Urtean Zeharreko IV. astelehena
I. urtean
I. Irakurgaia
Sinismenari
esker erreinuak menperatu ebezan.
Jainkoak
zeozer hobea prestatu eban guretzat.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 11, 32-40
Senideok: Zertan jarraitu hitz egiten? Ez
neuke denporarik nahiko izango, Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta
profetei buruz berbetan hasiko banintz.
Sinismenari esker erreinuak menperatu
ebezan, justizia egin, Jainkoak agindutakoa eskuratu, lehoien ahoak itxi, su
gartsuak amatatu, ezpataz hilak izateari ihes egin, gaixotasunetatik osatu,
guduan bulartsu jokatu eta atzerritarren gudari-taldeei atzera eragin.
Emakume batzuek berbizturik berreskuratu
ebezan euren hildakoak. Beste batzuk, barriz, torturapean hil ziran, handik
libratzeari uko eginez, bizitza hobera bizteko itxaropenagaitik; beste batzuek
irainak eta zigorradak, kateak eta espetxeak eroan ebezan; harrikatu egin
ebezan, zerraz ebagi, ezpataz hil; hara eta hona ibili ziran, ardi- eta
ahuntz-narruz estaldurik, premina gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz.
Munduak merezi baino hobeak ziran eta noraezean ibili ziran basamortuetan,
mendietan eta lurreko leza eta kobazuloetan.
Baina hareek, euren sinismenagaitik Jainkoak
onartu ebazan arren, ez eben eskuratu Jainkoak agindutakoa; izan be, Jainkoak
zeozer hobea prestatu eban guretzat, eta ez eban nahi izan hareek helmugara gu
barik heltzerik.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 31 [30], 20. 21-22. 23. 24 (R/. 25)
R/. Izan bihotz, Jaunagan itxaroten dozuen guztiok!
V/. Bai handia, Jauna, zure ontasuna!
Begirune
deutsuenentzat dozu gordea,
Zugan
babesten diranei agertzen deutsezu
jentearen
aurrean. R/.
V/. Zeure aurpegiaren babespean gordetzen dozuz
jentearen
azpikerietatik;
zeure
txabolan babesten dozuz
mihinen
liskarretatik.
Bedeinkatua
Jauna,
mirariak
egin ditu-eta nire alde maitasunez
uri
gotorretik. R/.
V/. Hauxe esan neban nik larriturik:
«Bota
egin nozu zeure begi-bistatik».
Zuk,
ostera, entzun zenduan nire erregua,
laguntza
eske oihu egin neutsunean. R/.
V/. Maitatu egizue Jauna, haren fededun guztiok.
Jaunak
zaintzen ditu leial jakozanak;
harroei,
barriz, ordain gogorra emoten deutse. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Goazen
ihesi Absalomengandik.
Madarikatu
nagiala Xemeik, Jaunak agindu deutsan ezkero.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 15, 13-14. 30; 16, 5-13a
Egun hareetan, gizon batek barri hau ekarri
eutson Davidi: «Israeldar guztiak Absalomen alde jarri dira». Orduan, esan
eutsen Davidek Jerusalemen beragaz ebazan zerbitzariei: «Goazen ihesi; bestela,
Absalomek ez deusku ihesbiderik itziko. Abiatu zaiteze lehenbailehen; ez dadila
jazo berak, bizkorrago ibiliz, gu harrapatzea eta hondamena ekartzea, uriko
guztiak ezpataz garbituz».
David Oliamendiko maldan gora joian
negarrez, burua estaldurik eta oinutsik; haregaz zan jente guztia be, burua
estaldurik, negarrez joian aldapan gora.
David erregea Bahurim urira heldu zanean,
Ximei izeneko gizon batek urten eutson handik, Gera-ren semea, Saulen leinukoa;
madarikazino baten etorren, David erregeari eta beronen zerbitzariei harriak jaurtiz.
Jente guztia eta gudariak erregearen ezker-eskuma jarri ziran.
Ximeik honan madarikatzen eban erregea:
«Alde, alde hemendik, gizon odolzale eta maltzur gaizto hori! Saulen familian
eragin dozuzan hildako guztien ordaina emon deutsu Jaunak. Erreinua kendu
zeuntson hari; orain Jaunak zure seme Absalomi emon deutsa. Zeure gaiztakeriak
hartu zaitu azpian, hiltzaile hori».
Abixaik, Tzeruiaren semeak, esan eutson
erregeari: «Zer? Holan madarikatu behar ete dau txakur akabatu horrek nire
errege jauna? Itzi egidazu joaten, eta samea ebagiko deutsat!»
Erregeak erantzun eutson: «Hau ez da zuen
arazoa, Tzeruiaren semeok! Jaunak David madarikatzeko agindu badeutsa, nork
hartu leikio horregaitik kargu?» Eta esan eutsen Abixairi eta zerbitzari
guztiei: «Nire erraietatik sortutako semea ni hil nahian dabil, eta harritu
egiten zarie benjamindar horregaz? Madarikatu nagiala, Jaunak agindu deutsan
ezkero. Beharbada, Jaunak ikusiko dau nire atsekabea eta bedeinkazinoa ekarriko
deust, gaurko madarikazinoaren ordain».
Davidek eta haren lagunek bidean aurrera
jarraitu eben.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 3, 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 7b)
R/. Jagi zaitez, Jauna, salbatu nagizu!
V/. Jauna, bai ugari dirala nire arerioak,
bai
ugari nire aurka jagitzen diranak.
Ugari
dira nitaz dinoenak:
«Ez
dau salbazinorik Jainkoagan». R/.
V/. Baina Zu zaitut, Jauna, babeski, Zeu neure
ohore;
Zuk
deustazu burua jasotzen.
Oihuka
dei egiten deutsat Jaunari,
eta
erantzuten deust bere mendi santutik. R/.
V/. Oheratzen naz, lokartu eta esnatzen,
Jaunak
deust-eta eusten.
Milaka
areriok inguratzen banau be
nik
bildurrik ez. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Lk 7, 16
R/. Aleluia.
V/. Profeta handia sortu da gure artean,
eta
Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.
Ebanjelioa
Urten egik gizon honengandik, espiritu gaizto horrek!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 5, 1-20
Aldi haretan, Jesus eta ikasleak itsasoaz
bestaldera joan ziran, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jatsi zaneko,
espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon batek urten eutson hilobi artetik bidera.
Hilobietan bizi zan, eta ezin eban inork lotuta euki, ezta katez be; askotan
lotu izan eben girgiluz eta katez, baina harek kateak hausi eta oin-burdinak
apurtu egiten zituan, eta ez zan inor be ha menperatzeko gauza. Gau eta egun,
hilobi artean eta mendiz mendi ibiltzen zan gelditu barik, oihuka eta bere
burua harriz zauritzen.
Urrutitik Jesus ikustean, lasterka joan eta
aurrean ahuspeztu jakon. Eta oihu handiz esan eutson: «Zer dozu nigaz, Jesus,
Goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nagizu oinazetu». Izan be,
Jesusek hauxe agindu eutson-eta: «Urten egik gizon honengandik, espiritu gaizto
horrek!»
Orduan, Jesusek itaundu eutson: «Zelan dok
izena?» Harek erantzun: «Taldea, asko gara-eta». Eta arren eta arren eskatzen
eutson, ez egizala lurralde haretatik kanpora bialdu.
Txarri-aldra handia ebilen mendi inguru
haretan, musturketan. Espiritu txarrek eskatu eutsoen Jesusi: «Bialdu gagizuz
txarrietara, euretan sartu gaitezan». Harek baimena emon eutsen; orduan,
espiritu gaiztoak gizonagandik urten eta txarrietan sartu ziran, eta
txarri-aldra labarrean behera itsasora jausi zan; bi mila txarri inguru ito
ziran.
Txarrizainek iges egin eta gertatuaren barri
zabaldu eben herrian eta auzoetan; eta jentea, zer gertatu zan ikustera etorri
zan. Jesusengana heltzean, han ikusi eben deabruduna, jesarrita, jantzita eta
bere senean, artean deabru-taldearen menpe egoan haxe berbera, eta guztiz
ikaratu ziran. Ikusi ebenek, deabrudunari gertatua eta txarriena kontatu
eutsien. Orduan, euren lur-mugetatik alde egiteko eskatu eutsoen Jesusi.
Jesusek ontzira igotzean, deabrudun izanak
arren eskatzen eutson beragaz ibiltzen izteko; baina Jesusek ez eutson itzi,
ezpada ze, hauxe esan eutson: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakin eragin
Jaunak, zutaz errukiturik, egin deutsun guztia». Joan zan, bada, eta Jesusek
egin eutsona iragartzen hasi zan Dekapolisko lurraldean. Harriturik gelditzen
ziran danak.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen ahalmena ezagutzen jarraitzen dogu Markos ebanjelariaren eskutik. Oraingoan, Jesusek atzerrian jardungo dau. Jesusen ahalmena, ba, ez da bere lurraldeari mugatua; Jainkoaren erreinua atzerrian ere iragarri behar da, asko izan arren aurkako indarrak.
Honeek Jesusi gogor egiten deutsoe. Gaixoz josita dagoan gizon bat dogu horren adierazle. Harek bere egoeran jarraitzea dau nahiago, Jesusek oraindino txarrago ipintea baino. Baina Jesus ez jatorko kalte egitera, daukazan deabruetatik askatzera baino.
Txarriak trokan behera itsasora jausteak Egiptotik urtetean Faraonen gudariak itsasoan galtzea ekarri leigu gogora. Txarkeriaren aurkako Jesusen ahalmena atzerritarrak ere askatzen agertzen da; baina ez jakoz danak inguratzen.
Batzuk eurenean eta euren ziurtasunetan jarraitzea dabe nahiago, eta euren lurraldetik alde egiteko eskatuko deutsoe.
Osatuak haren atzetik joan gura dau, haren ikasle izan gura dau. Baina Jesusek bere etxera bialtzen dau han ere iragarria izan daiten Jainkoaren erreinua. Eta halantxe egingo dau oihu handiz, berari jazoa aldarrikatuz.
Guk ere egingo bagendu topo osatu geinkezan Jesusegaz, ziur emongo geukela horren barri.
Urtean Zeharreko IV. martitzena
I. urtean
I. Irakurgaia
Ekin
deiogun atzera egin barik
aurrean
dogun lasterketari.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 12, 1-4
Senideok: Hainbat eta hainbat testiguz
inguraturik gagozan ezkero, itzi dagigun oztopo jakun guztia eta inguratzen
gaituan pekatua, eta ekin deiogun atzera egin barik aurrean dogun lasterketari.
Jarri daiguzan begiak sinismenaren iturri eta betetzaile dogun Jesusengan.
Honek be, itxaroten eban zorionagaitik, kurutzean hiltzea onartu eban, heriotza
lotsagarria zala kontuan hartu barik, eta orain Jainkoaren tronuaren
eskumaldean jesarrita dago.
Izan egizue, bada, gogoan pekatarien aldetik
halako erasoaldia jasan eban ha, adorea galdu eta atzera egin ez dagizuen.
Oraindino ez zarie bizia galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 22 [21], 26b-27. 28. 30abcd. 30e-32 (R/. ik. 27b)
R/. Goratuko zaitue, Jauna, zure bila dabiltzanek.
V/. Beteko ditut neure agintzariak begirune
deutsoenen aurrean.
Asetzeraino
jango dabe behartsuek,
goratuko
dabe Jauna beraren bila dabiltzanek.
Bizi
bedi zuen bihotza betiko! R/.
V/. Gogoratuko dira eta Jaunagana bihurtuko
lurreko
herri guztiak,
haren
aurrean ahuspeztuko dira
herrietako
familia guztiak. R/.
V/. Haren aurrean ahuspeztuko dira
lurpean
lo dagozan guztiak,
haren
aurrean makurtuko
hilobiko
hautsera jatsiak. R/.
V/. Ni, ostera, harentzat biziko naz,
nire
ondorengoek Jauna zerbiduko dabe,
haretaz
hitz egingo deutsie datozan gizaldiei,
haren
salbazino-egintza iragarriko deutsoe
sortzeko
dagoan herriari:
«Holan
jokatu dau Jaunak». R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ene
seme Absalom,
zergaitik
ez naz ni hil zure ordez?
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 18, 9-10. 14b. 24-25a. 30–19, 4
Egun hareetan, Absalomek, mando gainean
joiala, Daviden gudariekin topo egin eban uste barik. Mandoa haretx handi baten
azpira sartu zala, Absalomi haretx-adarretan trabatu jakon ulea eta, mandoak
aurrera egin ebalako, dindilizka gelditu zan zeruaren eta lurraren artean.
Gizon batek ikusi eta barri emon eutson Joabi, esanez: «Haretx batetik
dindilizka ikusi dot Absalom». Joabek hiru gezi hartu eta bihotzean sartu
eutsozan Absalomi, ondino bizirik egoala haretxaren adarretan.
David jesarrita egoan uri-sarrerako ate bien
artean. Ate gaineko solairuan, harresi gainean, egoan zaintzaileak begiak jaso
eta gizon bakarra arineketan etorrela ikusi eban. Eta oihuka jakinazo eutson
erregeari.
Erregeak esan eban: «Zagoz hor atzean». Joan
zan atzera eta han gelditu zan. Orduan,
etiopiarrak agertu eta esan eban: «Barri
onak dakartsudaz, ene errege
jauna. Zure alde urten dau gaur Jaunak eta libratu zaitu aurka jagi jatzuzan
guztien eskuetatik».
Erregeak itaundu eutson etiopiarrari: «Onik
da Absalom gaztea?» Etiopiarrak erantzun: «Gazte horri jazo jakona bera jazo
bekie nire errege jaunaren arerioei eta erregeari kalte egiteko beraren aurka
jagi ziran guztiei». Orduan, erregea dardarka hasi zan. Uri-sarrera gaineko
gelara igon eta negarrari emon eutson. Bidean hau inoan: «Ai ene seme Absalom,
ene seme, ene seme Absalom! Zergaitik ez naz neu hil zure ordez? Absalom, ene
seme, ene seme!»
Jakinazo eutsoen Joabi erregea negarrez eta
aieneka egoala Absalomengaitik. Egun haretan, garaipena dolu bihurtu zan
gudaroste osoarentzat, jakin eben-eta gudariek erregea atsekabetuta egoala bere
semeagaitik. Horregaitik, gudarostea isilik sartu zan urian, gudutik ihesi
datorren gudarostea, lotsaz, isilik sartzen dan lez.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 86 [85], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. 1a)
R/. Makurtu belarria, Jauna, erantzun.
V/. Makurtu belarria, Jauna, erantzun,
dohakabe
eta behartsu nozu-eta.
Babestu
nire bizia, Zuri lotuta nago-eta;
Zeu
zaitut neure Jainko,
salbatu
egizu Zugan uste on dauan zerbitzari hau. R/.
V/. Erruki nitaz, Jauna,
Zuri
deika dihardut-eta egun osoan.
Alaitu
egizu zerbitzari honen bihotza,
Zugana
jaso dot-eta gogoa, Jauna. R/.
V/. Ona zara, Jauna, eta parkabera,
dei
egiten deutsuenentzat onginahiz betea.
Entzun
nire otoitza, Jauna,
jaramon
egin nire erregu-oihuari. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mt 8, 17
R/. Aleluia.
V/. Kristok bere gain hartu ebazan gure
makaltasunak
eta
gure gatxak eroan. R/.
Ebanjelioa
Neskatila, zeuri dinotsut, jagi.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 5, 21-43
Aldi haretan, Jesus itsasoaz bestaldera
bihurtu zanean, jente-talde handia batu jakon. Horretan, itsaso ondoan egoala,
sinagogako buruzagietako bat etorri zan, Jairo eritxona; Jesus ikustean, honen
oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen eutson: «Hilzorian dot
alabatxua; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, osatu dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zan.
Jente asko joiakon atzetik, estutuz. Bazan
han emakume bat, hamabi urte haretan odoljarioa ebana. Hamaikatxu osagileren
eskuetan gorriak ikusia zan, eta bere ondasun guztiak be horrexetan emonak
zituan; baina osatu beharrean, gero eta okerrago joian. Jesusen barri entzunda,
jente artean atzetik joan eta jantzia ikutu eutson, ze hauxe inoan bere artean:
«Jantzia behinik behin ikutzen badeutsat, osatuko naz». Une berean gelditu
jakon odoljarioa, eta gatxa osatuta eukala igarri eban bere gorputzean.
Behingoan ohartu zan Jesus halako indar
batek urten eutsola barrutik eta, jente artera bihurturik, itaundu eban: «Nork
ikutu deust jantzia?» Ikasleek erantzun eutsoen: «Hainbeste jentek estutzen
zaituala ikusi, eta nork ikutu zaituan itauntzen dozu?» Baina Jesus ingurura begira
ebilen, nork egin ete eutson hori. Orduan, emakumeak, bildurrez dar-dar –ze,
ondo ekian zer gertatu jakon–, oinetara jausi eta egia osoa autortu eutson.
Baina Jesusek esan eutson: «Alaba, zeure sinismenak osatu zaitu; zoaz bakean,
eta osatua bekizu gatxa».
Oraindik berbetan ziharduala, sinagogako
buruzagiaren etxetik etorri ziran, esanez: «Hil jatzu alaba. Zertarako emon
neke gehiago Maisuari?» Baina Jesusek, berba horreek entzunik, sinagogako
buruzagiari esan eutson: «Ez bildurrik izan; zuk sinistu egizu!»
Ez eutson inori be berarekin joaten itzi,
Pedrori, Santiagori eta honen anaia Joani izan ezik.
Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean,
ikusi eban Jesusek hango astrapala, jentea negarrez eta zarataka. Sartu eta
esan eutsen: «Zer dala-eta horrenbeste astrapala eta negar? Neskatila ez dago
hilda, lo dago». Hareek barre egiten eutsoen. Baina Jesusek danak bialdu zituan
kanpora eta, neskatilaren aita-amak eta beragaz zituanak hartuta, neska egoan
tokira sartu zan. Neskari eskutik heldu eta esan eutson: «Talitha, kum» (hau
da: «Neskatila, zeuri dinotsut, jagi»). Behingoan zutundu eta ibiltzen hasi
zan, hamabi urte bazituan-eta. Jente guztia harri eta zur gelditu zan. Jesusek
zorrotz agindu eutsen inork be ez egiala jakin. Eta neskatilari jaten emoteko esan
eutsen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ebanjelioak irakurtean Jesusengan jarten dogu gure arreta, haren esan-egintzez jabetzeko. Baina gaurkoan, inguruan jarriko bagendu gure arreta?
Izan daiguzan gogoan orduko arauek kutxatu lez baztertzen daben odol-jariodun emakumea: ez dau izenik; hamabi urtez (zenbaki teologikoa) bere ondasun guztiak eralgi dituana, hobekuntzarik igarri barik. Eta inguruan, Jesus estutzen dauan jentea.
Beste alde batetik, Sinagogako nagusia, izenduna (Jairo), eta alabea (12 urtekoa, zenbaki teologikoa) gaisorik daukana: hau ere izenik bakoa.
Jesusek bere ondora deitzen dauzan ikasleak: Pedro, Santiago eta Joan (zenbaki teologikoa hau ere).
Laburbatuz: emakumea erakundearen esparruan sendatu-ezinik dagozan guztien irudi dogu: erakundean salbamenik ez aurkitzea salatzen dau, eta Jesusengan dau ustea. Arauen hesi gainetik egingo dau jauzi, kutxatzearen bildurrez bada ere. Jesusek, osasunaz harago, duintasunean jarriko dau, haren sinismenaren eraginez.
Jairok ere, Sinagogako nagusi izan arren ez dau erakundean aurkitzen bere alabearentzako osasunik. Eta Jesus erakundeak baztertua dala jakinik ere, badoa harengana buru-belarri, debeku guztien gainetik.
Inguruko jenteak, ustea erakundean dauanak, enbarazu eta oztopo baino ez dira; eta hareik kanpora jaurti beharra dago; ikasleek ordezkatuko dabez.
Jesusen egintza sinismena biztea eta bizkortzea izango da. Honek osasuna baino harago doan salbamena emoten dau. Ez da hain agerikoa: horregaitik isilduazoten eta kanpora jaurtitzen ditu enparauak, ustea erakundean daukenak.
Erakundeak morroi-mirabe bihurtu geinkez; sinismenak Jainkoarekin topo egitera garoaz: salbamenera.
Urtean Zeharreko IV. eguaztena
I. urtean
I. Irakurgaia
Maite dauana zuzenduazoten dau Jaunak.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 12, 4-7. 11-15
Senideok: Oraindino ez zarie bizia
galtzeraino heldu pekatuaren aurkako zeuen burrukan. Ahaztu egin dozue
seme-alabei lez emoten jatzuen aholkua:
«Ene
seme, ez baztertu Jaunaren eskarmentua,
ezta
galdu be adorea, hasarre egiten badeutsu,
maite
dauana dau-eta Jaunak zuzenduazoten
eta
seme-alabatzat hartzen dauana dau zigortzen».
Jasaten dozuena zuek zuzenduazoteko da;
Jainkoak seme-alaba lez tratatzen zaitue. Izan be, zein seme nahiz alaba ez dau
aitak zuzenduazoten?
Egia esan, edozein eskarmentu, momentuan,
mingarri da, ez pozgarri; baina, gerora, haren bidez hezitakoei bere frutuak
ekartzen deutsez: bakea eta zuzentasuna. Jaso egizuez, beraz, esku jausiak eta
belaun makalduak, eta ibili zaiteze bide zuzenean, herrenaren hanka hausi ez
dadin, osatu baino.
Ahalegindu zaiteze guztiekin bakean
bizitzen, eta izan santu; bestela, ez dau inork Jauna ikusiko. Egon erne, inork
Jainkoaren onginahia galdu ez dagian; ez dadila zuen artean guztiok nahastuko
eta kutsatuko zaituen landare pozoitsurik hazi.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 103 [102], 1-2. 13-14. 17-18a (R/. 17)
R/. Jaunaren maitasuna betidanik betidaino
begirune deutsoenentzat.
V/. Bedeinkatu begi nire arimak Jauna,
nire
barru osoak haren izen santua.
Bedeinkatu
begi nire arimak Jauna,
ez
bedi ahaztu haren mesedeaz. R/.
V/. Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan
Jauna begirune deutsoenentzat bihozbera;
ondo
daki-eta zerez garan eginak,
gogoan
dau hautsa garala gu. R/.
V/. Jaunaren maitasuna, barriz, betidanik
betidaino
begirune
deutsoenentzat,
haren
salbazino-asmoak belaunez belaun dirau
haren
ituna gordetzen dabenentzat. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Neuk
egin dot pekatu, herria zenbatzeko aginduz;
baina
ardiak lez diran honeek zer egin dabe?
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 24, 2. 9-17
Egun hareetan, David erregeak esan eutsen
Joabi eta gudarosteko buruzagiei: «Zoaze Israelgo leinu guztietara, Dan uritik
Beer-Xebaraino, eta egizue herritar guztien zenbaketa, hareen kopurua
jakiteko».
Joabek, beraz, herritarren kopurua emon
eutson erregeari: Israelen zortzirehun mila gudagizon, ezpata erabiltzeko gai
ziranak; Judan, barriz, bostehun mila.
Herriaren zenbaketa egin ondoren, kezka
sentidu eban Davidek barruan, eta esan eutson Jaunari: «Pekatu larria egin dot,
bai, hori eginez. Halan be, Jauna, parkatu, mesedez, zeure zerbitzari honen
pekatua, zorakeria egin dot-eta». David biharamon goizean jagi zanerako,
zuzendu eutson Jaunak bere hitza Daviden zerbitzura egoan Gad profetari,
esanez: «Zoaz eta esan Davidi: Hau dino Jaunak: "Hiru zigor jartzen
deutsudaz aukeran; aukeratu bat eta haxe ezarriko deutsut"».
Joan zan Gad Davidengana eta Jaunaren
hitzaren barri emon eutson, esanez: «Zer nahi dozu: hiru urteko gosetea zeure
herrian, hiru hilabetez zeure arerioen aurrean ihes egin beharra hareek segika
dozuzala ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnartu egizu, beraz,
ea zer erantzun behar deutsadan bialdu nauanari».
Davidek erantzun eutson Gadi: «Estualdi
handian nago. Halan be, hobe Jaunaren eskuetan jausi, gizakien eskuetan baino,
handia da-eta haren errukia». Eta Davidek izurritea aukeratu eban.
Uzta-sasoia zan. Jaunak izurritea bialdu
eban Israelera, goiz haretatik hasi eta jarritako epea bete arte. Hirurogeta
hamar mila herritar hil ziran, Dan uritik Beer-Xebaraino.
Aingeruak Jerusalem hondatzeko eskua luzatu
ebanean, Jauna damutu egin zan zorigatx haretaz, eta herria hondatzen ziharduan
aingeruari esan eutson: «Nahiko da! Geldi esku hori!» Davidek, aingerua herria
jotzen ikusi ebanean, esan eutson Jaunari: «Neuk egin dot pekatu! Neu naz
erruduna! Baina ardiak lez diran honeek, zer egin dabe? Zigortu gagizuz, arren,
neu eta nire familia».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 32 [31], 1-2. 5. 6-7 (R/. ik. 5c)
R/. Parkatu, Jauna, nire pekatuaren errua.
V/. Zorionekoa hobena kendu
eta
pekatua parkatu deutsoena.
Zorionekoa
Jaunak errurik botatzen ez deutsana,
barruan
maltzurkeriarik ez dauana. R/.
V/. Orduan, autortu neutsun neure pekatua,
neure
errua ez neutsun ezkutatu.
Esan
neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,
eta
Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.
V/. Horregaitik, otoitz egin deizula fededunak
larrialdian
aurkitzean;
uriola
jausita be, ez dau harrapatuko.
Zeu
zaitut babesleku, arriskutik libratzen nozu,
askapen-kantuz
inguratzen. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Profetari
edonon emoten deutsoe ohore,
bere
herrian izan ezik.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 1-6
Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan,
ikasleak ondoren ebazala. Hurrengo zapatuan, sinagogan irakasten hasi zan.
Entzule askok, harriturik, hauxe inoen: «Nondik dau honek hori guztia? Zer da
emon jakon jakituria hori? Eta honen eskuz gertatzen diran mirari horreek? Hau
ez ete da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen
anaia? Eta honen arrebak be ez ete dira hemen gure artean bizi?» Eta ezin eben
sinistu harengan.
Jesusek esan eutsen: «Profetari edonon
emoten deutsoe ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik».
Eta ezin izan eban han miraririk egin; halan
be, gaixo bakar batzuk osatu zituan, eskuak gainean ezarriz. Eta harrituta
egoan hareen sinisgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zan, irakasten.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Oraingoan bere herritarren artean dihardu Jesusek, eta bazterreratzea hartuko dau hareengadik. Zer dala-eta? Eta, zer irakatsi leigu horrek guri?
Jesus bere herritik urrun dagoan artean entzute handikoa da eta bere herritarrek ere txalotua, ha ezagutzeko irrikitan dagoz. Baina euren artera etortean, honeek hur-hurretik ezagutu leikee zer esaten, zer egiten eta noren izenean diharduan… Eta hori ez da eurek uste eta itxaroten ebena…
Herritarren galderea —Jesus ondo baino hobeto ezagutzen dabela uste dabe-eta— ahalmenok ea nondik jatorkozan izango da. Eta, mesprezu modura, Mariaren semea dala esango dabe, aitarik ez dauala (hau da: noren antzeko izaterik ez daukala) esatea lez. Eta harriduratik mesprezura eta bazterkuntzara helduko dira. Larregi ezagutzen dabe. Ez deutse erantzuten euren uste eta ziurtasunei.
Inguru txiki baten egoteak, handik inora ere urten barik, norberea baino ez ezagutzeak, eta luzaroan gainera, ikuspegi murritzera eroan leike, adimena lehortu egiten dau, egiatzat norberea baino ez hartzera eroaten dau… Egoera horretan Jesusek ezin dau ezaugarritik egin.
Espiritua barritasuna dala dinogu. Daukagun Eleizea, eleiz alkarteak, eleizkizunak eta ohikune eta ohiturak… ez ete dira barriztau beharrekoak? Ez ete dogu geuretxotik urtenda, aldietara egokitu behar?
Espirituaren barritasunari, harek geureari ez deutsola erantzuten-eta, lepo emongo ete deutsagu?
Urtean Zeharreko IV. eguena
I. urtean
I. Irakurgaia
Sion
mendira hurreratu zarie zuek,
Jainko
biziaren urira.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 12, 18-19. 21-24
Senideok: Zuek ez zarie hurreratu,
israeldarrak lez, ikutu leiteken mendi batera, su kiskalgarria, hodei itxia,
ilunpea eta ekatxa egozan mendira; ez dozue entzun turuta-hotsik, ezta ahotsik
be. Ahotsa entzun eben israeldarrek gehiago ez ekiela hitz egin eskatu eben.
Hain zan ikaragarria ikuskizuna, Moisesek berak be esan eban-eta:
«Bildur-ikaraz nago».
Sion mendira hurreratu zarie zuek, Jainko
biziaren urira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko baturik dagozan milaka
eta milaka aingerurengana, euren izenak zeruetan idatzirik dabezan lehen-semeen
batzarrera, guztien epaile dan Jainkoagana, euren helburura heldu diran
zintzoen espirituetara, eta itun barriaren bitarteko dan Jesusengana, Abelena
baino indartsuago berba egiten dauan odolaz garbitu gaituanagana.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 48 [47], 2-3a. 3b-4. 9. 10-11 (R/. 10)
R/. Oi Jainko, hausnartzen dogu zure
maitasuna,
zure tenpluaren erdian.
V/. Handi da Jauna, guztiz goresgarri.
Gure
Jainkoaren urian haren mendi santua:
muino
eder, lur osoaren pozgarri. R/.
V/. Sion mendi, Jainkoaren egoitza,
errege
handiaren uri.
Hango
jauregien artean
gotorleku
sendo agiri da Jainkoa. R/.
V/. Entzun genduana geuk ikusi dogu
Jaun
ahalguztidunaren urian, geure Jainkoaren urian:
sendo
ezarri dauala Jainkoak betiko. R/.
V/. Oi Jainko, hausnartzen dogu zure maitasuna,
zure
tenpluaren erdian.
Zure
ospea lez zure gorespena be, oi Jainko,
mundu
osora heltzen da;
zure
eskua justiziaz dago betea. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Ni
banoa gizaki guztiak joaten diran bidetik.
Izan
adore, Salomon, eta agertu zaitez gizon!
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 2, 1-4. 10-12
Davidi hiltzeko egunak hurreratu jakozala,
agindu honeek emon eutsozan bere seme Salomoni: «Ni banoa gizaki guztiak joaten
diran bidetik. Izan adore eta agertu zaitez gizon! Bete Jaunaren, zeure
Jainkoaren, aginduak, haren bideetan ibiliz. Gorde haren lege, arau, erabagi
eta irakatsiak, Moisesen legean idatzirik dagoan lez, eta arrakasta izango dozu
zeure jardunbide guztietan. Holan, Jaunak beteko dau niri emon deustan hitza:
"Zure semeek zintzo jokatzen badabe, bihotz-bihotzez eta gogo osoz nire
aurrean leial ibiliz, ez jatzu faltako ondorengorik Israelgo tronuan"».
Hil zan David eta Daviden Urian hilobiratu
eben. Berrogei urtez izan zan David Israelgo errege: zazpi urtez Hebronen eta
hogeita hamahiru urtez Jerusalemen.
Ondoren, Salomon jesarri zan bere aita
Daviden tronuan, eta sendotu egin zan haren erregetza.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
1 Kro 29, 10bc. 11. 12 (R/. 12b)
R/. Jauna, zeure menpe dozu dana.
V. Bedeinkatua Zu, Jauna, gure aita Israelen
Jainkoa,
betidanik
betidaino. R/.
V/. Zeurea dozu, Jauna, handitasuna eta indarra,
ospea,
distira eta nagusitasuna;
zeurea
dozu zeru-lurretan dagoan guztia,
zeurea,
Jauna, erregetza
eta
diran guztien gaineko nagusitza. R/.
V/. Zugandik datoz aberastasuna eta ospea,
zeure
menpe dozu dana.
Zeure
esku dozu indarra eta ahalmena,
zeure
esku guztia handi eta sendo egitea. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Mk 1, 15
R/. Aleluia.
V/. Hurrean
da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
bihotz-barritu
zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.
Ebanjelioa
Jesus Hamabiak bialtzen hasi zan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 7-13
Aldi haretan, Jesus Hamabiei dei egin eta
binaka bialtzen hasi zan, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena emoten eutsela.
Biderako
ezer ez hartzeko agindu eutsen, makila besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta
dirurik be garrikoan; oinetan sandaliak eroan egiezala; baina aldatzeko
soinekorik ez.
Gero, zelan jokatu esan eutsen: «Etxe baten
sartzean, gelditu bertan herri haretatik urten arte. Eta non edo non onartzen
ez bazaituee eta entzun gura ez badeutsuee, handik alde egitean, astindu zeuen
oinetako hautsa, hareen kontrako seinaletzat».
Joan ziran, bada, Hamabiak eta Barri Ona
iragarri eben, jentea bihotzbarritu zedin. Deabru asko botatzen eben eta gaixo
asko osatzen, olioz igurtziz.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Holango aginduen aurrean babes bila jarten gara, eta atxakiak jarten arrazoiak balira lez.
Jesusi jarraitzeko, bertan-behera laga behar dodaz emaztea/senarra, seme-alabak, etxea, ondasunak… eta oinetakoekaz eta makila bategaz ibili behar dot hara-honaka?
Hau ezinezko dodanez, lehengotan jarraitzen dot, inguruak iruntsita eta harexen aginduetara.
Apur bat sakonduko bagendu, bakotxak bere lekua aurkituko geuke pasarte honen harira.
Jesusen antzeko profetak behar doguz; baina danok ez gara horretarako gauza. Pobrezian bizi izatea aintzat hartzen dogu; baina…
Eta, bitartean, uraren eskasia jasaten dogu, edo Planeta hondamenera daroagu, edo han-hor-hemen gosea eta gerrak…
Munduaren beste alderdiraino joan behar da zoriontsu izateko? Horrenbeste eralgi behar da, edo ondasunak metatu, edo sasoi bakotxeko aldatu arropak goitik-behera…?
Neurritasuna ezin ete geike DANOK bizi, bai eta familia bakotxak ere? Eta horrexetan ezin ete geikez hazi eta hezi gure seme-alabak?
Jesusen agindu honetan bai aurkitu leikela bere neurria gure bizikereak… ez mundu hobea lortzeko, Jesusen antzeko izateko baino.
Urtean Zeharreko IV. barikua
I. urtean
I. Irakurgaia
Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 13, 1-8
Senideok: Iraun egizue senide-maitasunean.
Ez ahaztu arrotzei ostatu emoteaz, holan jokatuz, batzuek, jakin barik,
aingeruak hartu ebezan-eta etxean. Izan gogoan preso dagozanak, zeuek be
hareekin preso bazengoze lez; eta beste horrenbeste tratu txarrak hartzen
dabezanak, zeuek be, hareek lez, gorputza dozue-eta.
Hartu egizue guztiok ezkontza errespetu handiz,
eta izan garbi ezkontza-hartu-emonetan, epaitu egingo ditu-eta Jainkoak lizunak
eta adulteriogileak.
Ez izan diru-gose; egon pozik dozuenagaz,
Jaunak esana dau-eta: «Ez zaitut itziko, ez baztertuko». Beraz, uste osoz esan
geinke:
«Jauna
dot laguntzaile, ez naz bildur:
zer
egin leike nire kontra gizakiak?»
Gogoratu egizuez Jainkoaren hitza agertu
eutsueen zeuen gidariak, eta jarraitu hareen fedeari, zelan bizi eta zelan hil
diran kontuan hartuz.
Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 27 [26], 1. 3. 5. 8c-9c (R/. 1a)
R/. Jauna dot argi eta salbamen.
V/. Jauna dot argi eta salbazino,
nork
ni bildurtu?
Jauna
biziaren babes,
nork
ni ikaratu? R/.
V/. Gudarosteak inguratzen banau be,
nire
bihotzak bildurrik ez;
nire
aurka burruka lehertzen bada be,
nire
barrua konfiantzaz betea. R/.
V/. Bere txabolan gordeko nau zoritxar-egunean,
bere
txabolaren gordeenean ezkutatuko,
harkaitzera
nau jasoko. R/.
V/. Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez
ezkutatu niri zeure aurpegia.
Ez
baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zeu
zaitut-eta laguntza. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Bihotz-bihotzez
kantetan ebazan Davidek gorazarreak
eta
bere Egilea maitatzen.
Siraken liburutik
Si 47, 2-13 (gr. 2-11)
Sakrifizioetan zatirik aukeratuena koipea
dan lez,
halantxe
David israeldarren artean.
Aumeekin
lez egin eban jolas lehoiekin,
bildotsakaz
lez hartzakaz.
Ez
ete eban gaztetan erraldoia hil
eta
iraina kendu herriaren gainetik?
Habaila
besoaz astindu
eta
Goliaten harrokeria makurtuazo eban.
Izan
be, dei egin eutson Jaunari, Goi-goikoari,
eta
honek indarra emon eutson haren besoari,
gudari
trebea menperatzeko
eta
bere herriaren indarra sendotzeko.
Horregaitik,
hamar milaren garaile lez ospatu eben David
eta
Jaunak haren bidez bedeinkatu ebazalako goratu,
errege-koroa
distiratsua eskeiniz.
Inguru
guztiko arerioak zapaldu ebazan
eta
aurka ebazan filistearrak menperatu,
hareen
indarra behin betiko hausiz.
Bere
egintza guztiakaitik eskerrak emon
eta
goratu egiten eban Goi-goiko Santua;
bihotz-bihotzez
kantatzen ebazan gorazarreak
eta
bere Egilea maitatzen.
Abeslariak
jarri ebazan altara aurrean,
doinu
eztiz kantetan ebela.
Handitasuna
emon eutsen jaiei,
ezin
ederrago bihurtu ospakizunak;
Jaunaren
izen santua goresten eben,
santutegia
egunsentitik kantuz betetzen zala.
Parkatu
egin eutsozan Jaunak pekatuak,
eta
betiko sendotu haren indarra;
erregetza
agindu eutson,
ospez
beteriko tronua izango ebala Israelen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 18 [17], 31. 47 eta 50. 51 (R/. ik. 47b)
R/. Bedeinkatua nire Jainko salbatzailea!
V/. Jainkoaren bidea jatorra da,
Jaunaren
hitza sutan garbitua;
babesgarri
da Jauna harengana jotzen daben guztientzat. R/.
V/. Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
Goratua
nire Jainko salbatzailea.
Horregaitik,
Jauna, nazinoen artean goratuko zaitut
zure
izena kantuz ospatuko dot. R/.
V/. Garaipen handiak emon deutsaz erregeari,
maitasuna
agertu deutsa bere igurtzitakoari,
Davidi
eta honen ondorengoei betiko. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Lk 8, 15
R/. Aleluia.
V/. Zorionekoak Jainkoaren hitza
bihotz
onez eta zabalez entzunik,
barruan
gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak. R/.
Ebanjelioa
Nik samea ebagi neutsan Joan berbera biztu da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 14-29
Aldi haretan, jakin eban Herodes erregeak
Jesusen barri, beronen izena oso ezaguna zan-eta. Batzuk inoen: «Joan
Bateatzailea biztu da hilen artetik; horregaitik dauka mirariak egiteko ahalmen
hori». Beste batzuk, barriz: «Elias da». Eta beste batzuk: «Profeta da,
antxinako profetak bezalakoa». Eretxi honeek entzutean, hauxe inoan Herodesek:
«Nik samea ebagi neutsan Joan berbera biztu da».
Izan be, Herodesek Joan harrapatu eta
kartzelan lotuta eukan, Herodias zala-eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea
zan Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartuta eukan, eta Joanek esaten
eutson: «Ez jatzu bidezko zeure anaiaren emaztea eukitzea».
Horregaitik, gorroto eban Herodiasek Joan
eta hil egin nahi eban, baina ezin, ze Herodesek begirunea eutson Joani; gizon
artez eta santutzat eukan, eta babestu egiten eban. Joanen berbek ardura
sortzen baeutsoen be, gogoz entzuten eutson.
Etorri jakon, baina, Herodiasi aukerako
eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria emon eutsen agintari, gudalburu
eta Galileako handikiei. Sartu zan jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin
eban, eta atsegin izan jaken Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan
eutson neskatilari: «Eskatu gura dozuna, eta emongo deutsut». Eta zin eginez
agindu eutson: «Eskatu ahala guztia emongo deutsut, nire erreinuaren erdia bada
be». Urten eban neskatilak eta bere amari itaundu eutson: «Zer eskatuko
deutsat?» Amak erantzun: «Joan Bateatzailearen burua».
Bihurtu zan arin-arin erregeagana eta
eskaria egin eutson: «Emoidazu oraintxe berton Joan Bateatzailearen burua
azpilean». Goibel jarri zan erregea, baina mahaikideen aurrean egindako
zinagaitik, ez eutson ukatu gura izan. Behingoan, bere guardiako bat bialdu
eban, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zan ha kartzelara eta samea ebagi
eutson, eta azpilean ekarri eban burua; neskatilari emon eutson, eta neskatilak
amari.
Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua
jasotzera etorri eta hilobian lurperatu eben.
Jaunak esana.
Urtean Zeharreko IV. zapatua
I. urtean
I. Irakurgaia
Bakearen
Jainkoak biztu eban hilen artetik artzain handia;
berak
egin zagiezala gai egite on guztietarako.
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 13, 15-17. 20-21
Senideok: Jesusen bitartez eskeini deiogun
Jainkoari oparitzat etenbako gorespena, geure ezpanez beraren izena autortuz.
Ez ahaztu on egitea eta alkarri laguntzea, holako opariak ditu-eta Jainkoak
atsegin.
Egizue zeuen gidarien esana eta izan euren
menpeko, zuetaz arduratzen diralako eta zuen kontu emon beharko deutsoelako
Jainkoari; holan, pozik beteko dabe euren egitekoa eta ez marmarka; hau zeuen
kalterako izango litzateke.
Bakea emoten dauan Jainkoak biztu eban hilen
artetik Jesu Kristo gure Jauna, ardien artzain handia, betiko ituna ezartzeko
bere odola isuri ebana. Bakearen Jainkoak egin zagiezala gai egite on guztien
bidez bere nahia betetzeko; Jainkoak burutu dagiala gugan berari atsegin jakona
Jesu Kristoren bidez. Aintza beroni gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)
R/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.
V/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre
gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter
nasaira eroaten
eta
indarrak deustaz barritzen;
bide
segurutik naroa,
bere
izenari ohore eginez. R/.
V/. Ibar baltz ilunean banabil be,
ez
naz gatxaren bildur,
Zu
nigaz zagoz-eta;
zure
artzain-makilak nasaitzen nau. R/.
V/. Mahaia atontzen deustazu
arerioen
begi-bistan;
olioz
igurzten deustazu burua,
gainezka
dot edontzia. R/.
V/. Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako
egun guztietan,
eta
Jaunaren etxean biziko naz
amaibako
egunetan. R/.
II. urtean
I. Irakurgaia
Emoiozu
zeure zerbitzari honi adimen argia,
zeure herria gobernatzeko.
Erregeak lehenengo liburutik
1 Erg 3, 4-13
Egun hareetan, Gabaonera joan zan Salomon
erregea opariak eskeintzera, ha zan-eta kultu-lekurik nagusiena. Mila
erre-opari eskeini eban Salomonek altara gainean. Gau haretan Jauna agertu
jakon amesetan Gabaonen, eta esan eutson: «Eskatu nahi dozuna, eta emongo
deutsut».
Salomonek erantzun eutson: «Onginahi handia
agertu zeuntsan zeure zerbitzari David nire aitari, zure aurrean leial, zuzen
eta bihotz zintzoz jokatu ebalako. Eta onginahi hori gorde zeuntsan, ni, gaur
haren tronuan jarririk nagoan seme hau, berari emonez. Jauna, ene Jainkoa, nire
aita Daviden ordez neu, zeure zerbitzari hau, egin nozu errege. Ni, ostera,
gaztea naz eta ez dakit zelan gobernatu. Zure zerbitzari hau Zeuk aukeratu
dozun herriaren erdian dago, herri ikaragarria, ugariaren ugariz ezin konta
ahalakoa. Emoiozu zeure zerbitzari honi adimen argia, zure herria gobernatzeko,
eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, zelan gobernatu zure herri handi hau?»
Atsegin izan jakon Jaunari Salomonen
eskaria, eta esan eutson: «Hori eskatu dozulako, eta ez zeuretzat urte asko,
aberastasunak edota zeure arerioen heriotza, zuzen gobernatzeko jakituria
eskatu dozulako baino, beteko dot zuk eskatua; zure aurretik inork izan ez
dauan eta zure ondoren be inork izango ez dauan adinako jakituria eta adimena emongo
deutsut. Gainera, eskatu ez dozuna be emongo deutsut: aberastasunak eta ospea,
zure egunetan inongo erregek izango ez dituan neurrian».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 119 [118], 9-10. 11-12. 13-14 (R/. 12b)
R/. Irakatsi niri, Jauna, zeure arauak.
V/. Zelan gordeko dau gazteak bere burua garbi?
Bere
jokaera zure hitzari egokituz.
Bihotz-bihotzez
nabil zure bila,
ez
itzi ni zure aginduetatik aldentzen. R/.
V/. Gogoan jasotzen dot Zuk agindua,
zure
aurka pekaturik ez egiteko.
Bedeinkatua
Zu, Jauna,
irakatsi
niri zeure arauak. R/.
V/. Neure ezpanez adierazoten ditut
zure
ahoko erabagi guztiak.
Zure
aginduak betetzea niretzat pozgarriago,
aberastasun
guztiak baino. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Jn 10, 27
R/. Aleluia.
V/. Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino
Jaunak;
Nik
ezagutzen ditut,
eta
hareek jarraitu egiten deuste. R/.
Ebanjelioa
Artzain bako ardiak lez ebiltzan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 6, 30-34
Aldi haretan, apostoluek, barriro
Jesusengana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen.
Jesusek esan eutsen: «Zatoze zeuok bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden
apur bat». Ze, asko ziran joan-etorrian ebiltzanak, eta ez eben jateko be
astirik.
Orduan, bazter batera joan ziran eurak
bakarrik, txalupaz. Baina jente askok ikusi zituan alde egiten, eta nora
joiazan igarri be bai, eta herri guztietatik leku haretara jo eben lasterka,
oinez, hareei aurrea hartuz.
Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia
ikusi eban. Errukitu egin jaken, ze, artzain bako ardiak lez ebiltzan, eta
luzaro irakasten hasi jaken.
Jaunak esana.