2022/02/10

I.astea

Urtean Zeharreko I. astelehena

I. urtean

 

I. Irakurgaia      

Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.

    Hebrearrei egindako epistolaren hasiera

Heb 1, 1-6

    Askotan eta era askotara hitz egin eutsen antzina Jainkoak profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez hitz egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin be honen bidez egin eban-eta mundua.
    Seme hau da Jainkoaren aintzaren distira eta Jainkoaren izatearen irudia. Honek eusten deutse gauza guztiei bere hitz indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena be hareena baino goragokoa dan ezkero.
    Izan be, zein aingeruri esan deutsa inoiz:

«Nire Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu?»

    Eta beste behin:

«Aita izango nau harek Ni
eta Seme izango dot Nik ha?»

    Eta barriro, Lehen-semea munduan sartuazotean, hau dino:

«Gurtu begie ha Jainkoaren aingeru guztiek».
Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 97 [96], 1 eta 2b. 6 eta 7c. 9 (R/. ik. 7c)

R/.     Ahuspez jartzen jakoz aingeru guztiak.

V/.     Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,
poztu beitez ugarte ugariak!
Justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri. R/.

V/.     Zeruek haren salbazino-egintza iragartzen dabe,
herri guztiek haren ospea ikusten.
Ahuspez jartzen jakoz jainko guztiak. R/.

V/.     Izan be, Jauna,
Goi-goiko zara Zu lur guztiaren gainetik,
jainko guztien gainetik garai. R/.


 II. urtean

I. Irakurgaia     

Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen,
Jaunak umerik emoten ez eutsolako.

Samuel lehenengo liburuaren hasiera   

1 Sm 1, 1-8

    Bazan Rama urian, Efraimgo mendialdean, Elkana izeneko gizon bat, Tzuf-en ondorengoetakoa; Jeroham-en semea zan, eta hau Elihurena, hau Tohurena, eta hau Tzufena. Elkana efratar leinukoa zan. Emazte bi ebazan Elkanak: batak Ana eban izena, eta besteak Penina. Peninak baeban seme-alabarik; Anak, barriz, ez.
    Urtero igoten eban Elkanak bere herritik Xiloko santutegira, Jaun ahalguztidunari gurtza emon eta opariak eskeintzera. Han Hofni eta Pinhas, Eliren seme biak, ziran Jaunaren abade.
    Oparia eskeintzen eban egunean, oparigaien zatiak emoten eutsezan Elkanak bere emazte Peninari eta honen seme-alaba guztiei; Anari, barriz, zati bakarra emoten eutson, baina berezia, oso maitea eban-eta, nahiz eta Jaunak umerik emoten ez eutson. Penina arerioak gogor iraintzen eban Ana eta samintzen, Jaunak umerik emoten ez eutsolako.
    Holan jazotzen zan urtero; bere sasoian Jaunaren etxera igoten ebenean, irainka hasten jakon. Anak negarrari emoten eutson eta ez eban jan be egiten. Bere senar Elkanak esaten eutson: «Ana, zergaitik egiten dozu negar eta ez dozu jaten? Zergaitik zagoz triste? Ez ete naz, bada, ni zuretzat hamar seme baino hobea?»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 12-13. 14 eta 17. 18-19 (R/. 17a)

R/. Gorespen-oparia deutsut, Jauna, eskeiniko.

Edo: Aleluia.

V/. Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbazino-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/. Beteko deutsadaz Jaunari promesak,
herri osoaren aurrean.
Gorespen-oparia deutsut eskeiniko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

V/. Beteko deutsadaz Jaunari agindutakoak,
herri guztiaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarian,
Jerusalem, zure erdian. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia             

Mk 1, 15

R/.     Aleluia.

V/.     Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:
    bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

Ebanjelioa

Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 14-20

    Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barri Ona iragartzen eban. Holantxe inoan: «Bete da epea, eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona».
    Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotzean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botatzen, ze arrantzaleak ziran. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Neugaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek behingoan sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
    Aurrerago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster, dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo morroiakaz ontzian itzirik, Jesusen ondorik joan ziran.

Jaunak esana.

IRUZKINA

Amaitu dau Bateatzaileak bere eginkizuna. Orain Jesusen txandea etorriko da, eta bere eginkizuna Jerusalemdik urrun, Galilean, hasiko dau, kultu-agintariengandik urrun.

Ez dau Bateatzailearen zeregina etengo; haretan sakondu egingo dau; eta beste doinu bat erabiliz. Gainera, batentzako baino eginkizun handiagoa dala-eta, lagunak bila hasiko da. Honeen prestutasuna aditzera emoteko, ebanjelariak holango esaldiak erabilten ditu: dana bertan-behera laga eta bat-batean jarraitu eutsoen.

Badakigu hori horrela ez dana Jesus, talde osoagaz, Pedroren amaxea osatzen aurkituko dogu-eta honen etxean. Eta, biztuera ondoren, euren lehengo lanera, arrantzatzera, bihurtzen dira-eta.

Gogan hartu beharrekoa dogu, ba, Jesusentzako eginkizunik behinena Jainkoaren erreinua iragartea dala, hau batentzat baino eginkizun handiagoa dala, eta prestutasunaz gain, bihotz barritzea eskatzen dauala; hau da, zuzengabekeria alde batera iztea eta Jainkoagandiko onurak dohai lez hartzea.

Zer pentsa emon behar deusku Jesusek bere eginkizuna kultu-lekutik urrun garatzeak ere. Kultuak itsututa edo iruntzita ez ete dira bizi Jerusalemen, eta horrexegaitik egingo jake gatx Jesus eta honen barritasuna onartzea? (…)

 

Urtean Zeharreko I. martitzena

I. urtean

 

I. Irakurgaia

Egoki zan,
hareek salbazinora gidatuko ebazan burua, Jesus,
oinazeen bidez bete-beteko egitea.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 2, 5-12

    Jainkoak ez dau aingeruen menpe jarri aitatzen dihardugun etorkizuneko mundua. Liburu Santuan, hain zuzen, hauxe esan dau norbaitek:

«Zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko?
Ia aingeruen pareko egin dozu,
aintzaz eta ohorez koroatu dozu;
guztia haren menpean jarri dozu».

    Beraz, Jainkoak dana gizakiaren menpean jarri badau, ez dau ezer itzi haren menpeko egin barik. Halan be, oraindino ez dogu ikusten gauza guztiak gizakiaren menpe dagozanik. Baina aingeruen pareko egina izan dan Jesus ha aintzaz eta ohorez koroatua ikusten dogu, jasan eban heriotzagaitik; izan be, Jainkoaren onginahiaz, guztien onerako jasan eban-eta heriotza.
    Jainkoak, gauza guztien sorburu eta helburu danak, seme-alaba asko aintzara eroan nahi eban. Egoki zan, beraz, hareek salbazinora gidatuko ebazan burua, Jesus, oinazeen bidez bete-beteko egitea. Izan be, bai santu egiten dauan Jesusek, bai honek santu egiten dituanek, jatorri bera dabe danek. Horregaitik, Jainkoaren Semeari ez deutsa lotsarik emoten honeei senide deitzeak; hau esaten dau-eta:

«Zure izena iragarriko deutset neure senideei,
goratuko zaitut batzarraren erdian».

Jaunak esana.

 

 

Erantzun salmoa

Sal 8, 2ab eta 5. 6-7. 8-9 (R/. ik. 7)

R/.   Jauna, zeure eskulan guztien buru
        gizakia jarri dozu.

V/.   Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!
Zer da gizakia, Zu haretaz gogoratzeko?,
zer gizasemea, Zu haretaz arduratzeko? R/.

V/.   Ia jainko baten pareko egin dozu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini dozu,
danak haren menpe jarri dozuz. R/.

V/.   Ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak be,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia

Anaz gogoratu zan Jauna eta Samuel izan eban.

Samuel lehenengo liburutik

1 Sm 1, 9-20

    Egun hareetan, Xiloko santutegian jatordu sakratua egin ondoren, jagi zan Ana. Eli abadea bere aulkian jesarrita egoan, Jaunaren etxeko atarian. Ana oso nahigabetuta egoan eta negar-malkotan otoitz egin eutson Jaunari. Hau agindu eutson: «Jaun ahalguztiduna, zeure mirabe honen atsekabeari begiratzen badeutsazu eta nitaz gogoratzen bazara, zeure mirabe honetaz ahazten ez bazara eta semea emoten badeustazu, Zuri, Jaun horri, eskeiniko deutsut ha bizitza osorako. Labanak ez dau haren ulerik ebagiko».
    Anak bere otoitzaldia luzatzen ebala Jaunaren aurrean, Eli haren ezpanetara begira egoan. Anak bere barrurako berba egiten eban; ezpanak mugitzen ebazan, baina ez jakon ahotsa entzuten. Mozkortuta egoala begitandu jakon Eliri, eta esan eutson: «Noiz arte egon behar dozu mozkortuta? Bota egizu ardao hori».
    Anak erantzun eutson: «Ez, jauna, emakume guztiz atsekabetua nozu; ez dot ardaorik, ez beste edari mozkorgarririk edan. Neure barrua hustu dot Jaunaren aurrean. Ez dagizula zeure mirabe hau emakume txartzat hartu, neure saminaren eta nahibakoaren handiz hitz egin dot-eta orain arte».
    Orduan, esan eutson Elik: «Zoaz bakean eta emon deizula Israelen Jainkoak eskatu deutsazuna». Anak, orduan: «Izan dagidala neugaz zure onginahia». Joan zan andrea bere bidetik, jan eban eta  haren aurpegiak ez zirudian lehengoa.
    Biharamonean, goizean goiz jagi eta, Jaunaren aurrean ahuspeztu ondoren, etxera bihurtu ziran, Ramara. Alkartu jakon Elkana bere emazte Anari, eta Jauna gogoratu zan haretaz. Umedun gelditu zan Ana eta, sasoia betetzean, semea izan eban. Samuel ezarri eutson izena, esanez: «Jaunari eskatua dot».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

1 Sm 2, 1. 4-5. 6-7. 8abcd (R/. ik. 1a)

R/.   Jaunagan da nire bihotza pozten,
        nire salbatzaileagan.

V/.   Jaunagan da nire bihotza pozten,
Jaunagan nire indarra sendotzen;
nire ahoak arerioei barre egiten deutse,
zure garaipenaz naz-eta gozatzen. R/.

V/.   Hausi da indartsuen uztaia;
makalak, ostera, indarrez jantzi dira.
Aseturik dagozanak ogi orde doaz lanera;
gose diranek, barriz, atseden hartzen dabe.
Agor zana zazpitan erditu da;
askoren ama, barriz, agor gelditu. R/.

V/.   Heriotza eta bizia Jaunak ditu emoten,
harek dau Herio-lezara jaitsiazoten,
harek handik ataratzen.
Jaunak dau pobre eta aberats egiten,
beheratzen eta goratzen. R/.

V/.   Behartsua hautsetatik jasotzen dau,
pobrea simaurretatik jasotzen,
handikien artean jesarriazo
eta ohorezko aulkia emoteko. R/.

 

I. eta II. urteetan

 

AleluiaIk. 1 Ts 2, 13

R/.   Aleluia.

V/.   Onartu egizue Jainkoaren hitza,
        ez giza hitz huts lez,
        Jainkoaren hitz lez baino, halan da-eta. R/.

 

Ebanjelioa

Nagusitasunez irakasten eutsen.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 21b-28

    Kafarnaumen, zapatuan sinagogan sarturik, irakasten hasi zan Jesus. Jente guztia harriturik egoan haren irakaspenaz, ze nagusitasunez irakasten eutsen, eta ez lege-maisuen moduan.
    Bazan, izan be, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihuka esan eban: «Zer daukak gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera hator ala? Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua».
    Jesusek gogor eraso eutson: «Isildu hadi eta urten gizon horrengandik!» Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutson eta, garrasi handia eginez, urten egin eban gizonagandik.
    Ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri itaunka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zelako nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei be agintzen deutse, eta obedidu egiten deutsoe!»
    Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

Jesusek sinagogan jarraitzen dau, baina han irakasten aurkitzen dogu, maisuei egokien lanetan. Eta, gainera, haren irakaspena ezaugarriekin lagunduta edo osotuta doa.

Jainkoaren erreinua iragarteak urduri jarten ditu txarkeria indarrak; eta Jesus euren gainetik garaile aurkitzen dogu.

Ebanjelariek lehenengotarik jarten deuskue argi Jesusen zeregina Jainkoaren erreinua iragartea  dala; hau aginpidez egiten dauala; txarkeria indarrak urduri jarten ditula eta uxatu… Eta jentearen erantzuna harridurea dala.

Jesusek harridurea baino gehiago bilatuko leuke; onartzea eta haren lekuko bihurtzea.

Baina, jazoeren barri inguru guztietara zabaltzen doan arren, ez deusku emoten aditzera, banaka batzuk baino ez bada ere, bihotzean ikututa gelditzen diranik, iragarpenerako irabazita.

Entzute hutsa eta harrituta gelditzea baino gehiago behar da Jainkoaren erreinukide izateko eta haren iragarpenean jarduteko.

Ikutuko ete deusku barrrua?


Urtean Zeharreko I. eguaztena

I. urtean

I. Irakurgaia

Gauza guztietan senideen antzeko izan behar eban,
errukitsu izateko.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 2, 14-18

        Familia bereko seme-alabek odol eta haragi berak dabezan lez, Jesusek gizakiaren odol-haragiak hartu ebazan, bere heriotzaz heriotzaren nagusia dan deabrua ezerezteko, eta heriotzaren bildurrez euren bizitza osoan esklabo bizi ziranak askatzeko; Jesus ez zan-eta aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baino. Horregaitik, gauza guztietan bere senideen antzeko izan behar eban, abade nagusi errukitsu eta Jainkoari dagokiozan gauzetan fidagarri izateko, herriaren pekatuak parkatzeko gai.
        Bera be nekeetan probatua izan zalako, orain gauza da probaldian dagozanei laguntzeko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 105 [104], 1-2. 3-4. 6-7. 8-9 (R/. 8a)

R/.   Gogoan dau eten barik Jaunak bere ituna.

        Edo: Aleluia.

V/.   Goratu egizue Jauna, dei egin haren izenari,
ezagutuazo herrien artean haren egintza bikainak.
Kantatu egiozue, jo soinua harentzat,
kontatu haren mirari guztiak. R/.

V/.   Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu, bihotzez Jaunaren bila zabiltzenok.
Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia. R/.

V/.   Zuek, Jaunaren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok,
Jauna da gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

V/.   Gogoan dau eten barik bere ituna,
mila gizalditarako agindua;
Abrahamegaz eginiko ituna,
Isaaki egindako zina. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Esan, Jauna; zure morroi hau entzuten dago.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 3, 1-10. 19-20

        Egun hareetan, Jaunaren zerbitzuan ziharduan Samuel mutikoak, Eliren ardurapean. Sasoi haretan Jaunak ez eban sarritan berba egiten, eta ikuskariak be ez ziran sarri jazotzen. Egun baten, Eli bere gelan egoan etzunda; begiak lausotzen joakozan eta ezin eban ikusi. Ondino amatatu barik egoan Jainkoaren kriseilua. Samuel lotara joana zan, Jainkoaren kutxa egoan Jaunaren santutegian.
        Jaunak dei egin eutson Samueli, eta honek erantzun: «Hemen nozu». Arin-arin Eligana joan eta esan eutson Samuelek: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta». Elik erantzun eutson: «Ez deutsut nik dei egin; bihurtu eta egizu lo». Joan eta lotarako etzun zan.
        Jaunak barriro dei egin eutson Samueli. Hau jagi eta Eligana joan zan, esanez: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta». Elik erantzun eutson: «Ez deutsut nik dei egin, seme; bihurtu eta egizu lo». Samuelek ez eban ordura arte Jauna ezagutzen, Jaunak ez eutson-eta bere hitza inoiz be adierazo.
        Hirugarren aldiz dei egin eutson Jaunak Samueli. Hau jagi eta Eligana joan zan, esanez: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta». Igarri eutson Elik Jaunak ziharduala mutikoari deika, eta esan eutson Samueli: «Zoaz lotara eta, norbaitek barriro dei egiten badeutsu, erantzun: "Esan, Jauna; zure morroi hau entzuten dago"». Bihurtu zan Samuel bere tokira eta lotarako etzun zan.
        Jaunak, hurreraturik, dei egin eutson, besteetan lez: «Samuel, Samuel!» Eta Samuelek erantzun: «Esan, zure morroi hau entzuten dago».
        Samuel haziz joian, eta Jauna beragaz eban. Ez zan Jaunaren hitz bakar bat be bete barik gelditu. Dan uritik hasi eta Beer-Xebaraino, Israel osoak jakin eban Jaunak bere profeta egin ebala Samuel.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 40 [39], 2 eta 5. 7-8a. 8b-10 (R/. ik. 8a eta 9a)

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

V/.   Jaunagan neban jarrita itxaropen guztia,
makurtu eta entzun dau nire oihua.
Zorionekoa Jaunaz fidatzen dana,
idolo eta sasijainkoengana jotzen ez dauana. R/.

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,
ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko,
barru-muinetan dot zure legea.
Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa      

Harek gaixo asko osatu eban,
edozein zala be euren gatxa.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 29-39

        Aldi haretan, Jesus, sinagogaitik urten, eta Simonen eta Andresen etxera joan zan artez, Santiagogaz eta Joanegaz. Simonen amaginarreba oheratuta egoan sukarrarekin; behingoan, haretaz berba egin eutsoen Jesusi. Joan jakon Jesus ondora, eskutik hartu eta jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutson, eta zerbitzen hasi jaken.
        Ilunkeran, eguzkia sartu ostean, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. Herri guztia batu zan atarian. Eta harek gaixo asko osatu eban, euren gatxa edozein izanda be, eta deabru asko bota eban. Deabruei ez eutsen izten berba egiten, ze baekien nor zan.
        Goizean goiz, oraindik ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han otoitzean ziharduan. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziran eta, aurkitzean, esan eutsoen: «Jente guztia zure bila dabil».
        Harek, baina, erantzun: «Goazen beste nonora, inguruko auzoetara, horreetan be Barri Ona iragartzera, horrexetarako urten dot-eta». Halan, Galilea guztian zehar ibili zan, hango sinagogetan Barri Ona iragartzen eta deabruak botatzen.

Jaunak esana.

 

Iruzkina

     Gaurkoan Markos ebanjelariak Jesusen eguneroko zereginetan sartuko gaitu, egun bakar baten eginak balira lez.

     Behar bada, hemen agertzen diran ekintzak (Sinagogan esku hartzea, lagunen etxera joatea, gaixoak osatzea, otoitzean jardurtea eta beste leku batzuen ardura izatea, e.a.) ez ziran izango egun bakar baten eginak.

     Baina ebanjelariak, ebanjelioan Jesusez zer esango deuskun azaltzen deusku horrela.

     Jesusek irakatsi egiten dau; baina ez Idazlari eta Farisearren antzera, ikasia behin eta barriz errepikatuta, berak egunerokoan bizi dauan Aitagazko hartu-emonetan bizi dauana baino: hitzez baino gehiago bizitzaz iragarten dau Jesusek.

     Eta bizitza arriskuan ikusten badau (Pedroren amaginarrabaren sukarra, deabruak hartuak, era guztietako gaixoak…) lokarrietatik askatzen jardungo dau.

     Jainkoaren erreinuaren ezaugarri lez hartu behar ditugu, ba: gatxak jotakoengana hurreratzea, honei Jainkoaren barri emotea eta, osasuna bihurtuz, haren errukiaren barri emotea.

     Eta hau ez da ingurutxo baterako, danentzako baino: goazen alboetako beste herritxoetara ere…

 

Urtean Zeharreko I. eguena

I. urtean

I. Irakurgaia  

Adoretu alkar egunero,
«gaur» horrek irauten dauan bitartean.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 3, 7-14

        Senideok: Espiritu Santuak hau dino:
«Gaur Jaunaren ahotsa entzuten badozue,
ez gogortu zeuen bihotza,
errebelde izan zinienean lez,
tentaldi-egunean basamortuan lez.
Han tentatu egin ninduen zuen asabek, Ni aztertu nahirik,
nahiz eta nire egintzak berrogei urtez ikusi izan.
Horregaitik, hasarratu egin nintzan gizaldi haregaz,
eta esan neban:

"Bide okerretik dabil beti horreen bihotza;
ez dabez aintzat hartzen nire bideak".
Horregaitik, zin egin neban hasarre:
"Ez dira sartuko nire atsedenean"».

        Begira, senideok, ez dagiala zuetako inork izan Jainko biziagandik aldenduko dauan bihotz gaizto eta sinisbakorik. Bestela baino, adoretu alkar egunero, Liburu Santuak dinoen «gaur»  horrek irauten dauan bitartean, zuetako inor gogortu ez dadin, pekatuak engainatuta. Izan be Kristoren partaide gara-eta, hasierako jarrerari azkeneraino sendo eusten badeutsagu.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 95 [94], 6-7c. 7d-9. 10-11 (R/. ik. 8)

R/.   Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!:
        «Ez gogortu zeuen bihotza».

V/.   Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

V/.   Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa!:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.

V/.   Berrogei urtez gogait eragin eustan belaunaldi harek,
eta esan neban: «Bihotz desleialeko herria dira,
ez dabez ezagutzen nire bideak».
Orduan, zin egin neban hasarre:
«Ez dira sartuko nire atsedenean». R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Israel menperatu
eta Jainkoaren kutxa harrapatu.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 4, 1-11

        Egun hareetan, israeldarrek filistearren aurka urten eben gudurako eta Eben-Ezer deritxon tokitik hurrean kokatu ebezan gudu-txabolak; filistearrak, barriz, Afeken kokatu ziran eta Israeli erasotzeko prestatu. Gogorra izan zan gudua, eta israeldarrek ihes egin behar izan eben filistearren aurrean. Israelgo lau bat mila gizon jausi zan zelai hareetan.
        Gudariak txaboletara bihurtu ziranean, Israelgo buruzagiek hau inoen: «Zergaitik jo ete gaitu gaur Jaunak filistearren eskuz? Ekarri dagigun Xiloko santutegitik Jaunaren itun-kutxa; ea holan, ha gure artean izanik, gure arerioen eskuetatik salbatzen gaituan».
        Mandatariak bialdu ebezan, bada, Xilora, eta ekarri eben handik, kerubinen gainean jesarrita dagoan Jaun ahalguztidunaren itun-kutxa. Jaunaren kutxagaz batera Hofni eta Pinhas, Eliren seme biak, etorri ziran.
        Jaunaren itun-kutxa kanpalekuraino heldu zanean, israeldar guztiek deadar egin eben oihu handiz, lurrak be dar-dar egiteraino.
        Filistearrek, deadar ha entzutean, esan eben: «Zer da hebrearren txaboletako deadar hori?» Jakin eben etorria zala kanpalekura Jaunaren kutxa eta ikaratu egin ziran. Hau inoen euren artean: «Jainkoa etorri jake kanpalekura. Errukarriak gu! Ez jaku holakorik jazo egundo! Errukarriak gu! Nork libratuko gaitu jainko indartsu horreen eskuetatik? Horreexek dira egiptoarrak basamortuan era guztietako izurritez jo ebezan jainkoak. Ea, filistearrok, eutsi gogor! Izan gizon, hebrearren menpean ez jausteko, hareek gure menpean jausi ziran lez. Izan gizon eta ekin burrukari!»
        Ekin eutsoen, bada, filistearrek erasoari eta menperatu egin eben Israel; israeldarrak nor bere etxera joan ziran ihesi. Ikaragarria izan zan hondamendia: hogeita hamar mila israeldar oinezko jausi ziran. Filistearrek Jainkoaren kutxa harrapatu eben, eta Eliren seme biak, Hofni eta Pinhas, hilak gertatu ziran.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 44 [43], 10-11. 14-15. 24-25 (R/. 27b)

R/.   Askatu gagizuz, Jauna, zeure maitasunagaitik!

V/.   Baztertu egin gozuz eta lotsatuazo,
ez zoaz gehiago gure gudarosteagaz gudura.
Arerioen aurrean atzera eragin deuskuzu,
gorroto deuskuenek narrutzen gaitue. R/.

V/.   Auzoko herrien irain egin gozuz,
ingurukoen burla eta iseka.
Nazinoen irrigarri egin gozuz,
buruari eragiten deutsoe herriek. R/.

V/.   Iratzartu, Jauna! Zertan zagoz lo?
Jagi zaitez, ez gu zapuztu betiko!
Zergaitik ezkutatzen dozu aurpegia
eta ahazten gure zoritxarra eta zapalkuntza? R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Mt 4, 23

R/.   Aleluia.

V/.   Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek
        eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.

 

Ebanjelioa      

Alde egin eutson legenak eta garbi gelditu zan.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 40-45

        Aldi haretan, legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutson: «Nahi badozu, garbitu naikezu».
Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Gura dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.
        Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu abade nagusiagana eta, ezaugarri izan dagien, eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa».
        Ha, ostera, urten ebaneko, gertatua iragartzen eta zabaltzen hasi zan oihuka, eta harrezkero ezin zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, leku bakartietan. Halan be, edonondik etorkion jentea.

Jaunak esana.

 

Iruzkizna

     Ageriko zereginetan hasi baino ez da egin Jesus, eta apurtu dau Legea.

     Legenardunek galazota euken jenteagana hurreratzea, aldenduta egon behar eben, eta bazterreratuta egozan giza-hartuemonetatik, batez ere erlijio-guneetatik, gaixotasun hori Jainkoaren zigor eta gaitzespen lez ulertzen zan-eta.

     Legeak galazota eukan gauzea egiten dau Jesusek: legenarduna beragana hurreratzen izteaz gain, ha ikutu. Keinua da: ikutzea beharrezkoa ez bazan ere; hori egiteaz, bai gaixo haregaz eta baita haren antzera Legeak baztertuta eukazan guztiekaz bat egiten ebala nabarmentzen dau Jesusek.

     Arazoak ekarri leikioz hori egitean; baina ez deutso ardura: sufritzen dagoanagaz bat egitea da haren lehentasuna. Holan nabarmentzen dau bazterkuntzea ez dala Jainkoaren gauzea, Legearena baino, eta, arlo horretan, ez dala ez Jainko-Legea ez Giza-legea, zuzengabekeria baino.

     Eta Lege zaintzaileengana bialduko dau gaixoa, osakuntzaren barri izan daian, bergizarteratu ahal izateko, Legeak berak askatuta berak ezarritako loturea (bazterkuntza).

     Ez da, ba, Legea behin-behinekoa, beste edozeren gainetik dagoana. Jainkoa da behin-behinekoa, eta harek ez dau bazterkuntzarik egiten. Eta Legeak harexengana bideratu behar gaitu, eta inondik ere ez ezein gizaki bazterreratu ezergaitik ere.

     Jainkoa sufritzen dagoanagaz dala nabarmentzen deusku Jesusek, eta ez Lege-betetzaile edo zaintzaileagaz, eta, gitxiago, Jainkoaren izenean bazterreratzen dauan ezein Legegaz.

 

 

Urtean Zeharreko I. barikua

I. urtean

I. Irakurgaia 

Ahalegindu gaitezan atseden horretan sartzen.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 4, 1-5. 11

        Senideok: Bildur izan behar dogu, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoan bitartean, zuetarikoren bat sartu barik gelditu ez dadin. Guri be emon deuskue Barri Ona, gure asabei lez; baina honeei ez eutsen balio izan entzundako hitzak, ez eben-eta sinismenaren bidez bat egin entzun ebenekin.
        Gu, ostera, sinisten badogu, sartu gaitekez Jainkoaren atsedenean, esanda dagoan lez:

«Horregaitik, zin egin neban hasarre:
"Ez dira sartuko nire atsedenean"».

        Egia esan, mundua egin ebanetik amaituak ebazan Jainkoak bere lanak, hau dino-eta Liburu Santuak zazpigarren egunaz: «Zazpigarren egunean atseden hartu eban Jainkoak bere lan guztietatik».
        Baina aitatu dogun pasartean, «ez dira sartuko nire atsedenean» esan jaku. Ahalegindu gaitezan, bada, atseden horretan sartzen, inor jausi ez dadin sinisgogorkerian gure aurrekoak lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 78 [77], 3 eta 4bc. 6ab eta 7. 8 (R/. ik. 7c)

R/.   Ez ahaztu Jainkoaren egintza handiez.

V/.   Guk entzunak eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
kontatuko deutsaguz hurrengo belaunaldiari:
Jaunaren egintza goresgarriak eta haren ahalmena. R/.

V/.   Gero jaioko ziran seme-alabek
ondorengoei kontatuko eutsiezan.
Holan, Jainkoagan jarriko eben itxaropena,
eta ez ziran ahaztuko haren egintza handiez;
beteko ebezan haren aginduak. R/.

V/.   Ez ziran euren gurasoen antzeko izango:
gizaldi hezikatx eta bihurria,
bihotz arineko jentea,
Jainkoaganako barru desleialekoa. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Oihu egingo dozue, zeuek aukeratu dozuen erregea dala-eta;
baina Jaunak ez deutsue erantzungo.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 8, 4-7. 10-22a

        Egun hareetan, Israelgo herri-arduradun guztiak batu eta Ramara joan ziran Samuelengana, esatera: «Begira, zu zahar egin zara, eta zure semeak ez dabiltz zure bidetik. Izentatu egiguzu, bada, errege bat, gidatu gagizan, herri guztiek egiten daben lez». Txarto hartu eban Samuelek herri-arduradunen eskabide hori, eta otoitz egin eutson Jaunari. Jaunak erantzun eutson: «Onartu herriak eskatzen deutsun guztia. Ez zaitue zu baztertu, Neu baztertu nabe, ez nabe-eta errege nahi euren gain».
        Jaunak esandako guztia adierazo eutson Samuelek errege eske ebilkon herriari, eta gehitu eban: «Hona zuen gain aginduko dauan erregearen eskubideak: Zuen semeak hartu eta bere gurdizain eta zaldizko egingo ditu, eta erregearen gurdiaren aurrean ibili beharko dabe arineketan. Batzuk mila gizonen buru ipiniko ditu, beste batzuk berrogeita hamar gizonen buru; batzuek erregearen soloak landu beharko dabez, beste batzuek uztak batu; beste batzuek, barriz, armak eta gudu-gurdiak egin beharko deutsoez. Zuen alabak be hartuko ditu, bere lurrungile, sukaldari eta okin bihurtzeko. Lur arlorik, mahastirik eta olibadirik onenak kenduko deutsuez, bere zerbitzariei emoteko. Uztaren eta mahastien hamarrenak hartuko deutsuez, bere funtzionarioei eta zerbitzariei emoteko. Zeuen neskameak eta morroiak, zeuen idirik eta astorik onenak hartuko deutsuez, berarentzat lan egiteko. Artaldeen hamarrenak hartuko deutsuez, eta zeuek be bere morroi egingo zaitue. Orduan oihu egingo dozue, zeuek aukeratu dozuen erregea dala-eta; baina Jaunak ez deutsue erantzungo».
        Halan be, herriak ez eutson jaramonik egin nahi izan Samueli, eta esan eban: «Kendu hemendik! Erregea behar dogu, eta beste herri guztiak lez izango gara geu be. Geure erregeak gidatuko gaitu eta gure aurretik joango da, geure alde burrukatzera». Entzun eban Samuelek herriaren eskabidea eta Jaunari jakinazo eutson. Jaunak erantzun eutson Samueli: «Onartu euren eskabidea, eta emoiezu erregea».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 89 [88], 16-17. 18-19 (R/. ik. 2a)

R/.   Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

V/.   Zorionekoa, Zu pozik goresten dakian herria!
Zure argitan ibiliko da, Jauna;
zure izenean da egunero alaitzen,
zure salbazino-egintzaz harrotzen. R/.

V/.   Zeu zara-eta haren ospe eta indar;
zure onginahiak egiten gaitu garaile.
Jauna da, izan be, gure babeskia,
Israelgo Santua gure erregea. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Lk 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

Ebanjelioa      

Gizonaren Semeak badau mundu honetan
pekatuak parkatzeko ahalmena.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 1-12

        Egun  batzuen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zan barriro, eta etxean egoaneko barria zabaldu zan. Batu zan jentetzarekin ez egoan inon lekurik, ezta ate-aurrean be. Eta Jainkoaren berbea adierazoten eutsen. Horretan, elbarri bat ekarri eutsoen lau lagunen artean. Baina jentetzagaitik ezin eben eroan Jesusenganaino. Orduan, bera egoan parean etxe-gaina zulatu eta elbarria zulotik behera eratsi eben, etxunda egoan esku-ohean. Jesusek, hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari: «Seme, parkatuak dituzu pekatuak!»
        Baziran han jesarrita lege-maisu batzuk, eta hauxe inoen euren barrurako: «Zer jarabilk honek holan? Biraoka jabilk. Nork parkatu leikek pekaturik, Jainkoak berak izan ezik?»
        Baina Jesusek bere barruan hareen gogoetei igarri eta esan eutsen: «Zergaitik dituzue gogoeta horreek zeuen barruan? Zer da errezago, elbarriari “parkatuak dituzu pekatuak” esatea ala “jagi, hartu esku-ohea eta zabiltz” esatea? Orain ikusiko dozue, bada, Gizonaren Semeak badaukala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena. Orduan esan eutson elbarriari: “Zeuri dinotsut: Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera”».
        Behingo baten jagi, ohatila hartu eta guztien aurrean urten eban. Danak harriturik gelditu ziran, eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Ez dogu sekula holakorik ikusi».

Jaunak esana.

 

IRUZKINA

Gaur Markos ebanjelariak dakarskun jazoera honek pekatuaren aurrean jarten gaitu.

Hau —pekatua—, ikusi gura ez dogun zeozer da. Jesusek bai ikusten dauala, eta osakuntza hortixik hasita emongo dala iragarten dau.

Erlejino-maisuek ez dabe onartu gura Jesusek gauzatzen dauan askapenik, eta era haretara: ezer eskatu aurretik «zure pekatuak parkatuta dagoz» dinotso-eta. Hareen erlejinoak gizakia menpe euki nahi dauan artean, Jesusek askatu egin gura dau.

Ulertu ete geike Jesusek ez dauala parkatzen pekaturik; ez berak ez Jainkoak, bere Aitak, ez daukela ezer parkatu beharrik?

Ulertuko bagendu Jainkoak deuskun maitasuna, haren seme-alaba izatea dogun onurea, eta haren esanetara bizi izanez garatzen dogun zoriona..., ez geuke bilatuko Jainkoaren aurrean merituak egiterik haren parkamena edo aldekotasuna lortzeko.

Ikasi daigun Jesusengandik: harek, Jainkoa maite-maite daualako ez dauka ezer parkatu beharrik.

 

Urtean Zeharreko I. zapatua

I. urtean

I. Irakurgaia  

Hurreratu gaitezan konfiantza osoz
Jainkoaren graziaren tronura.

Hebrearrei egindako epistolatik    

Heb 4, 12-16

        Senideok: Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra, aho biko ezpata baino sarkorragoa; arimaren eta espirituaren sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu. Ez da harentzat munduan ezer ikusezinik; dana dago biluzik eta agirian, kontuak emon beharko deutsaguzan haren begien aurrean.
        Beraz, gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun sinismenari; izan be, gure abade nagusia ez da gure makaleriaz erruki ez leitekean norbait, bera be, geu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan dagigun.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 19 [18], 8. 9. 10. 15 (R/. ik. Jn 6, 63c)

R/.   Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira.

V/.   Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren mandamentua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.

V/.   Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.

V/.   Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.

V/.   Hartu egizuz atseginez nire hitz eta gogoetak,
Jauna, ene harkaitz eta askatzaile. R/.

 

II. urtean

I. Irakurgaia 

Horra Jaunak esandako gizona;
Saul izango da Jaunaren herriaren agintaria.

Samuel lehenengo liburutik 

1 Sm 9, 1-4. 17-19; 10, 1a

        Aldi haretan, bazan Kix eritxon gizon handiki bat, Abielen semea –Abiel Tzerorren semea zan, Tzeror Bekoratena eta Bekorat Afiahena–. Benjaminen leinukoa zan Kix. Seme bat eban, Saul izenekoa, mutil aukerakoa eta bikaina. Ez zan Israelen ha baizen ederrik; gainerako guztiak doi-doi heltzen jakozan sorbaldara.
        Saulen aita Kixeri asteme batzuk galdu jakozan eta esan eutson Saul semeari: «Hartu egizu zeugaz morroietako bat eta zoaz astemeen bila». Efraimgo mendian eta Xalixako lurretan zehar ibili ziran, baina ez ebezan aurkitu; igaro eben Xaalimgo lurraldea, baina ez egozan han; baita Benjaminen lurraldea be, baina ez eben ezer aurkitu.
        Samuelek Saul ikusi ebanean, Jaunak esan eutson: «Horra esan neutsun gizona. Horixe izango da nire herriaren agintaria».
        Hurreratu jakon Saul Samueli uriko atearen erdian, eta esan eutson: «Esaidazu, mesedez, non dan ikuslearen etxea». Samuelek erantzun eutson: «Neu naz ikuslea. Igon nire aurretik mendira eta gaur nigaz jango dozue. Bihar goizean itziko deutsut joaten, jakin nahi dozun guztia esan ondoren».
        Hartu eban Samuelek orio ontzia eta Sauli burura isuri eutson; gero, besarkatuz, esan eutson: «Hara, Jaunak bere herri Israelen buruzagi igurtzi zaitu. Zeuk gidatuko dozu Jaunaren herria eta askatuko inguruan dituan arerioen eskuetatik».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 21 [20], 2-3. 4-5. 6-7 (R/. 2a)

R/.   Jauna, zure indarraz pozten da erregea.

V/.   Jauna, zure indarraz pozten da erregea,
zure garaipenaz izugarri alaitzen.
Gura ebana emon deutsazu
eta harek eskatua ez deutsazu ukatu. R/.

V/.   Bedeinkazinoz eta mesedez bete dozu,
urre garbizko koroa ezarri deutsazu buruan.
Bizia eskatu deutsu, eta Zuk emon,
haren egunak betiko luzatuz. R/.

V/.   Zure garaipenaz handi da haren ospea,
aintzaz eta ohorez inguratu dozu.
Izan be, betiko dedeinkazinoa emon deutsazu,
pozez bete dozu zeure aurrean. R/.

 

I. eta II. urteetan

Aleluia               

Ik. Lk 4, 18

R/.   Aleluia.

V/.   Behartsuei Barri Ona emotera bialdu nau Jaunak,
        katiguei askatasuna iragartzera. R/.

 

Ebanjelioa      

Ez naz zintzoei dei egitera etorri,pekatariei baino.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 2, 13-17

        Aldi haretan, Jesusek itsasaldera urten eban barriro. Jente guztia beragana joian, eta irakasten hasi jaken.
        Bidez joiala, Levi Alfeorena ikusi eban, zergak batzeko mahaian jarrita, eta esan eutson: «Jarraitu Niri». Levik zutundu eta jarraitu egin eutson.
        Geroago, Jesus mahaian egoan Leviren etxean; bazan beste zergalari eta pekatari asko be Jesusegaz eta beronen ikasleakaz mahaian; izan be, asko joiakozan atzean.
        Fariseuen arteko lege-maisu batzuk, pekatari eta zergalariekin jaten egoala ikustean, esan eutsien ikasleei: «Zelan jaten dau zergalari eta pekatariakaz?»
        Hori entzutean, Jesusek esan eutsen: «Ez dabe osasundunek behar osagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino».

Jaunak esana

 

IRUZKINA

Markosen ebanjelio txatal honetan gaur-gaurko arazoetariko bat aurkitzen dogu mahairatuta: Jainkoaren graziaren zelangotasuna. Ez dogu hain errez ulertuko; baina, ezelango baldintzapeko barik hurreratzen bagajakoz, behar bada, argi izpiren bat biztu leikigu.

Jesusek Jainkoaren erreinua iragarten dihardula dinosku Markosek; irakaskintza hori ez dau jesarrita, geldian, egiten, ibilten baino. Eta, joanean, Mateoren zerga biltegi aurretik igarotean, honi jarraitzeko deia luzatzen deutso. Zergalari bati!

Batzuk harri eta zur geldituko dira Mateok bere antzekoekin (zergabatzaileak) mahai beratan jesarriazoten daualako Jesus. Zer dala-eta jaten dau zuen Maisuak pekatariekin? Hori ez leuke egingo fariseu batek, ez Lege Maisuek ez sinistun zintzoek… Euretariko bat da zuen maisua, esatea beste da hori.

Jainkoaren grazia doakoa da, ala norberak lortzen dau merituak eginez?

Jesusek lege-maisuei emoten deutsen erantzunean aurkitu geike erantzuna: gaisoek dabe osagilearen beharra, ez osasundunek. Jainkoak bere dohaiak doan isurten ditu. Inork ez ditu merezi. Ez dago hareik irabazi ahal izateko meriturik. Ez jakuz zor onak garalako.

Espirituzko bizitza apaletik ulertu daiteke hori.

 

I. astea

Urtean Zeharreko I. astelehena I. urtean   I. Irakurgaia       Jainkoak Semearen bidez hitz egin deusku.     Hebrearrei egindako...