Urtean Zeharreko III. astelehena
II. urtean
I. Irakurgaia
Zeuk gidatuko dozu nire herri Israel.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 5, 1-7. 10
Egun hareetan, Israelgo leinu guztiek
Hebronera Davidengana etorri eta esan eutsoen: «Zeure odolekoak gozuz. Lehenago
be, Saul gure errege zanean, zeuk gidatzen zenduzan Israelen joan-etorriak.
Gainera zeuri esan deutsu Jaunak: "Zeuk gidatuko dozu nire herri Israel
eta zeu izango zara israeldarren agintaria"».
Etorri ziran, beraz, israeldarren buruzagi
guztiak David erregeagana Hebronera, eta honek alkargoa egin eban hareekin
Hebronen, Jaunaren aurrean. Eta hareek Israelgo errege igurtzi eben. Hogeta
hamar urte ebazan Davidek errege izaten hasi zanean, eta berrogei urtez izan
zan errege. Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zan Judako errege, eta
Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege. Erregeak,
beragaz ebazan gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo eban, bertan bizi ziran
jebusearren kontra. Honeek esan eutsoen Davidi: «Ez zara hemen sartuko; itsuak
eta herrenak nahiko izango dira zuri eusteko» (David ez zala ezelan be han
sartuko esan nahi eben). Halan be, jaubetu egin zan David Siongo gotorlekuaz,
gero «Daviden Uria» deituko ebenaz.
David gero eta indartsuagoa egiten joian,
eta Jaun ahalguztiduna beragaz eban.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 89 [88], 20. 21-22. 25-26 (R/. 25a)
R/. Beragaz izango ditu
nire
leialtasuna eta maitasuna.
V/. Ikuskaritan berba egin zeuntsen behinola
zeure fededunei:
«Koroa ezarri
deutsat indartsu bati,
herriko gazte bat
goratu dot tronura. R/.
V/. David neure zerbitzaria aurkitu dot
eta neure orio
santuaz igurtzi.
Nire eskuak sendo
deutsa eutsiko,
nire besoak
indartsu dau egingo. R/.
V/. Beragaz izango ditu nire leialtasuna eta
maitasuna,
garaile urtengo
dau nire izenean.
Itsasoraino
zabalduko dot haren aginpidea,
ibaietaraino haren
agintea». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza
ezereztu dau
eta
bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
EbanjelioA
Satanasenak egin dau.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 3, 22-30
Aldi haretan, Jerusalemdik jaitsitako
lege-maisuek hau inoen Jesusi buruz: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta
«Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».
Jesusek beragana deitu eta parabola honeen
bidez berba egin eutsen: «Zelan bota leike Satanasek Satanas? Bere barruan
zatiturik dagoan erreinuak ezin dau iraun. Bere barruan zatiturik dagoan
familiak ezin dau iraun. Era berean Satanasek be, bere buruaren aurka jagi eta zatiturik
badago, ezin dau iraun; harenak egin dau.
Ezin
leiteke inor sartu indartsu baten etxean lapurretara, aldez aurretik ha lotzen
ez badau; orduan, bai, harrapatu leikez haren etxeko ondasunak.
Benetan dinotsuet: Dana parkatuko deutse
Jainkoak gizon-emakumeei, pekatuak eta esan leikiezan birao guztiak; baina
Espiritu Santuaren aurka birao egiten dauanak ez dau sekula parkamenik izango;
errudun izango da betiko»
Espiritu gaiztoa eukala inoenei erantzun
eutsen hau.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Lasai gagoz gu eta eroso gure ingurukoekaz batera goazala sumatzen dogunean. Baina ondo-eza sortzen jaku gure artekoren bat gugaz bat ez datorrela entzuten edo ikusten dogunean. Orduan gure eraikuntza hondatuko danaren bildur gara.
Hauxe sumatu eben Jesusen etxekoek: honen zorakeriek etxea (familia) hondatze arriskuan jarten ebela-eta, etxeratu gura izan eben.
Gaurkoan, egoera bardinean ikusten doguz erlijio familiako gurasoak ere: ezin dabe jasan Jesusen jarrerea (bizimoldea eta irakaspena), eta, gitxiago, honen atzetik jendetzak doazala ikustea; eta deabrukeriaz jokatzen dauala salatuko dabe.
Jesusek, parabola bidez, euren jarrerea aztertzeko aukerea emongo deutse, eta berbideratzera dei egingo. Baina alperrik. Agintaritzak, erlijiokeriak… itsutu egin leike.
Jesus, Jainkoaren zerbitzari lez, morrontza guztien gainetik da aske, libre, eta ez deutso ezeri bildurrik.
Nik… non bilatzen dot ziurtasuna: besteekin bat etortean, ala Jainkoaren zerbitzuan zintzo ibiltean? Hauxe da Jesusek eskeintzen eta ziurtatzen dauana.
Urtean Zeharreko III. martitzena
II. urtean
I. irakurgaia
Oihu artean eroien
Jaunaren kutxa
Davidek eta
israeldar guztiek.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 6, 12b-15. 17-19
Egun hareetan, joan zan David eta Obededomen
etxetik Daviden Urira eroan eban Jainkoaren kutxa, pozez beterik. Jaunaren
kutxa eroienek sei pausu egin ebezanean, idia eta zekor gizendua eskeini ebazan
opari. Jaunaren aurrean bere indar guztiaz dantza eginez joian David, linozko
jantzi labur batez estalduta. Oihu eta adar-hots artean eroien Jaunaren kutxa
Davidek eta israeldar guztiek.
Eraikita eukan Davidek oihal-txabola
Jaunarentzat, eta han sartu eben Jaunaren kutxa eta erdian ezarri, bere lekuan.
Davidek erre-opariak eta alkartasun-opariak eskeini eutsozan Jaunari. Oparien
eskeintza amaitzean, herria bedeinkatu eban Jaun ahalguztidunaren izenean.
Gero, herri osoari, israeldarren jentetza guztiari, gizon nahiz emakume, opil
bana, haragi-zati bana eta mahaspasazko ogi bana emon eutsezan. Ondoren, jente
guztia nor bere etxera joan zan.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 24 [23], 7. 8. 9. 10 (R/. 8a)
R/. Nor da Errege ospetsu hori?
Jauna
bera da.
V/. Ateburuok, zabaldu zaiteze,
zabaldu zaiteze,
aspaldiko ateok,
badator-eta Errege
ospetsua. R/.
V/. Nor da Errege ospetsu hori?
Jauna da, indartsu
eta ahaltsua,
Jauna, guduan
ahaltsua. R/.
V/. Ateburuak, zabaldu zaiteze,
zabaldu zaiteze,
aspaldiko ateok,
badator-eta Errege
ospetsua. R/.
V/. Nor da Errege ospetsu hori?
Jaun
ahalguztiduna,
bera da Errege
ospetsua. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 11, 25
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuari
buruzko Barri Ona
jente
apalari agertu deutsazulako. R/.
Ebanjelioa
Jainkoaren nahia
egiten dauana,
horixe dot Nik
anaia, arreba eta ama.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 3, 31-35
Aldi haretan, Jesusen ama eta anai-arrebak
etorri ziran eta, kanpoan gelditurik, deituazo egin eben. Jente asko egoan
Jesusen inguruan jesarrita, eta esan eutsoen: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta
anai-arrebak, zeure bila».
Jesusek erantzun eban: «Nortzuk dira nire
ama eta anai-arrebak?» Eta, inguruan jarrita zituanei begiratuz, esan eban:
«Honeek ditut Nik ama eta anai-arreba. Jainkoaren nahia egiten dauana, horixe
dot Nik anaia, arreba eta ama».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesus etxeratzeko hirugarren ahalegina aurkezten deusku Markos ebanjelariak: etxekoak ziran lehenengoak, kultu-agintariak hurrengoak; eta hirugarren honetan ama eta anai-arrebak dira Jesus eurekin eroan gura dabenak.
Zelan ulertu Jesusek honei emoten deutsen erantzuna? Argi itzi gura dau ebanjelariak Jesusen lehentasuna Jainkoaren berbea dala, eta ez taldearen, kultuaren edo familiaren ziurtasuna, ordukoentzat ezinbestekoa.
Jesusen helburua ez da ziurtasuna, Jainkoaren zerbitzua baino, eta hau haren erreinua iragartetik hasten da, eta txarkeria eta morrontza guztiak ezabatzean gauzatzen da.
Jesusek bere eginkizuna alboratu daiala bilatzen dauanak holango erantzun argiak aurkituko ditu. Ez dau ezerk ere aldenduazoko bere eginkizunetik.
Taldeak, eleizeak, familiak, edozein erakundek askatasunean hezi behar izango leuke; baina emoten daben ziurtasuna edo babesa morrontzarakoa da. Jesusek egiten gaitu askeak, libreak.
Urtean Zeharreko III. eguaztena
II. urtean
I. Irakurgaia
Ondorengoa emongo
deutsut
eta sendotu egingo dot haren erregetza.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 7, 4-17
Egun hareetan, Jaunaren hitza etorri jakon
Natani: «Zoaz eta esaiozu nire morroi Davidi: "Hauxe dino Jaunak: Zeuk
eraiki behar ete deustazu etxea, nire bizileku izateko? Ez naz inoiz be etxe
baten bizi izan, israeldarrak Egiptotik atara nituanetik gaur arte;
bizilekutzat oihal-txabola nebala ibili naz. Israeldar guztiekin batera ibili
izan nazan bitartean, eskatu ete deutset inoiz Israelgo buruzagiei, nire herri
Israel zaintzeko agindu neutsenei, Niretzat zedrozko etxerik egiteko?"
Orain, bada, esaiozu nire morroi Davidi:
“Hauxe dino Jaunak: Neuk atara zindudazan larreetatik, artaldeen atzetik, nire
herri Israelen buruzagi izan zeintezan. Zeugaz izan nozu, ibili zaran alde
guztietan. Neuk hondatu deutsudaz aurrean jarri jatzuzan arerio guztiak eta
Neuk emongo deutsut lurreko handikiena lako izen handia. Leku bat emongo
deutsat neure herri Israeli: han landatuko dot, bertan biziko da eta ez dau
aurrerantzean estualdirik izango. Gaizkileek ez dabe zapalduko antxina lez,
neure herriaren gain buruzagiak ipini nituanean lez. Arerio guztiekazko bakea
emongo deutsut. Jaunak jakinazoten deutsu zure jatorritik sortuko diran
erregeak emongo deutsuzala.
Zeure egunak bete eta zeure gurasoekin
atseden hartuko dozunean, ondorengoa emongo deutsut, zure erraietatik
ataratakoa, eta sendotuko dot haren erregetza. Harek eraikiko deutsa etxea nire
izenari, eta Nik betiko sendotuko deutsat tronua. Aita izango nau harek Ni, eta
seme izango dot Nik ha. Txarto jokatzen badau, gizakiek erabiltzen dabezan
makilaz eta zigorrez zuzenduko dot. Baina ez dot neure onginahia harengandik
kenduko, Saulengandik kendu neban lez, neure aurretik baztertu egin neban-eta
ha. Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo dabe nire aurrean, eta zure
errege-aulkiak sendo iraungo dau beti"».
Ikuskarian adierazo jakon guztia esan eutson
Natanek Davidi.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 89 [88], 4-5. 27-28. 29-30 (R/. 29a)
R/. Beti gordeko deutsat neure maitasuna.
V/. Ituna egin dot neure aukeratuagaz,
David neure
morroiari zin eginez:
«Sendo ezarriko
dot betiko zure errege-jatorria,
gizaldiz gizaldi
eraikiko zure errege-aulkia». R/.
V/. Harek dei egingo deust: «Zeu nire aita,
nire Jainkoa, nire
harri salbatzailea».
Eta Nik neure
lehen-seme egingo dot,
lurreko erregeen
artean goren. R/.
V/. Beti gordeko deutsat neure maitasuna,
sendo eutsiko
haregaz dodan itunari.
Betiko ezarriko
dot haren errege-jatorria,
zerua baizen
iraunkor egingo haren errege-aulkia. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
R/. Aleluia.
V/. Hazia Jainkoaren hitza da;
ereilea,
barriz, Kristo;
honi
entzuten deutsanak betiko bizia izango dau. R/.
Ebanjelioa
Urten eban ereileak hazia ereitera.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 4, 1-20
Aldi haretan, Jesus barriro be irakasten
hasi zan itsasertzean. Eta hainbeste jente batu jakonez ondora, uretan egoan
txalupa batera igon eta bertan jesarri zan. Jente-taldea, barriz, lehorrean
egoan, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi eutsen parabola bidez berba eginik.
Holantxe inotsen bere irakastaldian:
«Entzun! Behin baten, urten eban ereileak
hazia ereitera. Ereitean, hazi batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek
etorri eta jan egin zituen. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik
ez zan lekuan, eta, azaleko lurra izanik, behingoan erne ziran; baina eguzkiak
jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez ebelako, igartu.
Beste hazi batzuk sasi artean jausi ziran,
eta sasiek, haztean, ito egin ebezan haziak eta ez eben fruturik emon.
Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne, hazi eta frutua emon eben: bateko
hogeta hamar, hirurogei nahiz ehun». Eta ohar hau egin eutsen Jesusek:
«Entzuteko belarririk daukanak, entzun begi!»
Bakarrik gelditu ziranean, Hamabiakaz batera
beragaz ebiltzanek parabolen esanahiaz itaundu eutsoen Jesusi. Eta honek esan
eutsen: «Zuoi emon jatzue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea;
kanpokoei, ostera, dana parabola bidez emoten jake, Liburu Santuak dinoana bete
dadin: “Begiratzen dabe, bai, baina ikusten ez; entzuten dabe, baina ulertzen
ez; holan, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez jake parkatzen”».
Eta esan eutsen gainera: «Parabola hau ez
dozuela ulertzen? Zelan ulertuko dozuez, bada, gainerako parabola guztiak?
Ereileak berbea ereiten dau. Berbea
ereitean, batzuk “bide-bazterra” lakoak dira: entzun baizen laster, Satanasek
etorri eta hareengan erein dan hitza kendu egiten deutse. Beste batzuk “harri
artea” lakoak dira: berbea entzutean, behingoan pozik hartzen dabe; baina
sustrairik bakoak eta iraupen gitxikoak izanik, berbea dala-eta estutasun nahiz
erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dabe. Beste batzuk, barriz, “sasi
artea” lakoak dira: entzuten dabe berbea, baina mundu honetako ardurak,
diru-gosea eta osterantzeko zalekeriak nagusitzen jakez eta berbea ito egiten
deutsie, fruturik barik itziz.
Eta hara nortzuk diran “lur ona” lakoak: hitza
entzun, onartu eta frutua emoten dabenak: bateko hogeta hamar nahiz hirurogei
nahiz ehun».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Itsas bazterrean da Jesus, eta itsas gainera sartu behar dau txalupan, jenteak estutzen daualako; eta lehorreko ekintza batez dihardu: hazia ereiteaz…
Eta nori zuzentzen deutso hitzaldia? Jentea berbearen gose-egarri da, ala bere gaisotasunetatik atara daizala nahi dau?
Eta guk… parabola bere senean ulertu gura izatea baino nahiago dogu ondorio moralak ataratea… Ez gara sartu parabolaren senean; belarri bakoak gara. Entzun-gor egiten deutsagu.
Parabola baten deigarri zer egiten jatan bilatu behar dot, non dagoen gure logikearen mozketa.
Honetan, ereilearen jardunean ikusi behar dogu. Ereile zentzundunak ez dau ereiten bidean zehar edo harri artean… Honek bai.
Zentzun bakoa da? Ala, Jainkoaren dohaiak edozeini eta guztioi emoten jakuzala geratzen da argi, eta geure erantzunean dala frutu ugariago emotea edo ez emotea?
Urtean Zeharreko III. eguena
II. urtean
I. Irakurgaia
Nor naz ni, Jainko
Jauna,
eta zer da nire
familia?
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 7, 18-19. 24-29
Natanek Jaunaren mezua Davidi emon ondoren,
joan zan erregea Jaunaren aurrera eta honan berba egin eutson: «Nor naz ni,
Jainko Jauna, eta zer da nire familia, ni honaino ekartzeko? Eta hori nahiko ez
dozula, Jainko Jauna, zeure zerbitzariaren errege-etxeari luzarorako hitza emon
deutsazu. Hori da ezarri deustazun zoria, Jainko Jauna.
Zeuk egin dozu Israel zeure herri betiko,
eta Zu Zeu egin zara, Jauna, beraren Jainko. Orain, beraz, Jainko Jauna, eutsi
beti zeure zerbitzari honi eta honen errege-etxeari emon deutsazun hitzari, eta
egizu esan lez. Izan bedi handietsia zure izena betiko, eta esan begie:
"Jaun ahalguztiduna da Israelen Jainkoa". Iraun begi zure aurrean zeure
zerbitzari dozun David honen errege-etxeak.
Zuk, Jaun ahalguztidun, Israelen Jainko
horrek, errege-etxea eraikiko deutsazula agertu deutsazu zeure zerbitzari honi.
Horregaitik izan dot Zuri otoitz hau egiteko ausardia. Zu, Jauna, Jainko zara
eta zure hitzak egiazkoak. Zeure zerbitzari honi halako gauza ederrak agindu
deutsazuzan ezkero, bedeinkatu egizu, arren, zeure zerbitzari honen
errege-etxea, beti zure aurrean iraun dagian. Zeuk, Jainko Jaun horrek, berbea
emon dozu-eta, bedeinkatua izan bedi betiko zure bedeinkazinoaz zure zerbitzari
honen errege-etxea».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 132 [131], 1-2. 3-5. 11. 12. 13-14 (R/. Lk 1, 32b)
R/. Jainko Jaunak bere aita Daviden
errege-aulkia
emongo
deutsa.
V/. Gogoratu zaitez, Jauna, Davidegaz,
gogoratu haren
neke guztiak,
zelan zin egin
eutson Jaunari,
promes Jakoben
Jainko ahaltsuari. R/.
V/. «Ez naz neure etxean sartuko,
ez ohean etzungo;
ez ditut betazalak
itxiko,
ez begiei loak
hartzen itziko,
harik eta
bizilekua aurkitu arte Jaunari,
egoitza Jakoben
Jainko ahaltsuari». R/.
V/. Jaunak zin egin deutsa Davidi,
inoiz hausiko ez
dauan hitza emon:
«Zure jatorriko
bat
ipiniko dot zure
tronuan. R/.
V/. Zure ondorengoek,
nire ituna eta
irakatsiko deutsedazan aginduak
gordetzen badabez,
betiko jesarriko
dira zure tronuan». R/.
V/. Bai, Jaunak Sion aukeratu dau
eta han bizi nahi
izan dau:
«Hau da nire
atseden lekua betiko,
hemen biziko naz,
gogoko dot-eta». R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Sal 119 [118], 105
R/. Aleluia.
V/. Kriseilu da zure hitza, Jauna, nire
oinentzako,
argi
nire biderako. R/.
Ebanjelioa
Argimutilaren
gainean ipintzeko biztuten da kriseilua.
Zuek zein
neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue Jainkoak.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 4, 21-25
Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari:
«Lakaripean edota ohe azpian ipintzeko biztuten ete da kriseilua? Ez ete da
biztuten argimutilaren gainean ipintzeko? Egon be, ez dago ezer gordeta
agertuko ez danik, ezta ezkutuan be argiratuko ez danik. Entzuteko belarririk
daukanak, entzun begi!»
Beste hau be esan eutsen: «Kontuan izan
zelan entzuten dozuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emongo deutsue
Jainkoak, eta gehiago be bai. Izan be, daukanari emon egingo jako; ez
daukanari, ostera, daukan apurra be kendu».
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesusen jarraitzailea ezin daiteke izan isilekoa; bere ingurua argitu beharra dauka, gatza emon beharra.
Guri irakatsi euskuena, behar bada, beste gauzaren bat da: ez daiala jakin eskumeak ezkerrak zer egiten dauan. Eta, eskupekoari buruz izatetik, kristau bizitza osorako izatera heldu da.
Hori ez dau onartzen Jesusek. Haren jarraitzaile izateak harengandik ikasia inguru guztira isurtzea eskatzen dau, inguruak Jesusen gozoa hartu daian eta haren argitasunean ikusi ahal izan daian.
Jesusen argitasuna ez da, ba, kolkoan sartuta eukitekoa. Hori ondo dakigu. Baina hartu dogun formazinoa umetakoa da, eta nora goaz horregaz nagusitan?
Beste alde batetik, Jesusen ikasle eta jarraitzaileek emon behar daben neurria handia da. Eta nor heltzen da bere betea emotera?
Hau dala-eta, ba, bildurrez, lotsaz, kolkoan gara kristinau, eta danetarako atxakiak jarten doguz, isilean eta bakotxak bere kabuz bizi izateko.
Noiz sortuko dira testiguak, profetak, argi emoileak?
Urtean Zeharreko III. barikua
II. urtean
I. Irakurgaia
Urias
hititaren emaztea zeure emazte eginez,
Neu gitxietsi nozu.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 11, 1-4a . 5-10a. 13-17
Hurrengo urtean, erregeek guduari ekiten
deutsoen sasoian, Davidek Joab bialdu eban bere ofizialekin eta Israelgo gudari
guztiekin. Amondarrak hondatu ebezan eta Raba uriburua inguratu. Bitartean,
David Jerusalemen gelditu zan.
Arratsalde batez, David ohetik jagi eta hara
eta hona ebilen jauregiko etxe gainean. Etxe gainetik emakume bat ikusi eban
bainatzen. Oso ederra zan, eta ha nor zan jakin gura izan eban Davidek.
Erantzun hau ekarri eutsoen: «Betsabe da, Eliamen alaba, Urias hititaren
emaztea». Orduan Davidek mandatariak bialdu ebazan, emakume ha ekarri egioen.
Ekarri eutsoenean, beragaz etzun zan; eta gero Betsabe bere etxera bihurtu zan.
Emakumea umedun geratu zanez, jakinazo eutson Davidi, esanez: «Umedun nago».
Orduan, Davidek mandatu hau bialdu eutson
Joabi: «Bialdu egidazu Urias hitita». Halan egin eban Joabek. Urias etortzean,
Joab eta gudarostea ondo ebiltzan eta gudua zelan joian itaundu eutson Davidek.
Gero, esan eutson: «Zoaz etxera eta garbitu oinak». Uriasek jauregitik urten
ebanean, erregearen mahaiko opari bat bialdu eutsoen atzetik. Baina Urias
jauregiko ate ondoan gelditu zan lotan, bere jaunaren zaintzaileekin batera,
bere etxera jaitsi barik. Jakinazo eutsoen Davidi Urias ez zala etxera joan.
Biharamonean, Davidek beragaz jatera eta
edatera dei egin eutson, eta mozkortuazo egin eban. Arratsaldean urten eta bere
jaunaren zaintzaileekin etzun zan Urias, bere etxera joan barik.
Eguna argitu ebanean, Davidek gutuna idatzi
eutson Joabi eta Uriasegaz bialdu. Hauxe inoan gutunak: «Jarri Urias aurreneko
lerroan, burruka gogorrena dagoan tokian, eta zuek egin atzera, jo eta hil
dagien».
Halan, Joabek uria inguratzen ziharduala,
baekian-eta non ziran areriorik gogorrenak, hantxe jarri eban Urias. Uriko
gizonek urten eta eraso egin eutsoen Joabi; hainbat gudari eta Daviden
ofizialetako batzuk jausi ziran; bertan hil zan Urias hitita.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 51 [50], 3-4. 5-6b. 6c-7. 10-11 (R/. ik. 3a)
R/. Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.
V/. Erruki nitaz, ene Jainko, zeure maitasunaz,
hondatu nire
hobena zeure neurribako errukiz.
Garbitu nagizu
zeharo neure errutik,
garbitu neure
pekatutik. R/.
V/. Autortzen dot, bai, neure hobena,
begi aurrean dot
eten barik neure pekatua.
Zure aurka, zure
aurka bakarrik, egin dot pekatu,
zure begietan oker
dana egin dot. R/.
V/. Horregaitik,
arrazoi izango dozu salatzean,
errubako izango
zara epaia emotean.
Hara, errudun jaio
nintzan,
pekatari ninduan
amak sortu. R/.
V/. Sentiduazo niri poza eta alaitasuna,
bizkortu Zeuk jo
zenduan gizaki hau.
Aldendu aurpegi
hori nire pekatutik,
hondatu nire erru
guztiak. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Mt 11, 25
R/. Aleluia.
V/. Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuari
buruzko Barri Ona
jente
apalari agertu deutsazulako. R/.
Ebanjelioa
Ereiten dau
gizonak lurrean hazia, eta lo dago gauez;
hazia hazten doa,
eta gizonak ez daki zelan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 4, 26-34
Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari:
«Jainkoaren erreinua gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa
da; ha lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta garatu egiten
da, harek zelan ez dakiala. Lurrak berez emoten dau frutua: lehenengo landarea,
gero galburua eta, azkenik, burua bete garau. Eta garia heltzean, igitaiaz
ekiten jako, uztaroa da-eta».
Beste hau be esan eutsen: «Zeren antzeko
dala esango geunke Jainkoaren erreinua? Zein parabolaren bidez adierazo geinke?
Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da;
erein eta gero, ostera, gora egiten dau eta beste ortuari guztiak baino
handiago egiten da; eta hain handiak dira botatzen dituan adarrak ze, txoriek
habia egiten dabe haren gerizpean».
Holako parabola askoren bidez iragartzen
eutsen Jesusek mezua, hareek ulertzeko eran. Ez eutsen ezer irakasten parabola
bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea adierazten
eutsen.
Jaunak esana.
IRUZKINA
Ezer ez eutsen azaltzen parabola bidez izan ezik danek ulertu eien…, baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea azaltzen eutsen.
Zer ete da jenteak ulertu leikeana edo behar izango leukeana, eta beste zer bere ikasleek ulertu behar dabena?
Badirudi Jesusek era batera jokatzen dauala jenteagaz, eta beste era batera bere ikasleekaz. Ez deutse guztiei azaltzen bardin bere burua. Badirudi ulertzeko eran agertzen dala jentearen aurrean, baina ikasleei ulertzea eta gehiago eskatzen deutsela.
Arteragoko zatitxoan zera esan jakun: emoten dogun neurrian jasoko dogula, eta gitxi daukanari daukan apurra ere kendu egingo jakola. Asko hausnartu behar da esaldiok ulertzeko.
Eta horixe bilatzen dabe parabolek. Jainkoaren erreinuaren ulermenean eta onartzean sartzeko irudiak doguz; eta irudiok geuk geuretu eta gauzatu behar doguz, geure burua sartu behar dogu euretan, Jainkoaren erreinua onartuko badogu.
Jesusi entzun, haren egintzak ikusi eta hausnartuz geuretuko dogu mezua.
Urtean Zeharreko III. zapatua
II. urtean
I. Irakurgaia
Pekatu egin dot Jaunaren aurka.
Samuel bigarren liburutik
2 Sm 12, 1-7a. 10-17
Egun hareetan, Jaunak Natan profeta bialdu
eban Davidengana. Heldu zanean, esan eutson: «Baziran uri baten gizon bi, bata
aberatsa eta bestea behartsua. Aberatsak ardi eta behi ugari eukan; behartsuak,
ostera, erositako bildots koxkor bat besterik ez. Berak janaritu eban eta bere
etxean hazi seme-alabekin batera; bere ogitik emoten eutson jaten eta bere
edalontzitik edaten, eta bere altzoan lo eragiten eut. Alaba lez eukan.
Behin baten, bisitari bat etorri jakon
aberatsari; honek ez eban bere ardirik, ez behirik hartu nahi izan bisitariari
jaten emoteko, baina behartsuari kendu eutson bildotsa; holan prestatu eban
jatordua bere bisitariarentzat».
David biziro hasarratu zan gizon haren
kontra, eta esan eutson Natani: «Jaunagaitik! Hori egin dauanak heriotza merezi
dau. Lau halako bihurtu beharko dau bildotsaren ordain, errukirik izan ez
daualako».
Orduan, Natanek Davidi: «Zeu zara gizon
hori! Horregaitik, hauxe dinotsu Jaunak: "Urias hititaren emaztea zeure
emazte eginez Neu gitxietsi nozulako, ez jatzu inoiz be burrukarik faltako
etxean". Hau be badinotsu Jaunak: "Zeure etxean sortuazoko deutsut
ezbeharra. Zure emazteak hartu eta, zure aurrean, beste bati emongo deutsadaz,
eta hau egun argitan etzungo da eurekin. Ezkutuan egin zenduan zuk; Nik Israel
osoaren aurrean eta egun argitan egingo deutsut"».
Davidek esan eutson Natani: «Pekatu egin dot
Jaunaren aurka». Eta Natanek Davidi: «Jaunak, halan be, parkatu deutsu pekatua;
ez zara hilko. Baina egin dozunaz Jauna larri iraindu dozulako, hil egingo da
jaio jatzun semea». Gero, Natan bere etxera bihurtu zan.
Jaunak gatx larri batez jo eban Uriasen
emazteak Davidi emondako semea, eta txarto jarri zan umea. Davidek otoitz egin
eutson Jaunari umearen alde, barau gogorra eginez eta, etxean sarturik, gauak
lurrean etzunda emonez. Jauregiko arduradunak lurretik jagiazoten ahalegindu
ziran; baina ez eban nahi izan, ezta ezer jan be eurakaz.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 51 [50], 12-13. 14-15. 16-17 (R/. ik. 12a)
V/. Bihotz garbia, Jainko, sortu egizu nigan.
V/. Ene Jainko, sortu bihotz garbia nigan,
barritu arnasa
sendoa nire barruan.
Ez nagizu bota
zeure aurretik,
ez kendu niri
zeure arnasa santua. R/.
V/. Poztu nagizu barriro zeure salbazinoaz,
sendotu nagizu
zeure arnasa oparoaz.
Erakutsiko
deutsedaz gaiztoei zure bideak,
eta Zugana
bihurtuko dira pekatariak. R/.
V/. Libratu nagizu heriotz-zigorretik, Jainko,
ene Jainko
salbatzailea,
eta poz-oihuz
ospatuko dau nire mihinak zure salbazinoa.
Edegi, Jauna, nire
ezpanak,
eta nire ahoak
iragarriko dau zure gorespena. R/.
I. eta II. urteetan
Aleluia
Ik. Jn 3, 16
R/. Aleluia.
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua ze,
bere
Seme bakarra emon eutson;
harengan
sinisten dauanak betiko bizia dau. R/.
Ebanjelioa
Nor ete dogu hau
ze,
berak esandakoa
egiten dabe-eta haizeak eta itsasoak be?
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 4, 35-41
Egun haretan, ilunabarrean, Jesusek esan
eutsen ikasleei: «Goazen itsasoaz bestaldera». Jentea itzi eta ontzian eroan
eben Jesus, egoan moduan. Beste ontzi batzuk be jarraitu eutsoen. Horretan,
haize-bolada zakarra atara eban, eta olatuek ontzia jotzen eben, ia urez
betetzeraino. Jesus, barriz, txopan lo egoan, buruko baten gainean. Itzartuazo
eta esan eutsoen: «Maisu, ez ete deutsu ardurarik gu galtzeak?» Harek,
itzarturik, hasarre egin eutson haizeari, eta itsasoari esan: «Hago isilik!
Geldi!» Gelditu zan haizea, eta barealdi handia egin zan.
Jesusek esan eutsen: «Zergaitik bildur hori?
Ez ete dozue oraindino sinismenik?» Bildur ikaraz gelditu ziran, alkarri
esanez: «Nor ete dogu hau ze, berak esandakoa egiten dabe haizeak eta itsasoak
be?»
Jaunak esana.
IRUZKINA
Jesus ezagutzera garoaz Markos ebanjelariak, eta gaurkoan urrats bat gehiago emongo dau.
Sinagogan irakasten eta deabruak uxatzen, eta gaixoak osatzen eta pekatuak parkatzen, eta jente talde handiari irakasten ikusi badogu, oraingoan, ikasleen harridura eta bildurpean, itsasoari eta haizeari agintzen, eta honeek haren esanetara makurtzen ikusiko dogu.
Jendetzak entzuten deutso Jesusi, baina hau ez da geratzen hareen txaloen aparretan: beste batzuk ere entzun behar dabe Jainkoaren erreinuaz, eta eroan eiela eskatzen deutse ikasleei. Gogo txarraz hartu eta eroan egiten dabe, eurak jendearen txalo aparretan gozo egozalako, eta, ha galdu eta zer aurkituko dabe? Ez dabe Jesusengan jarrita uste ona… Beste zertan ete dabe?
Eta, behin txalupan eta itsasoan, hau, haizeak eraginda, txalupa iruntzi nahian biztu da. Euren artean darabilen eztabaidaren ezaugarri.
Eta uste osoa Aitagan dauan Jesus lasai dago; ustea beste zeozertan daben ikasleak bildurrak jota, eta hasarre: ez deutsu ardura gu galtzeak? galdetuko deutsoe.
Ustea Jainkoagan jarten ikasi behar dabe guztien adiskide izateko, bildur guztiak uxatzeko, norberaren onena emoteko, eta txaloen aparretik ihes egiteko.
Izango ete gara gauza uste Jesusengan jarteko?