

 

 

 

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...